Iragarkia
146. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 28a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
SANTAKARA
Aldaketa, Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena
Erabaki horren iragarkia argitaratu zen 2026ko 96. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 19an.
Jendaurreko epean inork ez duenez alegaziorik aurkeztu, behin betiko onetsi da ordenantza.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraituz, ondotik ematen da behin betiko onetsitako testua.
Santakaran, 2026ko uztailaren 2an.–Alkatea, Miguel Ibiricu Varona.
SANTAKARAKO LABORANTZAKO HERRI-LURREN APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA
I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.
Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea, erregula daitezen Santakarako Udalaren herri-ondasunen administrazioa, xedapena, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua.
2. artikulua.
Herri-ondasunak dira herritar guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.
3. artikulua.
Herri-lurretako ondasunak enbargaezinak, preskribaezinak eta besterenezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen. Ez dute aldaketarik izanen beren izaera nahiz tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.
4. artikulua.
Hauek dira herri-ondasunen gaineko arauak: Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea; Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; ordenantza hau eta, besterik ezean, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, deusetan galarazi gabe Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluaren hirugarren apartatuan xedatutakoa.
II. TITULUA.–ADMINISTRAZIOA ETA XEDAPEN EGINTZAK
5. artikulua.
Santakarako Udalaren ahalmena da herri-lurretako ondasunak xedatzea, administratzea, aprobetxatzea eta antolatzea, ordenantza honetan azaltzen den moduan. Herri-ondasunen gainean Santakarako Udalak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren onespena beharko dute soilik Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Gaineko Erregelamenduan (280/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duena) ezarritako kasuetan.
6. artikulua.
Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzin, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Santakarako Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek baitira lehentasunezko aukerak. Herri-lurretako ondasunak desafektatu ondotik beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako. Herri-ondasunak itzuli ondoren, Santakarako Udalaren ondarean sartuko dira berriz, herri-ondasun gisa sartu ere. Desafektazioa egiteko jarraitu beharreko prozedura Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan ezarritakoa eta Ondasunen gaineko Erregelamenduaren (280/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duena) 143. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoa izanen da.
III. TITULUA.–HERRI-ONDASUNAK DEFENDATZEA ETA BERRESKURATZEA
7. artikulua.
Santakarako Udala ahaleginduko da herri-lurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen, eta kontra eginen dio horientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.
8. artikulua.
Santakarako Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du bidegabeki galdutako herri-ondasunen jabetza, aitzinetik Santakarako Udalaren, aholkularitza juridikoko idazkariaren edo, hala badagokio, legelari baten txostena ikusi eta interesdunari entzun eta gero. Eta, beharrezko bada, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.
9. artikulua.
Santakarako Udalak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, lursailen immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Udalak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.
10. artikulua.
Santakarako Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.
11. artikulua.
Santakarako Udalak administrazio bidea erabiliko du; betiere, baimen, kontzesio edo beste edozeren kariaz herri-lurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.
12. artikulua.
Santakarako Udalak, herri-ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu, eta haiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko. Interpretatzeko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.
13. artikulua.
Santakarako Udalak herri-lurretako ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da; betiere, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako eran.
IV. TITULUA.–HERRI-ONDASUNEN APROBETXAMENDUA
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
14. artikulua.
1. Orokorrean, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Adin nagusikoa izatea, edo bere kontu bizi den nahiz judizialki gaituta dagoen adingabea.
b) Santakarako biztanleen erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea sei urtetik lehenagotik.
c) Santakaran urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian bizitzea.
d) Santakarako Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.
2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira. Nekazaritzako araubide bereziko pentsiodunak izanez gero, herri-lurretako aprobetxamendutik lortutako errentak ezin dira urte bakoitzerako lanbide arteko gutxieneko soldata baino handiagoak izan. Adjudikazioak irauten duen bitartean, familia-unitateko kideen artean eskualdatzen ahal dira herritarren artean adjudikatzen diren loteak, baldin eta titular berriak artikulu honetako baldintza guztiak betetzen baditu eta Udalak aldez aurretik baimentzen badu eskualdaketa.
3. Artikulu hau interpretatzean sor daitezkeen zalantzak Santakarako Udalak argituko ditu, osoko bilkuran eta banan-banan, Herri-lurren Batzordeak, lantaldeak edo Udalak eskumen horiekin ezartzea erabakitzen duen organoak txostena egin ondotik.
4. Adjudikaziodunek eskaera bakarra egin beharko dute adjudikatutako lurzatiengatik.
5. Baldintza horiek guztiak bete beharko dira aprobetxamenduen adjudikazioa hartzeko, eta betetzen jarraitu beharko dira adjudikazioak irauten duen bitartean. Baldintzaren bat betetzen ez bada, espedientea tramitatu ondoren, herri lursailak kenduko zaizkio adjudikaziodunari gelditzen den adjudikazio aldi osorako; lurrak, dauden bezala, Udalaren esku geldituko dira, kalte-ordainik jasotzeko edo erreklamaziorik egiteko eskubiderik gabe.
II. KAPITULUA.–LABORANTZAKO HERRI-LURREN APROBETXAMENDUA
15. artikulua.
15.1. Santakarako laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira:
a) Herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduak.
b) Herritarrei zuzenean adjudikatzeko aprobetxamenduak.
c) Enkante publikoaren bidezko adjudikazioa edo Santakarako Udalaren zuzeneko ustiapena.
15.2. «El Saso» alderdiko laborantzako herri-lurzatien (ihinztagailuz ureztatzekoak) lurren aprobetxamenduak lehentasun-ordena honi jarraikiz banatuko dira:
a) Lehentasunezko nekazaritzako familia ustiategiak, nekazari gazte bat buru edo partaide dutenak.
b) Lehentasunezko nekazaritzako ustiategiak, ogibide nagusia nekazaritza dutenek osatuak.
c) Enkante publikoaren bidezko adjudikazioa edo Santakarako Udalaren zuzeneko ustiapena. Santakarako Udalak laborantzarako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko hiru modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondotik, emandako ordenaren arabera.
Ulertzen da ustiategiak nekazari gazte bat buru duela, nekazariak baldintza hauek betetzen baditu:
18 urte beteak baina 40 urte oraindik bete gabe izatea. Horretarako, adinez nagusi izatearen balio berekotzat hartuko da guraso-ahala eman izanaren bidez emantzipaturik egotea.
–Nekazarien Gizarte Segurantzan alta emanda egotea.
