2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IZABA
Ordenantza, arautzen duena turismo ostatuen udal errolda. Behin betiko onespena
Izabako Udalak, 2026ko martxoaren 18an egindako ohiko osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea ordenantza bat, arautzen duena turismo ostatuen udal errolda.
Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2026ko 81. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 27an, eta Udalaren iragarki-taulan, eta legezko epea igarota inork ez duenez alegaziorik jarri, behin betiko onetsitzat jo da, eta haren testu osoa argitaratzen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Izaban, 2026ko ekainaren 17an.–Alkatea, Carlos Anaut Abadía.
ORDENANTZA, ARAUTZEN DUENA IZABAKO TURISMO OSTATUEN UDAL ERROLDA
ZIOEN AZALPENA
Apirilaren 2ko 7/1985 Legean (horren bidez arautzen dira toki-araubidearen oinarriak), 25. artikuluan, ezartzen da udalerriek erabiliko dituztela hirigintzako, hiri-ingurumeneko eta osasungarritasun publikoaren babeseko eskumenak, Estatuko eta autonomia-erkidegoetako legediaren barnean. Bestalde, lege beraren 84. artikuluak udalak gaitzen ditu herritarren jardunean esku hartzeko, horretarako baliatuz ordenantzak. Bi artikulu horien bidez ezartzen da behar den eskumen-esparrua testu hau emateko.
Izabako Udalak sustatu du plan berezi bat onestea, turismo ostatuen erabilera arautzeko Izaban, horretarako baliatuz udalerrien berezko ahalak (7/1985 Legea, apirilaren 2koa, arautzen dituena Toki Araubidearen Oinarriak, 25. artikulua), hirigintza-jardueraren printzipioak eta xedeak (jasangarritasuna, ingurunearekiko egokitzapena eta lurzoruaren erabileraren eta okupazioaren antolamendu arrazionala eta interes orokorraren araberakoa; printzipiook ezarrita daude 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan, zeinaren bidez onesten baita Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina); eta bete beharrez, orobat, landa turismoa modu ez-masifikatuan garatzeko printzipioa eta helburua (17/2003 Foru Legea, martxoaren 17koa, Nafarroako Landa Garapenari buruzkoa, 4. artikulua). Bestalde, Udalak kontuan hartu du Izaba atxikia dagoela LAP-1 Pirinioa Lurraldearen Antolamendu Planari. Bertan zehazten da, besteak beste, Turismo Jasangarria (8. klusterra), zeina baitago lurraldearen garapen ekonomikorako estrategikoak diren sektoreen barnean, eta nabarmentzen da garapen turistikoa elementu estrategikoa dela, betiere jasangarritasun irizpideen mende.
Plan horren 21.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, turismo ostatuetarako establezimenduen udal errolda bat sortuko da, behar bezala eguneratuta, jarraipen hobea egiteko "ekipamendu pribatua: turismo ostatua" deritzon erabileraren ezarpenari Izaban, lurzoru motaren arabera, eta, era berean, erabilera antolatzeko eraikinetako solairuetan. Errolda horren bidez, araudia aplikatzea erraztu nahi da, eta, orobat, gardentasunerako betebeharra bete.
Halaber, 21.2 artikuluan ezarrita dago udal errolda hori dagokion udal ordenantzaren bidez arautuko dela, eta erroldan honako datu hauek jaso beharko direla: gaikuntza-tituluei edo emandako lizentziei buruzko datu guztiak, bai eta aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenei edo aurretiazko komunikazioei lotutakoak ere; behar diren hirigintzako txostenak, deklara dadin erabilerak onargarriak direla; altak, bajak eta aldaketak; turismo ostatuen kokalekua; eraikinetako zer solairutan dauden; ostatu-plazen kopurua; establezimenduari atxikitako aparkaleku plazak; eraikitako azalera; eta Udalak egoki irizten dien gainerako datuak, aurretik aipatutako helburuak erdiestearren.
Horiek horrela, eta Udalaren ahalak erabiliz, ordenantza honen bidez sortzen da Turismo Ostatuetarako Establezimenduen Izabako Udal Errolda, bete beharrez Izaban turismo ostatuen erabilera arautzeko plan berezian ezarritakoa. Hona hemen ordenantzaren edukia:
I.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Xedea eta helburua.
