Iragarkia
140. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 20a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
44/2026 FORU DEKRETUA, ekainaren 24koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua aldatzen duena.
ZIOEN AZALPENA
Azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuaren bidez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen.
Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak proposatu du egitura hori partzialki aldatzea, zerbitzuen antolakuntza eta giza baliabideen eraginkortasuna hobetze aldera.
Hori horrela, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita seiko ekainaren hogeita lauan egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
FORU DEKRETUA:
Artikulu bakarra.–Aldatzea 255/2023 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena.
Hein batean aldatzen da azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onetsi zuena. Hona aldaketak:
Bat.–43. artikulua aldatzen da. Hona hemen testu berria:
"43. artikulua. Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren esparru material eta funtzionala.
Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak honako eginkizun hauek beteko ditu:
a) Klima-aldaketaren aurkako estrategia zehaztea, bai eta aldaketa horretara egokitzeko ekimenak ere.
b) Ekonomia zirkularra sustatzea.
c) Plangintza egitea esparru hauetan: hondakinak, airearen kalitatea eta kutsaduraren prebentzioa.
d) Plangintza eta kudeaketa egitea esparru hauetan: baso ondarea, ur-baliabideak, naturagune babestuak eta Natura 2000 Sarea, habitatak eta basaflora eta basafauna.
e) Azpiegitura berdea eta konektagarritasuna zehaztea, planifikatzea eta kudeatzea, bai eta leheneratze ekologikoak ere.
f) Ingurumen-ebaluazioa, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuak, eta baimentze, zaintze, ikuskatze eta zehatze lanak egitea ingurumenean eragina duten jardueretan.
g) Informazio sektoriala txertatzea plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioan.
h) Uraren eta airearen natura-baliabideak, eta biodibertsitatea, ebaluatzea.
i) Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeko langileen araubide berariazkoa arautzen duen urtarrilaren 30eko 7/2019 Foru Dekretuan ezarritako eginkizunak.
j) I+G+B sustatzea Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren esparruetan, bai eta prestakuntzako eta heziketako jarduerak ere, ingurumenari eta natura-baliabideen aprobetxamendu jasangarriari buruzko gaietan.
k) Koordinazioa egitea ingurumen hezkuntzaren eta ingurumen osasunaren esparruetan, bai eta Foru Komunitateak ingurumen politikan parte hartzearen ondoriozko beste guztietan ere.
l) Txostenak egitea ingurumen informazioaren eskaeren gainean, horiek izapidetzen dituen unitatearekin koordinaturik.
m) Beste administrazio batzuekin lankidetzan aritzea ingurumenaren arloko gaietan.
n) Koordinatzea ingurumen ekimenekin (klimaren aldeko itunak eta ekintza-planak) eta jasangarritasun estrategiekin (Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda), hainbat esparrutan eta lurralde-mailatan.
ñ) Gizartea kontzientziatzeko parte-hartzea eta dibulgazioa sustatzea honako arlo hauetan: ingurumenaren babesa, kontserbazioa eta mantentzea.
o) Indarrean dauden xedapenek Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari ematen dizkioten gainerako eginkizunak, zuzendaritza nagusi honen esparruan".
Bi.–44. artikulua aldatzen da. Hona hemen testu berria:
"44. artikulua. Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren egitura.
Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak honako unitate hauek ditu bere egituran:
a) Nafarroako Klima Aldaketarako Bulegoaren Zerbitzua.
b) Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua.
c) Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzua.
d) Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzua.
e) Ingurumen Hezkuntzaren, Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzua.
f) Partaidetza eta Dibulgazio Atala".
Hiru.–45. artikulua aldatzen da. Hona hemen testu berria:
"45. artikulua. Nafarroako Klima Aldaketarako Bulegoaren Zerbitzuaren esparru material eta funtzionala.