–Ogibide nagusia nekazaritza izatea (ONN) (uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuaren 3.5. artikuluak arautua). Ogibide nagusia nekazaritza duela frogatzeko, Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroak (NNUE) emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da. Eskatzaileek gainerako artikulu orokorretan zehaztutako baldintzak bete beharko dituzte, adjudikaziodunen eskubide eta betebeharrei dagokienez. Urte anitzeko laborantzak bakarrik ezarriko dira herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduen eta herritarrei zuzenean adjudikatzeko aprobetxamenduen modalitateetan; ezin izanen dira inola ere ezarri «enkante publiko bidezko adjudikazioen» modalitatean.
Familia-unitatearen titularrak urte anitzeko laborantza ezartzeko baimena eskatzen badio Udalari lursaila urtebetez baino gehiagoz erabiltzeko, informazio hau aurkeztu beharko du:
Landaketa proiektua, alderdi tekniko hauek zehazten dituena: landatuko den espeziea, barietateak, laborantza sistema, aurreikusitako balio-bizitza eta lurraren emankortasuna mantentzea eta hobetzea bermatzen duten laborantza teknikak.
Lursaila bere lehengo egoerara itzultzeko proiektua, baimendutako epearen amaieran edo adjudikazioa amaitu aurretik. Udalak modu arrazoituan ukatzen ahalko du eskaera, interes orokorreko arrazoiak kontuan hartuta; besteak beste, beste herritar batzuei ematea lurrak eskuratzeko aukera, landaketak era ordenatuan antolatzea eta hobekuntza proiektuak aurreikustea. Kasu horretan, eskatzaileak Udalari jakinaraziko dio ea urteko laborantzen lotea eskuratu nahi duen edo eskaerari uko egiten dion.
15.3. Udalak urte anitzeko laborantza baimentzen ahalko du, laborantzaren balio-bizitzaren iraupena ezarrita, baina ez da inoiz ere izanen 16-24 urte baino luzeagoa (8 urteko bizpahiru ziklo), hala, beste herritar batzuek herri-lurrez gozatzeko aukera izatea bermatzen baita. Kasu horretan, adjudikaziodunak laborea landatzeko eta kudeatzeko beharrezkoak diren eskubide eta baimen guztiak lortu beharko ditu. Landaketa edo obra lizentzia eman aurretik, adjudikaziodunak fidantza eman edo abala eginen du, lursaila lehengoratzeko proiektuaren zenbatekoaren baliokoa, eskatutako lursailaren erabilera edo helburua aldatzen baita. Herri-lurrak urte anitzeko laborantzaren modalitatean aprobetxatzea aukeratzen badu, herritarrak ez du eskubiderik izanen herri-lurren beste aprobetxamendu bat eskatzeko, aipatu aprobetxamenduak irauten duen bitartean. Udalak urteko kanon bat ezarriko du, eta urteko laborantzetarako ezarritakoa baino handiagoa izanen da. Urte anitzeko laborantzari dagokion epea amaitu ondoren edo lehenago amaituz gero, Udalak erabakiko du lursaila bere lehengo egoerara itzuli behar den edo landaketaz arduratuko den (bi kasuetan ez da inolako kalte-ordainik izanen). Lehenengo kasuan, lursailak geratu behar du adjudikazioaren unean zegoen bezala (labore iraunkorra kenduta eta hondarrak eta materialak kenduta). Bigarren kasuan, lursail osoa, landaketa barne, toki-erakundearen eskura egonen da, beste herritar batzuei adjudikatzeko prozedurari ekin diezaion. Aurreko adjudikaziodunak ez du inolako eskubiderik izanen laborantzaren gainean, eta ezin izanen du eskatu landaketarekin sortu ahal izan diren beste erabilera edo eskubide batzuk. Herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko baldintzak galtzen badira (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 142. artikuluan eta ordenantza honen 23. artikuluan aipatutakoak) eta laborantza pertsonalki eta zuzenean egiten ez bada (Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 168. artikuluko irizpideekin bat etorriz), lursaila lehengoratuko da, aurreko puntuan ezarritakoa aplikatuta.
Onuraduna hiltzen bada, familia-unitate bereko beste kide batek egiten ahalko du herri-lurrean urte anitzeko laborantzarekin jarraitzeko eskaera, baldin eta 14. artikuluan adierazitako onuradunen baldintzak betetzen baditu. Kasu horretan hitzarmen berri bat sinatuko da, eta aurrekoaren baldintza berberak izanen ditu. Bestela, lursaila lehengoratuko da. Adjudikaziodunak eta udalburuak alderdi horiek guztiak biltzen dituen hitzarmen bat sinatuko dute. Udaleko osoko bilkurak berretsiko du hitzarmena.
1. ATALA.–HERRITARRENTZAKO LEHENTASUNEZKO APROBETXAMENDUAK
16. artikulua.
1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia-unitateen titular diren herritarrek 14. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta familia-unitateko kide bakoitzarengatik diru-sarrerek lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia-unitatearen diru-sarrera osoak soldata eta erdiaren azpitik egon.
2. Baldin familia-unitatean baldin badago gorputzez edo adimenez ezindurik dagoen norbait, agiri bidez egiaztatuta, lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.
3. Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak honako datu objektibo hauetan oinarrituz finkatuko dira: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan edukitzea, abeltzaintzako edo industriako lurrak edukitzea, hiri-lurraren gaineko kontribuzioa, salbu norberaren etxebizitzari dagokiona, baita antzeko beste edozein datu ere.
17. artikulua.
1. Honako azalera hau ezarri da eredu-lotetzat, modu honetan:
–Lehorreko lurrak: 48 erregu inguru.
–Ureztalurrak: 6 erregu inguru.
2. Zehazteko zer sorta emanen zaizkien 16. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei, koefiziente hauek aplikatuko zaizkio ereduzko sortari:
a) 3 kide bitarteko familia-unitateak, 1 koefizientea; hots, lote bat.
b) Lau kidetik seira bitarteko familia-unitateak, 2 koefizientea; hots, 2 lote.
c) Zazpi eta bederatzi kide bitarteko familia-unitateak, 3 koefizientea; hots, 3 lote.
d) Bederatzi kide baino gehiagoko familia-unitateak, 5 koefizientea; hots, 5 lote.
18. artikulua.
Herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduetarako finkatu baldintzak betetzen dituzten familia-unitate asko badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Santakarako Udalak, aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren baimena jasota, ordenantza honen 16. eta 17. artikuluetan adierazitako faktoreak beheratzen ahalko ditu proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo.
19. artikulua.
Aprobetxamenduaren epea hamar urtekoa izanen da, alde batera utzita 15.3 artikuluan urte anitzeko laborantzetarako xedatutakoa.
