1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
617E/2026 EBAZPENA, ekainaren 29koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen-adierazpen estrategikoa ematen duena Abiadura Handiko Trenaren geltoki berriaren eremua eta Iruñeko tren-geltoki zaharraren eremua garatzeko Udalez Gaindiko Plan Sektoriala aldatzeari buruz. Sustatzailea Herri-Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia da.
1.–Ingurumen arloko tramitazioa.
Iruñeko Abiadura Handiko Trenaren geltoki berriaren eta tren-geltoki zaharraren eremua garatzeko Udalez Gaindiko Plan Sektoriala (UGPS) aldatzearen ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa hasteko, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak hasierako dokumentu estrategikoa aurkeztu zuen 2023ko urtarrilean Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, UGPSa aldatzeari buruzko zirriborroarekin batera.
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 19. artikuluari jarraituz, 2023ko urtarrilaren 23an hasi zen ukitutako administrazio publikoen eta interesdunen entzunaldia.
2023ko martxoaren 9an, Ingurumen Ebaluaziorako Atalak (Ingurumen Zuzendaritza Nagusia) ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-dokumentua eman zuen, ingurumen-azterketa estrategikoan sartu beharreko edukiekin, eta lehen aipatutako kontsultetan jasotako erantzunak erantsi zituen, kontuan har zitezen.
Nafarroako Gobernuak 2024ko urtarrilaren 17an hartutako erabakiaren bidez, UGPSaren aldaketa tramitatzen hasi, jendaurrean jarri eta kontsulta egin zitzaien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei (2024ko 27. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 6koa), ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeari jarraituz. Jendaurrean jartzearen eta kontsulten ondorioz, organo substantiboak 205 alegazio eta 20 txosten jaso zituen.
Jendaurrean jartzean eta espedientearen entzunaldian aurkeztutako alegazioen idazkiak eta txosten sektorialak kontuan hartuta, 2025eko uztailean Herri-Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak dokumentazio berria aurkeztu zuen UGPSaren aldaketa izapidetzeko; izan ere, dokumentazio horrek aurretik aurkeztutako dokumentazioa ordeztu eta hasierako proposamena aldatu zuen.
Nafarroako Gobernuak 2025eko abuztuaren 20an hartutako erabakiaren bidez, dokumentazio berria jendaurrean jarri eta kontsulta egin zitzaien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 179. zk., 2025eko irailaren 9koa), ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeari jarraituz. Jendaurreko aldi horretan sei alegazio-idazki jaso ziren:
2026ko apirilaren 27an, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko Udalez Gaindiko Plan eta Proiektuen Atalak azken proposamena eta espediente osoa bidali zizkion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuko Ingurumen Ebaluaziorako Atalari, ingurumen-ebaluazio estrategikoa egiteko, kontuan hartuta 2025eko informazio publikoan egindako alegazioak eta organo substantiboak ordura arte jasotako txostenak.
2.–UGPSaren aldaketaren laburpena.
UGPSa aldatzearen helburua da hirigintza-antolamendu bat ezartzea, batez ere bizitegi-erabilerekin, UGPSean definitutako Etxabakoitz auzoko tren-geltoki berriaren eta Sanduzelai auzoko tren-geltoki zaharraren hirigintza-garapena bideragarri eginen duena, izapide guztiak amaitu gabe onetsi baitziren hasiera batez eremu horien urbanizazio- eta birpartzelazio-proiektuak.
Helburu hori lortzeko, lau aukera aurreikusi ziren. Lehenengo hirurek UGPSaren zehaztapen egituratzaileei eusten zieten (eremua, lurzoru urbanizagarri gisa sailkatzea, bizitegi-erabilera kolektibo gisa kalifikatzea...), baina bakoitzak hirigintza-antolamenduaren banaketa-eremuen kopuru desberdina zuen. Laugarren aukera baztertu egin zen, hegoalderako garapen estentsiboa planteatzen zuelako, UGPSaren eremua zabalduz.
Bi eremuak Etxabakoitzen eta Sanduzelain antolatzeaz gain, tren-geltoki berriaren kokapena eta trenbidearen trazatu berria ere konpondu nahi du aldaketak, bide-komunikazioen gabeziak konponduz Iruñeak, Zizurrek, Zizur Nagusiak eta Barañainek bat egiten duten gunean, Iruñerriko hego-mendebaldeko ardatzean.
