Iragarkia
143. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 23a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
424/2026 EBAZPENA, ekainaren 23koa, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira 2026-2027 ikasturtean Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren antolaketa eta jarduna arautuko duten jarraibideak.
Abuztuaren 29ko 68/2018 Foru Dekretuaren bidez (haren bidez egokitu zen abenduaren 22ko 1041/2017 Errege Dekretua) ezarri ziren Nafarroan hizkuntzen irakaskuntzen oinarrizko mailako, tarteko mailako eta maila aurreratuko curriculumak, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak ezarritakoak.
Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren antolaketa eta jarduna 2026-2027 ikasturtean arautuko duten jarraibideak onesteko.
Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren antolaketak eta jardunak 2026-2027 ikasturtean bete beharko dituzten jarraibideak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.
2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzura, Ikasketak Antolatzeko Atalera eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialera.
4. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Iruñean, 2026ko ekainaren 23an.–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.
ERANSKINA.–JARRAIBIDEAK, NUHEO-NAFARROAKO URRUTIKO HIZKUNTZA ESKOLA OFIZIALAREN ANTOLAKETA ETA JARDUNA 2026-2027 IKASTURTEAN ARAUTZEKO
I.–Urrutiko irakaskuntza: That´s English! eta Exam Prep
1.–That’s English!
1.1. Ikastaroaren ezaugarriak.
That’s English! ikastaroaren barnean, hizkuntza eskola ofizialen mailakatzearen araberako A2 oinarrizko mailako, B1 eta B2 tarteko mailetako eta C1 maila aurreratuko ingeles irakaskuntzak ematen dira, urrutiko modalitatean irakasteko behar diren curriculum-egokitzapenak eginda.
2026-2027 ikasturtean, ikastaroaren egitura ondokoa izanen da:
MAILA | IKASMAILA | MODULUA |
A2 oinarrizko maila | A2 oinarrizko mailaren | A2.1 oinarrizko maila |
A2.2 oinarrizko maila | ||
A2 oinarrizko mailaren | A2.3 oinarrizko maila | |
A2.4 oinarrizko maila | ||
B1 tarteko maila | B1 tarteko maila | B1.1 tarteko maila |
B1.2 tarteko maila | ||
B2 tarteko maila | B2 tarteko mailaren | B2.1 tarteko maila |
B2.2 tarteko maila | ||
B2 tarteko mailaren | B2.3 tarteko maila | |
B2.4 tarteko maila | ||
C1 maila aurreratua | C1 maila aurreratua | C1.1 maila aurreratua |
C1.2 maila aurreratua |
Ziurtapena duten mailak gainditzeko probak (B1 tarteko maila, B2 tarteko maila eta C1 maila aurreratua) bat etorriko dira Nafarroako hizkuntza eskola ofizial guztiek maila horien ziurtagiria lortzeko ezartzen dituztenekin.
1.2. Ikasleak onartzeko irizpideak.
Urrutiko irakaskuntza hauetan sartzeko, ezinbestekoa izanen da hamasei urte beterik izatea ikasketak hasten diren urtean. Hamalau urtetik gorakoek ere parte hartzen ahalko dute, baldin eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ingelesa ikasi ez badute.
A2 oinarrizko mailako bigarren ikasmailan eta B2 tarteko mailan eta B1 tarteko mailan eta C1 maila aurreratuan sartzeko, irakaskuntza hauetarako baldintza orokorrez gain, honako baldintza hauetako bat bete eta frogatu beharko da:
1.2.1. A2 oinarrizko mailan sartzeko:
–Irakaskuntza hauetako ingeleseko lehen ikasmaila gainditua izatea, modalitate presentzialean nahiz urrutikoan.
–That 's English! 2020 Planaren A2 oinarrizko mailako lehen ikasmailako A2.1 oinarrizko modulua gainditu izana; kasu horretan, A2.2 oinarrizko modulua abenduko deialdian gainditu beharko da, mailako bigarren ikasmailako moduluetan ebaluatu ahal izateko.
–Dagokion mailan sartzeko proba gainditzea.
1.2.2. B1 tarteko mailan sartzeko:
–Ingeleseko A2 oinarrizko maila gainditua izatea, modalitate presentzialean nahiz urrutikoan.
–Batxilergoko titulua izatea, bertan ingelesa ikasi bada atzerriko lehen hizkuntza gisa.
–HEEEBren arabera A2 gisa aitortutako ziurtagiriak izatea, edo A2 oinarrizko mailako ziurtagirien baliokideak, hizkuntza eskola ofizialek onartuak.
–Dagokion mailan sartzeko proba gainditzea.
1.2.3. B2 tarteko mailako lehen ikasmailan sartzeko:
–B1 tarteko maila gainditua izatea, modalitate presentzialean nahiz urrutikoan.
–2018ko Planaren B1 tarteko mailaren lehen ikasmailako 6. modulua gainditu izana.
–HEEEBren arabera B1 gisa aitortutako ziurtagiriak izatea, edo B1 tarteko mailako ziurtagirien baliokideak, hizkuntza eskola ofizialek onartuak.
–Dagokion mailan sartzeko proba gainditzea.
1.2.4. B2 tarteko mailako bigarren ikasmailan sartzeko:
–B2 tarteko mailako lehen ikasmaila gaindituta izatea modalitate presentzialean edo urrutikoan.
–That's English! 2020 Planeko B2 tarteko mailaren lehen ikasmailako B2.1 tarteko modulua gaindituta izatea. Kasu horretan, ikasleek B2.2 tarteko modulua abenduko deialdian gainditu beharko da, B2 tarteko mailako bigarren ikasmailako moduluak ebaluatu ahal izateko.
–That's English! 2018 Planeko B2 tarteko mailaren bigarren ikasmailako 9. modulua gaindituta izatea.
–That's English! 2018 Planeko B2 tarteko mailaren bigarren ikasmailako 10. modulua gaindituta izatea.
–That's English! 2018 Planeko B2 tarteko mailaren 11. modulua gaindituta izatea, eta 12. modulua gainditu ez izana.
–Dagokion mailan sartzeko proba gainditzea.
1.2.5. C1 maila aurreratuan sartzeko:
–B2.2 tarteko maila gainditua izatea, modalitate presentzialean nahiz urrutikoan.
–HEEEBren arabera B2 gisa aitortutako ziurtagiriak izatea, edo B2 tarteko mailako ziurtagirien baliokideak, hizkuntza eskola ofizialek onartuak.
–Dagokion mailan sartzeko proba gainditzea.
1.2.6. Mailakatze probaren ezaugarriak.
Mailakatze proba honako hauentzat da: aurretik ingelesa jakinik, A2 oinarrizko mailako bigarren ikasmailan edo goragokoetan sartu nahi dutenentzat aurreko ikasmailak gainditu gabe. Aipatu proba ikasturtearen hasieran eginen da.
Mailakatze proba gainditzeak ez du ondorio akademikorik sortuko, eta 2026-2027 ikasturterako izanen du balioa.
Ez bada maila bat gainditu, ikasturte berean ezin izanen da goragoko mailan sartzeko probarik egin.
1.3. Matrikula.
That’s English! ikastaroko ikasleak That’s English! programa NUHEOren mailekin bateragarri egiten duen ingeles ikastaro batean matrikulatzen dira. Horrez gain, Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko ikasle ofizialtzat joko dira, eta ezin izanen dira aldi berean hizkuntza berean matrikulatu beste hizkuntza eskola ofizial batean, ez ikasle ofizial gisa ez ikasle libre gisa.
That’s English! ikastaroan matrikulatzeko epea 2026ko azaroaren 15ean bukatuko da. Bere webgunean argitaratuko ditu NUHEOk egoitza bakoitzerako matrikulazio epeak.
Aurreinskripzioa Internet bidez egiten ahalko da.
Eskaintzen diren ikaspostuen kopurua mugatua denez, matrikularen hurrenkeraren arabera esleituko dira. Horri dagokionez, matrikularen inprimakia aurkeztu eta banketxeak balioztatutako ordainketa egiten denean joko da erabat egintzat matrikula.
Material didaktikoa NUHEOn emanen da, matrikula formalizatu ondoren betiere.
Izena aurrenekoz ematen duten ikasleek, dagozkion tasen ordainagiriaz gainera, nortasun agiri nazionalaren fotokopia eta argazki bat erantsiko dizkiote matrikula orriari.
Mailakatze proba egitea eskatzen duenak ez du matrikula egiterik izanen emaitza jakin arte.
2026-2027 ikasturterako tarifak apirilaren 22ko 26/2026 Foru Aginduan ezarritakoak dira (5.2 puntua). That's English! ikastaroa:
–Zerbitzu orokorrak: 10,18 euro.
–Lehen inskripzioa: 23,99 euro.
Tarifa horiei aplikatzen ahal zaizkien murrizketak foru agindu horren 2. puntuan deskribatuta daude.
Zerbitzu orokorrengatik ordaintzen diren zenbatekoak ez dira itzuliko matrikula deuseztatzen bada.
Ikasleak bizilekua aldatzen duenean ikasturtean zehar, espedientearen lekualdaketa egiteko eskaerak jatorrizko ikastetxearen bidez tramitatuko dira, interesdunak eskaturik, destinoko ikastetxean ikasposturik badela berretsi eta gero.
Material didaktikoa: 2026-27 ikasturterako, That 's English!-ek 210 euroko prezioa du. Taula honetan jaso da prezioen laburpena:
EGOERA | 2026-2027KO |
Matrikula arrunta | 210,00 euro |
Ikastaroa gaindituta modalitatean matrikulatutako ikasleak | 200,00 euro |
65 urtetik gorako ikasleak | 160,00 euro |
Maila errepikatzen duten ikasleak | 131,00 euro |
Familia unitatea* | 131,00 euro |
Administrazio publikoko funtzionarioak, bitarteko langileak edo lan-kontratudunak | 115,00 euro |
52 urtetik gorako langabeak | 105,00 euro |
Araubide orokorreko edo bereziko ikastetxe publikoetako funtzionarioak, bitartekoak edo lan-kontratudunak | 105,00 euro |
Familia ugari orokorra | 105,00 euro |
Familia ugari berezia | DOHAINIK |
%33ko edo hortik gorako desgaitasuna dutenak | DOHAINIK |
Genero indarkeriako ekintzen biktimak, baita haien seme-alabak ere | DOHAINIK |
Terrorismoaren biktimak | DOHAINIK |
(*) Ez da aplikatuko baldin kideetako batek beste deskontu edo salbuespen bat izateko eskubidea badu. | |
Murrizketak ezin dira metatu. Murrizketak ez zaizkie aplikatuko errepikatzen duten ikasleei.
Kasu bakar batean itzul liteke material didaktikoagatik eta tutoretzagatik ordaindutakoa: That´s English!-i egozten ahal zaizkion arrazoiengatik deuseztatzen denean. Itzulketa-eskaera 2026ko abenduaren 15a baino lehen aurkeztu behar da.
1.3.1. Ikastaroa gaindituta modalitatean matrikulatutako ikaslearen figura sortu da, prestakuntza modalitate gisa, That´s English! formatuan ikasketak gauzatu nahi dituztenentzako, konpetentziak eguneratu edo finkatzeko. Hala ere, modalitate horretan matrikulatzean ez dute ziurtagiri akademikorik lortuko, eta ez dituzte ikasle ofizialek dituzten betebeharrak izanen. Modalitate hori ikasle ohiei zein biztanleria osoari dago zuzenduta.
Modalitate honen erregimenak honako muga hauek ditu:
a) Ikasleak ez du ebaluazio ofizialerako eskubiderik izanen, eta ezin izanen ditu egin modulu amaierako probak, ebaluazio arautuak edo ziurtagirietarako probak.
b) Ez du ekarriko kalifikazio akta ofizialetan jasotzea.
c) Ez du mailaz igotzeko, beste ikastaro batzuetara sartzeko edo ikasketetan jarraitzeko aukerarik emanen.
d) Ez da bateragarria izanen hizkuntza horretan berean beste ikastaro batean matrikulatzearekin, indarrean dagoen ikasturteak iraun bitartean.
e) Modalitate honetan matrikulatzeko aukera egonen da baldin eta plaza hutsak geratu badira plaza ofizialak esleitu ondoren.
Modalitate honetan matrikulatu ahal izateko, tasa batzuk ordaindu beharko dira; 200,00 euro, hain zuzen ere. Ikasleak ikastaroa errepikatu nahi izanez gero, ikastaroa gaindituta modalitatean matrikulatutako ikasletzat joko da oraindik ere.
