Iragarkia
146. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 28a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
CINTRUÉNIGO
Oposizio-lehiaketa murriztua, zerbitzu anitzetako enplegatuaren plaza bat (elektrizitateko espezialitatea) betetzeko lan-araubidean
Tokiko Gobernu Batzarrak, 2026ko ekainaren 30ean egindako bilkura berezian, deialdi bat onetsi zuen, oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez eta lan-araubidean betetzeko zerbitzu anitzetako enplegatuaren plaza bat (elektrizitateko espezialitatea).
Hona hemen deialdia arautuko duten
OINARRIAK
1.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez eta lan-araubidean betetzea zerbitzu anitzetako enplegatuaren plaza bat (elektrizitateko espezialitatea), C mailakoa. Plazak A76 kodea dauka Cintruénigoko Udalaren plantilla organikoan.
1.2. Prozedura gauzatuko da jarraikiz ezarrita dagoenari abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.6 artikuluan (Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina onesten duena).
1.3. Dagozkion hautapen-probak gaindituta, deialdi honen harira izendatua dena C mailari lotuko zaio, plaza jabetzan hartzen duenetik edo lanean hasten denetik, eta jasoko ditu maila horri dagozkion ordainsariak eta Cintruénigoko Udalaren plantilla organikoan lanpostu horretarako ezarritako osagarriak.
1.4. Lanaldi osoan jardun beharko da. Zerbitzuaren beharretara egokituko dira lanaldiaren araubidea eta ordutegia, eta noiznahi aldatzen ahalko dute organo eskudunek, zerbitzuaren beharren arabera.
1.5. Bere mailako eta kategoriako eginkizunak beteko ditu. Adibide gisa eta bestelakoak baztertu gabe, honako hauek izanen dira, besteak beste, zerbitzu anitzetako enplegatuaren (elektrizitatea) ohiko eginkizunak:
–Arduratuko da mantentze- eta konponketa-lanez eta azpiegiturek, eraikinek, espazio publikoek eta udal-ekipamenduek behar bezala funtzionatzeaz (berokuntzako galdarak, aire girotua, argiteria publikoa, kaxa elektrikoak eta abar). Horretarako, lanak antolatu, esleitu eta gauzatuko ditu, eta elektrizitatearen alorrera atxikitako giza baliabideak eta baliabide materialak koordinatu eta gainbegiratuko ditu. Elektrizitatearen erabilera, puntuan jartzea eta mantentze-lana antolatu, banatu eta kontrolatuko ditu, baita bere kargupeko langileen lan eta zereginak eta haien errendimendua ere.
–Bestelako lan polibalenteak eginen ditu Zerbitzu Anitzetako Lantaldearen barnean (iturgintza, pintura, igeltserotza, soldadura, arotzeria, mekanika, garbiketa, zangak ireki eta ixtea, lorezaintza eta abar).
–Lantaldeko buruak esleipena eginez gero, erantzukizuna izanen du lanen antolamenduaren gainean eta langileen gainean. Lan horiek lantaldeko buruak edo nagusiak zehaztuko ditu. Izan ere, hark esleituko ditu lanak eta horretarako behar diren langileak, eta zehaztuko ditu lanen antolamendua, egiteko modua eta kasu bakoitzean hartu beharreko segurtasun neurriak. Egin beharreko lanen artean lehentasunak finkatuko ditu alkatearekin eta lantaldeko arduradunarekin batera. Bere lantaldea koordinatuko du zerbitzu anitzetako lantaldeko gainerako atalekin, zerbitzua hobeki kudeatzeko eta eraginkorragoa izan dadin.
–Udalaren azpiegitura, egoitza eta ekipamenduetan ikusten diren akats, matxura eta hausturen berri emanen dio lantaldeko arduradunari aldiro eta garaiz, eta zerbitzuen hobekuntza bultzatu eta hartan lagunduko du; horretarako, hobekuntzarako lagungarri izan daitezkeen ekintza eta aldaketak proposatuko ditu.
Udal instalazioetako lanak eta funtzionamendua kontrolatuko ditu, eta elektrizitate zerbitzua egiteko kontrataturiko enpresen funtzionamendua gainbegiratuko.
