Iragarkia
146. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 28a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
332E/2026 EBAZPENA, ekainaren 29koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ardi latxaren esnea ustiategian bertan eraldatzeko laguntzak emateko deialdia onesten baita. DDBN kodea: 916506.
Ardi latxen esnearen Nafarroako ustiategiek gobernu tradizionala egiten dute, larreei lotua, baliabide naturalak modu jasangarrian erabiltzen dituzte, bertako arraza hori zaintzen, mantentzen eta hobetzen parte hartzen dute eta lurraldean populazioa errotzen ere laguntzen dute.
Ustiategi horiek Nafarroako iparraldean daude, gehienak ipar-mendebaldeko nekazaritza eskualdean; Baztan da ardi latxen esnetarako artalde gehien duen udalerria, eta ondoren Araitz, Malerreka eta Sakana datoz. Prozesuetan berrikuntza ezarriz eta aldi berean milaka urte dituen ezagutzari eutsiz aritzen dira, eta ekoizpen eredu estrategikoa dira Nafarroako mendialdean.
Zaila da errentagarritasun urria duten esnetarako ardien ustiategi horiek mantentzea, belaunaldien arteko erreleboa egitea nekeza delako eta inbertsio handiak egin behar direlako. Horrek landa-eremua abandonatzeko arriskua areagotzen du. Beraz, beharrezkoa da diruzko konpentsazio bat ematea, mendialdean ekoizten eta eraldaketa egiten jarraitu ahal izateko eta tokiko jarduera ekonomikoari eta landa-eremuko produkzio-sareari eusten laguntzeko.
Ustiategi horien buruan, gehienetan, pertsona fisiko bat dago, eta haietako gehienek nekazaritza dute ogibide nagusia.
Beste alde batetik, emakumeak funtsezkoak dira ardi latxaren esnearen sektorean, abereak zaintzen dituztelako, esnea eraldatu eta gazta egiten dutelako eta gazta hori merkaturatzen dutelako. Jarduera horiek denek emakumeei lotuta jarraitzen dute. Nahiz eta ardi latxaren sektorean emakumeek duten egitekoa nabarmena izan, beharrezkoa da, oraindik ere, neurriak hartzea beren ikusgaitasuna eta beren lanaren aitortza sustatzeko.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak uste du beharrezkoa dela konpentsazio ekonomiko bat ematea esnea ekoitzi eta ustiategian bertan eraldatzen duten ustiategi horiei, betiere gutxienez urtean 8.000 litroko salmenta zuzena egiten badute.
Ebazpen honetan araututako laguntzak "de minimis" araubidearen mende daude. Araubide hori ezarri zen Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 (EB) Erregelamenduan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoan.
Laguntza lerro hau Nafarroako Gobernuak 2026ko apirilaren 26an hartutako Erabakiaren barruan dago; erabaki horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren 2026-2028 aldiko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa berrikustea eta eguneratzea onetsi zen.
Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatzen zaio.
Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea ardi latxaren esnea ustiategian bertan eraldatzeko dirulaguntzak emateko 2026ko deialdia. Laguntza horiek "de minimis" araubidearen menpe daude.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, zeinak "de minimis" araubidearen menpe baitaude. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.
3. 75.983,80 euroko gastua baimentzea 2026ko Aurrekontu Orokorretako "Ardi latxaren plan estrategikorako laguntzak" izeneko 710004-71300-4700-412202 partidaren kargura, ebazpen honen ondoriozko gastu konpromisoei aurre egiteko.
4. Onuradunak ebazpen honen bederatzigarren oinarrian xedatutako gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko du, esteka honen bitartez:
https://administracionelectronica.navarra.es/RGE2/gestorinstancia.aspx?idinstancia=2010565
5. Ebazpen hau eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta deialdia dirulaguntzen datu-base nazionalari (DDBN) jakinaraztea.
6. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2026ko ekainaren 29an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK, ARDI LATXAREN ESNEA USTIATEGIAN BERTAN ERALDATZEKO 2026KO LAGUNTZAK EMATEKO. LAGUNTZA HORIEK "DE MINIMIS" ARAUBIDEAREN MENPE DAUDE
Lehena.–Xedea eta helburuak.
1. Ebazpen honen xedea da 2026an ardi latxaren esnea ustiategian bertan eraldatzeko laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzea. Laguntzak "de minimis" araubidearen menpe daude, zeina Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduaren bidez ezarri baitzen (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzko Erregelamendua). L EBAO, 2023ko abenduaren 15ekoa.
