141. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

5930E/2026 EBAZPENA, uztailaren 1ekoa, Barneko zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foruzaingoko inspektore plaza batzuk berariazko lehiaketa bidez betetzeko deialdia onesten duena.

Abenduaren 18ko 146/2025 Foru Dekretuaren bidez, 2025eko enplegu publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako, 2023rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legean aurreikusitako ordezte-tasari zegokiona. Dekretu horretan Nafarroako Foruzaingoko inspektoreen 16 plaza sartu ziren.

Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legeak ezartzen du ezen honako hauek izanen direla Nafarroako polizien barruan lanpostuak betetzeko modalitateak: lehiaketa, zeina sistema arrunta baita, berariazko lehiaketa eta izendapen librea. Gauza bera dio Nafarroako Foruzaingoko lanpostuak betetzeko Erregelamenduak, zeina onetsi baitzen martxoaren 25eko 57/2002 Foru Dekretuaren bidez. Azkenik, azaroaren 16ko 106/2016 Foru Dekretuaren 6. artikuluak zehazten du berariazko lehiaketa izanen dela inspektore plazak betetzeko sistema (foru dekretu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoa aldatu zen).

Hori horrela, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren 10. artikuluaren bidez esleituak ditudan eginkizunak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi bat onestea Nafarroako Foruzaingoko inspektore plaza batzuk berariazko lehiaketa bidez betetzeko.

2. Deialdiaren oinarriak onestea, eta agintzea argitara daitezela Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko web atarian, deialdiaren fitxan (https://tramitespersonal.navarra.es/es/tramites/on/-/line/policia-foral-concurso-especifico-inspector-o-inspectora-2026), behar diren ondorioak izan ditzaten.

3. Ebazpen hau eta deialdia jakinaraztea Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuari, Jendearentzako Argibideen eta Erregistro Orokorraren Bulegoari eta izendatutako epaimahaikideei, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2026ko uztailaren 1ean.–Barneko zuzendari nagusia, Salvador Díez Zapata.

OINARRIAK

1.–Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da berariazko lehiaketa bidez betetzea Nafarroako Foruzaingoko inspektore plaza batzuk, funtzionarioen araubidekoak eta B mailakoak.

1.2. Berariazko lehiaketa bidezko deialdi honetan, hasiera batean, inspektoreen 16 plaza sartu dira, guztiak Foruzaingoko Burutzari atxikiak. Honako zenbaki hauek dituzte: 5199, 5201, 5204, 5621, 5622, 5623, 5625, 5940, 5942, 7752, 7995, 7996, 8163, 10205, 10206 eta 10600.

1.3. Hasiera batean iragarritako plazez gainera, lehiaketa honetan plaza bat eskuratzen duten izangaiek hutsik utzitako plazak ere sartuko dira. Horren ondoriozko plazak ere berariazko lehiaketaren bidez beteko dira.

1.4. Izangaiek ezin izanen dute hautatu beraiek betetzen duten inspektore plaza atxikita dagoen unitate organiko berari atxikitako plaza hutsik, salbu eta plaza aldaketarekin udalerria, lantokia edo lanaldiaren araubidea –lanaldi arrunta edo osoa, edo partziala– ere aldatzen bada.

2.–Aplikatzekoa den araudia.

Deialdi hau honako hauen mende egonen da: 23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa; Nafarroako Foruzaingoko lanpostuak betetzeko Erregelamendua, martxoaren 25eko 57/2002 Foru Dekretuaren bidez onetsi zena; azaroaren 16ko 102/2016 Foru Dekretuaren 6. artikulua (foru dekretu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoa aldatu zen); 215/1985 Foru Dekretua, azaroaren 6koa, Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko erregelamendua onesten duena; eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren hogeita bederatzigarren xedapen gehigarria (testu bategin hori abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), bat etorriz azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen hamargarren xedapen gehigarrian xedatutakoarekin.

3.–Betebeharrak.

