143. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

40/2026 FORU AGINDUA, uztailaren 2koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, Elizondoko Benito Menni ospitalean egoiliarrek jaso beharreko funtsezko gutxieneko arreta-zerbitzuak arautzen dituena.

Eva Arrieta Insausti andreak, ELA sindikatuaren ordezkari gisa, 2026ko uztailaren 6tik abuztuaren 6ra bitarteko greba-deialdiaren berri eman du, Nafarroako Gobernuko Lan Zerbitzuan 2026ko ekainaren 22an erregistratutako idazki bat aurkeztuz. Greba abenduaren 6an hasiko da, 08:00etan, eta uztailaren 7an bukatuko da, 08:00etan, aipatutako egunetako txandak bete ondoren, Elizondoko Benito Menni ospitalean.

Greba egiteko eskubidea, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortua, bateragarria izan behar da funtsezko zerbitzu publikoak ematearekin, Konstituzioaren testuak berak dioen bezala, eta horretarako behar diren bermeak ezarri behar dira. Konstituzio arloko jurisprudentziak behin eta berriz xedatu duenez, gutxieneko zerbitzuak ezartzerakoan kontuan hartu behar dira proportzionaltasun eta arrazionaltasun printzipioak, eta zerbitzu horiek ezartzea behar bezala arrazoitu behar da.

Desgaitasuna eta/edo nahasmendu mentala duten pertsonentzako egoitza-zentroak ezin dira arretarik gabe utzi, horrek bertan bizi diren pertsonen zaintzan, osasunean eta bizitzan ondorio larriak eraginen bailituzke. Egoitza horiek egun guztian zaindu eta lagundu beharreko pertsona zaurgarriak hartzen dituzte beren instalazioetan. Pertsona horiek zainketa pertsonala behar dute beren oinarrizko beharretarako, zainketa hori gabe kalte larriak eragiten ahal zaizkielako osasunean.

Grebarako deialdia dela eta, egoitzako arreta zerbitzua ezin da osorik eten. Izan ere, nabaria da hizpide dugun kasua funtsezko zerbitzua dela gizartearentzat, eta, haren hartzaileen ezaugarriengatik
–gaixotasun mentala, desgaitasuna eta/edo mendekotasuna duten pertsonak direnez–, larritasun bereziko inguruabarrak daudela onartu behar da. Hori horrela, Konstituzio Auzitegiak dioenez, gizarteak bizitzeko ezinbesteko prestazioetarako duen eskubideak lehentasuna dauka grebarako eskubidearen aurrean, eta, funtsean, botere publikoek babestu behar dituzte gizartearen zati batek bizitzeko behar dituen zerbitzuak.

Gutxieneko zerbitzu horiek finkatzeko orduan, proportzionaltasunaren eta arrazionaltasunaren printzipioez gainera, kontuan hartu behar da zerbitzu horiek ezinbestekoak direla, beren egoera pertsonala dela kausa, oinarrizko behar horiek beren kasa eta zuzenean bete ezin dituzten herritarrei arreta egokia emateko. Horrek justifikatzen du zerbitzu horiek funtsezko zerbitzu gisa baloratzea eta sailkatzea, eta, hortaz, beharrezkoa da osorik estaltzea deialdiko grebak dirauen bitartean.

Horregatik guztiagatik, Espainiako Konstituzioak 15., 28., 39.4, 43. eta 49. artikuluetan aginte publikoei ezartzen dizkien betebeharrak betez, beharrezkoa da herritar horiei beren osasuna eta bizia babesteko eskubidea bermatuko dieten gutxieneko zerbitzu batzuk ezartzea, baina, betiere, langileen grebarako eskubidea errespetatuta.

Proposamena igorri zaie grebarako deia egin duen sindikatuari, Greba Batzordearen ordezkaria den aldetik, eta deialdiak ukitzen duen erakundeari. Sindikatuak baietsi ezin diren alegazioak aurkeztu ditu. Izan ere, kontuan harturik zerbitzuaren ezaugarriak, antolatutako grebaren iraupena eta egoiliarren profila eta premiak, egoiliarrei arreta egokia eman beharrak ezinezkoa egiten du ezarri diren gutxieneko zerbitzuak eskatu den bezala murriztea garbitegian, farmazian, erizaintzan eta zuzeneko arretan diharduten langileen kopuruari dagokionez.

