2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
FUSTIÑANA
Aldaketa, Jendea biltzeko, aisia pribaturako eta peñetarako erabiltzen diren lokalei buruzko udal ordenantza fiskalean. Behin betiko onespena
Fustiñanako Udalak, 2026ko apirilaren 29an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea aldaketa egitea Jendea biltzeko, aisia pribaturako eta peñetarako erabiltzen diren lokalei buruzko udal ordenantza arautzaile eta fiskalean.
Aldaketa horren hasierako onespenari eta arauzko jendaurreko aldiari buruzko iragarkia argitara eman zen 2026ko 96. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 19an, bai eta Udalaren iragarki-taulan ere. Jendaurreko aldian ez zitzaion alegaziorik aurkeztu. Hala bada, behin betiko onetsirik gelditu da, honekin batera ematen den testuaren arabera, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Argitara ematen da, bete beharrez ezarrita dagoena uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea) eta aplikatzekoa den gainerako legedian.
Jendea biltzeko, aisia pribaturako eta peñetarako erabiltzen diren lokalei buruzko udal ordenantza arautzaile eta fiskalaren 5. artikulua aldatu ondotik, honela idatzita gelditu da:
5. artikulua. Izapidetzea eta ebazpena.
Bere lokala peña edo jendea biltzeko lokalaren erabilera eta jarduerarako baliatu nahi duen titularrak lizentzia eskaera egin beharko du Fustiñanako Udalean, honako dokumentazio hau aurkeztuz:
a) Lokalaren titularra eta helbidea.
b) Ziurtagiri teknikoa, teknikari eskudunak sinatua eta behar den elkargo ofizialak ikus-onetsia, ziurtatzen duena lizentzia eskaera egina duen higiezinak honako ezaugarri hauek betetzen dituela:
–Eraikuntza Udalaren araudi indardunaren arabera egokituta egotea.
Ur hornidura eta saneamendu zerbitzuak izatea.
–Instalazio elektrikoaren ziurtagiria izatea, araudi indardunaren arabera.
Komunontzia eta konketa dituen komuna izatea.
Aireberritze naturala edo artifiziala izatea.
–Eraikuntzaren Kode Teknikoa betetzea, suteak prebenitzeari eta erabileraren segurtasunari dagokienez. Zehazki:
1. Egiturazko elementuek suaren aurrean izan beharreko egonkortasun baldintzak betetzea.
2. Estaldurako material erregaiak ez erabiltzea.
3. 2 kg-ko CO2 itzalgailua, 34B eraginkortasunekoa, hargune elektrikoaren koadrotik hurbil izatea, eta 6 kg-ko hautsezko itzalgailu balioaniztunak izatea, 21A-113B eraginkortasunekoak, hau da, 1,2 kg-ko gai itzaltzailea azalera erabilgarriaren 10 m²-ko. NBE-CPI 1996 araua.
4. Larrialdietako argiak eta seinaleak, CTE-DB SI kode teknikoaren araberakoak.
–Zaratak sortzen dituzten jarduerei buruzko 135/1989 Foru Dekretua betetzea. Barneko hots maila 80 dbA-ekoa izanen da gehienez. Hots neurketaren ziurtagiria aurkeztu beharko da irekitzeko lizentzia eskuratzeko. Musika ekipoa izanez gero, eraikuntzako konponbide egokiak eman beharko dira, ondoko eraikinean behar den hots maila izan dadin. Ondoko eraikinetan bizi direnei eragozpenak sortzen bazaizkie zaratarengatik, soinu-mugatzaile bat jarri beharko da musika ekipoan, ezarritako hots maila lortu arte.
–Lokalak itxitura metalikoak edo pertsianak baditu, txosten teknikoan adierazitako neurri zuzentzaileak bete beharko dira eta, betiere, Zaratei buruzko 135/1989 Foru Dekretuan eta 1367/2007 Errege Dekretuan ezarritakoa bete beharko da.
–Lokalaren soinu iturrien deskribapena eta barneko hots mailak.
Lokalaren planoa, honako hauek non dauden zehaztuta: itzalgailuak, komuneko elementuak (komunontzia, konketa...), entxufeak, larrialdietako argia edo argiak eta azalera.
Gehienez baimendutako edukieraren aitorpena: pertsona bat m²-ko, CTE-SI arauaren arabera.
