141. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IZABA

Turismo-ostatuaren erabilera arautzeko eta antolatzeko plan berezia. Behin betiko onespena

Izabako Udalak, 2026ko ekainaren 17an egindako ohiko osoko bilkuran, 2. Puntuan erabaki zuen behin betiko onestea Turismo-ostatuaren erabilera arautzeko eta antolatzeko plan berezia. Hori dela eta, honako arau-testu hau sortu da.

Izaban, 2026ko ekainaren 18an.–Alkatea, Carlos Anaut Abadía.

PLAN BEREZIA

IZABAKO TURISMO-OSTATUAREN ERABILERA ARAUTZEKO ARAUDI BEREZIA

LEHENENGO TITULUA

LEHEN KAPITULUA.–Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

1.1. Araudi honek helburu du askotariko turismo-ostatuen hirigintza-erabilera arautzea, berariazko erabilera hori hirigintza aldetik antolatzeko tresna izan dadin, horretarako dagokion sailkapena eginez, jasangarritasunari lotuta eta jasangarritasunaren irizpideen arabera.

1.2. Honako eskubide, printzipio eta politika hauek erdietsi eta babestea dira erregulazio horren helburuak eta, beraz, erregulazioaren zehaztapenak eratzen eta justifikatzen dituzte:

–Izabako kohesio-eredua mantentzea gizartearen, lurraldearen, ingurunearen, kulturaren, naturaren eta sozioekonomiaren aldetik, masifikazio- eta turistifikazio-prozesuak saihestea (bereziki etxebizitza-parkearenak), eta ekiditea bertako beharrak turista bisitarienekin ordezten direla eta eskualdearen balio eta ezaugarri espezifikoak galtzen direla.

–Gizarte-diskriminaziorik, -segregaziorik eta -gentrifikaziorik eza.

–Etxebizitza duina eskuratzeko eskubidea.

–Gizarte- eta kultura-politika.

–Etxeko intimitaterako oinarrizko eskubidea eta banakako eta taldeko osasuna eta segurtasuna babestea eta, azken finean, gizarte-kohesioa babestea garapen jasangarri eta berdinzaleari dagokionez, eta bizikidetzaren disfuntzioak saihestea bizitegi-erabileraren eta turismo-ostatuaren erabileraren artean.

–Ingurune urbanoa zaindu, hobetu eta sustatzea.

–Lotutako jatorrizko nortasuna eta funtzioak eta espazio publikoen kalitatea bermatzea.

–Aparkaleku publikoko plazen gaineko presioa murriztea, ostatuek aparleku gutxi baitute aparkaleku publikoko plaza-kopuru osoari dagokienez, eta zuzkidura publikoen jasangarritasuna bermatzea.

–Historiaren, kulturaren eta artearen arloko ondarearen kontserbazioa.

–Turismo-ostatuen erabilera jasangarritasun-irizpideen arabera bideratu eta sustatzea.

2. artikulua. Aplikaziorako funtzio- eta lurralde-eremua.

Plan berezi honetako araudia, bere ikuspegi funtzionalari eta lurralde-ikuspegiari dagokionez, honako hauei aplikatuko zaie:

2.1. Izabako lurzoruak eta lurzoruetan dauden eraikinak, baldin eta Udal Plan Orokorrak hiri-lurzoru eta lurzoru urbanizagarri gisa sailkatu baditu, eta lurzoru horietan turismo-ostatuko erabilera baimendu bada edo baimendu badaiteke, haien erabilera bateragarria eta egokia izanik Udal Plan Orokorrak zehazten dituen kategorietan bizitegi-erabilera bereizgarriarekin edo globalarekin eta araudi honetan araututakoarekin, eta, halaber, haietan gauzatzen diren turismo-ostatuko jarduerak.

2.2. Izabako lurzoruetan eta lurzoruetako eraikinetan gauzatu diren turismo-ostatuetako askotariko establezimendu-motak eta tipologiak, baldin eta Udal Plan Orokorrak hiri-lurzoru eta lurzoru urbanizagarri gisa sailkatu baditu, eta lurzoru horietan turismo-ostatuko erabilera baimendu bada edo baimentzen ahal bada, Udal Plan Orokorrak zehazten dituen kategorietan bizitegi-erabilera bereizgarriarekin edo globalarekin bateragarria eta egokia den erabilera gisa:

a) Hotel-establezimenduak.

b) Turismoko aterpetxeak.

c) Landaetxeak.

d) Landa-turismoak, ezartzen ahal direnak bizitegi-erabilera bereizgarriko edo globaleko hiri-lurzoruetan eta lurzoru urbanizagarrietan.

e) Apartamentu eta etxebizitza turistikoak.

f) Ostatu bereziak.

g) Nafarroako Foru Komunitateak erregelamendu bidez ezartzen duen beste edozein.

3. artikulua. Eskumenak.

3.1. Araudi honek erabat errespetatzen ditu Nafarroako Foru Komunitateak turismo-arloan berezko dituen eskumenak, bereziki Nafarroako Turismoari buruzko uztailaren 14ko 7/2003 Foru Legearen 5. artikuluan jasotakoak; alegia, Foru Komunitatean turismoa planifikatu, antolatu eta sustatzea eta foru-lege hori erregelamendu bidez garatzea.

Hortaz, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari dagokio, besteak beste, turismo-establezimenduen tipologiak arautzea eta antolatzea, turismo-ostatuaren tipologia barne, tipologia bakoitzak jardueran aritzeko bete beharreko gutxieneko baldintzak zehaztea, eta Nafarroako Turismo Erregistroa kudeatzea.