Modalitate honetan sartzeko, nahitaezkoa izanen da ikasleen hasierako balorazioa (IHB) egitea. Proba horren emaitzak adieraziko du ikaslea zer mailatan matrikulatu behar den. Bestela, posible da aurkeztea HEEEBren A2, B1, B2 edo C1 mailen ziurtagiria, hizkuntza eskola ofizialek aitortutakoa. Ikastaroa gaindituta modalitatean matrikulatutako ikasleek aukera izanen dute matrikula egiteko haiek aurkeztutako agirietan ageri den mailan edo azpiko edozeinetan.
Modalitate honetan matrikulatzen diren ikasleek lehenengo matrikulan jasoko dute material didaktikoa, eta hurrengoetan jardueretarako koadernoa, ikastaroa errepikatu nahi izanez gero.
1.4. Tutoretzarako ikastetxeak.
2026-2027 ikasturtean, tutoretzarako ikastetxe hauek izanen dira:
ZENTROA | HERRIA | MAILAK |
NUHEOren egoitza | Iruña | A1, A2, B1, B2.1, B2.2, C1 |
Alhama BHI | Corella | B1, B2.1, B2.2, C1 |
Lizarraldea BHI | Lizarra | A1, A2, B1, B2.1, B2.2 |
Sierra de Leyre BHI | Zangoza | A1, A2, B1, B2.1, B2.2, C1 |
Mendaur DBHI | Doneztebe | A1, A2, B1, B2.1, B2.2, C1 |
Tafallako IBP | Tafalla | A1, A2, B1, B2.1, B2.2, C1 |
Valle del Ebro BHI | Tutera | A1, A2, B1, B2.1, B2.2, C1 |
Ribera del Arga BHI | Azkoien | A1, A2, B1, B2.1, B2.2 |
Altsasu BHI | Altsasu | A1, A2, B1, B2.1, B2.2, C1 |
El Camino DBHI | Viana | B1, B2.1 |
Pablo Sarasate BHI | Lodosa | A1, A2, B1, B2.1, B2.2 |
1.5. That's English! ikastaroa ematen duten irakasle tutoreak.
That's English! ikastaroa ematen duten irakasleak Hizkuntza Eskola Ofizialetako Irakasleen Kidegokoak edo Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegokoak izanen dira. Eskualdeetarako ezarritako Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan, berriz, Bigarren Hezkuntzako institutuetako plantillako irakasleek emanen dute, ohiko ordutegian, ikasturte osoan eskaintza horretan ariko direla konpromisoa hartuta, bai ikasleen tutoretzari bai ebaluazioari dagokien guztian.
Irakasle tutoreak, bere ordutegiaren barrenean, astero ordubete eginen du talde bakoitzarekin ahozko praktikako saioa egiteko A2 oinarrizko mailan, eta astean bi ordu, bai tarteko mailetan, bai maila aurreratuan. Horretaz aparte, astean 30 minutu eginen ditu A2 oinarrizko mailako ikasmaila guztietan, astean 30 minutu B1 eta B2 tarteko mailako ikasmailetako bakoitzean eta astean ordubete C1 maila aurreratuan, idatzizko jarduerak eta moduluko probak zuzentzeko, idatzizko azterketak administratzeko eta zuzentzeko, eta ahozko proben epaimahaietan esku hartzeko. Halaber, irakasle tutoreak deitutako koordinazio-bileretara ere joan beharko du.
Azken kalifikazioaren erantzukizuna NUHEOko ingeles departamentuari dagokio.
1.6. Tutoretzako arreta.
Ikasleek, ikasturtean zehar, ordubeteko saioa izanen dute astean tutorearekin A2 oinarrizko mailan, eta bi orduko saioa B1 eta B2 tarteko mailetako ikasmailetan eta C1 maila aurreratuan. Saioak taldean eginen dira, eta borondatezkoa izanen da haietara joatea. Dena dela, hilabeteko kontrola eginen da ikasleak zenbat saiotara joaten diren aztertzeko.
1.7. Material didaktikoak.
Urrutiko Hezkuntzaren Berrikuntzarako eta Garapenerako Zentroak eta NUHEOk zuzendu eta koordinatuko dute material didaktikoen banaketa.
Ikasle berriak matrikulatu den ikasmailari dagokion material guztia jasoko du (testuliburuak, material osagarriak eta ikus-entzunezko materiala), eta, horrekin batera, jarraibide osagarriak.
Ikasmaila errepikatzen duten ikasleek matrikulatu diren ikasmailako jarduera-koadernoa eta gidaliburu osagarria jasoko dituzte.
1.8. Ebaluazioa.
NUHEO arduratuko da modulu guztien ebaluazio proben antolaketaz, aplikazioaz eta zuzenketaz.
Ikasmaila bateko edozein modulu gainditzeak, automatikoki, ikasmaila bereko aurrekoak gainditzea dakar berekin. Edonola ere, ikasmaila bat gainditzeko, ikasmaila horretako azken modulua gainditu behar da.
Ikasturtean zehar, idatzizko ebaluazio proba batzuk eginen dira A2 oinarrizko mailan, B1 eta B2 tarteko mailetan eta C1 maila aurreratuan, NUHEOk ezartzen duen egutegiaren arabera.
Modulu bakoitza gainditzeak akreditazio bat lortzea dakar. Akreditazio horrek gainditutako proben balio iraunkorra bermatuko du hezkuntza modalitate honen ondorioetarako.
Ziurtapena duten mailak gainditzeko probak (B1 tarteko maila, B2 tarteko maila eta C1 maila aurreratua) bat etorriko dira Nafarroako hizkuntza eskola ofizial guztiek maila horien ziurtagiria lortzeko ezartzen dituztenekin.
Beren ingeles mailaren ziurtagiri ofiziala lortu ez duten edo lortu nahi ez duten ikasleak, A2.4, B1.2 eta B2.4 moduluak gainditu eta gero, hurrenez hurren, goragoko moduluan matrikulatzen ahalko dira: B1.1, B2.1 eta C1.1. Horrela, ikasleek ikasmailak gainditzen dituztela ziurtatuko da, nahiz eta ziurtagiririk ez izan.
1.9. Erreklamazioak.
Argibideak eskatzeko edo bidezko erreklamazioak egiteko prozedura 49/2013 Foru Aginduaren VI. kapituluan araututakoa izanen da (kapitulu hori 61/2021 Foru Aginduaren bidez aldatu da).
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearekin bat, ikasleek eskubidea izanen dute ebaluazio prozeduretako agiriak ikusteko eta horien kopia eskuratzeko. Ikastetxeek zerbitzu hori emateko behar den berariazko prozedura (komunikazio bideak, eskaera epeak, entrega epeak, tasak, etab.) arautu beharko dute beren plangintza instituzionaleko agirietan.
2.–Exam Prep ikastaroa.
2.1. Irakaskuntzak.
Exam Prep online ikastaro trinko bat da, B2 tarteko mailako eta C1 maila aurreratuko ingeles-ziurtapeneko proba ofizialak prestatzeko.
That's English! programaren ikastaro berezi bat da, %100 online ematen dena, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak sortua. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarekin eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialarekin (NUHEO) lankidetzan garatzen da, eta hura arduratuko da ikastaroaren tutoretza-arretaz.
2026-2027 ikasturterako, tarteko B2 mailako eta C1 maila aurreratuko ikastaroak eskainiko dira.
2.2. Ikasleak onartzeko irizpideak.
Honako hauek dira irakaskuntza horietan sartzeko baldintzak:
Gutxienez 16 urte betetzea ikastaroa egiten den urte naturalean.
Nafarroan bizitzea.
Ez da beharrezkoa azterketaren xede den hizkuntzako maila baxuagoko ziurtagiririk izatea.
Ez da bateragarria That's English! ikastaro ofizialeko matrikularekin.
2.3. Izena emateko prozedura.
Inskripzioa eta matrikula online baino ezin dira egin, webgune honen bidez: examprep.thatsenglish.com. Inskribatu ahal izateko, ezinbestekoa da goian aipatutako baldintzak betetzea.
Ikasleak mailakatze proba egin beharko du ikastaroa ordaindu aurretik. Proba horrek erabakiko du ikaslea gai den ala ez ikastaroan sartzeko, eta zein ikasmailatan eman dezakeen izena.
Informazio hori proba egiteko pantailan bertan emanen da, bai eta posta elektronikoaren bidez ere. Ikasleak bi leku horietatik hasten ahalko du datu pertsonalak grabatzeko, nahiago duen txanda hautatzeko, baldintzak onartzeko, datuak babesteko eta ordaintzeko prozesua.
Ordainketa behar bezala egin ondoren, ikasleak bere ikaspostua bermatuta izanen du esleitutako ikasmailan eta hautatutako txandan (goizez edo arratsaldez).
2.4. Matrikularen ordainketa.
Honako hau da 2026-2027 ikasturterako tarifa:
–Matrikula: 150 euro.
ST birtualaren bidez bakarrik ordaindu ahal izanen da. Ordainketa egitean, ikaslea BBVA bankuko ordainketa-atebidera birbideratuko da. Ikasleari eskatuko zaio dagozkion eremuak betetzeko, banku-txartelaren zenbakia, iraungitze-data eta kontrol-zenbakia adierazita. Ordainketa-prozesuaren etapak erabat enkriptatuta eta babestuta daude. Eskariarekin eta txartel-zenbakiarekin lotutako informazioa ez doa zifratu gabe Interneten. Txartelaren zenbakia ez da inprimatzen dokumentuetan, fakturetan, kreditu-txartelen ordainagirietan edo bestelako egiaztagirietan.
2.5. Dokumentazioa entregatzea.
Ordainketa egin ondoren, bi mezu bidaliko zaizkio ikasleari: bat ordainketaren ordainagiriarekin, eta bestea, dokumentazioa aurkezteko jarraibideekin.
Ikasleak hiru lanegun izanen ditu examprep@thatsenglish.com helbidera mezu elektroniko bat bidaltzeko, eskaneatutako dokumentu hauek erantsita:
–NANa, AIZa edo pasaportea.
–Nafarroan bizi dela egiaztatzen duen dokumentazioa.
2.6. Zerbitzurako sarbidea.
Prestakuntza plataforman sartzeko gakoak ikastaroa hasi baino egun bat lehenago bidaliko dira gutxienez, ikasleak izena ematean adierazitako helbide elektronikora.
2.7. Tutoretzak.
Tutoretza-saioak bideokonferentziaren bidez baino ez dira eginen. Tutoretza-saioen ordutegiak eta antolaketa NUHEOk zehaztuko ditu ikastaroa hasi aurretik.
2.8. Ebaluazioa.
Ikastaroaren barnean sartzen da dagokion mailako proba bateratua egiteko aukera, Nafarroako hizkuntza eskola ofizialen ziurtagiria lortzeko.
Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofiziala (NUHEO) arduratuko da ebaluazio proben antolaketaz, aplikazioaz eta zuzenketaz.
2.9. Erreklamazioak.
Argibideak eskatzeko edo erreklamazioak egiteko prozedura izanen da 49/2013 Foru Aginduaren VI. kapituluan araututakoa.
2.10. Atzera egiteko eskubidea.
Atzera egiteko eskubidea baliatu nahi duen ikasleak 14 egun naturaleko epea izanen du, inskripzioa ordaintzen den egunetik aurrera. Atzera egiteko eskubidea baliatu nahi duen ikasleak horretarako eskaera bidaltzen ahalko du devoluciones@thatsenglish.com helbidera.
Epeak zuzenak direla eta zerbitzua erabili ez dela egiaztatu ondoren, diru-zenbatekoa itzuliko da, ikasleak ordaintzeko erabili zuen metodo bera erabiliz.
Atzera egiteko eskubidea ez da aplikatuko ikasleak zerbitzuak erabili baditu.
Atzera egiteko epea bukatuta, ikasleari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik soilik itzuliko da inskripzioagatik ordaindutakoa. Ez da itzulketa-eskaerarik onartuko ikasleari egotz dakizkiokeen arrazoiengatik.
II.–Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeen arteko lankidetza programa
1.–Lankidetzaren xede diren irakaskuntzak eta hizkuntzak.
1.1. Ezaugarriak.
Hizkuntzen irakaskuntza-ikaskuntzak ezaugarri batzuk ditu araubide bereziko hizkuntza irakaskuntzetan eta beste batzuk Bigarren Hezkuntzakoetan. Nolanahi ere, biek dituzte hizkuntza helburu eta eduki komun batzuk, ikaskuntza-prozesua bateragarri egiteko aukera ematen dutenak. NUHEOrekin lankidetzan aritzeko programari esker, Bigarren Hezkuntzako ikasleek ikasten dituzten hizkuntzen ziurtapen ofizialak izan ditzakete. Maila jakin batzuetako ziurtapena lortzeko, beharrezkoa izanen da kasuan kasuko proba gainditzea.
