Iragarkia
140. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 20a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
112E/2026 FORU AGINDUA, ekainaren 15ekoa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, zeinaren bidez Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdi bat onesten baita, osasuntsu egoteko jarduera eta ariketa fisikoa preskribatzeko proiektuak susta ditzaten 2026an. DDBN kodea: 913205.
Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen 33.a) artikuluak ezartzen duenez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak jarduera fisikoa eta kirola sustatuko ditu, beste neurri batzuen artean, laguntza eta dirulaguntzen araubide baten bidez.
Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak, Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzaren bitartez, laguntza horien bidez jarduera fisikoak eta kirol jarduerak sustatzeko eginkizuna du, Nafarroako gizarte osoaren eta, bereziki, premia handiena duten kolektiboen osasuna eta bizi kalitatea hobetzeko baliabideak jarriz toki entitateen eta beste entitate batzuen eskura.
Deialdi honen bidez ematen diren dirulaguntzak Nafarroako toki entitateei zuzenduta daude, eta horien bidez sustatu nahi dira toki entitateek oinarrizko osasun-laguntzako zentroekin batera prestatzen eta antolatzen dituzten proiektuak, hain zuzen, osasuntsu egoteko jarduera eta ariketa fisikoa preskribatzea xede dutenak. Proiektu horien bidez, 15/2001 Foru Legearen 3. artikuluko a), d), f) eta t) helburuak betetzen laguntzen da, eta honako hau lortu nahi da:
–Jarduera fisikoa bultzatzea bizimodu osasuntsua eta osasungarria sustatzeko eta gaixotasunak prebenitu eta tratatzeko tresna baliagarri gisa.
–Oinarrizko osasun-laguntzako zentroek sustatzea eta aditzera ematea bizimodu aktiboak zer nolako onurak dituen pertsona sedentarioentzat nahiz patologiak dituztenentzat, jarduera fisikoarekiko atxikimendua handiagoa izan dadin.
Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak ekainaren 2an emandako 16/2026 Foru Aginduaren bidez, argitara eman zen Osasuneko kontseilariak eta Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak 2026ko maiatzaren 28an harturiko Erabakia. Erabaki horren bidez, batera baimentzen da kudeaketa-esleipen bat egitea Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari, toki entitateei zuzendutako dirulaguntzen deialdi bat onetsi eta izapidetu dezan, osasunerako jarduera eta ariketa fisikoa preskribatzeko proiektuak egiteko 2026an.
Horrenbestez, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 257/2023 Foru Dekretuak aitortzen dizkidan ahalmenekin bat,
AGINTZEN DUT:
1. Toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdi bat onestea, osasuntsu egoteko jarduera eta ariketa fisikoa preskribatzeko proiektuak susta ditzaten 2026an.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, foru agindu honen I. eranskinean jaso direnak.
3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontu-kreditu hauek baimentzen dira:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
A50002-A5100-4609-336102: Jarduera fisikoa eta kirola preskribatzeko dirulaguntzak toki entitateentzat | 2026 | 175.000,00 |
A50002-A5100-4609-336100: Toki entitateen kirol jardueretarako laguntzak | 2026 | 20.000,00 |
Kreditu horiei gehituko zaie Kirol eta Turismoko kontseilariak ekainaren 2an emandako 16/2026 Foru Aginduan baimendutako kopurua. Foru agindu horren bidez argitara ematen da Osasuneko kontseilariak eta Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak 2026ko maiatzaren 28an harturiko Erabakia, zeinaren bidez batera baimentzen baita kudeaketa-esleipen bat egitea Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari, dirulaguntzen deialdi bat onetsi eta izapidetu dezan, osasunerako jarduera eta ariketa fisikoa preskribatzeko proiektuak egiteko 2026ko ekitaldian.
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
520001-51200-4609-313909: Osasunaren sustapena. Toki entitateak | 2026 | 50.000 |
4. Foru agindu hau eta I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2026ko ekainaren 15ean.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. Xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da behar den araubidea ezartzea Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko, horien bidez osasuntsu egoteko jarduera eta ariketa fisikoa preskribatzeko proiektuak susta ditzaten 2026an.
1.2. Deialdi honen bidez bete nahi da Nafarroako Gobernuaren 2023-2027 urteetako Akordio Programatikoan, kirolaren arloan, jasota dagoen helburuetako bat: osasuna zaintzera eta ohitura osasungarriak lortzera bideratutako politikak garatzea eta koordinatzea, ariketaren bidez, ariketa fisikoa baita bizi-garapenaren motorra.
