1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
205E/2026 FORU AGINDUA, ekainaren 29koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren ekainaren 6ko 172E/2024 Foru Agindua, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko bulegoen atxikipena eta eginkizunak onesten dituena (Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urtarrilaren 7ko 1E/2025 Foru Aginduaren bidez aldatua).
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren ekainaren 6ko 172E/2024 Foru Aginduaren bidez onetsi ziren Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko bulegoen atxikipena eta eginkizunak. Foru agindu hori aldatu egin zen geroago, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urtarrilaren 7ko 1E/2025 Foru Aginduaren bidez.
Ekainaren 24ko 44/2026 Foru Dekretuaren bidez, azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua aldatu zen, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuena.
Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak zenbait aldaketa proposatu dituzte beren bulegoen mailako egituran: horietako batzuk kentzea, beste batzuk sortzea eta beste batzuen atxikipena edo eginkizunak aldatzea.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak 34.4 artikuluan ezartzen du ezen, bulegoak eta ataletatik beherako unitateak sortu, aldatu eta kentzeko, unitate horiek zein departamentutan sartuko diren, hango titularraren foru agindua beharko dela.
Bat etorriz Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritakoarekin,
AGINTZEN DUT:
Artikulu bakarra. Aldatzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren ekainaren 6ko 172E/2024 Foru Agindua, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko bulegoen atxikipena eta eginkizunak onesten dituena (Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urtarrilaren 7ko 1E/2025 Foru Aginduaren bidez aldatua).
Bat.–Aldatzen da 1. kapituluko 1. artikulua, g) apartatua gehitzeko, zeinak testu hau izanen baitu:
"g) Barne Auditoretzako Atalari atxikita:
–KKSI Laguntzen Barne Auditoretzako eta Laguntzako Bulegoa".
Bi.–Aldatzen dira 2. artikuluko i) eta j) apartatuak, Ingurumenaren Kontroleko Bulegoaren atxikipena eta izena aldatu baita. Aurrerantzean, Ureztalurren eta Ingurumen Kontrolaren Bulegoa deituko da, eta Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalari atxikiko zaio. Aipatu apartatuek testu hau izanen dute:
"i) Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari atxikita:
–Lurzoru eta Klimatologia Bulegoa.
–Obren Bulegoa.
j) Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalari atxikita:
–Nekazaritzako Azpiegituretarako Laguntzen Bulegoa.
–Lurzati Berrantolamenduaren Bulegoa.
–Ureztalurren eta Ingurumen Kontrolaren Bulegoa".
Hiru.–Aldatzen da 3. artikulua, eta testu hau izanen du:
"3. artikulua. Ingurumen Zuzendaritza Nagusia.
Ingurumena Zuzendaritza Nagusian bulego hauek ezarri dira:
a) Klima Aldaketaren aurkako Ekintzak Koordinatzeko Atalari atxikita:
–Gobernantza eta Sentsibilizazio Bulegoa.
b) Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari atxikita:
–Administrazio Laguntzako Bulegoa.
c) Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari atxikita:
–Baimen Bulegoa.
d) Ingurumen Ikuskapenen Atalari atxikita:
–Kontrol eta Kalitate Bulegoa.
e) Hondakinen Atalari atxikita:
–Hondakinen Prebentziorako eta Ekonomia Zirkularra Sustatzeko Bulegoa.
f) Naturaguneen Atalari atxikita:
–Naturaguneen Bulegoa.
–Plangintzaren eta Klima Aldaketaren Bulegoa.
g) –Espezie Basatien eta Arrantza Kudeaketarako Atala.
–Espezieen Bulegoa.
–Arrantza Bulegoa.
–Berreskuratze Planen Bulegoa.
h) Ingurumen Ebaluaziorako Atalari atxikita:
–IEEaren eta Ingurumen Jarraipenaren Bulegoa.
–Proiektuen Ingurumen Inpaktuaren Bulegoa.
i) Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuari atxikita:
–Administrazio Laguntzako Bulegoa.
j) Basoak Kudeatzeko Atalari atxikita:
–Basoak Lehengoratzeko Bulegoa.
k) Baso-suteen Prebentziorako eta Plan Estrategikoetako Atalari atxikita:
–Plan Estrategikoetarako eta Baso Osasunerako Bulegoa.
