143. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

RIBAFORADA

"EPEL Ribaforada a tu Servicio" tokiko enpresa-erakunde publikoaren estatutuak. Behin betiko onespena

Ribaforadako Udalak, 2026ko apirilaren 30ean egindako osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea "EPEL Ribaforada a tu Servicio" izeneko tokiko enpresa-erakunde publikoaren estatutuak, horren bidez kudeatzeko egungo adinekoen eguneko zentroa eta egitekoa den Ribaforadako adinekoen egoitza.

Hasierako onespenaren iragarkia argitaratu zen 2026ko 89. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 8an.

Jendaurrean egon da hogeita hamar egun baliodunean, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik, eta ez da jaso erreklamazio, kexa edo oharrik.

Horren ondorioz, aipatutako estatutuak behin betiko onetsitzat jotzen dira, eta hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da. Hala, indarrean jar dadin, haren testu osoa ematen da argitara, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

"EPEL RIBAFORADA A TU SERVICIO" TOKIKO ENPRESA-ERAKUNDE PUBLIKOAREN ESTATUTUAK

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Izaera eta izena.

1. Ribaforadako Udalaren tokiko enpresa-erakunde publiko gisa eratzen da "EPEL RIBAFORADA A TU SERVICIO", jarraikiz tokiko araubideari buruzko legediari eta aplikatzekoa den estatutuko araudiari.

2. Erakundeak berezko nortasun juridikoa du, obratzeko gaitasun juridiko osoa eta kudeaketarako autonomia, bere xedeak erdiesteko.

3. Horren ondorioz, egiten ahalko ditu mota guztietako administrazio eta xedapen egintzak, bere eginkizunak bete beharrez; hurrengo artikuluan aipatzen da horiek zein diren.

4. Orobat, eskumen esparru beraren barnean, izanen ditu bere xedeak erdiesteko estatutu hauetan ezartzen diren administrazio ahalak.

2. artikulua. Atxikipen organikoa, ordezkaritza eta gatazkak.

Arlo soziosanitarioaren bulkada eta kudeaketa Udaleko zein alorren edo zinegotzigoren eskutan uzten diren, harexeri atxikirik egonen da erakundea, une oro; harexeri egokituko zaio erakundearen jarduketaren kontrola eta segimendua, indarra duen legeriak eta estatutu hauek ezartzen dituzten baldintzetan.

Erakundearen lehendakariari dagokio, lehenik eta behin, erakundea ordezkatzea. Hura ez dagoenean, erakundearen organoei egokituko zaie ordezkaritza, estatutu hauetako eskudantzien arabera.

Eskudantziak direla-eta erakunde honek gatazkarik badu Udalarekin edo haren mendeko entitateekin, alkateak ebatziko ditu.

3. artikulua. Helbidea.

Erakundeak Ribaforadako Udalean izanen du egoitza soziala (San Francisco Javier plaza 1, Ribaforada), galarazi gabe beste delegazio batzuk ezarri ahal izatea hirian. Administrazio Kontseiluak helbidea aldatzeko erabakitzen ahalko du, betiere Ribaforadako udal-mugartearen barnean.

4. artikulua. Iraupena.

Erakundea denbora mugagaberako eratu da, eta Ribaforadako Udalari dagokio haren ondorengotza, deseginez gero.

Haren estatutuak Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzen diren egunean hasiko da lanean.

5. artikulua. Araubide juridikoa.

Erakundearen araubidea zuzenbide pribatua da, salbu honako hauei dagokienez: bere organoen borondatearen eraketa, egotzi zaizkion administrazio ahalak erabiltzea eta toki administrazioari buruz indarra duen legerian berariaz ezarritako alderdiak, eta aplikatzekoa den legeria juridiko-publikoan berariaz arautzen diren alderdiak.

II. KAPITULUA.–EGINKIZUNAK ETA AHALAK

6. artikulua. Eginkizunak.

1. Erakundearen xedea da zuzen eta modu deszentralizatuan kudeatzea Ribaforadako Udalak dituen udal eskumenak, arlo soziosanitarioko zerbitzuak kudeatzearen arloan. Horrenbestez, izanen ditu arlo soziosanitarioa planifikatzeko eta kudeatzeko ahalak, zeinak gaur egun Ribaforadako Udalak kudeatzen baititu, eta, orobat, izanen ditu udal eskumenen arabera etorkizunean kudeatzen den arlorako ahalak ere.

2. Zehatzago, erakundeak xede hauek ditu bere gain:

a) Osorik kudeatzea gaur egun martxan den Ribaforadako adinekoen eguneko zentroa, eremu horretako indarreko arauen arabera.

b) Osorik kudeatzea zahar egoitza, eraikita dagoenean (obrak lizitatzeko fasean dago), eremu horretako indarreko arauen arabera.

c) Zentro horietan egitekoak diren jarduerak kudeatzea, esaterako eguneko zentroko atseden emateko zerbitzua eta beste jarduera batzuk, egiten direnak aipatutako zentroetan eta/edo udal eskumeneko zerbitzu soziosanitarioen arloan.

7. artikulua. Zerbitzuak eta jarduerak.

Aipatutako helburuak betetzeko, erakundeak bere gain hartzen du eguneko zentroko kudeaketa osoarekin lotutako zerbitzu eta jarduera guztiak kudeatzea eta egitea, egun martxan daudenak, eta, orobat, loturik daudenak Ribaforadako etorkizuneko zahar egoitzaren kudeaketa osoarekin, baita Ribaforadako udal eskumeneko arlo soziosanitarioarekin lotutakoak ere, jarraikiz abenduaren 2ko 92/202 Foru Dekretuari (foru dekretu horren bidez arautzen dira, batetik, Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen sistemaren barruan, egoitza zerbitzuen, eguneko zerbitzuen eta zerbitzu anbulatorioen funtzionamendua, adinekoen, desgaitasuna dutenen, eritasun mentala dutenen eta gizarte-inklusioaren arloetan, eta bestetik, baimenen, aurretiazko komunikazioen eta homologazioen araubidea) eta, jarraikiz, halaber, arloko indarreko gainerako araudiari, baita, behar denean, horiek ordezten edo aldatzen dituzten arauei ere.

