143. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

CABANILLAS

Oposizio-lehiaketa, bete dadin administrari-ofizialaren lanpostuko plaza bat

Cabanillasko Udalak onetsi du oposizio-lehiaketa bat, bete dadin administrari-ofizialaren lanpostu bat, honako oinarri hauekin:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea administrari-ofizialaren lanpostuko plaza bat, C mailakoa, funtzionario-araubidekoa, ari dadin Cabanillasko Udalaren zerbitzura.

Deialdiko plaza honako hau da plantilla organikoan:

PLAZAREN ZENBAKIA
PLANTILLA
ORGANIKOAN

LANPOSTUA

ARAUBIDEA

LANALDIAREN
EHUNEKOA

4

ADMINISTRARI-OFIZIALA

FUNTZIONARIOA

%100

Deialdia gauzatuko da honako arau hauetan xedatutakoaren arabera: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; 7/2025 Foru Legea, ekainaren 4koa, aparteko eta premiazko neurriak onesten dituena, langileen arloan, behin-behinekotasuna murrizteko, Nafarroako administrazio publikoetan; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua; aplikatzekoak diren gainerako arauak; eta deialdi honen oinarriak.

Plaza hori txanda honen bidez beteko da:

–Plaza bat txanda irekian.

1.2. Izendapenak eta lanpostuaz jabetzeak berekin ekarriko dute izendatua funtzionario bihurtzea, 4. plazan, nomina eta plantillakoa, Cabanillasko Udaleko langileentzat ezarrita dauden eskubide eta betebehar guztiak dituela, jarraikiz indarreko xedapenei, bere araubide juridikoaren arabera. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu, eta alta emanen zaio, araubide horretan aurreikusitakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, eta aplikatuz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 9. xedapen gehigarriaren 3. puntua (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua), baldin afiliaturik badago Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean, bi aukera izanen ditu: edo segitzea martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo sartzea Gizarte Segurantzako araubide orokorrean.

1.3. Lanaldia eta lan-ordutegia zerbitzuaren premietara egokituko dira, eta organo eskudunek aldatu ahal izanen dituzte, premia horiek hala eskatzen badute.

1.4. Hautaproben emaitzak zerrenda bat eratzeko ere erabiliko dira, aldi baterako kontratazioak egiteko, administrari-ofizialaren lanposturako, Cabanillasko Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren. Hori dena, jarraikiz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42.a) artikuluari.

Zerrenda horrek indarreko beste edozein zerrenda ordeztuko du, aldi baterako kontratazioak egiteko, postu bererako.

2.–Baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa, jarraikiz Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuei.

Parte har dezakete, orobat, Espainiako nazionalitatea dutenen eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek –baldin zuzenbidez bananduta ez badaude–, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.

c) Batxilergoko titulua izatea, edo bigarren mailako Lanbide Heziketakoa, edo horietako baten baliokidetzat jotako beste titulu bat, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Tituluak atzerrian lortu badira, eduki beharko da agiri bat, frogatzen duena baliozkotuak edo homologatuak daudela.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ez izatea.

2.2. Baldintza horiek bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean eta plazaz jabetu arte.

2.3. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte baldintza horiek.

3.–Eskabideak.

3.1. Eskabideak aurkezteko epea.

Hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskabideak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematikoki aurkeztu beharko dute eskabidea, Internet bidez, helbide honetan:

https://cabanillas.sedelectronica.es/info.0

Desgaitasuna izanik, izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan eta baliabideetan, hala adierazi beharko dute eskabidean, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten, edo nola doitu behar diren denbora eta/edo baliabideak. Horretarako, izangaiak egokitzat jotzen duen dokumentazioa aurkeztuko du, eskabidea aurkeztearekin batera, 3.4 apartatuan ezarritakoari jarraikiz.

3.3. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Egoitza elektronikoan honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da: parte hartzeko eskabidea, II. eranskinaren arabera, eta deialdirako aurkeztu dituen merezimenduen kopia, merezimendu horiek balora daitezen, 6. oinarriaren arabera.

