141. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

57/2026 FORU AGINDUA, ekainaren 28koa, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak emana, zeinaren bidez indarrik gabe uzten baita hainbat jarduera egiteko debekua, Nafarroako Foru komunitatean ezarri dena baso-suteen arriskua prebenitzeko neurri berezi gisa. Neurri horiek hartu ziren Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariaren ekainaren 26ko 54/2026 Foru Aginduaren eta Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariaren ekainaren 26ko 56/2026 Foru Aginduaren bidez.

2026ko ekainaren 16an, erabaki zen Nafarroako Foru Komunitateko Baso-suteetarako Babes Zibileko Larrialdi Plan Berezia (INFONA) aktibatzea, egoera operatiboan 0. mailan (larrialdi aurreko egoera), baso-suteen arriskua dela-eta. 2026ko ekainaren 25ean, aipatu plana egoera operatiboko 2. mailara igo zen, Ezkaba mendian eta Ezkabarte inguruan sortutako sutearen nondik norakoak direla-eta.

Sute horrek tentsio handia eragin zuen larrialdietako eta babes zibileko ekipoetan; horrek, beste autonomia erkidego batzuetan gertatzen ari ziren larrialdiak gehituta, larrialdi zerbitzuen eta suak itzaltzeko zerbitzuen gaitasuna mugatu zuen Nafarroako Foru Komunitatean. Hori dela eta, neurri bereziak hartu behar izan ziren, sute-sorgune berriak agertzea eragin dezaketen jarduera zehatz batzuk mugatzeko.

Aurreko guztiarekin bat eta Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legearen 9., 19. eta 32. artikuluetan xedatutakoaren babesean, eman zen Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariaren ekainaren 26ko 54/2026 Foru Agindua, hainbat jarduera egiteko debekua ezartzen duena Nafarroako Foru Komunitatean, baso-suteen arriskua prebenitzeko neurri berezi gisa.

Egun horretan bertan, Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuak jakinarazi zuen Baso-suteetako Babes Zibileko Larrialdi Plan Berezia (INFONA) oraindik ere aktibo zegoela, egoera operatiboko 2. mailan. Hala ere, egoeraren bilakaerak ahalbidetu zuen larrialdietako eta babes zibileko ekipoen presio operatiboa pixka bat murriztea, suteen arriskuaren egoeran. Horregatik, eta arrisku egoerarekin bat eta horren arabera, egoki da debekuak eguneratzea.

Horrenbestez, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak ekainaren 26ko 56/2026 Foru Agindua eman zuen, zeinaren bidez eguneratzen baitziren ekainaren 26ko 54/2026 Foru Aginduaren bidez Nafarroako Foru Komunitatean hartutako aldi baterako neurriak. Eguneratze horren ondorioz, aldi baterako debekatzen zen nekazaritza eta basogintza jarduerak gauzatzea lehorreko lurretan zein baso-lurretan Nafarroako Pirinioetan, Nafarroako Erdialdean, Nafarroako Erdialde-hegoaldean eta Nafarroako Ebroko Erriberan, egun bakoitzeko 11:00etatik aurrera eta hurrengo eguneko egunsentira bitarte, salbu eta foru aginduaren eranskinean jasotako jarduerei dagokienez.

Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legearen 19. artikuluak adierazten du ezen, babes zibileko planen bat abian jarriz gero, babes zibileko agintariek eskumena izanen dutela ekintza batzuk ez egiteko agindua emateko eta, beharrezkoa bada, derrigorrezko zerbitzu pertsonalak egitea agintzeko. Zerbitzu emate hori sortu den egoeraren eta norberaren ahalmenen araberakoa izanen da eta ez du, nahitaez, kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik sortuko. Halaber, Legeak, 32. artikuluan, honako hau ezartzen du: hartzen diren neurri eskubide-murriztaileek indarraldi mugatua izanen dute –larrialdiei aurre egiteko hertsiki beharrezkoa dena, hain zuzen ere–, eta larrialdien muntaren araberakoak izan beharko dute.

Gainera, Babes Zibileko Sistema Nazionalari buruzko uztailaren 9ko 17/2015 Legearen 7.bis artikuluak adierazten du ezen, larrialdien nolakotasuna dela-eta beharrezkoa denean, babes zibilaren arloko agintari eskudunek aldi baterako bahitzen ahalko dutela ondasun-mota oro, eta beharrezkoak direnak behin-behinekoz esku hartzen edo okupatzen ahal izanen dituztela, eta, kasua bada, jarduerak eten.

Horrenbestez, larrialdi bat prebenitzeko edo azkentzeko neurriek bat etorri behar dute arriskuen mailarekin eta egon daitezkeen kalteekin. Hala, hartutako neurriak moldatzen ahalko dira, arriskua edo larrialdi egoera nola garatzen den.

Horren harira, 2026ko ekainaren 28an, Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuak jakinarazi du azken orduetako prezipitazioei esker hezetasuna handitu dela, eta Ezkabarte inguruko sutea kontrolatuta dagoela une honetan. Horrek eta dagoen aurreikuspen meteorologikoak murriztu egin dute larrialdiaren arriskua eta larritasuna, eta, hori dela-eta, proposatzen da baso-suteen arriskua prebenitzeko hartutako neurri bereziak kentzea.

Horrenbestez, eta Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoarekin bat,

AGINTZEN DUT:

1. Indarrik gabe uztea Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariaren ekainaren 26ko 54/2026 Foru Agindua, zeinaren bidez hainbat jarduera egiteko debekua ezartzen baita Nafarroako Foru Komunitatean, baso-suteen arriskua prebenitzeko neurri berezi gisa.

2. Indarrik gabe uztea Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariaren ekainaren 26ko 56/2026 Foru Agindua, zeinaren bidez eguneratzen baitira Nafarroako Foru Komunitatean aldi baterako hainbat debeku. Horiek Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariaren ekainaren 26ko 54/2026 Foru Aginduaren bidez ezarri ziren.

3. Foru agindu honek 2026ko ekainaren 28ko 11:00etatik aurrera izanen ditu ondorioak. Une horretatik aurrera, jarduera multzoa Nafarroako Foru Komunitatean baso-suteak prebenitzeko, zaintzeko eta itzaltzeko 2026. urteko planak eta aplikatzekoak diren gainerako arauek arautuko dute.

4. Foru agindu hau zabaltzea, orok jakin dezan, eta Nafarroako Babes Zibileko Alarma eta Alerta Sareko kudeatzaileak agintaritzei eta herritarrei jakinaraztea neurri hau.

5. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2026ko ekainaren 28an.–Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilaria, Inmaculada Jurío Macaya.

Iragarkiaren kodea: F2609415