145. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

785/2026 EBAZPENA, ekainaren 26koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita finantzaketa publikoari lotuta dauden eta Osasun Sistema Nazionaleko langileek agintzen dituzten tratamendu medikoei atxikitzea errazteko laguntzak emateko deialdia, 2025eko urriaren 1etik 2026ko irailaren 30era bitarteko aldirako. DDBN kodea: 912751.

Farmaziako prestazioa Osasun Sistema Nazionalaren zerbitzu erkideen zorroaren parte da, eta prestazio horren barruan sartzen dira sendagaiak, osasun produktuak eta erabiltzaileek produktu horiek beren behar klinikoetarako modu egokian jasotzera bideratutako jarduketen multzoa.

Prestazio hori Medikamentuen eta osasun produktuen bermeei eta haien erabilera arrazionalari buruzko Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 24ko 1/2015 Legegintzako Errege-dekretuak arautzen du. Arau horren 102.2 artikuluaren arabera, farmaziako prestazio anbulatorioa, errezeta mediko ofizialaren bidez edo emateko aginduaren bidez farmazia-bulegoetan ematen dena, erabiltzailearen ekarpenari lotuta egonen da. Hala, oro har, ekarpen hori erabiltzailearen errenta-mailaren araberako ehuneko jakin bat aplikatzearen emaitza izanen da.

Mekanismo hori osasun sistema publikoaren iraunkortasuna bermatzeko sortu da, eta, batzuetan, tratamendu farmakologikoei ez atxikitzea eragin dezake, farmaziako prestazioa eskuratzen dutenen baldintza ekonomiko eta sozialen ondorioz.

Pertsona guztiei agindu zaien tratamendu medikoaren jarraitutasuna errazteko helburuarekin, farmaziako prestazioa eskuratzen dutenen egoera ekonomiko eta sozialek eragin ditzaketen desberdintasunak saihestuta, Osasuneko kontseilariaren ekainaren 22ko 498E/2017 Foru Aginduaren bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileek agintzen dituzten eta finantzaketa publikoari lotuta dauden tratamendu medikoei atxikitzea errazteko laguntzak arautzen dira.

Bestalde, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarrita dago Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntza guztien araubide juridiko orokorra, eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, betebeharrak eta erantzukizunak, baita dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko prozedura ere.

Alde horretatik, Nafarroako Gobernuaren 2017ko ekainaren 14ko Erabakiaren bidez baimena eman zen laguntza hau banakako ebaluazioaren araubidean izapidetzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluarekin bat etorriz.

Horrenbestez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Farmazia eta Prestazioen Zuzendariordetzaren txostena ikusita, eta irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuen 15. artikuluak emandako eskudantziekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Onestea finantzaketa publikoari lotuta dauden eta Osasun Sistema Nazionaleko langileek agintzen dituzten tratamendu medikuei atxikitzea errazteko laguntzak emateko deialdia, 2025eko urriaren 1etik 2026ko irailaren 30era bitarteko aldirako.

2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak. Ebazpen honen I. eta II. eranskinetan jaso dira.

3. 192.319 euroko gastua baimentzea deialdi honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko. Gastu hori 2026ko gastuen aurrekontuko "Farmaziako prestazioak-koordainketa arautzea" izeneko 540005 52831 4809 313103 partidari egotziko zaio.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Osasun Departamentuko kontu-hartzailetza delegatura, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Eriari Osasun Laguntza emateko Zuzendaritzara, Farmazia eta Prestazioen Zuzendariordetzara, Farmaziako Prestazioaren Kudeaketarako Zerbitzura eta Aurrekontuen eta Kontabilitatearen Zerbitzura; eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Iruñean, 2026ko ekainaren 26an.–Zuzendari kudeatzailea ez dagoenez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Eriari Osasun Laguntza emateko zuzendaria, Nancy Nelly Gonzalo Herrera (irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretua).

I. ERANSKINA.–Finantzaketa publikoari lotuta dauden eta Osasun Sistema Nazionaleko langileek agintzen dituzten tratamendu medikoei atxikitzea errazteko, 2025eko urritik 2026ko irailera bitarte laguntzak emateko deialdia. Oinarri arautzaileak

1. Xedea eta helburua.

Oinarri arautzaile hauen xedea da laguntzak emateko araubide bat arautzea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko fakultatiboek edo Osasun Sistema Nazionaleko edozein osasun-zerbitzutakoek agintzen dituzten eta finantzaketa publikoari lotuta dauden tratamendu medikoek eragindako gastuak ordaintzeko.

Laguntza hauen helburua da agindutako tratamendu medikoei atxikitzea erraztea, baldintza ekonomikoengatik edo gizarte-bazterketako egoerengatik arriskua dagoenean agindu medikoak modurik onenean ez betetzeko edo bertan behera uzteko, aintzat hartuta Osasuneko kontseilariaren ekainaren 22ko 498E/2017 Foru Agindua, zeinaren bidez arautzen baitira finantzaketa publikoari lotuta dauden tratamendu medikoei atxikitzea errazteko laguntzak, Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 18ko 163E/2023 Foru Aginduak emandako idazketaren arabera.