–Instalazio elektronikoen, argiteria publikoko instalazioen eta udal-eraikinen mantentze- eta zaintze-lanak eginen ditu eta matxurak konponduko. Luminariak eta kale-argiak instalatu eta konponduko ditu, eta instalazio elektrikoak egin eta koadro elektriko berriak paratuko ditu. Orobat, argiteria publikoak kontrolatzeko koadro elektrikoak konponduko ditu, bai eta Udalaren gainerako koadro elektrikoak ere (egonkortze-koadroak, argiteria publikoaren fluxua murrizteko gailuak...). Halaber, plaka elektronikoak, tiristoreak eta gainerako osagai elektrikoak eta elektronikoak ordeztuko ditu.
–Argiteria publikoko, telekomunikazioetarako eta abarrerako aireko kable elektrikoei eusteko eta horiek ordezteko lanak eginen ditu.
–Kaleak berritzeko lanetan, instalazio eta kanalizazio elektrikoak, proiektua eta abar gainbegiratuko ditu, hobetzekorik badagoen edo konpondu beharreko akatsik badagoen kontrolatzeko, eta horien berri emateko arduradunei. Izan ere, modu horretan, lanak egiten diren bitartean konpontzen ahalko dira.
–Ordu astronomikoa ematen duten erlojuak, argiteria publikoa, galdarak eta berokuntza programatuko ditu udal-eraikinetan, eta honako lan hauek ere eginen ditu: mantentze- eta konponketa-lanak berokuntza kontrolatzeko kaxa elektrikoetan; ponpak eta errakoreak ordeztea; berogailuak purgatzea eta programazio-erlojuak konpontzea).
–Tresna elektrikoak eta elektronikoak, kiroldegiko markagailua eta abar konponduko ditu.
–Material elektrikoa eta elektronikoa erosiko du, bai eta bestelako lanak eta konponketak egiteko behar duen materiala ere.
–Egin beharreko lanetan, ordezko piezak, eskuliburuak eta konponbideak bilatu beharko ditu.
–Istripuak edo bestelako arrazoiak direla medio, kale-argi altuak (10 metro) edo beste tamaina batzuetakoak apurtu edo tolestu badira edo beste zerbait gertatu bazaie, horiek kendu eta deskonektatu beharko ditu.
–Udal-jardueretarako megafonia jarri eta kendu beharko du.
–Eskatzen zaion egunetan, arduratuko beharko du Cintruénigoko Udaleko fatxadako argiak piztu eta itzaltzeko orduak kontrolatzeaz, zaintzeaz eta programatzeaz.
–Koadro elektrikoak, egonkortze-koadroak, argiteria publikoa eta abar berrikusi, garbitu, egiaztatu, neurtu eta kontrolatuko ditu, eta behar denean, aire konprimatuz garbituko ditu.
–Agintzen zaizkion instalazio berriak eta hobekuntzak eginen ditu, betiere bere mailakoak, eta lanean erabiltzen diren ibilgailuen oinarrizko mantentze- eta kontserbazio-lanak ere eginen ditu.
–Materialak, tresnak eta lan-ekipoak prestatuko ditu. Materialen eta tresnen inbentarioa eskatu eta kontrolatuko du. Tresnak eta ekipoak egoera onean mantenduko ditu. Zerbitzuaren berezko makineria, lanabes eta tresnak maneiatu, mantendu eta konponduko ditu.
–Hiri-altzariak instalatu eta horiek mantentzeko lanak eginen ditu: zutoinak, seinaleak, kale-argiak, bankuak, iturriak eta abar. Altzariak eta objektuak toki batetik bestera eraman eta paratuko ditu.
–Udalak programatzen dituen festetarako eta kultur ekitaldietarako prestakuntzan eta garbiketan lagunduko du, baita Udalak laguntzen edo babesten dituen ekitaldietan ere. Agertokiak, hesiak eta gainerakoak muntatu eta desmuntatuko ditu, jai eta ekitaldi publikoetan.
–Zerbitzu anitzak eginen ditu, loturik daudenak instalazio eta obretako mantentze-lan orokorren brigadaren jarduerekin, eta horiei jarraipena eginen die, egokiak izan daitezen haien funtzionamendua, kontserbazioa eta mantentzea. Udaleko beste zerbitzu anitz batzuekin lankidetzan arituko da (iturgintza, igeltserotza, lorezaintza, etab.), hala eskatzen zaionean. Agintzen zaion bide garbiketa eginen du, horretarako erabiliz Udalak dauzkan baliabideak. Honako hauek eginen ditu: materialak kargatzea/deskargatzea, obrak garbitzea, areketako belar-sastrakak garbitzea eta obren lantalderako zeregin osagarriak. Hilerrian zerbitzu emanen du (mantentze-lanak, desobiratzeak eta hobiratzeak).