1.3. Horrez gain, honako hauei erantzuna eta jarraipena eman nahi zaie:
–2022-2025 aldiko Osasun Publikoaren Planaren I. eta II. ardatzei, zeinak oinarritzen baitira osasunaren aldeko jokabideak sustatzean eta gaixotasunei aurrea hartzean, horretarako tokiko osasun komunitarioko jarduketak garatuz. Jarduera fisikoa gomendatzearekin eta preskribatzearekin lotutako jarduketak Bizimoduak Programan biltzen dira, zeina planaren barruan baitago.
–Nafarroan osasuntsu egoteko jarduera eta ariketa fisikoaren preskripzio plana (2023).
–Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Plan Estrategikoa 2025-2028.
2. Helburua.
2.1. Dirulaguntzaren bidez zati batean ordainduko da osasuntsu egoteko jarduera eta ariketa fisikoa preskribatzeko proiektuen defizita, proiektuak eremuko oinarrizko osasun-laguntza (OOL) zentroarekin egiten badira, 2026ko uztailaren 1etik azaroaren 30era, eta betiere titulartasuna toki entitatearena baldin bada.
2.2. Osasuntsu egoteko jarduera eta ariketa fisikoa preskribatzeko proiektuak diruz lagunduko dira, helburu hauekin:
–Jarduera fisikoa bultzatzea bizimodu osasuntsua eta osasungarria sustatzeko eta gaixotasunak prebenitu eta tratatzeko tresna baliagarri gisa.
–Bizimodu aktiboak pertsona sedentarioentzat nahiz gaixoentzat eta arrisku-faktoreak dituztenentzat dituen onurak sustatzea oinarrizko osasun-laguntzako zentroetatik, eta jendea horretaz sentsibilizatzea, ariketa fisikoarekiko atxikimendua handiagoa izan dadin.
3. Aurrekontu-kreditua.
3.1. Helburu horietarako, 245.000 euro bideratuko dira guztira, honela inputaturik:
–175.000 euro, Nafarroako 2026ko Aurrekontu Orokorretako "Jarduera fisikoa eta kirola preskribatzeko dirulaguntzak toki entitateentzat" izeneko A50002-A5100-4609-336102 partida ekonomikoaren kargura.
–50.000 euro, Nafarroako 2026ko Aurrekontu Orokorretako "Jarduera fisikoa sustatzeko dirulaguntzak toki entitateentzat" izeneko 520001-51200-4609-313904 partida ekonomikoaren kargura.
Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak 2026ko ekainaren 2an emandako Foru Aginduaren bidez argitara ematen da Osasuneko kontseilariak eta Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak 2026ko maiatzaren 28an harturiko Erabakia. Erabaki horren bidez, batera baimentzen da kudeaketa-esleipen bat egitea Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari, dirulaguntzen deialdi bat onetsi eta izapidetu dezan, osasunerako jarduera eta ariketa fisikoa preskribatzeko proiektuak egiteko 2026ko ekitaldian.
–Kreditu horri beste 20.000 euro gehituko zaizkio, Nafarroako 2026ko Aurrekontu Orokorretako "Toki entitateen kirol jardueretarako laguntzak" izeneko A50002-A5100-4609-336100 partida ekonomikoaren kargura.
3.2. Dirulaguntzak ematea, betiere, ekitaldi ekonomiko bakoitzean xede horretarako kreditu egokia eta aski izatearen baldintzapean egonen da.
4. Entitate onuradunen betebeharrak.
4.1. Deialdi honen xedeko dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte Nafarroako toki entitateek, oinarrizko gizarte zerbitzuen mankomunitateek eta jarduera fisikoa eta kirola beren udalerrietan sustatzeko, antolatzeko eta zabaltzeko xede soziala duten mankomunitateek.
4.2. Deialdi honen barruan sartzen dira kirol jarduerak merkataritza-sozietate baten bidez antolatzen dituzten toki entitateak, sozietate horren kapital osoa udalarena bada edo toki entitatearen beraren erakunde autonomoa bada. Kasu horretan udalak ziurtagiri bat aurkeztuko du, non azalduko baita merkataritzako sozietate horren kapital osoa udalarena dela.
4.3. Onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:
–Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
–Diruz lagundutako proiektua garatu bitartean harekin loturiko edozein lan egiten duten langileek ez dute inolako lan-kontratu harremanik izanen Nafarroako Gobernuarekin.