2. Laguntzaren helburua da Nafarroa iparraldeko mendialdeetan errentagarritasun txikia duten esne-ardien ustiategiak mantentzea, haietan belaunaldi-erreleboa zaila gertatzen delako eta inbertsio handiak behar direlako, eta, finean, horrek guztiak landa-ingurunea abandonatzeko mehatxua dakarrelako. Beraz, beharrezkoa da ustiategi horiek ekonomikoki konpentsatzea, ekoizten eta eraldatzen jarraitu ahal izateko eta tokiko jarduera ekonomikoari eta mendialdeetan landako produkzio sareari eusten laguntzeko.
3. Laguntza lerro hau Nafarroako Gobernuak 2026ko apirilaren 29an hartutako Erabakiaren barruan dago; erabaki horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren 2026-2028 aldiko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa berrikustea eta eguneratzea onetsi zen.
Bigarrena.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1. Eman beharreko laguntzaren zenbatekoa deialdiaren urteko urtarrilaren 1ean Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan dauden ugalketarako ardien erroldako datuen arabera zehaztuko da, zeina automatikoki eguneratzen baita abeltzainek egiten dituzten alta, baja eta mugimenduen jakinarazpenekin. Hauek dira laguntzaren zenbatekoak:
- 4,5 euro ardi latx bakoitzeko, ustiategiko esnea bertan eraldatzen duten ustiategietan.
- 5 euro ardi latx bakoitzeko, ustiategiko esnea bertan eraldatzen duten ustiategietan, titularretako bat emakumea bada.
- 5,5 euro ardi latx bakoitzeko, ustiategiko esnea bertan eraldatzen duten ustiategietan, titular bakarra edo titular guztiak emakumezkoak badira.
2. Horrez gain, laguntzaren zenbatekoa gehienez 800 euroko osagarri batekin osatzen ahalko da ustiategi bakoitzeko, baldin eta deialdiaren urtean ustiategiak ekoizpenaren kalitatea kudeatzeko eta hobetzeko kanpoko aholkularitzarako kontratu bat sinatua badu.
3. Ustiategiak ez badu bere ekoizpenaren %100 eraldatzen bere gaztandegian edo esnetegian, koefiziente hau aplikatuko da: salmenta zuzeneko ekoizpena zati ekoizpen osoa (zuzeneko salmenta gehi industriako salmenta).
4. Gehienez ere 6.000 euroko laguntza emanen da ustiategian bertan ardi latxaren esnea eraldatzen duen ustiategi bakoitzeko.
5. Dirulaguntzen deialdi hau "de minimis" araubidearen mendean dago (Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzan "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoa). L EBAO, 2023ko abenduaren 15ekoa.
Deialdi hau eta oinarri arautzaile hauek ez zaizkie aplikatuko nekazaritza sektorean merkaturatutako edo eskuratutako produktuen prezioaren edo kantitatearen arabera kalkulatzen diren laguntzei.
6. Batasuneko estatu batek enpresa bakar bati gehienez 300.000 euroko "de minimis" laguntza ematen ahal dio hiru urteko epean, hala xedatuta baitago Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 (EB) Erregelamenduaren 3. artikuluko 2. apartatuan; erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoa da.
Hirugarrena.–Onuradunak eta laguntza jasotzeko baldintzak.
1. Ebazpen honetan aurreikusitako laguntzen onuradunak izaten ahalko dira Nafarroako Foru Komunitatean abeltegiren baten titular diren pertsona fisiko edo juridikoak, baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Abeltegi baten titularra izatea 2026ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik, eta abeltegi hori inskribatua izatea Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan, Abeltzaintzako Ustiategien Atalean.
b) Abeltegiaren sailkapen zooteknikoa "esnea ekoizteko ugalketa" edo "ekoizpen mistorako ugalketa" izanen da, Abeltzaintzako Ustiategien Erregistro orokorra arautzen duen martxoaren 26ko 479/2004 Errege Dekretuak ezartzen duen moduan.
c) Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legeak zehazten dituen osasun eskakizunak betetzea.
2. Onuradunek zuzeneko salmentaren aitorpena egina izan beharko dute AICA-Elikagaien Informazio eta Kontrolerako Agentziaren INFOLAC sisteman (Ardi eta ahuntz esnearen aitorpenak kudeatzeko sistema), gutxienez 8.000 litroko ekoizpenarekin, aurreko urteko datuak hartuta, apirilaren 24ko 319/2015 Errege Dekretuaren 6. artikuluko 5. puntuan ezartzen den bezala. Errege dekretu horren bidez, behi-, ardi-eta ahuntz-esnearen zein behi-, ardi-eta ahuntz-esnekien ekoizleek eta lehen erosleek egin beharreko aitorpenak arautzen dira. Baldintza horretatik salbuesten ahalko dira, soil-soilik, urte horretako ekoizpenean izandako salbuespenezko inguruabarrak edo ezinbesteko arrazoiak behar bezala justifikatzen dituzten ekoizleak.