2026-2027 ikasturtean lankidetzaren barrenean sartzen diren hizkuntzak alemana, euskara, frantsesa eta ingelesa izanen dira.
Abuztuaren 29ko 68/2018 Foru Dekretuan ezartzen dira araubide bereziko hizkuntzen irakaskuntzetako curriculumak.
Irakaskuntza horiek kasuan kasuko hizkuntzaren ohiko ordutegian jasoko dituzte ikasleek, Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako irakasleek emanik.
Programa honetarako laguntza klaseak antolatzen badira, borondatezkoak izanen dira ikasleentzat.
1.2. Mailen egokitzapena.
Oro har, araubide bateko eta besteko irakaskuntzak batera eginez gero, mailen egokitzapen hauek ezarriko dira:
EGOKITZAPEN OROKORRAK | |
Alemana Atz. Hizk. 2 | |
NUHEOko maila | Bigarren Hezkuntzako maila |
A2 oinarrizko maila | DBHko 3. eta 4. mailak / LH |
B1 tarteko maila | DBHko 4. maila / Batxilergoa / LH |
Frantsesa AH2 | |
NUHEOko maila | Bigarren Hezkuntzako maila |
A2 oinarrizko maila | DBHko 3. eta 4. mailak / LH |
B1 tarteko maila | DBHko 4. maila / Batxilergoa / LH |
B2 tarteko maila | BachiBac (Batxilergoa/LH) |
C1 maila aurreratua | BachiBac |
Euskara. A eredua | |
NUHEOko maila | Bigarren Hezkuntzako maila |
A2 oinarrizko maila | DBHko 3. eta 4. mailak / LH |
B1 tarteko maila | DBHko 4. maila / Batxilergoa / LH |
B2 tarteko maila | Batxilergoa / LH |
Euskara. D eredua | |
NUHEOko maila | Bigarren Hezkuntzako maila |
B2 tarteko maila | DBHko 4. maila / LH |
B2 tarteko maila / C1 maila aurreratua | Batxilergoa / LH |
Ingelesa Atz. Hizk. 1 | |
NUHEOko maila | Bigarren Hezkuntzako maila |
B1 tarteko maila | DBHko 4. maila / Batxilergoa / LH |
B2 tarteko maila | DBHko 4. maila / Batxilergoa / LH Goi mailako ikasketak |
C1 maila aurreratua | Goi mailako ikasketak / British programako Batxilergoa eta Bigarren Hezkuntza eleaniztuna |
Egokitzapen orokor hauek erabiliko dira Bigarren Hezkuntzako irakasleen konpentsazio orduak, lankidetza programakoak, ezartzeko, eranskin honen II.7.1 puntuan deskribatzen den moduan.
Arestian adierazitakoa gorabehera, gerta daiteke ikastetxe laguntzaile batean matrikulatutako ikasleek halako biografia linguistikoa izatea non zilegi baitute goragoko beste maila bateko ziurtagiria eskuratzea. Horrelakoetan, ikasleek dagokion hizkuntzako ziurtagiria lortzeko aukera izanen dute. NUHEO arduratuko da egokitzapen aurreratuetako ikasle horietaz.
LHko ikastetxeen egokitzapenak ikastetxe bakoitzaren berezitasunen arabera aztertuko dira.
Egokitzapen Orokorren arabera onartutako mailetara iristeko zailtasuna behar bezala justifikatzen duten eta HLPB duten D ereduko euskara ikasleek B1 maila egiaztatzeko aukera izanen dute.
Azkenik, NUHEOko ikasleek ezin badituzte ikasketak amaitu aurreko ikasturtean matrikulatuta egon diren hizkuntzaren goragoko maila batean, ikastetxez eta hezkuntza-eskaintzaz aldatzeagatik, NUHEOn matrikulatzeko aukera izanen dute, online modalitatean.
2.–Beste jarraibide batzuk.
"Ez gai" kalifikazioa jasotzen duten ikasleek maila errepikatzen ahalko dute, NUHEOren ikastetxe laguntzaile batean jarraitzen badute.
NUHEOko lankidetza programan aurrenekoz sartzen diren ikasleak kasuan kasuko mailan matrikula daitezke, indarra duten egokitzapenen arabera, HEOko aurreko maila frogatu beharrik gabe.
Ikastetxe baimendu bateko ikasle batek atzerrian ikasturte bat egin behar badu, NUHEOren nazioarteko programan matrikulatzen ahalko da, eta oro har ezarritako baldintzak betez egin beharko du matrikula.
3.–Ikastetxe laguntzaileak baimentzea.
Ezarri gogo den ikasturtearen aurreko apirilaren 1a baino lehen, programan parte hartu nahi duten ikastetxeek eskaera egin beharko diote Hezkuntza Departamentuko Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari, eskabide orokorraren bidez, bat etorrita urriaren 18ko 583/1995 Foru Aginduan ezarritakoarekin, eta zehaztuko dute ikastetxeak zer hizkuntzarekin edo hizkuntzekin hasi nahi duen lankidetzan NUHEOrekin. Eskaera ikastetxeko zuzendariak egin behar du, Eskola Kontseiluaren oniritziarekin betiere. Eskaera horretan zehaztuko da, halaber, zein hizkuntzatarako eskatzen den baimena (hizkuntza bat edo bat baino gehiago izan daitezke).
Hezkuntza Departamentuak horri buruzko ebazpena emanen du, eta, horretarako, NUEHOren eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren txostenak hartuko ditu kontuan.
NUHEOrekin lankidetzan hasi diren ikastetxeek lankidetzan aritzeko konpromiso horri eutsi beharko diote, gutxienez ere, harik eta ikasleek aukera duten arte, zer hizkuntzatan matrikulatu diren, NUHEOk hizkuntza horietan eskaintzen dituen mailak bukatzeko.
4.–Ikasleak.
4.1. Onarpena eta matrikulazioa.
Hezkuntza Departamentuaren baimena duten Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ikastetxeetan kasuko hizkuntza ikasten duten ikasleentzat borondatezkoa da programa honetan parte hartzea.
Ikasleek, haien ikastetxeko irakasleen bidez, NUHEOn tramitatu beharko dute matrikula, eta, horretarako, Hezkuntza Departamentuak irakaskuntza horietarako ezartzen dituen tarifak ordaindu beharko dituzte.
Ikastetxe baimendu bateko ikasleek atzerrian ikasturte bat egin behar badute NUHEOn tramitatuko dute matrikula zuzenean.
Zerbitzu orokorren kontzeptu gisa edo aurreneko inskripziorako ordaindutako tasak ez dira itzuliko.
Ikasleak ezin izanen dira hizkuntza berean matrikulatu beste hizkuntza eskola ofizial batean aldi berean.
4.2. Matrikulari uko egitea.
Edozein ikaslek uko egin diezaioke dagokion matrikulari, eskaera igorrita, martxoaren 31ra arte –epe hori ezarri baita ikasle berriak onartzeko–, bere espediente akademikoa zer hizkuntza eskola ofizialetan dagoen, eskola horretako zuzendaritzari.
Matrikulari uko egitea tramitatu ondoren, matrikulari egindako ukoa ikaslearen espediente akademikoan jasota geratuko da eginbide baten bidez, eta ulertuko da ikasturte hori ez dela zenbatuko maila errepikatzearen ondorioetarako.
Irakaskuntza hauek dituzten ikasmailetako bakoitzean behin baizik ez zaio uko egiten ahalko matrikulari.
Matrikula baliogabetuz gero ikastetxeari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik, ordaindutako tasak ez dira itzuli beharko.
5.–Ebaluazioa.
5.1. Zonifikazioa, azterketak egin ahal izateko.
Programako ikastetxeak hainbeste direnez eta hain sakabanaturik daudenez, eskualdeak sortuko dira azterketak egiteko (idatzizkoak eta ahozkoak). Hori dela eta, kasua bada, hizkuntza bakoitzerako eskualdeburutzat jotzen diren ikastetxeetara joan beharko dute ikasle-irakasleek.
Ahozko probak ikastetxean bertan eginen dira. Dena dela, ebaluatu beharreko ikasle kopurua hamarretik beherakoa bada, ikaslearen jatorrizko ikastetxea ez den beste batean egitea erabaki daiteke.
5.2. Proben antolaketa eta aplikazioa.
NUHEOko irakasleek antolatuko, aplikatuko eta zuzenduko dituzte idatzizko probak. Bigarren Hezkuntzako irakasle laguntzaileek idatzizko azterketak zuzentzen eta ahozko probarako epaimahaietan parte hartuko dute, NUHEOko behar den departamentu didaktikoarekin koordinatuta.
Idatzizko azken probak deialdi bateratuan eginen dira, Nafarroako gainerako hizkuntza eskola ofizial guztiek egiten dituzten egun eta ordu berean. Antolaketa dela eta, behin Hezkuntza Departamentuak kalkulatuta zer behar dauden, egun bereiziak zehazten ahalko dira testu idatzien produkzioko eta koprodukzioko hizkuntza jarduerak eta idatzizko bitartekaritzakoak egiteko, zeinak ebazpen bidez urtero ezartzen den ziurtapen proben egutegian sartuko baitira.
Ahozko proba egiteko epaimahai mistoak eratuko dira, eta, haietan egonen dira NUHEOko irakasle bat edo eskualdeko irakasle koordinatzaile bat eta Bigarren Hezkuntzako irakasle bat. Salbuespen gisa, epaimahaian Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko bi irakasle egon litezke, edo Hezkuntza Departamentuak baimendutako irakasle funtzionarioak. Azken kalifikazioaren erantzukizuna NUHEOko kasuan kasuko departamentu didaktikoari dagokio.
Idatzizko probak egiteko, NUHEOko zuzendaritzak Bigarren Hezkuntzako ikastetxe laguntzaileei eskatzen ahalko die laguntza, baita irakasle ez diren laguntzako langileei ere.
Ziurtapen probak paperean edo formatu digitalean egiten ahalko dira, bi kasuetan indarrean diren zehaztasunak betez.
5.3. Erreklamazioak.
Argibideak eskatzeko edo erreklamazioak egiteko prozedura 49/2013 Foru Aginduaren VI. kapituluan araututakoa izanen da (61/2021 Foru Aginduak aldatua).
Bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearekin, ikasleek edo, adingabeak izanez gero, gurasoek edo legezko tutoreek eskubidea izanen dute ebaluazio prozeduretako agiriak ikusteko eta horien kopia eskuratzeko.
Ikastetxeek zerbitzu hori emateko behar den berariazko prozedura (komunikazio bideak, eskaera epeak, entrega epeak, tasak...) arautu beharko dute beren plangintza instituzionaleko agirietan.
6.–Bigarren Hezkuntzako programa koordinatzea.
Jarduketa plan bat ezarri da NUHEOren eta programako ikastetxe laguntzaileen arteko koordinaziorako:
6.1. Koordinazio lanak.
NUHEOk ezarriko ditu Bigarren Hezkuntzako irakasle laguntzaileekin koordinatzeko lanak eta egutegia. Horretarako, bitarteko elektronikoak erabiliko dira lehentasunez, eta, ahal dela, joan-etorriak saihestuko dira.
Koordinazioak, besteak beste, alderdi hauei helduko die:
–Programazioaren jarraipena egitea eta nola gauzatu den baloratzea.
–Trebetasunak eskuratzeko erabilitako materialak eta jarduerak egokiak diren baloratzea.
–Ebaluazio irizpideak aztertu eta baloratzea.
–Entsegu probak aztertu eta baloratzea (adibidez, ahozko azterketaren simulazioak).
–Ahozko adierazpena ebaluatzeko probak egiteko euskarriak aztertzea.
6.2. Eskualdeetako koordinazio lana.
Bigarren Hezkuntzako lankidetza programako eskualdeetako koordinaziorako, NUHEOk eskualdeko koordinatzaile bat izanen du. Koordinatzailea bere destinoko ikastetxetik arituko da lanean, eta ikasturte akademiko osoarekin lotutako jarduketetarako izendatuko da, iraileko azterketen deialdia barnean dela. Eskualdeko koordinatzaileak NUHEOko zereginei dagozkien eskola-orduak eta ordu osagarriak izanen ditu esleituak.
NUHEOren lanak deszentralizatzea eta irakasle laguntzaileei programa gauzatzeko erraztasunak ematea izanen da eskualdeetako koordinazioaren helburua.
2026-2027 ikasturterako, ikastetxe hauetatik eginen da eskualdeko koordinazio-lana:
HIZKUNTZA | ZENTROA | EREMUA |
Euskaraz | Lekaroz BHI | Iparraldea |
P. de Atarrabia BHI | Erribera | |
Iturrama BHI | Altsasu | |
Ingelesez | Valle del Ebro BHI | Erribera |
Mendaur DBHI | Iparraldea | |
Frantsesez | Toki Ona BHI | Iparraldea |
Iruñerriko ikastetxeetako koordinazioa NUHEOren egoitzatik eginen da.