–Udal ibilgailuak gidatuko ditu, edo zeregin espezifikoetarako alokatzen direnak, obrako makina arin eta ertainak erabiliko ditu (kamioia, plataforma jasotzailea), eta baita tresna espezifikoak ere.
–Gorabehera eta abisuei erantzunen die: Beste udal bulego batzuek jakinarazitako matxuren edo gorabeheren parteei erantzunen die. Egindako lanei eta hautemandako beharrei buruzko txostena emanen du.
–Segurtasunari, higieneari eta ingurumenari buruzko arauak bete beharko ditu: Behar bezala erabiliko ditu norbera babesteko ekipamenduak (NBEak). Laneko segurtasunari eta arriskuen prebentzioari buruzko arauak beteko ditu. Arduraz jardunen du produktuak eta materialak erabiltzean, ingurumen-inpaktua saihestuz. Segurtasun eta prebentzio protokoloak beteko ditu. Ezagutu eta aplikatuko ditu lanerako ezarritako arau, prozedura eta zehaztapen guztiak. Agindutako lanetan bere kargura diharduten langileek lan-segurtasuneko arauak betetzen dituztela kontrolatuko du, eta horren gaineko jarraipena eginen du.
–Udalaren azpiegitura, egoitza eta ekipamenduetan ikusten diren akats, matxura eta hausturen berri emanen dio arduradunari aldiro eta garaiz, eta zerbitzuen hobekuntza bultzatu eta hartan lagunduko du. Horretarako, hobekuntzarako lagungarri izan daitezkeen ekintza eta aldaketak proposatuko ditu. Bide eta eremu publikoak egoera onean dauden begiratuko du, baita udal eraikinak ere, eta proposamenak eginen ditu haien mantentze-lanetarako eta/edo hobekuntzarako.
–Kasuren batean behar izanez gero, egoerara egokituko da, lanorduekin malgu jokatuz, bete ahal izateko ezarritako lan-programa eta zerbitzuaren beharrak.
–Udal ordenantzen betetze-mailari buruzko kontrola eta jarraipena eginen du, eta horiek berrikusi edo egiaztatu behar direla ikusiz gero, horren berri emanen die arduradunari edo Udaleko teknikariei.
–Era guztietako udal zerbitzuak eginen ditu, eta hala alkateak nola eskuordetza duten organoek haren esku uzten dituzten zereginak ere eginen ditu, guztiak ere haren eskumen, maila eta kategoriaren barnean.
Eta, oro har, arestian azaldutakoen gisako lan guztiak eginen ditu, lanpostuari dagozkionak, zerbitzua dela-eta haren gain utzitakoak.
2.–Baldintzak.
Indarra duen araudian xedatutakoaren arabera, oposizio-lehiaketa honetan parte hartu ahal izateko, honako baldintza hauek bete behar dira, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean:
a) Cintruénigoko Udaleko funtzionario edo lan-kontratudun finko izatea.
b) D mailan aritzea, eta zerbitzu anitzetako enplegatuaren edo peoi espezialistaren lanposturako izendatua izan izana edo lanpostu hori esleitu izana.
c) Abiapuntuko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea, salbu eta borondatezko eszedentzian dagoen pertsona zerbitzuak egiten ari baldin bada administrazio honetako beste lanpostu finko edo aldi baterako batean.
d) Bost urteko antzinatasun aitortua frogatzea administrazio publikoetan.
e) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean edukitzea Batxilergoko titulua, bigarren mailako Lanbide Heziketako titulua edo baliokidea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.
Titulazioaren baldintzaren ordez, administrazio publikoen zerbitzuan zortzi urteko antzinatasun aitortua izatea frogatzen ahalko da.
f) C motako gidabaimena edukitzea.
g) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea kendua administrazio publikoaren zerbitzutik.
h) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete beharreko eginkizunetan aritzeko.
2.2. Hautatutako izangaiek baldintza horiek guztiak frogatu beharko dituzte deialdi honetan ezarritako epean eta moduan. Ulertuko da baldintza horiek bete behar direla eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, halaber, bete beharko dira hautapen-prozesu osoan, plazaren jabetza hartu arte.
3.–Eskabideak, aurkezteko epea eta lekua.
