141. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

54/2026 FORU AGINDUA, ekainaren 26koa, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak emana, zeinaren bidez hainbat jarduera egiteko debekua ezartzen baita Nafarroako Foru Komunitatean, baso-suteen arriskua prebenitzeko neurri berezi gisa.

2026ko ekainaren 16an, erabaki zen Nafarroako Foru Komunitateko Baso-suteetarako Babes Zibileko Larrialdi Plan Berezia (INFONA) aktibatzea, egoera operatiboan 0. mailan (larrialdi aurreko egoera), baso-suteen arriskua dela-eta.

Aipatu planaren xedea da baso-suteek eragindako larrialdi egoeretan administrazio publiko guztiek erantzun eraginkorra ematea, eta baliabide eta bitartekoak eskuratzen direla bermatzea, beharrezkoa denean.

2026ko ekainaren 25ean, suteak izan dira Ledean, Murillo el Cuenden, Etxalarren, Irunberrin eta Larraiotzen, Noainen, Mélidan, Caparroson eta Lerinen. Arratsaldean zehar, halaber, su handi bat sortu da Ezkaba mendiaren inguruan, eta hainbat sorgune izan dira; besteak beste, Untzun, Nabatzen, Makirriainen, Orrion, Zildotzen, Anotzen eta Usin. Hala, bertara zazpi suhiltzaile-etxeetako suhiltzaileak joan dira. Zildozko, Usiko eta Anozko biztanleak atera behar izan dituzte etxetik. Esku-hartzean Nafarroako Foru Komunitatean eskuragarri zeuden baso-suteak itzaltzeko bitarteko guztiak behar izan dira. Sute hori dela-eta, Nafarroako Foru Komunitateko Baso-suteetarako Babes Zibileko Larrialdi Plan Berezia (INFONA) egoera operatiboko 2. mailara igo da.

Gaur egun, aginte-postu aurreratua (APA) lanean ari da azken sute horretan, eta uste da lanek ostiraleko –ekainak 26– gauean jarraitu beharko dutela. MITECOri Agoncilloko aireko bitartekoak eskatu zaizkio, bai eta MITECOk esleitutako Miluzeko helikopteroak erabiltzeko ordua aurreratzea ere.

Sute horrek tentsio handia eragin du larrialdietako eta babes zibileko ekipoengan; horrek, beste autonomia erkidego batzuetan gertatzen ari diren larrialdiak gehituta, larrialdi zerbitzuen eta suak itzaltzeko zerbitzuen gaitasuna mugatzen du.

Ekainaren 25eko arratsaldean zehar, Larrialdietarako Aholku Batzordeak proposatu du neurri bereziak har daitezen sute-sorgune berriak agertzea eragin dezaketen jarduerak mugatzeko.

Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legearen 9. artikuluak plan bereziak hartzen ditu barne, horien artean babes zibilerako planak.

Halaber, adierazitako arauaren 17.1 artikuluak honako hau ezartzen du: "Lurralde plan batean, plan berezi batean edo plan berariazko batean aurreikusitako arrisku larriko egoera edo larrialdi bat atzematen denean, dagokion babes zibileko plana formalki abian jar dadila aginduko du plan motaren arabera eskumena duen agintariak. Abian jartzearen deklarazioa eginda, larrialdiari aurre egiteko lan guztien zuzendaritza eta koordinazioa planaren zuzendariaren esku geldituko dira. Horrek planean ezarrita dauden neurriak hartuko ditu, beharrezkoak diren aldaketa taktiko eta guzti".

Horrez gain, eta aurreko artikuluarekin lotuta, Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legearen 19. artikuluak adierazten du ezen, babes zibileko planen bat abian jarriz gero, babes zibileko agintariek eskumena izanen dutela ekintza batzuk ez egiteko agindua emateko eta, beharrezkoa bada, derrigorrezko zerbitzu pertsonalak egitea agintzeko. Zerbitzu emate hori sortu den egoeraren eta norberaren ahalmenen araberakoa izanen da eta ez du, nahitaez, kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik sortuko. Halaber, foru lege horrek, 32. artikuluan, honako hau ezartzen du: Hartzen diren neurri eskubide-murriztaileek indarraldi mugatua izanen dute –larrialdiei aurre egiteko hertsiki beharrezkoa dena, hain zuzen ere–, eta larrialdien muntaren araberakoak izan beharko dute.