Desgaitasun aitortua duten izangaiek hura frogatzeko agiria aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

3.4. Aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ez dira onartuko deialdian, eta ordura arteko jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, deusetan galarazi gabe legokiekeen erantzukizuna, parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.

3.5. Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea, baina baldin aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4.–Izangaiak onartzea.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Cabanillasko Udaleko Alkatetzak ebazpen bat emanen du, onesteko izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Udalaren web-orriko gardentasun atarian.

4.2. Behin-behineko zerrenda deialdiaren web-fitxan argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek 10 egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondoren, Cabanillasko Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, onesteko onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila deialdiaren web-fitxan.

4.4. Izangai onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen prozedura gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko agiriak aztertzen direnean, egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Raquel Paz Aperte, Cabanillasko Udaleko alkatea. Ordezkoa: hark eskuordetutakoa.

Epaimahaikidea: Jose Ignacio Rodríguez Aguado, Cabanillasko Udaleko administrari-ofiziala. Ordezkoa: hark eskuordetutakoa.

Epaimahaikidea: Cristina Romero Paz, Cabanillasko Udaleko administrari-ofiziala. Ordezkoa: hark eskuordetutakoa.

Epaimahaikidea: Carlos Carcavilla Rodríguez, Udaleko Langileen Batzordea ordezkatuz. Ordezkoa: Udaleko Langileen Batzordeak izendatzen duena.

Epaimahaikide idazkaria: Francisco Javier Pérez Azagra, Cabanillasko Udaleko idazkaria. Ordezkoa: hark eskuordetutakoa.

5.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bertan ez badago kideen gehiengo osoa gutxienez.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, bertan egon behar dute epaimahaiburuak eta idazkariak –edo haien ordezkoek–. Bigarren ordezkapen bat behar izanez gero, ordezko epaimahaikide izendatu direnak ere izan daitezke haien ordezkoak.

5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izaten ahalko du, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenik, eta oposizioaldia gero.

6.2. Oposizioa 2026ko abuztutik aurrera hasiko da.

6.3. Lehiaketaldia ez da baztertzailea izanen, oposizioaldiaren aurretik izanen da, eta 20 puntu lortzen ahalko dira gehienez, baremo honen arabera:

6.3.a) Nafarroako toki-erakunde batentzat administrari-ofizialaren lanetan emandako urte bakoitzeko: 6 puntu, lanean egindako urte bakoitzeko.

6.3.b) Gainerako administrazio publikoentzat administrari-ofizialaren lanetan emandako urte bakoitzeko: 1,50 puntu, lanean egindako urte bakoitzeko.

Urteen kopurua osoa ez bada, puntuazio proportzionala emanen zaie izangaiei, zerbitzuan emandako egunen araberakoa.

Aurreko apartatuen batura ez da izanen 20 puntu baino handiagoa.

6.4. Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.

6.5. Probak.

6.5.1. Bi ariketa izanen ditu, eta bata bestearen atzetik eginen dira.

–Lehen ariketa (50 puntu gehienez):

Epaimahaiak ezartzen duen gehieneko denboran, erantzun beharko zaie test motako 50 galderari, gehienez, idatziz. Galderak izanen dira deialdi honen eranskinean agertzen diren gaiei buruzkoak. Galdera bakoitzari erantzuteko zenbait aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzeko, kenduko da erantzun zuzen baten balioaren 1/3.

Ariketa honetan 50 puntu lor daitezke gehienez. Bazterturik geldituko dira ariketan 25 puntu gutxienez lortzen ez dituztenak.

–Bigarren ariketa (30 puntu gehienez):

Praktikoa. Administrazio-agiri batzuk prestatu beharko dira, eta/edo galdera praktiko labur batzuei erantzun, oposiziogileei emanen zaizkien datuekin: lanpostuko zerbitzuekin zerikusia duten gaiei buruzkoak izanen dira, eta epaimahaiak hautatuko ditu, deialdiaren II. eranskineko gai-zerrendatik. Epaimahaiak idatziz, ahoz edo ordenagailuz plantea dezake kasu praktiko bakoitza. Era berean, epaimahaiak eska dezake eskuz edo ordenagailuz aritzeko, agiria prestatzeko, edo galdera praktiko laburrei erantzuteko. Proba honetan baloratuko dira alderdi gramatikalak, agiriaren aurkezpena, eta epaimahaiak emaniko datuak ongi jaso izana. Bigarren proban 30 puntu emanen dira gehienez, eta proba gainditzeko 15 puntu erdietsi behar dira gutxienez.

