145. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

669E/2026 EBAZPENA, ekainaren 30ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen inpaktuaren txostena egiten baita Arguedasen ganbera automatiko berria, bidalketa eremua, ontziratze eremua eta araztegi berria egiteko proiektu bati buruz. Proiektuaren sustatzailea Congelados de Navarra SAU da.

2026ko martxoaren 9an, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari igorri zion Congelados de Navarra SAUk sustatutako proiektu bat, Arguedasko udalerrian ganbera automatiko berria, bidalketa eremua, ontziratze eremua eta araztegi berria egiteko xedea duena.

Aldaketa proiektua, dagoeneko gauzatua dagoen jatorrizko proiektutik bereizia dela ulertzen baita, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 2.b) taldean sartzen da (Animalia eta landare produktuak ontziratu eta lataratzeko industria instalazioak) eta, ondorioz, lege horrek ezartzen duenaren arabera, ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin behar zaio.

Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.

Arguedasko lantegia handitzeko proiektuaren bitartez, eraikiko dira produktu izoztuak biltegiratzeko ganbera robotizatu berri bat, ontziratzeko nabe bat eta bidalketetarako nabe bat, eta baita material osagarrien biltegi bat eta hondakin uren araztegi berri bat ere. Proiektatutako handitze berriarekin ez da aldatzen oraingo ekoizpen ahalmena.

Ekoizpen prozesua barazkiak lantegira iristen direnean hasten da, eta produktuak bidaltzen direnean bukatzen; eta hainbat urrats egiten dira tartean: garbiketa, hautaketa, zatiketa, galdarraztatzea, aurrez frijitzea, erretzea, hoztea, xukatzea edo drainatzea, izoztea eta ontziratzea.

Proiektua Arguedasko hiri-lurzoruan kokatua dago, 4. poligonoko 1619., 1890. eta 1915. lurzatietan. Proiektua lau eraikin berritan banatu da: 11.716,68 m²-ko ganbera robotizatu berri bat eraikiko da, 59.436 paletetarako edukierarekin; eta, halaber, bidalketa eremu bat eta zamalanetarako kaiak (3.945,44 m²); areto teknikoak, ontziratzeko eta nahasketatarako eremu bat, 10 ontziratze lerrorako edukiera izanen duena, 10.157,57 m²-ko azalerakoa; eta garraio automatikorako rack bat, elkarrekin lotzeko oraingo lantegia eta ganbera berria, eta hondakin uren araztegi berri bat, zeinak eguneko 2.000 m³-ko edukiera izanen baitu, eta 4.500 mg/l-ko OEB kontzentrazioa.

Proiektatutako handitzearekin, industriak 39.835,83 m²-ko azalera eraikia izanen du guztira. Altxatuko diren eraikin berriek, osotara, 39.835,83 m² eraiki hartuko dituzte (ikus txosten honen eranskineko planoak).

Proiektua industrialdearen handitzearen (S-15 sektorea) 1. lurzatian garatuko da, zeinak 55.193,46 m²-ko azalera eta 49.200 m²-ko eraikigarritasuna baititu. Industria lurzoruan gauzatuko da proiektua, alegia, azpiegitura horretarako egokia den lurzoruan.

Hauek dira jardueraren ingurumen alderdi garrantzitsuenak:

Produktu lerroetako prozesuak gauzatzeko energia kontsumoa; gaur egun, 4MW-eko autokontsumorako instalazio fotovoltaiko baten energia jasotzen du, eta horri esker, instalatzaileen informazioaren arabera, %20ko energia aurrezpena lortzen da. Lantegiaren handitzean, energia horrez gain, erabiliko da eraikin eta egituretan ezarri asmo diren eguzki plaketatik datorrena.

Lehengaiak prozesatzeko ur kontsumoa; proiektatutako handitzearekin, guztira, eguneko 1.500 m³-ra iritsiko da.

