141. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

120C/2026 EBAZPENA, ekainaren 15ekoa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita Irunberriko Joaquín Larregla Musika Eskolaren hitzarmen kolektiboa erregistratzea, gordailutzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ikusi da Irunberriko Joaquín Larregla Musika Eskolak haren langile lan-kontratudunendako aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode zenbakia: 31102612012026). Testu hori erregistro honetan 2026ko apirilaren 7an sartu zen, patronatuaren eta langileen legezko ordezkariek 2026ko urtarrilaren 27an sinatu ondoren.

Bat etorriz Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta Hitzarmen kolektiboak, lan akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuan xedatutakoa kontuan hartuta,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzea Irunberriko Joaquín Larregla Musika Eskolak bere langile lan-kontratudunentzat aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode-zenbakia: 31102612012026).

Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2026ko ekainaren 15ean.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.

NEGOZIAZIOEN AZKEN AKTA

Irunberrin, 2026ko urtarrilaren 27an, honako pertsona hauek bildu dira onespena emateko Irunberriko Joaquín Larregla Musika Eskolako langileen lan-baldintzak arautzen dituen itun kolektiboari:

Irunberriko Joaquín Larregla Musika Eskolaren patronatuaren aldetik: Rocío Monclús Manjón andrea.

Langileen ordezkaritzaren aldetik: Izaskun Esparza Ojer andrea, langileen delegatua.

Bilerari hasiera emanik, 2026-2029rako Irunberriko musika eskolako langileentzako itun kolektiboaren testuaren berri eman da, akta hau sinatzen duten aldeek prestatua, eta horren ondorioz,

ERABAKITZEN DA:

1. Langileen delegatuak, Irunberriko musika eskolako langile guztien izenean, itun kolektiboaren testua onesten eta izenpetzen du.

2. Adostutako itunaren testuak –akta honi erantsiak– 28 artikulu, bi xedapen gehigarri eta xedapen indargabetzaile bat ditu.

3. Itunaren indarraldia 2026tik 2029ra luzatzen da, eta eragin ekonomikoak ditu 2026ko urtarrilaren 1etik.

4. Ituna salatutzat hartuko da iraungitzen denean eta negoziazio prozesu berri batean berariazko akordiorik lortzen ez den bitartean, bertako klausula arauemaileei eutsiko zaie.

5. Hitzarmena sinatzean, ale bat Irunberriko Joaquín Larregla Musika Eskolako patronatuaren esku geldituko da eta besteak langileen ordezkaritzaren esku.

Eta aztertzeko beste gairik ez dagoenez, bilerari bukaera eman zaio, eta bertaratuek akta hau sinatu dute, goian aipatutako tokian eta egunean.

IRUNBERRIKO JOAQUÍN LARREGLA MUSIKA ESKOLAKO LANGILEEN HITZARMEN KOLEKTIBOA

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Eremu funtzionala, langile-eremua eta lurralde-eremua Hitzarmen kolektibo honek Irunberriko musika eskolarako lan egiten duten langile guztiei eragiten die, izan lan-kontratudun finkoak edo aldi baterakoak.

2. artikulua. Denbora-eremua. Lan hitzarmen kolektibo honen iraunaldia 2026ko urtarrilaren 1etik 2029ko abenduaren 31ra joanen da.

Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra, nahiz ordainsari ondorioek atzerako eragina izanen duten eta 2026ko urtarrilaren 1etik aplikatuko diren. Hitzarmen kolektiboa urtetik urtera luzatuko da, aldeen salaketarik egon ezean/Hitzarmena salatutzat hartuko da iraungitzen denean eta negoziazio prozesu berri batean berariazko akordiorik lortzen ez den bitartean, bertako klausula arauemaileei eutsiko zaie.

Hitzarmena salatu nahi bada, hitzarmenaren indarraldia edo urteko luzapenak bukatu baino hilabete lehenago gutxienez salatu beharko da.

Hitzarmeneko aldeetako edozeinek akordioa salatzen ez badu, haren indarraldia ondoz ondo urtebeteko alditan luzatuko dela ulertuko da, harik eta hitzarmen berria sinatzen den arte.

Akordio berrirako negoziazioak hilabeteko epean hasi beharko dira, gehienez, jakinarazpena jasotzen denetik.