Eskaera aztertuta, eta aurkeztutako dokumentazioa egokia bada, bete beharreko baldintzak egiaztatuko dira. Aldeko txostena jasoz gero, lizentzia emanen da eta, hala ez bada, akatsak edo bete gabekoak konpontzeko eskaera eginen da. Hori bete ezean, lizentzia ukatu eginen da.
Lizentzia ematen duen ebazpenak une oro ikusgarri eta eskuragarri egon beharko du lokalean eta kontrol, ikuskaritza eta zaintza lanak egiten aritzen diren udal zein udalez gaindiko autoritate ororen eskura.
Jendea biltzeko, aisia pribaturako eta peñetarako erabiltzen diren lokalei buruzko udal ordenantza arautzaile eta fiskalaren 8. artikulua aldatu ondotik, honela idatzita gelditu da:
8. artikulua. Ordutegiak eta erabiltzeko mugak.
1. Horrelako lokalak instalatzea beheko solairuan eta sotoko solairuan baizik ezin da baimendu.
2. Udalak kale edo eremu zehatz batzuk "eremu saturatutzat" jo ditzake, eta biltzeko edo gastronomiako lokal berriak irekitzea debekatu. Halaber, indarrik gabe utz dezake "eremu saturatuaren" deklarazioa, eta baimena eman lokal berriak irekitzeko.
3. Biltzeko lokalen edo lokal gastronomikoen ordutegiak honako hauek izanen dira:
–Igandetik ostegunera, 9:00etatik 22:00etara.
Ostiraletan, larunbatetan, jaiegun bezperetan eta herriko festetan zein urtean zehar diren gainerako festetan 9:00etatik 2:00etara.
4. Hona hemen debekuak:
a) Lokalaren barrenean plastikoa, kartoia, koltxoiak edo su hartzen eta hura hedatzen laguntzen ahal duten bestelako gaiak pilatzea. Mugapen horrek Eraikuntzaren Kode Teknikoaren babesa du; izan ere, berariaz arautuko dira sua pizteko arriskua murrizten duten baldintzak.
b) Lokalak baldintza egokietan egon beharko du, kontserbazio eta garbitasun aldetik.
c) Merkataritzan edo salerosketan aritzea lokalean.
d) Biltzeko lokal edo peñan sukaldea edo jakiak prestatzeko tresnak izatea.
e) 18 urtez azpikoek alkohola edukitzea edo kontsumitzea, bat etorriz martxoaren 16ko 10/1991 Foru Legearekin (Adin txikikoei alkoholdun-edariak kontsumitzea galarazi eta mugatzeari buruzkoa).
f) Droga toxikoak, estupefazienteak zein gai psikotropikoak edukitzea eta horien legez kanpoko kontsumoa edo trafikoa, bat etorriz Herritarren Segurtasuna Babesten duen otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoaren 23.i) artikuluarekin.
g) Bide publikoa okupatzea lokaleko altzariekin edo bertako edozein elementurekin, ibilgailuen edo oinezkoen joan-etorria eragotziz edo oztopatuz.
h) Bizikletak edo motorrak espaloietan aparkatzea, pertsonen joan-etorria oztopatuz.
i) Musika aparatuak lokaletatik kanpo jartzea.
j) Ateak eta leihoak irekita edukitzea, traba egiten ahal badute barneko zarata kanporatzeagatik, zarata eragiteagatik edo usainak kanporatzeagatik.
k) Debeku da bide publikoa edozein hondarrez, zikinkeriaz eta, oro har, edozein zaborrez zikintzea. Beren kale zatia garbi edukitzeaz arduratu beharko dute.
l) Barneko eta kanpoko hots mailak izanen dira 135/1989 Foru Dekretuak hotsari buruz ezarritako araudiari dagozkionak. Zehazki, jendea biltzeko lokalaren barnean egiten den zarata ez da 80 dBA-ekoa baino handiagoa izanen egunez, ezta 60 dBA-ekoa baino handiagoa gauez. Ez dira zarata muga hauek gaindituko: 30 dBA etxebizitzetan, 45 patioan eta 50 kaleetan.
Fustiñanan, 2026ko apirilaren 29an.–Alkatea, Sergio Vitas Aguirre.
Iragarkiaren kodea: L2609454