Nafarroako Klima Aldaketarako Bulegoaren Zerbitzuak honako eginkizun hauek beteko ditu:
a) Klima-aldaketari eta Energia-trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legea garatzea eta haren jarraipena egitea, ingurumen arloko eskumenak dituen departamentuari esleitutako gaietan.
b) Klima-aldaketaren gobernantza, Klima-aldaketari eta Energia-trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legean jasotzen diren parte-hartzerako organoak koordinatuz.
c) Klima-aldaketari eta Energia-trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legean berariaz Nafarroako Klima-aldaketaren Bulegorako zehaztutako funtzioak.
d) Klima-aldaketaren aurkako estrategia inplementatzea, koordinatzea eta haren jarraipena egitea, hura arintzeko eta egokitzeko jarduketak barne.
e) Ingurumen kalitatearen jarraipena egitea ingurune urtarrean, atmosferikoan eta lurtarrean, plangintza, jarraipen eta kontroleko ekintzen bidez.
f) Ibai-ingurunea oneratzeko, leheneratzeko edo mantentzeko proiektuak eta lanak egitea.
g) Jarduketak sustatzea ingurune naturalean, klima-aldaketara egokitzeko, eta leheneratzeko, ingurumenaren arloko berezko eskumenen, klima-aldaketak ekarritako ondorioen, eta lotutako muturreko gertaeren arabera.
h) Jarduketa eta inbertsio publikoak eta pribatuak sustatzea I+G+b arloko proiektuetan, klima-aldaketaren aurkako borrokaren esparruan.
i) Komunitate zientifikoaren jarduerak sustatzea honako gai hauetan: klima-aldaketa, klima-sistemaren behaketa, eskualdeko ereduen sorrera, eta zerikusia duten aldagaien jarraipenerako eta kalkulurako metodologiak.
j) Abian jartzea parte hartzeko, kontzientziatzeko, dibulgatzeko eta zabaltzeko lanak, klima-aldaketaren esparruan.
k) Airearen kalitatea ebaluatzea eta kontrolatzea, airearen kalitateari buruzko planak egitea eta airearen kutsatzaileen emisioak murrizteko programak gauzatzea. Inbentarioak egitea eta koordinatzea.
l) Ikuspegi eta kudeaketa integratua sustatzea airearen kutsadurari buruz eta horrek klima-aldaketan duen eraginari buruz; jatorria, prozesuak eta ondorioak.
m) Berotegi-efektuko gas isurketen salerosketan dauden instalazioak kontrolatzea eta horien jarraipena egitea, eta isurketa eskubideen merkataritzaren arloko eskumenak erabiltzea. Berotegi-efektuko gasen (BEG) emisioak kalkulatzeko metodologien jarraipena egitea.
n) Europako proiektuak eta kofinantzatutako beste jarduketa batzuk proposatzea, definitzea eta prestatzea, betiere zerbitzuaren eskumenen arloan, eta horien jarraipena, garapena eta kontrol ekonomiko-finantzarioa egitea.
ñ) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak".
Lau.–46. artikulua aldatzen da. Hona hemen testu berria:
"46. artikulua. Nafarroako Klima Aldaketarako Bulegoaren Zerbitzua.
Nafarroako Klima Aldaketarako Bulegoaren Zerbitzuak honako atal hauek ditu bere egituran:
a) Klima Aldaketaren aurkako Ekintzak Koordinatzeko Atala.
b) Uraren Kalitatearen eta Ibai-ingurunearen Atala".
Bost.–47. artikulua aldatzen da. Hona hemen testu berria:
"47. artikulua. Klima Aldaketaren aurkako Ekintzak Koordinatzeko Atalaren esparru material eta funtzionala.
Klima Aldaketaren aurkako Ekintzak Koordinatzeko Atalak Klima-aldaketari eta Energia-trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legea garatu, eta haren jarraipena eginen du, eta honako eginkizun hauek beteko ditu esparru juridiko-administratiboan:
a) Lege eta erregelamendu proposamenak prestatzea klima-aldaketaren arloan.
b) Foru legean xedatutako kide anitzeko organoak bultzatzea eta kudeatzea, hala nola Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren Departamentuarteko Batzordea, Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren arloko Politikarako Gizarte Kontseilua, Klima-aldaketaren Nafar Herritar-batzarra.
c) Klima-inpaktuari buruzko oharren txostenak prestatzea.
d) Klima-aldaketaren aurkako estrategia berrikustea eta haren jarraipena egitea.
e) Gauzatze maila ebaluatzea, Nafarroako klima-aldaketaren arloko neurriei dagokienez.
f) Nafarroako Klima Funtsa kudeatzea.