Alde sinatzaileek konpromisoa hartzen dute hitzarmen hau berritzeko negoziazioekin hasteko, horren indarraldia bukatu baino bi hilabete lehenago.

Hitzarmen honetan aurreikusita ez dagoen guztian, une oro indarra duen lan-legedian xedatuari men eginen zaio.

3. artikulua. Aldeak. Hitzarmen hau Joaquín Larregla Musika Eskolako patronatuak eta musika eskolako langileen sindikatu-ordezkaritzak izenpetu dute.

4. artikulua. Batzorde parekidea. Batzorde parekide bat sortuko da, eta musika eskolako patronatuaren eta langileen ordezkari kopuru beraz osatuta egonen da. Batzordea kideetako edozeinek hala eskatzean bilduko da. Batzorde horrek hitzarmen honetako edukia interpretatu, jarraitu, zaindu eta garatuko du.

Aldeetako edozeinek eskatuta bilduko da, eta biltzeko epea bilera egitea eskatzen denetik 15 lan egunekoa izanen da. Bileren aktak eginen dira. Adostutako akordioek edo ebazpenek langileen estatutuan araututako hitzarmen kolektiboen eraginkortasun juridiko eta izapidetze berdina izanen dute. Akordioak adosteko, bi ordezkaritzetako bakoitzaren kideen % 50ek aldeko botoa eman behar dute.

II. IZENBURUA.–LANGILEEN SAILKAPENA

5. artikulua. Lanaren antolaketa. Lanaren diziplina eta antolamendua musika eskolako patronatuaren beraren ahalmenak dira eta Langileen Estatutuan, aplikatzen ahal diren gainerako legezko xedapenetan eta Joaquín Larregla Musika Eskolaren barne araubidearen erregelamenduan ezarritakoari lotuko zaizkio.

6. artikulua. Lanbide-kategoriak. Hitzarmen honen aplikazio eremuaren barrenean dauden langileek, euren titulazioaren eta eskolan egiten duten benetako lanaren arabera, Musika irakaskuntzen irakasle titularraren lanbide-kategoria izanen dute (B maila).

Musika irakaskuntzen irakasle titulartzat hartzen da aplikagarri den legediak eskatzen dituen baldintzak bete eta irakaskuntzan jarduten duen langilea, programak behar bezala garatuz, eskolak ezarritako esparru pedagogiko eta didaktikoaren barrenean.

7. artikulua. Aldi baterako kategoria funtzionalak. Zuzendariaren kategoria funtzionaltzat hartzen da.

Musika eskolako titularrak aukeraturiko langileak beteko du postu hori, karguan mantentzen duen denboran. Kategoria hori ezin da finkatu.

Zuzendariak zuzentzen, orientatzen eta gainbegiratzen ditu eskolako jarduera guztiak. Eskolako patronatuaren batzarrak izendatuko du, klaustroak proposatuta.

Zentroaren bolumenak hala gomendatuko balu, etorkizunean beste kategoria funtzional batzuk, hala nola ikasketaburua edo idazkaria, izendatzen ahalko dira.

Zuzendariak eginkizun hauek izanen ditu:

–Ikasleen gurasoen eta irakasleen artean lotura izatea.

–Irakasleak antolatzea: klaseak eta jarduerak banatzea, ordutegiak prestatzea, bertaratze-kontrolak, etab.

–Klaustroetarako deiak egitea eta irakasleak behar bezala koordinatzea pedagogikoki.

–Musika eskolaren, Nafarroako Gobernuaren eta Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalaren arteko harremanetik etorritako zereginak, funtzionamendu pedagogiko eta akademikoari dagokion guztian.

–Patronatuak eskatutako eta bere eskumen eta prestakuntza alorreko guztiak.

III. TITULUA.–KONTRATAZIOA, LANEAN HASTEA ETA LANA UZTEA

8. artikulua. Lan-kontratudun finkoak hautatzea. Musika eskolaren zerbitzuko langile finkoak hautatzerakoan, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren II. tituluko I. kapituluan eta xedapen osagarrietan xedatutakoari jarraituko zaio.