Ohiko trenbidea eta Abiadura Handiko Trena elkartzeak eta tren-geltoki berri bat sortzeak esan nahi du trenbide zaharra eraistea eta geltoki zaharreko eta haren inguruko espazioa berreskuratzea, trenbidearengatik fisikoki bereizita zeuden eremuak lotzeko aukera emanez, berdeguneen eta bizitegi-guneen bidez.
UGPSaren aldaketak bi eremu ditu: I. eremua, Etxabakoitz auzoko tren-geltoki berriaren ingurua, eta II. eremua, Sanduzelai auzoko tren-geltoki zaharra, berria martxan jartzen denean deseginen dena.
I. eremua (Etxabakoitz ingurua).
I. eremua Iruñearen hego-mendebaldean dago, Barañaingo herrigunea hartzen duen terrazaren azpian, Elortz, Sadar eta Arga ibaiek bat egiten duten gunean, eta Etxabakoitz auzoaren zati bat hartzen du. 2.136.161,56 metro koadro ditu, eta Iruñeko, Zizurreko, Zizur Nagusiko eta Barañaingo udal mugarteetan hedatzen da.
Bi komunikabide garrantzitsuk zeharkatzen dute eremua: A-15 autobideak ekialde-mendebalde norabidean eta Arostegi etorbideak iparralde-hegoalde norabidean. Egungo trenbideek ekialdetik mendebaldera zeharkatzen dute, bi eremutan banatuz. Etorkizuneko geltokia eremuaren hegoaldean egonen da, eta bide berriek trazadura zuzenagoa izanen dute, autobidearekiko paraleloa.
I. eremuaren zatirik handiena lehorreko belarkiak landatzeko erabiltzen da, eta aldaketak lehorreko 71 hektareari eta baratzeeko 5 hektareari eragiten die. Mendi-hegaletan larreak, sasiak eta zuhaitz sakabanatuak daude, eta ornogabeak, narrastiak, anfibioak, hegazti txikiak eta mikrougaztunak bizi dira bertan. Larre eta sasietako 24 hektareari eragitea aurreikusten da.
Elortz ibaian erriberako landare-zerrenda estu bat dago, Populus nigra da nagusi, eta bertan bisoi europarra (Mustela lutreola) dagoela egiaztatu da, galtzeko arriskuan katalogatutako espeziea. Sustatzaileak aurkeztutako ingurumen-azterketa estrategikoak I. eremuko erriberako zuhaitzei eragitea aurreikusten du, "ibai-parkea egiteko beharrezkoak diren lur-mugimenduak direla eta. Era berean, AHTak erriberako landarediari eraginen dio tarte handi samar batean".
Jarduketa-eremuan hainbat industria daude, hala nola produktu kimikoen Huntsman enpresa eta Urdánoz elikagai-enpresa. Aldaketak industria-erabilerak eremutik kanpo birkokatzea proposatzen du.
Bizitegi-erabilera: Arostegi etorbidea hiri nagusira sartzeko etorbide handi bat da, eta merkataritza-etxabeak dituzten bizitegi-eraikinak ditu. Gainerako bilbea bizitegi-etxadi batetik abiatuta eraiki da, eta merkataritzarako edo bizitegietarako behe-solairuak eta espazio libre pribatuak daude etxadian.
Bide-sistema: Bide-eskema nagusia egungo UGPSko berbera da, bi ardatz nagusirekin: Arostegi etorbidea eta ardatz perpendikular bat, Barañaindik abiatu eta A-15 autobidearen hegoaldeko korapiloan amaitzen dena. Bi ardatz horietatik abiatuta, bide-sarea lauki-forman antolatzen da.
II. eremua (Sanduzelai ingurua).
II. eremuak, egungo geltokiaz eta haren eranskinez gain, trenbidearen zati bat ere hartzen du Iruñeko udal mugartean zehar. 277.874,38 metro koadro ditu eta Iruñeko udal mugartean dago oso-osorik. Hiri-tipologia da eremu honetan nagusi dena.
Nabarmentzekoa da desegin beharreko trenbideak Plazaolako bide berdea eta Iruñerriko ibai-parkea lot ditzakeela.