3.2. Araudi honetako xedapenak ematean, toki-entitateen berezko eskumenak hartu dira kontuan (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 25. artikulua), hainbat arlotakoak (besteak beste, turismoa –Estatuko eta autonomia-erkidegoetako legeriari jarraikiz–, hirigintza –plangintza, kudeaketa, betearazpena eta diziplina– eta hirigintza-arloko jarduketa publikoa –1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 11. artikulua–, eta hiri-ingurumena –bereziki, parkeak eta lorategi publikoak, hiri-hondakin solidoen kudeaketa, eta hiri-inguruetako kutsadura akustikoaren, argi-kutsaduraren eta kutsadura atmosferikoaren aurkako babesa–), bai eta Nafarroako Turismoari buruzko uztailaren 14ko 7/2003 Foru Legearen 6. artikuluan aitortutako eskumenak ere (bereziki, turismoarekin erlazionatuta dauden eta interesekotzat jotzen dituen baliabideak, jarduerak eta bestelako alderdiak sustatzekoak, Foru Komunitateko administrazioarekin koordinatuta, eta bere baliabide turistikoak babestu eta kontserbatzekoak, nagusiki natura-ingurunea eta ondare monumentala).

Udal-eskumenekoak eta udal-plangintzarako ahala gauzatzearen ondorioak dira honako hauek: erabilera-erregimenak eta erabilera horien kategorizazioa eta tipologiak zehaztea, bai eta tipologia horiek guztiak definitzeko erabilitako terminoen –onargarri, nagusi, toleratu, baimendu edo debekatu– bateragarritasun-erregimena zehaztea ere, betiere administrazio-ahalak modu arrazoituan erabiliz eta interes orokorrari erantzuteko eran modu arrazionalean antolatuta eta interes orokorrari erantzunez lurzoruaren okupazioa eta erabilera, hori guztia hirigintza-arloko jarduketa publikoaren xedeak betez (1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 5. artikulua). Horrenbestez, udalerrien eskumenekoa da, lurraldea eta hirigintza antolatzeko duten funtzioan udal-plangintzarako ahala gauzatzean, besteak beste, honako gai hauek zehaztea eta antolatzea:

–Erabilerak arautzen dituzten erregimenen baldintzak eta edukia, haien bateragarritasuna eta kategorizazio espezifikoa, hirigintza-antolamenduaren zehaztapenak, hirigintza-estandarren eta haiei lotutako zerbitzuen eta antzekoen zehaztapena. Halaber, jasangarritasun-parametro objektibatuak zehazten ahalko dira, eta parametro horien arabera erregulatuko da turismo-ostatuaren erabileraren bateragarritasuna edo bateraezintasuna, udalerrian turismo-ostatuaren erabilera mantentzeko eta, hala badagokio, haren intentsitatea arautzeko estrategia jasangarri bat zehaztuta.

–Udal-plangintzako edo ordenantzetako tresnen bidez, foru-araudia urratzen ez duten eta udal-eskumenak gauzatzean zehazten diren garapen teknikoko gaiak eta edukiak garatzea, bereziki hiri-ingurunean eta -ingurumenean txertatzeari, zarata eta ordutegietan eragiteari edo eraikinen arazo formal, funtzional eta estetikoei buruzkoak.

–Turismo-establezimenduen hainbat tipologiatako udal-erregistroak edo -erroldak eduki ahal izatea, ondorio horietarako araututako udal-erregimenak betetzen direla egiaztatzeko.

4. artikulua. Araudi orokorrari eta sektorialari men egitea.

Ulertzen da araudi honetako turismo-ostatuaren hirigintza-erabilerari buruzko erregulazioak eta halakoak gauzatzeko baldintzek eta beharkizunek ez dituztela galarazten arau orokorrek, sektorialek, autonomia-erkidegokoek eta estatukoek jarduera horretarako ezartzen dituzten eta betetzekoak diren erregimenak, araudia, eskubideak, betebeharrak eta eskakizunak.

5. artikulua. Definizioak.

Araudi honetako xedapenak behar bezala ulertu eta interpretatzeko, intereseko termino nagusien definizio hauek zerrendatzen dira:

5.1. Turismo-ostatuen erabilera.

Erabilera honi dagokion jarduera egiten da erabiltzaile turistikoei, prezio baten truke, aldi baterako ostatua –zerbitzu osagarriak emanda edo eman gabe– eskaintzen dieten establezimenduetan.

Dagozkion ondorioetarako, ulertuko da turismo-ostatuko hirigintza-erabilera badagoela baldin eta establezimendu eta higiezin horiek eskaintzen edo merkaturatzen badira, irabazi-asmoarekin, turismo-eskaintzako edozein kanalen bidez edo merkaturatzeko edo sustatzeko beste edozein moduren bidez, edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari adierazi edo komunikatzen bazaio turismo-jarduera edo ekonomia-jarduera hasi dela. Kasu horietan, Udalak gaikuntza izanen du jardueraren titularrari eskatzeko bete dezala araudi hau eta aplikatzekoa den gainerako araudia.

5.2. Turismo-ostatuetarako establezimenduak: motak eta tipologiak.

Turismo-ostatuko establezimendu-mota eta tipologiei buruzko definizioak Nafarroako Turismoari buruzko uztailaren 14ko 7/2003 Foru Legean eta mota eta tipologia horiek arautzen dituzten ondoz ondoko foru-dekretuetan zehazten dira, eta araudi honek haiei egiten die erreferentzia.

5.3. Erabilera-motak.

Izabako Udal Plan Orokorrak zehazten du erabilera-moten erregimena. Udal Plan Orokorreko Arauen II. kapituluko II. atalean, lurzoruaren kalifikazioaren erregimena arautzen da, eta erabilera-motak arautzen dira, haien esleipen-mailaren arabera (globalak eta xehatuak kategoriatan sailkatuta) eta egokitasun-mailaren arabera (aurreikusitakoak, bateragarriak eta debekatuak kategoriatan sailkatuta).