6.3. Eskualdeko koordinatzailearen eginkizunak.
Irailaren 1etik iraileko deialdi bereziaren ebaluazioa bukatzen den arte, eskualdeetako koordinatzaileek honako eginkizun hauek beteko dituzte:
–Programa koordinatzea bere eskualdeko ikastetxeetako irakasle laguntzaileekin, NUHEOko kasuko departamentuko buruaren jarraibideekin bat.
–Informazioa kudeatzea eta NUHEOren eta programako irakasle laguntzaileen arteko lotura gisa lan egitea.
–NUHEOrekin eta Hezkuntza Departamentuarekin lankidetzan aritzea bere eskualdean programa betetzearekin zerikusia duten alderdietan.
–NUHEOrekin lankidetzan aritzea programaren antolaketan eta logistikan.
–Txostenak eta hobekuntzarako proposamenak egitea prestatuko duten bukaerako memoria baten bidez.
–Ikasleen ebaluazioa egiten laguntzea.
Gainera, eskualdeko koordinatzaileak eginkizun hauek izanen ditu, ebaluazio-prozesuari dagokionez:
–Amaierako ahozko azterketen egutegia eta ordutegiak antolatzen laguntzea.
–NUHEO ordezkatzea ahozko azterketetarako epaimahaietan.
–Idatzizko azterketak administratzen laguntzea bere eskumeneko ikastetxeetan.
–Bere koordinaziopeko eskualdean idatzizko azterketen zuzenketan laguntzea eta bertan parte hartzea, kasuan kasuko NUHEOko departamentuaren jarraibideekin bat.
–NUHEOk deituriko estandarizazio bileretara joatea.
–Irakasle laguntzaileentzako estandarizazio-saioak antolatzen laguntzea.
–Hala badagokio, bere eskualdeko proba orientagarriak edo entsegu probak, idatzizkoak zein ahozkoak, antolatzen laguntzea.
–Bere eskualdeko proben berrikuspenez arduratzea.
Eskualdeko irakasle laguntzaileekin koordinatzeko, bitarteko birtualak erabiltzeko ahalegina eginen da, komunikazioa errazteko eta joan-etorriak ahalik eta gutxien izan daitezen.
7.–Irakasle laguntzaileak.
Irakasle laguntzaileak dira NUHEOrekiko lankidetza programa Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan ematen dutenak.
7.1. Irakasle laguntzaileen eginkizunak eta betebeharrak.
–Programan matrikulatutako ikasleak prestatzea kasuan kasuko hizkuntza irakaskuntzen ziurtagiria lortzeko.
–Koordinazio jardueretan parte hartzea eta programatutako estandarizazio lanak egitea.
–Ikasleen ebaluazioan parte hartzea, bai proba orientagarrietan (idatzizkoak eta ahozkoak), bai ziurtapen probetan (azterketen administrazioa, idatzizko proben zuzenketa eta ahozko probetarako epaimahaiak).
–Ikasleei matrikulazio eta ebaluazio prozesuetan informazioa emateko lanean laguntzea.
Curriculumak bateragarri egiteko programa honetan lankidetzan aritzeak konpentsazio hauek ekarriko ditu, egokitzapen orokor hauekin bat:
MAILA BAKOITZEKO | |
10 ikasletik 25 ikaslera bitarte | ordu bat |
26 ikasletik 50 ikaslera bitarte | + ordu bat |
51 ikasletik 75 ikaslera bitarte | + ordu bat |
76 ikasletik 100 ikaslera bitarte | + ordu bat |
Horrela, hurrenez hurren, 25 ikasletik behin | + ordu bat |
Arestian adierazitakoa gorabehera, hizkuntza departamentuak NUHEOrekin lankidetzan aritzen badira eta 10 ikaslera iristen ez badira maila bakoitzeko, gutxienez eskola-ordu bat emanen da hizkuntza bakoitzeko.
Era berean, B1 eta B2 NUHEOrekin lankidetzan aritzen diren hizkuntza departamentuetan, baldin eta bi mailen artean 10 ikasle baino gehiago badaude eta 25 baino gutxiago, ikastordu bat esleituko da maila bakoitzeko, betiere maila horietako bakoitzean gutxienez 5 ikasle badaude.
Azkenik, hizkuntza batean bi hizkuntza maila baino gehiago ematen badira, ezin izanen ditu bi eskola-ordu baino gutxiago izan.
7.2. Irakasleen ohiko ordutegitik kanpo egiten diren lanak:
–Ziurtapen-azterketak administratzea.
–Idatzizko ziurtapen azterketak zuzentzea.
–Ahozko ziurtapen probetarako epaimahaiak.
Sare publikoko ikastetxeetako irakasle laguntzaile guztiek urtean gutxienez 5 lanordu emanen dituzte HEOko ziurtapen probekin zerikusia duten zereginetan, bai deialdi arruntean, bai berezian, esleituta duten eskolako konpentsazio-ordu bakoitzeko. Nafarroako Gobernuaren epaimahaiei buruzko araudian ezarritakoaren arabera konpentsatuko dira ekonomikoki gutxieneko kopuru hori gainditzen duten orduak.
NUHEOren departamentu bakoitzeko buruak bere irizpidearen arabera esleituko ditu goian aipatutako zereginak.
III.–Irakasleen prestakuntzarako ingeles ikastaroak eskualdeetan
1.–Ikastaroen helburua eta antolaketa.
Atzerriko hizkuntzak irakasteko behar den hizkuntza ziurtapena errazteko asmoz eta irakasleek hizkuntza gaitasuna hobetzea sustatzeko helburuz, Hezkuntza Departamentuak B2 tarteko mailako eta C1 maila aurreratuko hizkuntza ikastaroak antolatzen ahal ditu, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxe publiko eta itunduetan jardunean dauden irakasleei zuzenduta.
Ingeles ikastaroak antolatzen ahalko dira B2 eta C1 mailak ziurtatzeko, Nafarroako ILZekin elkarlanean. Eskainitako taldeak eta mailak premien arabera ezarriko dira herri hauetan: Altsasu, Corella, Lekaroz, San Adrián eta Tafalla.
Ikastaroek bi saio presentzial izanen dituzte astean, ordu eta erdikoak, 2026ko irailetik 2027ko maiatzera bitartean. Saio horien osagarri, NUHEOko ingeleseko departamentuko irakasleek arreta ez-presentziala emanen dute ikasgela birtualaren bidez.
Hezkuntza Departamentua arduratuko da ikastaro horiek antolatzeaz eta emateaz. NUHEOk matrikula eginen du, eta ikasle horien ziurtapen probak administratu eta zuzenduko ditu.
1.1. Ziurtapena.
Idatzizko azken probak deialdi bateratuan eginen dira, Nafarroako gainerako hizkuntza eskola ofizial guztiek egiten dituzten egun eta ordu berean. Antolaketa dela eta, eta Hezkuntza Departamentuak beharrezkoa dela baietsi ondoren, egun desberdinak zehazten ahalko dira testu idatzien produkzioko eta koprodukzioko hizkuntza jarduerak eta idatzizko bitartekaritzakoak egiteko, zeinak ebazpen bidez urtero ezartzen den ziurtapen proben egutegian sartuko baitira.
1.2. Erreklamazioak.
Argibideak eskatzeko edo bidezko erreklamazioak egiteko prozedura 49/2013 Foru Aginduaren VI. kapituluan araututakoa izanen da (kapitulu hori 61/2021 Foru Aginduaren bidez aldatu da).
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearekin bat, ikasleek eskubidea izanen dute ebaluazio prozeduretako agiriak ikusteko eta horien kopia eskuratzeko.
1.3. Bertaratzea.
Ikastaro horietako ikasleek, ikasmaila errepikatzeko eskubidea izateko, eskolen %80ra bertaratzeko betebeharra konplitu behar dute, bai eta bi deialdietan (arrunta eta berezia) aurkeztu ere trebetasun guztietara. Hezkuntza Departamentuak ezarriko du zer prozedura bete behar den irakasleentzako eskualdeko ingeles ikastaroetako ikasleen bertaratzea kontrolatzeko.
1.4. Parte hartzeko baldintzak.
Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako irakasle izatea, jardunean, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxe publikoetan edo itunduetan, edo haur-eskoletako hezkuntzako langileak.
Kasuan kasuko aurreko maila gainditurik izatea. Horretarako, ahal dela, hauetako prozeduraren bati jarraituko zaio:
–HEEEBren arabera B1 edo B2 gisa aitortutako ziurtagiriak izatea, edo B1 edo B2 tarteko mailako ziurtagirien baliokideak, hizkuntza eskola ofizialek onartuak.
–Mailaz igotzea: aurreko ikasturteko hizkuntza-jarduera guztiak gainditzea, gutxienez %50eko puntuazioaz, indarrean dauden zehaztasunetan jasotzen denaren arabera.
–Maisu-maistren kidegoko ingeleseko irakasleek ez dute zertan frogatu hizkuntza maila C1 mailan sartzeko.
1.5. Onarpena eta matrikula.
Ikastaroen eskaintza irakasleen prestakuntzarako web-orrian, NUHEOren web-orrian eta Hezkuntzako Atarian argitaratuko da.
Matrikula NUHEOren web-orriaren bidez eginen da, egindako eskaeren arabera taldeak ezarri ondoren.
2026-2027 ikasturterako tarifak apirilaren 22ko 26/2026 Foru Aginduan ezarritakoak dira:
"5.3. Ingeleseko B2 eta C1 mailetako egiaztapena lortzeko ikastaroetako matrikula, Hezkuntza Departamentuaren eta hezkuntzako beste erakunde batzuen mendeko ikastetxeetako irakasleei zuzenduak:
–Azterketa eskubideak: 52,41 euro.
–Tasak materialarengatik eta erreprografiarengatik: 25,20 euro gehienez".
IV.–Lankidetza hitzarmenak unibertsitateekin
Hezkuntza Departamentuak, NUHEOren bidez, alemaneko B1 eta alemaneko, euskarako, frantseseko eta ingeleseko B2ko eta C1eko ziurtagiri ofizialak eskuratzeko prozesua erraztuko dio Nafarroako Unibertsitate Publikoko eta Nafarroako Unibertsitateko unibertsitate-komunitateari.
Idatzizko azken probak deialdi bateratuan eginen dira, Nafarroako gainerako hizkuntza eskola ofizial guztiek egiten dituzten egun eta ordu berean. Antolaketa dela eta, eta Hezkuntza Departamentuak beharrezkoa dela baietsi ondoren, egun bereiziak zehazten ahalko dira testu idatzien produkzioko eta koprodukzioko hizkuntza jarduerak eta idatzizko bitartekaritzakoak egiteko, zeinak ebazpen bidez urtero ezartzen den ziurtapen proben egutegian sartuko baitira.
Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak (NUHEO) arreta pertsonalizatua emanen die matrikulatutako ikasleei, online. NUHEOren plataforma birtualera sartzeko aukera izanen dute ikasle horiek.
NUHEOk antolaketari buruzko kontuak koordinatuko ditu unibertsitateekin, matrikulari, koordinazioari eta proben aplikazioari dagokienez.
NUHEO arduratuko da, unibertsitateekin lankidetzan, ikasle horien matrikula eta ziurtapen probak antolatzeaz, deialdi bateratuan eginen baitira, Nafarroako gainerako hizkuntza eskola ofizialetan egiten den egun eta ordu berean.
V.–Ikastetxeko Urteko Programazio Orokorra (UPO)
Zuzendaritza-taldeak Urteko Programazio Orokorra eginen du, ikasturtea hasi baino lehen, departamentuen proposamenak eta Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen helburuak eta lan planak aintzat hartuta. Programazio horrek bermatuko du hezkuntza-jarduera guztiak modu koordinatuan betetzen direla, eskumenak behar bezala baliatzen direla eta eskola-komunitateko sektore guztiek parte hartzen dutela.
A) Alderdi orokorrak.
1.–Xedapen orokorrak.
Urteko Programazio Orokorra (UPO) oinarrizko tresna bat da ikastetxearen plangintzarako, antolaketarako eta funtzionamendurako. Haren bidez, errazten da zehaztea ikasturtean zehar garatuko diren Hezkuntza Proiektua, antolaketa eta funtzionamendu arauak eta kudeaketa proiektua.
Dokumentu hori prestatzeko orduan, kontuan hartu behar da zorrotza, samurra eta erabilgarria izan behar dela.
Eskola kudeaketako Educa sisteman egonen da eskura orientazio gida bat, UPOa prestatzeko, haren segimendua egiteko eta ebaluatzeko (adibideak jasotzen ditu).
2.–Informazioa biltzeko iturriak.