20. artikulua.
Herri-lurzatien onuradunek honako kanon hau ordaindu beharko dute, aprobetxamendu modu honetan:
–Lehorreko lurrak: 4 euro erreguko eta urteko.
–Ureztalurrak: 30,00 euro erreguko eta urteko.
Kopuru horiek proposameneko kanonari dagozkio eta lehenengo urterako dira. Udalak, egoki irizten badio eta herri-lurren batzordearen adostasun txostena izanik, kanona eguneratu ahalko du, KPIaren igoera gehituz, gehienez ere. Nolanahi ere, kanonak Santakarako Udalak hartzen dituen kostuak berdintzeko bezainbatekoa beharko du izan, gutxienez ere.
21. artikulua.
Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman, edo lan pertsonala ez den beste era batez ustiatu. Debeku horren barnean sartzen da beste familia-unitate bati adjudikatutako herri-lurretako lurzatietan laborantzan edo nekazaritza lanetan aritzea, ahaidetasun harremana izanagatik ere. Adjudikaziodunak berak egin beharko ditu bere lurzatiko nekazaritza lan guztiak. Salbuespen gisa onartuko dira doitasuneko ereintza eta uzta, makineria berezia behar dutelako, eta produktu fitosanitaroen erabilera, horiek erabiltzeko baimen berezia beharrezkoa baita. Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lantaldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek, banan-banan, 16. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.
22. artikulua.
Araudi honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, adjudikaziodunak edo haren familia-unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honetako 16. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatakorik ezin izanen dute hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen. Alabaina, zuzeneko laborantza pertsonala egiteko ahalmenik ez da galduko, udal honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi bateko beste arrazoirengatik soldatapekoak hartzen direnean. Horrelakoetan, 15 eguneko epearen barrenean jakinaraziko zaio Santakarako Udalari, behar den baimena eman dezan. Ezintasun fisikoa edo behar bezala frogatutako beste arrazoiren bat 24 hilabetez edo gehiagoz luzatzen bada edota behin betikoa bada eta herri-lurzatien laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten ahal ez bada, 23. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.
23. artikulua.
Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landu adjudikatzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epearen barrenean, Santakarako Udalak adjudikatu eginen ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herriarrei zuzenean adjudikatzeko aprobetxamenduaren bidez. Santakarako Udalak lurzatien onuradunei adjudikaziotik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie, kanona kendu ondotik.
Santakarako Udalak badu eskumena ezintasun fisikorik edo besteren bat noiz dagoen erabakitzeko, horretarako egoki iruditzen zaion dokumentazioa eskaturik.
24. artikulua.
Santakarako Udalak egokiak iruditzen zaizkion egiaztatze lanak egiten ahalko ditu edozein unetan, laborantza zuzenean eta pertsonalki gauzatzen dela ziurtatzeko. Egiaztapen horiek bereziki eginen dira lurzatiak adjudikatzeko urtero egiten diren prozeduren aitzinetik. Horretarako, urtero, maiatzaren 15etik 31ra, adjudikaziodun izateko baldintzak betetzen dituztela frogatzen duten dokumentuak aurkeztu beharko ditu Udalean (eskaera bakarra, Nekazaritza Politika Erkidearen dagokion urteko kanpainakoa; diru sarrerak eta gastuak, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean; ogibide nagusia nekazaritza duela egiaztatzen duen agiria, eta fitosanitarioen txartela eta/edo erregistroa, hala badagokio).
Egiaztapena egiteko trabak jarri edo eskatzen zaion dokumentazioa aurkezteari arrazoirik gabe uko eginez gero, herri-lurzatiak kenduko zaizkio. Honako kasu hauetan ulertuko da lurra ez dela zuzenean eta pertsonalki lantzen ari:
–Nekazaritzako makineria izanik, hura ez denean erabiltzen adjudikatutako herri-lurrak laboratzeko.
–Nekazaritzako makineria izan gabe, adjudikatuta dituen herri-lurretan lanik frogatzen ez bada.
–Landazaintza Zerbitzuaren edo Herri-lurren Batzordearen, lantaldearen edo organo baliokidearen ustetan, herri-lurretan adjudikatutako lurzatiak ez badira lantzen ordenantza honen 21., 22. eta 23. artikuluetan xedatu bezala.
–Lurra lantzeko, lehengaiak erosteko, fitosanitarioak erregistratzeko, laborantza ekologikoak egiaztatzeko eta produktuak saltzeko lanak, beraiek edo udalak baimendutako pertsonek egin izana frogatzeko agiriak aurkezteko eskatu ondoan, Santakarako Udalak agindutako epean aurkezten ez baditu.
–Pertsona fisikoen gaineko errenta aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez denean.
–Adjudikatutako lurzatiaren %80 gutxienez lantzen ez bada.
–Laborantzako lurren jabe izanik, horiek hirugarrenei errentan eman zaizkienean.
–Lurzatiak bere familia-unitatez kanpoko pertsona baten NPBren aitorpenean aitortuta dituzten adjudikaziodunak. Hori frogatzeko, adjudikaziodun guztiek NPEren aitorpenaren kopia bat aurkeztu beharra dute udaletxe honetan, urte bakoitzeko maiatzaren 31 baino lehenago.
2. ATALA.–HERRITARREI ZUZENEAN ADJUDIKATZEKO APROBETXAMENDUAK
25. artikulua.
Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoren, geratzen diren laborantzako herri-lurrak, baita onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira 14. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateko titularrak diren herritarren artean. "El Saso" eta/edo "Aval alderdiko lurzatiak (ihinztagailuz ureztatzekoak). Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoren, geratzen diren laborantzako herri-lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira, 14. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateen titularrak diren herritarren eta nekazari gazte diren eta ogibide nagusia nekazaritza dutenen artean, ordenantza honen 15. artikuluan ezarritakoaren arabera. 2.–Eskatzaileak 14., 19., 21., 26., 28., 29., 37. eta gainerako artikulu orokorretan zehaztutako baldintzak bete beharko ditu, adjudikaziodunen eskubide eta betebeharrei dagokienez.
26. artikulua.
Aprobetxamendu modalitate honetarako ezarriko den lotearen azalera era ekitatiboan kalkulatuko da, eskaeren berri izan ondoren.
27. artikulua.
Adjudikazio-epea 19. artikuluan adierazitako bera izanen da.
28. artikulua.