3.1. Eskabideak aurkezteko epea.
Hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskabideak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
Baldin epearen azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun baliodunera arte luzatuko da.
3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.
Deialdian parte hartzeko eskabideak nahitaez aurkeztu behar dira modu telematikoan, Cintruénigoko Udalaren erregistro orokor elektronikoaren bidez, zeina Cintruénigoko Udalaren egoitza elektronikoan baitago (https://cintruenigo.sedelectronica.es).
Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek eskabidea nahitaez aurkeztu beharko dute I. eranskineko eredu normalizatuaren arabera.
Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
Desgaitasuna izanik, izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan eta baliabideetan, hala adierazi beharko dute eskabidean, eta adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten, edo nola doitu behar diren denbora eta/edo baliabideak. Horretarako, izangaiak egokitzat jotzen duen dokumentazioa aurkez dezake eskabidea aurkeztean, 3.3 apartatuan ezarritakoari jarraikiz.
3.3. Eskabideari erantsi beharreko dokumentazioa.
Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, bi aldeena.
–Izangaiek deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera alegatutako merezimenduen frogagiriak, salbu Cintruénigoko Udalean egindako zerbitzuen frogagiriak, deialdia egin duen organoak zuzenean igorriko baitizkio epaimahaiari.
Izangaiek merezimenduak alegatu eta frogatu beharko dituzte, behar bezala ordenatuak, baremoko puntuazio eskemari jarraikiz.
–Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua duela frogatzeko agiria.
–Desgaitasun aitortua duten izangaiek hura frogatzeko agiria aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.
Honako alderdi hauek frogatzen dituen ziurtagiria: Cintruénigoko Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatuaren izendapena, lanpostu horretan duen antzinatasuna eta administrazio-egoera. Udalak ofizioz gehituko du.
3.4. Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea, baina baldin aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, alkateak ebazpen bat emanen du, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila toki-erakundearen atarian (deialdiaren web fitxan). Orobat, ohartaraziko du hurrengo hamar egun balioduneko epean baztertuek erreklamazioak egiten ahalko dituztela, eta, akatsik baldin badago, haiek zuzendu.
Ezarritako epean eskabiderik aurkeztu ezean, alkateak deialdia bete gabe gelditu dela deklaratzen duen ebazpena emanen du. Ebazpen hori argitaratu beharko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, toki-erakundearen atarian (deialdiaren web fitxan) eta Udalaren iragarki-taulan.
Erreklamazioak aurkezteko epea iraganik eta haiek ebatzi ondoren, alkateak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du ebazpen bidez, eta aginduko du argitara dadila toki-erakundearen atarian (deialdiaren web fitxan) eta Udalaren iragarki-taulan.
Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioaldiko lehen proba non, noiz eta zer ordutan eginen den. Proba baztertzailea izanen da.
Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela deialdiko prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen prozedura gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko agiriak aztertzen direnean, egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Honako hauek osatuko dute kalifikazio-epaimahaia:
Epaimahaiburua: Óscar Bea Trincado, Cintruénigoko Udaleko alkatea.
Ordezkoa: Ana Isabel Lacarra Ridruejo, Cintruénigoko Udaleko zinegotzia eta Barne Araubideko Batzordeko burua.
Epaimahaikidea: Manuel Contreras Sampayo, Cintruénigoko Udaleko arkitektoa.
Ordezko epaimahaikidea: Jorge Chivite Ayala, Cintruénigoko Udaleko lantaldeko arduraduna.
Epaimahaikidea: David Castro López, Bigarren Hezkuntzako irakaslea Tuterako ETI Central IBPan (sistema elektrotekniko eta automatikoen espezialitatea).
Ordezko epaimahaikidea: Roberto Berrueta Vicente, Bigarren Hezkuntzako irakaslea Tuterako ETI Central IBPan (instalazio elektroteknikoen espezialitatea).
Epaimahaikidea: Candelario Hervás Cuadra, Bigarren Hezkuntzako irakaslea Tuterako ETI Central IBPan (instalazio elektroteknikoen espezialitatea).
Ordezko epaimahaikidea: Jesús Ledesma García, Bigarren Hezkuntzako irakaslea Tuterako ETI Central IBPan (instalazio elektroteknikoen espezialitatea).
Epaimahaikide idazkaria: Isabel Garbayo Aliaga, Cintruénigoko Udaleko langileen ordezkaria.