Gainera, Babes Zibileko Sistema Nazionalari buruzko uztailaren 9ko 17/2015 Legearen 7.bis artikuluak adierazten du ezen, larrialdien nolakotasuna dela-eta beharrezkoa denean, babes zibilaren arloko agintari eskudunek aldi baterako bahitzen ahalko dutela ondasun-mota oro, eta beharrezkoak direnak behin-behinekoz esku hartzen edo okupatzen ahal izanen dituztela, eta, kasua bada, jarduerak eten.

Horrenbestez, larrialdi bat prebenitzeko edo azkentzeko neurriek bat etorri behar dute arriskuen mailarekin eta egon daitezkeen kalteekin. Hala, hartutako neurriak moldatzen ahalko dira, arriskua edo larrialdi egoera nola garatzen den.

Ondorioz, Larrialdietarako Aholku Batzordeak eginiko proposamena ikusita, eta bat etorriz Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legearen 26. artikuluarekin,

AGINTZEN DUT:

1. Aldi baterako debekatzea nekazaritza eta basogintza jarduerak gauzatzea lehorreko lurretan zein baso-lurretan Nafarroako Pirinioetan, Nafarroako erdialdean, Nafarroako erdialde-hegoaldean eta Nafarroako Ebroko Erriberan, 2026ko ekainaren 26ko 11:00etatik aurrera, salbu eta foru agindu honen eranskinean jasotako jarduerei dagokienez.

2. 1. puntuan salbuetsitako jarduerak gauzatzean, bai eta Kantauriko isurialdean eta Nafarroako erdialde-iparraldean gauzatzen direnak ere, errespetatu beharko da Nafarroako Foru Komunitatean baso-suteak prebenitzeko, zaintzeko eta itzaltzeko 2026. urteko planean zein aplikatzekoa diren gainerako arauetan ezarritakoa, eta kontu handia izan beharko da baso-suteak sortzea eta zabaltzea ekiditeko.

3. Foru agindu honek indarra hartuko du sinatzen den unean bertan, eta indarrean egonen da neurriak berariaz kendu edo aldatzen diren arte. Hori baso-suteen arriskuaren arabera eginen da.

4. Foru agindu hau zabaltzea, orok jakin dezan, eta Nafarroako Babes Zibileko Alarma eta Alerta Sareko kudeatzaileak agintaritzei eta herritarrei jakinaraztea neurri hau.

5. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2026ko ekainaren 26an.–Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilaria, Inmaculada Jurío Macaya.

ERANSKINA.–ALDI BATERAKO DEBEKUTIK SALBUETSITA DAUDEN JARDUERAK, NAFARROAKO PIRINIOETAN, NAFARROAKO ERDIALDEAN, NAFARROAKO ERDIALDE-HEGOALDEAN ETA NAFARROAKO EBROKO ERRIBERAN

1. Traktoreak (ibilgailua).

2. Ongarritzea.

3. Ureztatze lanak.

4. Tratamendu fitosanitarioetarako ekipoak.

5. Barazkiak biltzeko makinak (tomatea, piperra, orburua, aza, brokolia, erromaneskoa, errefauak, azalorea, borraja, alberjinia, kardua, baratxuria, tipula eta porrua, lekak, ziazerbak, ilarrak, baba berdea, arto gozoa, etab.) izozteko, berdetan eta kontserbetarako.

6. Artoa eta alpapa biltzeko makinak, presio bidezko ureztalurretan.

7. Mahatsa biltzeko makinak.

8. Ereiteko eta landatzeko makinak.

9. Zamatzeko eta garraiatzeko makinak.

10. Laboreak ikuskatzeko lurzatietara sartzeko ibilgailuak.

11. Mantentze-lanak egiteko lurzatietara sartzeko ibilgailuak.

12. Motoponpak.

15. Pagadien baso-aprobetxamendurako lanak.

16. Autobabeserako plan bat duten azpiegituren obrak.

Iragarkiaren kodea: F2609410