–Eskatzailea ezin izanen da egon zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatzeagatik edo toleratzeagatik.
–Apustu enpresek (barne direla apustu makinen operadore diren enpresak) guztiz edo zati batean finantzatzen eta/edo babesten dituzten jarduerek ere ezin izanen dute dirulaguntzarik jaso. Halaber, bazter uzten dira halako enpresen edozein publizitate mota duten jarduerak, dela instalazioetan, dela jardueren garapenean erabiltzen diren jantzietan eta materialean.
–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen babesean eratuak izatea.
–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako debeku egoeretako batean ere ez egotea.
–Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren arabera, adingabeekin ohiko kontaktua izatea eskatzen duen edozein lanbide, ofizio eta jardueratan sartzeko eta aritzeko, ezinbestekoa izanen da epai irmo bidez kondenatua ez izatea Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren VIII. tituluan tipifikatutako sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako inolako deliturengatik, ez eta Zigor Kodearen VII bis tituluan tipifikatutako gizakien salerosketaren inolako deliturengatik ere. Hartara, lanbide, ogibide edo jarduera horietan hasi nahi dutenek Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketaren Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko dute, inguruabar hori frogatzeko.
Horretarako, deialdiari heltzen dioten toki entitateek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu behar dute, esaten duena tokiko proiektuak zuzentzen dituzten eta adingabeekin ohiko harremana duten langileek ziurtagiri hori badutela.
Diruz lagundutako proiektuan parte hartzen duen erakundeak egiaztatu eta gorde behar du ziurtagiri hori.
5. Gastu diruz lagungarriak.
Gastu diruz lagungarriak izanen dira, soilik, preskripzio proiektuaren izaerari zalantzarik gabe eta zuzenean erantzuten dioten eta proiektua garatzen den aldiari dagozkion gastu arrunt hauek:
a) Honako hauen soldatak eta Gizarte Segurantzako gastuak: kirol zuzendaria, jarduera eta ariketa fisikoa preskribatzen duten langileak eta monitoreak. Beren lanaldiaren barrenean preskripzio proiektuan ematen duten denborari dagokion gastua egotziko da.
b) Preskripzio proiektua garatzeko asmoz, kirol kudeaketarako enpresekin sinatzen diren laguntza teknikoko kontratuen gastuak, edo langile autonomoekin sinatzen diren kontratuenak.
c) Kirol jarduera fisikoak zuzentzen dituzten edo erabiltzaileekin harremanetan dauden langileei lehen sorospenen arloan prestakuntza emateko gastuak.
d) Aseguru polizak.
e) Garraioa. Saioetan parte hartzen dutenen eta saioak ematen dituztenen bidaia-gastuak, soil-soilik kirol jarduera fisikoetan parte hartzeko. Justifikazio kontuan enpresen fakturen edo hartze-agirien bidez aurkeztutako zerbitzuaren kostua lagunduko da diruz. Gainera, auto partikularretan egindako gasturako, gehienez 0,25 euro/km ordainduko da, eta horretarako egindako joan-etorrien erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da justifikazioan, honako hauek adierazita: izen-abizenak, joan-etorriari lotutako jarduera, eguna, abiapuntua eta helmuga, eta egindako kilometroak.
f) Preskripzio proiektua garatzeko kirol material suntsikorra.
g) Preskripzio proiektua sare sozialetan, mugikorretako aplikazioetan, web-orrietan eta abarretan zabaldu eta haren berri ematea.
h) Software-lizentzia espezifiko bat erostea jarduera fisikoaren preskripzio proiektuak garatzeko. Proiektuaren iraupenari dagokion gastua egotziko da.
i) Beste gastu batzuk, proiektua garatzen den aldiari dagokion proportzioan.
Honako hauek ez dira dirulaguntzaren xede izanen:
–Kirol zuzendariendako eta proiektua garatuko duten langileendako prestakuntza-jarduerak, hezkuntzaren arloan edo beste arlo batzuetan egiten direnak, hala nola kirol teknikari izateko ikastaroak.
–Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren beste deialdi berariazkoago batzuen xede diren edo horietan jasotzen diren kirol jarduera fisikoak.