Ordezko epaimahaikide idazkaria: Elia Bea Sesma, Cintruénigoko Udaleko langileen ordezkaria.
75.2. Probak egiten hasi aurretik eratuko da kalifikazio-epaimahaia.
Kalifikazio-epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan, edo haien ordezkoek.
5.3. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hala adierazi, baldin suertatzen badira abstenitzeko arrazoiak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean xedaturikoaren arabera.
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.4. Kalifikazio-epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sortzen diren auzi guztiak.
5.5. Kalifikazio-epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eskatzen ahalko du proba batzuetarako edo guztietarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez diote laguntza emanen kalifikazio-epaimahaiari.
6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.
Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da: lehiaketaldia lehenbizi, eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.
Oposizioaldia 2026ko irailetik aurrera hasiko da.
6.1. Lehiaketaldia.
Lehiaketaldia ez da baztertzailea izanen, oposizioaldiaren aurretik izanen da, eta gehienez ere 20 puntu lortzen ahalko dira, baremo honen arabera:
a) apartatua. Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak: 10 puntu gehienez.
b) apartatua. Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa: 10 puntu gehienez.
a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 10 puntu gehienez, baremo honen arabera:
–Antzeko ezaugarriak dituzten lanpostuetan (zerbitzu anitzetako enplegatua, peoi espezialista –D maila/taldea) egindako zerbitzuak: 0,50 puntu urteko.
Zerbitzu-urtea osoa ez bada, kontuan hartuko da zerbitzuak zenbat egunetan egin diren, eta horren arabera esleituko zaie puntuazioa izangaiei.
Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.
Ez dira baloratuko deialdi hau argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.
Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu bada, aldi horietako zerbitzuak kontatzeari begira, kontatuko dira egoera horietan sartzean zeukan lanpostuan egin izan balitu bezala.
b) Prestakuntza eta hobekuntza: 10 puntu gehienez.
Apartatu honetan alegatutako merezimenduak baloratuko dira lanpostuaren edukiarekin zerikusia badute soilik.
–Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza-jardueretan parte hartzea: 0,10 puntu kreditu akademiko edo baliokide bakoitzeko (10 eskola-ordu), eta gehienez 10 puntu.
Baloratu beharreko ikastaroetan, eskola-orduen zatikiak hainbanatuko dira. Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.
Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituren balorazioa emanen zaie.
Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ez dira atal honetan baloratuko, ez unibertsitatekoak, ez unibertsitateaz kanpokoak.
Titulu edo ziurtagiri bat baino gehiago aurkeztuz gero, epaimahaiak maila gorena duena baizik ez du baloratuko.
Deialdiaren 3.3 oinarrian xedatutakoarekin bat, izangai bakoitzak agiri bidez alegatu eta frogatu behar ditu merezimendu guztiak, oposizio-lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean. Salbuespen bakarra Cintruénigoko Udalean egindako zerbitzuak izanen dira, deialdia egin duen erakundeak epaimahaiari zuzenean igorriko baitizkio horren frogagiriak.
Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, baremoan atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino.
Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu lehiakideek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.
Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak ikusgai jarriko du lorturiko puntuazioa toki-erakundearen atarian (deialdiaren web-fitxa) eta Udalaren iragarki-taulan, bakoitzak lehiaketaldiko apartatu bakoitzean eskuratu dituen puntuak zehazturik. Izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko kalifikazio horien aurka, bost egun balioduneko epean, Cintruénigoko Udalaren egoitza elektronikoko erregistro elektroniko orokorrean. Erreklamazioak esteka honen bidez eta eskabide orokorraren bidez aurkeztu beharko dira: https://cintruenigo.sedelectronica.es/info.0.
Erreklamazioetarako epea iraganik eta epaimahaiak haiek ebatzitakoan, baliabide bera erabiliko da izangaien zerrenda –lehiaketaldian ateratako puntuazioa– jendaurrean agertzeko. Puntuazio hori oposizioaldian ateratzen denari gehituko zaio eta horrela aterako da oposizio-lehiaketaren guztirako puntuazioa.
6.2. Oposizioaldia.
Oposizioaldian, ariketa teoriko-praktiko bat egin beharko da; baztertzailea izanen da. Proba horren puntuazioa 80 puntukoa izanen da gehienez.