3.1. Indarra duen araudian xedatutakoaren arabera, deialdi honetan parte hartu ahal izateko, betebehar hauek bete behar dira eskaerak aurkezteko epearen azken egunean eta esleitzen den plazaz jabetzeko orduan:

a) Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako langile finkoa izatea eta jarduneko zerbitzuan egotea.

b) B mailakoa edo taldekoa izatea.

c) Nafarroako Foruzaingoko inspektore lanposturako izendatua izatea, modu finkoan.

3.2. Behin-behineko atxikipena dutenak, egoera horretan dirauten bitartean, beharturik egonen dira deialdi honetan parte hartzera, eta, horretarako, betetzeko dauden plaza huts guztiak eskatu beharko dituzte. Hori egin ezean, nahitaez atxikita geldituko dira deialdi honen ondorioz hutsik gelditzen diren plazetako edozeini.

3.3. Deialdi honetan parte hartzen ahalko dute, beren oinarrizko inspektore lanpostutik, Nafarroako Foruzaingoko antolaketa unitate bateko bitarte baterako buru izateko izendatuta dauden pertsonek eta/edo bitarte baterako komisario izendatuta daudenek.

Zerbitzu-eginkizunetan daudenek deialdi honetan parte hartzen ahalko dute, beren jatorrizko atxikipen unitatetik. Kasu horretan, automatikoki bukatuko da zerbitzu-eginkizuna, berariazko lehiaketa honetan lortutako plazaren jabetza hartzearekin batera.

3.4. Borondatezko eszedentzian edo nahitaezko eszedentzian urtebete daramatenek zilegi izanen dute berariazko lehiaketan parte hartzea, baldin eta deialdiak eskatzen dituen baldintzak betetzen badituzte; horrela, berriz itzuliko dira jarduneko zerbitzura eta plaza bat behin betiko esleituko zaie.

3.5. Deialdi honetan parte hartzeak ez du inola ere ekarriko aldatzea parte hartu aurretik lehiakideek zuten araubide juridikoa.

3.6. Lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartzen bada birkokatzeko behin-behineko egoeratik edo birkokatzeko behin betiko egoeratik, ekainaren 3ko 114/2002 Foru Dekretuak ezartzen duenarekin bat (foru dekretu horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako langileak lanerako ezintasunagatik birkokatzeko prozedura arautu zen, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileak eta Hezkuntza Departamentuari atxikitako irakasle ez unibertsitarioak izan ezik), izangaiei esleitzen zaizkien destinoak izanen dira, haiek aukeratu dituztenen artean, beraientzat egokitzat jotzen direnak Laneko Arriskuen Prebentziorako Atalak aurretik egindako txostenaren arabera, kontuan hartuta txostena egin denean bakoitzak daukan osasun egoera. Txosten hori deialdi hau kudeatzen duen zerbitzuak eskatuko du.

4.–Ordainsariak.

Deialdi hau dela-eta lekuz aldatzen direnek gaur egungo xedapenek esleitzen dizkieten ordainsariak jasoko dituzte.

5.–Eskabidea eta eskaera: zer epetan eta non aurkeztu.

5.1. Eskaerak aurkezteko, hamabost egun naturaleko epea izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak aurkezteko epe hori luzaezina da.

5.2. Deialdian parte hartzeko eskabideak nahitaez aurkeztu beharko dira telematikoki, Internet bidez, https://tramitespersonal.navarra.es/es/tramites/on/-/line/policia-foral-concurso-especifico-inspector-o-inspectora-2026 helbidean (hemendik aurrera, deialdiaren fitxa), "tramitazio telematikoa" erlaitzean.

Parte hartzeko berariazko eskaera eta aurkeztu beharreko gainerako agiriak eransteko, Erregistro Orokor Elektronikoan artxiboak eransteko aurreikusita dauden formatuetatik edozein erabili beharko da.

Izangaiek aurkeztutako agirien aurkibide bat erantsi beharko dute. Aurkibide horretan, aurkeztutako agiri guztiak sailkatu beharko dituzte deialdi honen III. eranskinean ezarritako apartatuen arabera.