19. artikuluan, erabilera globalei dagozkien erabilera xehatuen bateragarritasun-erregimena ezartzen du, hiri-lurzoruaren eta lurzoru urbanizagarriaren lurralde-banaketaren arabera. Bateragarritzat jotzen dira "hotela, ostatua, apartamentu turistikoak" erabilera eta "lehendik dauden bizitegi-eraikinak", "hiriguneko bizitegi-eraikinak" eta "antolamendu berriko bizitegi-erabilera kolektiboa" erabilerei dagozkien erabilera globalak.

20. artikuluan, erabileren egokitasunari buruzko erregimena ezartzen da, eta honela zehazten da: lurraldea hiri-lurzoruko unitate antolatuetan banatzeari dagokion erabilera xehatuen eta xehetasunezkoen bateragarritasun-erregimena. Arau bat ezartzen da, zeinaren bidez 19. artikuluan zehaztutako erabilera bateragarriak erabilera nagusiarekin batera baimentzen ahalko baitira, baldin eta haien azalera erabilera bereizgarriarena baino txikiagoa bada, eta, eraikin osoan edo erabilera globalaren azalera baino handiagoan baimentzeko, aldaketa xehatuaren bidez gaitzen ahalko da.

Erabilerak arautzen dituen erregimen hori aintzat hartuta, araudi honetan ere aplikatzekoa da, hargatik eragotzi gabe araudi honen bidez gauzatzen den turismo-ostatuko erabileraren kategoria berri bat sortzea, bai eta bertan jasotzen diren turismo-ostatuaren erabilera arautzeko neurriak hartzea ere.

5.3. Turismo-ostatuaren erabilera ezartzeko egoerak.

Araudi honek zehazten du zein egoeratan den bateragarria turismo-ostatuaren erabilera ezartzea, garapen jasangarriko erregimenaren pean, eta zein egoeratan bateraezina, debeku-erregimenaren pean, zehaztutako jasangarritasun-irizpide objektiboei jarraikiz, udalerrian turismo-ostatuaren erabilera mantentzeko Estrategia Jasangarria betetze aldera.

5.4. Dentsitatea.

Araudi honek dentsitate-parametro hauek zehazten ditu:

–Dentsitate erlatiboa: biztanle-kopuru jakin bakoitzeko establezimendu-ratioa edo -kopurua edo ostatu-plazen kopurua.

–Dentsitate espaziala edo zenbakizkoa: establezimendu-kopuruari edo ostatu-plazen kopuruari dagokio, lurzoru-azalera jakin baten edo lurraldearen zati jakin baten arabera.

5.5. Etxebizitza nagusia, ohikoa eta iraunkorra, eta nagusia ez den etxebizitza.

Etxebizitza nagusia, ohikoa eta iraunkorra, ohiko bizileku gisa erabiltzen dena da, eta bertan modu iraunkorrean bizi den pertsona batek edo batzuek modu jarraituan okupatzen dute, nagusia ez den etxebizitzaz bestelakoa. Nagusia ez den etxebizitza ohiko bizileku gisa definitzen da, baina aldi baterako edo modu mugagabean hutsik dago, bai erabiltzen ez delako edo bai urtaroko erabilera egiten delako (oporrak, asteburuak, etab.); etxebizitza horretan sartzen dira bigarren mailakoa, hutsik dagoena edo erabilera, jarduera edo xede turistikoetarako erabiltzen dena.

BIGARREN TITULUA.–Turismo-ostatuko erabilerari buruzko hirigintza-antolamenduko xedapenak

LEHENBIZIKO KAPITULUA.–Kategorizazioa

6. artikulua. Turismo-ostatuaren erabileraren kategorizazioa.

Turismo-ostatuko erabilera, eta haren edozein establezimendu-mota edo tipologiatan gauzatzea, "Ekipamendu pribatua: turismo-ostatua" erabilera gisa kategorizatzen da, hirigintza-ondorioetarako.

7. artikulua. Bateragarritasun- eta egokitasun-erregimena.

"Ekipamendu pribatua: turismo-ostatua" erabilerak bateragarritasun- eta egokitasun-erregimen honi jarraituko dio turismo-ostatuko jarduera ezarri eta gauzatzeko, betiere araudi honetan eta aplikatzekoa den sektore-araudian zehaztutako termino, baldintza eta mugak errespetatuz:

–Bateragarritasuna: "Ekipamendu pribatua: turismo-ostatua" erabilera, oro har, honela definitzen da: turismo-ostatuari buruzko foru-araudiak arautzen dituen turismo-ostatuko establezimendu-mota eta -tipologietako edozeinetan, "Lehendik dauden bizitegi-eraikinak", "Hiriguneko bizitegi-eraikinak" eta "Antolamendu berriko bizitegi-erabilera kolektiboak" erabilerei dagozkien erabilera globalekin bateragarria den erabilera.

Hori guztia, araudi honetan turismo-ostatuaren erabilera ezarri eta antolatzeko egoerei buruz arautzen diren erregimenei kalterik egin gabe.

–Egokitasuna: "Ekipamendu pribatua: turismo-ostatua" erabilerak ezin izanen du gainditu kasuan kasuko eraikinaren erabilera guztien %30, hargatik eragotzi gabe araudi honetan portzentaje-dentsitatearen erregulazioari eta antolamenduari buruzko ataletan araututako salbuespenak.

Hori guztia, araudi honetan turismo-ostatuaren erabilera ezarri eta antolatzeko egoerei buruz arautzen diren erregimenei kalterik egin gabe.

–Erabilera debekatua: erabilera debekatua da, gainerako erabilerei edo erabilera-kategoriei dagozkien erabilera globalekin lotuta.