9. artikulua. Aldi baterako lan-kontratudunak hautatzea. Hitzarmen honen eraginpeko langileak unean-unean indarra duten legezko kontratazio modalitateetatik edozeinen bidez kontratatzen ahalko dira. Halaber, kontratuaren ezaugarriei eta betebeharrei dagokienez, indarra duten legezko xedapenei men eginen zaie. Musika eskolako jardunaren berezitasuna dela eta, adosten da zilegi izanen dela lan edo zerbitzu jakin baterako lan-kontratazioa erabiltzea titularrak komenigarritzat jotzen duen ikasgai edo instrumentu berrietan; kontratazio horren iraupena 12 hilabetekoa izanen da gutxienez.

10. artikulua. Praktikaldiko kontratuak. Praktikaldiko kontratu bidez kontratatutako langileen ordainsaria hauxe izanen da: kasuan kasuko kategoriarentzat hitzarmen honetan finkatutako soldataren %90 lehen urtean, eta %100 bigarren urtean.

11. artikulua. Probaldia. Kontratatutako langileek lau hilabeteko probaldi bat izanen dute. Probaldiak balio izanen du antzinatasunaren ondorioetarako.

12. artikulua. Lana norbere borondatez uztea. Lanpostua borondatez utzi nahi duen langileak patronatuari jakinarazi beharko dio, idatziz, eta hilabeteko aurreabisuarekin.

Langileak ez badu betetzen aldez aurretik abisu emateko duen betebehar hori, zilegi izanen da haren likidaziotik eguneko lansaria kentzeko atzeratzen den egun bakoitzeko, eta gehienez ere, abisu emateko ezarritako egunei dagokiona.

Patronatuak aurreabisua behar den denboran eta moduan jasotzen baldin badu, langileari likidazioa emateko obligazioa izanen du elkarren arteko lan-harremanak bukatzen diren egunean berean. Betebehar hori betetzen ez badu, langileak kalte-galerak ordaintzeko eskubidea izanen du, hain zuzen, egun bateko soldata likidazioa atzeratzen den egun bakoitzeko. Aurreabisua zenbat egun aurretik egin den, horixe izanen da kalte-ordainetarako muga. Kalte-ordain hori langileak bere kontratuaren bukaeran jaso behar duenaz apartekoa izanen da, kontratuak, berez, halakorik ezartzen badu.

IV. IZENBURUA.–LAN BALDINTZAK

13. artikulua. Lanaldia. Eskolako irakasleek gehienez 34 orduko asteko lanaldia izaten ahal dute, eta hori da langile bakoitzak egiten duen lanaldia kalkulatzeko erabiltzen den erreferentzia.

34 ordu horietatik, 24 ordu ikasleekin eginiko zuzeneko irakaskuntza orduak izanen dira; 4 ordu, eskolarik gabekoak, koordinazio-lanetarako, eta 6 ordu jardueren prestazio pertsonalerako, formaziorako eta irakasleak eguneratzeko.

Ekain eta iraileko eskolarik gabeko aldietan, eskolan egoteko ordutegi bat ezarriko da, ikasturte berria antolatu eta prestatu ahal izateko.

Zuzendari-kargua duen langileak 5 ordu eman beharko ditu karguari datxezkion zereginetan.

14. artikulua. Lan-egutegia. Eskola-ikasturte bakoitzaren hasieran lan-egutegia onetsiko da, herriko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzaren eskola-egutegiaren antzekoa izanen dena.

15. artikulua. Oporrak, lizentziak, baimenak eta eszedentziak. Oporren, lizentzien, baimenen eta eszedentzien araubideari dagokionez, langileen hitzarmen kolektiboan dagoena aplikatuko da, zeina Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioak izenpetu zuen eta 2007ko urtarrilaren 24an 11. zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean zein haren hurrengo eguneraketetan argitaratu zen.

Irakasleentzat, dagozkien oporrez gain, bertaratzea derrigorrezkoa ez den eskolalditik kanpoko aldiak ezarriko dira. Hauek izanen dira aldi horiek:

–Hilabete bat udan.

–Aste Santuan eta Eguberrietan: eskolak ikasleentzat ezarritako oporraldien iraupen berdina izanen dute.

–Halaber, ikasturte bakoitzeko egutegian eskolarik gabeko egunak ezarriko dira.