Bizitegi-erabilera: Antolamendu berriak 1.897 etxebizitza aurreikusten ditu trenbide zaharraren bi aldeetan, horren gainean oinezkoentzako eta bizikletentzako espazio bat proiektatzen da eta etorkizunean bide bat har dezake.
Sustatzaileak egungo eskaeran aurkeztutako ingurumen-azterketa estrategikoak zenbait aldaketa biltzen ditu, ingurumen aldetik ondorioak dituztenak, zeinak jasota baitzeuden UGPSa aldatzeko azken proposamenen Etxabakoitz inguruko I. eremurako UGPSari dagokionez. Hain zuzen ere:
–Aldaketak murriztu egiten du bide-sareak Sadar eta Elortz ibaien elkargunean duen eragina, eta erriberako parke bat eta karbono-hustuleku bat sortzen laguntzen du. Gainera, bi ibaien gainean proiektatutako lotura berria kentzen du.
–Elortz ibaiaren ibarrean, UGPSan aurreikusitako kirol-eremu bati eusten zaio, baina aldaketak haren tamaina murrizten du, ibai-parkea handitzen delako eta aisialdiko baratzeetarako bi espazio erreserbatzen direlako.
–Elortz ibaiaren ibarrean, aldaketak zuzkidura-erreserba bat kentzen du Grupo Urdanozen alboan, eta, horren ordez, lorategidun espazio publiko bat aurreikusten du.
Gainera, aurreko aldaketa-proposamenari dagokionez, ingurumen-azterketak adierazten du Etxabakoitz inguruko I. eremuan egungo proposamenak errespetatu egin dituela egungo ibilgua eta ibaiertzeko landaredia, bisoi europarraren habitatari ez eragiteko eta biodibertsitateari eta ibai-dinamikari eusteko, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren 2024ko ekainaren 14ko txostenari jarraituz (ikus eranskin grafikoa). Errespetatu beharreko eremuen eta urbanizazio berriaren arteko uholde-lautaden sekzioa handitu da espazio erabilgarria duten eremuetan, ibai-parkean integratuz, eta Elortz ibaiaren gaineko zubien baoak handitu dira.
Aurkeztutako ingurumen-azterketaren arabera, aldaketa-proposamen berriak murriztu egiten du Elortz eta Sadar ibaien gaineko inpaktua, eta ibai-korridorea zabalagoa eta irekiagoa da. Inpaktu hori arintzea proposatzen du, UGPSa aldatu ondorengo lehengoratze-proiektu baten bidez. Proiektu horren bidez, sustatzaileak aurreikusten du ibai-ingurunea eta bertako landaredia berreskuratzea landare-tratamendu batekin, korridore ekologikoaren funtzioa izan dezan, lorategitzat hartu gabe. Era berean, Cortaderia selloana espezie exotiko inbaditzailea (Panpa-lezka) kentzeko plan bat proposatu du.
Faunari dagokionez, aurkeztutako ingurumen-azterketako prebentzio-neurrien artean esaten denez, "urbanizazio-proiektuak fauna aztertuko du, espezie kaltebera guztiak lokalizatu eta prebentzio- eta zuzenketa-neurriak diseinatu ahal izateko, bai eta fasekako exekuzio bat ere, sasoi kritikoak kontuan hartuz eta kaltetu gabeko tarteetan birkokatzeko aukera emanez".
Urak husteko eta saneamenduko zerbitzuei dagokienez, ingurumen-azterketak adierazten du Elortz eta Arga ibaietara isuriko direla garapen berrietan jasotako euri-ur guztiak.
3.–Ingurumen-ebaluazioa.
Ibai-inguruneko eraginei dagokienez, honako hau adierazten du Uraren Kalitatearen eta Obra Hidraulikoen Atalak (Nafarroako Klima Aldaketarako Bulegoa, Ingurumen Zuzendaritza Nagusia) 2026ko maiatzaren 27ko txostenean:
1. Aintzat hartu beharrekoak dira Arrantza Kudeaketarako Atalaren 2025eko txostenaren hamar atalak eta aipamenak (0003-0102-2024-000564 espedientea), txosten honen hasieran aipatu direnak.
(...)
–i) atalean, ingurumen-eragin oso larriak aipatzen ziren I. eremuan proposatutako uholdeetarako ibai-parkearen sorreran: Elortz eta Sadar ibaien ekosistema erabat aldatzea zekarren, ibaiertzeko landaredi guztia ezabatu, ibaia ubide bihurtu, luzetarako malda homogeneizatu eta ezponda artifizial ia bertikalak mantendu baitziren.