Aprobetxamendu modu honetako herri-lurren onuradunek ordainduko duten kanona ez da inguruan antzeko ezaugarriak dituzten lurrak errentan hartzeagatik ordaintzen den %90a baino txikiagoa izanen. Honen arabera: Lehorreko lurrak: 4 euro erreguko eta urteko. Ureztalurra: 30 euro erreguko eta urteko. Ureztaketa tradizionalean kanona handituko da, urteko gastuak adjudikaziodun guztien artean proportzionalki banatuta. Kopuru horiek urtero eguneratzen ahalko dira, gehienez ere KPIaren arabera.
29. artikulua.
Adjudikaziodunak zuzenean landu beharko ditu lurrak. Horretarako, jarraituko zaio 21., 22., 23. eta 24. artikuluetan xedatutakoari. Ezinbesteko kasuetan, besteren batek egiten ahalko ditu nekazaritzako lanak, baina horretarako Udalaren berrespena beharko da.
30. artikulua.
Santakarako Udalak laborantzako herri-lurren azalera osoaren %5, gehienez ere, gordeko du onuradun berriei adjudikatzeko. Udalak herri-lur horiek zuzenean edo enkante publikoaren bidez adjudikatzen ahalko ditu behin-behinekoz eta indarrik gabe utzi, lehentasuna duen onuradun berri bati emateko, baina baldintzetan inguruabar hori espresuki adierazita. Horretarako, lehentasunezko edo zuzeneko adjudikazioa eskuratzeko eskubidea duten eskatzaile berriak badaude banaketa egin osteko urteetan, adjudikazio berrietarako, desjabetutako edo ukatutako lote posibleak hartuko dira kontuan, baita enkante bidez adjudikatutako lote guztiak ere.
31. artikulua.
Mahastietarako, fruta arboletarako edo olibondoetarako lurzatia adjudikatua duten bizilagunek segitzen ahal dute laborantza lanetan, hartzen duten herri-lurren aprobetxamendua edozein izanda ere; betiere, ordenantza honetako baldintzak betetzen badituzte, eta horrelakoetan hartzen duten adjudikaziotik deskontatuko zaie mahasti-lurzatia. Ezin izanen diote ukorik egin hamar urteko adjudikazioaldiak iraun bitartean, eta Udala lehorreko lurzati mugakideren bat adjudikatzen saiatuko da, edo dirutan behar den kalte-ordaina emanen die.
32. artikulua.
Udalak mahastiak edo olibondoak landatzeko lurra gordetzen ahal du, baldin eta landaketa errentagarria egiteko behar adina eskaera badaude. Loteen azalera hektarea batekoa izanen da, eta, ustiatzeko epea, 24 urtekoa, erregelamendu honen 19. artikuluan xedatutakoaren arabera. Urtero ordaindu beharreko kanona, bestalde, 4 eurokoa izanen da, erreguko.
33. artikulua.
Aurkeztutako eskaerak lurrak baino gehiago badira, herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduen adjudikazio zuzena egin ondotik, diru-sarrera handiagoak dituzten familia-unitateetako titularren eskaerak kenduko dira. Familia-unitateen errenta mailak zehazteko, ordenantza honen 16. artikuluko 3. puntuan ezarritako irizpideei jarraituko zaie. Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren onuradunek ezin izanen dituzte landu adjudikatu zaizkien herri-lurrak adjudikazioan ezarritako xedea ez bezalako beste erabilera, aprobetxamendu edo laborantza motarako, toki-erakundeak espresuki emandako baimena ez badute.
34. artikulua. Baratzeak.
Santakarako Udalak erregu bat eta erdiko baratzeak uzten ahal dizkie halaxe nahi duten familia unitateen titularrei, baldintza hauekin:
a) Eskatzailea ez da izanen ureztalurren jabea, ezta herri-lurretako beste lote baten onuraduna ere.
b) Baratzea zuzenean eta pertsonalki landuko da, 21., 22., 23. eta 24. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
c) Adjudikazioa hamar urterako izanen da.
d) Eskaerak gainerako lurzatien eskaerekin batera aurkeztuko dira (banaketa honetarako, maiatzaren 15aren eta 31ren artean; hurrengo urteetan, maiatzaren 31 baino lehen), eta urteko azken hiru hilabeteetan emanen dira.
e) Kanona: 40 euro, erreguko eta urteko. Santakarako Udalak eskaera horietarako lur nahikoa gordeko du; laborantzako herri-lurren azalera guztiaren %10, gehienez ere.
Baratzeetarako, honako baldintza hauek bete beharko dira:
a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua.
b) Udal-erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea gutxienez urte batetik lehenagotik.
c) Herri-lurraren titularra den herrian bizitzea urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian.
d) Onuraduna zer toki-erakunderi dagoen lotua, zerga betebeharrak eguneratuak izatea haiexekin.
3. ATALA.–UDALAK ZUZENEAN USTIATZEA EDO ENKANTE PUBLIKOA EGITEA
35. artikulua.
Bayuncako erretenaren alderdiari dagokionez, Santakarako Udalak, lehen eta bigarren ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoren, laborantzako lurra soberan baldin badago, enkante publikoaren bidez adjudikatuko du 5 urterako, eta ondoren, beste enkante bat eginen du beste 5 urterako, banaketa berria egin behar den unean adjudikazioaldia bukatu dadin. Hasierako prezioa izanen da urte hartan herritarrentzako zuzeneko adjudikazioan erregu bakoitzeko ezarritako kanona, eta urtez urteko igoera berberak izanen ditu.
"Bayunca" alderdian enkantea egitea badago, eta hura egin ondoren, laborantzako lurra soberan baldin badago, Santakarako Udalak berak ustiatzen ahalko du.
4. ATALA.–ADJUDIKATZEKO PROZEDURA
36. artikulua.
Santakarako Udalak aitzinetik erabakia hartu eta Udalaren iragarki-taulan ediktua paratuta, hamabost egun naturaleko epea irekiko da, maiatzaren 15etik 31ra, eskubidea dutela uste duten guztiek herri-lurren adjudikazioa eska dezaten.
37. artikulua.
Udal bulegoetan dagoen eredu ofizialari jarraikiz aurkeztu beharko dira eskabideak, zinpeko aitorpenarekin edo honako alderdi hauek frogatzen dituen agiriarekin batera:
a) Santakarako bizilaguna izatea, gutxienez ere sei urte lehenagotik, eta bertan bizitzea urtean bederatzi hilabetez bederen.
b) Santakarako Udalarekiko zerga betebeharrak egunean izatea.
c) Familia-unitatea osatzen duten kideak. Haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen aipatuko dute eskatzaileek.
d) «El Saso» alderdiko adjudikazioak eskatuz gero, ogibide nagusia nekazaritza duela eta/edo nekazari gaztea dela egiaztatzen duen agiria.