V. TITULUA.–HOBEKUNTZA SOZIALAK

16. artikulua. Aldi baterako ezintasuna. Langile lan-kontratudunek soldataren %100 jasoko dute aldi baterako edozein ezintasun edo amatasunaren aurrean, egoera hori bajako parte, altako parte eta beste baieztapen ofizial batzuek egiaztatzen duten bitartean.

17. artikulua. Prestakuntza. Langileak prestakuntza-ikastaroetara joatea erraztuko da, haien edukia zuzenean lanpostuari edo lanbide karrerari lotua bada. Ikastaroetara joateko, zerbitzuaren arduradunak baimena eman behar du.

18. artikulua. Aseguruak. Eskolak aseguru poliza bat izan beharko du jardun profesionalaren ez beste ezeren ondoriozko erantzukizun zibila estaltzeko.

19. artikulua. Lan-osasuna. Enpresak Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legean eta haren garapenean ezarritakoa beteko du. Prebentzioko ordezkarien aukeraketa lege horretan ezarritakoa kontuan hartuta eginen da.

Langile orok urtean osasun-azterketa baterako eskubidea du, eta azterketa horrek barne hartuko ditu legez ezarritako probak, eta, lanpostuaren arriskuen ebaluazioa dela eta, beharrezkoak direnak.

VI. TIULUA.–ORDAINSARIAK

20. artikulua. Kontzeptuak. Hitzarmen honen aplikazio esparruko langileen lansariak ondoko kontzeptuak izanen ditu: oinarrizko soldata, antzinatasuna, familiarentzako laguntza eta zuzendaritza osagarria.

Oinarrizko soldata parekatzeko Nafarroako Foru Administrazioaren ordainsarien taularen B mailako hasierako soldatara, 2026rako ordainsari guztiak gehienez %2,5 igotzea ezartzen da, 2023rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legearen 19.Bi.1 artikuluan ezarritako mugak direla eta, honako hau xedatzen baitu: "sektore publikoaren zerbitzuko langileen ordainsariek ezin izanen dute ehuneko 2,5etik gorako igoera globalik izan 2022ko abenduaren 31n indarra zutenekin alderaturik, betiere konparatzen diren bi aldiak modu homogeneoan harturik, hala langileen kopuruari dagokionez nola haien antzinatasunari dagokionez".

Halaber, lege beraren 19.Zortzi artikuluak hau xedatzen du: "Artikulu honetan finkatutakoak baino ordainsari igoera handiagoa duten akordio, hitzarmen edo itunak egokitu egin beharko dira, eta horri kontra egiten dioten klausulak aplikagaitz bihurtuko dira".

Ordainsariak urtero berrikusiko dira, indarreko legediak baimendutako gehiengora igotzeko eta Foru Administrazioaren ordainsarien taularen B mailako oinarrizko soldata aplikatzera heltzeko. Legediak baimentzen duenean, oinarrizko soldata automatikoki parekatuko da Nafarroako Foru Administrazioaren ordainsarien taularen B mailako hasierako soldatara.

Urtero aplikatzen ahal den Nafarroako Foru Administrazioaren ordainsarien taularen B mailako hasierako soldata izanen da oinarrizko soldata. Soldata hori proportzionalki aplikatuko da, eginiko lanaldiaren arabera.

Familiarentzako laguntza langileen hitzarmen kolektiboak ezartzen duena izanen da, zeina Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioak izenpetu zuen eta 2007ko urtarrilaren 24an Nafarroako Aldizkari Ofizialean zein haren hurrengo eguneraketetan argitaratu zen.

21. artikulua. Antzinatasuna. Mugaeguneratutako hirurteko bakoitzeko langileak eskubidea izanen du jasotzeko bere mailari dagokion kantitatea, urtero aplikatzen ahal den Nafarroako Foru Administrazioaren ordainsarien taulan azaltzen dena, hala xedatzen baitu langile lan-kontratudunen hitzarmen kolektiboaren 59. artikuluak (Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioak izenpetu zuen eta 2007ko urtarrilaren 24an Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen hitzarmen hori).

Antzinatasuna kontabilizatzeko orduan kontuan hartuko dira aldi baterako eta etenik gabe lan egindako aldiak edo, hala badagokio, lan edo zerbitzu jakin baterako lan kontratuarekin lan egindakoak edo plaza hutsa finkatu aurretik bitarteko langile gisa egindakoak.