Ordenantza honen xedea da sortzea eta arautzea Turismo Ostatuetarako Establezimenduen Izabako Udal Errolda, aplikatu beharrez Izaban turismo ostatuen erabilera arautzeko plan berezian ezarritakoa. Helburua da jarraipen hobea egitea "ekipamendu pribatua: turismo ostatua" deritzon erabileraren ezarpenari Izaban, lurzoru motaren arabera, eta, era berean, erabilera antolatzea eraikinetako solairuetan, bereziki bizitegietarako eraikinetan. Errolda horren bidez, araudia aplikatzea erraztu nahi da –Turismo ostatuen erabilera arautzeko plan berezian ezarritakoa, alegia– eta, orobat, gardentasunerako betebeharra bete.
2. artikulua. Turismo ostatuetarako establezimenduak: definizioak eta motak.
Kontuan hartuta Izabako turismo ostatuen erabilera arautzeko plan berezia, zehazki araudiaren apartatuko definizioen araubidea, ordenantza hau aplikatuko zaie udalerrian ezartzen diren turismo ostatuetarako establezimenduei. Hona hemen motak eta tipologia:
a. Hotel-establezimenduak.
b. Turismo kanpalekuak.
c. Turismoko aterpetxeak.
d. Landetxeak.
e. Nekazaritza turismoko establezimenduak.
f. Apartamentu eta etxebizitza turistikoak.
g. Ostatu bereziak.
h. Nafarroako Foru Komunitateak erregelamendu bidez ezartzen duen beste edozein.
3. artikulua. Aplikazio-eremua.
Ordenantza honetan ezarritakoa aplikatuko zaie arestian aipatutako motetakoak eta tipologietakoak diren turismo ostatuetarako establezimenduei, baldin kokaturik badaude edo egon behar badute hiri-lurzoruetan edo lurzoru urbanizagarrietan, jarraikiz Izabako Udal Plan Orokorreko sailkapenari, eta baldin turismo ostatuak baimendurik badaude edo baimengarriak badira, eta haien erabilera bateragarria bada bizitegi-erabilera bereizgarriarekin edo globalarekin, dagokien kategorian, Udal Plan Orokorrarekin bat. Orobat, aplikatuko zaie lurzoru urbanizaezinean daudenei, horietan egiten diren turismo ostatuko jarduerei dagokienez.
4. artikulua. Erroldan inskribatu beharra.
Pertsona fisiko edo juridiko titularrek edo zuzenbidean onartutako beste bideren bat baliatuz turismo ostatuaren jardueran ari direnek –edo jarduteko asmoa dutenek– Izabako udalerrian dagoen establezimendu batean, eta baldin ordenantza honen aplikazio-eremuak ukitzen baditu, turismo ostaturako establezimendua inskribatu beharko dute Turismo Ostatuetarako Establezimenduen Izabako Udal Erroldan, eta, orobat, errolda horretan jaso beharko dituzte establezimenduari lotutako altak, aldaketak eta bajak.
Errolda arautzen duen udal ordenantza indarrean jarri eta sei hilabeteko epean, gehienez, inskribatu beharko da establezimendua Turismo Ostatuetarako Establezimenduen Udal Erroldan. Izan ere, inskribatu ezean, ofizioz inskribatuko da, oinarri hartuta Nafarroako Turismo Erregistroan dauden datuak, bai eta Udalaren bulegoetan eta erregistroetan dauden datu osagarriak ere, galarazi gabe ez inskribatzeak dakartzan diziplinazko neurriak eta zehapenak. Ofizioz egindako inskripzioen kasuan, inskripzioa jakinaraziko zaio titularrari edo jarduera aurrera eramateko eskubidea duenari, eta hamabost eguneko entzunaldia emanen zaio, egoki irizten diona alega dezan edo osatu ditzan ofizioz bildu ezin izan diren datuak edo informazioa.
Hasierako sei hilabeteko epe hori igarota, gehienez ere hiru hilabeteko epean inskribatu beharko dira turismo ostatuko jarduera berriak (edo aurrekoak aldatzen dituztenak) Turismo Ostatuetarako Establezimenduen Udal Erroldan, establezimendua ezarri eta jarduera hasten denetik.