Bereziki, erizainei dagokienez, gutxieneko zerbitzuak ez dira ez aldatzen ez eta handitzen ere enpresa berean 2026an bertan antolatutako beste greba batzuetarako ezarritakoekin alderatuta. Farmaziako langileei dagokienez, gutxieneko zerbitzu hauek proposatu dira: astean hiru egunetan arreta ematea, aurreko grebetan bezala. Bi kasuetan, uste da gutxieneko zerbitzu horiek greba-eskubidea errespetatzen dutela eta, aldi berean, egoiliarren oinarrizko beharrei arreta ematea bermatzen dutela.

Horrenbestez, kontuan harturik Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10.2 artikuluan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 44.17 eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoa, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

Lehenbizikoa.–Elizondoko Benito Menni ospitalean 2026ko uztailaren 6tik abuztuaren 6ra arte iragarritako greba egitean (2026ko uztailaren 6an hasiko da, 08:00etan, eta abuztuaren 7an bukatuko da, 08:00etan, aipatutako egunetako txandak bete ondoren), errespetatu beharko dira, grebaren xede den eremuan, erabiltzaileen oinarrizko beharrei arreta ematea bermatuko duten zerbitzuak, hau da, zainketa pertsonalak, elikadura, komunikazioa, lekualdatzea, kontrola eta babesa; horietatik kanpo daude, hortaz, programekin eta aisialdiarekin lotutako jarduerak.

Xede horrekin, eta zentroaren okupazioa kontuan hartuta, gutxieneko zerbitzuak honako hauek izanen dira:

2026KO UZTAILAREN 6TIK ABUZTUAREN 6RA BITARTEKO GREBA

PSIKOGERIATRIAKO LAGUNTZAILEA, BAZTAN

6/5

LAGUNTZAILEA, BIDASOA

4/5

GAUETAKO LAGUNTZAILEA

4

PME-KO LAGUNTZAILEA

5/5

ERIZAINA

2/1/1

FARMAZIA

Gutxienez lan txanda bat egin beharko da uztailaren 6an, 8an, 10ean, 13an, 15ean, 17an, 20an, 22an, 24an, 27an, 29an, 31n eta abuztuaren 3an eta 5ean, farmaziako profesional batek eta farmaziako laguntzaile batek osatuta.

ARDURADUNAK

Guardia ez-presentziala

GARBIKETA, BAZTAN

2/1

GARBIKETA, BIDASOA

1/1

SUKALDEA

2/1

GARBITEGIA

Gutxienez bi pertsonak eman beharko dute zerbitzua goizeko txandan, salbu eta uztailaren 11n eta 18an eta abuztuaren 1ean, non pertsona bakarra arituko baita, eta uztailaren 12an, 19an, 25ean eta 26an eta abuztuaren 2an (igandeak edo jaiegunak), non gutxieneko zerbitzurik ez baita ezarri arropa garbiketarako.

HARRERA-LEKUA

1/1

MEDIKUAK

Guardia ez-presentziala

MANTENTZE-LANAK

Guardia ez-presentziala

Bigarrena.–Foru agindu hau Eva Arrieta Insausti andreari jakinaraztea, ELA sindikatuaren ordezkaria den aldetik, jakinarazpenetarako helbidean (Kolon pasealekua 27, 20302 Irun) eta posta elektronikoz (evaarrieta@ela.eus).

Hirugarrena.–Foru agindu hau zentroko zuzendaritzari igortzea (helbidea: Bordaxurialde karrika 4 P, 31700 Elizondo).

Laugarrena.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, nahiz eta ondorioak jakinarazten denetik bertatik izanen dituen.

Bosgarrena.–Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2026ko uztailaren 2an.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2609608