UPOa egiteko, honako iturri hauek hartuko dira kontuan, besteak beste:
a) Aurreko ikasturtearen bukaerako memorian proposatutako hobekuntza arloak, zeinek kasu guztietan barne hartuko baitituzte hobekuntza proposamenak, jasota daudenak barne eta kanpoko proben emaitza akademikoen memorietan.
b) Urte anitzeko hobekuntza plana, ikastetxearen autoebaluazio prozesuaren ondoriozkoa.
c) Dagoen zuzendaritza-proiektua edo plan estrategikoa.
d) Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak nabarmendutako alderdiak eta gomendioak, aurreko ikasturteko gainbegiratze prozesuen ondorioz nabarmendu ere.
e) Hezkuntza Departamentuak ematen dituen ikasturte hasierako jarraibideak.
f) Ikastetxeak ezarritako beste programa batzuk.
g) Ikastetxearen Kalitatea Kudeatzeko Sistemaren autodiagnostikoa, halakorik bada.
h) Ikastetxearen Plan Digitala.
3.–Edukia: atalak eta garapena.
Urteko Programazio Orokorrean honako alderdi hauek formalizatu beharko dira, indarreko araudiarekin bat:
a) Sarrera.
b) Ikastetxearen Urteko Plana.
c) Departamentuen eta beste lantalde batzuen planak.
d) Urteko Inklusio Plana.
e) Tutoretza Ekintzaren Urteko Plana.
f) Urteko Bizikidetza Plana.
g) Programazio didaktikoak.
h) Ikastetxearen beste plan batzuk.
i) Proiektu eta programa instituzionalak.
j) Ikastetxearen Prestakuntza Plana.
k) Ikastetxearen Plan Digitala.
l) Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen programazioa.
m) Urteko Programazio Orokorraren jarraipena eta ebaluazioa.
n) Eranskinak.
Ikastetxearen urteko plana bideratuta egonen da lehentasunezkotzat jotzen diren alderdiak hobetzera, eta UPOaren funtsezko elementua izanen da, gainerako jarduketa planak orientatu eta zehaztuko dituena.
Departamentuek helburuen eta ekintzen plan propioa izanen dute, eta, horren bidez, urteko planean zehaztutako lehentasunezko helburuak ez ezik, ikastetxeko beste plan espezifiko batzuetatik ateratako helburuak ere formalizatuko dituzte.
Horrez gainera, bertan jasoko dira beste jarduketa plan espezifiko batzuk, ikastetxean ezarri nahi direnak ikasturtean, bai eta ezarri behar diren beste proiektu eta programa propio batzuk ere.
Planek egitura operatiboa izan behar dute, erraztuko duena plana gauzatzea eta jarraipena egitea, eta honako hauek zehaztuko ditu: helburuak, adierazleak, noraino iritsi nahi den, ekintzak, arduradunak, denbora plangintza eta ebaluazioa.
Ikastetxearen Plan Digitala esportatu behar den dokumentu bat da, kanpoan aurkeztu behar baita; horregatik, Educan horretarako prestatu den txantiloian sartu beharko da.
4.–Prestaketa.
UPOaren prestaketa koordinatzearen erantzukizuna zuzendaritza-taldeak izanen du, baina lan hori beste pertsona edo batzorde batzuen esku utz dezake.
Dokumentuaren eskema bat emanen da, erabakiko dira parte hartu behar duten taldeak eta pertsonak, talde bakoitzaren eginkizunak zehaztuko dira, tresna eta baliabideak jarriko dira, eta epeak finkatuko dira.
Azterturik kasuan kasuko ikasturtean dauden beharrak eta aurreikuspenak, eta kontuan harturik organo bakoitzaren deliberoak eta erabakiak eta egindako oharrak eta ekarpenak, UPOaren atalak idatziko dira.
UPOa Educa aplikazioarekin eginen da; horretarako, Ikastetxearen Plan Digitalaren eta Hobekuntza Planaren antzeko txantiloia eta jardunbidea izanen ditu. Kalitatea kudeatzeko sistema ezartzeko eta mantentzeko programan parte hartzen duten ikastetxeek Kadinet programa erabiltzen ahalko dute UPOa prestatzeko.
5.–Tramitazioa, jarraipena eta ebaluazioa. Memoria.
Behin onetsirik, UPOa Educa aplikazioan argitaratuko da, urriaren 31 baino lehen. Ikastetxean ere utziko da, hezkuntza-komunitateak eskura izan dezan.
Salbuespen gisa, gerora sortutako inguruabarrak gertatzen direnean, Urteko Programazio Orokorra ikasturtean zehar aldatzen ahalko da. Berriz onetsi beharko da, 4. atalean (Prestaketa) ezarritakoarekin bat, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari igorri.
Ikastetxeko zuzendaritza-taldeak eta arduradunek aldizka eginen dute, Educa aplikazioaren bidez –edo, hala badagokio, Kadinet programaren bidez–, UPOa osatzen duten planen, proiektuen eta programen garapen mailaren jarraipena.
Hori baino lehen, gauzatu beharreko prozedura ezarriko da (nola), informazioa biltzeko irizpideak zehaztuko dira (zer), arduradunak izendatuko dira (nork) eta epeak finkatuko dira (noiz).
Aztertu eta baloratuko da zenbateraino garatu diren proposatutako ekintzak, nola bete diren erantzukizunak, denbora plangintza konplitu den eta proposatutako helburuak lortu diren.
Ikasturtea amaitzean, ikastetxeko eskola kontseiluak, irakasleen klaustroak eta zuzendaritza-taldeak UPOaren betetze mailari buruzko amaierako ebaluazioa eginen dute. Horretarako, arduradun bakoitzak aztertuko ditu dagokion planaren, proiektuaren edo programaren emaitzak.
Atal bakoitzaren ebaluazio prozesuan, datu esanguratsuak jasoko dira bateko eta besteko iturrietatik (datuak, iritziak, ohartarazpenak eta abar), eta gero, datu horiek aztertu eta interpretatuko dira, ezarritako irizpideei jarraikiz.
Bukaerako hausnarketa eta balorazioa ez da kuantitatiboa soilik izanen, emaitza horien zergatiak ere baloratuko baitira.
Educa aplikazioan bertan –edo, hala badagokio, Kadinet programaren bidez–, ikasturte bukaerako memorian bilduko dira UPOaren jarraipen eta ebaluazio prozesuan lortutako ondoriorik eta proposamenik garrantzitsuenak.
Dokumentuak bi dimentsio izanen ditu. Lehenik, ebaluazioaren dimentsioa, erakutsiko duena ikastetxeko urteko plangintzaren garapenari buruzko balantzea. Honako alderdi hauek nabarmenduko dira: proposatutako ekintzak zenbateraino bete diren, erantzukizunak nola bete diren, denbora plangintza egokia izan den, aldizkako jarraipena egin den eta helburuak zenbateraino bete diren (adierazleen eta jomugen arabera). Bigarrenik, dimentsio proiektiboa izanen du, eskainiko baititu etorkizunean esku hartzeko ildoak, zehaztuta hobekuntza proposamen koherenteak.
Azkenik, memoriaren eranskin gisa, txosten bat gehituko da, biltzen duena barne ebaluazioetan eta kanpo ebaluazioetan ikasleek lortutako ikaskuntza-emaitzen analisi zehatza, eta, horrekin batera, hausnarketa bat eginen da emaitza horiek eragin dituzten zergatiez eta, hala badagokio, atzeman diren gabezia eta disfuntzioei buruz, honako hauen funtzionamenduan: curriculum-elementuak, materialak, antolaketa-elementuak eta baliabide pertsonalak.
Behin ikasturte bukaerako memoria onetsita, jarriko da ikastetxeko erreferentziazko ikuskatzailearen eskura, Educaren bidez, ekainaren 30a baino lehen.
6.–Gainbegiratzea.
Ikastetxeko erreferentziazko ikuskatzaileak Urteko Programazio Orokorra eta ikasturte bukaerako memoria gainbegiratuko ditu, egiaztatzeko bat datozela indarreko araudiarekin eta ikastetxearen behar eta emaitzekin, eta, hala badagokio, behar diren zuzenketak eta doikuntzak egitea eskatuko du.
7.–UPOaren eranskinak.
Eranskin gisa sartuko dira irakaskuntza programazioen adostasun agiriak.
UPOarekin batera, aurkeztu behar dira irakaskuntza programazioen adostasun agiriak, ziurtatzearren programazioak egoki jaso dituela eskatzen diren atal guztiak. Hortaz, ikastetxeei dagokie programazio horiek gordetzeko ardura. Dena dela, beharrezkoa den kasuetan, Hezkuntza Departamentuko dagokion zerbitzuak berariaz eskatzen ahalko du programazioa, hainbat arrazoirengatik: auzia irakaskuntza ikuskatzeko prozesuetan sartzen delako, kalifikazioen kontrako erreklamazioak egin direlako, analisi estatistikoak egin behar direlako edo beste arrazoi batzuk direla medio.
Educan egonen dira eskura, UPOan, eranskin gisa, irakaskuntza programazioen adostasun ereduak.
B) Urteko Programazio Orokorraren gaineko azalpenak.
1.–Ikastetxeko ordutegi orokorra.
Ikastetxeko ordutegi orokorrak, zuzendaritza-taldeak egin behar duenak, bide emanen du Urteko Programazio Orokorrean aurreikusitako jarduerak, bai irakaskuntzaren arlokoak bai osagarriak, aurrera eramateko.
Ikastetxeak goizeko eta arratsaldeko ordutegian egonen dira zabalik eskola-komunitatearendako. Eskola-oporraldietan, behar diren bitartekoak jarriko dira ikastetxeak goizez zabalik egon daitezen.
2.–Aniztasunari erantzutea. Antolaketari dagozkion alderdiak.
Ikastetxearen lan partekatua da aniztasunari erantzutea. Neurri metodologikoak, antolakuntzakoak eta prestakuntzakoak aplikatuz, ikasleen premiei emanen zaie erantzuna.
Hizkuntza eskola ofizialetan, derrigorrezkoen ondoko irakaskuntzak izanik, bi arreta mota bereiz daitezke: ikasgelan ematen dena eta azterketetan ematen dena.
Azterketen administrazioan arreta emateari dagokionez, inklusiorako antolakuntza neurriak aplikatuko dituzte eskolek, eta ikasleei baliabide tekniko puntualak jarriko dizkie azterketak egiteko.
Nolanahi ere, ebaluazioari eta ziurtapenari dagokienez, ebaluaziorako araudi oinarrizkoak ezartzen duenari jarraituko diote hizkuntza eskola ofizialek.
Berariazko premiak dituzten ikasleek horren berri eman beharko dute matrikula egitean. Ikastetxeko zuzendaritzak –Hezkuntza Departamentuak NHEBZren bitartez emandako aholkuekin– ezarriko du zer bidetatik eskatzen ahal diren baliabideak eta bitartekoak egokitzeko neurriak, ikasleek egiaztagiri ofizialak aurkeztu ondoren. Horrez gain, Bigarren Hezkuntzako programan, ikastetxeetako zuzendariei eskatuko zaie ezen, ikastetxeak ikasleak NUHEOra bideratu ondoren, honako datu hauek helaraz diezazkioten NUHEOri, ikastetxeko orientatzailearen bitartez:
–Erroldan hezkuntza-laguntzako berariazko premiak izateagatik jasotako ikasleak.
–Zer egokitzapen neurri aplikatu behar diren ikasle horiek ebaluazio probak egin ditzaten gainerakoen baldintza beretan.
3.–Departamentuen jarduketa plana eta programazioak.
Departamentu bakoitzak, irailean, jarduketa plan bat eginen du 2026-2027 ikasturterako, eta honako hauek jasoko ditu:
–Departamentuko bilerak, koordinazioko bilerak eta ikasturteko zeregin nagusiak.
–Ziurtapen proben estandarizazio, prestaketa, balidazio eta pilotaje plana, euskara departamentuaren kasuan, kontuan harturik Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuak horretarako ezartzen duena.
–Ziurtapen proba horien pilotajerako, gure proba bateratuek izanen dute lehentasuna. Era berean, departamentuek Nafarroatik kanpoko eskoletako proben pilotajea erraztu eta lagunduko dute, ahal den neurrian.
–Atzerriko hizkuntzen ziurtapena unibertsitateko (Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Nafarroako Unibertsitatea) ikasleei emateko plana, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuaren jarraibideei jarraikiz.
–Gainera, ingeleseko departamentuak urrutiko modalitatearen programazio didaktikoa sartuko du (helburuak, edukiak, denbora-banaketa, metodologia eta ebaluazio eta kalifikazio irizpideak).