Era berean, bi zentroetako plazak ituntzearen ondorioetarako, aplikatuko da kontratazio irekiaren sistema ("open house"), kudea daitezen egoitzako plazak, eguneko egonaldiak, garraioak eta eguneko zentroa, Nafarroako Foru Komunitateko adinekoentzat, edo, bestela, aplikatuko da une oro Nafarroako Gobernuaren Eskubide Sozialetako Departamentuak indarrean duen sistema (departamentu horren barneko Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentzia).

Hala, eta aipamen hutsez, honako zerbitzu hauek emanen dira:

1. Ribaforadako adinekoen eguneko zentroa osoki (baita itundutako plazak ere) kudeatzearen barnean daude, aipatutako araudiarekin bat, honako hauek:

–Funtzionamendurako behar diren baimen guztiak izapidetzea.

–Nafarroako Gobernuarekin itundutako plazak izapidetzea, bai zentroko egonaldikoak, bai garraiokoak.

–Prozesu guztia, erabiltzailea sartzen denetik egonaldia bukatu arte, beharrezko jarduketa guztiak eginez, aplikatzekoak diren arauekin bat.

–Eguneko zentroko zerbitzuak ematea, barnean direla jantokia, jarduerak eta garraioa, beharrezkoa izanez gero.

–Atseden emateko zerbitzua ere emanen da eguneko zentroan, baita erabiltzaileentzat onuragarriak diren beste zerbitzu batzuk ere. Aldez aurretik, behar diren tarifak onetsi behar dira.

–Egoki diren tarifak aplikatuko dira, hots, tokiko enpresa-erakunde publikoko Administrazio Kontseiluak onetsi dituenak zerbitzu bakoitzerako.

2. Ribaforadako adinekoen egoitza osoki (baita itundutako plazak ere) kudeatzearen barnean daude, aipatutako araudiarekin bat, honako hauek:

–Funtzionamendurako behar diren baimen guztiak izapidetzea.

–Izapidetzea Nafarroako Gobernuarekin itundutako plazak.

–Prozesu guztia, erabiltzailea sartzen denetik egonaldia bukatu arte, beharrezko jarduketa guztiak eginez, aplikatzekoak diren arauekin bat.

–Adinekoen egoitzako zerbitzua ematea, barnean direla jantokia, arropa garbitegia, jarduerak, erabiltzaileen familiei arreta ematea, eta beharrezkoak diren bestelako zerbitzu batzuk, jarraikiz arlo honetan indarrean diren arauei.

–Egoki diren tarifak/prezioak aplikatuko dira, hots, tokiko enpresa-erakunde publikoko Administrazio Kontseiluak onetsi dituenak zerbitzu bakoitzerako.

3. Zentro horietako bakoitzean (independenteak izanen dira elkarren artean), bai eguneko zentroan, bai egoitzan, biak ere adinekoentzat, emanen dira zentro horiekin lotutako zerbitzu guztiak, jarraikiz arlo honetan indarrean diren arauei, baldin uste bada onuragarriak direla erabiltzaileentzat. Aldez aurretik, behar diren tarifak onetsi behar dira.

4. Tokiko enpresa-erakunde publikoak eman ditzake arlo soziosanitarioko beste zerbitzu batzuk ere, baldin badira Ribaforadako Udalaren udal eskumenekoak.

8. artikulua. Ahal administratiboak.

1. Bere eginkizunen barnean, erakundeak administrazio ahal hauek izanen ditu:

a) Aipatutako zentroetan erabiltzaileak inskribatzea, eta behar den banakako jarraipena egitea.

b) Zehatzeko ahala, arauek aurreikusten dituzten kasuetan.

c) Diziplina ahala, funtzionarioei dagokienez, salbu zerbitzutik behin betiko kentzea.

d) Autoantolatzeko ahala, estatutuen eta udal jarraibideen esparruaren barnean, baita zentro bakoitzerako onesten den funtzionamendu-erregelamenduaren esparruan ere.

e) Erregelamenduak egiteko ahala, kudeatzen dituen zerbitzu publikoei dagokienez, betiere Udalak ezarritako oinarrizko arauen baldintzetan, eta erregelamenduak egiteko ahala, orobat, dagokienez entitatearen antolaketari, bere giza baliabideei eta haien lan baldintzei, salbu estatutuetan beretan zehazten direnak.

f) Esleiturik dituen zuzenbide publikoko diru-sarrerak biltzeko ahala.

g) Honako ahal hauek: bere administrazio egintzen zilegitasunaren presuntzioa, exekutibitatea, nahitaez exekutatu beharra eta ofizioz berrikustea.

h) Bere ondasun eta eskubideen enbargaezintasuna, lehentasuna izateko ahala, eta beste prerrogatiba batzuk, legeak ezartzen dituen baldintzetan.

i) Zerga salbuespena, legeak ezartzen dituen baldintzetan.

j) Beste edozein administrazio ahal, baldin indarra duen araudiak berariaz jartzen badu enpresa-erakunde publikoen eskuetan.

2. Estatutu hauek erakundearen ahalak zer organoren eskutan jartzen dituen, horiexek erabiliko dituzte ahal horiek.

III. KAPITULUA.–ANTOLAMENDUA, FUNTZIONAMENDUA ETA LANGILEAK

9. artikulua. Gobernu organoak eta zuzendaritza.

1. Honako hauek dira erakundearen gobernu organoak:

a) Lehendakaria.

b) Lehendakariordea

c) Administrazio Kontseilua.

