1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
42/2026 FORU DEKRETUA, ekainaren 17koa, "Aldude mendia" kontserbazio bereziko eremua kudeatzeko plana eta "Odiko pagadia" lekune naturala (EN-1) erabili eta kudeatzeko plan zuzentzailea onesten dituena.
ZIOEN AZALPENA
Habitat naturalen eta basafauna eta basafloraren kontserbazioari buruzko Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauan ezarritakoaren arabera, abuztuaren 22ko 105/2005 Foru Dekretuaren bidez, kontserbazio bereziko eremu izendatu zen ES2200019 Batasuneko garrantzizko lekua, "Aldude mendia" izenekoa, eta haren kudeaketa plana onetsi zen.
105/2005 Foru Dekretuan adierazitakoaren arabera, plan horren indarraldia amaitua dago. Arauaren azken xedapenetako lehenbizikoan xedatzen denez, planaren indarraldia igarotakoan, berrikusi eginen da.
"Aldude mendia" kontserbazio bereziko eremua kudeatzeko planaren berrikuspena prestatu da Europar Batasuneko araudiak eta gomendioek exijitutakoarekin bat, eta, hortaz, bertan jaso dira leku horretan dauden eta aipatutako 92/43/EEE Zuzentarauan biltzen diren habitat eta taxonen eskakizun ekologikoei dagozkien helburu, ekintza, neurri eta jarraibideak.
Martxoaren 16ko 72/1989 Foru Dekretuaren bidez, lekune natural izendatu ziren Nafarroako zenbait naturagune, besteak beste "Odiko pagadia" espazioa (EN-1); lekune hori oso-osorik sartuta dago kontserbazio bereziko eremuan.
Nafarroako Naturaguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legearen arabera, lekune naturalen erabilera eta kudeaketa izanen dira kasuan kasuko plan zuzentzaileetan xedatzen denaren araberakoak. "Odiko pagadia" lekune naturalak (EN-1) ez du erabili eta kudeatzeko plan zuzentzailerik gaur egun.
Horrenbestez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita seiko ekainaren hamazazpian egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,
DEKRETATZEN DUT:
Artikulu bakarra.–Onestea "Aldude mendia" ES2200019 kontserbazio bereziko eremua kudeatzeko plana eta "Odiko pagadia" lekune naturala (EN-1) erabili eta kudeatzeko plan zuzentzailea.
Foru dekretu honen xedea da onestea "Aldude mendia" ES2200019 kontserbazio bereziko eremua kudeatzeko plana eta "Odiko pagadia" lekune naturala (EN-1) erabili eta kudeatzeko plan zuzentzailea, zeinak atxikirik baitaude foru dekretu honen eranskin gisa.
Lehenbiziko xedapen gehigarria.–Mugatzeak.
Nafarroako Naturaguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legearen 28. artikuluan xedatu bezala ordainduko dira erabilerak eta jarduerak mugatzearen ondoriozko kalte-ordainak.
Bigarren xedapen gehigarria.–Kudeaketa planaren finantzaketa.
Ingurumenaren arloan eskumenak dituen departamentuak erantzunen die "Aldude mendia" ES2200019 kontserbazio bereziko eremua kudeatzeko plana eta "Odiko pagadia" lekune naturala (EN-1) erabili eta kudeatzeko plan zuzentzailea behar bezala betetzeko behar diren behar ekonomikoei.
Hori guztia ordainduko da horretarako kreditu egokia ea nahikoa baldin badago. Beraz, behar diren konpromisoak hartuko dira unean-unean aurrekontuan dagoen diruaren arabera.
Nafarroako Gobernuko departamentuek beren politika sektorialak ingurumenean integratzeko sustatzen dituzten jarduketek, baita toki entitateek sustatzen dituzten ekintzek eta ekarpen pribatuekin edo Europar Batasunaren ekarpenekin egiten direnek ere, laguntzen ahal dute plan hau garatzen. Ingurumenaren arloan eskumenak dituen departamentuak osorik finantzatzen ahalko ditu kontserbazio bereziko eremuaren kontserbazio-egoera onari eusten laguntzen duten jarduerak, dirulaguntzei buruzko araudiak ezarritako esparruaren barnean, edo jarduketa propioen bidez.