–Halaber, turismo-ostatuko establezimenduak ezartzen ahalko dira lurzoru urbanizaezin gisa sailkatutako lurzoruetan, lurzoru-mota horretan ezarri behar diren turismo-ostatuen mota edo tipologia zehatzetarako, dagozkien baimen, lizentzia eta gaikuntza-tituluak eskuratu ondotik, baina araudi honek ez die eraginen.

BIGARREN KAPITULUA.–Turismo-ostatuaren erabilera ezarri eta antolatzeko egoerak

8. artikulua. Egoerak zehazteko jasangarritasun-irizpide objektibatuak.

8.1. Araudi honen ondorioetarako, Udal Plan Orokorrak hiri-lurzoru gisa eta lurzoru urbanizagarri gisa sailkatzen dituen Izabako lurzoruetan eta eraikinetan turismo-ostatuaren erabilera ezartzeko eta antolatzeko egoerak, baldin eta turismo-ostatuaren erabilera Udal Plan Orokorrak definitzen dituen kategoria ezberdinetan bizitegi-erabilera bereizgarriarekin edo orokorrarekin bateragarria eta egokia den erabilera gisa baimendu bada edo baimentzen ahal bada, eta araudi honetan araututakoaren arabera, jasangarritasun-irizpide hauetan zehazten dira:

–Dentsitate erlatibo jasangarriaren irizpidea: 100 ostatu-plaza 100 biztanleko, hiri-lurzoruetan eta lurzoru urbanizagarrietan.

–Jasangarritasun-irizpidea, etxebizitza ez-nagusien, ohikoen edo iraunkorren kopuruaren ehunekoari dagokiona, etxebizitza-kopuru osoarekiko: etxebizitzen kopuru osoaren %50, hiri-lurzoruetan eta lurzoru urbanizagarrietan.

–Jasangarritasun-irizpidea, erabilera turistikoko etxebizitza eta apartamentu-kopuruaren ehunekoari dagokiona, etxebizitza nagusi, ohiko eta iraunkorren kopuruarekiko: etxebizitzen kopuru osoaren %10, hiri-lurzoruetan eta lurzoru urbanizagarrietan.

–Erabilera turistikoko etxebizitza eta apartamentuen dentsitate espazial jasangarriaren irizpidea, udalerriko hiri-lurzoruaren eta lurzoru urbanizagarriaren hedapenari dagokionez: 600 plaza turismo-erabilerako etxebizitza eta apartamentuetan, udalerriko hiri-lurzoruko eta lurzoru urbanizagarriko hiri-lurzoru eta lurzoru urbanizagarriaren km²-ko.

8.2. Jasangarritasun-irizpide objektibatu horiek turismo-ostatuaren erabileraren ezarpena gutxienez irizpide horietako bi gainditzearen edo ez gainditzearen arabera arautzen diren ezarpen-egoerei atxikitzeko edo definitzeko aplikatuko dira; beraz, definiziorako atxikipen hori une bakoitzean gertatzen den gainditze- edo ez-gainditze dinamikatik aterako da.

9. artikulua. Mantentze-lanen egoera.

Araudi honen ondorioetarako, Udal Planean hiri-lurzoru gisa eta lurzoru urbanizagarri gisa sailkatzen diren Izabako udalerriko lurzoruak, baldin eta turismo-ostatuko erabilera baimendu bada edo baimentzen ahal bada Udal Plan Orokorrak definitzen dituen kategoria ezberdinetako bizitegi-erabilera bereizgarri edo globalarekin bateragarria eta egokia den erabilera gisa, baita araudi honetan araututakoaren arabera ere, turismo-ostatuaren erabilera ezartzeari dagokionez, mantentze-egoerara atxikiko dira, lehendik dauden eta Turismo Erregistroan eta Turismo Ostatuen Udal Erroldan behar bezala inskribatuta dauden turismo-ostatuko establezimenduekin araudi honen 8.1 artikuluan zehaztutako jasangarritasun-irizpide objektibatuetako bi, gutxienez, gainditzen direnean.

Kasu horretan, debekatuta egonen da turismo-ostatuko establezimendu berriak ezartzea eta lehendik dauden establezimenduetan ostatu-plazak handitzea turismo-ostatuko erabilera baimendu den edo baimentzen ahal den udalerriko hiri-lurzoruetan eta lurzoru urbanizagarrietan, erabilera bateragarri eta egoki gisa, Udal Plan Orokorraren eta araudi honetan araututakoaren arabera, betiere adierazitako jasangarritasun-irizpideetako bi gutxienez gainditzeko egoerak irauten duen bitartean.

10. artikulua. Garapen Jasangarriko egoera.

Araudi honen ondorioetarako, Udal Planak hiri-lurzoru gisa eta lurzoru urbanizagarri gisa sailkatzen dituen Izabako udalerriko lurzoruetan turismo-ostatuko erabilera baimendu bada edo baimentzen ahal bada, Udal Plan Orokorrak zehazten dituen kategoria ezberdinetako bizitegi-erabilera bereizgarri edo globalarekin bateragarria eta egokia den erabilera gisa, eta araudi honetan araututakoaren arabera, lurzoru horiek garapen jasangarriko egoerari atxikiko zaizkio turismo-ostatuaren erabilera ezartzeari dagokionez, baldin eta gainditzen ez badira araudi honetako 8.1 artikuluan definitutako jasangarritasun-irizpide objektibatuetako bi, gutxienez, Turismo Erregistroan eta Turismo Ostatuen Udal Erroldan behar bezala inskribatuta dauden turismo-ostatuko establezimenduekin.