2. Zuzendari kudeatzailea da erakundeko zuzendaritza organo nagusia, eta erakundeko zuzendaritzako langilearen izaera du.

10. artikulua. Lehendakaria eta haren eskudantziak.

1. Ribaforadako Udaleko alkatea izanen da erakundeko lehendakaria.

2. Lehendakariari dagokio:

a) Erakundearen ordezkari gorena izatea.

b) Zerbitzu guztien goi ikuskaritza egitea eta haien jarduera nola gauzatzen den zaintzea.

c) Zaintzea betetzen direla erakundearen xedeak, jarraikiz estatutu hauei eta aplikatzekoak diren arauei.

d) Administrazio Kontseiluari proposatzea erakundearen plan estrategikoa onestea.

e) Administrazio Kontseiluaren bilkuretarako deia egitea eta horien buru izatea.

f) Administrazio Kontseiluak hartu behar dituen erabakiak proposatzea, eta betetzen direla begiratzea.

g) Administrazio Kontseiluari proposatzea erakundearen antolaketaren egitura.

h) Administrazio Kontseiluari proposatzea Kontseiluko idazkaria eta kontu-hartzailea izendatzea eta kentzea, hala behar bada.

i) Zuzendari kudeatzailea izendatzea, eta Administrazio Kontseiluari horren berri ematea.

j) Gastuak, kontratuak eta hitzarmenak onestea, baldin ez badira erakundearen diru-sarrera eta gastuen aurreikuspenetako ohiko baliabideen %10 baino gehiago, eta ez badute irauten lau urte baino gehiago.

k) Kudeaketa ekonomikoa gauzatzea, jarraikiz gastuen eta diru-sarreren aurreikuspenei, gastuak xedatzea, bere eskumenen barnean, eta ordainketak agintzea, jarraikiz toki-ogasunei buruzko legediari.

l) Langile guztientzat buru nagusia izatea, eta erabakitzea haiek izendatzea eta zehatzea, barnean dela funtzionarioak zerbitzutik kentzea eta lan-kontratudunak kaleratzea, eta horren berri ematea Administrazio Kontseiluari.

m) Lan publikoaren eskaintza onestea, gastuen eta diru-sarreren egoeraren arabera, eta jarraikiz Administrazio Kontseiluak onetsitako plantilla organikoari. Orobat, onestea langileak hautatzeko proben oinarriak.

n) Egintza administratiboak eta errekurtso judizialak egitea, eta erakundea defendatzea bere eskumeneko arloetan.

o) Lankidetza hitzarmenak sinatzea beste administrazio publikoekin eta haien mendeko erakundeekin, betiere erakundearen eginkizunen barnean, baldin horrek ez badakar eskumenak beste inoren esku uztea edo kudeaketa-esleipenik egitea.

p) Estatutu hauek espresuki ematen dizkioten gainerako eginkizunak, eta indarra duten xedapenek erakundearen eskuetan uzten dituztenak, baldin ezin bazaizkie beste organo batzuei eman, eta ez badagozkio kudeaketa arruntari.

3. Salbuespenez, atzerapenik izan ez dezaketen premia larrietan, har ditzake Administrazio Kontseiluaren eskumen diren erabakiak, eskuordetzen ahal direnetarik badira. Halakoetan, emandako ebazpenen berri eman beharko dio Kontseiluari, berrets ditzan, egiten duen lehenbiziko bilkuran.

4. Lehendakariak egotzirik dituen eginkizunetan aritzean egiten dituen egintzek bukaera emanen diote administrazio bideari.

5. Lehendakariak ezin izanen ditu, inola ere, beste inoren eskuetan utzi artikulu honetako 2.a) eta 2.e) puntuetan ematen zaizkion eskudantziak.

11. artikulua. Lehendakariordea eta haren eskudantziak.

Lehendakariak izendatuko du lehendakariordea, Administrazio Kontseiluko kide diren zinegotzien artean. Lehendakariaren ordez ariko da, Administrazio Kontseiluko lehendakari gisa, hura kanpoan edo eri denean edo legearen araberako beste arrazoiren bat dagoenean.

12. artikulua. Administrazio Kontseilua. Osaera, izendapena eta kargu-uztea.

1. Hau izanen da Administrazio Kontseiluaren osaera: lehendakaria eta Ribaforadako Udaleko lau (4) zinegotzi.

2. Kideen izendapena eta kargugabetzea. Ribaforadako Udaleko Osoko Bilkurak izendatu eta kargugabetuko ditu Administrazio Kontseiluko kideak ("kontseilari" deituko zaie), jarraikiz antolamendu juridikoak ezarritako prozedurari, eta Udalbatza berritzearekin batera edo, bestela, hutsuneren bat edo kargugabetzeren bat gertatzen den guztietan.

13. artikulua. Administrazio Kontseiluaren eskudantziak eta haren egintzen izaera.

1. Administrazio Kontseiluari dagokio:

a) Kontseiluaren beraren funtzionamendu arauak ematea, estatutu hauetan aurreikusten ez den orotan, eta toki-araubidean kide anitzeko organoen gainean aurreikusten den orotan. Orobat, halakorik behar bada, Administrazio Kontseiluari dagokio kudeatzen diren zerbitzu bakoitzeko barne-araudia onestea (eguneko zentroa, egoitza, edo udal eskumenekoa den beste edozein zerbitzu soziosanitario).

b) Egoitzaren aldaketa.

c) Onestea erakundearen plan estrategikoa.

d) Lehendakariak proposaturik, onestea erakundearen antolaketaren egitura.

e) Onestea erakundearen jarduketa programa eta haren aldaketak.

f) Honako hauei buruzko proposamenak onestea: diru-sarrera eta gastuen aurreikuspen egoerak eta langileen plantilla. Halaber, hala behar badu, eskumena duen udal organora igortzea, behin betiko onets ditzan.

g) Onestea erakundearen balantzea, galera eta irabazien kontua, eta urteko kudeaketaren eta emaitzen aplikazioaren gaineko txostena.

h) Onestea ondasun eta eskubideen inbentarioa, izanik horiek bereak edo atxikiak.

i) Onestea ondarearen besterentzea.

j) Ahal administratibo hauek erabiltzea:

–Bere antolaketa egiteko ahala.