38. artikulua.
Herri-lurren Batzordeak, lantaldeak edo organo baliokideak proposaturik, Udalak, osoko bilkuran, onartutakoen zerrenda onetsiko du, bai lehentasunezko modalitatekoa bai herritarrendako adjudikaziokoa. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da. Ordenantza honen 14., 16. eta 21. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen dituen eskatzailerik ez bada, udal honen osoko bilkurak ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako ondoz ondoko modalitateen artean adjudikatuko ditu herri-lurretako aprobetxamenduak.
39. artikulua.
Aprobetxamendu modu bakoitzean onartuen behin-behineko zerrenda udal honen iragarki-taulan jarriko da ikusgai 15 egun baliodunean, bidezkotzat jotzen diren alegazioak egin ahal izateko. Inork alegaziorik aurkezten ez badu, behin-behineko zerrenda zuzenean behin betikoa izanen da.
40. artikulua.
Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, Herri-lurren Batzordeak, lantaldeak edo organo baliokideak aurretiko txostena eman ondoren, haiei buruzko ebazpena emanen du Udalak, osoko bilkuran, eta adjudikazio modalitate bakoitzean herri-lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko. Behin betiko zerrenda iragarki-taulan argitaratuko da.
41. artikulua.
Herri-lurrak adjudikatzeko, honako prozedura honi jarraituko zaio:
a) Lehenik eta behin, herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduak, ordenantza honen 16. eta 18. artikuluetan ezarritako sistemaren arabera.
b) Herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduak banatu ondoren, zuzenean adjudikatuko zaizkie herritarrei geratzen diren laborantzako herri-lurrak (25. artikuluan daude adierazita). Loteen azalera zehazteko, alderantzizko proportzionaltasun irizpideak erabiliko dira, oinarri hartuta familia-unitate bakoitzaren diru-sarrera garbiak edo nekazaritzako ustiategien tamaina, adjudikaziodunak nekazariak badira, ordenantza honen 26. artikuluan ezarritakoaren arabera. Udalak osoko bilkuran hartuko du behin betiko adjudikazio erabakia, adjudikaziodunen behin betiko zerrenda onesten duenean, eta interesdunei jakinaraziko die. «El Saso» alderdiko lurzatiak adjudikatzeko (ihinztagailuz ureztatzekoak), alderantzizko proportzionaltasun irizpideak aplikatuko dira, baita ere (oinarri hartuta familia-unitate bakoitzaren diru sarrera garbiak edo nekazaritzako ustiategien tamaina, adjudikaziodunak nekazariak badira), hurrenkera honetan: lehenik, nekazari gazte bat buru duten ustiategiak; gero, ogibide nagusia nekazaritza dutenek osatutako nekazaritzako ustiategiak; horien atzetik, Santakarako Udalak zuzenean egindako adjudikazioak, eta, azkenik, enkante publiko bidez egindakoak.
Eskatzaile bakoitzaren lote-adjudikazioa, gutxienez, oinarrizko ureztatze azaleraren adinakoa izanen da.
42. artikulua.
Jarraipen-batzorde bat eratuko da, aurkeztutako agiriak aztertzeko eta, ondotik, jarraipena egiteko. Batzordea osatuko dute hiru udalkidek eta herri-lurren eskatzaileen artean aukeratutako hiru ordezkarik. Azken horien artean nahitaez parte hartu behar dute batzordean jardunean diren nekazarien artean gazteena denak eta zaharrena denak. Batzordea banaketa egin eta hurrengo bi hilabeteen barruan osatuko da; herri-lurren eskatzaileen 3 ordezkariak zozketa publiko bidez aukeratuko dira, Udalaren webguneko iragarki-taulan eguna eta tokia iragarri ondoren, eta 5 urtean behin berrituko da, prozedura berari jarraituz. Udalak Batzordeko kide izateko izendatzen dituenei dagokienez egiten dituen aldaketak publikoak izanen dira, eta, beraz, Udalaren webguneko iragarki-taulan argitaratuko dira.
III. KAPITULUA.–HERRI-LARREEN APROBETXAMENDUA
43. artikulua.
Herri-larreen aprobetxamendua egiteko, Santakarako Udalak 1996ko apirilaren 2an eta maiatzaren 7an onetsitako ordenantzari jarraituko zaio. Ordenantzaren arabera, debekatuta dago artzaintzan aritzea udal honek adjudikatutako basogintzako ustiategietan, adjudikazio aldi osoan.
IV. KAPITULUA.–BESTELAKO APROBETXAMENDUAK
44. artikulua.
Lur hauetan eratutako ehiza barrutiaren aprobetxamendua egiteko, 1981eko martxoaren 17ko Nafarroako Foru Parlamentuaren Arauari, xedapen osagarriei eta 1997ko otsailaren 13ko zuzeneko adjudikaziorako baldintza-agiriari jarraituko zaie.
45. artikulua.
Udalak ematen ahalko du oihan loteen aprobetxamendua, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamenduko 207. eta 208. artikuluetan xedatutako baldintzen arabera.
Oihan aprobetxamenduak besterenduko dira enkante publikoan, aipatutako Ondasunen Erregelamenduko 209.etik 212.era bitarteko artikuluetan xedatutako moduan.
Udalak aprobetxamenduak besterentzen ahalko ditu enkantera jo gabe, honako kasu hauetan:
a) Lote bakarra denean, eta materiala 100 metro kubikotik beherakoa, erretxinadunetan.
b) Aprobetxamenduak egiten direnean herri-lanetarako edo frogatutako larrialdia izanik interes publikokoak diren obra pribatuetarako.
46. artikulua.
Herritarrei legarrak ateratzeko baimena ematen ahalko zaie, obra partikularrak egiteko, adierazten diren guneetan. Era berean, legarren eta harrobien ustiapena besterentzen ahalko zaie herriko bizilagun ez direnei, udalak onesten dituen proiektuaren eta baldintza-agiriaren arabera, eta inguruko harrobietan legarra saltzeko prezioen arabera finkatuko den kanonari dagokiona ordainduta, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 215. artikuluan adierazitako moduan:
215. artikulua. Herri-lurren okupazioa, herri-lurretan harrobiak ustiatzea eta herri-lurretan ezarri asmo den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako toki-erakundeek prestatzen dituzten baldintza agiriei lotuko zaizkie. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira hamabost egunez gutxienez, eta Foru Komunitateko Administrazioak onespena eman beharko du.