–ii) atalean, ibaiaren eta uholde-lautadaren arteko lotura mantendu beharra aipatzen zen.
–iii) eta iv) ataletan erriberako landarediaren balioa azpimarratzen zen, eta parkeko landaketek bete behar dituzten ezaugarriak.
–Zehazki, iv) atalean honako hau adierazten zen: "I. eremuko uholde-eremuan jarri beharreko ibaiertzeko landarediari eta II. eremuko Argako ibai-parkean sartu beharreko eremuari dagokienez, ibaiertzeko landarediaren egitura berreskuratu beharko da ertz bakoitzetik gutxienez 20 metroko zerrendan".
–v) atalean ontzat hartzen zen zeharkako oztopoak kentzea (ur-emaria neurtzeko estazioa, egurrezko pasabidea).
–vi) eta vii) ataletan ibaien gaineko bidegurutze berriak sortzeko eta lurpeko bidegurutze berriak jartzeko orduan kontuan hartu beharrekoak aipatzen ziren.
–viii) atalak hustubideentzako baldintzak biltzen zituen.
–ix) atalean faunagatiko murrizketak (bisoi europarra eta ziprinidoak) zehazten ziren.
–Azkenik, x) atalean obrak egiteko baldintza orokorrak aipatzen ziren.
Gainera, zenbait argibide eman ziren etorkizuneko dokumentu-faseetarako:
–Konektibitateari eta ibai-dinamikari eustea.
–Ibaiertzak landatzeko eta lehengoratzeko proiektuak aurkeztu beharko dira, txostenean biodibertsitateari eusteko eta bisoi europarraren habitata sustatzeko adierazitako jarraibideekin.
–Memoria tekniko bat aurkeztu beharko da espezie exotiko inbaditzaileak ezabatzeko (adibidez, Panpa-lezka).
–Elortz ibaiko ur-emaria neurtzeko estazioaren ordez ‘estazio bigun’ bat jartzea gomendatzen da.
–Ibilguetako bidegurutzeak eta oztopoak ahalik eta gehien murriztea, espezieen joan-etorria bermatzeko diseinu bat egitea eta urari buruzko legearen hustubide-irizpideak betetzea.
–Faunari eta, bereziki, bisoi europarrari eragozpenik ez sortzeko murrizketak egitea.
(...)
2. Aurkeztu den azken aldaketak ez du aurreikusten 2025eko txosteneko ezpondak berriz profilatzea, bereziki Elortz ibaiaren ezkerraldean, II. sektoreko irin-fabrikaren alboan. Ezponda berriz profilatzeko eskatzen da, 5H:1V malda emanez 2 metroko desnibelerako. Horretarako, 10 metroko luzeran jardun behar da (ikus 1. irudia), eta induskatutako lurrak modu homogeneoan zabaldu ahal izanen dira hegaletik. Antzeko jarduketa bat aurreikusten zen hasierako dokumentuan, non proposatzen baitzen ur baxuen ibilguarekiko zerrenda paralelo bat, 13 metro zabal eta %3ko maldarekin.
Profil horrekin, ezponda eta hegala egoera naturalago batera itzuliko lirateke, egungo koska kenduta.
3. S3 sektoreko irin-fabrikako tarte horretan ibilgua izugarri estutzen da ezkerraldean, "U" formako hiru edo lau etxadiren ondoan, 250 metro inguruan. Puntu batean, 16 metro baino ez da uzten oinezkoentzako bidearen eta ibaiertzaren artean (4. irudian zirkulu gorria, 5. irudian zehaztua).
Horregatik, eraikin horien ondoko bide-zatia kentzea proposatzen da.
Zaratari eta kalitate akustikoari dagokienez, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariaren 2026ko otsailaren 26ko txostenak baldintza hauek adierazten ditu:
"Beraz, espedientean dagoen dokumentazioa ikusita, Zerbitzu honek UGPSa aldatzearen aldeko txostena eman du zarataren aurkako babesari dagokionez, baldintza hauekin:
–UGPSaren eremuan eraikitako etxebizitzek bete egin beharko dituzte 1367/2007 EDaren II. eranskineko B taulan ezarritako barrualdeetarako kalitate akustikorako helburuak. Eraikuntza-lizentziak eskatzen dituenak bete behar ditu helburu horiek.