Kasu horretan, Udal Plan Orokorraren eta araudi honetan araututakoaren arabera, turismo-ostatuko erabilera baimendu den edo baimentzen ahal den hiri-lurzoruetan eta lurzoru urbanizagarrietan onartuta egonen da turismo-ostatuko establezimendu berriak ezartzea eta lehendik dauden establezimenduetan ostatu-plazak handitzea, eta, betiere, jasangarritasun-irizpideetako bi, gutxienez, ez gainditzeko mugarekin.

11. artikulua. Erregulazio-salbuespena.

Kontuan hartuta bizitegi-erabilera bereizgarriko edo globaleko hiri-lurzoruetan edo lurzoru urbanizagarrietan ezar litezkeen landetxe eta landa-turismoetako turismo-ostatuen tipologiek izaera endogenoa dutela eta bertako natura-inguruneari eta arkitektura tradizional eta autoktonoari lotuta daudela, eta kontuan hartuta, halaber, jarduera tradizionalekin eta natura-ingurunearekin orekan egotearekin lotutako garapen jasangarriko helburuak, zeinen bidez araudia turismo-arloko landa-ingurunearen errealitatera, aukeretara eta beharretara egokitzea ahalbidetzen baita, ekimen endogenoei eta landa-turismoari arreta berezia jarriz, Nafarroako Landa Garapenari buruzko martxoaren 17ko 17/2003 Foru Legean oinarrituta, bi etxebizitza baino gehiago dituzten bizitegi-eraikinetan ezartzen ez diren turismo-ostatuko tipologia horiek salbuetsita egonen dira kapitulu honetan araututako turismo-ostatuaren erabilera ezartzeko eta antolatzeko egoerei atxikitzetik, baina horrek ez du esan nahi araudi honetako gainerako edukiei lotuta egonen ez direnik.

HIRUGARREN KAPITULUA.–Turismo-ostatuko erabileraren erregulazioa eta espazio-antolamendua

12. artikulua. Zenbakizko dentsitatea.

Bat izanen da hiri lurzoruetan edo lurzoru urbanizagarrietan kokaturiko eraikinen gainean ezartzen ahalko diren turismo-ostaturako establezimenduen gehieneko kopurua, Udal Plan Orokorraren eta araudi honetan araututakoaren arabera turismo-ostatuaren erabilera baimendu ahal denean.

13. artikulua. Portzentaje-dentsitatea.

13.1. "Ekipamendu pribatua: turismo-ostatua" erabileraren okupazioa, turismo-ostatuaren erabilera baimendu den edo baimentzen ahal den hiri-lurzoruetan eta lurzoru urbanizagarrietan, erabilera bateragarri eta egoki gisa, Udal Plan Orokorraren eta araudi honetan araututakoaren arabera, ezin izanen da dagokion eraikuntzaren erabilera guztien %30 baino handiagoa izan.

13.2. Salbuespen izanen dira eraikuntza osoa hartzen duten hotel-, pentsio-, aterpetxe- eta landetxe-establezimenduak, edo, ostatu-tipologia horien barruan, establezimendu horien titularrak elkarrekin bizi direnak.

14. artikulua. Eraikuntzaren oinplanoen antolaketa.

14.1. "Ekipamendu pribatua: turismo-ostatua" erabilera, hala dagokion kasuetan, turismo-ostatuaren erabilera baimendu den edo baimentzen ahal den hiri-lurzoruetan edo lurzoru urbanizagarrietan ezartzen ahalko da, erabilera bateragarri eta egoki gisa, Udal Plan Orokorraren eta araudi honetan araututakoaren arabera, beheko solairutik gorako solairuetan bakarrik, eraikinen lehen solairuan oro har, eta, nolanahi ere, eraikinen bizitegi-erabilerarako diren solairuetatik beherakoetan.

14.2. Salbuespen izanen dira eraikuntza osoa hartzen duten hotel-, pentsio-, aterpetxe- eta landetxe-establezimenduak, edo, ostatu-tipologia horien barruan, establezimendu horien titularrak elkarrekin bizi direnak.

15. artikulua. Dentsitate espaziala.

Bizitegi-erabilera nagusi edo bereizgarria duten hiri-lurzoruetan edo lurzoru urbanizagarrietan turismo-ostatuko establezimendu berriak ezartzean, hala dagokionean, honako distantzia- edo dentsitate-neurri hauek errespetatu beharko dira:

–40 metro linealeko eta 20 metro erradialeko distantzia bermatu beharko da turismo-ostatu berritik dagoen edozein turismo-ostatuko establezimenduraino. Distantziak honela neurtuko dira: proiektatutako turismo-ostatuko establezimenduaren eraikinaren fatxadaren erdigunetik, bertan dagoen edozein turismo-ostatuko establezimendu ostatatzen duen eraikinaren fatxadaren erdigunera, establezimendu berriaren sarbide nagusiari aurrea ematen dion bidearen ardatzetik neurtuta, lehendik dagoen establezimenduaren sarbide nagusiaren pareraino.

Hori horrela izanen da, baldin eta landetxeak eta landa-turismoak ezartzen badira, eta haiek, hala badagokio, bizitegi-erabilera bereizgarri edo globala duten hiri-lurzoru eta lurzoru urbanizagarrietan ezartzen badira, eta eraikin osoa okupatzen badute, edo, ostatu-tipologia horien barruan, establezimendu horien titularrak elkarrekin bizi badira. Kasu horretan, eraikin osoa okupatzen duten establezimenduen edo establezimendu horien titularren artean bakarrik errespetatu eta bermatu beharko da 40 metro linealeko eta 20 metro erradialeko distantziaren erregulazioa.

LAUGARREN KAPITULUA.–Aparkatzeko plazen estandarra arautzea

16. artikulua. Aparkatzeko plazen estandarra arautzea.