Hirurteko bakoitza betetzen den hilabeteko nominan ordainduko da hirurtekoari dagokion zenbatekoa.

22. artikulua. Zuzendaritza osagarria. Patronatuaren Batzarrak zuzendari-kargua izateko aukeratutako pertsonak zuzendaritza osagarria izanen du, bere mailako soldataren %10ekoa, zuzendari den bitartean.

23. artikulua. Aparteko pagak. Aparteko pagei dagokionez, langile lan-kontratudunen hitzarmen kolektiboan dagoena aplikatuko da (Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioak izenpetu zuen eta 2007ko urtarrilaren 24an Nafarroako Aldizkari Ofizialean zein haren hurrengo eguneraketetan argitaratu zen hitzarmen hori).

24. artikulua. Kilometrajea. Irunberrin bizi ez diren langileek 0,25 euro/km-ko konpentsazioa jasotzeko eskubidea izanen dute, bizileku duten herritik etortzeko egin behar duten joan-etorriarengatik. Kontzeptu hori ez da finkagarria izanen, eta haren zenbatekoa berrikusten ahalko da, hitzarmen hau eguneratzen bada.

25. artikulua. Aparteko orduak. Aparteko orduak salbuespeneko kasuetan baizik ez dira eginen, eta, oro har, egin aurretik baimendu beharko dira, premiazko kasuetan izan ezik. Langile bakoitzari 50 ordu ordainduko zaizkio gehienez urtean, patronatuak besterik baimentzen ez duen bitartean. Orduen konpentsazioa langile lan-kontratudunen hitzarmen kolektiboan dagoenaren arabera eginen da (Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioak izenpetu zuen eta 2007ko urtarrilaren 24an Nafarroako Aldizkari Ofizialean zein haren hurrengo eguneraketetan argitaratu zen hitzarmen hori).

VII. TITULUA.–ESKUBIDE SINDIKALAK

26. artikulua. Eskubide sindikalei dagokienez, langile lan-kontratudunen hitzarmen kolektiboan dagoena aplikatuko da (Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioak izenpetu zuen eta 2007ko urtarrilaren 24an Nafarroako Aldizkari Ofizialean zein haren hurrengo eguneraketetan argitaratu zen hitzarmen hori).

VIII. TITULUA.–DIZIPLINA-ARAUBIDEA

27. artikulua. Diziplina-araubideari dagokionez, langile lan-kontratudunen hitzarmen kolektiboan dagoena aplikatuko da, zeina Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioak izenpetu zuen eta 2007ko urtarrilaren 24an Nafarroako Aldizkari Ofizialean zein haren hurrengo eguneraketetan argitaratu zen hitzarmen hori).

IX. TITULUA.–LEGE SUBSIDIARIOAK

28. artikulua. Lege subsidiarioak. Hitzarmen honetan xedatuta ez dagoenari dagokionez, langile lan-kontratudunen hitzarmen kolektiboa (Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioak izenpetu zuen eta 2007ko urtarrilaren 24an Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen hitzarmen hori), eta Langileen Estatutua aplikatuko dira, bai eta lan arloko legedia orokorra ere.

Lehen xedapen gehigarria.–Hitzarmen honetako negoziazio aldeak Nafarroako Lan Auzitegiaren menpe jartzen dira, baita haren aplikazio erregelamenduaren menpe ere, eta horietatik datozen erabakiek ordezkatutako langile guztiengan izanen dute eragina. Nolanahi ere, lehenbizi itun honetako batzorde parekidera joko da.

Bigarren xedapen gehigarria.–Musika eskolaren titularra arduratuko da irakasleen musika instrumentuak konpontzeaz, irakasleen tresna pertsonal eta ezinbestekoa direlako, baldin eta musika eskolak tresna hori ez badu, eta instrumentuaren narriadura irakaslearen lanorduetan gertatu bada.

Xedapen indargabetzailea.–Indarrean jartzen den unetik, hitzarmen honek landutako gaiak arautu dituzten aurreko xedapen guztiak ordezkatzen ditu, bereziki 2008-2009ko itun kolektiboa.

Iragarkiaren kodea: F2608715