3. Esnea hornitzen duen abeltegiaren titulartasunaren izena eta esne-enpresak elikagaien erregistro sanitario orokorrean duen sozietate izena berdinak izan beharko dira.
4. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatutako kasuren batean dauden pertsonak nahiz entitateak ezin izanen dira laguntzen onuradun izan.
5. Ezin izanen dute laguntzarik eskuratu sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, administrazio ebazpen irmo edo kondena-epai irmo baten bidez, zehapena edo zigorra jaso duten entitate eskatzaileek.
6. Aurreko puntuan aipatutako egoeran dauden entitateak eta enpresak laguntza horien onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra beteta badute eta berdintasun plan bat prestatu badute indarreko legerian ezarritako baldintzetan, halakorik exijitzen ahal bazaie.
Laugarrena.–Eskaerak aurkeztea.
1. Eskaerak aurkezteko epea hilabete batekoa izanen da ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
2. Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Abeltzaintza Zerbitzura zuzenduko dira, eta, eskatzailea pertsona juridiko bat baldin bada, telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko Tramiteen Katalogoko dagokion fitxaren bidez: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/ardi-latxaren-esnea-ustiategian-bertan-eraldatzeko-de-minimis-araubideko-laguntzak (aurrerantzean, laguntzaren fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.
Era berean, pertsona fisikoek departamentu horretako erregistroan ere aurkez dezakete laguntza-eskaera (González Tablas kalea 9, Iruña), edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako tokietako batean.
Eskaerak horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko dira, zeina Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren erregistroetan eta laguntzen fitxan eskuratzen ahal den.
3. Eskaerarekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:
a) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari laguntzak lehen aldiz eskatzen dizkioten ekoizleen kasuan.
b) Idatzizko edo bitarteko elektronikoen bidezko adierazpen bat, hiru urteko edozein alditan jasotako beste edozein "de minimis" laguntzei buruzkoa, betiere erregelamendu honi edo beste "de minimis" erregelamendu batzuei lotuta badaude.
c) Hala badagokio, deialdiaren urterako ekoizpenaren kalitatea kudeatzeko eta hobetzeko aholkularitza-zerbitzua ematen duen erakundearekin sinatutako kontratuaren kopia, bai eta zerbitzu hori ordaindu izanaren azken frogagiria ere.
d) Erantzukizunpeko adierazpen bat, non adieraziko baita eskatzailea ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku-egoeratan.
e) Onuraduna pertsona juridiko bat bada, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, zehazten duena ez dagoela zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, hala badagokio, ez dagoela zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan praktikak izateagatik edo toleratzeagatik.
f) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz honako hau dioena: "Nik, .....................................k (izena), nire izenean edo .......................................... ordezkatuz, baimena ematen diot Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari egiazta dezan nik / ordezkatzen dudan entitateak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ditudala / dituela, betiere honako deialdi hau tramitatzeko prozeduraren barruan: ardi latxaren esnea ustiategian bertan eraldatzeko laguntzen deialdia."
g) Aurreko f) atalean ezarritakoarekin ados ez badago, pertsonak berak edo hark ordezkatzen duen entitateak aurkeztu beharko ditu zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari buruzko datuak.
h) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak agiri horietakoren bat baldin badu jadanik, interesdunak hala azaldu beharko du eskaeran, adieraziz zein agiri den eta zein artxibotan dagoen. Agiriak datu babestuak baldin baditu, eskatzaileak baimena eman beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari datu horiek ikusteko.
Bosgarrena.–Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.
1. Deialdi honen xede diren dirulaguntzak norgehiagoka prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak elkarren artean konparatuko dira lehentasun hurrenkera bat ezartzeko, ezarritako balorazio irizpideei jarraikiz.