–UGPSaren zarata-azterketan proposatutako zonifikazio akustikoari eutsiko zaio, 1367/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluari jarraituz, eta garapen-plangintzako tresnetan sartu beharko da.
–Garapen-plangintzako tresnek eutsi eginen diete UGPSaren aldaketako zarataren aurkako babes-zehaztapenei."
Era berean, Biodibertsitaterako eta Arrantza Kudeaketarako Zerbitzuak txostena egin du Abiadura Handiko Trenaren geltoki berriaren eremua eta Iruñeko tren-geltoki zaharraren eremua garatzeko Udalez Gaindiko Plan Sektoriala aldatzeaz, eta ebazpen honi erantsitako gomendio batzuk ezarri ditu.
Adierazitakoarekin bat, eta eskumena ematen didatenez bai Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru Sektore Publiko Instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, bai Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen abuztuaren 17ko 10/2023 Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren Foru Dekretuak, eta bai Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak,
EBAZTEN DUT:
1. Aldeko ingurumen-adierazpen estrategikoa ematea Abiadura Handiko Trenaren geltoki berriaren eremua eta Iruñeko tren-geltoki zaharraren eremua garatzeko Udalez Gaindiko Plan Sektorialaren aldaketari buruz. Sustatzailea Herri-Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia da.
2. Planak kontuan hartu beharko ditu ingurumen-azterketa estrategikoan aipatutako ingurumena babesteko irizpideak, bai eta honako baldintza hauek ere:
–Uraren Kalitatearen eta Obra Hidraulikoen Atalaren (Nafarroako Klima Aldaketarako Bulegoaren Zerbitzua) 2026ko maiatzaren 27ko txostenaren baldintzak bete beharko dira.
–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko 2026ko otsailaren 26ko txostenaren baldintzak bete beharko dira.
–Biodibertsitaterako eta Arrantza Kudeaketarako Zerbitzuaren txosteneko jarraibide hauek betetzea gomendatzen da, garapena ingurumenean hobeto integratzeko:
1) Gaueko inguruneari dagokionez, gomendatzen da, gutxienez Elortz ibaiaren parkean eta harantz doan hiri-fatxadan, argi-puntuek igorritako goi-hemisferioko fluxuak %1 edo gutxiago izatea eta uhin laburreko argia mugatzen duten lanparak erabiltzea (urdinak), hori baita kaltegarriena gauerako ingurunearentzat eta faunarentzat.
2) Euri-uren kudeaketari dagokionez, drainatze jasangarria erabiltzea gomendatzen da, bai eta beste neurri batzuk hartzea ere, hala nola zanga drainatzaileak, zoladura iragazkorrak, lorategi-estalkiak eta/edo laminazio-putzuak egungo soroetan.
3) Udalez Gaindiko Plan Sektorial hau garatzen duten proiektu edo plan partzialek aintzat hartu behar dute mustelido erdiurtarrentzat azpiko pasabideak proiektatzeko aukera, Ingurumen Ministerioaren fauna-pasabideak eta perimetro-hesiak diseinatzeko baldintza teknikoei jarraituz (2006koak, 2026an eguneratuak), beharrezkoa denean.
4) Espazio Libre Publikoen Sistema Orokorrari buruzko araudian, Elortz eta Sadar ibaien ertzetako berdeguneei dagokienez, korridore ekologiko eta biodibertsitate-iturri gisa duten zeregina hobetzea gomendatzen da, lehentasuna emanez ibaien dinamikari eta ibaiertzetako komunitateak ezartzeari.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari eta Herri-Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari jakinaraztea, behar dituen ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko ekainaren 29an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
ERANSKINA

UGPSaren aldaketaren I. eremua antolatzeko proposamena (Etxabakoitz ingurua)

UGPSaren aldaketaren II. eremua antolatzeko proposamena (Sanduzelai ingurua)

Laranjaz, I. eremuan egungo egoeran mantendu beharreko landaredia duten ibai-eremuak
(Etxabakoitz ingurua). Grisez, eremu urbanizatu berria; arrosaz, azpiegitura berriak, eta berdez,
ibai-parkeko uholde-eremua
Iragarkiaren kodea: F2609617