–Basoko Suteei Aurrea Hartzeko Bulegoa.
l) Basogintza Sektorea Sustatzeko Atalari atxikita:
–Baso Ondarearen Bulegoa.
m) Ingurumen Hezkuntzaren, Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuari atxikita:
–Baliabideen Kudeaketarako eta Laguntzarako Bulegoa.
–Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen Bulegoa.
–Ingurumen Hezkuntzaren Bulegoa.
–Administrazio Laguntzako Bulegoa.
n) Ingurumena Zaintzeko Atalari atxikita:
–Bidasoko Koordinazio Unitatea.
–Aezkoa-Kintoko Koordinazio Unitatea.
–Erronkari-Zaraitzuko Koordinazio Unitatea.
–Iruñeko Koordinazio Unitatea.
–Koordinazio Unitate Transbertsala.
–Ingurumenaren Koordinazio Unitate Zentrala.
–Lizarra 1 Koordinazio Unitatea.
–Lizarra 2 Koordinazio Unitatea.
–Sakana-Mendialdeko Koordinazio Unitatea.
–Agoizko Koordinazio Unitatea.
–Tafalla-Zangozako Koordinazio Unitatea.
–Tuterako Koordinazio Unitatea.
Lau.–Aldatzen da 2. kapituluko 1. atala, 19. artikulua gehitzeko, eta testu hau izanen du:
"19. artikulua. KKSI Laguntzen Barne Auditoretzako eta Laguntzako Bulegoa.
Eginkizun hauek izanen ditu:
a) Barne auditoretzak egitea Kudeaketa eta Kontrol Sistema Integratuak (KKSI) kudeatzen dituen laguntzekin Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsen (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsen (LGENF) bidez finantzatutako espedienteetan.
b) Laguntza ematea auditoretzak planifikatzeko, lan-programak prestatzeko eta NBEUF eta LGENF funtsen bidez finantzatutako laguntza auditatuen lanak ikuskatzeko.
c) Barne Auditoretzako Ataleko buruak, bere eskumenen arloan, esleitzen dion beste edozein eginkizun.
d) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak".
Bost.–Aurreko aldaketaren ondorioz, 2. kapituluko 2. ataleko 19.etik 33.era bitarteko artikuluei zenbaki bat gehitzen zaie, eta, ondorioz, 20.etik eta 34.era bitarteko artikuluak izanen dira hemendik aurrera, hurrenez hurren. 35.etik 38.era arteko artikuluen zenbakia ez da aldatuko.
Sei.–Aldatzen da 34. artikulua ("Ingurumenaren Kontroleko Bulegoa"), 39. artikulua izateko, zeinak testu hau izanen baitu:
"39. artikulua. Ureztalurren eta Ingurumen Kontrolaren Bulegoa.
Eginkizun hauek izanen ditu:
a) Nafarroako Foru Komunitatean, ureztatzearen arloan plangintza jarduketak koordinatzea eta horiei buruzko txostenak egitea.
b) Sozietate kontzesiodunei ordaintzen zaizkien kanonen ordainketa-espedienteak tramitatzea, baldin eta Nafarroako ubideko 1. faseko interes orokorreko lanen eraikuntza eta ustiatze kontratuan badaude.
c) Tramitatzea, gainbegiratzea eta artxibatzea ingurumen-inpaktuaren azterketetatik Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak sustatzen dituen nekazaritzako azpiegituren arloko jarduketei loturiko horiek.
d) Ingurumen Zuzendaritza Nagusiarekin harremanak koordinatzea, horiek nekazaritzako azpiegituren arloko jarduketen ingurumen-inpaktuaren adierazpenari loturik daudenean.
e) Ingurumen edukia duten txostenak prestatzea eta nekazaritzako azpiegituren arloko lanetan diharduten funtzionarioak ingurumen prestakuntza lanetan inplikatzea.
f) Zerbitzuak aginduta, edozein lan egitea ureztaketa arloan, eta ingurumen aldetik jarraipena eta kontrola egitea lurzatiak biltzeari lotutako nekazaritza azpiegituretan egiten diren jarduketetan".