5.3. Eskabideak eta eskaerak deialdian argitaratutako ereduetara egokitu beharko dira (I. eta II. eranskinak, hurrenez hurren). Interneten ere eskuratzen ahalko dira, deialdiaren fitxaren bitartez. Horietan, izangaiek adierazi beharko dute azaldutako baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

5.4. Eskaeran, zehaztuko dira hautatutako plazak eta haien lehentasun hurrenkera. Hurrenkera zenbakien bidez adieraziko da: 1a lehentasun handienekoa izanen da, eta horrela, 1etik aurrerako hurrenkeran, lehentasun txikiagoa duten gainerako plazak adieraziko dira. Izangaiak nahi dituen plazak baino ez ditu adieraziko, eta ezin izanen du hautatu orain inspektore gisa atxikita dagoen unitate organiko bereko plaza hutsik, salbu eta plaza aldaketarekin udalerria, lantokia edo lanaldiaren araubidea –lanaldi arrunta edo partziala– ere aldatzen bada.

5.5. Izangaiek egoki iruditzen zaizkien agiri guztiak aurkeztu beharko dituzte merezimenduak baloratzeko, eskaerak aurkezteko epearen barnean, jarraian ageri direnak izan ezik; izan ere, agiri horiek epaimahaiaren eskura jarriko dira:

–Administrazio Publikoetan egindako zerbitzuak: kalifikazio epaimahaiak Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari eskatuko dizkio.

–Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolan egindako ikastaroak: kalifikazio epaimahaiak Eskolari eskatuko dizkio.

Aski izanen da merezimenduak frogatzen dituzten agirien kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

6.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

6.1. Parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Barneko zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta aginduko du deialdiaren fitxan argitaratzeko. Deialdiaren fitxan argitaratzean, ohartaraziko da ezen baztertuek erreklamazioak egiten ahalko dituztela, eta, akatsik egin badute, haiek zuzendu, zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita hamar egun naturaleko epean, hori guztia 5.2 oinarrian xedatutakoarekin bat aurkezturik. Epe horren barnean, izangaiek uko egiten ahalko diete eskatu dituzten plazei, baldin eta Barne Zuzendaritza Nagusiari igorritako idazki batean hala adierazten badute, hori ere 5.2 oinarrian xedatutakoarekin bat aurkezturik.

Oinarri honetan erreklamazioak aurkezteko aipatzen den epea bukatu ondoren, ez da onartuko eskaerari uko egitea.

6.2. Erreklamazioak egiteko epea igaro eta haiek ebatzitakoan, Barneko zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta deialdiaren fitxan argitaratzeko aginduko du.

6.3. Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, Barneko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du lehiaketako plazak bete gabe utzi direla deklaratzeko. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da. Era berean, deialdiko plazak bete gabe utzi direla deklaratuko da parte-hartzaileetako batek ere betetzen ez badu 1.4, 5.4 eta 11.2 oinarrietan ezarritakoa.

7.–Merezimenduen balorazioa, proba fisikoak, proba teoriko-praktikoa eta proba psikoteknikoak, berariazko lehiaketaren bidez beteko diren plazetarako.

a) Merezimenduen balorazioa:

Merezimenduen balorazioan gehienez ere 35 puntu lortzen ahalko dira, eta parte-hartzaileek aurkezten dituzten merezimenduak III. eranskinean ezarritakoari jarraikiz baloratuko dira.

Epaimahaiak deialdiaren fitxan argitaratuko ditu behin-behineko emaitzak. Izangaiek 5 egun natural izanen dituzte egokitzat jotzen dituzten alegazioak egiteko, emaitzak argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Alegazioak ebatzita, epaimahaiak behin betiko emaitzak onetsi eta deialdiaren fitxan argitaratuko ditu.

b) Proba teoriko-praktikoa:

IV. eranskineko gai-zerrendari buruzko galde-sorta bat erantzun beharko da; galdera bakoitzean hiru erantzun eskainiko dira, baina bat bakarra izanen da zuzena. Ongi erantzuten den galdera bakoitzari emanen zaion puntuazioa ateratzeko, eragiketa hau eginen da: proba horretarako finkatutako gehieneko puntuazioa zati epaimahaiak egiten dituen galderen kopurua. Oker erantzuten den galdera bakoitzagatik puntuak kenduko dira, hain zuzen ere ongi erantzuten den galdera bakoitzari ematen zaizkion puntuen erdiak.