6.5.2. Bigarren ariketa zuzentzeko, ezinbestekoa izanen da lehenbiziko ariketan lortzea hura gainditzeko ezarritako puntuazioa.

6.5.3. Proba egiteko data udalaren webgunean argitaratuko da, behar besteko aurrerapenarekin.

6.6. Zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, gai guztiak eskatuko dira egun horretan indarrean dagoen araudiaren arabera.

6.7. Izangai guztiek aldean izan beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egunean, orduan eta tokian agertzen ez diren izangaiak, edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

6.8. Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak Cabanillasko Udalaren web-orrian argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta 5 egun balioduneko epea irekiko du, interesdunek alega dezaten beren eskubidearen arabera komeni zaiena, balorazioei buruz.

6.9. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.

6.10. Kalifikazio-epaimahaiak eskatzen ahalko du probak egiteko beharrezko deritzon laguntza teknikoa.

7.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

7.1. Izangaien kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak argitaratuko du probak gainditu dituztenen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, Udalaren iragarki-taulan eta Cabanillasko Udalaren egoitza elektronikoko gardentasun atarian, eta izendapen proposamen bat igorriko dio alkate udalburuari, puntuaziorik handiena lortu duen izangaiaren alde. Proposamen hori Udalaren argitaratuko da iragarki-taulan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Guztizko puntuazioa kalkulatzeko, batuko dira lehiaketaldian eta oposizioaldian erdietsitako puntuazioak.

Berdinketarik gertatuz gero, ebatziko da oposizioaldiko bigarren ariketan puntuazio handiagoa lortu dutenen alde. Berdinketak badirau, zozketa publikoa eginen da.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar egun naturaleko epean, proposatutako izangaiak aurkeztu beharko ditu deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzeko agiriak, Cabanillasko Udalaren Erregistro Orokorrean; zehazki, honako hauek:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta identitatea frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Tituluaren jatorrizko agiria edo kopia autentikoa, edo hura lortzeko eskubideak ordainduak dituela erakusten duen ordainagiria.

c) Osasun ziurtagiri ofiziala, frogatzen duena interesdunak ez duela eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik, eragozten dionik lanpostuko eginkizunetan aritzea.

d) Zinpeko adierazpena, adierazten duena ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua, eta ez dutela kendu inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

e) Zin egitea edo hitzematea begiratuko duela Nafarroako Foru Eraentza, men eginen diela Konstituzioari eta legeei, eta zintzo beteko dituela karguaren eginkizunak.

7.3. Proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten aipatutako epean (salbu behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan), ezin izanen dute izendatu, eta egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, galarazi gabe egozten ahal zaizkion erantzukizunak, hasierako eskabidean gezurra esateagatik.

7.4. Arestiko apartatuan azaldutakoa gertatuz gero, hutsunea beteko du 7.1 oinarriak aipatzen duen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiak, eta harekin ere erabiliko da aitzineko apartatuetako prozedura bera.

8.–Izendapena eta plazaz jabetzea.

8.1. Hautapen-prozesua bukatu ondoren, eta behin probak gainditu eta puntuaziorik handiena lortu duen izangaiak aurkeztu ondoren 7.2 oinarrian aipatzen diren agiriak, Cabanillasko Udaleko alkate udalburuak izendatuko du Cabanillasko Udaleko funtzionario, ari dadin administrari-ofizialaren lanpostuan.