2. Onartzen diren eskaerek aurrekontuetan ezarritako diru-muga gainditzen badute, laguntzak eskatzaileen arabera banatuko dira, honako lehentasun-ordena honen arabera:
–Lehena: goi-mendiko eremutzat katalogaturik dauden udalerrietako ustiategien eskaerak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren apirilaren 22ko 5/2026 Foru Aginduaren arabera, zeinaren bidez deialdia egiten baita 2026ko kanpainarako laguntzen eskaera bakarra egiteko, 2023-2027ko NPEPEren eskualde mailako zenbait esku-hartzetarako, eta patata hazi ziurtatuen ekoizleei estatuko laguntza emateko, nekazaritza jarduera horri eusteko muga naturalak dituzten eremuetan.
–Bigarrena: mendiko eremutzat katalogaturik dauden udalerrietako ustiategien eskaerak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren apirilaren 22ko 5/2026 Foru Aginduaren arabera, zeinaren bidez deialdia egiten baita 2026ko kanpainarako laguntzen eskaera bakarra egiteko, 2023-2027ko NPEPEren eskualde mailako zenbait esku-hartzetarako, eta patata hazi ziurtatuen ekoizleei estatuko laguntza emateko, nekazaritza jarduera horri eusteko muga naturalak dituzten eremuetan.
–Hirugarrena: gainerako eskatzaileak.
3. Aurrekontua ez bada aski lehentasunezko talderen baten eskaera guztiak finantzatzeko, talde horren barrenean jaso beharreko zenbatekoak hainbanatuko dira.
Seigarrena.–Ebaluazio organoa.
Abeltzaintza Zerbitzuko Animalien Ekoizpenaren Atalak ebaluatuko ditu eskaerak.
Zazpigarrena.–Deialdiaren antolaketa, instrukzioa eta ebazpena.
1. Eskaera jaso ondoren, egiaztatuko da hirugarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituen eta laugarren oinarrian adierazitako agiriak erantsi dituen. Exijitutako agiriak aurkezten ez baditu, gehienez ere 10 eguneko epean zuzendu dezala errekerituko zaio interesdunari, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, ulertuko dela eskaera bertan behera uzten duela. Horrelakoetan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da, eta jakinaraziko zaio.
Halaber, eskatzen diren betebeharrak betetzen ote diren egiaztatuko du Animalien Ekoizpenaren Atalak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan dauden agiri, erregistro eta datu base ofizialen egiaztapen administratiboen bidez.
2. Eskaera ebaluatu ondoren, Abeltzaintza Zerbitzuak laguntza emateko ebazpen proposamena eginen du.
3. Laguntza eman aurretik, estatu kideak adierazpen bat jasoko du, idatzizkoa edo baliabide elektronikoen bitartez, dagokion enpresatik. Adierazpen horretan aipatuko da erregelamendu honen eraginpeko edo "de minimis" motako beste erregelamendu batzuen eraginpeko "de minimis" motako beste laguntzarik jaso den hiru urteko epean.
4. Araubide honen araberako laguntzak ematen ahalko dira, bakar-bakarrik, baldin eta egiaztatzen bada onuradun berari emandako "de minimis" laguntzen guztizko zenbatekoak ez duela gainditzen Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 (EB) Erregelamenduaren 3.2 artikuluan ezarritako muga (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzko Erregelamendua).
5. Dirulaguntzen gaineko ebazpena Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emanen du, arrazoiak emanda.
6. Prozeduraren gainean ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da. Epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman gabe, ezetsitzat joko da eskaera.
Zortzigarrena.–Onuradunen betebeharrak.
Dirulaguntzen onuradunek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:
1. Onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak izanen ditu.
2. Ardi-esnearen ekoizpenaren zuzeneko salmentaren aitorpenak eginak izatea eta ustiategiko abereen zerrenda behar bezala eguneratuta edukitzea.
3. Administrazioko teknikariei erraztasunak ematea ustiategira sartzeko, hartutako konpromisoak betetzen diren ala ez egiazta dezaten.
4. Enpresa-deslokalizaziorik ez egitea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 5. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Bederatzigarrena.–Onuradunaren gardentasun betebeharrak.
Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako aurrekontu orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko sarrera guztien %20 edo gehiago badira, eta, gutxienez, 5.000 euro. Horretarako, honako esteka honetan dagoen eredua bete beharko dute, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, alegia:
https://administracionelectronica.navarra.es/RGE2/gestorinstancia.aspx?idinstancia=2010565.
Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontu-ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Negozio-zifra honako hauetako txikiena izanen da:
a) Aurreko urteko negozio-zifra.
b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitateko organo eskudunak onetsitako negozio-zifra.
Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta biharamunetik zenbatzen hasita:
a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
c) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritzako eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.
d) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.
e) Entitate onuradunaren azken urteko kontuen kopia.