Proba honetan 0 eta 50 puntu bitarte emanen dira.

Epaimahaiak deialdiaren fitxan argitaratuko ditu behin-behineko emaitzak. Izangaiek 5 egun natural izanen dituzte egokitzat jotzen dituzten alegazioak egiteko, emaitzak argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Alegazioak ebatzita, epaimahaiak behin betiko emaitzak onetsi eta deialdiaren fitxan argitaratuko ditu.

Gaiak eta/edo gaien bibliografia Intrapolen egonen dira izangaien eskura. Horixe izanen da erreferentzia baliodun eta lotesle bakarra hala epaimahaiarentzat nola izangaientzat.

c) Proba psikoteknikoa:

Proba psikoteknikoan 0 eta 20 puntu bitarte emanen dira. Haren helburua da zehaztea zer neurritan egokitzen diren izangaiak deialdiaren xede den destinoaren profil profesiografikora.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Atalak eginen du proba psikoteknikoa, edo atal horrek izendatzen dituen profesionalek. Atal horrek ematen duen puntuazioa loteslea izanen da deialdiko epaimahaiarentzat.

Epaimahaiak deialdiaren fitxan argitaratuko ditu behin-behineko emaitzak. Izangaiek 5 egun natural izanen dituzte probaren berrikuspena eskatzeko, emaitzak argitaratu eta biharamunetik. Berrikuspena egin ondoren, epaimahaiak emaitzak onetsi eta bere erabakia argitaratuko du deialdiaren fitxan.

d) Proben baldintzak:

Proba guztiak –teoriko-praktikoa eta psikoteknikoa– egiten ez dituzten izangaiek ezin izanen dute plazarik lortu berariazko lehiaketan.

Probak ez dira baztertzaileak; kalifikazioa emateko baizik ez dira.

8.–Plazak esleitzea.

8.1. Merezimenduen balorazioaren, proba teoriko-praktikoaren eta proba psikoteknikoaren emaitzak batu ondoren, puntuazio handiena lortzen duen izangaiari esleituko zaio plaza.

8.2. Izangaien azken puntuazioan puntu-berdinketa gertatzen bada, irizpide hauek erabiliko dira berdinketa hausteko:

a) Proba teoriko-praktikoan lortutako puntuaziorik hoberena.

b) Proba psikoteknikoan lortutako puntuaziorik hoberena.

c) Antzinatasunik handiena inspektore lanpostuan.

d) Inspektore lanpostua lortu zuten deialdian zer ordenatan gelditu ziren.

8.3. Inor aurkezten ez bada proba teoriko-praktikoa edo proba psikoteknikoa egitera, bete gabe utziko dira berariazko lehiaketako plazak.

9.–Plazak esleitzeko itzuliak.

Deialdiaren xedeko plazak eta lehiaketaren ondoriozkoak esleitzeko, izangaiekin behar adina itzuli oso eginen dira, eskaeretan destinoa aukeratzeko adierazitako lehentasun hurrenkeraren arabera.

10.–Epaimahaiaren osaera.

10.1. Honako hauek osatuko dute lehiaketako kalifikazio epaimahaia:

–Epaimahaiburua: Eugenio Ros Fernández, foruzain-komisario nagusia, Trafikoaren eta Bide Segurtasunaren Arloko burua.

Ordezkoa: Miguel Ruiz Marfany, foruzain-komisario nagusia, Ikerketa Kriminalaren Arloko burua.

–Epaimahaikidea: Santiago Zabalza Sorbet, foruzain-komisarioa, Polizia Zientifikoaren Dibisioko burua.

Ordezkoa: Carlos Yárnoz Arrarás, foruzain-komisarioa, Esku Hartzeko Dibisioko burua.

