143. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TAFALLA

Toki entitateen arteko kudeaketa hitzarmena, euskara teknikariak aldi baterako kontratatzeko deialdiei buruzkoa. Onespena

Tafallako Udalak, 2026ko ekainaren 25ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen toki entitateen arteko hitzarmena onestea, euskara teknikariak aldi baterako kontratatzeko zerrendak osatzeko hautapen prozesuak kudeatzeko.

2008. urtean, Tafallako Udalak toki entitateen arteko kudeaketa hitzarmen bat sinatu zuen, euskara teknikariak aldi baterako kontratatzeko zerrendak osatzeko hautaketa deialdiei buruzkoa. Aipatu deialdiaren xedea zen kontratazio zerrenda bat eratzea, hainbat toki entitatetako euskara teknikarien ordezkapenak egiteko. Berriozarko Udala arduratu zen kudeaketa-esleipenaz. Une hartan, toki entitateek interesekotzat jo zuten kontrataziorako izangaien zerrenda bat eratzea eta kudeatzea, aldi baterako, euskara teknikari lanpostuan ziren beharrak aldi baterako asetzeko, hain zuzen ere. Hala, saihestu nahi zen hautapen prozesu bat egin beharra suertatzen zen hutsune bakoitza betetzeko. Gaur egun, xede hori ez da aldatu.

Honako hauek dira euskara teknikari lanpostuan gauzatu beharreko funtzioak:

–Euskara normalizatzeko eta sustatzeko plan orokor nahiz sektorialen prestakuntza, kudeaketa, jarraipena eta kontrola dagokion toki entitatean.

–Dagokion toki entitateak euskararen normalizazioari eta sustapenari buruz hartutako akordioak gauzatzen direla zaintzea eta horien kontrola eta jarraipena egitea..

–Babes eta aholku teknikoa ematea dagokion toki entitateak emandako zerbitzuei, bai eta toki entitateko gizartearen gainerako sektoreei ere, euskararekin lotutako jardueretan.

–Dagokion udaleko taldeei eta gainerako gizarte eragileei laguntzea soziolinguistikari buruzko gaietan.

–Dagokion toki entitatearen euskara batzordean parte hartzea.

–Harremanak sustatzea eta koordinatzea beste udal, mankomunitate eta euskara zerbitzuekin eta foru entitateekin.

–Harremanak sustatzea eta koordinatzea euskararen normalizazioan eta sustapenean lanean ari diren elkarte eta taldeekin, herrikoak izan ala kanpokoak izan.

–Toki entitateak manatzen dion beste edozein, betiere lanpostuarekin ikusteko badu.

Lanpostu horietako funtzioak eta zereginak antzekoak direnez toki entitate guztietan, hain zuzen ere 2008an gertatu bezala (urte hartan sinatu baitzen lehenengoz hitzarmena), interesgarria da hautapen proben bidez izangaien zerrenda bakar bat sortzea aldi baterako betetzeko entitate guztietako euskara teknikarien postuak, entitate bakoitzean zerrenda bat sortu beharrean.

Nafarroako gainerako toki entitateekin batera deialdi bat kudeatzeak, baldin eta behar horiek badituzte eta ez badute horietarako zerrendarik, bat dator eraginkortasun eta efizientzia irizpideekin; hortaz, irizten zaio beharrezkoa dela eta aukera dagoela lankidetza hitzarmen bat egiteko.

Hitzarmena honako hauei jarraikiz eginen da: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 70.1. artikuluan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 86. artikuluan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. eta 47. artikuluetan eta hurrengoetan eta aplikagarri diren gainerako arauetan xedatutakoari.

Lau urtean behin, txandaka, toki entitate sinatzaileetako batek hartuko du ardura deialdiak egiteko eta kontratazio zerrendak kudeatzeko. 2021eko otsailaren 25ean, Atarrabiako Udalak hartu zuen bere gain kudeaketa-esleipena.

Bost urte igaro dira Atarrabiako Udalari eginiko kudeaketa-esleipenetik; hortaz, Burlatako Udalaren esku uzten da kudeaketa-esleipena, honako hauetarako: euskara teknikariaren eginkizunak beteko dituzten izangaien zerrenda baterako deialdiak onestea, hautaprobak egitea eta zerrenda kudeatzea. Hori dena, entitate sinatzaileek dituzten kontratazio beharrei erantzuteko.

Espedientean jasota daude txosten teknikoa, justifikazio memoria, txosten juridikoa, bai eta Kirol, Gizarte eta Kultur Zerbitzuen Informazio Batzordearen aldeko irizpena ere.

Horiek horrela, Tafallako Udalak, osoko bilkuran,

ERABAKITZEN DU:

Lehena.–Hitzarmen bat onestea, Tafallako Udalak Burlatako Udalari egindako kudeaketa-esleipena gauza dadin. Esleipen horren bidez, Burlatako Udalak euskara teknikariaren eginkizunak betetzeko izangaiak hautatzeko probetarako deialdia eginen du, eta, orobat, deialdiaren ondoriozko zerrenda kudeatuko du, erakunde sinatzaileek teknikariok kontrata ditzaten horretarako premia dutenean.

Bigarrena.–Alkateari ahalmena ematea aipatu hitzarmena sinatzeko, Tafallako Udalaren izenean eta hura ordezkatuz.

Hirugarrena.–Tafallako Udaleko euskara teknikaria izendatzea hitzarmenaren eta haren jarduketen ondorioz Tafallako Udalari dagozkion jarduketen unitate arduradun gisa.

Laugarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, bat etorriz Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Foru Legearen 11. artikuluan adierazitakoarekin.

Bosgarrena.–Erabaki hau Burlatako Udalari igortzea, jakinaren gainean egon dadin eta behar diren ondorioak izan ditzan.

Tafallan, 2026ko uztailaren 2an.–Alkatea, Xabier Alcuaz Andueza.

Iragarkiaren kodea: L2609614