–Zerbitzuen eta barne antolaketaren gaineko erregelamendu ahala.

k) Lehendakariak langilerik kaleratzea erabakiz gero, kaleratzea berrestea.

l) Lehendakariak proposatzen badu funtzionario atxiki bat zerbitzutik kentzea, proposamena onestea, estatutu hauetan dagokion artikuluan ezarritako moduan.

m) Onestea kontsultarako eta partaidetzarako organoen sorrera.

n) Estatutu hauek haren gain jartzen dituen bestelako eginkizunak, eta indarra duen araudiak espresuki haren gain jartzen dituenak.

2. Administrazio Kontseiluak egotzirik dituen eginkizunetan aritzean egiten dituen egintzek bukaera emanen diote administrazio bideari.

14. artikulua. Kontseiluaren funtzionamendua.

1. Erakundearen funtzionamendu egokirako behar adina bilduko da Administrazio Kontseilua, eta ohiko bilkurak, gutxienez ere, urtean bitan eginen ditu. Horretarako, deialdia egin beharko du lehendakariak, bere kabuz edo, gutxienez, kontseilariaren erdiek eskaturik.

2. Toki-araubideari egokituko zaio (kide anitzeko organoei dagokienez) Administrazio Kontseiluaren deialdirako, eratzeko eta funtzionamendurako araubidea, baita estatutu hauei ere. Modu osagarrian, aplikatuko dira Udalaren osoko bilkurari buruzko arauak.

3. Bilkurek balioa izateko, bertan egon beharko dute lehendakariak, bi kidek eta idazkari ari denak.

4. Zuzendari kudeatzailea Administrazio Kontseiluaren bileretara joanen da, hitza duela baina botorik gabe. Organo horri laguntza egokia eman beharrez, lehendakariak deitzen ahalko die eguneko gai-zerrendako gaietan adituak direnei, bilera horietan parte har dezaten, hitza dutela baina botorik gabe.

15. artikulua. Zuzendari kudeatzailea. Izendapena eta kargutik kentzea.

1. Zuzendari kudeatzailea da zuzendaritza arruntaren organo gorena, eta lehendakariari dagozkio hura izendatzea eta kargugabetzea.

2. Izanen da Ribaforadako adinekoen eguneko zentroko zuzendaria, eta, orobat, etorkizuneko adinekoen egoitzako zuzendaria, jarraikiz aipatutako abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretuari.

3. Zuzendari kudeatzailea zuzendaritzako langiletzat jotzen da. Horretarako, izendatuko da administrazio publikoetako karrerako funtzionario edo lan-kontratudun bat, edota sektore pribatuko profesional bat; batak nahiz besteak izan beharko dute goi mailako tituludunak, eta, azkenaren kasuan, bost urte baino gehiagoko lanbide-eskarmentua izan beharko du, gainera.

Zuzendariek unibertsitateko graduko titulazioa edo baliokidea izan beharko dute, eta prestakuntza espezializatua izan beharko dute mendekotasunean, desgaitasunean, geriatrian, gerontologian, egoitzetako zuzendaritzan edo mendekotasunaren arretaren arloarekin lotutako beste jakintza-arlo batzuetan (masterra, unibertsitateko titulu propioak edo antzeko prestakuntza). Hori dena, jarraikiz 92/2020 Foru Dekretuari (arautzen ditu, batetik, Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen sistemaren barruan, egoitza zerbitzuen, eguneko zerbitzuen eta zerbitzu anbulatorioen funtzionamendua, adinekoen, desgaitasuna dutenen, eritasun mentala dutenen eta gizarte-inklusioaren arloetan, eta bestetik, baimenen, aurretiazko komunikazioen eta homologazioen araubidea).

Hortaz, baldintza horiek eskatzen dira hautatzeko eta/edo kontratatzeko.

4. Lan-kontratuduna izanen da.

5. Zuzendari kudeatzailearen lanpostua hutsik dagoenean edo hura kanpoan, eri edo bidezko eragozpenak joa denean, lehendakariak hautatzen duenak ordezkatuko du, baldin aurreko apartatuan ezarritako baldintzak betetzen baditu.

16. artikulua. Zuzendari kudeatzailearen eginkizunak.

1. Zuzendari kudeatzailearen eginkizunak izanen dira zerbitzu guztiak zuzentzea eta koordinatzea, eta bere jarduketen berri emanen dio lehendakariari, eskatzen zaion guztietan.

2. Zuzendari kudeatzaileari eginkizun hauek dagozkio:

a) Egiazki erabiltzea erakundearen ordezkaritza, administrazio eta kudeaketa arruntari dagozkion ahalmenak, estatutu hauetan xedatuari jarraikiz. Lehendakaria eta lehendakariordea ez daudenean, horiek ordezkatzeko ahalmena, baina ez du izanen baliabideak erabiltzeko ahalmenik.

b) Zuzentzea adinekoen eguneko zentroa, eta, orobat, etorkizuneko adinekoen egoitza, jarraikiz aipatutako abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretuari.

c) Begiratzea ea eguneko zentroko eta adinekoen egoitzako zerbitzuak ematen diren zentroak kudeatzen diren jarraikiz abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretuari (arautzen ditu, batetik, Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen sistemaren barruan, egoitza zerbitzuen, eguneko zerbitzuen eta zerbitzu anbulatorioen funtzionamendua, adinekoen, desgaitasuna dutenen, eritasun mentala dutenen eta gizarte-inklusioaren arloetan, eta bestetik, baimenen, aurretiazko komunikazioen eta homologazioen araubidea), hura ordezten duen araudiari eta aplikatzekoak diren indarreko arauei.