–Epaimahaikidea: Pablo Bailo Cabello, foruzain-komisarioa, Tafallako Foruzain Etxeko burua.

Ordezkoa: José Antonio Gurrea Martínez, foruzain-komisarioa, Lizarrako Foruzain Etxeko burua.

–Epaimahaikidea: Miguel Gracián Fernández Urdaci, foruzain-agente lehena, Foruzaingoko Langileen Batzordeak proposaturik.

Ordezkoa: Francisco Javier Tarazona Lizarralde, foruzain-agentea, Foruzaingoko Langileen Batzordeak proposaturik.

–Idazkaria: Noelia Zubieta González, Barneko Giza Baliabideen Zerbitzuko Langileriaren Kudeaketako Ataleko burua.

Ordezkoa: Juan Antonio Sola Ibarra, Barneko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria.

10.2. Epaimahaia eratu beharko da probak egiten eta merezimenduak baloratzen hasi baino lehen.

10.3. Administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako ezarritako arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek uko egin beharko diote epaimahaian parte hartzeari, eta deialdia egin duen organoari jakinaraziko diote. Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

10.4. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, baldin epaimahaiburua eta idazkaria, edo haien ordezkoak, bertan ez badira, eta, gutxienez ere, kideen gehiengoa. Epaimahaia eratua denean, epaimahaiburua eta idazkaria ordezteko, jarraikiko zaio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 11/2019 Foru Legearen 21. eta 22. artikuluetan ezarritakoari.

10.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

10.6. Epaimahaiak aholkulari espezialisten laguntza izan dezake. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

10.7. Kalifikazio epaimahaiaren ebazpenak lotesleak izanen dira Administrazioarentzat. Hala ere, Administrazioak irregulartasunik atzemanez gero, prozesua berraztertzen ahal du. Kasu horretan, irregulartasunak ukituriko tramite guztiak berriz egin beharko dira.

11.–Plazen behin-behineko eta behin betiko esleipena.

11.1. Merezimenduak eta probak 7. oinarrian aurreikusi bezala baloratu ondoren, kalifikazio epaimahaiak plazak esleitzeko behin-behineko proposamena eginen du, zeina deialdiaren fitxan argitaratuko baita.

11.2. Izangaiek ezin dute hautatu beren inspektore plaza atxikita dagoen unitate organiko berari atxikitako plaza hutsik, salbu eta plaza aldaketarekin udalerria, lantokia edo lanaldiaren araubidea –lanaldi arrunta edo partziala– ere aldatzen bada.

11.3. Plazak esleitzeko behin-behineko proposamena argitaratzen denetik hiru egun balioduneko epean, interesdunek egoki iruditzen zaizkien alegazioak egiten ahalko dituzte, betiere 5.2 oinarrian xedatutakoarekin bat aurkezturik. Epe hori iraganik, epaimahaiak aurkeztu diren alegazioak ebatziko ditu eta behin betiko proposamena helaraziko dio organo deitzaileari, ebatz dezan.

11.4. Deialdia egin duen organoak behar diren esleipenak eginen ditu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, honako hauek adieraziz: agentearen zenbakia, esleitutako plaza eta zer antolaketa unitateri atxikitzen zaion.

12.–Jabetza hartzea.

12.1. Plazak behin betiko atxikitzeko ebazpenean organo deitzaileak zehazten duen egunean hartu beharko dute lehiakideek esleitu zaizkien plazen jabetza.

12.2. Nafarroako Foruzaingoko antolaketa unitate bateko bitarte baterako buru izateko izendatuta dauden pertsonen eta/edo bitarte baterako komisario izendatuta daudenen kasuan, beste oinarrizko plaza bat esleitzeak eta nahitaezko jabetza hartzeak berez ekarriko dute bitarteko egoera horiek utzi beharra.

13.–Argitalpenak eta errekurtsoak.