Informazio hori telematika bidez aurkeztuko da, entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta, hurrengo estekaren bidez, eta dokumentuak eredu hauen arabera atxikiko dira (gardentasunari buruzko adierazpenari buruzko ereduaren I. eta II. eranskinak):
–Goiko a), b) eta c) letretan zehazten den informazioa emateko, I. eranskinean dagoen eredua erabiliko da, zeina esteka honetan eskuratzen ahal baita:
–d) letran zehazten den informazioa emateko, II. eranskinean dagoen eredua erabiliko da, zeina esteka honetan eskuratzen ahal baita:
–Entitateak ez badu gardentasun betebeharrik ezarritako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.
Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen baditu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira. Horretarako, entitateak adierazi beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.
Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko onartutako dirulaguntza.
Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude Administrazioari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, hark bete ahal ditzan Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.
Hamargarrena.–Laguntza ordaintzea.
Dirulaguntza ordainketa bakarrean ordainduko da; aurretik, organo kudeatzaileak egiaztatu beharko du laguntzaren onuradunak dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta gardentasun betebeharra bete dituela.
Hamaikagarrena.–Dirulaguntzaren helburua bete dela eta hartutako funtsak horretarako erabili direla frogatzea.
Dirulaguntzaren helburua da ustiategian ekoizten den ardi latxaren esnea bertan eraldatzea, eta kontrol administratiboak eginen dira xede hori bete dela justifikatzeko. Kontrol horietan egiaztatuko da ustiategiak jarduerari eusten diola laguntza emateko ebazpen proposamena ematen den egunean, Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroaren eta INFOLACen datu baseen arabera, eta, kasua zein den, ustiategietan bertan kontrolak eta ikuskapenak egiten ahalko dira.
Hamabigarrena.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
Erregelamendu honetan ezarritakoaren arabera ematen diren "de minimis" laguntzak ez dira inolako estatu-laguntzarekin metatzen ahal, gastu diruz lagungarri berberei dagokienez, ez eta arriskuaren finantzaketa-neurri berberaren estatu-laguntzekin ere, baldin eta metaketa horrek gainditzen baldin badu kategorien arabera salbuesteko erregelamendu baten bidez edo Europako Batzordeak hartutako erabaki baten bidez kasu zehatz bakoitzerako finkatzen den laguntzen gehieneko zenbatekoa edo laguntzen intentsitatea. Hala ere, kostu diruz lagungarri zehatz batzuetarako ematen ez diren "de minimis" laguntzen kasuan, kostu diruz lagungarri zehatz batzuei egotzi ezin bazaizkie, zilegi izanen da laguntza horiek Europako Batzordeak hartutako erabaki baten bidez edo kategorien arabera salbuesteko erregelamendu baten bidez emandako estatu-laguntzekin.
Hamahirugarrena.–Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.
1. Ebazpen honetan eskatutako konpromisoak eta betebeharrak bete ezean, dirulaguntza itzuli egin beharko da eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.
2. Diru-itzulketei, arau-hausteei eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraikiko zaio.
3. Salbuespeneko inguruabarrak edo ezinbesteko kasuak gertatu direla dakien onuradunak idatziz jakinarazi beharko dizkio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, organo kudeatzaileak egiaztapenak egin baino lehen.
Hamalaugarrena.–Emandako dirulaguntzen jarraipena eta publizitatea.
1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Atariko Tramiteen Katalogoan dagokion fitxan sartuz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan ezartzen den moduan.
2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat, Dirulaguntzen Datu-base Nazionalean ere argitaratuko dira emandako dirulaguntzak, artikulu horretan bertan adierazitako baldintzetan.
3. Batasuneko estatuek, laguntza eman eta hogei egun balioduneko epean, "de minimis" laguntzei buruzko informazioa gordeko dute estatu horretako edozein agintaritzak emandako "de minimis" laguntzen erregistro nagusian.
Estatu kideek neurri egokiak hartuko dituzte erregistro nagusian jasotako datuak zehatzak direla bermatzeko, eta "de minimis" laguntzei buruzko informazioaren erregistroak gordeko dituzte hamar urtez, laguntza ematen den egunetik aurrera.
4. Onuradun guztiek Nafarroako Gobernuaren finantzaketa aipatu beharko dute erabilera profesionalerako duten webgunean edo egoki diren beste baliabide batzuen bidez. Aipamen hori Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala arautzen duen otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuko jarraibideen arabera eginen da: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala.
Iragarkiaren kodea: F2609517
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