6. Preskripzio proiektuen ezaugarriak.
6.1. Dirulaguntza emateko, ezinbestekoa izanen da honako baldintza edo ezaugarri hauek betetzea:
a) Toki entitate eskatzaileak zuzendu beharko ditu preskripzio proiektuak, eta eremuko oinarrizko osasun-laguntzako zentroarekin elkarlanean egin. Bien arteko erabaki edo hitzarmen eguneratua egon beharko du derrigorrez. Bertan ezarriko dira bi aldeek hartzen dituzten konpromisoak (instalazioak, langileak, zerbitzuak, eginkizunak, etab.), diruz lagunduko den proiektua behar bezala garatu dadin.
b) Proiektuak patologiaren bat duten edo osasunerako arrisku faktoreren bat duten herritarrei zuzenduta egonen dira, haurtzarotik hasi eta zahartzarora arte.
c) Oinarrizko osasun-laguntzako zentroko osasungintzako profesionalak arduratuko dira parte hartzaileak jarduera fisikoaren programara bideratzeaz, eginen den jarduera edo ariketa preskribatu edo hautatu aurretik.
d) Jarduera eta/edo ariketa fisikoaren preskripzioa derrigorrez Nafarroan kirol-lanbidean hastea eta jarduteari buruzko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legean agintzen den profesional batek egin beharko du. Profesional horrek oinarrizko osasun-laguntzako zentrotik bideratutako parte hartzailearen hasierako balorazioa eginen du, jarduera edo ariketa fisikorako jarraibideak emanen ditu, eta garapenaren eta errendimenduaren jarraipena eginen du. Emaitza horiek oinarrizko osasun-laguntzako zentrora bidaliko dira, jakinaren gainean egon daitezen.
e) Preskripzio proiektuko parte hartzaileek gehienez ere bi urtez parte hartzen ahalko dute programan. Baldintza hori bete ezean, arrazoiak emateko txosten bat gehitu beharko da eskabidean. Unitate kudeatzaileak aztertuko ditu txostenak, eta erabakiko du eskabidea onartzen duen ala ez.
f) Proiektua garatzeko tokiko sareko beste eragile batzuek ere parte hartzen ahalko dute, hala nola oinarrizko gizarte-zerbitzuek, elkarteek, fundazioek, etab.
g) Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko teknikariek bisitak egiten ahalko dituzte proiektu bakoitza bertatik bertara ezagutu ahal izateko, eta haren arduradun diren toki entitateko teknikariekin eta osasun langileekin biltzen ahalko dira.
h) Programa motak. Hurrengo taulan preskripzio programa mota ezberdinak jasotzen dira (ezinbestekoa da deskribapenean zehaztutako ezaugarriak betetzea).
PROGRAMA MOTA | AZALPENA |
1.–Ariketa fisikoa banaka edo binaka egiteko programa | Preskripzio programako parte hartzaileak modu gidatuan eginen du jarduera edo ariketa fisikoa, hau da, arreta pertsonalizatua izanen du saio guzti-guztietan, kirol-instalazioetan nahiz etxean. Adibidea: entrenamendu pertsonala edo bikotekakoa (ratioa 1:1/1:2). |
2.–Ariketa fisikoa modu autonomoan egiteko programa | Profesionalak ariketa-taula bat prestatuko du, preskripzio programako parte hartzaileari erakutsiko dio –saio batean edo gehiagotan–, eta ondoren honek modu autonomoan lan eginen du. Noizbehinka parte hartzaileari ebaluazioa eginen zaio, eta horren arabera ariketen taula eguneratuko da. |
Jarraipenik gabe: preskripzio programako parte hartzaileek modu erabat autonomoan eginen dituzte profesionalak antolatutako ariketak, etxean zein instalazioan (gimnasioan). | |
Noizbehinkako jarraipena: preskripzio programako parte hartzaileek instalaziora joan beharko dute profesionalak antolatutako jarduera fisikoa egitera. Profesionala egun edo momentu zehatz batzuetan agertuko da ariketaren jarraipena egiteko, zalantzak argitzeko, akatsak zuzentzeko, etab. | |
Aurrez aurreko jarraipena: oinarrizko osasun-laguntzako zentrotik bideratutako parte hartzaileak instalaziora joanen dira profesionalak agindutako jarduera fisikoa egitera. Instalazioan, une oro, profesionala edo kualifikatutako beste norbait egonen da, aholku emateko, galderak erantzuteko edo zalantzak argitzeko (hala nahi dutenentzat). Adibidea: ordu-tarteak zehaztea, preskripzio programako parte hartzaileak gimnasiora joan daitezen. Tarte horietan, gimnasioko arduraduna egonen da (arreta ez da %100 pertsonalizatua izanen. Ez da jarduera gidatua). | |