Zazpi.–39. eta 40. artikuluei beste zenbaki bat jartzen zaie eta 40. eta 41. artikulu berriak izatera igarotzen dira, hurrenez hurren.
Zortzi.–Kendu egiten da 41. artikulua ("Europako Proiektuen Kudeaketa Bulegoa"). Horrekin batera, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko bulegoen egitura berrian ere ezarri denez, hurrengo artikuluen zenbakiak aldatu behar dira, honela:
ARTIKULU ZENBAKIA | ZENBAKI BERRIA |
42, 43 eta 44 | Berdin mantenduko dira |
45 | 47 |
46 | 45 |
47 | 46 |
48 | 50 |
49 | 51 |
50 | 48 |
51 | 52 |
52 | 53 |
53 | 55 |
55 | 56 |
56 | 57 |
57 | 58 |
58 | 59 |
59 | 60 |
60 | 61 |
Bederatzi.–49. artikulua honela gelditu da idatzirik:
"49. artikulua. Berreskuratze Planen Bulegoa.
Eginkizun hauek izanen ditu:
a) Nekazaritza eta ingurumen arloan, espezieen kontserbazioa hobetzeko eta arrantza-jarduera sustatzeko bideratutako laguntza araubideak proposatzea eta jarraipena egitea.
b) Basafauna Sendatzeko Ilundaingo Zentroaren kudeaketa.
c) Espezie exotiko inbaditzaileen prebentzio eta kontrolerako planak egitea, eta ezartzen diren neurriak betetzen direla bermatzea.
d) Espezie mehatxatuak babesteko eta berreskuratzeko planak prestatzea.
e) Ibai-oztopoak Iragangarri Egiteko Plan Zuzentzailearen oinarri teknikoak prestatzea.
f) Espezie basatien habitatak leheneratzeko obra eta jarduketa proposamenak prestatzea eta gauzatzea, batez ere Natura 2000 guneetan.
g) Proposamenak egitea Natura 2000 guneetako espezieen habitatak mantentzeko beharrezko ingurumen-baldintzak zehazteko.
h) Atalak haren esku uzten dituen beste guztiak."
Hamar.–Aldatzen da 54. artikulua (Ingurune Naturaleko Plan eta Programen Bulegoa), zeinak testu hau izanen baitu:
"54. artikulua. Plan Estrategikoetarako eta Baso Osasunerako Bulegoa.
Eginkizun hauek izanen ditu:
a) Europako proiektuen jarraipena eta koordinazioa egitea, baldin eta zerbitzuak kudeatutako neurriak biltzen badituzte.
b) Koordinazioa egitea basogintzaren esparruan plan sektorialak eta zeharkako beste dokumentu batzuk prestatzeko eta ezartzeko.
c) Basoko osasunarekin zerikusia duten jarduketak. Zehazki, basoetako gaixotasun eta izurrien jarraipena eta kontrola egitea.
d) Basogintzaren ikerketan eta esperimentazioan laguntzea.
e) Basoei buruzko estatistika egitea.
f) Mendi babesleen eta onura publikokoen katalogoak mantentzea.
g) Administrazioa modernizatzeko prozesuetan laguntzea, bereziki basogintzako jarduketetan georreferentziak egiteko tresnak erabiltzeari dagokionez.
h) Atalak haren esku uzten dituen beste guztiak."
Hamaika.–Aurreko aldaketaren ondorioz, 2. kapituluko 4. ataleko 61.etik 69.era bitarteko artikuluei zenbaki bat gehituko zaie, eta, ondorioz, 62.etik eta 70.era bitarteko artikuluak izanen dira hemendik aurrera, hurrenez hurren.
Lehen xedapen gehigarria.–Izendapenak.
Honen bidez egin diren aldaketek ukitutako bulegoen kasuan, bulegoko buruen izendapenak berresten dira, izendapen egin zen uneko baldintza berberetan. Horrez gain, Ingurumenaren Kontroleko bulegoko buruaren izendapena ere berresten da, nahiz eta bulegoa hemendik aurrera Ureztalurren eta Ingurumen Kontrolaren Bulegoa izanen den.
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2026ko ekainaren 29an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, José María Aierdi Fernández de Barrena.
Iragarkiaren kodea: F2609460