13.1. Kalifikazio epaimahaiaren egintzak eta ebazpenak deialdiaren fitxan argitaratuko dira.

13.2. Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Barneko zuzendari nagusiari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

13.3. Deialdiaren, haren oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

13.4. Hori guztia, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA, NAFARROAKO FORUZAINGOKO INSPEKTORE PLAZA BATZUK BERARIAZKO LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO DEIALDIRAKO

Hemen aurkituko duzu eranskina:

https://tramitespersonal.navarra.es/es/tramites/on/-/line/policia-foral-concurso-especifico-inspector-o-inspectora-2026

II. ERANSKINA.–LEHENTASUN-HURRENKERA

PLAZA ZK.

ATXIKIPEN UNITATEA

HERRIA

LEHENTASUN HURRENKERA

5199

Foruzaingoko Burutza

Iruña

5201

Foruzaingoko Burutza

Iruña

5204

Foruzaingoko Burutza

Iruña

5621

Foruzaingoko Burutza

Iruña

5622

Foruzaingoko Burutza

Iruña

5623

Foruzaingoko Burutza

Iruña

5625

Foruzaingoko Burutza

Iruña

5940

Foruzaingoko Burutza

Iruña

5942

Foruzaingoko Burutza

Iruña

7752

Foruzaingoko Burutza

Iruña

7995

Foruzaingoko Burutza

Iruña

7996

Foruzaingoko Burutza

Iruña

8163

Foruzaingoko Burutza

Iruña

10205

Foruzaingoko Burutza

Iruña

10206

Foruzaingoko Burutza

Iruña

10600

Foruzaingoko Burutza

Iruña

III. ERANSKINA.–MEREZIMENDUEN BAREMOA

A) Egindako zerbitzuak: gehienez ere 15 puntu.

1. Nafarroako polizia kidegoetan, lanpostu finkoan, egindako zerbitzuak: urte bakoitzeko 0,75 puntu.

2. Administrazio publiko baten bestelako segurtasun indar eta kidegoetan, lanpostu finkoan, egindako zerbitzuak: urte bakoitzeko 0,25 puntu.

3. Edozein administrazio publikotan polizia kidegoetakoak ez diren lanpostuetan egindako zerbitzuak: urte bakoitzeko 0,10 puntu.

Urteen kopurua osoa ez bada, egindako zerbitzualdiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu bada, aldi horiek kontatuko dira egoera horietan sartu aurretik zeukan lanpostuan egin izan balitu bezala.

B) Prestakuntza eta hobekuntza ikastaroak, irakaskuntza eta ikerketa, esparru polizialarekin zerikusirik badute: gehienez ere 10 puntu.

Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: 0,01 puntu eskola-ordu bakoitzeko.

Baloratu beharreko prestakuntza jardueretan, eskola-orduen zatikiak hainbanatuko dira.

Ikastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko (10 ordu) balorazioa emanen zaie.

Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

Erakunde antolatzaileari buruzko beharkizunak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barruan antolatuak sartuko dira. Hori dena frogatu egin beharko dute izangaiek.

Oharrak B) apartaturako:

–Ez dira puntuatuko deialdiko lanpostua lortzeko baldintza diren ikastaroak (Sarbiderako Oinarrizko Ikastaroa, Foruzaingoko lanpostuetara sartzeko deialdietako ikastaroak eta horien zatiak).

–Ez da punturik emanen birziklatze ikastaroengatik, jasotako prestakuntza baten berrikuspena baitira; hortaz, hura baloratzeak esan nahiko luke prestakuntza bat bitan baloratzea.

C) Titulazio eta espezialitate akademikoak: gehienez ere 7,5 puntu.

Lizentzia/Gradua: 3,50 puntu.

Diploma: 2,50 puntu.

Masterra/Graduondokoa: 1,80 puntu.

Ez dira baloratuko merezimendu gisa alegatu eta baremoaren barrenean berariazko balorazioa duten titulu akademikoak lortzeko beharrezkoak diren titulu apalagoak.

Atal honetan, baloratuko dira azaldutako titulazioen baliokideak, baldin eta baliokidetasun hori ondorio guztietarako bada, eta behar bezala frogatu bada.

D) Sariak eta beste merezimendu batzuk: gehienez ere 2,5 puntu.