16.1. Turismo-ostatuko establezimendu berriak ezarri ahal izateko, eta lehendik dauden establezimenduetan turismo-ostatuko plaza-kopurua handitu ahal izateko, hala dagokion kasuetan, bizitegi-erabilera nagusia edo bereizgarria duten hiri-lurzoruetan edo lurzoru urbanizagarrietan, aparkaleku-plaza bat bermatu beharko da sei ostatu-plazako edo frakzioko, eta, betiere, aparkaleku-plaza bat gutxienez apartamentu edo etxebizitza turistiko bakoitzeko, establezimendu-tipologia hori ezarriz gero.

16.2. Aparkatzeko plaza horiek establezimenduarenak izan beharko dute, eta hari juridikoki lotuta egon beharko dute; araututako aparkaleku-estandarra osatzen ahalko da 500 metrotik gorako distantziara ez dauden erregistroko finka desberdinen "ob rem" loturaren bidez.

16.3. Araututako aparkalekuaren estandarra ez da inola ere betetzen ahalko eta ez du aparkalekuen plazen kopuruaren murrizketarik ekartzen ahalko, baldin eta aparkatzeko plazek bete behar izan duten estandarra betetzen badute edo, legez, erabilera nagusia edo bizitegikoa duten eraikinei badagokie.

HIRUGARREN TITULUA

LEHEN KAPITULUA.–Administrazioaren esku-hartzea

17. artikulua. Jardueran aritzea.

17.1. Turismo-ostatuko establezimenduek sektoreko legerian jasotako erregulazioaren arabera jardunen dute, turismoaren sektoreko araudian araututako modalitateetako baten pean eta ustiapen-unitatearen printzipioaren pean. Jarduera establezimendu bakoitzean edo ostatu-unitateen multzo bakoitzean, eraikin bakoitzean edo haren zati homogeneoan gauzatzen den enpresa-titulartasun bakarraren mende egonen da, Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuta daudela egiaztatu ondotik, bai eta araudi honetan aurreikusitako erabilerak arautzearekin bat datorren hirigintzako txostena lortzeari buruzko baldintzak ere, eta aurretiazko komunikazioak, lizentziak eta erantzukizunpeko adierazpenak aurkeztu edo lortu ondotik, eta kapitulu honetan araututako turismo-ostatuko establezimenduen tokiko erroldan inskribatu ondotik.

17.2. Turismo-ostatuko jarduera, premisa eta baldintza horiek bete ondotik, turismo-jarduera askatasunez gauzatzeko printzipioaren arabera gauzatuko da, aplikatzekoak diren legezko eta erregelamenduzko arauak betez, eta dagozkion erakundeek beren eskumenen arabera eska diezazkieketen gaikuntza-tituluak, lizentziak edo baimenak izan beharko dituzte, eta administrazioaren kontrol-, ikuskapen- eta diziplina-erregimena bete beharko dute, bai turismoari dagokionez, bai hirigintzari dagokionez, batez ere araudi honetan araututakoa.

17.3. Turismo-ostatuaren jarduera benetan gauzatzeko, beharrezkoa izanen da, egoki denean, nahitaezko alta ematea ekonomia-jardueraren gaineko zergan, dagokien epigrafean, Izabako Udalean, jarraikiz zerga horren araudiari.

18. artikulua. Hirigintza-erabilera berriaren aurretiazko komunikazioa eta erabileren adostasunari buruzko hirigintza-txostena.

18.1. Hirigintza-erabilera berriaren aurretiazko komunikazioa.

Hiri-lurzoruetan edo lurzoru urbanizagarrietan turismo-ostatuko establezimendu berriak ezartzeko edo lehendik dauden establezimenduetan ostatu-plazak handitzeko sustatzaileek hirigintza-erabilera berriaren aurretiazko komunikazioa aurkeztu beharko diote Izabako Udalari, "Ekipamendu pribatua: turismo-ostatua" erabilera gauzatu eta ezarri ahal izateko.

Aurretiazko komunikazio horretan, proiektatutako ezarpen edo handitze berriaren ezaugarri eta baldintza nagusiak deskribatu beharko dira, eta, gutxienez, honako elementu hauen definizioa jaso beharko da, dagokion dokumentazio grafiko eta idatziaren bidez:

–Lurzoruaren edo eraikuntzaren kokapena.

–Beste ostatu batekiko distantzia lineala eta erradiala betetzea.

–Lurzoruaren edo eraikuntzaren sailkapena eta kalifikazio urbanistikoa.

–Espazioa antolatzeko eta establezimendua banatzeko proposamena:

  • Okupatu beharreko eraikinaren oin-planoaren edo oin-planoen definizioa, eta eraikuntza osoaren gaineko ehunekoa.
  • Logela-kopurua.
  • Ostatu-plazen gehieneko kopurua.

–Turismo-ostaturako aparkaleku-estandarrak hornitzeko eta betetzeko proposamena.

18.2. Erabileren adostasunari buruzko hirigintzako txostena.

Hirigintza-erabilera berriaren aurretiazko komunikazioa eta harekin batera aurkeztu behar den dokumentazio osoa jaso ondotik, hiru hilabeteko epean, Izabako Udalak, bere hirigintza-zerbitzuen bidez, hirigintzako txostena eginen du, araudi honetan araututako erabileren erregulazioarekin, antolamenduari buruzko xedapenekin eta jasangarritasun-irizpideekin bat datorren ala ez adierazteko. Aurretiazko baldintza izanen da "Ekipamendu pribatua: turismo-ostatua" hirigintza-erabilera berria ezarri eta gauzatzeko, eta, beraz, turismo-ostatuko establezimendu berriak ezartzeko edo lehendik dauden establezimenduetan ostatu-plazak handitzeko.