d) Begiratzea tokiko enpresa-erakunde publikoak ematen dituen zerbitzu soziosanitarioak kudeatzen direla aplikatzekoa den araudiaren arabera.

e) Eskubide Sozialetako Departamentuarekin itundutuko plazak kudeatzea, eta behar den dokumentazio guztia prestatzea, horiek kudeatzeko eta izapidetzeko, jarraikiz kontratazio irekiaren sistemari ("open house"), zeinaren bidez kudeatzen baitira egoitzako plazak, eguneko egonaldiak, garraioak eta eguneko zentroa, Nafarroako Foru Komunitateko adinekoentzat. Edo, bestela, sistema hori ordezten duen sistemari jarraikiko zaio.

f) Kudeatzea zentroetarako sarbidea, prestatzea arreta plan indibidualizatua, zentroetan sartzen den bakoitzarentzat, eta izendatzea haren erreferentziako pertsona, edo hari laguntzeko pertsona.

g) Prestatzea zentro bakoitzeko (eguneko zentroa / egoitza) funtzionamendu erregelamendua, jarraikiz zentro horiei aplikatu beharreko arauei.

h) Bi zentroak (eguneko zentroa eta adinekoen egoitza) kudeatzeko behar diren jarduketa guztiak, barnean dela jarraipena egitea erabiltzailea zentroan sartzeko prozesuari (baita zentroetan egonaldirako behar diren jarduketa guztiei ere), jarraikiz une oro abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretuan eskatutakoari (foru dekretu horrek arautzen ditu, batetik, Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen sistemaren barruan, egoitza zerbitzuen, eguneko zerbitzuen eta zerbitzu anbulatorioen funtzionamendua, adinekoen, desgaitasuna dutenen, eritasun mentala dutenen eta gizarte-inklusioaren arloetan, eta bestetik, baimenen, aurretiazko komunikazioen eta homologazioen araubidea), hura ordezten duen araudiari eta aplikatzekoak diren indarreko arauei.

i) Kontingentzia plan bat prestatzea (zentro bakoitzerako), hura adosturik erreferentziako oinarrizko eskualdean aritzen diren osasun zerbitzuekin, osasun-krisiei aurre egiteko. Beharrezkoak diren prebentzio neurriak jaso beharko ditu plan horrek.

j) Gainerako zerbitzuak gainbegiratzea, hots, tokiko enpresa-erakunde publikoak ematen dituen zerbitzuak, Udalaren eskumenekoa den arlo soziosanitarioaren barnean. Esaterako, erretiratuei arreta ematea eguneko zentroko jantokian, jarduera osagarriak, atseden emateko zerbitzua eta abar, eta tokiko enpresa-erakunde publikoak ematen dituen beste edozein zerbitzu nagusi edo osagarri, eta proposatzea beste edozein zerbitzu, eman daitekeena arlo soziosanitarioan, baldin onura ekartzen badie erabiltzaileei.

k) Ribaforadako Udalari garaiz komunikatzea zentroetarako sarrerak, itundutako plazak eta fiskalizatu beharreko beste edozein kontu, zentroekin loturik.

l) Koordinatzea Buñuel aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearekin, edo behar denarekin, zentroek egin beharreko dependentzia-balorazioekin loturik.

m) Lehendakariari garaiz informatzea bere jarduketez, zentroen kudeaketarekin lotutako gaietan, edo tokiko enpresa-erakunde publikoak arlo soziosanitarioan ematen dituen beste jarduera batzuekin lotutako gaietan, lehendakariak horren berri emateko Administrazio Kontseiluari.

n) Garaiz betearaztea Administrazio Kontseiluaren erabakiak, jarraikiz lehendakariaren jarraibideei eta gainbegiraketari.

o) Erakundearen plan estrategikoa prestatzea eta entitateko lehendakariari aurkeztea.

p) Estatutu hauek ematen dizkioten gainerako eginkizunak, baita behar diren guztiak ere, ongi kudeatzeko zentroak eta zerbitzuak, hots, tokiko enpresa-erakunde publikoak arlo soziosanitarioan ematen dituen zerbitzuak, aplikatzekoa den araudiaren arabera.

3. Egoki diren organoek fiskalizatuko dituzte zuzendari kudeatzailearen jarduketak.

17. artikulua. Fede publikoa eta lege aholkularitza.

Fede publikoa eta lege aholkularitza eman behar zaizkie erakundea egituratzen duten kide bakarreko organoei nahiz kide anitzekoei, eta Ribaforadako Udaleko idazkari nagusiari dagozkio eginkizun horiek, Administrazio Kontseiluak besterik erabaki ezean. Baldin eginkizun horiek eraginkor betetzeko beharrezkoa bada, beste inoren eskuetan uzten ahalko ditu.

Horretarako, behar den laguntza/lankidetza jasoko du eginkizun horietarako, Ribaforadako Udalaren administrazio-langileen aldetik.

18. artikulua. Giza baliabideei buruzko araubidea.

1. Oro har, tokiko enpresa-erakunde publikoan zerbitzu bakoitza emateko langileei aplikatzen zaie lan-zuzenbidea, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 106. artikuluan ezartzen diren zehaztapenekin (lege horrek hizpide du sektore publikoaren araubide juridikoa), honako hauei dagozkien salbuespenekin: funtzionario publikoak eta Ribaforadako Udalak administratiboki kontratatutako langileak. Horiek beren araudi espezifikoa izanen dute.

2. Lan-kontratudunak arau hauei jarraituz hautatuko dira:

a) Titulazioari erreparatuz hautatuko dira zuzendaritzako langileak. Era berean, kontuan izanen dira gaitasun profesionalari buruzko irizpideak eta izandako eskarmentua, kudeaketa publiko nahiz pribatuko ardura-postuetan. Gainera, bete beharko dituzte estatutu hauen 15.3 artikuluko baldintzak.

b) Gainerako langileak deialdi publikoetan hautatuko dira, oinarritzat hartuz berdintasun, merezimendu eta gaitasun irizpideak.