3.–Ariketa fisikoa taldeka egiteko programa | Preskripzio aktiboa dutenek osatutako taldeak. Astean saio bakar batean edo gehiagotan jarduera edo ariketa fisikoa eginen dute. Langile kualifikatuek zuzeneko arreta emanen dute %100ean, eta edukiak aldez aurretik planifikatuak izanen dituzte (askotariko profilak, patologiak eta/edo arrisku faktoreak talde bakar batean). |
4.–Taldean entrenatzeko programa, patologiaren arabera. | Antzeko profila edo patologia dutenen taldea, jarduera fisiko gidatua egiteko, astean behin edo gehiagotan. Adibidea: diabetesa dutenen taldea, kardiopatiak dituztenen taldea, obesitatea duten haurren taldea, etab. |
5.–Ohiko jarduerak egiten dituzten taldeetara bideratzea/txertatzea | Preskripzio bidez, oinarrizko osasun-laguntzako zentroetatik erabiltzaileak bideratzen ahal dituzte parte har dezaten entitatean, herrian edo elkartutako kirol-instalazioetan eskaintzen diren kirol-jardueretan (hau da, erabiltzaileari ariketa edo jarduera fisiko mota bat gomendatzen zaio, eta klase gidatu batera bideratzen zaio, hala nola yogara, entrenamendu funtzionalera, mantentze-gimnastikara, etab.). |
6.–Bestelakoak | Aurretik azaldutako bi programa edo gehiago konbinatzea erabiltzaile bakar batendako, edo preskripzio fisikoko proiektuetan erabilitako beste programa mota batzuk preskribatzea (aurrekoetan zehaztu ez diren motak edo formatuak). |
6.2. Preskripzioa egiten duten edo jarduerak gidatzen dituzten langileen ezaugarriak. Titulazioak.
Preskripzio proiektuetako jarduerak zuzentzen edo garatzen dituzten pertsonek Nafarroan kirol lanbidean hasteko eta jarduteko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legean eskatzen diren kualifikazio profesionalak izan beharko dituzte. Egin beharreko lanaren araberako kualifikazioa izan beharko dute.
Era berean, foru lege horretan eskatzen den lehen sorospenetako gutxieneko prestakuntza izan beharko dute, eta prestakuntza horren edukia ekainaren 15eko 63/2022 Foru Dekretuan ezarritakoa izanen da, foru dekretu horren bidez arautu baitzen Nafarroan kirol-lanbideetan jarduteko lehen sorospenetako hasierako prestakuntzaren egiaztapena.
Aipatu langileek ez dute kontratu bidezko inolako lan harremanik izanen Nafarroako Gobernuarekin, zein den ere programan betetzen duten eginkizuna.
6.3. Osasun-laguntza eta segurtasuna.
Proiektuetan jasotako jarduera guztiek, eta horiek egiteko instalazioek, beharrezko segurtasun neurriak bete beharko dituzte haietako bakoitza egiteko.
Toki entitate onuradunek istripu-aseguru bat eta erantzukizun zibileko aseguru bat izan behar dute parte hartzaile guztientzat.
7. Eskabideak aurkezteko epea eta modua.
7.1. Eskabideak 2026ko irailaren 1etik 10era aurkeztu beharko dira, bi egunak barne.
7.2. Eskabideak eta frogagiriak derrigorrez telematikoki aurkeztu beharko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian, administrazio publikoetarako zerbitzuen katalogoan, dagokion fitxaren bidez (https://www.navarra.es/eu/web/servicios-empleado/tramites/on?tramiteId=145026). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.
7.3. Eskabideak Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari zuzenduko zaizkio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskabideak, ez eta telematika bidez eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskabide horiek ezin izanen dira zuzendu.
Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.
8. Eskabidean aurkeztu beharreko agiriak.
Dirulaguntzak eskatu ahal izateko, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte toki entitateek:
1. Eskabide-orria (III. eranskina), 4.3. eta 15. oinarriei dagozkien adierazpenak eta baimenak jasotzen dituena.
2. Preskripzio proiektua (IV. eranskina). Eranskin horretako aurkibideko apartatu guztiak bete beharko dira.
3. Proiektuaren aurrekontua (V. eranskina). 2026ko uztailaren 1etik azaroaren 30era (bi egun horiek barne) egotzitako gastu eta diru-sarrera guztiak adierazi beharko dira.