II.–TURISMO OSTATUETARAKO ESTABLEZIMENDUEN IZABAKO UDAL ERROLDA: SORRERA ETA EDUKIA
5. artikulua. Turismo Ostatuetarako Establezimenduen Izabako Udal Errolda sortzea.
Turismo Ostatuetarako Establezimenduen Izabako Udal Errolda sortzen da, bat etorriz ordenantza honetan araututako edukiarekin, eta jarraikiz 1. artikuluan ezarritako xedeari eta helburuari. Gardentasunerako tresna bat da errolda, eta haren bidez lagundu nahi da egoki aplikatzen Izaban turismo ostatuen erabilera arautzeko plan berezian ezarritako araudia. Orobat, lagundu nahi da jarraipen hobea egiten "ekipamendu pribatua: turismo ostatua" deritzon erabileraren ezarpenari Izaban. Hori guztia, erabilera horren ezarpenerako baldintzak arautzeari eta betetzeari begira, erabilera hori udalerrian ezartzeko eredua antolatzeari begira eta estatistikari begira.
6. artikulua. Erroldan inskribatu beharreko egintzak.
Turismo ostaturako establezimendua eta hari lotutako gorabeherak (altak, aldaketak eta bajak) inskribatu behar dira Turismo Ostatuetarako Establezimenduen Izabako Udal Erroldan. Zehazki, honako egintza hauek inskribatu behar dira:
6.1. Turismo ostaturako establezimenduan zer jarduera eramaten ari den edo eramanen den aurrera, jarduera horren alta.
6.2. Aldaketak jardueran. Establezimenduan izandako aldaketak erregistratu beharko dira, eta, bereziki, honako alderdi hauen aldaketei eragiten dietenak: mota, plaza kopurua, solairua, izena, helbidea edo kokalekua, eraikitako azalera edo establezimenduari atxikitako aparkaleku plazak.
6.3. Jardueraren baja. Erregistroan jasota utzi beharko da ostatu-jarduera iraungi egin dela.
Hala, inskripzioetan erregistratuko da alta eguna, bai eta, kasua bada, bajen eta Turismo Ostatuetarako Establezimenduen Izabako Udal Erroldan jazotako aldaketen egunak ere; hori guztia, egiaztatu eta gero hurrengo artikuluan adierazitako datu eta agiri guztiak aurkeztu direla, eta, bereziki, egiaztatu eta gero dagokion establezimendua erregistratua dagoela Nafarroako Turismo Erregistroan.
7. artikulua. Erroldaren edukia eta han sartu beharreko datuak eta informazioa.
Inskribatzeko betebeharra duten pertsona fisiko edo juridikoek eman beharko dituzte jarraian ageri diren datuak eta informazioa, turismo ostatuetarako establezimenduetan egiten duten edo egiteko asmoa duten jarduerari buruz eta turismo ostatuaren erabilerari buruz:
7.1. Inskribatzeko edo erregistratzeko eskabidea, ordenantza honen I. eranskinean jasotakoaren araberakoa. Aurkeztu beharko dute Udalaren bulegoetan edo erregistro elektronikoaren bidez, adieraziz zertarako den (erroldan alta, baja edo aldaketa egitea), eta elementu hauek zehaztuta:
–Titularraren edo jardueran aritzeko gaituta dagoenaren identifikazioa. Izen-deiturak, NANaren zenbakia, helbidea (jakinarazpenetarako), telefono zenbakia eta helbide elektronikoa (jakinarazpenetarako).
–Establezimenduaren izena. Merkataritzako izena.
–Erregistro-zenbakia Nafarroako Turismo Erregistroan.
–Zer turismo establezimendu mota den. 2. artikuluan ezarritako datuak.
–Establezimenduaren kokalekua. Helbidea.
–Ostatu-plazen kopurua. Zenbakiz adierazita.
–Jardueraren hasiera eguna.
–Lurzoru mota. Hiri-lurzorua / urbanizagarria / urbanizaezina.
–Establezimenduari atxikitako aparkaleku plazak. 0 badira, adierazi egin behar da.
–Eraikuntzaren oinplanoko kokapena. Adierazi behar da eraikin osoa hartzen duen edo solairu bakarrean dagoen.