Departamentu bakoitzaren programazioaren ale bat ikastetxeko zuzendariari emanen zaio, ezartzen den epearen barnean, ikastetxeko Urteko Programazio Orokorrean sar dezan. Programazioek zuzendaritzaren oniritzia jaso beharko dute.
Programazioaren bi ale, gutxienez, departamentuan geldituko dira: bata kide anitzeko gobernu organoen eskura, eta bestea departamentuaren eskura. Gainera, ale bana emanen zaio departamentuko kide bakoitzari.
4.–Nahitaezko prestakuntza.
Irakasleen eskubide eta betebehar bat da etengabeko prestakuntza, baita Hezkuntza Departamentuaren eta ikastetxeen ardura bat ere; izan ere, azken helburua da Nafarroako hezkuntza sistemaren kalitatea hobetzea, irakasleen lanbidea garatuz.
Hala, ikastetxeetako zuzendaritza-taldeak ikastetxeko prestakuntza instituzionaleko plan bat prestatuko du. Horretarako, aintzat hartuko ditu prestakuntzarako beharrak, eratorri direnak Hezkuntza Departamentuak proposatutako proiektu estrategiko, plan eta lehentasunezko ildoetatik. Orobat, aintzat hartuko ditu ikastetxeko klaustroetan eta irakasle-taldeetan eginiko lanetik eratorritako prestakuntzarako beharrak, eta, halaber, irakasleendako laguntza zentroek eginiko hautemate prozesuetan jasotako prestakuntzarako beharrak.
Prestakuntza ekintzak klaustro osoari edo irakasle multzo jakin bati zuzentzen ahalko zaizkio. Proposatutako prestakuntza ekintzak lehentasunezko izanen dira, eta irakasleek nahitaez egin beharrekoak, baldin honako hauek garatzeko badira: Hezkuntza Departamentuaren edo ikastetxeen proiektu estrategikoak, planak eta lehentasunezko ildoak.
Ikasturte bakoitzean 25 ordukoa izanen da nahitaezko prestakuntza instituzionala, baina ordu gehiagokoa izaten ahalko da, baldin beharrezkoa bada ikastetxeak edo Hezkuntza Departamentuak ezarritako beharrei erantzuteko. Kasu horretan, borondatezkoak izanen dira nahitaezko prestakuntza instituzional horretako 25 orduez gaindiko ekintzak.
Ikastetxe bakoitzak esleituta du irakasleentzako laguntza zentro (ILZ) bat, eta erreferentziazko aholkulari bat du, ikastetxeko prestakuntza instituzionaleko plana egiten laguntzeko. Ikastetxeek prestakuntzaren arduraduna izendatuko dute, irakasleentzako laguntza zentroko (ILZ) aholkulariarekin harremanetan egon dadin. Ez bada inor izendatzen, ikasketaburuak bere gain hartuko du zeregin hori.
Ikasturtearen barnean ikastetxez aldatzen diren irakasleek ikastetxe berriko zuzendariari aurkeztu beharko diote eginiko prestakuntza instituzionalari dagokion ziurtagiria. Prestakuntza instituzionaleko ekintzaren bat hasi eta bukatu gabe izanez gero, ez da jasoko dagokion ziurtagiria. Hala, irakasleak, egin dituen prestakuntza orduen kopurua frogatu ondoren (jatorrizko ikastetxeko zuzendariak emandako ziurtagiri baten bidez), prestakuntza orduak osatzen ahalko ditu, jatorrizko ikastetxean hasitako prestakuntzarekin jarraituz edo, bestela, destinoko ikastetxeko prestakuntza jarduerak eginez.
Ezartzeko nahitaezko prestakuntza instituzionaleko zenbat ordu egin behar dituzten kontratu partziala duten irakasleek, nahitaezko prestakuntza instituzionaleko 25 orduei aplikatuko zaie kontratuaren ehunekoa.
Ez dute nahitaezko prestakuntza egin beharko lanaldiaren hereneko edo gutxiagoko kontratua duten irakasleek. Halere, aukera izanen dute prestakuntza hori borondatez egiteko. Interesdunak ez badu prestakuntza egiten, bere kontratuari dagozkion ordu osagarriak erabiliko ditu indarreko araudian jasotako zereginak egiteko.
Nahitaezko prestakuntza instituzionaleko orduen zenbaketa malgutzeko, ikasturte bakoitzean gutxienez 20 ordu egin beharko dira, eta, beraz, elkarren segidako bi ikasturteko aldian egiten ahalko dira gainerako orduak. Edonola ere, bete beharko dira bi urte horiei dagozkien nahitaezko prestakuntza instituzionaleko 50 orduak. Nolanahi ere, bete beharko da Hezkuntza Departamentuaren edo ikastetxeen proiektu estrategikoei, planei eta lehentasunezko ildoei buruzko prestakuntza.
Irakasle bakoitzak nahitaezko prestakuntzako 10 orduko murriztapena erabiltzen ahalko du ikasturtean zehar dituen beharrizan profesionalen arabera.
Irakasleek ikastetxeko zuzendaritzaren aurrean frogatu beharko dituzte eginiko prestakuntza ekintzak, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratu beharko ditu.
25 orduko prestakuntza instituzionalaz gain, irakasleek segitzen ahalko dute prestakuntzarako eskubideaz baliatzen, nahi izanez gero.
Hezkuntza Departamentuak irakasle sartu berrien eskura jarriko du 15 orduko prestakuntza, zeinetan irakaskuntzan aritzeko oinarrizko tresna digitalak landuko baitira. Zuzendaritza-taldeak prestakuntza instituzional gisa ezartzen ahalko du hori irakasle sartu berriendako.
VI.–Irakasleak
1.–Lanaldia eta ordutegia.
225/1998 Foru Dekretuaren 1. artikuluan xedatutakoaren arabera (irakasleen lanaldia eta ordutegia), irakasleek, oro har, Nafarroako Gobernuaren mendeko funtzionarioendako finkatzen den lanaldi bera izanen dute, bete behar dituzten eginkizunen ezaugarrietara egokitua.
Ekitatean eta hezkuntza-kalitatean aurrera egiteko Itunak jasotzen du astean 18 orduko eskola-ordutegia izanen dutela, lanaldi osoan arituz gero, Bigarren Hezkuntzako irakasleek, araubide bereziko irakaskuntzetakoek eta Lanbide Heziketakoek. Asteko zenbaketako ordu osagarrien barnean, ordu bat ikastetxea koordinatu eta plangintza instituzionaleko dokumentuak eratzeko bilduko da; eta beste ordu bat, berriz, irakasle-taldeek edo departamentu didaktikoek proposatutako ataza, plan eta proiektuetarako, baldin eta astean denbora gehiago sartzea ez badakar horrek berekin.
2.–Ordutegiaren banaketa eta taldeen esleipena.
Oro har, irakasle bakoitzak astean 30 ordu izanen ditu bere ordutegian ikastetxeko jardueretarako, honela banatuak: 25 ordu ikastetxean nahitaez egin beharrekoak, eta 5 ordu osagarri, hilean zenbatzekoak. Ikastetxean nahitaez egin beharreko 25 orduetatik 5, gutxienez ere, ostiraletan eginen dira.
Zuzendaritza-taldeko kide diren irakasleen orduak halako moduz banatuko dira non ziurtatuko baita txanda bakoitzean gutxienez ere kide bat izanen dela.
Irakasleek, azken azterketak egiteko finkatutako garaian, beren ordutegia egokitu beharko dute haiek egiteko programatu den egutegiaren arabera.
NUHEOko irakasle bakoitzak, eskola-ordurik baldin badu That’s English! ikastaroan edo Exam Prep ingeles ikastaroetan, asteko eskola-orduen kopurua adieraziko du bere ordutegian, araudiaren arabera. Horretarako, honako hau hartuko da kontuan:
–That’s English! ikastaroa: zuzeneko irakaskuntza-ordu bat ezartzen da oinarrizko mailetako talde bakoitzeko, eta bi ordu, berriz, tarteko mailetako eta maila aurreratuetako talde bakoitzeko.
–Exam Prep: ikasleentzako online irakaskuntza-orduak 4 izanen dira talde bakoitzerako, irakaskuntza eta zuzenketa barne. Talde bakoitzak 25 ikasle ditu, 5 ikasleko 5 azpitaldetan banatuak, bideotutoretzak egiteko.
NUHEOko irakasleen ordutegian jasoko da zenbat ordu erabiltzen diren departamentuko bileretarako, klaustroetarako eta koordinazio didaktikorako, ikastetxeko zuzendaritzak ezarritakoari jarraikiz.
Ziurtapen probak prestatu eta balioztatzeko ardura duten euskara departamentuko irakasleetako bakoitzak gehienez ere 5 ordu zenbatuko ditu astean zeregin horietarako.
NUHEOko irakasleek tokiz mugitzeko prest egon behar dute ikastetxeen koordinaziorako eta ikasleen ebaluaziorako lanak egiteko.
Zuzendaritza-taldeak, karguari dagozkion eginkizunak betetzeko, astean 50 ordu izanen ditu gehienez.
Departamentuetako buruek astean 5 ordu izanen dituzte gehienez ere karguari dagozkion lanak betetzeko.
IKT Koordinazioak astean 5 ordu zenbatuko ditu, gehienez, lan horrengatik.
Kalitate Programaren arduradunak astean 5 ordu zenbatuko ditu, gehienez, lan horrengatik.
3.–Hilean zenbatzeko ordutegia.
2. puntuan aipatzen diren asteko 5 ordu osagarriak, hilean zenbatu beharrekoak, irakasle guztiek nahitaez bete beharreko lanetarako erabiliko dira, hala nola klaustroak, ekaineko eta iraileko deialdietan azterketak prestatu, administratu eta zuzentzea, prestakuntzarako 25 orduak egitea, plangintza instituzionalerako tresnak prestatzea edo berrikustea, eta departamentuei dagozkien beste zeregin batzuk.
Azkeneko azterketak egiteko, irakasleek beren ordutegia moldatuko dute, baina horrek ez du ordutegi indibidualean ondoriorik izanen; izan ere, hilean zenbatu beharreko ordutegia da.
4.–Ordutegiak prestatzea eta onestea.
Ikasketaburuak prestatuko ditu bai irakasleen ordutegiak, bai That’s English! ikastarokoak, kontuan izanik ebazpen honetan ezarritako jarraibideak eta Urteko Programazio Orokorrean ezarritako irizpideak.
Ikastetxeko zuzendaritzak onetsiko du ordutegia, indarreko araudiaren arabera. Onetsi arte, irakasleak beharturik daude ikasketaburuak prestatu eta zuzendariak behin-behinean onetsitako ordutegia betetzera. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ebatziko du haren gaineko edozein erreklamazio.
5.–Irakasleak eta ikastetxeko langileak lanera ez agertzea.
Aldi baterako ezintasun batengatik irakaslea lanera joaten ez denean, ikastetxeko zuzendaritzak egin behar duen kontrolean Hezkuntza Departamentuko webgunean ezarritakoari jarraituko zaio: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/incapacidad-temporal.
Aldi baterako ezintasun egoeran dauden eta MUFACEri atxikita dauden langileek bajaren frogagiria aurkeztu behar dute gehienez ere 3 eguneko epean, lanera huts egindako lehen egunetik zenbatzen hasita. Hurrengo berrespen agiriak aurkeztu behar dira hamabostean behin edo hilean behin, medikuak zer erabakitzen duen. Alta-agirien kasuan, agiria egin eta gehienez 24 orduko epean jakinaraziko da.
MUFACEko langileen jatorrizko parteak Hezkuntza Departamentura bidaltzeko aukera dago Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, eta aurrez aurre ere aurkeztu daitezke Nafarroako Gobernuaren Erregistro Ofizialeko edozein bulegotan, edo posta arrunta erabiliz.
Era berean, nahitaezkoa da ikastetxeko zuzendaritza-taldeari kopia bat bidaltzea edo aurkeztea ahalik eta lasterren, jakin dezan zehatz-mehatz bajak zenbat iraunen duen, bajaren bilakaera edo bukaeraren berri izan dezan eta, orobat, ordezkapen bat kudeatu ahal izan dezan.
Alta-agiriari dagokionez, horren berri emateko epea betetzen ez bada irakaslea ikastetxera itzultzen den egunetik hasita 2 egun naturaleko epean, ikastetxeko zuzendaritzak horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, indarreko araudian ezarri bezala jokatzeko. Era berean, ukitutako irakasleei idatziz emanen zaie horren berri.
Proposatzen da komunikazioak Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez egitea, ongi bete daitezen epeak, ordezkapenetarako, kotizazioetarako eta nominan eragina duten bestelako elementuetarako.
Parteak bidaltzean izandako edozein gorabehera jakinarazteko, helbide elektroniko hau erabil daiteke modu osagarrian: planificacionrheducacion@navarra.es.