g) Fiskalitate berdea inplementatzen laguntzea, klima-aldaketaren aurkako borroka helburu, karbono-aztarnarekin koordinaturik.
h) Nafarroan bultzatzea, koordinatzea eta prestatzea estrategia, ekintza-plan eta lan-programetarako proposamenak, klima-aldaketaren arloan, estatuan eta Europar Batasunean harturiko konpromisoak oinarri direla.
i) Proiektuak bultzatzea eta sustatzea klima-aldaketara egokitzeko eta ingurune naturala leheneratzeko.
j) Toki entitateei laguntza ematea klimaren eta jasangarritasunaren aldeko ekintza planak prestatzeko eta garatzeko, esate baterako, klima eta energia jasangarrirako ekintza-planak. Entitate horiei laguntza ematea neurri zehatzak ezartzeko.
k) Gizarte osoa kontzientziatu eta informatzeko jarduerak sustatzea eta egitea, bai eta zabalkundekoak ere, klima-aldaketari lotutako alderdi guztiez, klima-aldaketaren inguruko desinformazioari aurre egitera bideraturik.
l) Gizarte osoarentzat, eta bereziki herritarrentzat, etengabeko komunikazio eta dibulgazio lana egitea, sentsibilizatzera eta egokitze eta arintze neurriak sustatzera bideraturik.
m) Sustatzea enpresek, administrazioek eta beste instituzio nahiz erakunde batzuek parte har dezaten arintze eta egokitze arloko borondatezko programa eta proiektuetan.
n) Klima-aldaketaren arloko berrikuntza sozialeko proiektuei eta negozio eredu berriei laguntzea.
ñ) Parte-hartzea sustatzea klimaren arloko Espainiako, Europar Batasuneko eta nazioarteko batzorde eta sareetan, bai eta beste ordezkaritza-, lankidetza- nahiz erabakitze-organo batzuetan ere. Zuzendaritza Nagusiaren intereseko eta jardun eremuko arloetan Espainian eta nazioartean dauden sareetan parte hartzea eta haien jarraipena egitea.
o) Txostena egitea klima-aldaketari eragiten ahal dioten plan eta programetako ingurumen ebaluazio estrategikoetarako prozeduretan.
p) Europar Batasuneko merkataritza araubidearen arloko eskumenak erabiltzea berotegi-efektuko gas isurketen gaineko eskubideei dagokienez, eta araubide horretan sartutako instalazioen kontrola eta jarraipena egitea.
q) Berotegi-efektuko gas isurketen inbentarioaren garapena koordinatzea, hustubideak barne, bai eta isurketa proiekzioen sistemena ere, nazioartean onetsi diren metodologiak oinarri harturik.
r) Zuzendaritza Nagusia eta hari atxikitako entitate publikoak partaide dituzten Europako proiektuen jarraipena eta kontrola egitea.
s) Beste departamentu batzuekin eta zentro teknologiko eta enpresekin koordinatzea, Europako proiektuetan parte hartzea sustatzeko.
t) Ingurumen arloko I+G+b sustatzea.
u) Europako seihilekoen jarraipena egitea, parte hartuz Zuzendaritza Nagusiaren intereseko gaietan ministerioei laguntzeko eratzen diren autonomia erkidegoen batzordeetan.
v) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak".
Sei.–48. artikulua aldatzen da. Hona hemen testu berria:
"48. artikulua. Uraren Kalitatearen eta Ibai-ingurunearen Atalaren esparru material eta funtzionala.
Uraren Kalitatearen eta Ibai-ingurunearen Atalak honako eginkizun hauek beteko ditu:
a) Aholkularitza eta laguntza ematea udalerri, erakunde eta entitateei uren esparruan, horiek eskatzen dituztenean; ibai-ingurunea oneratzea, leheneratzea edo mantentzea, eta klima-aldaketara egokitzea, bereziki uholdeak prebenitu eta kudeatzeari dagokionez.
b) Urari buruzko 2030 Esparru Estrategia Integratua bultzatzea.
c) Hiri erabilerarako uraren ziklo osoari buruzko Plan Zuzentzailearen jarraipena egitea, ingurumenari dagokionez.
d) Ur-baliabidearen plangintza egitea eta horren jarraipena egitea.