V. KAPITULUA.–HOBEKUNTZAK HERRI-ONDASUNETAN
47. artikulua.
1. Santakarako Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, baldin eta lur horietan gauzatzekoak badira xede hauetakoren bat duten proiektuak:
a) Haien gaineko kargak kentzea.
b) Herri-lurra hobetzea. Kontuan hartuta eraldaketa proiektu bat abian dela «El Saso», Piedra Larga eta Mezcolanzas alderdietan lehorreko lurrak ihinztagailuz ureztatzeko ureztalur bihurtzeko (213 ha), eraldaketa obrek ukitutako lursailak behin-behinekoz adjudikatuko dira, obrak amaitzen diren arte. Obrak amaitutakoan, berriz eginen zaie adjudikazioa maiatzaren 15aren eta 31ren artean lurzatiak eskatu zituztenei, ordenantzari jarraituz.
c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.
2. Proiektu horiek Udalak nahiz bizilagun interesdunek susta ditzakete, eta lehentasuna izanen dute.
3. Kasu horietan, prozedura honi jarraikiko zaio:
a) Udalaren erabakia, proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen araudia onesteko.
b) Hilabetez jendaurrean jartzea eta, halakorik aurkezten bada, Udalak erabakia hartzea aurkeztutako alegazioei buruz.
c) Nafarroako Gobernuak onetsiko du.
4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei ordaindu eginen zaizkie sorrarazten zaizkien kalte-galerak, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.
48. artikulua.
Udalak berak onetsi beharko ditu aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurra hobetzeko egiten dituen proiektuak. Aldez aurretik jendaurrean jarri beharko dira 15 egunez, eta aurkeztutako alegazioak ebatzi beharko ditu Udalak ondotik.
49. artikulua.
Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko baimena beharko da herri-lurrak laborantzarako luberritzeko.
V. TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK
50. artikulua.
–Egitate hauek arau-hauste arintzat hartzen dira:
a) Plastikoak, ontziak, bidoiak eta horrelakoak ez biltzea edo ez kentzea adjudikatutako lurzati edota sarbideetatik.
b) Zaborra, barazkien hondakinak eta inausketa hondarrak botatzea bideetan eta beste lurzati batzuetan. c) Ordenantza honetan xedatutakoaren aurkako beste edozein egitate edo egintza, arau-hauste astun edo oso astun gisa sailkatu ez dena.
–Egitate hauek arau-hauste astuntzat hartzen dira:
a) Herri-lurrak lantzea udal adjudikaziorik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak edo larre utziak izan.
b) Laborantza iraunkorrak (fruta-arbolak, zainzuriak, etab.) landatzea, Udalaren baimenik gabe.
c) Nekazaritzako lanak egitea erregelamendu honek baimentzen ez dituen sasoietan, larreen ustiapenaren kaltetan.
d) Ez errespetatzea adjudikazioetan zehaztutako epeak.
e) Beste lurzati batzuetatik bereizteko ezpondak lantzea, Udalaren berariazko baimena eduki gabe.
f) Azienden idoietatik ura hartzea eta tratamendu fitosanitarioak egiteko makineria erabiltzea horretarako.
g) Bideetan, uztondoetan eta lur etzeetan herbizidak aplikatzea, edo luberritzearen ordez herbizidak aplikatzea, ukitutako herri-larreen abeltzain adjudikaziodunari behar den denboraz jakinarazi gabe.
h) Lurzatietako ureztaketa ez zaintzea eta ez kontrolatzea, eta horren ondorioz bideak eta aldameneko lurzatiak ureztatzea.
i) Lurzatiak ureztatzea horretarako txanda izan gabe.
j) Lurzatiak trukatzea, 58. artikuluan ezarritako izapideak bete gabe.
k) Adjudikazioari uko egitea, bidezko arrazoirik gabe, mugaeguna baino lehen.
–Egitate hauek arau-hauste oso astuntzat hartzen dira:
a) Norberak zuzenean ez lantzea adjudikatutako lurzatiak. Adjudikaziodunak berak egin beharko ditu bere lurzatiko nekazaritza lan guztiak. Salbuespen gisa onartuko dira doitasuneko ereintza eta uzta, makineria berezia behar dutelako, eta produktu fitosanitaroen erabilera, horiek erabiltzeko baimen berezia beharrezkoa baita.
b) Herri-lurretako lurzatietan nekazaritza lanak egitea Udalaren adjudikaziorik izan gabe. Debeku horren barnean sartzen da beste familia-unitate bati adjudikatutako herri-lurretako lurzatietan laborantzan edo nekazaritza lanetan aritzea, ahaidetasun harremana izanagatik ere.
c) Udalak laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela egiaztatzeko jarduera oztopatzea; hau da, horretarako eskatzen den dokumentazioa behar bezala eta epean ez aurkeztea.
d) Adjudikazioa eskuratzeko, gezurrezko datuak ematea.
e) Ordenantza honetan ezarritakoari kontra egiten dioten egitate guztiak, fede txarrez eginez gero, lurzatien adjudikaziotik onura atera nahirik edo laborantza egiaztatzeko egiten diren frogapenetan datuak ezkutatu edo faltsutu nahirik.
f) Laborea beste batzuei apartzerian edo errentan ematea edo lagatzea.
g) Beste pertsona bati adjudikatutako laborantza apartzerian jasotzea edo azpierrentaria edo emakidaduna izatea.
h) Ez ordaintzea ezarritako epeetan kanonen zenbatekoak edo erregelamendu bidez ezarritako beste tasa batzuenak.
i) 14. artikuluan ezarritako eskakizunak ez betetzea (adjudikazioa galtzea dakar).
j) Bideak goldatzea edo basobera (erromeroa, milazka, etab.) luberritzea.
51. artikulua.
1. Arau-hauste horiek zehapen hauek izanen dituzte:
–Arau-hauste arinak: 60,00 eta 1.000,00 euro bitarteko isuna.
–Arau-hauste astunak: 1.001,00 eta 2.000,00 euro bitarteko isuna.
–Arau-hauste oso astunak: Emakida galtzea eta fidantza konfiskatzea (enkante bidez egindako adjudikazioen kasuan). Lurrak Udalaren esku geratuko dira, dauden egoeran, eta ez dute ez kalte-ordainik jasotzeko ez erreklamaziorik egiteko eskubiderik izanen.
2. Hori guztia, ondasun publikoetan edo lurretan eragindako kalteen ordainketa ezertan ukatu gabe, kalteen egileek Zuzenbidearen arabera ordainduko baitituzte.