Gaixotasuna edo istripua dela-eta aldi baterako ezintasuna duten Gizarte Segurantzako langileek ikastetxeko zuzendaritza-taldeari komunikatu behar diote zer iraupen duen baja-agiriak, lanera joaten ez diren lehen egunetik. Baja berresteko agiriak medikuak erabaki bezain maiz jakinarazi beharko dira. Halaber, baja bukatutzat emateko eta langilea bere lanpostura itzultzeko, ezinbestekoa da alta medikoaren partea jakinaraztea lantokiari, egun berean. Hala, zuzendaritza-taldeak zehatz-mehatz jakinen du noiz egon den langilea kanpoan eta zein izan den bajaren eboluzio eta/edo bukaera, eta kudeatzen ahalko du beharraren ordezkapena.
Ikastetxeetan ezarriko da zer bidetatik eginen dituzten jakinarazpenak MUFACEko nahiz Gizarte Segurantzako langileek, zuzendaritza-talde bakoitzak zehazten duen funtzionamenduaren arabera.
Garrantzitsua da adieraztea ezen, gaixotasunengatiko baja egoerak jakinarazteaz gainera, erditzeagatiko lizentzia edo ama ez den gurasoarendako lizentzia tramitatzeko komunikazioa 5 eguneko epean egin behar dela gehienez, ezarritako prozedurari jarraikiz.
Ordezkapen egoeretan, ordezkoa ez bada egokitu zaion lanpostuan hasten, eta Kontrataziorako Atalari ez badio erregistro orokorraren bidez jakinarazi lanpostuari uko egin diola, ikastetxeko zuzendaritzak ez-agertzearen txosten bat bidaliko du contratoseducacion@navarra.es helbidera, lanpostua berriz eskain dadin. Ordezkapen kontratuaren Gizarte Segurantzako afiliazioaren alta tramitatu bada, Gizarte Aseguruen Atalak eskatuta, zuzendaritza-taldeak hutsegiteari buruzko txosten bat egin beharko du, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusian alta baliogabetzeko. Ondoren, seccion.seguros.sociales@navarra.es helbide elektronikora bidali beharko du.
Ikastetxeetan Educa kudeaketa sisteman erregistratu beharko dira ikastetxeak berak emandako baimenak. Norberaren aferetarako baimen bat emateko, Educa kudeaketa sisteman ikus daitezke irakasle bakoitzak hartutako orduak (Langileak menua > Irakasleak > Berria / Hutsegiteak ikusi). Irakasle ibiltariei eta ikasturte berean ikastetxe batean baino gehiagotan kontratua duten irakasleei dagokienez, pantaila horretan ikusiko dira ikastetxe bakoitzean eta kontratu bakoitzeko hartutako orduak, ikasturte bakoitzeko.
6.–Ziurtapen probak prestatzea eta balidatzea.
Euskara departamentuak bere gain hartuko du kasuan kasuko ziurtapen proben prestaketa eta balidazioa. Euskara departamentuko irakasleek, probak prestatzen eta balidatzen parte hartzen ez dutenek, eta alemaneko, frantseseko eta ingeleseko departamentuek beren gain hartuko dituzte proba bateratuak berrikusteko zereginak, betiere Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuak ematen dituen jarraibide berariazkoen arabera. Nolanahi ere, proben kalitateari eusteko, bai proba idazten dutenek bai balidatzaileek kontuan hartuko dute beharrezkoa dela gainerako hizkuntza eskola ofizialekin koordinatzea proben prestaketa, pilotaje eta estandarizazio prozesua, eta behar diren epean eta moduan bete beharko dituzte jarraibideak.
7.–Zereginen banaketa.
Departamentuei adituta, zuzendaritzak zereginen banaketa orekatua proposatuko du.
–Ingeleseko departamentua.
Taldeak eta zereginak aukeratzeko, plantillarentzako honako maila eta dedikazio hauek ezartzen dira:
- B1 maila: oro har, maila horri dagozkion zereginak eta eskola jarduerak biltzen ditu.
- Bigarren Hezkuntzarekiko lankidetza programa.
- Arreta ematea atzerrian dauden ikasleei.
- That's English! ikastaroa.
- B2 maila: oro har, maila horri dagozkion zereginak eta eskola jarduerak biltzen ditu.
- Bigarren Hezkuntzarekiko lankidetza programa.
- Arreta ematea atzerrian dauden ikasleei, egokitzapen aurreratuetakoei, unibertsitateekiko (NUP eta NU) lankidetza programan daudenei eta irakasleentzako tokian tokiko ingeles ikastaroetakoei.
- That's English! ikastaroa.
- Exam Prep ikastaroa.
- C1 maila: oro har, maila horri dagozkion zereginak eta eskola jarduerak biltzen ditu.
- Bigarren Hezkuntzarekiko lankidetza programa.
- Arreta ematea atzerrian dauden ikasleei, egokitzapen aurreratuetakoei, unibertsitateekiko (NUP eta NU) lankidetza programan daudenei eta irakasleentzako tokian tokiko ingeles ikastaroetakoei.
- That's English! ikastaroa.
- Exam Prep ikastaroa.
Ulertu behar da maila bakoitzerako langileentzat ezartzen den dedikazioa hasierako gutxi gorabeherako kalkulua dela; zuzendaritzak aldatu egin dezake une zehatz batzuetan, edo inguruabarrengatik komeni bada, betiere zereginen eta helburuen hobe beharrez.
Mailak eta maila bakoitzaren barneko zereginak aukeratzeko, ordena honi jarraituko zaio:
a) Hizkuntza eskola ofizialetako kidegoko irakasleak.
b) Zerbitzu-eginkizunetan dauden Bigarren Hezkuntzako kidegoko irakasleak.
c) Aldi baterako kontratudunak, lan edo administrazio araubidekoak.
Aurreko a) eta b) ataletan, katedradun izateak eta irakasle bakoitzak kidegoan duen antzinatasunak ezarriko dute hautatzeko lehentasuna (antzinatasunean borondatezko eszedentzia egoerak zenbatu gabe). Antzinatasun bera izanez gero, atal bakoitzeko lehentasuna erabakitzeko honako irizpide hauek aplikatuko dira, bata bestearen atzetik:
–Nork duen antzinatasun handiena ikastetxean.
–Nor sartu zen lehenago kidegoan (urtea).
–Nork lortu zuen puntuaziorik handiena kidegoan sartzeko hautapen prozesuetan.
Hizkuntza eskola ofizialen kidegoko irakasleen kasuan, ikastetxean destinoa ez dutenean, lehentasun ordena ezartzeko, prozesua gainditu zuten oposiziogileen ebazpenetan agertzen den hurrenkerari segituko zaio.
Moduluak eta taldeak banatzerakoan adostasunik ez badago, honela eginen da aukeraketa:
1. Irakasle bakoitzak, lehenik, maila bat aukeratuko du. Maila horren barnean, aukeratuko da zeregin bat edo talde bat eskola-jardueren kasuan, ekitaldian dauden departamentuko irakasleen lehen txanda osatu arte.
2. Lehen txanda hori bukatutakoan, beste batzuk eginen dira jarraian, ordutegi indibidual guztiak osatu arte.
Aurrekoa gorabehera, taldeak hautatzeko prozesuan ordutegien arteko bateraezintasunak gertatzen badira, eta departamentuko kide guztien artean adostasunik ez badago, horren berri emanen zaio ikasketaburuari, konpon dezan.
Zereginak hautatzeko bilera berezi horretan izaten diren gorabehera guztien akta eginen da eta departamentuko kide guztiek sinatuko dute; akta horren kopia bat ikasketaburuari emanen zaio berehala.
VII.–Irakaslana koordinatzeko organoak
1.–Departamentuak.
Departamentuak lantaldeak dira eta haien ardura eta zuzendaritza-departamentuburuari dagozkio, eta hori ez badago, ikasketaburuari. NUHEOk alemaneko, euskarako, frantseseko eta ingeleseko departamentuak dauzka.
1.1. Departamentuen eginkizunak.
–Kasuan kasuko hizkuntzaren programazio didaktikoa, lan plana eta jardueren egutegia prestatzea.
–Ziurtapen probak eta entsegukoak prestatzea.
–Ahozko adierazpen probak egiteko behar diren euskarriak prestatzea.
–Hizkuntza jarduerak lantzeko materialak eta jarduera didaktikoak prestatzea, mailen eta helburuen arabera.
–2025-2026 ikasturteko proben emaitzak aztertzea, eta horiek aplikatzeko erabilitako irizpide eta prozedurak baloratzea; orobat, beharrezkoak diren aldaketak edo egokitzapenak egitea.
–Maila bakoitzeko zehaztasunak berrikustea.
–Ziurtapen proben ebaluazio irizpideak estandarizatzeko saioetan parte hartzea.
–Bigarren Hezkuntzako irakasleekin eta eskualdeko irakasle koordinatzaileekin koordinatzeko bilerak antolatu eta gidatzea.
–Ikasturte bukaerako memoria egitea.
–Euskara departamentuaren kasuan, Nafarroako hizkuntza eskola ofizialen ziurtapen probak prestatzea eta balidatzea, eta ebaluazio proben pilotajearen kontrolean eta analisian parte hartzea.
–Prestakuntza eta Balidazio Batzordeak ziurtapen probei dagozkienez esleitutako zereginak berrikustea, zehaztasunetan arabera.
Ikastetxeko ordutegiaren barruan, astean batez beste ordu bat gordeko da, gutxienez, departamentuko kide guztiek bilera egin dezaten. Bilera horren helburua izanen da programazioa nola garatzen ari den aztertzea, materiala prestatzea, emaitzak aztertzea eta ebaluazio irizpideak zehaztea, bai eta ezartzen diren bestelako jarduera guztiak ere.
Ekainean, departamentuko bilerak erabiliko dira, bereziki, jarduketa plana aztertzeko eta programazioak egokitzeko, gero ikasturte bukaerako memorian sartzeko.
Egindako bilera guztietan akta eginen da. Dokumentazio hori departamentuburuak idatziko du, eta departamentuan artxibatuko da.
Bileretako aktez gain, departamentuek material inbentariagarri guztiaren zerrenda eguneratua izan beharko dute, bai eta ikasturtean zehar ikasleak ebaluatzeko baliatu diren probak eta agiriak ere.
2.–Departamentuko burutza.
Irailean, ikastetxeko zuzendaritzak departamentu bakoitzeko burua izendatuko du, ikasturte horretarako. Kargu horri ezin zaio uko egin, eta ikastetxean behin betiko destinoa duen Hizkuntza Eskola Ofizialetako katedradunen kidegoko irakasle batek beteko du.
Katedradunik ez badago, departamentuko burua izendatu aurretik zuzendaritzak behar den informazioa bilduko du, karguan aritzeko hautagairik ba ote dagoen jakiteko.
Hautagai horiek aditzera emanen dute departamentuko bilera batean zer proiektu duten jarduketa ildoei dagokienez, eta ikastetxeko zuzendaritzak, departamentuaren iritzia entzun ondoren, izendapena eginen du.
Hautagairik ez badago, departamentuaren iritzia entzun eta gero, behin betiko destinoa duen kide bat izendatuko du, horrelakorik baldin badago.
Departamentuko buruak ezin izanen du zuzendaritzako beste kargu batzuetan jardun, ezinbesteko kasuetan izan ezik.
Departamentuburuak eginkizun hauek ditu:
–Departamentuko jarduerak zuzendu eta koordinatzea.
–Eskualdeko irakasle koordinatzaileen jarduna koordinatzea eta gainbegiratzea.
–Bilerak antolatu, prestatu eta zuzentzea, baita aktak idatzi eta sinatzea ere. Aktak kasuan kasuko departamentuan bilduko dira nahitaez.
–Programazio didaktikoa prestatzea eta koordinatzea. Programazioan honako hauek adieraziko dira: helburuak, edukiak, metodologia eta entsegu eta ziurtapen proben formatua eta ebaluazio irizpideak.
–Programazio didaktikoa zuzendariari eman eta departamentuaren esku uztea, eta betetzen dela begiratzea.
–Ikasturte bukaerako memoria idaztea eta prestaketa koordinatzea; bertan jasoko da lan plana noraino bete den, eskualdeko irakasle koordinatzaileen ekarpenak, proben emaitzak eta balorazioa, bai eta hurrengo ikasturterako hobekuntza proposamenak ere.
–Proben kalifikazioak gainbegiratzea.
–Azken proben antolaketa eta prestakuntza koordinatu eta zuzentzea.
–Estandarizaziorako garrantzitsuak diren laginak biltzea, eta saioak antolatu eta gidatzea, beste eskola batzuetako departamentuekin elkarlanean.
–Ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak aurkezteko prozedura betetzen dela bermatzea, indarra duten arauei jarraikiz.
–Material inbentariagarria eguneratzea.
–Ikasleen balorazioa egiteko erabili diren probak eta dokumentuak gordetzea.
–Departamentuan atzematen den edozein gorabeheraren berri ematea zuzendariari eta ikasketaburuari.
–Hobekuntza pedagogikoa bultzatzea, aldian behin egiten diren bilerak departamentuko kideen autoprestakuntzarako lagungarriak izan daitezen.
VIII.–Antolaketari dagozkion alderdiak
1.–Eskola informazioaren kudeaketa: Educa.
Ikastetxeetan, eskola informazioa Educa aplikazioaren bidez kudeatuko da.
Hezkuntza Departamentuaren webgunean argitaratzen dira, Educari eta posta elektronikoari buruzko atalaren barnean, bai eta IKT zerbitzuen katalogoan ere, zenbait jarraibide eta bideotutorial, laguntzen dutenak aplikazioaren moduluetara ohitzen. Halaber, Educa taldearekin harremanetan jartzeko prozedura azaltzen da, funtzionalitate berriak eskatu, gorabeherak jakinarazi edo laguntza eskatzeari begira. Educa aplikaziotik bertatik egin daitezke eskaerak, goiburuko gorabeheren ikonoan (@) klik eginez. Atari horretatik bilaketak egiten ahalko dira ohiko prozedurei, zalantzei eta tutorialei dagokienez.
Hezkuntza Departamentuak prestakuntza eta informazio saioak antolatuko ditu ikasturtearen hasieran, koordinatzaileei, zuzendaritza-taldeei eta administrazio arloko langileei Educa plataformaren berri emateko.
Zuzendaritza-taldeak edo hark eskuordetutako pertsonak aholkuak emanen dizkie ikastetxeko erabiltzaileei Educa kudeaketa sistemari buruz. Horrez gain, jasoko du sistema horren aldaketen eta funtzionalitate berrien informazioa, eta sustatuko du ikastetxean erabiltzea, eta erabilera hori koordinatuko.
Zuzendaritza-taldeak bermatu beharko du, horretarako bideak jarriz, ikasturtea hasi ondoren ikastetxean kudeaketa eta irakaskuntza lanetan hasten diren pertsonek Educa ezagutzen dutela eta badakitela hura erabiltzen.
Educa arloan ikastetxeetan koordinazio lana eginen duten pertsonen erregistroa izateko asmoz, zuzendariak "Educa koordinatzailea" lanpostu osagarria esleitu beharko du aplikazioan.
Zuzendariak berrikusiko ditu Educatik ikastetxeen direktorioan (Ikastetxearen menua > Ikastetxearen datuak > Ikastetxearen informazioa) argitaratzen diren datuak (hala nola posta helbidea, telefono zenbakia, helbide elektronikoa eta web-orria), eta aurkitzen dituen akatsen berri emanen dio Educaren laguntza zerbitzuari. Gogorarazi nahi da beste datu interesgarri batzuk gehi ditzakeela, adibidez, ikastetxearen helburuak, balioak, sariak eta abar.
Ikastetxeen ardura da eguneratuta edukitzea ikastetxeko langileen –irakaskuntza nahiz kudeaketa lanetan aritzen direnen–, ikasleen eta familien datu pertsonalak. Nahiz eta aplikazioak aukera ematen duen Cl@ve sistemaren bidez sartzeko (ziurtagiri elektronikoa, NAN elektronikoa, Cl@ve Iraunkorra), gogoan izan oso garrantzitsua dela, Educa baimenak lortzeko, helbide elektroniko pertsonal bat erregistratzea fitxan.
Bestalde, ikastetxe bakoitzaren ardura izanen da kudeatzea bere informazio akademikoa eskuratzeko asmoz programara jotzen dutenen sarbidea. Horrela, bada, baldin ikasleek eta beren familiakoek informazio hori eskuratzeko gorabeherak badituzte, lehenbizi ikastetxea arduratuko da, eta arazo horiek ezin baditu autonomoki konpondu, harremanetan jarriko da Educa euskarriarekin.
Oso komenigarria da ikastetxeetako langileak Educak gaituta dituen funtzionalitate guztien erabilerarekin ohitzea, besteak beste: ikasleen jarraipena, ebaluazio-saioaren kudeaketa (informazio-fluxua, akta) eta informazio esanguratsua.
Educa aplikazioaren barruan, mezularitza sistema bat dago hezkuntza-komunitateko kideen artean informazioa trukatzeko. Dena dela, posta elektronikoko kontuak erabili beharra dagoenean, oroitarazten da sare publikoko irakasleek eta ikasleek @educacion.navarra.es kontuak erabili behar dituztela jarduera akademikoan, tutoretza lanetan eta harreman profesionaletan.
Ikastetxe publikoek funtzio espezifikoetarako dituzten posta elektronikoko kontuak Educaren bitartez kudeatzen dira (Ikastetxea > ikasNOVA posta eta zerbitzuak > Kontuen kudeaketa). Kontu berriak ireki beharra dagoenean, zuzendariak eskatu beharko du Erabiltzaileen Laguntza Zentroaren bidez. Kontu korporatibo horiek karguei lotutako zereginetarako dira, eta ez dira erabiliko ikasleei eskolak emateko. Posta kontuen alternatiba gisa, gomendatzen da Googleko taldeak eta unitate partekatuak erabiltzea.
2.–Kontabilitate-sistema: Ecoeduca.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ikastetxe publiko guztiek, ematen dituztenek maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan jasotako irakaskuntzak (Hezkuntzari buruzko Lege Organikoa), Ecoeduca kontabilitate aplikazioa erabiliko dute aurrekontua egiteko, onesteko, aldatzeko eta betearazteko. Aurrekontuan jasoko dira ikastetxearen ohiko funtzionamendua, mantentzea eta kontserbazioa bermatzeko diru-sarrerak eta gastuak.
Ikastetxearen kudeaketa ekonomikoari eragiten dioten kontabilitate-eragiketa guztiak egin behar dira irailaren 6ko 153/2023 Foru Dekretuaren arabera (foru dekretu horrek arautzen du Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoen kudeaketa ekonomikoa).
3.–Unibertsitateko ikasleen praktikak ikastetxeetan.
Hezkuntza Departamentuak hitzarmenak sinatu ditu zenbait unibertsitaterekin unibertsitateko praktikak egin ahal izateko Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren funts publikoak jasotzen dituzten ikastetxeetan.
Unibertsitateko ikasle batek curriculumeko praktikak egin ahal izateko, indarrean egon behar da Hezkuntza Departamentuaren eta dagokion unibertsitatearen arteko lankidetza hitzarmena.
Ikasturte bakoitzean ikasle horien tutoretza lana egiten duten irakasleek aintzatespen bikoitza izanen dute Hezkuntza Departamentuaren aldetik:
–Tutoretza: ikasturteko tutoretza lana ziurtagiri bidez jasoko da. Lekualdatze-lehiaketetan merezimendutzat jotzen da.
–Prestakuntza: praktiken tutoretza lana norberaren prestakuntza ordu gisa kontabilizatuko da. Orduak kalkulatzeko, tutoretzapeko praktiken ikasketa planean aipatzen diren ECTS kredituen kopurua hartuko da aintzat.
Praktiken tutoretzagatiko eta prestakuntzagatiko ziurtagiriak lortu ahal izateko, beharrezkoa da prestakuntza zentro gisa aitortutako ikastetxeko zuzendariak tutore lanetan aritu diren irakasleen datuak jakinaraztea Hezkuntza Departamentuari, Hezkuntzaren atarian dagoen inprimakia betez (https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/estudios-universitarios), ekainaren 1a baino lehen.
Adingabea Babesteko Legearen arabera, curriculumeko praktikak egiten dituzten ikasleek sexu-izaerako delituen ziurtagiri negatiboa izan beharko dute. Baldintza hori betetzea Hezkuntza Departamentuak unibertsitate bakoitzarekin sinatzen duen hitzarmenean jasota dago, eta ikastetxeak agiri hori eskatzen ahalko dio ikasleari praktikak hasi baino lehen.
4.–Laneko arriskuen prebentzioa.
Arriskuen ebaluazioren bat egin bada, ikasturte bukaerako memorian azaldu beharko dira Laneko Arriskuen Prebentziorako Atalak proposaturik hartu diren prebentzio neurriak, eta, horrekin batera, bete ez diren eta ezarritako gauzatze-epea iraungita duten neurriak arrazoituko dira.
Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetako irakasleei edo irakasle ez diren langileei eraso egiten zaienean, ikastetxeetako zuzendariek aktibatuko dute kanpoko erasoen protokoloa, eta ofizioz jakinaraziko dute erasoa, gorabehera, lan-istripua edo erasoa jakinarazteko fitxaren bidez.
https://ebp.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/riesgos-laborales/protocolos-de-actuacion
Ikastetxeetako zuzendaritzek kanpoko erasoen aurkako jarduketa protokolo bat dagoela jakinarazi beharko dute klaustroetan. Halaber, horren berri emanen zaie irakaskuntzaz kanpoko langileei ikasturtean hasierako berariazko bilera batean.
Kanpoko erasoen aurkako jarduketa protokolo hori Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe guztien webguneetan argitaratuko da, erraz ikusteko modukoa den lehentasunezko toki batean. Era berean, ikastetxeen barne-agirietan agertuko da: Internet, Drive eta abar.
Hezkuntza Departamentuko prebentzioko ordezkarien eginkizunei eta harremanetarako datuei buruzko informazioa Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe guztien webguneetan argitaratuko da, erraz ikusteko modukoa den lehentasunezko toki batean.
5.–Kalitatea kudeatzeko sistema.
Kalitatea kudeatzeko sistemak (KKS) ezarri eta mantentzeko programa, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuak gidatzen duena, Nafarroako unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoei dago zuzendua.
Programaren jarduketetan parte-hartzea sustatzearren, kalitate arduradunak, ikastetxearen aukerak aintzat hartuta, astearte goizetako eskola-ordutegia erabiltzen ahalko du jarduketa horietarako.
5.1. Ikastetxeen konpromisoak eta erantzukizunak.
Zuzendariak ikastetxearen kalitatea kudeatzeko sistema (KKS) etengabe garatzeko eta hobetzeko konpromisoa hartuko du, eta ikastetxearen kalitatea kudeatzeko sistemaren autodiagnostikoa egitearen arduraduna izanen da.
Oro har, programan parte hartzen duten ikastetxeek ikastetxean behin betiko destinoa duten unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioak izendatuko dituzte kalitatearen arduradun, eta programan parte hartzeagatik plantilla funtzionaleko ordu-zuzkidura esleituko zaie. Kalitate arduraduna Educan erregistratuko da.
Kalitate arduraduna KKSa ikastetxean ezartzeko koordinazioaz arduratuko da, eta sistema osoaren dokumentazioa eta erregistroak antolatuta eta eskuragarri mantenduko ditu.
Salbuespen gisa, ikastetxe osatugabeetan, ikastetxeko zuzendariak bere gain har ditzake kalitatearen arduradunaren eginkizunak.
5.2. Aholkularitza eta baliabideak.
Programaren informazio eta baliabide eguneratuak Kadineten web-orri berrian argitaratuko dira: https://kadinet.educacion.navarra.es/eu/.
Baliabide horiek eskura izanen dituzte programan parte hartzen duten ikastetxeetako langileek.
Programan sartutako ikastetxeen aholkularitza teknikorako, ikastetxeko zuzendariak baimena emanen die ikastetxearen KKSaren aholkularitza eta ebaluazioa egiten dutenei ikastetxearen KKSaren dokumentazioa eskuratzeko.
5.3. Eskaerak.
Ikastetxeek, programan sartu, geratu edo hori utzi nahi badute, eta, hala badagokio, KKSaren kanpo ebaluazioa jaso nahi badute, 71/2020 Foru Aginduan onetsitako kasuan kasuko eranskinak erabili beharko dituzte eskaera egiteko.
Eskaerak Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuari bidaliko zaizkio, sofceduca@navarra.es helbide elektronikora, 2027ko martxoaren 31 baino lehen.
6.–Irakasle erretiratuak borondatez aritzea unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan.
Beren autonomia baliatuta, ikastetxeek irakasle erretiratuen borondatezko laguntza jasotzen ahalko dute, bat eginez Hezkuntzako kontseilariaren abenduaren 12ko 113/2024 Foru Aginduan ezarritako baldintzekin (113/2024 Foru Agindua, Nafarroako Foru Komunitateko irakasle erretiratuen borondatezko lankidetza arautzen duena unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoen jardueretan eta Esperientziaren Sarean).
Iragarkiaren kodea: F2609176
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