1. Zerbitzu goraipagarrien plakagatik: 1,50 puntu.

2. Zerbitzu goraipagarrien dominagatik: 1,25 puntu.

3. Jendaurreko esker onagatik: 0,50 puntu.

4. Esker on pribatuagatik: 0,25 puntu.

Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onesten duen abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretuan xedatuarekin bat emandako sariak baino ez dira baloratuko; izan ere, hartan jasotakoekin bat datuz azaldutako sariak.

IV. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

Gaiak izangaien eskura jarriko dira Nafarroako Foruzaingoko Agentearen Atarian.

Garapen Teknologikoa eta Kalitatea.

1. gaia.–Datuen babesari buruzko legedia.

–2016/680 (EB) Zuzentaraua, datu pertsonalen tratamenduari buruzkoa, arau-hauste penalei dagokienez. Artikuluak: 1.etik 18.era, biak barne.

–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Artikuluak: 1.etik 18.era, biak barne.

–7/2021 Lege Organikoa, maiatzaren 26koa, Arau-hauste penalak prebenitzeko, detektatzeko, ikertzeko eta epaitzeko eta zehapen penalak betearazteko tratatzen diren datu pertsonalak babesteari buruzkoa. I. kapitulua. Xedapen orokorrak; II. kapitulua. Printzipioak, tratamenduaren zilegitasuna eta bideozaintza.

2. gaia.–Foruzaingoak eskura dituen informazio sistemak.

–SIP. Foruzaingoaren Informazio Sistema.

–QASER. Txanda sistema.

–INTRAPOL. Kudeaketa integrala. BDTC formularioak.

–Barne Ministerioaren aplikazioak.

  • VIOGEN 2. Genero-indarkeria kasuetan osoko jarraipena egiteko sistema.
  • PDRH. Identifikatu gabeko gorpuzkiak.
  • SAT-EWS. Alerta Goiztiarreko Sistema.
  • IT, SECeko datuak kargatzea.
  • Taula estandarizatuak.
  • EUCARIS. Ibilgailuei eta haien jabeei buruzko informazioa eskuratzeko bidea.
  • SAID. Identifikazio Sistema Automatikoa.
  • CODIS. Polizia sarea. DNAren Datu Base Nazionala.
  • CdC. Datuak Konpentsatzeko Zentroa.
  • OESIS. Schengen Informazio Sistema (SIS).
  • ARENA. Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren informazio sistemak.
  • SIS-BDSN. Shengen informazio sistema-Seinalamendu nazionalen datu basea.

Trafikoa eta atestatuak.

3. gaia.–Sarrera.

4. gaia.–Bide ezbeharra:

–Istripu-tasa eta administrazioaren jarduketa.

–Bide istripua eta ezbeharra. Kontzeptua.

–Bide ezbeharren atestatuak egiteko irizpideak.

–Bide ezbeharren motak.

–Bide ezbeharretako elementuak: bidea, ibilgailua eta pertsona.

–Bide ezbeharraren bilakaera: ezbeharraren puntuak eta faseak.

–Bide ezbeharraren kausak: berehalako kausa, tarteko kausa eta kausa eraginkorra.

–Bide istripu baten aurrean egiten diren jarduketak.

–Gertaerak berreraikitzeko elementu interesgarriak: aztarnak eta arrastoak.

–Bide ezbeharraren krokisa.

–Oinarri fisikoak (dinamika, lana eta energia).

5. gaia.–Bide segurtasunaren kontrako delituen instrukzioa:

a) Delituak.

b) Atxilotuaren eskubideak.

6. gaia.–Lan istripuak.

Agintarien babesa.

7. gaia.–Sarrera.

–Aurrekariak.

–Eskolta.

8. gaia.–Babesa.

–Segurtasun pertsonalaren hastapenak.

–Arrisku iturriak.

–Terrorismoa, oinarrizko nozioak:

  • Teknika terrorista.
  • Atentatu baten faseak.

–Atentatu baten zergatiak.

–Babesaren arazoak.

9. gaia.–Babes sistema baten eginkizunak.