Interesdunek inpugnatu eginen ahalko dute hirigintzako txostenak eman eta jakinaraztearen aurka, ordenamendu juridiko-administratiboak aurreikusten dituen inpugnazio-bideen arabera.

19. artikulua. Gaikuntza-titulua: lizentzia edo erantzukizunpeko adierazpenaren edo komunikazioaren erregimena.

19.1. Turismo-ostatuko establezimendu berriak ezartzea, turismo-ostatuko establezimenduak handitzea edo lehendik dauden establezimenduetako ostatu-plazak handitzea dagokion gaikuntza-titulua lortzeari buruzko erregimen juridikoaren mende egonen da (lizentzia-erregimenaren mende, edo erantzukizunpeko adierazpenari edo aldez aurreko komunikazioari buruzko erregimen juridikoaren mende, egin beharreko obren eta instalazioen garrantziaren arabera), jarduera hasi aurretik, hirigintzako foru-araudian eta, hala badagokio, dagozkion udal-ordenantzetan araututakoaren arabera.

19.2. Era berean, egin beharreko obren eta instalazioen eta garatu beharreko jardueraren garrantzia eta horrek ingurumenean duen eragina kontuan hartuta, turismo-ostatuko establezimendu berriak ezartzea, turismo-ostatuko establezimenduak handitzea edo dauden establezimenduetako ostatu-plazak handitzea, jarduera sailkatuaren lizentzia lortzeari buruzko erregimen juridikoaren mende egonen da, bai eta jarduera hasi aurreko erantzukizunpeko adierazpenaren mende ere, ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen foru-araudian araututakoaren arabera.

19.3. Aurrez araututakoaz gain, turismo-ostatuko establezimendu berriak ezartzeko, turismo-ostatuko establezimenduak zabaltzeko edo lehendik dauden establezimenduetako ostatu-plazak handitzeko, dagokion gaikuntza-titulua lortu beharko da; zehazki, kasuan kasuko erakundeek, dagozkien eskumenen arabera, jarduera hasi aurretik eskatzen ahalko dizkieten lizentziak edo baimenak lortu beharko dira.

20. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpena, jaruera hasteko eta Nafarroako Turismo Erregistroan izena emateko.

20.1. Turismo-enpresa eta -establezimenduek, jarduerari ekin aurretik, Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuta egon behar dute, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, eta bertan adierazi behar dute turismo-ostatua ezartzeari eta haren sailkapenari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak betetzen dituztela eta jarduerak irauten duen bitartean mantentzeko konpromisoa dutela, bai eta, hala badagokio, dagozkion ziurtagiriak eskura dituztela ere.

20.2. Nafarroako Turismo Erregistroan egindako erantzukizunpeko adierazpen hori arlo horretan unean-unean indarrean dagoen foru-araudiak arautuko du, bereziki erantzukizunpeko adierazpenarekin batera aurkeztu behar den dokumentazio osagarria zehazten duen erregelamenduzko araudiak.

20.3. Nolanahi ere, horrek ez du galarazten men egin behar izatea aurreko artikuluetan adierazitako txostenak, gaikuntza-tituluak, lizentziak, aurretiazko komunikazioak edo erantzukizunpeko adierazpenak lortzeko erregimen juridikoei.

21. artikulua. Turismo-ostatuko establezimenduen tokiko erroldan inskribatzea.

21.1. Turismo-ostatuetarako establezimenduen udal-errolda bat sortuko da, behar bezala eguneratua, jarraipen hobea egiteko Izaba udalerriko "ekipamendu pribatua: turismo-ostatua" deritzon erabileraren ezarpenari, lurzoru-motaren arabera duten ezarpenari eta eraikinetako solairuetan duten antolaketari. Errolda horren bidez, araudia behar bezala aplikatzen lagunduko da, eta, orobat, gardentasun-betebeharra bete.

21.2. Udal errolda hori dagokion udal ordenantzaren bidez arautuko da, eta erroldan honako datu hauek jaso beharko dira: gaikuntza-tituluei edo emandako lizentziei buruzko datu guztiak, bai eta aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenei edo aurretiazko komunikazioei lotutakoak ere; erabilerak onargarriak direla deklaratzeko hirigintzako txostenak; altak, bajak eta aldaketak; turismo ostatuen kokalekua; eraikinetako zer solairutan dauden; ostatu-plazen kopurua; establezimenduari atxikitako aparkaleku plazak; eraikitako azalera eta Udalak egoki irizten dien gainerako datuak, aurretik aipatutako helburuak erdiestearren.

21.3. Errolda arautzen duen udal ordenantza indarrean jarri eta sei hilabeteko epean, gehienez, inskribatu beharko da establezimendua Turismo Ostatuetarako Establezimenduen Udal Erroldan. Izan ere, inskribatu ezean, ofizioz inskribatuko da, oinarri hartuta Nafarroako Turismo Erregistroan dauden datuak.

BIGARREN KAPITULUA.–Hirigintza arloko diziplina

22. artikulua. Turismo-diziplinaren araubidearen mende egotea.

Turismo-ostatuko jarduera turismo-arloko foru-araudian araututako turismo-diziplinaren erregimenaren mende egonen da, eta turismo-arloan eskumena duen Foru Komunitateko Administrazioko departamentuari dagokio turismo-araudia betetzen dela bermatzeko ikuskapen-eginkizunak betetzea; Foru Komunitateko Administrazioko organo eskudunei dagokie, berriz, turismo-arloko zehapen-prozeduraren arabera dagozkion diziplina-neurriak hartzea eta foru-araudian ezarritako zehapenak ezartzea.

23. artikulua. Hirigintza arloko diziplina.