3. Laborantza beste pertsona bati apartzerian edo azpierrentan emateagatik edo lagatzeagatik lurzatiak galtzen dituzten onuradunek udal diruzaintzan sartu beharko dituzte apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak.
4. Udal zerbitzuetako funtzionarioek egiaztatzen dituzten egitateak salaketa agirietan edo bestelako dokumentu publiko batean jasoko dira, legezko baldintza egokiak betez, hau da, datu hauek adieraziz: data, egitateak, tokia edo lurzatiaren zenbakia eta egilea. Agiri horiek froga balioa izanen dute, deusetan ukatu gabe administratuek berek beren eskubide edo interesen alde aurkezten dituzten frogak.
5. Arau-hausteak delitu edo hutsegitea direnean, alkateak jurisdikzio organo eskudunari igorriko dio espedientea eta ez dio zehapen prozedurari segidarik emanen agintaritza judizialak deus erabakitzen ez duen bitartean. Epaileek zehapena emanez gero, ez da administrazio zehapenik izanen. Halakoetan, deliturik edo hutsegiterik ez dela egon jotzen bada, Udalak segida ematen ahalko dio zehapen espedienteari, jurisdikzio eskudunak frogatutzat jo dituen egitateetan oinarriturik, halakorik bada.
BESTE XEDAPEN OROKOR BATZUK
52. artikulua.
Lurren banaketa orokorra amaituta, urteko adjudikazioak eginen dira, erantzuteke geratu diren eskaerei erantzuteko. Horretarako erabiliko dira adjudikatu gabe gelditu diren lurzatiak. Prozesu honetan, erabateko lehentasuna izanen dute ezarritako baldintza guzti-guztiak betetzen diten eskatzaileek. Eskatzaile horiei erantzun eta gero, oraindik ere lurzatirik geratzen bada, enkante publiko bidez adjudikatuko dira lurzatiok. Hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arte iraunen du adjudikazioaldiak.
Baldin enkantea egin ondoan laborantzako lurra sobera gelditzen bada, toki-erankundeak zuzenean ustiatzen ahalko du.
53. artikulua.
Aurreko artikuluan aipatutako emakida berriak direla-eta herri-lurzatiak adjudikatzeko urteko prozedura Udalak osoko bilkuran finkatutako egunean eginen da. Baina, horren aurretik, eskaerak onartuko dira: maiatzaren 15aren eta 31ren artean aurkeztu behar dira, Santakarako Udalaren idazkaritzan, 37. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera.
54. artikulua.
a) Herri-lurretako edozein lurzati adjudikatzean hura landuta badago, adjudikaziodun berriak lan horien zenbatekoa ordainduko dio aurrekoari, peritazioa egin ondoren.
b) Lurzatia ereina bada, fruitua aurreko adjudikaziodunarena izanen da uzta jaso arte, eta, orduan, onuradun berriak okupatuko du.
c) Aurreko kasuetako salbuespenak: herri-lurzatien edo loteen adjudikaziodunak, hamar urteko epea urratu, eta herri-lurra edo lotea erein edo lantzen badu (ordenantza honen 49. artikulua); izan ere, Udalak egiaztatutakoan, ordenantza honen 50. artikuluaren arabera zehatuko baitu.
55. artikulua.
Egokitu zaion herri-lurzatian laborantza zuzenean eta pertsonalki egiteari borondatez uko egiten bazaio, bidezko arrazoirik gabe, erabiltzeko aukera aprobetxamenduaren epe osorako galduko da, ordenantza honen 19. eta 27. artikuluetan ezarritakoarekin bat. Hala ere, Udalaren Osoko Bilkuraren ustean arrazoia behar bezala justifikatzen bada (lanpostua galtzea, langabeziako sorospenik gabeko langabetua izatea edo ezinbesteko bestelako arrazoiren bat), eta eskatzaileak 14. artikuluko baldintzak betetzen baditu, beste adjudikazio baterako aukera izanen du. Borondatez uko egiteak ez du ekarriko kanona itzultzea, kanona urte osorako ordaintzen baita.
56. artikulua.
Herri-lurretako lurzatiak erabiltzeko aukera, edonola ere, hurrengo arrazoiengatik galduko da: herriko biztanle izateari uzteagatik, herrian urtean 9 hilabetez ez bizitzeagatik, edo Santakarako Udalarekin zerga arloko betebeharrak beterik ez izateagatik, ordenantza honen 14. artikuluak agintzen duen moduan.
57. artikulua.
Ureztatzeko herri-lurzatien adjudikaziodunek ubideak eta erretenak zaindu beharko dituzte, eta aldian-aldian garbitu, Udalak xedatzen duenaren arabera. Herriko ureztaketa batzordeek, Bayungak eta Mélidako eta Murillo el Frutoko ureztatzaileen sindikatuak ezarritakoa ere bete beharko da; dena dela, 50. artikuluan zehaztutakoaren arabera ezarriko dira arau-hausteei dagozkien zehapenak. Nola nahi den ere, ureztatzeko txandak gordeko dira betiko moduan ureztatutako lurretan.
Bai betiko ureztalurretan bai ihinztagailuz ureztatzen direnetan gertaturiko narrioak erabiltzailearen kontura izanen dira. Obra behin betiko hartu ondoren ere, lurren adjudikaziodunaren esku geratuko da ekipamenduen, hodien, ordenagailuen, sareen, ihinztagailuen eta gainerako elementuen mantentze-lana, gastuak barne. Uraren eta argiaren gastuak eta zaintzarenak (halakorik balego) adjudikaziodunaren kontura izanen dira, baita sortzen ahal diren gastu arrunt guztiak ere, bai ihinztagailuz bai betiko moduan ureztatzen diren lurretan. Bai adjudikazioari uko egiten zaionean bai adjudikazioaldia amaitzean, lurzatiak erabilera-baldintza egoki-egokietan utzi beharko dira. Horrek, besteak beste, esan nahi du garbi utzi beharko direla. Hori egin ezean, Santakarako Udalak eragindako gastua ordainaraziko dio adjudikaziodunari.
58. artikulua.