e) Plangintzak, jarduketak, ikerketak eta txostenak egitea, alde batetik, uholdeei eta ibaietako ekosistemei eta espezieei buruz, eta, bestetik, klima-aldaketak Nafarroan dituen inpaktuen aurrean egokitzeko gaitasuna hobetzeari buruz, gerora egokitzapenak politika sektorialetan txertatzeko.
f) Ibai-ingurunea oneratzeko, leheneratzeko edo mantentzeko proiektuak kudeatzea eta lanak gauzatzea, bereziki Natura 2000 Sareko ibai-inguruneko lekuei dagokienez.
g) Klima-aldaketara egokitzeko jarduketak sustatzea, beste administrazio batzuekin lankidetzan, klima-aldaketak ingurumenean dituen inpaktuak minimizatzeko.
h) Ibai-ekosistemei buruzko txostenak egitea, baita konfederazio hidrografikoek eskatutakoak ere, Uren Legean zehaztutakoarekin bat.
i) Nafarroako Gobernuko titulartasunekoak diren azaleko eta lurpeko uren kalitateari eta kantitateari buruzko kontrol-sareak kudeatzea.
j) Aldian behin honako hauek aztertzea, konfederazio hidrografikoekin lankidetzan: plubiometriaren bilakaera; zirkulatzen duten emariak, eta nekazaritza, hiri eta industria kontsumoak.
k) Datu hidrologiko eta hidrogeologikoen bankua mantendu eta ustiatzea, eta informazioa ematea.
l) Deialdiak eta dirulaguntzak kudeatzea ibai-ingurunearen gaineko jarduketetarako, bai ibai-ingurunea leheneratzeko, bai uholde-arriskuak gutxitzeko.
m) Jarduketak eta proiektuak bultzatzea, klima-aldaketak Nafarroan dituen inpaktuen aurrean egokitzeko gaitasuna hobetzeko, eta egokitzapena politika sektorialetan txertatzeko.
n) Ibai-oztopoak Iragangarri Egiteko Plan Zuzentzailea ezartzea eta aplikatzea.
ñ) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak".
Zazpi.–49. artikulua ezabatzen da ("Airearen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Atalaren esparrua material eta funtzionala").
Zortzi.–50. artikuluari beste zenbaki bat jartzen zaio eta 49. artikulu berria izatera igarotzen da. Hona hemen testu berria:
"49. artikulua. Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuaren esparru material eta funtzionala.
Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak honako eginkizun hauek beteko ditu:
a) Ekonomia zirkularra sustatzea, kutsaduraren, lurzoru kutsatuen eta hondakinen plangintzaren, kontrolaren eta prebentzioaren bidez.
b) Ingurumenean eragina duten jarduerak baimentzea, ikuskatzea eta kontrolatzea.
c) I+G+b sustatzea Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren esparru guztietan.
d) Jarduketa eta inbertsio publikoak eta pribatuak sustatzea I+G+b arloko proiektuetan, ingurumenaren esparruan.
e) Europako proiektuak eta kofinantzatutako beste jarduketa batzuk proposatzea, definitzea eta prestatzea, betiere zerbitzuaren eskumenen arloan, eta horien jarraipena, garapena eta kontrol ekonomiko-finantzarioa egitea.
f) Lurralde-eremuko azpiegiturei loturiko proiektu energetikoak bultzatzea.
g) Zerbitzuaren eskumenekoak diren helburuak betetzeko proiektu estrategikoak sustatzea.
h) Zerbitzuaren eskumeneko gaietan parte hartzen duten administrazio unitate guztiak koordinatzea, eta jarraibide eta gidalerro teknikoak ezartzea eskumen horiek inplementatzeko eta horien jarraipena egiteko.
i) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak".
Bederatzi.–51. artikuluari beste zenbaki bat jartzen zaio eta 50. artikulu berria izatera igarotzen da. Hona hemen testu berria:
"50. artikulua. Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuaren egitura.
Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:
a) Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atala.
b) Ingurumen Ikuskapenen Atala.
c) Hondakinen Atala".
Hamar.–52., 53. eta 54. artikuluei beste zenbaki bat jartzen zaie eta 51., 52. eta 53. artikulu berriak izatera igarotzen dira, hurrenez hurren.