3. Adinekoen eguneko zentroko eta egoitzako zerbitzurako langileak zehaztuko dira jarraikiz abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretuaren II. eranskinari (foru dekretu horrek arautzen ditu, batetik, Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen sistemaren barruan, egoitza zerbitzuen, eguneko zerbitzuen eta zerbitzu anbulatorioen funtzionamendua, adinekoen, desgaitasuna dutenen, eritasun mentala dutenen eta gizarte-inklusioaren arloetan, eta bestetik, baimenen, aurretiazko komunikazioen eta homologazioen araubidea) eta hura osatzen eta/edo ordezten duen araudiari.

Zehazteko zer langile behar diren gutxienez bai adinekoen eguneko zentrorako, bai etorkizuneko adinekoen egoitzarako, jarraituko zaie abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretuko sailkapenari (barnean direla postuaren izenak eta eginkizunak) eta ratioei.

19. artikulua. Langileak. Kudeaketa. Ordainsarien ezaugarriak.

1. Honako hauek osatzen dute erakundeko langileen plantilla:

a) Ribaforadako Udaleko edo haren udal erakundeetako funtzionario eta lan-kontratudunen artean, erakundeari atxikitzen zaizkionak.

b) Erakundeak berak kontratatzen dituen lan-kontratudunak.

c) Zuzendaritzako langileak, estatutu hauen 15. artikuluak aipatzen dituenak. Lan-kontratudun izanen dira.

2. Betiere, Ribaforadako Udaleko osoko bilkurak onesten duenaren (estatutu hauetan ezarri bezala onetsi ere) arabera ezarriko eta aldatuko dira une oro ordainsarien ezaugarriak, bai zuzendaritzako langileei dagokienez, bai gainerako langileei dagokienez (barnean direla atxikitako langileak eta/edo erakundean zerbitzuak ematen dituztenak).

3. Erakundeak, lan-kontratudunak kontratatzen dituenean, lanpostuak betetzen dituenean eta barne-igoerak egiten dituenean, beteko ditu publikotasun, berdintasun, gaitasun eta merezimendu printzipioak, eta erabiliko ditu aplikatzekoak diren hautapen prozesuak, beteko ditu legezko arauak, eta horretarako eginen ditu egoki diren deialdi publikoak.

4. Erakundeari dagozkio giza baliabideak kudeatzeko ahalmen guztiak (langile berekiak nahiz atxikiak izan), eta aplikatu beharko du arlo honetan indarrean dagoen araudia, Ribaforadako Udalean aplikatzen dena, baita hautaketaren xede diren langileek bete beharreko baldintzei dagokien araudi espezifikoa ere.

20. artikulua. Erakundeko langileen lan baldintzak.

1. Erakundeko funtzionarioei aplikatuko zaie Ribaforadako Udaleko funtzionarioei aplikatzekoa zaien araudia.

2. Tokiko enpresa-erakunde publikoak kudeatzen dituen zentroetako lan-kontratudunei aplikatuko zaie egoki den hitzarmena, eta, horretaz gain, aplikatu behar dena baldintza-agiriaren ondorioz, hots, kontratazio irekiaren sistemako ("open house") baldintza-agiriaren ondorioz. Sistema horren bidez kudeatzen dira egoitzako plazak, eguneko egonaldiak, garraioak eta eguneko zentroa, Nafarroako Foru Komunitateko adinekoentzat. Sistema hori da Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziarena (Nafarroako Gobernua). Bestela, sistema hori ordezten duen sistemari jarraikiko zaio.

3. Arlo soziosanitarioan Udalaren beste zerbitzu batzuk emateko dauden gainerako lan-kontratudunei aplikatuko zaie egoki den hitzarmena.

21. artikulua. Aldi baterako esleipenak.

Lehendakariak aurretik eskatuta, Udalak aldi baterako atxikitzen ahalko ditu bere langileak, zerbitzu-eginkizunen bidez, erakundeko lanpostuetan ari daitezen.

Halaber, lehendakariak aitzinetik eskatuta, Udalak erakundeko eginkizunak eta lanak atxikitzen ahalko dizkie bere langileei, izanik horiek lanpostu batek berezkoak dituenak ala ez, horrek dakartzan ordainsariekin.

IV. KAPITULUA.–LANKIDETZEN ARAUBIDEA

22. artikulua. Erakunde batzuekin lankidetza izatea, zentroetan jarduerak egiteko.

1. Jarduerak egiteko eta kudeatzeko, bai adinekoen eguneko zentroan, bai etorkizuneko adinekoen egoitzan, erakundeak era guztietako itunak edo hitzarmenak egin ditzake erakunde publiko eta pribatuekin, nazionalekin nahiz nazioartekoekin.

2. Lehendakariak sinatu beharko ditu aipatutako lankidetza-hitzarmenak, aurretik kontu-hartzaileak fiskalizatuta, betiere horrek kosturik ez badakar erakundearentzat, edo horrek ez badakar gainditzea erakundearen diru-sarreren eta gastuen aurreikuspen-egoeraren errekurtso arrunten %10, eta lau urte baino gehiago ez badu irauten.

3. Administrazio Kontseiluak onetsi beharko ditu lankidetza-hitzarmenak, aurretik kontu-hartzaileak fiskalizatuta, baldin zenbatekoak gainditzen badu erakundearen diru-sarreren eta gastuen aurreikuspen-egoeraren errekurtso arrunten %10, eta lau urte baino gehiago irauten badu.

4. Akordio eta hitzarmenen esparruan, erakundeak, delegazioz, eskumenak eskuratzen baditu edo kudeaketak esleitzen bazaizkio, Udalak baimena eman beharko dio, osoko bilkuran bilduta.