–Azalera eraikia. Eraikitako metro koadroetatik, turismo ostatuaren establezimendurako erabiltzen diren metro koadroen batura.
7.2. Gaikuntza-tituluak eta emandako lizentziak edo aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenak edo aurretiazko komunikazioak.
7.3. Erabilerak onargarriak direla deklaratzeko hirigintzako txostena, baldin eta hori eskatzea bidezkoa bada, jarraikiz Izaban turismo ostatuen erabilera arautzeko plan bereziari.
8. artikulua. Inskribatzeko formatuak.
Inskribatzeko, erabili beharko dira Udalaren bulegoetan eskuragarri dauden eskabideak, edo, bestela, Izabako Udalaren erregistro elektronikoan gaitutako eskabide digitalak. Aurreko 7.2 eta 7.3 puntuetan adierazitako agiriak fitxategi digitalizatuetan aurkeztu beharko dira.
9. artikulua. Errolda: eguneratzea eta sarbidea.
Izabako Udalak urtero berrikusiko du errolda, ofizioz.
Errolda publikoa da, datuen babesaren arloan indarrean dagoen legediak ukitzen ez dituen datuei dagokienez. Horrek esan nahi du kontsultatzen ahalko direla babestuta ez dauden datuak eta informazioa.
III.–IKUSKATZEKO ESKUMENA ETA ZEHAPEN ARAUBIDEA
10. artikulua. Ikuskatzeko eskumena.
Udal-administrazioak ikuskatze- eta zaintza-lanak eginen ditu, bermatzeko behar bezala betetzen dela ordenantza honetan xedatutakoa. Nolanahi ere, salaketak egiten ahalko ditu ordenantzan araututakoa urratzeagatik.
Izabako Udalak, ikuskatze-lanetan, izanen ditu ordenamendu juridikoak Administrazio Publikoei ikuskatze-lanetan aitortzen dizkien eskumen gorenenak. Eskumen horiek baliatuta, bada, egiaztatzen ahalko du ordenantza honetan ezarritako betebeharrak betetzen direla, galdegiten ahalko du bete daitezen, eta, are, bere gain hartzen ahalko du ordenantza betetzea, ordezko gisa, betearazpen subsidiarioa baliatuz.
Izabako Udaleko alkate udalburua da, edo hark eskuordetutakoa, ordenantza honi lotutako auziak ebazteko organo eskuduna.
11. artikulua. Zehatzeko ahala eta zehapen-prozedura.
11.1. Zehatzeko ahala baliatuko da jarraikiz urriaren 1eko 40/2015 Legeari (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa) eta ordenantza honi. Orobat, ordenantza hau urratzeagatik datozen zehapenen prozedura izapidetuko da jarraikiz 39/2015 Legeari (hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea) eta ordenantza honi.
11.2. Izabako Udaleko alkatea da, edo hark eskuordetutakoa, zehapen prozedura hasteko eta ebazteko eskumena duen organoa.
11.3. Espedientearen ebazpena beranduenez sei hilabetean jakinaraziko da, prozedura hasi zenetik, eta erabakiko ditu interesdunek mahai gainean jarritako afera guztiak, baita prozeduraren ondoriozko gainerakoak ere.
Prozedura hasi denetik sei hilabetera zehapen ebazpenik jakinarazi ez bada, prozedura iraungi eginen da, eta jarduketak artxibatuko, interesdunak eskatuta edo ebazpena emateko eskumena duen organoak ofizioz artxibatuta, salbu eta prozedura gelditu denean legez araututako kasuak direla-eta.
12. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.
12.1. Arau-hauste arina da:
–Turismo Ostatuetarako Establezimenduen Izabako Udal Erroldan inskribatu beharreko egintzak errolda horretan ez inskribatzea sei hilabeteko epean, ordenantza hau indarrean jartzen denetik zenbatzen hasita.
–Indarrean jarri zenetik sei hilabete igaro eta gero, Turismo Ostatuetarako Establezimenduen Izabako Udal Erroldan inskribatu beharreko egintzak errolda horretan ez inskribatzea hiru hilabeteko epean, establezimendua ezarri eta jarduera hasi zenetik zenbatzen hasita.
12.2. Arau-hauste astuna da:
–Arau-hauste arinak errepikatzea.