Sortzen diren hondakin uren isurketak saneamenduko lau saretan banatzen dira: euri urak; prozesuaren eta garbiketaren ondoriozko industria urak, zeinak industrialdeko kolektorerantz bideratzen baitira, eta NILSAk kudeatzen duen araztegian arazten; frijigailuko industria urak, zeinek aldez aurreko barne tratamendu baitute, eta ondoren gainerako industria urekin nahasten baitira; eta ur beltzak, komunetatik eta tresna sanitarioetatik datozenak. Lurzati berrian hondakin urak tratatzeko araztegi berri bat proiektatu da, zeinak eguneko 2.000 m³-ko edukiera izanen baitu, eta 4.500 mg/l-ko OEB kontzentrazioa; eta isurketa bolumena handituko da, egunean 600 m³-tik egunean 1500 m³-ra.

Handitzearen ondoren, kalkulatzen da urtean 3.300 t hondakin sortuko direla, nagusiki hondakin ez-arriskutsuak, hala nola araztegiko lohiak, ontziak eta landare hondakinak; gaur egun sortzen denaren bikoitza baino gehiago da hori. Horrez gain, landare hondarren azpiproduktua dago, urtean 16.048 t, zeina animaliak elikatzeko erabiltzen baita. Proiektatutako handitzean ez da hondakin berririk sortuko.

Prozesuetatik eta araztegiaren kanpoko konpartimentuetatik datozen emisio lausoak.

Aztergai den eremuan ez dago araudi autonomikoaren arabera naturagune babestu deklaratutako esparrurik. Naturagune babestu hurbilenak Ebro ibaia babesteko figurei dagozkie, eta proiektatutako jardueratik 2,5 km-ra baino gehiagora daude. Ipar-ekialdean, Congelados de Navarraren instalazio berriak izanen direnetatik 3,3 km-ra, Errege Bardeako natura parke eta KBEa dago.

Teknikoki bideragarriak diren alternatibak definitu dira: 0a, esku ez hartzekoa, eta 1a, egungo proiektukoa. Kasu honetan, sustatzaileak ez du planteatu esku ez hartzeko alternatiba; izan ere, sustatutako proiektuak (1. alternatiba) interes sozioekonomiko handiko eragin orokor positiboa dakar, bai enpresarentzat berarentzat, bai Foru Komunitatearentzat.

Izan daitezkeen inpaktuei dagokienez, jardueraren ingurumen alderdi hauetan soilik espero dira aldaketa nabarmenak: energia kontsumoa, ura, sortutako isurketak eta sortutako hondakin ez-arriskutsuak. Ekoizpen prozesuan ez da ekoizpen ahalmena handitzen, ez baita prozesu lerro berririk gehitzen; aitzitik, biltegiratze jarduera berri bat ezarriko da, orain arte ekoizpen zentrotik kanpo egiten zena, eta enpresan lehendik zeuden biltegiratze sistemak hobetuko dira. Hala, ez da espero jardueraren ingurumen inpaktua nabarmen handitzea, guztiz kontrakoa baizik, enpresaren prozesu guztiak ekoizpen zentro bakar batean bateratuko direnez gero.

Ingurumen alderdi bakoitzaren ukipen nagusiak deskribatu dira, proiektuaren obraren, ustiatzearen eta eraispenaren faseetan, eta sor dezaketen inpaktua aztertu ondoren, ondorioztatu da horietan guztietan inpaktua bateragarria dela, salbu eta ustiapen faseko energia kontsumoan eta sortutako hondakin ez-arriskutsuetan, horietan inpaktua ertaina baita. Halere, aintzat izan behar da ezen, energia kontsumoari dagokionez, enpresak, lehenago aipatu bezala, eguzki parke bat duela Arguedasko udal mugartean, zeinetan bere jarduerarako behar duen energiaren %20 inguru sortzen baitu, eta, gainera, ahalmen hori handitzeko asmoa duela, eraikinen eta egituren gainetan plakak ezarrita. Orobat, inpaktu ertain hori bateragarria izatera igaroko da, baldin eta betetzen badira agiri honetan proposatutako neurriak.

Barne mehatxuekiko zaurgarritasunaren analisiaren emaitza da ezen, aztertutako istripu egoerari dagokionez (ustekabeko isurketa) eta proposatutako metodologia aplikatuta lortutako emaitzak ikusita, uren araztegiaren proiektuan dagoen arriskuaren ebaluaziotik ingurumen arriskuaren balio ertaina ateratzen dela, eta, beraz, ez dela iristen ingurumen arriskuaren maila handira, ez eta oso handira ere.