Bereziki, akordioak sinatzen ahalko ditu erakunde ofizial edo pribatuekin, bideratzeko, kudeatzeko eta administratzeko bere jarduerarekin zerikusia duten funts, laguntza edo finantza baliabideak.

V. KAPITULUA.–ONDARE-ARAUBIDEA

23. artikulua. Erakundearen ondarea.

1. Ondare-araubidea ezarria dago Nafarroako toki-erakundeen ondasunei buruzko araudian eta aplikatzeko diren gainerako xedapenetan.

2. Hona zerk osatzen duen ondarea: bere ondasun eta eskubideak; udal titulartasuneko beste batzuk, baldin erakundeari atxikitzea edo lagatzea erabaki bada edo etorkizunean erabakitzen bada, eta edozein pertsona edo entitatek ematen dizkionak.

3. Atxikitako ondasun eta eskubideek segituko dute edukitzen dagokien jatorrizko kalifikazioa; erakundeari gauza bakarra dagokio: horiek zaindu, hobetu eta erabiltzea, atxikipenean zehazten diren xedeak betetzeko.

4. Erakundeak bere esku izanen ditu jabari pribatuko edo ondareko ondasun eta eskubideak, baldin haien titularra bada.

5. Tokiko enpresa-erakunde publikoak, bere xedeak betetzeko, izanen du ondare propio bat, Ribaforadako Udalekoaren ondareaz bestelakoa. Ondare hori osatuko dute beren titulartasuneko ondasunek eta betebeharrek. Ematen diren zerbitzuei atxikiko zaizkie.

6. Adineko eguneko zentroaren eta jarduera osagarrien zerbitzua. Xede horiek betetzeko, honako hauek esleituko zaizkio Ribaforadako adinekoen eguneko zentroari: Eguneko zentroa dagoen eraikina bera, baita gaur egun haren ekipamenduaren parte den guztia ere; haren titulartasunari eutsiko dio Ribaforadako Udalak. Ribaforadako Udaleko osoko bilkurari dagokio erabakitzea nola esleituko den eraikina (alokairua, lagapen bidezko atxikipena, ekarpena, etab.), jarraikiz aplikatzekoa den araudiari.

7. Adinekoen egoitza zerbitzua. Xede horiek betetzeko, honako hauek esleituko zaizkio Ribaforadako adinekoen egoitzari: Adinekoen egoitza dagoen eraikina bera; haren titulartasunari eutsiko dio Ribaforadako Udalak. Behin lortuta funtzionatzeko nahitaezkoa den baimena, Ribaforadako Udaleko osoko bilkurari dagokio erabakitzea nola esleituko den eraikina (alokairua, lagapen bidezko atxikipena, ekarpena, etab.), jarraikiz aplikatzekoa den araudiari.

24. artikulua. Baliabide ekonomikoak.

1. Hona hemen erakundearen baliabide ekonomikoak:

a) Haren ondarea osatzen duten ondasun eta balioak.

b) Ondare horretatik heldu diren etekin eta errentak.

c) Udalaren aurrekontuko diru-sarreren eta gastuen aurreikuspen-egoeran esleiturik dituen kontsignazio espezifikoak.

d) Administrazio edo entitate publikoetatik heldu diren transferentzia arrunt edo kapitalekoak.

e) Bere eginkizunekin zerikusia duten zerbitzu mota guztiak egiteagatik eskuratzen dituen diru-sarrerak.

Eguneko zentroaren kudeaketa finantzatuko duten baliabide ekonomikoak izanen dira zergaz kanpoko ondare-prestazio publikoak, jarraikiz martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100.7 artikuluari (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea). Erabiltzaileek ordainduko dute, eta itundutako zatia ordainduko du Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak, edo hura ordezten duen Nafarroako Gobernuko organismoak, kasua bada.

Adinekoen egoitzaren kudeaketa finantzatuko duten baliabide ekonomikoak izanen dira zergaz kanpoko ondare-prestazio publikoak, jarraikiz martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100.7 artikuluari (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea). Udaleko osoko bilkurak onetsiko du zenbatekoa, erabiltzaileek ordainduko dute, eta itundutako zatia ordainduko du Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak, edo hura ordezten duen Nafarroako Gobernuko organismoak, kasua bada.

f) Entitate publiko, pribatu eta partikularren dohaintzak, legatuak eta bestelako ekarpenak, eta bereziki erakundearekin zuzenean zerikusia dutenenak.

g) Jasotzen duten beste edozein baliabide.

h) Erakundeak zer zehapen-ahal dituen, ahal horiek erabiltzeak dakartzan diru-sarrerak.

25. artikulua. Inbentarioa.

1. Erakundeak inbentarioa eginen du, eta hura eguneratua mantenduko, bertan sartuta bere ondarea osatzen duten ondasun eta eskubide guztiak eta bere xedeak betetzeko atxiki zaizkion ondasunak. Inbentarioa urtero igorri beharko zaio Udalari.

2. Inbentarioa urtero berretsiko da, urte bakoitzeko abenduaren 31n, eta Administrazio Kontseiluak onetsi beharko du.

IV. KAPITULUA.–ARAUBIDE EKONOMIKOA ETA JURIDIKOA

26. artikulua. Kontratazio araubidea.

Tokiko enpresa-erakunde publiko honek egiten dituen kontratazioei aplikatu beharko zaie sektore publikoko kontratazioen arloko araudia, hots, apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legea, Kontratu Publikoei buruzkoa, azaroaren 8ko 9/2017 Legearekin loturik (Sektore Publikoaren Kontratuei buruzkoa), aplikatzekoa den guztian, eta, orobat, erlazionatutako gainerako arauak.

Kontratazioaren zenbatekoaren arabera, kontratazio-organoa izanen da lehendakaria edo Administrazio Kontseilua, haien eskumenen arabera.