4. Diru-sarreren zerrendan sartuko dira proiekturako espero diren dirulaguntzak.
5. Oinarrizko osasun-laguntzako zentroarekin sinatutako erabakia edo hitzarmena.
6. Istripuetarako eta/edo erantzukizun zibileko asegurua.
7. Toki entitateren batean merkataritza-sozietate baten bidez antolatzen badira kirol-jarduerak, eta sozietate horren kapital osoa udalarena eta toki entitatearen beraren erakunde autonomoarena bada, Udalak egiaztagiri bat aurkeztu beharko du, non adieraziko baitu merkataritza-sozietate horren kapital osoa udalarena dela.
9. Balorazio prozedura eta dirulaguntzaren zenbatekoa.
9.1. II. eranskinean (baremoa) balorazio-irizpideak ezartzen dira, dagokion haztapenarekin zehaztuta.
9.2. Proiektu bakoitzari emanen zaion dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko prozedura hau erabiliko da:
a) Laguntza hauek norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoarekin bat eta aurkeztutako eskabideak konparatuz, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko.
b) Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak proiektu bakoitza finantzatzen ahalko du aurrekontuan dagoen diru erabilgarriaren arabera. Ematen den dirulaguntza ezin da izan aurkezten den defizita baino handiagoa.
c) Kasuan kasuko dirulaguntza kalkulatzeko, eskabideak guztira lortutako puntuazioa puntu baten balioarekin biderkatuko da, horretarako II. eranskinean agertzen den baremoa aplikatuta. Puntu baten balioa zein den jakiteko, eragiketa hau eginen da: guztira dagoen kreditu erabilgarria zati eskabide guztiek lortzen dituzten guztirako puntuazioen batura.
d) Puntu baten balioa kalkulatu eta diruz lagundutako entitate bakoitzari dagozkion zenbatekoak esleitu ondoren, kreditu erabilgarria agortzen ez bada, gainerako saldoa entitate onuradun guztien artean banatuko da, lortutako puntuen arabera, kreditu hori agortu arte.
e) Justifikazioa egiteko garaian entitate batek eskabidean (IV. eranskina-Proiektua) aurkeztutako datuez bestelakoak aurkeztuko balitu , entitate kudeatzaileak berriro aplikatuko ditu ebaluazio irizpideak benetan justifikatutako datuen gainean. Azken justifikazioko puntuazioa txikiagoa bada hasierako eskabidean lortutakoa baino, ordaindu beharreko kopurua ere proportzionalki murriztuko da.
Emandako dirulaguntzak ezin izanen ditu gainditu, inolaz ere, diruz lagungarriak diren gastuen zenbatekoa (5. oinarria) ezta aurkeztutako defizita ere. Horrez gain, ezin da izan dirulaguntzaren xedeko proiektuaren guztirako kostua baino handiagoa, ez dirulaguntza hau bakarrik hartuta, ez beste administrazio publiko edo entitate publiko edo pribatu batzuetatik jasotzen diren laguntzei edo dirulaguntzei gehituta.
Tokiko proiektua garatzen ez bada, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak ez du 5. oinarrian aipatzen diren gastuetako bat ere diruz lagunduko.
Tokiko proiektua hasi ondoan eteten bada, diruz lagundutako kopurua gauzatutako iraupenaren proportziokoa izanen da.
10. Antolamendua eta instrukzioa.
Dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko organo eskuduna Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetza izanen da.
11. Dirulaguntzak emateko ebazpena.
11.1. Dirulaguntzak emateari buruzko ebazpena Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eta gehienez hiru hilabeteko epean jakinaraziko zaie toki entitate onuradunei, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita. Epe hori ebazpen berariazkorik eman eta jakinarazi gabe iraganik, eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da. Hala ere, Administrazioa beharturik egonen da ebazpena ematera.
11.2. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordaintzeko modua agertuko dira. Halaber, hala behar bada, eskabideren baten ezespenaren gainean ebatziko da.
11.3. Soilik informazioa emate aldera, emakidaren ebazpena eta deialdiari buruzko beste ebazpen batzuk Nafarroako Gobernuko atarian argitaratuko dira, administrazio publikoetarako zerbitzuen katalogoan, dagokion fitxan (https://www.navarra.es/eu/web/servicios-empleado/tramites/on?tramiteId=145026).