6.2.1. Proba teoriko-praktikoa izanen da: test moduko 80 galderari erantzun beharko zaie idatziz, epaimahaiak proba hasi aurretik ezarritako denboran. Galderok izanen dira deialdi honen II. eranskineko gai-zerrendako gaiei buruzkoak. Galdera bakoitzak hiruzpalau erantzun izanen ditu aukeran, baina bat bakarra izanen da zuzena. 80 puntu eskuratzen ahal dira, gehienez, eta erantzun oker bakoitzeko 0,33 puntu kenduko da. Bazterturik geldituko dira probaren gehieneko puntuazioaren (80 puntu) erdia (40 puntu, alegia) lortzen ez duten izangaiak.
Proban ezin izanen da testurik kontsultatu, eta ezin izanen da erabili gailu elektronikorik (mugikorra, erloju adimenduna edo antzekoa). Kalkulagailua eta bolaluma (tinta urdina edo beltza) soilik erabiltzen ahalko dira.
6.2.2. Kalifikazio-epaimahaiak finkatuko du probaren gehieneko iraupena, hura hasi baino lehen.
6.3. Gutun-azal itxien sistema erabiliko da ariketetan, salbu izangai bakarra aurkezten bada.
Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek aldean izan beharko dute nortasun-agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.
Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.
6.4. Ariketa bakoitza zuzendutakoan, kalifikazio-epaimahaiak argitara emanen ditu, toki-erakundearen atarian (deialdiaren web-fitxan) eta Udalaren iragarki-taulan, kalifikazioen zerrenda eta adieraziko ditu gutun-azal itxiak jendaurrean irekitzeko eguna eta ordua.
Oposizioko ariketako gutun-azalak modu publikoan ireki eta gero, epaimahaiak, orobat, behin-behineko emaitzak argitaratuko ditu toki-erakundearen atarian (deialdiaren web-fitxan) eta Udalaren iragarki-taulan.
Izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko kalifikazio horien aurka, bost egun balioduneko epean, Udalaren egoitza elektronikoaren erregistro elektroniko orokorrean. Alegazioak jarri beharko dira, eskabide orokorraren bidez, esteka hau baliatuta: https://cintruenigo.sedelectronica.es/info.0.
Kalifikazio-epaimahaiak erreklamazioak ebatzi ondoren, behin betiko puntuazioak onetsi eta argitaratuko ditu toki-erakundearen atarian (deialdiaren web-fitxan) eta Udalaren iragarki-taulan.
7.–Gainditu dutenen zerrenda.
7.1. Izangaien kalifikazioa amaituta, epaimahaiak, toki-erakundearen atarian (deialdiaren web-fitxan) eta Udalaren iragarki-taulan, argitaratuko du gaindituen zerrenda, puntuazio-hurrenkeraren arabera ordenatuta, bai eta baztertuta geratu direnena ere, eta gaindituen artean puntuaziorik handiena eskuratu duena izendatzeko proposamena igorriko dio deialdia egin duen organoari. Proposamen hori argitaratu beharko da toki-erakundearen atarian (deialdiaren web-fitxan) eta Udalaren iragarki-taulan.
Guztizko puntuazioa kalkulatzeko, batuko dira lehiaketaldian eta oposizioaldian erdietsitako puntuazioak.
Berdinketarik gertatuz gero, oposizioaldiko ariketan puntuazio handiena lortu dutenen alde ebatziko dira. Berdinketak badirau, zozketa publikoa eginen da.
7.2. Izendapen-proposamena toki-erakundearen atarian (deialdiaren web-fitxan) eta Udalaren iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo hamar egun baliodunean, proposatutako izangaiak aurkeztu beharko ditu 2. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzen duten agiriak. Zehazki, honako hauek:
a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta identitatea frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.
b) Deialdian eskatutako tituluaren kopia, edo hura lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.
c) C motako gidabaimenaren kopia.
c) Osasun ziurtagiri ofiziala, frogatzen duena interesdunak ez duela eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik, eragozten dionik lanpostuko eginkizunetan aritzea.
Izangaiek desgaitasunen bat alegatu badute, gainera, agiri bat aurkeztu beharko dute, frogatzeko desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela, balorazio- eta orientazio-talde eskudunek emana.
d) Zinpeko adierazpena, adierazten duena ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua, eta ez dutela kendu inongo administrazio publikoren zerbitzutik.
Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea, baina baldin aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
7.3. Proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten aipatutako epean, behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan izan ezik, ez da izendatuko, galarazi gabe eskabidean egindako faltsukeriagatik dagokion erantzukizuna. Kasu horretan, bada, onartuen zerrendan hurrengoa den izangaiaren aldeko proposamena eginen da.