2. Aurrekontu-zuzkidura.

192.319,00 euroko kreditua baimendu da deialdi honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko.

3. Gastu diruz lagungarriak egiteko epea.

Gastu diruz lagungarriak izanen dira 2025eko urriaren 1etik 2026ko irailaren 30era bitarte egindakoak, bi egun horiek barne.

Nolanahi ere, ondorio horietarako, aldi horretako azken eguna izanen da maiatzaren 12ko 11/2026 Errege Lege Dekretuan ezarritako neurriak aplikatzen hasten diren eguna, 2026ko irailaren 30a baino lehenagokoa bada. Errege lege dekretu horren bidez farmaziako prestazio anbulatorioan erabiltzaileek eta haien onuradunek egin beharreko ekarpena aldatzen da.

4. Onuradunak.

Laguntzak honako hauek eskuratzen ahalko dituzte:

Nafarroako Foru Komunitatean bizi diren eta gastu diruz lagungarria oinarri hauetan zehaztutako aldian egin dutenek, baldin eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren arabera onuradun izateko debekurik ez badute eta aipatutako ekainaren 22ko 498E/2017 Foru Aginduaren 2. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte. Honakoak, alegia:

a) Gizarte Segurantzako aseguratu aktiboak direnak edo parekatutako egoeran daudenak, eta haien onuradunak, baldin eta urtean 18.000 eurotik beherako errenta badute eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak emandako osasun-txartel indibidualaren titularrak badira.

b) Urtean 18.000 eurotik beherako errentak dituztenak, baldin eta erakunde eskudunak aitortu badie farmaziako prestazioa funts publikoen kargura jasotzeko eskubidea, titular edo titularraren onuradun gisa, eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak emandako osasun-txartel indibidualaren titularrak badira.

c) MUFACE, MUGEJU eta ISFASeko mutualisten kolektiboa, titularrak edo titularraren onuradunak diren aldetik, a) letran jasotako errenta-baldintzak betetzen badituzte eta osasun-zerbitzuak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren bidez jasotzea aukeratu badute.

Ondorio horietarako, laguntza eskaeraren sarrera erregistratzen den egunean eskatzaileak duen egoera hartuko da kontuan.

Kontuan hartuko den urteko errenta izanen da pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean adierazitakoa, 2024ko ekitaldiari dagokiona, eta Foru Ogasunean dauden datuen arabera (farmaziako prestaziorako ekarpenaren ehunekoa zehazteko, Gizarte Segurantzari informazioa emateko erabilitako irizpide berberekin).

Eskaera aurkezteak berarekin dakar baimena ematea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak beste administrazio publiko batzuetan eta Nafarroako Foru Ogasunean eska ditzan bete beharreko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko datuak eta informazio guztia, dirulaguntza hau izapidetu, eman eta kontrolatzeko.

5. Eskaerak nola, non eta noiz aurkeztu.

5.1. Laguntzen eskaera II. eranskinean ezarritako ereduaren araberakoa izanen da. Eredu hori osasun karpeta pertsonalean, Nafarroako osasun etxeetan eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian eskuratzen ahalko da:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/sendagaiak-ordaintzeko-laguntzak

5.2. Honakoek aurkezten ahalko dituzte eskaerak:

Aseguratuak edo farmaziako prestaziorako eskubidearen titularrak, beren izenean eta beren onuradunen izenean, kasua zein den.

Aseguratuen edo farmaziako prestaziorako eskubidearen titularren eta beren onuradunen ordezkari direla behar bezala egiaztatzen dutenak.

5.3. Eskaerak aurkezteko epea ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko da, eta 2026ko irailaren 30ean bukatuko.

5.4. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritakoa ukatu gabe, eskaerak, ahal dela, osasun karpeta pertsonaleko web-orriaren bidez aurkeztuko dira edo, bestela, ohiko osasun etxean edo kontsultategian, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Farmaziako Prestazioaren Kudeaketarako Zerbitzuan, Nafarroako Gobernuaren izapideen web-orriaren bidez, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorraren bulegoetako edozeinetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako gainerako erregistro eta bulegoetan.

Posta bulegoetan posta administratiboaren bidez aurkezten diren eskaerei dagokienez, gutun-azal ireki batean aurkeztuko dira, lehen orrialdearen idazpuruan bulegoaren izena, data eta tokia adierazteko. Datu horiek eskaera igorri dela frogatzen duen gordekinean ere adierazi beharko dira.

5.5. Eskaerak adierazten diren baldintzak betetzen ez baditu, instrukzio organoak interesdunari eskatuko dio hori zuzendu dezan, Osasuneko kontseilariaren ekainaren 22ko 498E/2017 Foru Aginduaren 6. artikuluan ezarritakoaren arabera.