Ureztalurreko lurzati eta loteen herri-larreen onuradunak edo abeltzainak belarra eta uzta hondarrak behar bezala erabil ditzan, lurzatiaren edo lotearen adjudikaziodunak 20 egun baino lehen erein nahi badu, herri-larre horien abeltzain onuradunari esan beharko dio, belarra balia dezan. Dena den, ezin izanen du erein 8 egun iragan baino lehen. Lehorreko lurretako uztondoak ezin izanen dira goldatu urte bakoitzeko abuztuaren 20ra arte. Ureztalurretako uztondoak ere urte bakoitzeko abuztuaren 20tik aurrera goldatuko dira; nekazariak bigarren uzta izateko erein behar baldin badu, gutxienez 8 egun lehenago esan beharko dio herri-larre horien abeltzain onuradunari, belarra balia dezan. Erein gabeko lurzatietako uztondoak ez dira laboratuko urte bakoitzeko martxoaren 1a baino lehen. Nekazariak 10 egun izanen ditu, uzta biltzen duenetik zenbatzen hasita, lasto fardoak egiteko, eta herri-larre horien abeltzain onuradunak epe hori errespetatu beharko du. Zuzeneko ereintzaren edo bigarren uzta bilketaren ereintzaren ostean, gutxienez 5 egun lehenago esan beharko dio herri-larre horien abeltzain onuradunari. Arto laborantzetan, nekazariak 8 egun izanen ditu artaburuak biltzeko, eta egun horietan ezin izanen da erre. Epe hori igarotakoan, ukitutako herri-larreen abeltzain onuradunak gehienez 15 egunez erabili ahal izanen ditu belar horiek, eta, ondoren, nekazariak libre izanen du berriro lursaila. Artaburuak biltzeko 8 egun horiek erabiltzen ez badira, abeltzainari jakinaraziko zaio uzta bildu eta 20 egunez larreaz gozatzeko aukera izanen duela.
59. artikulua.
Adjudikaziodunen artean ezin izanen da lurzatirik aldatu, salbu eta bi alderdiek horretarako akordioa sinatzen badute. Hala ere, udalak akordio hori onartu beharko du, Herri-lurren Batzordeak, lantaldeak edo organo baliokideak txostena egin ondoren. Mota bereko lurzatiak bakarrik aldatzen ahalko dira; lehorreko lurrak lehorreko lurren ordez, eta ureztalurrak ureztalurren ordez.
60. artikulua.
Erregelamendu hau, edo hura aplikatzean, Udalaren osoko bilkurako egintza edo erabakiak interpretatzean sortzen diren gorabehera guztiak errekurtso hauetako bat aurkeztuz ebatziko dira:
–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean.
–Berraztertzeko errekurtsoa, aukerakoa eta aurrekoa baino lehen, Santakarako Udalari zuzendua, hilabeteko epean.
XEDAPEN GEHIGARRIA.–IHINZTAGAILUZ UREZTATZEA
–Ur kontsumoak finkatzea.
Ureztalurrean sistemaren funtzionamendurik egokiena, eskura den uraren aprobetxamendurik hoberena eta haren eskuragarritasun zuzena lortzearren, Alkatetzak, dagokion lan batzordeak proposaturik, ureztatze kanpaina bakoitzean komenigarrien iruditzen zaizkion arauak emanen ditu, alderdi hauen gainean:
- Ureztatzeko arauak ezartzea.
- Matxuren berri ematea.
- Obra, sistema eta instalazioetako mantentze lanak.
Orobat, ureztatze kanpaina bakoitzean, Alkatetzak erreferentziako ur kontsumoak ezarriko ditu ureztalurreko laborantza mota bakoitzarentzat, Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Kontseilaritzak Riegos de Navarra SAren bitartez ematen dituen jarraibide teknikoekin bat.
Erreferentziako kontsumo horien arabera, Alkatetzak, dagokion lan batzordeak proposaturik, ureztatze kanpaina bakoitzean, nekazari bakoitzari adieraziko dio, aldatu dituen edo aldatuko dituen labore motekin bat, lurzati bakoitzean zenbat metro kubiko dagozkion kanpaina zehatz horretarako.
–Ur kontsumoak. Fakturazioa eta zehapenak.
Alkatetzak, dagokion lan batzordeak proposaturik, benetako kontsumoei dagozkien ordainagiriak fakturatuko dizkie ureztatzaileei, multzoka tarifatuz.
Fakturazioari dagokionez, kontsumoko metro kubiko bakoitzaren prezioak osatzen du 1. multzoa edo ureztatzaile bakoitzak ordaindu behar duen oinarri finkoa, alkatetzak kalkulatua, dagokion lan batzordeak proposaturik. Prezio horretan fakturatuko dira ureztatzaileen kontsumoak, haientzat finkatutako metro kubikoen adinakoak edo gutxiago badira, edo %10 gehiago, gehienez ere.
Berriz, II. multzokoak izanen dira ureztatzaile batek egiten dituen kontsumoak, berarendako ezarritakoak baino gehiago badira, alegia, %10etik %20raino gehiago badira; berarendako ezarritako kontsumotik goitikoari zehapena ezarriko zaio, I. multzoan prezio kubiko bakoitzeko ezarritako prezioari %300 erantsita.
Azkenik, III. multzoan sartuko da ureztatzaileak izandako kontsumoa, aitzinetik harentzat ezarritakoa baino %20 baino handiagoa bada. Kasu horretan, I. multzorako ezarritako prezioa %500 igota zehatuko da haren gehiegizko kontsumoa.
–Ardurak.
Instalazioak modu desegokian erabiltzeak ekarritako kalteak egonez gero –bereziki, eskualderako eta ohiko laboreentzako ezartzen den erreferentziako ur kontsumotik gora hartzeak ekarritakoak– erabilera desegoki hori egin duen ureztatzaileak izanen du erantzukizuna.
Kaltearen arrazoia ezin denean argitu eta ezin zaienean halako ureztatzaile bati edo gehiagori leporatu, Udalak bere gain hartuko du erantzukizuna, eta ezin izanen dio inola ere egotzi Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari.
–Ureztatzaileen betebeharrak.
Ureztatze kanpaina bakoitzean, ureztatzaileek, datuak eskatzen bazaizkie, esanen diote Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari, edo haren mendeko enpresa publikoei, eskualdean zer laborantza aldatu dituzten edo zer aldatzeko asmoa duten. Bestela, Udalak izanen du informazio hori eman beharra.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indarrik gabe geldituko dira ordenantza honetako xedapenei kontra egiten dieten maila bereko nahiz apalagoko xedapen guztiak.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza Nafarroako Aldizkari Ofizialean testu osoa argitaratu ondoren jarriko da indarrean, eta, betiere, Estatuko edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak toki entitateei, haien egintza edo erabakiak indargabetzeko, errekerimendua egiteko duen ahalmena erabiltzeko epea iragan ondoren; eta hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatuarekin bat.
L2609605
Iragarkiaren kodea:
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