7.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, 7.1 apartatuan aipatzen den zerrendan hurrengoa den izangaiak beteko du lanpostua, eta harekin ere aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da.
8.–Izendapena eta plazaz jabetzea.
8.1. Hautapen prozesua amaitu eta izangaiak aurreko oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztu ondoan, Tokiko Gobernu Batzarrak haren izendapena erabakiko du, deialdiko lanpostuan aritzeko.
Izendapen hori argitara emanen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, toki-erakundearen atarian (deialdiaren web fitxan) eta Udalaren iragarki-taulan.
8.2. Izendatzen den izangaiak izendapenaren ebazpenean horretarako ezartzen den egunean jabetu beharko du plazaz, aski justifikaturik dauden kasuetan izan ezik.
Izendatutako izangaiak ebazpenak adierazitako egunean jabetza hartzen ez badu (behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan salbu), deialdiko lanpostua betetzeko eskubide guztiak galduko ditu eta 7.1. oinarriak zehazten duen zerrendan ondo-ondotik heldu den pertsonarekin beteko da baja. Kasu horretan, jarraituko zaio deialdiko 7.4 oinarrian ezarritakoari.
9.–Datu pertsonalak babestea.
Izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie, jarraikiz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluari (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO):
–Cintruénigoko Udala da deialdi honetan parte hartzeagatik izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.
–Datuen tratamenduaren helburua da deialdiko plaza hutsak betetzea, langileak hautatzea eta deialdiko lanpostuak betetzea.
–Honako hau da tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa:
- DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, bete dadin tratamenduaren arduradunari aplikagarria zaion lege-betebeharra).
- DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko).
–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-entitateen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).
–Legez ezarritako kasuetan komunikatuko dira datuak, eta deialdian xedatutakoaren arabera argitaratuko.
–Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, aurka egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetan, egoitza elektronikoaren bidez, edo datuak babesteko ordezkariaren helbidera joz (dpd@cintruenigo.com).
–Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari, lehen adierazitako helbidean.
10.–Errekurtsoak.
Deialdi honen, oinarrien edo deialdia aplikatzeko kalifikazio-epaimahaitik etortzen ez diren egintzen kontra, hautara, honako errekurtsoetako bat aurkez daiteke:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Cintruénigon, 2026ko ekainaren 30ean.–Alkatea, Óscar Bea Trincado.
I. ERANSKINA.–DEIALDI HONETAN PARTE HARTZEKO ESKABIDEA: DEIALDIA, OPOSIZIO-LEHIAKETA MURRIZTUAREN BIDEZ BETETZEKO ZERBITZU ANITZETAKO ENPLEGATUAREN PLAZA BAT, ELEKTRIZITATEKO ESPEZIALITATEARENA
Izen-deiturak | |||
NANa/nortasun-agiria | Jaioteguna | Jaioterria | |
Nazionalitatea | Egungo helbidea (kalea, zenbakia, solairua) | ||
Posta-kodea / herria | Telefono mugikorra | Telefono finkoa | |
Helbide elektronikoa | |||
ADIERAZTEN DU:
–Ez nago desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez naiz administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.
–Baditut lanpostuaren eginkizunetan aritzeko behar diren gaitasun fisikoa eta psikikoa.
–Baditut deialdian eskatzen diren tituluak eta betetzen ditut bertan eskatzen diren baldintza guztiak, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
–Eskabidearekin batera aurkezten ditut deialdian parte hartzeko eskatutako agiriak.
–Eskabidearekin batera aurkezten dut lehiaketaldirako merezimenduen kopia.
–Lanpostu honetarako izendatu ninduten (adierazi):
–Administrazio-egoera (adierazi dagokizuna):
Jardunean. Borondatezko eszedentzia.
Zerbitzu berezietan. Nahitaezko eszedentzia.
Eszedentzia berezia.
Lanpostuaz jabetu zinen eguna: Alorra:
–Desgaitasunik izanez gero (markatu hala badagokio):
Badut desgaitasun aitortu bat eta, beraz, azaldu dudan egokitzapena eskatzen dut, adierazten diren arrazoiengatik. (Beste orri batean, desgaitasunaren arrazoiak eta eskatutako egokitzapenak azalduko dira).
Desgaitasuna frogatzen duen agiria aurkezten dut, erakunde eskudun batek emana.