Hala, proiektuaren eremuan dauden arriskuak zehaztu eta ingurumen gorabeherak jazotzeko aukera baloratu ondotik, eta proiektatutako instalazioen ezaugarriak aintzat harturik, ondorioztatu da instalazioek ez dutela eragin zuzenik lehendik dauden arrisku natural eta antropikoak jazotzeari dagokionez. Balorazioan nabarmentzen den arrisku bakarra da eremuan uholdeak izateko arriskua eta ustekabeko isurketak gertatzekoa, baldin eta ez badira hartzen proiektuak dagoeneko aurreikusten dituen neurriak (besteak beste, ustekabeko isurketak kontrolatzeko sistemak).

Prebentzio neurri hauek ezarri dira: soinu emisioekin loturikoak, bereziki eraikuntza eta eraispen faseetan; hondakinen sorrerarekin loturikoak, eraikuntza eta eraispen faseetan eta funtzionamendu fasean; obrak egin bitartean landareak eta animaliak babestekoak; eta usainek, batez ere araztegikoek, eragindako kutsaduraren kontrakoak.

Neurri zuzentzaileak ere aurreikusi dira: landareekin loturik, ukitutako esparruak kontrolatzea eta zedarritzea; hondeaketa lanen ondoriozko soberakinei dagozkienak; eta instalazioen ingurumen integrazioa.

Ingurumena zaintzeko programaren barnean, zuinketa egiaztatuko da aurretiazko fasean. Obrak egin bitartean eta amaitu ondoren, zainduko da behar bezala betetzen direla babes eta zuzenketa neurriak, alderdi guztietan. Ustiapen fasean, ingurumena zaintzeko programako neurriak instalazioetako mantentze-lan arrunten planean sartuko dira.

Horregatik guztiagatik, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak xedatzen duenarekin bat, aurkeztutako dokumentazioa ikusita eta proiektua gauzatzearen, ustiatzearen eta bertan behera uztearen ondorioz sortzen ahal den ingurumen inpaktua aztertuta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak, Ingurumen Ebaluazioaren Atalaren bidez, ebatzi du ezen, kontsulten emaitza kontuan izanda eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horri dagokionez jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela eragin nabarmenik izanen ingurumenean, ingurumen inpaktuaren txosten honetan jasotako baldintzak betetzen badira; eta, orobat, ados agertu da ingurumen agiriak hautatu duen alternatibarekin.

Ingurumen baimen bateratuaren espedientean kontrolatu eginen dira jarduerak airearen kalitatean, zaratan, lurzoruan eta uretan eragin litzakeen ingurumen inpaktuak, bai eta hondakinen sorrerak eta baliabide naturalen, energiaren eta uraren kontsumoak ekarritakoak ere. Dena den, horrek ez du kentzen indarreko legeriaren arabera behar diren bestelako baimenak lortu beharra.

Ez da proiektuaren ingurumen integraziorako baldintza gehigarririk jarri.

Ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen inpaktuaren txostena egitea Congelados de Navarra SAUk Arguedasen, ganbera automatiko berria, bidalketa eremua, ontziratze eremua eta araztegi berria egiteko, sustatu duen proiektuari buruz, ebatzirik ez duela kalte nabarmenik izanen ingurumenean, ingurumen inpaktuaren txosten honetan ezarritako moduan, baldin eta betetzen badira ingurumen baimen bateratuan jasotzen diren baldintzak, atmosferara, uretara eta lurzorura isurtzen diren substantzia kutsagarrien eta zarata eta bibrazioen kontrolari buruzkoak, hondakinen kudeaketari buruzkoez gain.

2. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen txostenaren aurka ezin izanen da inolako errekurtsorik jarri, proiektua onesten duen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jar daitezkeenak galarazi gabe.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzura eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2026ko ekainaren 30ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

ERANSKINA.–PLANOAK

Aurkeztutako proiektuaren kokapena, Natura 2000 Sareari dagokionez

Aurkeztutako proiektuaren kokapena, instalazioen xehetasun partzialekin

Iragarkiaren kodea: F2609638