5.6. Laguntzetarako eskaera aurkezteak berekin dakar deialdi honen oinarriak onartzea eta eskatzaileak baimena ematea prestazioen arloko eskumena duen organoari, horrek dagokion erakundean automatikoki egiazta dezan onuradunaren izaera ematen duten baldintzak betetzen dituen eta farmazia eta osasun-produktuetan zer gastu egin duen.

6. Prozedura instruitu eta ebazteko organo eskudunak eta ebazpena emateko gehieneko epea.

6.1. Prestazioen arloko eskumena duen organoari dagozkio dirulaguntza hauek emateko prozeduren antolaketa eta instrukzioa.

6.2. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez ebatziko dira eskaerak, aurkezpen-dataren hurrenkerari jarraituz, eta aurrekontu-kreditua dagoen bitartean.

6.3. Ebazpenak emateko eta interesdunei jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izanen da eskaerak aurkezteko epealdia bukatzen denetik.

Epe hori igarota, jakinarazpenik egin ez bada, eskaerak isilbidez ezetsitzat joko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera, hargatik eragotzi gabe Administrazioak berariaz ebazteko betebeharra izatea.

7. Laguntzen zenbatekoa eta ordainketa.

7.1. Eman beharreko laguntzen zenbatekoa Osasuneko kontseilariaren ekainaren 22ko 498E/2017 Foru Aginduaren 3. artikuluan ezarritakoa izanen da:

a) Urtean 6.000 euro edo gutxiagoko errentak dituzten onuradunentzat, farmaziako prestazio gisa hilero benetan ordaindutako zenbatekoari 2,60 euro kentzetik ateratzen dena.

b) Urtean 6.000 eurotik gorako eta 18.000 eurotik beherako errentak dituzten onuradunentzat, farmaziako prestazio gisa hilero benetan ordaindutako zenbatekoari 8,23 euro kentzetik ateratzen dena.

7.2. Laguntzak bi alditan ordainduko dira:

–Ordainketa bat irailean eginen da, aurreko deialdian berreskuratu diren laguntzen eskatzaileentzat, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 22ko 1720/2025 Ebazpenean ezarritakoarekin bat.

–Gainerako eskaeren kasuan, ordainketa abenduan eginen da.

Jaso beharreko laguntza kalkulatzean ez dira kontuan hartuko maiatzaren 12ko 11/2026 Errege Lege Dekretuan ezarritako neurriak aplikatzen hasi ondoren sortu diren farmaziako prestazioko gastuak. Errege lege dekretu horren bidez farmaziako prestazio anbulatorioan erabiltzaileek eta haien onuradunek egin beharreko ekarpena aldatzen da.

8. Onuradunen betebeharrak.

Onuradunek bete beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta Osasuneko kontseilariaren ekainaren 22ko 498E/2017 Foru Aginduaren 11. artikuluan ezarritako betebeharrak, honakoak alegia:

a) Diruz lagundutako egoeraren xedea edo izaera funtsean aldatzen duen edozein gertaera jakinaraztea, eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin batera lan egitea jarduera horiek egiaztatu, ikuskatu, jarraitu eta kontrolatzeko prozeduretan.

b) Laguntzen xedea ikuskatzeko eginkizunak betetzeko eskatzen zaien informazio guztia ematea.

c) Egunean izatea Nafarroako Foru Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak dirulaguntza ematen den unean.

9. Laguntza itzultzea.

Oinarri hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritakoa betetzen ez bada, edo emandako datuak faltsuak badira, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galtzen ahalko da, edo, hala badagokio, dirulaguntza itzuli beharko da, aipatutako foru legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea, laguntza ordaindu zenetik hura itzuli behar dela erabakitzen den egunera arte sortutakoak.

10. Laguntzen bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak izanen dira administrazio honek edo beste batzuek edo erakunde publiko edo pribatuek jarduera bera finantzatzeko emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikoekin. Beste laguntza batzuk eskuratzen badira, guztien batura ez da izanen adierazi bezala agindu den tratamendu farmakologikoari atxikitzearen ondoriozko kostua baino handiagoa.

Eskuratutako laguntza eta dirulaguntza guztien baturaren zenbateko osoa onuradunak agindu zaion tratamenduari atxikitzeko egiten duen ekarpen ekonomikoa baino handiagoa bada (aipatutako foru aginduaren 3. artikuluan ezarritako mugak errespetatuta), eman beharreko laguntza murriztuko da, soberakinari dagokion zenbatekoa kenduta.

11. Publizitatea.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak emandako dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 22. eta 26. artikuluetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18. artikuluan xedatutakoarekin.

Emandako dirulaguntzen argitalpenean ez da inola ere agertuko onuradunen datu pertsonalik.

12. Errekurtsoak.

Deialdi honen, haren oinarri arautzaileen eta garatzeko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.

II. ERANSKINA.–FINANTZATUTAKO TRATAMENDU MEDIKOEI ATXIKITZEA ERRAZTEKO LAGUNTZEN ESKABIDEA

Eranskina fitxa honetan dago:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/sendagaiak-ordaintzeko-laguntzak

Iragarkiaren kodea: F2609335