1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
56/2026 FORU AGINDUA, ekainaren 26koa, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak emana, zeinaren bidez eguneratzen baitira Nafarroako Foru Komunitatean aldi baterako hainbat debeku. Horiek Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariaren ekainaren 26ko 54/2026 Foru Aginduaren bidez ezarri ziren.
2026ko ekainaren 16an, erabaki zen Nafarroako Foru Komunitateko Baso-suteetarako Babes Zibileko Larrialdi Plan Berezia (INFONA) aktibatzea, egoera operatiboan 0. mailan (larrialdi aurreko egoera), baso-suteen arriskua dela-eta.
2026ko ekainaren 25ean, suteak izan ziren Ledean, Murillo el Cuenden, Etxalarren, Irunberrin eta Larraiotzen, Noainen, Mélidan, Caparroson eta Lerinen. Arratsaldean zehar, halaber, su handi bat sortu zen Ezkaba mendiaren inguruan, eta hainbat sorgune izan ziren; besteak beste, Untzun, Nabatzen, Makirriainen, Orrion, Zildotzen, Anotzen eta Usin. Hala, bertara zazpi suhiltzaile-etxeetako suhiltzaileak joan dira. Zildozko, Usiko eta Anozko biztanleak atera behar izan zituzten etxetik. Esku-hartzean Nafarroako Foru Komunitatean eskuragarri zeuden baso-suteak itzaltzeko bitarteko guztiak behar izan ziren. Sute hori dela-eta, Nafarroako Foru Komunitateko Baso-suteetarako Babes Zibileko Larrialdi Plan Berezia (INFONA) egoera operatiboko 2. mailara igo zen.
Sute horrek tentsio handia eragin zuen larrialdietako eta babes zibileko ekipoetan; horrek, beste autonomia erkidego batzuetan gertatzen ari ziren larrialdiak gehituta, larrialdi zerbitzuen eta suak itzaltzeko zerbitzuen gaitasuna mugatu zuen Nafarroako Foru Komunitatean. Hori dela eta, neurri bereziak hartu behar izan ziren, sute-sorgune berriak agertzea eragin dezaketen jarduerak mugatzeko.
Aurreko guztiarekin bat eta Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legearen 9., 19. eta 32. artikuluetan xedatutakoaren babesean, onetsi zen Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariaren ekainaren 26ko 54/2026 Foru Agindua, hainbat jarduera egiteko debekua ezartzen duena Nafarroako Foru Komunitatean, baso-suteen arriskua prebenitzeko neurri berezi gisa.
2026ko ekainaren 26ko goizean zehar, Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuak jakinarazi du aktibatuta zegoela Nafarroako Foru Komunitateko Baso-suteetarako Babes Zibileko Larrialdi Plan Berezia (INFONA), egoera operatiboko 2. mailan, eta Ezkaba mendiaren inguruan sortutako sutea aktibo zegoela oraindik. Egoeraren bilakaerak ahalbidetu zuen larrialdietako eta babes zibileko ekipoen presio operatiboa pixka bat murriztea, suteen arriskuaren egoeran.
Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legearen 19. artikuluak adierazten du ezen, babes zibileko planen bat abian jarriz gero, babes zibileko agintariek eskumena izanen dutela ekintza batzuk ez egiteko agindua emateko eta, beharrezkoa bada, derrigorrezko zerbitzu pertsonalak egitea agintzeko. Zerbitzu emate hori sortu den egoeraren eta norberaren ahalmenen araberakoa izanen da eta ez du, nahitaez, kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik sortuko. Halaber, Legeak, 32. artikuluan, honako hau ezartzen du: hartzen diren neurri eskubide-murriztaileek indarraldi mugatua izanen dute –larrialdiei aurre egiteko hertsiki beharrezkoa dena, hain zuzen ere–, eta larrialdien muntaren araberakoak izan beharko dute.
