141. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

46/2026 FORU DEKRETUA, uztailaren 1ekoa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuak onesten dituen irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretua aldatzen duena.

Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura eta departamentu bakoitzaren eskumenen esparrua finkatu ziren.

Ondoren, Osasun Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 68/2023 Foru Dekretua argitaratu zen 2023ko 183. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 31koan. Dekretu horretan ezartzen denez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua Osasun Departamentuari atxikita geratzen da, eta bere estatutuek arautuko dute.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuak irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren, bai eta egitura organikoa arautu ere. Azken aldaketa egin zen irailaren 15eko 247/2023 Foru Dekretuaren bidez.

Foru dekretu honen helburua da arlo klinikoen atxikipen organikoa aldatzea, haien ezaugarri nagusiei eutsirik, baina, aldi berean, xedea izanik aurrera egitea arlo gehiagok unitate gisa funtziona dezaten, arreta ekitatiboa bermatzeko, baldintza beretan, Nafarroako edozein eremutako herritarrentzat. Horretarako, ezinbestez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentro bati atxikirik egotetik, iragan behar dute erakunde autonomoari berari atxikitzera.

Horrenbestez, Osasuneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak uztailaren 1eko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra. Aldatzea 171/2015 Foru Dekretua, irailaren 3koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuak onesten dituena.

Honela aldatzen da 171/2015 Foru Dekretua, irailaren 3koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuak onesten dituena:

Bat.–18. artikuluko 5. apartatua aldatzen da, eta testu hau izanen du aurrerantzean:

"5. Arlo klinikoak.

Arlo klinikoak unitate organiko gisa eratzen dira, nortasun juridikorik gabe, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Eriari Osasun Laguntza emateko Zuzendaritzaren mende. Diziplina eta estamentu anitzekoak dira, eta zenbait zerbitzu mediko eta kirurgiko eta erizaintza unitate biltzen dituzte. Era autonomoan antolatzen dira laguntza mediko-kirurgikoak eta zaintzakoak emateko, pazienteen profil zehatz bat ardatz harturik. Bere kudeaketaren emaitzak bere gain hartzen dituzte, kalitate teknikoari, antzemandako kalitateari eta erabilitako baliabideak kudeatzeko eraginkortasunari dagokienez.

Antolatuko dira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeatzailetzaren mende, eta eratuko dira behar diren ospitaleetako zerbitzu mediko eta kirurgikoak atxikiz, horien atxikipen organikoa galarazi gabe".

Bi.–V. tituluko IX. kapitulua kentzen da.

Hiru.–XI. titulua gehitzen da, eta testu hau izanen du:

"XI. TITULUA.–Arlo klinikoak

122. artikulua. Arlo klinikoen ezaugarri orokorrak.

1. Bere laguntza arloaren antolaketa ereduaren eboluzioan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak joera izanen du diziplina anitzeko arlo klinikoak eratzeko, garatzen diren prozesuetara eta artatzen diren pazienteen profiletara egokituak.

Arlo klinikoak unitate organiko gisa eratzen dira, nortasun juridikorik gabe, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Eriari Osasun Laguntza emateko Zuzendaritzaren mende. Diziplina eta estamentu anitzekoak dira, eta zenbait zerbitzu mediko eta kirurgiko eta erizaintza unitate biltzen dituzte. Era autonomoan antolatzen dira laguntza mediko-kirurgikoak eta zaintzakoak emateko, pazienteen profil zehatz bat ardatz harturik. Bere kudeaketaren emaitzak bere gain hartzen dituzte, kalitate teknikoari, antzemandako kalitateari eta erabilitako baliabideak kudeatzeko eraginkortasunari dagokienez.

2. Arlo klinikoek urtero formalizatuko dute berariazko kontratu programa bat Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeatzailetzarekin, eta bertan zehaztuko dira ematen dituzten zerbitzuen jarduera, kalitate eta kostu konpromisoak.

3. Arlo klinikoak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Kudeatzailetzari atxikiko zaizkio eginkizunei dagokienez.

123. artikulua. Arlo klinikoak eratzea.