–Erregistratzeko eta inskribatzeko egintzetan, egiazkoak ez diren datuak eta informazioa ematea.
13. artikulua. Zehapenen zenbatekoa.
–Arau-hauste arinak: ez dute ekarriko diruzko zehapenik; egintza jakinarazi eta zuzentzeko eskatuko da.
–Arau-hauste astunek ekarriko dute 751 eurotik 1.500 eurora bitarteko zehapena.
AZKEN XEDAPENA
Jarraikiz Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 70.2 artikuluari, ordenantza hau indarrean sartuko da izapidetu eta gero, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 15 egunera, eta indarrean jarraituko du aldatu arte edo espresuki indargabetu arte.
I. ERANSKINA.–INSKRIBATZEO EDO ERREGISTRATZEKO ESKABIDE-ORRIA
| Izarjentea, 1 31417 Isaba/Izaba (Navarra/Nafarroa) Tel. 9488930005 udala@isaba.es www.isaba.es |
Eskatzailea / Solicitante: .....................................................................................................................
NAN / DNI: ..........................................................................................................................................
Helbidea / Domicilio: ...........................................................................................................................
Telefonoa / Teléfono: ...........................................................................................................................
Posta elektronikoa / Correo electrónico: ............................................................................................
Jakinarazpena / Comunicación:
Adierazitako posta helbidean / En la dirección postal
Elektronikoki herritarraren karpetan / Electrónicamente en la carpeta ciudadana
TURISMO-OSTATUKO ESTABLEZIMENDUEN UDAL-ERROLDAN IZENA EMATEKO EDO ERREGISTRATZEKO ESKAERA / SOLICITUD DE INSCRIPCIÓN O REGISTRO EN CENSO MUNICIPAL DE ESTABLECIMIENTOS DE ALOJAMIENTO TURÍSTICO
1. Turismo-ostatuaren jarduerari eta erabilerari buruzko datuak eta informazioa / Datos e información relativa a la actividad y uso de alojamiento turístico.
Titularra edo jardueran aritzeko gaitutako pertsona identifikatzea / Identificación de la persona titular o persona habilitada para el ejercicio de la actividad | Izen abizenak / Nombre y apellidos: NAN zenbakia / N.º de DNI: Jakinazpenetarako helbidea / Dirección a efectos de notificaciones: Telefonoa / Teléfono: Helbide elektronikoa / Dirección de correo electrónico: |
Establezimenduaren izena / Nombre o denominación del establecimiento | |
Erregistro zenbakia Nafarroako Turismo Erregistroan / Número de registro en el Registro de Turismo de Navarra | |
Turismo-establezimenduaren mota edo tipología / Clase o tipología de establecimiento turístico | |
Establezimenduaren kokalekua / Ubicación o emplazamiento del establecimiento | Helbidea / Dirección: |
Ostatu plazen kopurua / Número de plazas de alojamiento | |
Jardueraren hasiera-data / Fecha de inicio de la actividad | |
Lur mota / Tipo de suelo | Hiritarra / Urbano: Urbanizagarria / Urbanizable: Urbanizaezina / No Urbanizable: |
Atxikitako aparkalekuen kopurua / Número de plazas de aparcamiento vinculadas | |
Eraikuntzaren solairuko kokapena / Localización en planta de la edificación | |
Eraikitako azalera / Superficie edificada | |
2. Erantsitako dokumentazioa / Documentación que se adjunta.
Títulos habilitantes y licencias otorgadas, o presentación de declaraciones responsables o comunicaciones previas / Gaikuntza-tituluak eta emandako lizentziak edo aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenak edo aurretiazko komunikazioak | Título habilitante / Gaikuntza-titulua: |
Informe urbanístico de conformidad de usos / Erabilerak onargarriak direla deklaratzeko hirigintzako txostena | Fecha y referencia del informe / Txostenaren data eta erreferentzia: |
3. Izena emateko eta erregistratzeko eskatzen den egintza / Acto sobre el que se solicita la inscripción y registro.
Tipo de acto / Egintza mota | Alta / Alta |
| Aldaketa / Modificación |
| Baja / Baja |
Izaban / En Isaba
Data / Fecha
Sinadura / Firma
Iragarkiaren kodea: L2609343