Gainera, Babes Zibileko Sistema Nazionalari buruzko uztailaren 9ko 17/2015 Legearen 7.bis artikuluak adierazten du ezen, larrialdien nolakotasuna dela-eta beharrezkoa denean, babes zibilaren arloko agintari eskudunek aldi baterako bahitzen ahalko dutela ondasun-mota oro, eta beharrezkoak direnak behin-behinekoz esku hartzen edo okupatzen ahal izanen dituztela, eta, kasua bada, jarduerak eten.
Horrenbestez, larrialdi bat prebenitzeko edo azkentzeko neurriek bat etorri behar dute arriskuen mailarekin eta egon daitezkeen kalteekin. Hala, hartutako neurriak moldatzen ahalko dira, arriskua edo larrialdi egoera nola garatzen den.
Aurreko guztiarekin, egungo arrisku egoerarekin bat, egokia eta neurrizkoa da Nafarroako Foru Komunitatean hartutako aldi baterako debekuak eguneratzea. Horiek Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariaren ekainaren 26ko 54/2026 Foru Aginduaren bidez onetsi ziren; hain zuzen ere, agindu haren bidez aldi baterako debekatu zen nekazaritza eta basogintza jarduerak gauzatzea lehorreko lurretan zein baso-lurretan Nafarroako Pirinioetan, Nafarroako Erdialdean, Nafarroako Erdialde-hegoaldean eta Nafarroako Ebroko Erriberan, egun bakoitzeko 11:00etatik aurrera eta hurrengo eguneko egunsentira bitarte, salbu eta foru agindu horren eranskinean jasotako jarduerei dagokienez.
Horri esker, baso-suteen arriskua prebenitzearen eta nekazaritza sektorearen eta baso-sektorearen interesen arteko ponderazio eta oreka egokia lortu da.
Ondorioz, Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuak eginiko proposamena ikusita, eta bat etorriz Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legearen 26. artikuluarekin,
AGINTZEN DUT:
1. Eguneratzea Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariaren ekainaren 26ko 54/2026 Foru Aginduaren bidez ezarritako debekuak (foru agindu horren bidez hainbat jarduera egiteko debekua ezartzen da Nafarroako Foru Komunitatean, baso-suteen arriskua prebenitzeko neurri berezi gisa). Hona hemen aldaketa:
–Aldi baterako debekatzea nekazaritza eta basogintza jarduerak gauzatzea lehorreko lurretan zein baso-lurretan Nafarroako Pirinioetan, Nafarroako Erdialdean, Nafarroako Erdialde-hegoaldean eta Nafarroako Ebroko Erriberan, egun bakoitzeko 11:00etatik aurrera eta hurrengo eguneko egunsentira bitarte, salbu eta foru aginduaren eranskinean jasotako jarduerei dagokienez.
2. 1. puntuan baimendutako tartean jarduerak gauzatzean, bai eta Kantauriko Isurialdean eta Nafarroako Erdialde-iparraldean gauzatzen direnak ere, errespetatu beharko da Nafarroako Foru Komunitatean baso-suteak prebenitzeko, zaintzeko eta itzaltzeko 2026. urteko planean zein aplikatzekoa diren gainerako arauetan ezarritakoa, eta kontu handia izan beharko da baso-suteak sortzea eta zabaltzea ekiditeko.
3. Foru agindu honek indarra hartuko du sinatzen den unean bertan, eta indarrean egonen da neurriak berariaz kendu edo aldatzen diren arte. Hori baso-suteen arriskuaren arabera eginen da.
4. Foru agindu hau zabaltzea, orok jakin dezan, eta Nafarroako Babes Zibileko Alarma eta Alerta Sareko kudeatzaileak agintaritzei eta herritarrei jakinaraztea neurri hau.
5. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
Iruñean, 2026ko ekainaren 26an.–Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilaria, Inmaculada Jurío Macaya.
Iragarkiaren kodea: F2609413