Turismo-ostatuko establezimendu berriak ezartzeak, lehendik dauden establezimenduetan turismo-ostatuko plaza-kopurua handitzeak, eta turismo-ostatuko jarduera garatzeak eta gauzatzeak, jarduera horri buruzko publizitatea barne, araudi honen pean eta bertan xedatutakoa kontuan hartu gabe, hirigintzako plangintzan bildutako zehaztapenak eta aginduak urratzea ekarriko dute, eta, hala badagokio, eraikuntzako edo eraikuntzaz kanpoko ekintzak egitea, egiten diren lurrari dagokion erabileraren aurka. Hortaz, jarduera klandestinotzat edo hirigintzako arau-haustetzat hartuko dira, eta hirigintzako legediaren babes-araubideari, urratutako ordena lehengoratzeko araubideari eta hirigintzako araudiak araututako zehapen-araubideari lotuta egonen dira.

Lehen xedapen gehigarria.–Aplikatu beharreko araudia.

Araudi honetan berariaz xedatu ez den orotan, indarrean dagoen udal-araudian xedatutakoa hartuko da kontuan (udal-ordenantzak, udal-plan orokorra eta kasu bakoitzean aplikatu beharreko hirigintza-antolamenduko tresnak), bai eta aplikatu beharreko araudi orokorrean eta sektorialean xedatutakoa ere.

Bigarren xedapen gehigarria.–Salbuespenak.

Babes-, kontserbazio- edo afekzio-erregimen espezifikoen mende dauden eraikinek Izabako Udalaren aurrean egiaztatzen badute, erregimen horiek aplikatzearen ondoriozko eragozpenengatik edo baldintzengatik, teknikoki bideraezina dela dagokion lurzoruaren sailkapenaren eta kalifikazioaren arabera erabilera baimendurako eraberritzea edo eraldatzea, Udalak araudi honen baldintzak ez aplikatzea baloratu eta onartzen ahalko du, turismo-ostatuko erabilerak hartu ahal izateko. Horretarako, dagozkion neurriak ezartzen ahalko ditu, bai ingurunean integratzeko eta ingurunera egokitzeko, bai ezarri beharreko proiektu zehatzaren arabera dagozkion zerbitzuak, zuzkidurak eta zuzkidura- eta zerbitzu-estandarrak asetzeko. Ondore horietarako, hirigintza-antolamenduko tresna izapidetu eta onestea eskatzen ahalko da.

Lehenengo xedapen iragankorra.–Aldez aurretik gaitutako turismo-ostatuko erabilerak.

Turismo-ostatuko establezimendu berrien ezarpena eta lehendik daudenen handitzea eteteari buruzko eta lizentziak, baimenak eta haiekin lotutako adierazpenak emateari buruzko 2025eko urriaren 8ko udal-erabakiaren aurretik, eta, etete horren indarraldia gainditu ondotik, araudi honen hasierako onespenaren aurretik gaitutako turismo-ostatuko erabilerak eta jarduerak mantentzen ahalko dira, baldin eta beren jarduera eta erregistroa Nafarroako Turismo Erregistroan indarrean mantentzen badituzte, turismo-jarduerari dagozkion turismo-tituluekin bat etorriz eta dagokion turismo-jarduera garatuz.

Jarduera horiek bertan behera utzi eta turismo-ostatuaren erabilera ezartzen bada, edo lehendik dauden establezimenduetan turismo-ostaturako plaza-kopurua handitzen bada, araudi honetan xedatutakoa bete beharko da.

Bigarren xedapen iragankorra.–Aldez aurretik hasitako espedienteak.

Nafarroako Turismo Erregistroan behar bezala inskribatuta dauden turismo-ostatuko establezimenduei, eta Erregistroan behar bezala inskribatuta egon ez arren obretarako dagokion udal-lizentzia edo udal-baimena lortu duten edo, zuzenbidearen arabera, turismo-ostatuko jarduera bat ezartzeko edo handitzeko asmoz obra handiak edo txikiak egiteko Udalaren aurrean dagozkion erantzukizunpeko adierazpenak edo aurretiazko komunikazioak aurkeztu dituzten turismo-ostatuko establezimenduei, baldin eta ez badiote jarduerari ekin 2025eko urriaren 8ko udal-akordioa baino lehen –zeinak turismo-ostatuko establezimendu berriak ezartzeko eta lehendik daudenak handitzeko prozesuak eteten baititu eta erlazionatutako lizentzia, baimen eta adierazpenak emateari uzten baitio–, eta etenaldia gainditu bada edo indarrean egoteari utzi badio eta ez badiote jarduerari ekin araudi hau hasieran onartu baino lehen, indarrean dagoen araudia aplikatuko zaie dagokion espedientea hastean edo etete-akordio hori hartzean.

Xedapen iragankor honetan araututako kasua aplikatuz, aurrez indarrean zegoen araudiaren arabera gaikuntza-tituluak lortu dituzten eta ondotik turismo-ostatuaren erabilera ezartzea aurreikusten duten jarduerak bertan behera gelditzen badira, bai eta xedapen iragankor honetan araututako kasua aplikatzearen ondorioz gaitutako establezimenduetan turismo-ostatuko plaza-kopurua handitzen bada ere, araudi honetan xedatutakoa bete beharko da.

Azken xedapenetan lehena.–Indarrean jartzea.

Jarraikiz Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 70.2 artikuluari, Plan Bereziaren araubide hau indarrean sartuko da tramitatu eta gero, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 15 egunera, eta indarrean jarraituko du aldatu arte edo espresuki indargabetu arte.

Azken xedapenetako bigarrena.–Araudi-ebaluazioa.

Araudi honek indarra hartu eta lau urte iraganda, Izabako Udalak haren ondorioen ebaluazioa egin eta argitara ematen ahalko du.

Iragarkiaren kodea: L2609325