Hamaika.–55. artikulua ezabatzen da ("Berrikuntzaren eta Europako Proiektuen Atalaren esparru material eta funtzionala").
Hamabi.–56. artikuluari beste zenbaki bat jartzen zaio eta 54. artikulu berria izatera igarotzen da. Hona hemen testua:
"54. artikulua. Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuaren esparru material eta funtzionala.
Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak honako eginkizun hauek beteko ditu:
a) Naturagune babestuak eta Natura 2000 guneak planifikatu eta kudeatzea.
b) Habitat naturalen jarraipena, kontserbazioa eta oneratzea.
c) Espezie basatien jarraipena, kontserbazioa eta oneratzea.
d) Laguntzak diseinatzea eta horien gaineko laguntza teknikoa ematea nekazaritza eta ingurumen arloan biodibertsitatea kontserbatzeko.
e) Arrantza kudeatzea.
f) Konektagarritasun ekologikoa hobetzea, azpiegitura berdea garatuz.
g) Planen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa egitea eta ingurumenaren jarraipena egitea.
h) Zerbitzuaren eskumeneko gaietan parte hartzen duten administrazio unitate guztiak koordinatzea, eta jarraibide eta gidalerro teknikoak ezartzea eskumen horiek inplementatzeko eta horien jarraipena egiteko.
i) Europako proiektuak eta kofinantzatutako beste jarduketa batzuk proposatzea, definitzea eta prestatzea, betiere zerbitzuaren eskumenen arloan, eta horien jarraipena, garapena eta kontrol ekonomiko-finantzarioa egitea.
j) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak".
Hamahiru.–57. artikuluari beste zenbaki bat jartzen zaio eta 55. artikulu berria izatera igarotzen da. Hona hemen testua:
"55. artikulua. Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuaren egitura.
Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak honako atal hauek ditu bere egituran:
a) Naturaguneen Atala.
b) Espezie Basatien eta Arrantza Kudeaketarako Atala.
c) Ingurumen Ebaluaziorako Atala".
Hamalau.–58. artikuluari beste zenbaki bat jartzen zaio eta 56. artikulu berria izatera igarotzen da. Hona hemen testua:
"56. artikulua. Naturaguneen Atalaren esparru material eta funtzionala.
Naturaguneen Atalak honako eginkizun hauek beteko ditu:
a) Nafarroako Naturaguneen Sarea kudeatzea, eta, bereziki, Natura 2000 Sarea.
b) Naturagune deklaratzeko proposamenak eta naturaguneak aldatzeko proposamenak egitea, bai eta haiek planifikatzeko tresnak prestatu eta berrikustea ere, Natura 2000 Sareko lekuak barne. Hori guztia, aintzat hartuta klima-aldaketaren etorkizuneko ondorioak eta horretara egokitzeko neurriak, bai eta naturaguneen arteko konektagarritasuna ere.
c) Nafarroako Gobernuko edo beste administrazio batzuetako administrazio unitateek aipatu planak betetzen dituztela begiratzea, neurriak aplikatzeko eta arauak eta jarraibideak betetzeko arduradunak direnean, bakoitzaren eskumenen arabera.
d) Foru Administrazioak kudeatu beharreko naturagune babestuak administratzea, alde batera utzi gabe kudeaketa horretan beste administrazio unitate batzuek parte hartzea, bakoitzaren eskumenen arabera. Nafarroako Baso Ondareko lurretan dauden naturagune babestuen kasuan, behar den prozedura ezarriko da Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuarekin batera, egoki kudeatzeko.
e) Babestutako naturaguneen jarraipena egitea nazioarteko tresnen bidez.
f) Naturaguneen kudeaketa arautuko duten kontserbazio irizpideak ezartzea, eta bermatzea guneen kudeatzaileek ere hartzen dituztela aintzat irizpide horiek.
g) Habitat naturalean jarraipena egitea, horiek babesteko eta leheneratzeko plangintzak egitea, eta beharrezko neurriak aplikatzea.
h) Azpiegitura berdea garatzea, konektagarritasun ekologikoa hobetzeko.
i) Naturaguneetako erabilerei eta jarduerei buruzko informazioa ematea, nahitaezkoa dena naturagune babestuetan, eta aukerakoa Natura 2000 Sareko lekuetan.
j) Naturaguneetako erabilerak murriztearen ondorioz bidezkoak diren kalte-ordainak tramitatzea.
k) Txostenak egitea Estatuko Administrazio Orokorrarentzat, eta parte hartzea naturaguneen eta habitat naturalen arloan dauden batzorde eta lantalde teknikoetan.
l) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak".