11.4. Epe hori ebazpen berariazkorik eman eta jakinarazi gabe iraganik, interesdunek beren eskabidea ezetsi egin dela ulertuko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.
11.5. Emandako dirulaguntza bateragarria izanen da bestelako dirulaguntza batzuekin, izan administrazio berak emanak nahiz Estatuko zein nazioarteko beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek emanak. Nolanahi ere, beste horien zenbatekoa, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen da inola ere izan eginen den jardueraren kostua baino handiagoa.
11.6. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntzak emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo urteetan ere dirulaguntzak emateko.
12. Justifikazio agiriak.
Justifikaziorako agiriak aurkezteko epea 2026ko azaroaren 30ean bukatuko da (egun hori barne). Frogagiriak deialdiaren estekaren bidez edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkeztuko dira. Hona hemen aurkeztu beharreko agiriak:
1. Emaitza-kontua (VI. eranskina), dagozkion gastuen eta sarreren zerrenda zehazten duena.
Gastuei dagokienez:
–Eskatzen den atal bakoitzean, dirulaguntzaren xede izanik ordaindu diren gastu guztien fakturen eta egiaztagirien zerrenda xehatua aurkeztuko da, 5. oinarrian ezarritakoaren arabera.
–Fakturen jaulkipen eta ordainketa data 2026ko uztailaren 1etik azaroaren 30era bitartekoa izanen da (egun horiek barne).
Fakturak ere aurkeztu beharko dira, edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa edo eraginkortasun administratiboa duten balio bereko agiriak, eta haiekin batera, ordainagiriak: bankuko frogagiriak, "ordainduta" zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak, edo faktura ordaindu dela edo gastua egin dela frogatzen duen beste edozein dokumentu, zerrenda horretako ordena berean aurkeztuak, dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko. Dokumentazio horren ordez, idazkariaren edo alkatearen ziurtagiri bat aurkezten ahalko da, gastuak/fakturak daudela eta horiek ordaindu direla egiaztatzen duena (VI. eranskina).
Diru-sarrerei dagokienez:
–Adierazi beharko dira preskripzio proiektuarekin lotuta jaso diren edo jasoko diren dirulaguntzak, 2026ko uztailaren 1etik azaroaren 30era bitarte.
2. Beste dirulaguntza edo baliabide batzuk justifikatzeko inprimakia (VII. eranskina).
3. Hornitzaileak eta kontratazioak hautatzeko inprimakia (VIII. eranskina).
4. Preskripzio proiektuaren memoria (IX. eranskina).
5. Joan-etorrien erantzukizunpeko adierazpena (X. eranskina). Soilik bete beharko da joan-etorriak egiten badira, 5.e oinarrian adierazitako moduan.
Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osa dezan edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, bere eskabidea ezetsi eginen dela, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin.
13. Dirulaguntzaren ordainketa.
13.1. Dirulaguntza banku transferentzien bidez ordainduko zaie entitate onuradunei; horretarako, aldez aurretik, 12. oinarrian adierazitako frogagiriak aurkeztu beharko dituzte, eta, betiere, ematen den dirulaguntza ez bada jardueraren defizita baina handiagoa.
13.2. Dagokion ordainketa-ebazpena onetsi ondoren, emandako dirulaguntza gehienez ere hiru hilabeteko epean ordainduko da.
14. Jarraipena eta kontrola.
Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak izanen du, Kirola Sustatzeko Ataleko teknikarien bitartez, proiektuaren jarraipena egiteko eta gauzatutako alderdi guztiak eta finkatutako helburuak noraino bete diren ikuskatzeko eta ebaluatzeko ardura.
15. Betebeharrak.
15.1. Dirulaguntzen onuradun diren toki entitateek dirulaguntzen xedeetarako erabili beharko dituzte laguntzak. Horrez gainera, haien aplikazioa agiri bidez frogatu beharko dute, eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak egiten dituen egiaztapenak onartu eta erraztu.
15.2. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, onuradunek horren berri eman beharko dute.
15.3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, ekipo-ondasunen hornidura kasuetan edo aholkularitza edo laguntza enpresen zerbitzu-emateetan, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta merkatuan hornidura hori egiteko edo zerbitzu hori emateko behar adina entitaterik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen.
Era berean, toki entitate onuradunak, egiten dituen kontratazioetan, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatutakoa bete beharko du.
Alderdi horiek VIII. eranskinaren bidez justifikatuko dira. Eranskin hori justifikaziorako dokumentazioarekin batera aurkeztuko da, 12. oinarrian jasota dagoen bezala.