Hurbileko biztanleguneen garapen sozioekonomikoa sustatzeko, departamentu honen mendeko beste edozein laguntzatan, ahal den guztietan, lehentasuna emanen zaie, eta, gainera, laguntzaren ehunekoa handituko zaie espazioen kontserbazioarekin bateragarriak izanik paisaia babestuaren eremu geografikoaren barruan proposatzen direnei.
Hirugarren xedapen gehigarria.–Ingurumenaren arloan eskumenak dituen departamentuko kontseilaria gaitzea.
Ingurumenaren arloan eskumenak dituen departamentuko kontseilariari ahalmena ematen zaio behar diren tramiteak egin ditzan foru dekretu hau eta, bidezkoa bada, plana aplikatzeko behar den kostu ekonomikoaren kalkuluak Europako Batzordeari igortzeko, Habitat naturalen eta basafauna eta basafloraren kontserbazioari buruzko Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauaren 8. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.
Xedapen indargabetzaile bakarra.
Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko arau guztiak.
Azken xedapenetako lehenbizikoa.–Kudeaketa planaren indarraldia.
1. Honako hau izanen da foru dekretu honen bidez onesten diren "Aldude mendia" ES2200019 kontserbazio bereziko eremua kudeatzeko planaren eta "Odiko pagadia" lekune naturala (EN-1) erabili eta kudeatzeko plan zuzentzailearen indarraldia:
a) Mugagabea, gako-elementuei, azken helburuei, arauei eta jarraibideei dagokienez.
b) 12 urtekoa, espero diren emaitzei eta jarduketei (neurriak) dagokienez. Epe hori bukatutakoan, neurriak berrikusiko dira, baina haien aplikazioa luzatuko da harik eta ordezko beste batzuk onesten diren arte.
2. Hala ere, ingurumenaren arloan eskumenak dituen departamentuak uste badu planean aurreikusirik ez zegoen funtsezko alderdiren bat nabarmen aldatu dela eta horrek eragina izaten ahal duela gunearen balioen zainketan, plana berrikusten edo aldatzen ahalko da.
3. Kudeaketa planaren gako-elementuetan, azken helburuetan, araudian edo jarraibideetan eragina izaten ahal duten aldaketak edo berrikuspenak foru dekretu bidez onetsi beharko dira. Espero diren emaitzen (helburu operatiboen) berrikuspenak eta aldaketak, baita jarduketak ere (neurriak), ingurumenaren arloan eskumenak dituen departamentuko titularraren foru aginduaren bidez onetsiko dira.
Azken xedapenetako bigarrena.–Beste plan batzuekiko erlazioa.
1. Foru dekretu honek onesten duen planaren berrikuspena bat etorriko da dibertsitate biologikoaren kontserbazioari buruz ezartzen diren maila goragoko planekin, eta, zehazki, Nafarroako Naturaguneen Sarean jarduteko ildo orokorrak finkatzeko onesten direnekin.
2. Dena dela, Nafarroako Naturaguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legearen 7. artikuluan xedatutakoaren arabera, kudeaketa planaren berrikuspen honetan jasotako determinazioak zuzenean aplikatu beharrekoak dira, eta toki entitateen hirigintzako udal-plangintzetan sartuko dira, plangintza egitean edo berrikusten denean. Hori horrela, oraingo lurralde antolamendurako edo antolamendu fisikorako tresnak, kudeaketa plan honen aurkakoak badira, egokitu beharko dira, lehenbizikoz aldatzen edo berrikusten direnean.
Azken xedapenetako hirugarrena.–Garatzeko gaikuntza.
Ahalmena ematen zaio ingurumenaren arloan eskumenak dituen departamentuko titularrari foru dekretu hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.
Azken xedapenetako laugarrena.–Indarrean jartzea.
Foru dekretu honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.
Iruñean, 2026ko ekainaren 17an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, José María Ayerdi Fernández de Barrena.
"Aldude mendia" kontserbazio bereziko eremua kudeatzeko plana (PDFa).
Iragarkiaren kodea: F2608869