Hamabost.–57. artikulua honela idatzita agertuko da:
"57. artikulua. Espezie Basatien eta Arrantza Kudeaketarako Atalaren esparru material eta funtzionala.
a) Basaflorako eta basafaunako espezieen populazioei eta habitatei buruzko azterlanak, zentsuak eta, oro har, jarraipena egitea, eta dagozkien datu-baseak –kartografikoak nahiz alfanumerikoak– sortu, mantendu eta ustiatzea.
b) Espezie mehatxatuak eta kontserbazio egoera txarrean dauden habitatak babestu eta leheneratzeko behar diren planak egitea eta berrikustea, eta ezartzen diren neurriak betetzen direla bermatzea.
c) Espezie exotiko inbaditzaileen prebentzio eta kontrolerako planak egitea, eta ezartzen diren neurriak betetzen direla bermatzea.
d) Basaflorako eta basafaunako espezieak kontserbatzeko nekazaritza eta ingurumen arloko laguntzak diseinatzea, horien kudeaketaren ardura duten unitateekin batera.
e) Espezie basatien habitatak oneratzeko, leheneratzeko edo mantentzeko neurriak gauzatzea, bai eta espezie babestuekiko bizikidetzan lagundu dezaketen jarduketak ere.
f) Espezie basatiek eragindako kalteen ondorioz bidezkoak diren kalte-ordainak tramitatzea, Departamentuko zerbitzu juridikoekin koordinatuta.
g) Basafauna eta basaflorako espezieak ukitu ditzaketen jardueretan, nahitaezko txostenak eta baimenak ematea eta jarduera horien jarraipena egitea, eta Nafarroan animalia basatiak harrapatzeko bitarteko eta metodoak kontrolatzea.
h) Foru Administrazioak basafauna sendatzeko bere kargura dituen zentroak kudeatzea eta parke zoologikoetako basafauna kontserbatzeko eskumenak erabiltzea, hau da, martxoaren 1eko 108/2004 Foru Dekretuan ezarrita daudenak.
i) Espezie babestuen habitatak hobetzeko azterketak egitea eta jarduketak gauzatzea lekuan bertan, eta honako plan hauetan zehaztutako neurriak hartzea: Natura 2000 Sareko guneetako kudeaketa-planetan, katalogatutako espezieen berreskuratze eta kontserbazio planetan, eta arrain-espezieak kudeatzeko planetan.
j) Nafarroan arrantza osorik planifikatzea eta aholkularitza teknikoa ematea arrantzaren kudeaketari dagokionez. Proposamenak egitea arrantza-debekualdiei buruzko xedapenetarako. Arrantza-lizentziak eta arloko administrazio-baimenak kudeatzea.
k) Arrain-faunaren populazioen kudeaketa eta plangintza jasangarria, populazio sedentarioak zein migratzaileak izan.
l) Foru Administrazioaren titulartasuneko arrain-haztegiak kontrolatzea, bai eta arrain-espezieen birpopulatzeak ere, eta horien jarraipena egitea.
m) Txostenak egitea Estatuko Administrazio Orokorrarentzat, eta parte hartzea espezie basatien arloan dauden batzorde eta lantalde teknikoetan.
n) Ibai-oztopoak Iragangarri Egiteko Plan Zuzentzailea egitea.
ñ) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak".
Hamasei.–59. artikuluari beste zenbaki bat jartzen zaio eta 58. artikulu berria izatera igarotzen da ("Ingurumen Ebaluaziorako Atalaren esparru material eta funtzionala").
Hamazazpi.–60. artikulua ezabatzen da ("Arrantza Kudeaketarako Atalaren esparru material eta funtzionala").
Hemezortzi.–61. artikuluari beste zenbaki bat jartzen zaio eta 59. artikulu berria izatera igarotzen da. Hona hemen testua:
"59. artikulua. Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuaren esparru material eta funtzionala.
Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuak honako eginkizun hauek beteko ditu:
a) Mendiak babestu eta hobetzea.
b) Baso-plangintza.
c) Zura eta baso biomasa mobilizatzea eta horien erabilera sustatzea.
d) Laguntza teknikoa ematea suteak itzaltzeko lanen arduradunei, hala eskatzen dutenean.
e) Basogintza-sektoreari laguntzea.
f) Zerbitzuaren eskumeneko gaietan parte hartzen duten administrazio unitate guztiak koordinatzea, eta jarraibide eta gidalerro teknikoak ezartzea eskumen horiek inplementatzeko eta horien jarraipena egiteko.
g) Ehizaren kudeaketa.
h) Europako proiektuak eta kofinantzatutako beste jarduketa batzuk proposatzea, definitzea eta prestatzea, betiere zerbitzuaren eskumenen arloan, eta horien jarraipena, garapena eta kontrol ekonomiko-finantzarioa egitea.
i) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak".
Hemeretzi.–62. artikuluari beste zenbaki bat jartzen zaio eta 60. artikulu berria izatera igarotzen da. Hona hemen testua:
"60. artikulua. Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuaren egitura.
Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuak honako atal hauek ditu bere egituran:
a) Basoak Kudeatzeko Atala.
b) Baso-suteen Prebentziorako eta Plan Estrategikoetako Atala.
c) Basogintza Sektorea Sustatzeko Atala.
d) Ehiza Kudeaketarako Atala".
Hogei.–63. artikuluari beste zenbaki bat jartzen zaio eta 61. artikulu berria izatera igarotzen da. Hona hemen testua:
"61. artikulua. Basoak Kudeatzeko Atalaren esparru material eta funtzionala.
Basoak Kudeatzeko Atalak, basoen esparruan, honako eginkizun hauek beteko ditu:
a) Antolatuak dauden mendiak aprobetxatu eta hobetzeko urteko planak prestatu eta onestea, eta haien jarraipena egitea.
b) Antolatuak ez dauden mendietan, hala herri-mendietan nola partikularretan, mozketak egiteko baimenak prestatu eta onestea, eta haien jarraipena egitea.
c) Mendiak antolatzeko proiektuak, horien berrikuspenak eta basoak kudeatzeko plan teknikoak prestatzea, eta haien jarraipena egitea.
d) Txostenak egitea okupazioak, desafektazioak eta mendi katalogatuak ukitzen dituzten ekintza guztiak baimentzeko espedienteen gainean.
e) Nahitaezko txostenak egitea baso lurrak ukitzen dituzten era guztietako jarduketen, laguntza deialdien, planen eta proiektuen gainean, barnean direla Natura 2000ko kudeaketa planetan eta horien berrikuspenetan ezarritako neurriak.
f) Baso-suteak zeharka prebenitzeko behar diren ekintzak gauzatzea, eta izurriek eta beste hondamendi batzuek jotako baso eremuak leheneratzeko lanak egitea.
g) Zerbitzuak eskumenekoak dituen laguntzetarako deialdien txostenak eta horien jarraipen teknikoa egitea.
h) Natura-monumentu deklaratutako zuhaitz apartekoak kontserbatzea.
i) Bere eskumenen esparruan, espezie basatiak, habitatak eta naturagune babestuak babestu, zaindu eta kudeatzeko planetan jasotzen diren neurriak gauzatzea.
j) Laguntza ematea baso-ziurtapenera bideratutako lanetan.
k) Jarduketa eta inbertsio publikoak eta pribatuak sustatzea, karbono-hustubideak babestu eta hobetzeko, eta klima-aldaketara egokitzeko.
l) Aholkularitza teknikoa ematea ehiza jarduera kudeatzeari dagokionez, eta laguntzea Nafarroan ehiza lurralde-mailan planifikatzeko proposamenetan.
m) Kudeaketa tekniko eta administratiboa ehiza antolatzeko planen esparruan.
n) Ehiza antolatzeko planak onetsi eta aldatzeko espedienteak izapidetzea.
ñ) Basogintzako mantentze-lanetako jarduketak gauzatzea Donejakue bidean.
o) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak".
Hogeita bat.–64. artikulua ezabatzen da ("Baso Plangintzarako Atalaren esparru material eta funtzionala").
