146. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

AKATS ZUZENKETA, uztailaren 1eko 49/2026 Foru Dekretuarena, zeinaren bidez onetsi baitzen "Peñadil, Montecillo eta Monterrey" izeneko kontserbazio bereziko eremuaren kudeaketa plana.

Ikusita testuan akats bat duela uztailaren 1eko 49/2026 Foru Dekretuak, zeinaren bidez onetsi baitzen "Peñadil, Montecillo eta Monterrey" izeneko kontserbazio bereziko eremuaren kudeaketa plana, bidezkoa da hura zuzentzea.

Uztailaren 1eko 49/2026 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen "Peñadil, Montecillo eta Monterrey" izeneko kontserbazio bereziko eremuaren kudeaketa plana. Plana eranskin gisa jasota zegoen foru dekretuan.

Hala ere, "Peñadil, Montecillo eta Monterrey" izeneko kontserbazio bereziko eremuaren kudeaketa plana jasotzen zuen eranskin hori, nahi gabe, ez zen argitaratzeko bidali.

Hortaz, atzemandako akatsa zuzen dadila eskatzen da, segurtasun juridikoko arrazoiak direla-eta. Hala, foru dekretua osorik argitaratu behar da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eranskinarekin batera.

Iruñean, 2026ko uztailaren 20an.–Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

49/2026 FORU DEKRETUA, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez onesten baita "Peñadil, Montecillo eta Monterrey" izeneko kontserbazio bereziko eremuaren kudeaketa plana.

ZIOEN AZALPENA

Habitat naturalen eta basafauna eta basafloraren kontserbazioari buruzko Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauan ezarritakoaren arabera, abenduaren 18ko 89/2006 Foru Dekretuaren bidez, kontserbazio bereziko eremu (KBE) izendatu zen ES2200042 Batasuneko garrantzizko lekua, "Peñadil, Montecillo eta Monterrey" izenekoa, eta haren kudeaketa plana onetsi zen.

89/2006 Foru Dekretuan adierazitakoaren arabera, plan horren indarraldia amaitua dago. Arauaren azken xedapenetako lehenbizikoan xedatzen denez, planaren indarraldia igarotakoan, berrikusi eginen da.

"Peñadil, Montecillo eta Monterrey" izeneko kontserbazio bereziko eremua kudeatzeko planaren berrikuspena prestatu da Europar Batasuneko araudiak eta gomendioek exijitutakoarekin bat, eta, hortaz, bertan jaso dira leku horretan dauden eta aipatutako 92/43/EEE Zuzentarauan biltzen diren habitat eta taxonen eskakizun ekologikoei dagozkien helburu, ekintza, neurri eta jarraibideak.

Horrenbestez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita seiko uztailaren batean egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Onestea "Peñadil, Montecillo eta Monterrey" izeneko KBEaren (ES2200042) kudeaketa plana.

Foru dekretu honen xedea da "Peñadil, Montecillo eta Monterrey" izeneko KBEaren (ES2200042) kudeaketa plana onestea.

Lehenbiziko xedapen gehigarria.–Mugatzeak.

Nafarroako Naturaguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legearen 28. artikuluan xedatu bezala ordainduko dira erabilerak eta jarduerak mugatzearen ondoriozko kalte-ordainak.

Bigarren xedapen gehigarria.–Kudeaketa planaren finantzaketa.

Ingurumenaren arloan eskumenak dituen departamentuak erantzunen die "Peñadil, Montecillo eta Monterrey" izeneko KBEaren (ES2200042) kudeaketa plana behar bezala betetzeko behar ekonomikoei.

Hori guztia ordainduko da horretarako kreditu egokia eta nahikoa baldin badago. Beraz, behar diren konpromisoak hartuko dira unean-unean aurrekontuan dagoen diruaren arabera.

