146. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CORELLA

Aldaketa, Trafikoaren ordenantzan, mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak arautzeko. Hasierako onespena

Corellako Udalak, 2026ko uztailaren 2an egindako ohiko osoko bilkuran, erabaki hau hartu zuen:

Ikusi da Corellako Udalak Trafikoaren udal ordenantza aldatzeko proposamena aurkeztu duela, mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak arautu beharrez, eta, orobat, bide-segurtasuna bermatzeko.

Ikusi da Udalak, aldez aurretik, kontsulta publiko bat egin duela herrian, zehazki, mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak arautzeari buruzko inkesta bat (kontsulta hori alkatearen 424/2026 Ebazpenaren bidez onetsi zen).

Kontuan hartu behar da Herritarren Segurtasuneko eta Trafikoko Informazio Batzordeak aldeko irizpena eman ziola, 2026ko ekainaren 19an, Trafikoaren ordenantzan egin asmo den aldaketaren proiektuari; hori guztia, herritarren parte-hartze prozesuan jasotako ekarpenak eztabaidatu eta aintzat hartu ondoren.

Kontuan hartu behar da uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan xedatutakoa (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Legea).

Horiek horrela, eta bertaratu guztien aldeko botoarekin, honako hau

ERABAKITZEN DA:

Lehena.–Hasiera batez onestea aldaketa egitea Trafikoaren udal ordenantzan, mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak arautzeko. Hona hemen aldaketaren edukia:

45. artikulua. Mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen (patinete elektrikoak) zirkulazioa.

1. Mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak erabiltzeko 14 urte, gutxienez, eduki behar dira. Izan ere, 14 urtetik beherakoak ezin izanen dira patinete elektrikoz ibili udalerriko bide publikoetan.

2. Mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen erabiltzaileek, baldin eta 16 urte baino gutxiago badituzte, nahitaez erabili beharko dute kaskoa. Kaskoak indarrean diren segurtasun-arauak bete beharko ditu.

3. Mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak beti ibili beharko dira galtzadatik. Debeku da haiekin zirkulatzea espaloietan, oinezkoendako eremuetan eta ibilgailuen sarbidea mugatua duten kaleetan, salbu eta berariaz adierazitako zatietan.

4. Mugikortasun pertsonaleko ibilgailuek bidegorria erabiltzen ahalko dute, baina ezin izanen dute gainditu 15 km/h-ko abiadura.

Ordenantza honetan araututakoa lotuko zaio 970/2020 Errege Dekretuan ezarritakoari (mugikortasun pertsonaleko ibilgailuari buruzkoa) eta Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legean ezarritakoari.

Bigarrena.–Ordenantza jendaurrean jartzea, 30 egun balioduneko epean, iragarkia jarriz Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta udal honetako iragarki-taulan, herritarrek aukera izan dezaten egoki iritzitako erreklamazioak, kexak edo oharrak aurkezteko.

Hirugarrena.–Inork erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkezten ez badu, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatuko da, eta ordenantzaren testu osoa emanen da argitara Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Laugarrena.–Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Corellan, 2026ko uztailaren 8an.–Alkatea, Gorka García Izal.

Iragarkiaren kodea: L2609743