1. Arlo klinikoak eratu eta osatzeko, kasuan kasuko foru agindua emanen du Osasun Departamentuko titularrak.

Arlo kliniko bat eratzeko irizpideak honako hauek dira:

a) Laguntza integrala ematea, mediko-kirurgikoa eta zaintzakoa, pazientearen profil zehatz bat ardatz harturik.

b) Bakarrak izatea osasun lurralde osoan.

c) Diziplina eta estamentu anitzekoak izatea.

d) Laguntza integratua bermatzeko behar diren espezialitate medikoak zein kirurgikoak eta erizaintza unitateak integratzea.

e) Zuzendaritza teknikoaren eta koordinazioaren baliabideak zehaztea beste zerbitzu eta zentro batzuekin eta Oinarrizko Osasun Laguntzarekin.

2. Eratzen diren arlo klinikoek bere laguntzaren esparruko espezialitateak ukitzen dituzten zerbitzu eta atal asistentzialak ordezten ahalko dituzte, edo ez.

Arlo klinikoak osatzeko eta haien eraketa lehenesteko orduan, kontuan hartuko da Nafarroako Osasun Planean ezarritako osasun estrategiekin dagoen koherentzia, besteak beste.

124. artikulua. Arlo klinikoen eginkizunak.

1. Arlo klinikoen helburua da laguntza integrala bermatzea, pazientea ardatz harturik. Horretarako, eginkizun hauek beteko dituzte:

a) Laguntza espezializatua ematea, mediko-kirurgikoa zein osasun zaintzakoa.

b) Nafarroako Osasun Planean ezarritako osasun estrategiak sustatzea prebentzio programak diseinatu eta gauzatzeko orduan.

c) Hirugarren mailako erreferentziako zentro bakar gisa jardutea Nafarroako Osasun Lurralde osoan, bai eta, zer autonomia erkidegorekin dauden sinaturik laguntza arloko hitzarmenak, horietan ere.

d) Bere gain osorik hartzea larrialdiko laguntzaren hasierako prozesua.

e) Adostasun teknikoak sustatu eta zabaltzea ospitaleko eta oinarrizko osasun laguntzako espezialista guztien artean.

f) Bideratze-prozedurak eta -zirkuituak ezartzea eta, beharrezkoa denean, premia duten pazienteak itunpeko ospitaleetara bidaltzeko baimena ematea.

g) Bere gain hartzea irabazi handiko hasierako errehabilitazioa, kirurgia eta infartu ondoko pazienteen kasuan.

h) Ukitutakoen elkarteekin elkarlanean aritzea mantentze eta gizarteratze programetan.

i) Irakaskuntzako akreditazioa eta espezialisten prestakuntza egokia bermatzea.

j) Nafarroako unibertsitateekin lan egitea osasun arloko profesionalen gradu aurreko prestakuntzan.

k) Arlo klinikoko langile guztien etengabeko prestakuntzarako urteko programa bat garatzea, bere lurralde-eremuko gainerako ospitaleetako espezialistak hartuko dituena.

l) Parte-hartze aktiboa izatea oinarrizko osasun laguntzako langileen etengabeko prestakuntzako programetan.

m) Ikerketa lerro berekiak garatzea eremu estrategikoetan eta zentro anitzeko azterlanak sustatzea.

n) Prestazioak eta teknikak etengabe hobetu eta ebaluatzeko prozesuak sustatzea.

2. Arlo klinikoek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeatzailetzaren mende jardunen dute eginkizunei dagokienez, eta organo hauek kudeatuko dute arlo bakoitza:

a) Arlo Klinikoko Zuzendaritza.

b) Zuzendaritza Batzordea.

c) Batzorde Betearazlea.

125. artikulua. Arlo Klinikoko Zuzendaritzaren eginkizunak.

1. Arlo klinikoko zuzendariak erantzukizun gorena hartzen du bere gain, arlo klinikoko laguntza arloko eta osasun zaintzako zerbitzu eta jarduerak zuzendu eta kudeatzeari dagokienez, zerbitzuetako burutzei esleitutako zuzendaritza teknikoak ukatu gabe.

