143. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EGUESIBAR

Deialdia, "Ezagutu eta probatu" programa garatzeko laguntzak emateko 2026an. Laburpena

DDBN kodea: 918573.

Argitara ematen da deialdiaren laburpena, bat etorriz azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3.b eta 20.8.a artikuluetan xedatuarekin (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra). Haren testu osoa Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean kontsulta daiteke (https://www.infosubvenciones.es/bdnstrans/GE/eu/convocatoria/918573).

1. Xedea eta helburua. Oinarri hauen helburua da laguntza ekonomiko batzuk arautzea. Haien bidez, lagundu nahi da udalerriko merkataritza-, zerbitzu- eta ostalaritza-establezimenduek sustatutako jarduerak antolatu eta gauzatu daitezen, "Ezagutu eta probatu" udal programaren barnean. Jarduera horiek sustapenari, erakusketari, zabalpenari eta herritarren parte-hartzeari lotuta egonen dira.

2. Laguntzen onuradunak. Onuradun izaten ahalko dira pertsona fisikoak, autonomoak, ondasun-erkidegoak eta pertsona juridikoak, baldin eta merkataritza-, zerbitzu- eta ostalaritza-establezimendu baten titular badira udalerrian.

3. Epea, instrukzioa, izapidetzea eta eskabideen ebazpena.

Eskabideak Eguesibarko Udalaren erregistro elektronikoan aurkeztu beharko dira (https://sedeelectronica.valledeegues.es/), kontuan hartuta zer ezartzen den Administrazio Prozedurari buruzko 39/2015 Legearen 14. artikuluan pertsona juridikoentzat eta administrazio publikoekin harremanak izateko bitarteko elektronikoak erabili beharra dutenentzat. Eskabideak aurkeztu beharko dira dagokion jarduera egin aurretik, eta eskabidearekin batera oinarrietan adierazitako agiriak aurkeztu beharko dira.

Eguesibarko Udaleko alkateak edo hark eskuordetutako udalkideak ebatziko du dirulaguntza eman edo ukatzea. Eskabideek diruz lagunduko den zenbatekoa gainditzen badute, balorazioetan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan dirulaguntzak emateko. Ebazpen hori gehienez ere bi hilabetean eman eta jakinaraziko da, eskabidea, izapidetzeko, udal erregistroan sartzen denetik hasita. Jakinarazpena bitarteko elektronikoen bidez eginen da, salbu eta interesduna ez badago behartua jakinarazpena bide horretatik jasotzera. Izan ere, kasu horretan, bitarteko ez-elektronikoen bidez eginen zaio jakinarazpena. Epe hori bukatzen bada berariazko ebazpenik jakinarazi gabe, aurkeztutako eskabidea isiltasun administratiboaren bidez ezetsitzat joko da. Eguesibarko Udalak dirulaguntza eskatzeko funtsa den jarduketa egin dela egiaztatu ondoren, dirulaguntza emanen du. Ebazpenak amaiera emanen dio bide administratiboari.

4. Justifikazioa eta kobrantza. Dirulaguntza justifikatzeko agiriak Eguesibarko Udalaren erregistro elektroniko orokorrean aurkeztu behar dira (https://sedeelectronica.valledeegues.es/), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aipatzen diren tokietako batean.

Oro har, dirulaguntzak ordainduko dira behin justifikazioa aurkeztuta, eta jarduera amaitu eta hilabetera, beranduenez.

Sarrigurenen (Eguesibar), 2026ko uztailaren 9an.–Alkatea, Xuriñe Peñas López.

Iragarkiaren kodea: L2609807