8.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.3. Izendatutako izangaiak hilabeteko epean jabetu beharko du lanpostuaz, izendapena jakinarazten zaionetik hasita. Epe horretan jabetza hartzen ez badu (salbu behar bezala justifikaturiko ezinbesteko kasuetan), eskubide guztiak galduko ditu Cabanillasko Udaleko funtzionario izateko. Kasu horretan, jarraituko zaio deialdiko 7.4 oinarrian ezarritakoari.

9.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.

9.1. Eratuko da aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat, probak gainditu bai baina plazarik lortu ez duten izangaiekin. Hori dena, jarraikiz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari eta deialdi honen 1.1 oinarriari.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien beste zerrenda bat eratuko da, halaber, oposizioko lehen ariketan gutxienez 20 puntu lortu dituzten izangai baztertuekin. Zerrenda horretan ez da gehituko lehiaketaldia: lehen ariketan lortutako puntuazio-ordenari jarraituko zaio, eta zerrendan berdinketa gertatzen bada, zozketa bidez ebatziko da.

9.2. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda argitaratuko da udaletxeko iragarki-taulan eta Cabanillasko Udalaren egoitza elektronikoko gardentasun atarian.

9.3. Lortutako azken puntuazioaren arabera ezarriko da zein den ordena aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan.

9.4. Kontratazio-zerrendek lehentasuna izanen dute, indarrean diren aurreko zerrenden aurretik, halakorik badago. Halaber, indarrean iraunen dute harik eta beste deialdi bat egiten den arte.

9.5. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda kudeatzeko arauak.

A) Deia:

Probak gainditu dituzten izangaiak kontratatzeko, oro har, banakako deiak eginen dira, zerbitzuaren beharren arabera.

Izangaiek ematen ahalko dituzte harremanetarako zenbait telefono, helbide elektroniko edo fax-zenbaki, azkar lokalizatu ahal izateko, eta eguneraturik eduki beharko dituzte.

Zerrenda bakoitzean dagoen hurrenkeraren arabera deituko zaie izangaiei. Aurreko hori gorabehera, dei horretan kontuan hartuko da ezarrita dagoena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren testu bateginean, zazpigarren xedapen gehigarriaren 3. apartatuan.

Izangai bati kontratua telefonoz eskaintzen zaionean, gutxienez hiru dei eginen zaizkio, emandako komunikazio-bideen bitartez, bi eguneko epean.

Dei bakoitzaren idatzizko oharra jasoko da, adierazita gorabeherak, eguna eta ordua.

Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen diren lanpostua edo lanpostuak bete arte.

Izangaiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote, baldin haiekin harremanetan jartzerik izan ez bada.

Lan-kontratudun batek kontratuari uko egiten ahalko dio iraupen luzeko beste bat hartzeko, baldin eta haren zerrendaren esparrukoa bada eta hari badagokio ordenaren arabera.

B) Uko egitea:

1. Izangai batek uko egiten baldin badio eskaini zaion lanpostuari, zerrendaren bukaerara igaroko da, salbu frogatzen badu honako egoera hauetako batean dagoela:

1.–Horretara behartua egotea, indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik.

2.–Aldi baterako ezintasun egoeran egotea, edo lizentzia edukitzea umea izateagatik edo adoptatzeagatik.

3.–Zaindu behar izatea 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, naturala nahiz adoptatua.

4.–Zaindu behar izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, berez baliatu ezin dena, adinagatik, istripuagatik edo eritasunagatik.

5.–Izangaiaren ezkontza edo pareko egoera (jarraikiz uztailaren 3ko Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko 6/2000 Legeari), baldin lanpostuari uko egiten bazaio hori gertatu ondoko edo aurreko hamabost egun naturalen barnean.

Aurreko apartatuan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek edo pareko egoeretan daudenek (kontratazio arloan eskumena duen organoak baloratuko du egoera hori) hilabeteko epea izanen dute, ukatutako lanpostua eskaintzen zaien egunetik hasita, egoera hori frogatzeko agiriekin eta modu frogagarrian. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

Artikulu honetako lehen apartatuan aipatutako kasu guztietan, izangaiek jakinaraziko dute noiz dauden berriz zerbitzurako prest. Horretarako, aurkeztu beharko dituzte uko egitea ekarri zuen egoera noiz bukatu den adierazten duten agiriak. Komunikazio hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

C) Zerrendatik kanpo gelditzea:

Izangaiak honako kasu hauetan geldituko dira deia egiteko erabili den zerrendatik kanpo:

a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.

b) Sinatutako kontratuari uko egitea.

c) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea.