2. Arlo klinikoko zuzendariak, kasuan-kasuan laguntza arloan esleiturik dituen eginkizunez gain, honako eskumen hauek izaten ahalko ditu:

a) Arlo Klinikoko Batzorde Betearazleko eta Zuzendaritza Batzordeko buru izan eta hura zuzentzea.

b) Arlo klinikoari atxikitako unitateen jarduerak eta helburuak antolatu, zuzendu eta ebaluatzea, beste batzuekin batera.

c) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko kudeaketako zuzendaritzak ezarritako gidalerroak eta arauak betetzea eta betearaztea.

d) Behar den ospitaleko kudeatzailetza klinikoarekin elkarlanean aritzea arloaren kudeaketa klinikoaren helburuak urtero zehaztu eta ebaluatzeko.

e) Arlo klinikoari atxikitako unitate organiko eta funtzionaletako arduradun bakoitzarekin haien urteroko helburu berariazkoak zehaztu eta ebaluatzea urtero.

f) Informazio sistema bat sortu eta mantentzea, efizientzia eta kalitatea ebaluatu eta kontrolatzeko balio duena.

g) Zerbitzuen berrikuntza, etengabeko hobekuntza eta kalitatearen ebaluazioa bultzatzea, eta pazientearentzako laguntzaren jarraipena bermatzea.

h) Baliabideen esleipena aldatzea arlo klinikoko unitateen artean.

i) Ospitaleko zuzendaritzekin jarduerak koordinatzea eta elkarlanerako berariazko hitzarmenak formalizatzea ospitalearen eta arlo klinikoaren funtzionamendu orokorrerako estrategikoak diren arloetan.

j) Pazientearentzako osasun laguntza osoari dagozkion funtzionamendu prozedurak eta arauak ezarri eta administratzea.

k) Proposatzea pazienteak aurretik hautatutakoa ez den espezialista bati esleitzeko, abuztuaren 3ko 241/1998 Foru Dekretuak arautzen duen bezala.

l) Proposatzea pazienteak itunpeko zentroetara bideratzeko, haiek aurretik eta idatziz oniritzia eman ondoren, Nafarroako Osasun Zerbitzuaren laguntza gaitasunak gainditzen direnean.

m) Bere gain hartzea arlo klinikoari atxikitako langile guztien burutza, horien estamentua eta espezialitatea edozein delarik ere.

n) Arlo klinikoari atxikitako langileen jarduera, lan eta eginkizunak zuzendu eta koordinatzea.

o) Langileen kontratazioa baimentzea eta horiek hautatzeko prozeduretan parte hartzea, fakultatiboak eta erizaintzako osasun diplomatuak aldi baterako kontratatzeko orduan, izan zainketa intentsiboetarako direnak edo horietako goi teknologiako ekipo diagnostiko edo terapeutikoak erabiltzeko, erregelamenduz ezarritako prozeduraren bidez.

p) Baimentzea, indarreko araudiarekin bat, aldi baterako barne igoerak, aurreko paragrafoko fakultatiboaren edo erizaintzako osasun diplomatuaren lanpostu batean aritzeko arlo klinikoan.

q) Arlo klinikoaren eremuan, langileak atxikitzeko proposamenak egitea, zerbitzuen beharrak edo antolaketa aldetiko onurak direla-eta komeni direnean, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko arauak ematen dituen azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren Bigarren Xedapen Gehigarriaren 3. eta 4. apartatuetan xedatutakoaren babesean.

r) Baimena ematea arlo klinikoari atxikitako langileek erregelamenduz ezarri bezala eskatutako opor, lizentzia eta baimenei.

s) Arlo klinikoari atxikitako langileei produktibitate osagarria ordaintzeko baimena proposatzea, organo eskudunak esleipenerako ezarritako irizpideekin bat.

t) Arlo klinikoaren ikerkuntza eta irakaskuntza programa prestatzea.

u) Arlo klinikoari lotutako beste eginkizun batzuk, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendariak berariaz esleitzen dizkionak.

Eginkizun horiek betetzeko, arlo klinikoek berariazko laguntza administratiboa eta kudeaketakoa izanen dute, eta pazienteak onartzeko unitate periferikoak izan ditzakete, kasuan kasuko unitate zentralekin koordinatuak.

3. Eginkizunei dagokienez, arlo klinikoak bere kasa antolatuko dira, era malguan eta pazientera eta prozesu klinikora bideratuta, eta osasun eta gizarte ingurunearen behar eta eskakizun aldakorrei egokitzeko moldaketak eginen dira une oro".

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2026ko uztailaren 1ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.

Iragarkiaren kodea: F2609484