ESKATZEN DUT:
Onartua izatea zerbitzu anitzetako enplegatuaren plaza bat (elektrizitateko espezialitatea), lan-araubide finkokoa, oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko deialdian, Cintruénigoko Udalean aritzeko. Deialdia argitara eman zen .................................. zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun honetan: ........................................................................................................
Cintruénigon, 2026ko .....................................................aren ....................(e)an
(Sinadura)
DATUEN BABESARI BURUZKO OINARRIZKO INFORMAZIOA.
Tratamenduaren arduraduna: Cintruénigoko Udala. Xedea: deialdiko plaza hutsak betetzea; langileak hautatzea. Eskubideak non erabili: Baliatzen ahalko dira datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko, aurka egiteko eta tratamendua mugatzeko eskubideak eta beste batzuk, deialdiaren 9. oinarrian adierazitako gisan eta honako hauetan eskuragarri dagoen informazio gehigarrian adierazitakoaren arabera: www.cintruenigo.com egoitza elektronikoko gardentasun-atarian eta dpd@cintruenigo.com helbidean.
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1.–Soldadura. Kontzeptu orokorrak eta oinarrizko lanak.
2.–Igeltserotza, kontzeptu orokorrak; materialak; tresnak; zolatzea; alikatatzea; kofratzea; hormak jasotzea; hiri-altzariak eta eraikinak pintatzea; hiri-altzarien eta eraikinen mantentze-lanak.
3.–Elektrizitatea: Elektrikariaren tresnak ezagutu, erabili eta mantentzea. Eraikinetako banaketa koadroak. Babes elektrikoak. Soinu-zirkuituak. Oinarrizko argi-zirkuituak. Deskarga-lanparak instalatzea. Alarmak. Larrialdietako argiteria. Segurtasun arauak. Konpontze lanetan hartu beharreko arreta-neurriak.
4.–Argiteria publikoaren instalazioak. Aginte zentroak, babesak eta kontrol tresnak. Argien euskarrien banaketa. Kanpoan jartzen diren luminariak: motak eta ezaugarriak.
5.–Arlo hauetako ezagutzak: kudeaketa energetikoa, kontsumo energetikoen neurketa, datu bilketa, energia aurrezpenen kalkulua, hobekuntzen planteamendua, ingurumen irizpideak erabiltzea ekipo eta instalazioen erosketan.
6.–Iturgintzako eta berokuntzako instalazioen gaineko mantentze-lanak: sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, zirkuituak betetzea eta airez purgatzea, galdara-gelak eta haien berezko elementuak.
7.–Matxura eta konponketa ohikoenak igeltserotzan, iturgintzan, pinturan, elektrizitatean, sarrailagintzan, zurgintzan eta lorezaintzan.
8. gaia.–Mekanika: udal-makina, -ibilgailu, -tresna eta -lanabesak maneiatzea, mantentzea, ikuskatzea eta konpontzea. Biltegia kontrolatzea.
9.–Ureztatzeko instalazioak. Ureztatze sareen mantentze-lanak. Ureztatze-programagailuak.
10.–Arotzeriako oinarrizko tresnak ezagutu, erabili eta mantentzea. Arotzeriako oinarrizko lanak: doitzea ate-leihoak, sarrailak eta sarraila-zilindroak. Pertsianak: motak, mantentze-lanak eta konponketa. Segurtasun arauak. Konpontze lanetan hartu beharreko arreta-neurriak.
11.–Lorezaintzako eta basogintzako oinarrizko produktuak eta tresnak ezagutu, erabili eta mantentzea. Kaleak eta plazak garbitzea eta berdeguneak ureztatzea.
12.–Garbiketako eta pinturako produktuak eta tresnak ezagutzea, erabiltzea eta mantentzea, baita hondakinak kudeatzea ere.
13.–Laneko arriskuen prebentzioa, arau-esparrua: 31/1995 Legea, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa. Eskubideak eta betebeharrak. Segurtasun-baldintzekin eta laneko ingurumenarekin lotzen diren arriskuak. Arriskuak kontrolatzeko oinarrizko sistemak: babes kolektiboak eta norbera babesteko ekipamenduak.
14.–Bide segurtasuna: Lehen sorospenak. Modu seguruan erabiltzea metalezko hodi-aldamioak, eskailerak eta plataforma jasotzaileak.
Iragarkiaren kodea: L2609430
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