9.6. Kontratatzen direnei alta emanen zaie Gizarte Segurantzako araubide orokorrean, eta bertan afiliatuko; beraz, haien kargura egonen da kasuan kasuko kuota, bai eta PFEZaren atxikipena ere (pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga), bidezko diren zenbatekoetan.

10.–Datuen babesa.

Cabanillasko Udalaren ardura da deialdi honetan parte hartzeagatik izangaiek emandako datu pertsonalen tratamendua. Tratamenduaren helburua da kudeatzea eta izapidetzea administrari-ofizialaren lanposturako oposizio-lehiaketaren deialdia.

Hona hemen tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat betetzeko), eta DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, kontratu bat gauzatzeko, interesduna kontratu horren alderdi bat denean, edo berak eskatuta kontratu aurreko neurriak aplikatzeko).

Aurkeztutako datuak behar den denboran gordeko dira, zer xedetarako bildu diren, xedea lortzeko beharrezkoa den denboran, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko behar den denboran ere. Aplikatuko da artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko 12/2007 Foru Legea eta Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

Legez ezarritako kasuetan argitaratuko dira datuak, deialdian ezarritakoaren arabera, eta komunikatzen ahalko dira bat etorriz maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearekin (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko Foru Legea).

Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz, egoitza elektronikoaren bidez (datuak babesteari buruzko izapideak), edo datuak babesteko ordezkariaren helbidearen bidez (dpd@cabanillas.es).

Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari, lehen adierazitako helbidean.

11.–Errekurtsoak.

11.1. Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazten denetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

11.2. Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Cabanillasko Udaleko alkateari zuzendua, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta hilabeteko epean, egoitza elektronikoan dagoen gardentasun-atarian.

Cabanillasen, 2026ko uztailaren 8an.–Alkatea, Raquel Paz Aperte.

I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1. gaia.–Espainiako Konstituzioa. Atariko titulua. I. titulua: oinarrizko eskubideak eta betebeharrak.

2. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, hizpide duena administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea.

3. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, hizpide duena sektore publikoaren araubide juridikoa. Atariko titulua: I. kapitulua: xedapen orokorrak. V. kapitulua: sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa.

4. gaia.–7/1985 Foru Legea, apirilaren 2koa, Toki-araubidearen Oinarriei buruzkoa. II. titulua: udalerria. V. titulua: toki-erakundeei buruzko xedapen orokorrak. VII. tituluko I. kapitulua ("xedapen orokorrak"): Toki-erakundeen zerbitzurako langileak. XI. titulua: zenbait arlotako arau-hauste eta zehapenen tipifikazioa toki-erakundeetan.

5. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. Lege osoa eskatuko da, salbu X. titulua ("Eskualdeak").

6. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, hizpide dituena gardentasuna, informazio publikoa eskuratzea eta gobernu ona. I. titulua: xedapen orokorrak. II. titulua: gardentasuna: I. kapitulua: gardentasuna jarduera publikoan. III. kapitulua: publizitate aktiboa. III. titulua: informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: I. kapitulua: arau orokorrak. II. kapitulua: informazio publikoa eskuratzeko eskubidea erabiltzeko prozedura.

7. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. I. titulua: xedapen orokorrak. II. titulua: datu-babesaren printzipioak. III. titulua: pertsonen eskubideak.

8. gaia.–3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarriari buruzkoa. I. titulua: berdintasun-printzipioa eta diskriminazioaren aurkako babesa.

9. gaia.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa. I. titulua: xedapen orokorrak. II. titulua: berdintasunerako erakundeen antolaketako sistema.

10. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina. I. titulua: xedapen orokorrak. II. titulua: funtzionario publikoak. III. titulua: behin-behineko langileak. IV. titulua. Langile kontratudunak.

11. gaia.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, onesten duena Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina. Atariko titulua: foru legearen xedea eta helburuak. V. titulua: administrazioaren esku-hartzea lurzoruaren eraikuntzan eta erabileretan, eta hirigintza arloko diziplina.

12. gaia.–Biztanleen udal errolda. Biztanleen udal erroldaren ezagutza orokorra. Biztanleen udal erroldako izapideak eta prozedurak. 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, arautzen dituena Toki Araubidearen Oinarriak, 15. artikulutik 17. artikulura. 1690/1986 Errege Dekretua, uztailaren 11koa, onesten duena Toki Erakundeetako Biztanleriaren eta Lurralde Mugaketaren Erregelamendua. II. titulua: biztanleria eta errolda.

13. gaia.–17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, arautzen dituena Ingurumenean Eragina duten Jarduerak. I. tituluko V. kapitulua: jarduera sailkaturako udal lizentzia behar duten instalazioak eta jarduerak. III. titulua: diziplina eta ingurumen arloko legezko egoera lehengoratzea.

14. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. I. titulua. Xedapen orokorrak (III. kapitulua. 1. atala: foru lege honen mendean dauden kontratuen definizioa. V. kapitulua: publizitate-arauak eta adjudikazio-prozedurak). II. titulua. Administrazio publikoek egiten dituzten kontratuen arau espezifikoak (II. kapitulua: kontratua prestatzeko jarduketa administratiboak).

15. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa (osorik, III. titulua izan ezik).

16. gaia.–38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

II. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA

Izena: ..................................................................................................................., adinez nagusia, NAN zenbakia: ................................... (edo balio bereko beste agiriren bat), sorteguna: ..............(e)ko ......................................aren ..........(e)(a)n, sorterria: ............................... (............................),
nazionalitatea: ............................................., egungo bizitokia: ...........................................................),
kalea: .................................................., posta kodea: ....................., telefonoa: ..................................... eta posta elektronikoa: ...............................................................................

ADIERAZTEN DUT:

–Betetzen ditudala eskatutako baldintza guztiak, eskabideak aurkezteko emandako epea bukatzen den egunean, honako honetan: deialdia, oposizio-lehiaketa bidez bete dadin administrari-ofizialaren lanpostuko plaza bat, ari dadin Cabanillasko Udalaren zerbitzura. Argitaratu zen .......... zenbakidun Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun honetan: ................................(e)ko .........................................aren ..........(e)(a)n.

–Eransten dut deialdian parte hartzeko eskatutako dokumentazioa.

(Kasua bada) Desgaitasuna dut eta, hortaz, eskatzen ditut behar ditudan egokitzapenak, haietarako arrazoiak adierazita (beste orri batean zehaztuko dira eskatutako egokitzapenak eta eskaeraren arrazoiak).

(Kasua bada) Aurkezten dut desgaitasuna frogatzen duen agiria, erakunde eskudun batek emana.

–Eskabidearekin batera aurkezten dut lehiaketaldirako merezimenduen fotokopia.

Horiek horrela, eskatzen dut eskabide hau onartzea eta, beraz, onartua izatea honako honen hautaprobetan: oposizio-lehiaketa, bete dadin administrari-ofizialaren plaza bat, Cabanillasko Udalean, funtzionarioen araubidean.

Cabanillasen, 2026ko ............................................aren ........(e)an.

(Sinadura)

CABANILLASKO UDALEKO ALKATEA.

Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa. Tratamenduaren arduraduna: Cabanillasko Udala. Helburua: kudeatzea eta izapidetzea administrari-ofizialaren plaza betetzeko oposizio-lehiaketaren deialdia. Eskubideak: datuetan sartzeko eta datuak zuzentzeko eta deuseztatzeko eskubideak, bai eta bestelako eskubideak ere, jarraikiz deialdiko 10. oinarrian adierazitako informazio gehigarrian adierazitakoari.

Iragarkiaren kodea: L2609742