Nafarroako Gobernuko departamentuek beren politika sektorialak ingurumenean integratzeko sustatzen dituzten jarduketek, baita toki entitateek sustatzen dituzten ekintzek eta ekarpen pribatuekin edo Europar Batasunaren ekarpenekin egiten direnek ere, laguntzen ahal dute plan hau garatzen. Ingurumenaren arloan eskumenak dituen departamentuak osorik finantzatzen ahalko ditu kontserbazio bereziko eremuaren kontserbazio-egoera onari eusten laguntzen duten jarduerak, dirulaguntzei buruzko araudiak ezarritako esparruaren barnean, edo jarduketa propioen bidez.

Hurbileko biztanleguneen garapen sozioekonomikoa sustatzeko, departamentu honen mendeko beste edozein laguntzatan, ahal den guztietan, lehentasuna emanen zaie, eta, gainera, laguntzaren ehunekoa handituko zaie espazioen kontserbazioarekin bateragarriak izanik paisaia babestuaren eremu geografikoaren barruan proposatzen direnei.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Ingurumenaren arloan eskumenak dituen departamentuko kontseilaria gaitzea.

Ingurumenaren arloan eskumenak dituen departamentuko kontseilariari ahalmena ematen zaio behar diren tramiteak egin ditzan foru dekretu hau eta, bidezkoa bada, plana aplikatzeko behar den kostu ekonomikoaren kalkuluak igortzeko Europako Batzordeari, Habitat naturalen eta basafauna eta basafloraren kontserbazioari buruzko Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauaren 8. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko arau guztiak.

Azken xedapenetan lehena.–Kudeaketa planaren indarraldia.

1. Foru dekretu honen bidez onesten den "Peñadil, Montecillo eta Monterrey" izeneko KBEaren (ES2200042) kudeaketa planaren indarraldia honako hau izanen da:

a) Mugagabea, gako-elementuei, azken helburuei, arauei eta jarraibideei dagokienez.

b) 12 urtekoa, espero diren emaitzei eta jarduketei (neurriak) dagokienez. Epe hori bukatutakoan, neurriak berrikusiko dira, baina haien aplikazioa luzatuko da harik eta ordezko beste batzuk onesten diren arte.

2. Hala ere, ingurumenaren arloan eskumenak dituen departamentuak uste badu planean aurreikusirik ez zegoen funtsezko alderdiren bat nabarmen aldatu dela eta horrek eragina izaten ahal duela gunearen balioen zaintzan, plana berrikusten edo aldatzen ahalko da.

3. Kudeaketa planaren gako-elementuetan, azken helburuetan, araudian edo jarraibideetan eragina izan dezaketen aldaketak edo berrikuspenak foru dekretu bidez eginen dira. Espero diren emaitzen (helburu operatiboen) berrikuspenak eta aldaketak, baita jarduketak ere (neurriak), ingurumenaren arloan eskumenak dituen departamentuko titularraren foru aginduaren bidez onetsiko dira.

Azken xedapenetako bigarrena.–Beste plan batzuekiko erlazioa.

1. Foru dekretu honek onesten duen planaren berrikuspena bat etorriko da dibertsitate biologikoaren kontserbazioari buruz ezartzen diren maila goragoko planekin, eta, zehazki, Nafarroako Naturaguneen Sarean jarduteko ildo orokorrak finkatzeko onesten direnekin.

2. Dena dela, Nafarroako Naturaguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legearen 7. artikuluan xedatutakoaren arabera, kudeaketa planaren berrikuspen honetan jasotako determinazioak zuzenean aplikatu beharrekoak dira, eta toki entitateen hirigintzako udal-plangintzetan sartuko dira, plangintza egitean edo berrikusten denean. Hori horrela, oraingo lurralde antolamendurako edo antolamendu fisikorako tresnak, kudeaketa plan honen aurkakoak badira, egokitu beharko dira, lehenbizikoz aldatzen edo berrikusten direnean.

Azken xedapenetako hirugarrena.–Garatzeko gaikuntza.

Ahalmena ematen zaio ingurumenaren arloan eskumenak dituen departamentuko titularrari foru dekretu hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako laugarrena.–Indarrean jartzea.

Foru dekretu honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Iruñean, 2026ko uztailaren 1ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, José María Ayerdi Fernández de Barrena.

"Peñadil, Montecillo eta Monterrey" izeneko kontserbazio bereziko eremuaren kudeaketa plana (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2610031