27. artikulua. Finantza-eragiketak.

Udalak aurretik baimena emanda, erakundeak klase orotako finantza eragiketak egiten ahalko ditu; bereziki, hitzartzen ahalko ditu kreditu edo mailegu eragiketa aktibo nahiz pasiboak, jarraikiz Nafarroako toki entitateen ogasunen gaineko araudiari eta urteko diru-sarrera eta gastuen aurreikuspenetan aurreikusitako mugekin bat.

28. artikulua. Kontabilitate- eta ekonomia-araubidea.

Nafarroako toki entitateen ogasunen gaineko araudian zer dagoen ezarria, harexeri segituko dio erakundeak, honako hauei dagokienez: aurrekontua, ekonomia-finantza, kontabilitatea, kontu hartzailetza, kontrol finantzarioa eta eraginkortasunaren kontrola.

Ekitaldi ekonomikoak urtebete iraunen du, eta urte bakoitzeko urtarrilaren lehenean hasiko da.

29. artikulua. Tributu araubidea.

Ribaforadako Udalari tributuen arloan zer araubide dagokion, horixe bera izanen du erakundeak; salbuespen eta onura fiskal berak izanen ditu, aplikatzekoa zaion araudi espezifikoarekin bat.

30. artikulua. Kontrolaren araubidea.

Udaleko Kontu Hartzailetza Orokorrak eginen du kudeaketa ekonomiko-finantzarioaren kontrola, jarraikiz Nafarroako toki entitateen ogasunen gaineko araudiari.

31. artikulua. Diru-sarrera eta gastuen aurreikuspena prestatzea.

Erakundeak urtero eginen du bere diru-sarrera eta gastuen aurreikuspena, horretarako abiaturik Udalak hurrengo ekitaldirako ekarpenaz bidaltzen dion aurrerapenetik, eta Nafarroako toki entitateen ogasunen gaineko araudian zehazten den egiturarekin. Baldin erakundea merkataritza sozietate batzuen titularra bada, haien diru-sarrera eta gastuen aurreikuspenak sartuko dira diru-sarrera eta gastuen aurreikuspenean.

Administrazio Kontseiluak onetsiko ditu diru-sarrera eta gastuen aurreikuspenak, eta gero Udalari igorriko zaizkio, sar daitezen urteko diru-sarrera eta gastuen aurreikuspen orokorrean.

32. artikulua. Urteko kontuak.

Urteko kontuak Administrazio Kontseiluari aurkeztuko zaizkio, onets ditzan eta Udalari bidal diezazkion. Erakundeko lehendakariak formulatuko ditu, eta haien kontu emanen, aurrekontuei buruzko araudiak ezartzen dituen baldintzetan.

VII. KAPITULUA.–UDALAREN TUTORETZA AHALMENAK

33. artikulua. Tutoretza-ahala.

1. Udalari dagokio erakundearen gaineko tutoretza ahala; honela erabiliko du:

Udalaren tutoretzak berekin dakar Udalak osoko bilkuran onetsi behar izatea honako jarduketa hauek:

a) Erakundearen diru-sarrera eta gastuen aurreikuspena eta langileen plantilla, Udalaren aurrekontuarekin batera.

b) Kontuen balantzea eta urteko likidazioa.

c) Onestea erakundearen diru-sarrera diren tarifen zenbatekoa.

d) Diziplina zehapenak ezartzea Udalari atxikitako langileei, zerbitzutik kentzea dakartenak.

e) Lan hitzarmen kolektiboak.

f) Jesapen, kreditu, abal edo bestelako bermeen kontratazioa onestea, eta, orobat, kontratatzea bere xedeen zerbitzuko beste edozein finantza tresna, diruzaintzako eragiketak kenduta.

g) Arauak ezartzea, erakundeko organoek beren langileen ordainsari baldintzak zehaztu eta aldatzeko.

VIII. KAPITULUA.–ESTATUTUAK ALDATZEA ETA ERAKUNDEA DESEGITEA

34. artikulua. Estatutuak aldatzea.

Ribaforadako Udaleko osoko bilkurak aldatzen ahal ditu estatutuak, horretarako erabiliz estatutuak onesteko prozedura eta izapide berak, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari eta hurrengoei (Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), loturik baitaude apirilaren 2ko 7/1985 Legearekin (Toki-araubidearen Oinarriei buruzko Legea), osoko bilkuraren erabakiak hartzeari dagokionez.

35. artikulua. Erakundea desegitea.

1. Erakundea desegiten ahalko da:

a) Udalak komenigarri ikusten duenean, zerbitzua kudeatzeko manera aldatzeagatik.

b) Udalak komenigarri ikusten duenean, zerbitzua kentzeagatik.

2. Udalak osoko bilkuran erabakiko du desegitea, erakundearen Administrazio Kontseiluak txostena eginda.

36. artikulua. Erakundearen baliabideak nora joanen diren.

1. Erakundea desegiten denean, kudeaketa modua aldatzeagatik zuzeneko bestelako kudeaketa modu batera, Udalak ezarriko du erakundearen baliabide eta obligazioak zer baldintzetan bereganatuko dituen Udalak.

2. Erakundea desegiten denean zerbitzua kentzeagatik edo zeharkako kudeaketa modu bat hautatzeagatik, ondarea Udalbatzaren eskura itzuliko da, aktiboan eta pasiboan agertzen diren gehikuntza eta ekarpen guztiekin.

Xedapen gehigarri bakarra.–Indarrean jartzea.

Estatutu hauek indarrean jartzearekin batera hasiko da tokiko enpresa-erakunde publiko honen funtzionamendua.

Estatutu hauek indarrean jarriko dira testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Ribaforadan, 2026ko ekainaren 22an.–Alkatea, Tirso Calvo Zardoya.

Iragarkiaren kodea: L2608944