–Prebentzio eginkizuna.

–Detekzio eginkizuna.

–Erreakzio eginkizuna.

–Erantzute eginkizuna.

10. gaia.–Segurtasun zerbitzu bat planifikatzea.

–Plangintzaren oinarrizko printzipioak.

–Babesteko sistema. Arriskuen azterketa.

11. gaia.–Etengabeko segurtasunaren plana.

–Babes estatikoa.

  • Segurtasun postua.
  • Babes estatikoko zerbitzuaren misioak.
  • Segurtasun galdetegia babes estatikoko zerbitzurako.

–Babes dinamikoa.

  • Zirkulu zentrokideen teoria.
  • Babes dinamikoko zerbitzuaren misioak.
  • Segurtasun galdetegia babes dinamikoko talderako.

–Kontrazaintza taldea.

–Larrialdietarako plana.

12. gaia.–Aldi baterako mugimenduen plana.

–Aurrelari taldeak.

  • Aurrelari taldearen misioak.
  • Segurtasun galdetegia aurrelari talderako.

–Errekisak.

  • Errekisak egiteko galdetegia.

13. gaia.–Babesa mugimenduan.

–Oinezko formazioen ebaluazioa.

–Oinezko formazioak.

  • Oinezko formazioak mugimenduan.
  • Pertsonalitatearen posizio estatikoak.
  • Ateak zeharkatzea.
  • Ekitaldien aretoak.
  • Alboko hesien aurkako babesa.
  • Oinezko eraso baten aurreko erreakzioak.

–Formazioak ibilgailuan.

  • Bizkartzainen posizioa ibilgailuetan.
  • Ibilgailuetara igotzea.
  • Ibilgailuetatik jaistea.
  • Estaltzea eta babestea mugitzen ari diren ibilgailuekin.
  • Erreakzioak mugitzen ari diren ibilgailuekin.
  • Babeserako dispositibo mugikorrak. Karabanak.

14. gaia.–Mehatxuei buruzko informazioaren erregistrorako formularioak.

–Hitzezko mehatxuak.

–Mehatxuak paperezko euskarrian.

15. gaia.–Genero-indarkeria. Sexu erasoen biktimak.

Polizia judiziala.

16. gaia.–Polizia judiziala.

17. gaia.–Biktimentzako babesa eta informazioa.

18. gaia.–Atxiloketa eta eskubideen berri ematea.

19. gaia.–Atxiloturik ez dagoen ikertuari bere eskubideen berri ematea.

20. gaia.–Abokatua izendatzea.

21. gaia.–Familiari eta bulego kontsularrari jakinaraztea.

22. gaia.–Osasun-azterketa.

23. gaia.–Habeas corpusa.

24. gaia.–Begi-ikuskapen teknikoa.

25. gaia.–Sarrera eta erregistroa.

26. gaia.–Informazioaren biltegiratze masiborako gailuen miaketa eta ekipamendu informatikoen gaineko urrutiko miaketak.

27. gaia.–Miaketa pertsonalak.

28. gaia.–Argazki bidezko identifikazioa.

29. gaia.–Taldeko identifikazio saioa.

30. gaia.–Komunikazioak grabatzea, irudiak hartzea eta segimendurako eta lokalizaziorako gailuak erabiltzea.

31. gaia.–Telekomunikazioak intertzeptatzea.

32. gaia.–Atxilotuaren gauzak biltzea eta zaintza-katea.

33. gaia.–Txostena eginbidetzea.

34. gaia.–Lekukoen babesa.

35. gaia.–Atxiloketak egitea Prozedura Kriminalaren Legearen 420. artikulua aplikatuz.

36. gaia.–Zigor Kodea eta ondarearen aurkako delituak.

37. gaia.–Zigor Kodea eta pertsonen kontrako delituak.

38. gaia.–Zigor Kodea eta erakunde eta talde kriminalak.

39. gaia.–Zigor kodea eta ordena publikoaren kontrako delituak. Atentatua, erresistentzia eta desobedientzia.

Iragarkiaren kodea: F2609626