15.4. Onuradunak behartuta daude egin beharreko jarduera guztietan betetzera osasun eta kirol agintaritza eskudunek ezarritako neurriak eta baldintzak, bai eta dirulaguntzen xedeko jarduerak garatu bitartean indarrean daudenak ere.
15.5. Onuradunek adierazi beharko dute ez direla zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen ari, edo, edonola ere, ez daudela zehapen- eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.
15.6. Dirulaguntzak emateko ebazpena ematen den unean, onuradunek Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izan beharko dituzte.
15.7. Egiaztapen eta kontrol lanak egoki egiten direla bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskaturik eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatutakoarekin bat.
15.8. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.
15.9. Onuradunek, dirulaguntzaren xede diren jardueren publizitatean eta zabalkundean, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala erabili beharko dute, betiere Nafarroako Gobernuaren sinboloak eta haien erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua betez (deskargatu 2030 Agendaren logoa esteka honetatik: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala, bai eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fiskoaren Institutuaren logoa eta Nafarroa 2027an Kirolaren Europako Eskualdea izateko hautagaitzaren logoa ere) (esteka honetatik deskargatu logo elebidunak: https://www.deportenavarra.es/eu/logotipoak).
15.10. Dirulaguntza jasotzen duten toki entitateek Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko norbait gonbidatu beharko dute diruz lagundutako programetan eta proiektuetan sartutako aurkezpen eta jardueretara.
15.11. Onuradunek Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari emanen dizkiote diruz lagundutako preskripzio proiektuarekin lotutako esku-hartze publiko oro (prentsa-oharrak, aurkezpenak, etab.).
16. Azpikontratazioa.
16.1. Toki entitate onuradunek azpikontratatzen ahalko dute diruz lagundutako proiektuaren kostuaren %100 bitarte.
16.2. Ezin izanen dira inola ere azpikontratatu diruz lagundutako jardueraren kostua garestitzen duten jarduerak, haren edukiari baliorik eransten ez badiote.
16.3. Kontratistek toki entitate onuradunaren aurrean erantzun beharko dute, bakar-bakarrik. Administrazioaren aurrean, aldiz, onuradunak du diruz lagundutako jarduera gauzatzearen gaineko erantzukizun osoa.
Mankomunitate onuradunek hirugarrenekin ituntzen dituzten jardueretan errespetatu egin beharko dira dirulaguntzaren gaineko arauetan ezarritako mugak, gastu diruz lagungarrien izaerari eta zenbatekoari dagokienez, eta mankomunitate onuradunen ardura izanen da baldintza hori betetzea. Kontratistek, berriz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 39. artikuluan ezarritako betebeharra izanen dute, hau da, lagundu egin beharko dute behar bezala egiaztatu dadin aipatutako muga horiek ez direla gainditzen.
16.4. Entitate onuradunak ezin du inolaz ere hitzartu diruz lagundutako jarduera osoa edo zati bat egitea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26.7 artikuluan adierazitako pertsonekin.
17. Ez-betetzeak.
17.1. Deialdi honen arauetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin, jasotako dirua itzuli beharra Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, eta aurrerantzean helburu bereko edo bertsuko dirulaguntza eskabideak ez onartzea ere izan dezake ondorio, antolamendu juridikoan ezarritako gainerako erantzukizunak galarazi gabe.
17.2. Nolanahi ere, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.
18. Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.
18.1. Laguntzen eskabidea eta eman beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak administrazio publikoetarako Interneten duen atariaren tramiteen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez (https://www.navarra.es/eu/web/servicios-empleado/tramites/on?tramiteId=145026).
18.2. Deialdi honen prozeduraren barruan egiten diren komunikazioak, errekerimenduak eta jakinarazpenak telematikoki eginen dira, entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren (GHEB) bidez.
19. Datu pertsonalen babesa.
Honako hauekin bat tratatuko dira deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz biltzen diren datu pertsonalak: Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorra, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia.
Deialdi honen III. eranskinean informazioa dago datu pertsonalen tratamenduari aplikatzen zaion datuak babesteko politikari buruz.
20. Errekurtsoak.
20.1. Deialdi honen eta haren oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
20.2. Orobat, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez foru agindu hau aplikatzeko ematen diren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.
21. Aplikatzekoa den legeria.
Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.
Iragarkiaren kodea: F2608890
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
