1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2026ko uztailaren 1ean hartuta, zeinaren bidez deklaratzen baita presakoa dela "Egabarrengo hondakin uren araztegia berritzea" izeneko obraren proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.
2026ko otsailaren 16an, Navarra de Infraestructuras Locales SAk (NILSA), Jurramendiko Mankomunitatearekin ezarritako lankidetza hitzarmenaz baliatuz, eskatu zion Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiari jendaurrean jar zezala "Egabarrengo hondakin uren araztegia berritzea" izeneko proiektua, Jurramendiko Mankomunitateak 2025eko martxoaren 26ko bilkuran onetsia, bai eta proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere, hori baita aurrez egin beharreko tramitea desjabetze prozedura irekitzeko, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluak ezartzen duena. Onuraduna Jurramendiko Mankomunitatea da.
Udal zerbitzu publiko bat denez, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 10. artikuluan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 215.2 artikuluan ezarritakoari jarraituz, tokiko obra eta zerbitzuen proiektuak onesteak berekin dakar eraginpean gelditzen diren ondasunen onura publikoa eta haiek okupatu beharra deklaratzea, nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako. Hortaz, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak apirilaren 20an emandako 120/2026 Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri ziren, hamabost egunez, aipatutako proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, eta Jurramendiko Mankomunitatea deklaratu zen desjabetze espedientearen onuradun.
Jendaurreko aldia bukatuta, alegaziorik jaso ez zenez, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren ekainaren 9ko 167/2026 Ebazpenaren bidez, behin betiko onetsi zen aipatutako proiektua, bai eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere. Onespenak berekin dakar onura publikoaren deklarazioa eta lurrak okupatu beharra.
"Egabarrengo hondakin uren araztegia berritzea" izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa izateko arrazoia da araztegia 15.877 biztanlerentzat diseinatu zela, baina gaur egun tratamenduaren xedeko biztanle kopurua 54.000 dela batez beste, eta zenbaitetan 70.000 izatera ere iristen da. Nafarroako araztegi handienetan hirugarrena da. Jarduketa honen bidez, instalazioa prestatuko da jasotzeko bai bizilagunek sortutako isuriak bai kolektorearekin lotutako industriakoak ere, segurtasun maila egokiarekin. Era berean, hobekuntza batzuk eginen dira egungo kokapenean, araztegiak arazo larriak eragiten dituelako usain txarrak direla eta; beraz, araztegiaren handitzea urrutiago kokatuko da, eta kokapen berrian jarriko dira usain txarrak sor ditzaketen elementuak, hala nola lohien biltegia eta zentrifugatzeko instalazioa. Proiektuan aurreikusita dago sistema biologikoa, lohien biltegia eta zentrifugatzeko instalazioa indartzeko gunea eraikitzea.
Nafarroako Gobernuak, NILSAk alegatutako arrazoiak ikusita, eta balio justua ordaintzeko behar den aurrekontu kontsignazioa badela egiaztatuta, bidezkotzat jo du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,
ERABAKITZEN DU:
1. Deklaratzea presakoa dela "Egabarrengo hondakin uren araztegia berritzea" izeneko obraren proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa.
2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahal dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
3. Erabaki hau NILSAri eta Jurramendiko Mankomunitateari jakinaraztea.
4. Erabaki hau igortzea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko Kudeaketa Juridikoaren eta Toki Antolamenduaren Atalera eta Laguntza Tekniko-administratiboaren Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko uztailaren 1ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.
Iragarkiaren kodea: F2609491