Hogeita bi.–62. artikulua honela gelditu da idatzirik:
"62. artikulua. Baso-suteen Prebentziorako eta Plan Estrategikoetako Atalaren esparru material eta funtzionala.
Baso-suteen Prebentziorako eta Plan Estrategikoetako Atalak honako eginkizun hauek beteko ditu:
a) Baso-suteen prebentzioaren arloko plangintza estrategikoa egitea.
b) Baso-suteen prebentzioaren arloko arauen jarraipena egitea eta horiek eguneratzea.
c) Baso-suteen prebentzioaren arloko Gobernuko beste unitate batzuekin eta kanpoko eragileekin elkarrizketan aritzea.
d) Baso-suteak zuzenean prebenitzeko ekintzak ezartzea.
e) Basoak leheneratzeko plangintza estrategikoa egitea.
f) Baso osasunaren arloko plangintza estrategikoa. Basoetako gaixotasun eta izurrien jarraipena eta kontrola egitea.
g) Ekintzak eta proiektuak garatzea basoei buruzko ikerketa eta esperimentaziorako, zerbitzuko beste unitate batzuekin lankidetzan.
h) Basoei buruzko estatistika egitea.
i) Mendi babesleen eta onura publikokoen katalogoak mantentzea.
j) Lankidetza harremanak ezartzea unibertsitateekin eta ikerketa zentroekin, zerbitzuaren lan arloetan.
k) Zerbitzuko prozedurak modernizatu eta sinplifikatzeko ekintzak abian jartzea. Barnean sartzen dira loturik daudenak zerbitzuaren jarduketak georreferentziatzeko tresnen aplikazioarekin.
l) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak".
Hogeita hiru.–63. artikulua honela geldituko da idatzirik:
"63. artikulua. Basogintza Sektorea Sustatzeko Atalaren esparru material eta funtzionala.
Basogintza Sektorea Sustatzeko Atalak honako eginkizun hauek beteko ditu:
a) Aldizkako deialdiak prestatzea zerbitzuak izapidetzen dituen laguntzetarako.
b) Deialdiak prestatzea Europar Batasuneko programa kofinantzatuetan sartzen diren eta zerbitzuak izapidetzen dituen laguntzetarako, eta aipatu programen jarraipena egitea Zerbitzuak kudeatutako neurriak jasotzen dituztenean.
c) Dirulaguntza kanpaina horietako espedienteen kudeaketa administratiboa.
d) Zuraren eta baso biomasaren erabilera sustatzeko eta erabiltzeko irizpide tekniko eta administratiboak ezartzeko ekintzak abian jartzea.
e) Baso industriarentzako laguntzen deialdiak gauzatzea eta horien jarraipena egitea.
f) Nafarroako Baso Ondareko finketan, esperimentazioa egitea baso aprobetxamendu nagusien eta bigarren mailakoen gainean, bai eta horiek bultzatu eta indartzea ere, zerbitzuak agintzen dizkion jarduketetan. Eremu babestuko deklarazioa duten Nafarroako Baso Ondareko finketan, behar den prozedura ezarriko da naturagune babestuen arloko eskumenak dituen zerbitzuarekin batera.
g) Ekintzak eta proiektuak garatzea basoei buruzko ikerketa eta esperimentaziorako, zerbitzuko beste unitate batzuekin lankidetzan.
h) Basoen arloan landa garapeneko programazioa prestatzeko parte hartzea eta koordinatzea zerbitzuko gainontzeko unitateekin lankidetzan.
i) Nafarroako baso aprobetxamenduak sustatzeko ekintzak ezartzea, Europako araudiarekin bat, eta zerbitzuko gainontzeko unitateekin lankidetzan.
j) Basogintzako elkarteei buruzko espedienteak kudeatzea eta horiekin solaskidetzan jardutea.
k) Baso-ziurtapenaren arloan koordinatzea.
l) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak".
Hogeita lau.–65. artikuluari beste zenbaki bat jartzen zaio eta 64. artikulu berria izatera igarotzen da. Hona hemen testu berria:
"64. artikulua. Ehiza Kudeaketarako Atalaren esparru material eta funtzionala.
Ehiza Kudeaketarako Atalak honako eginkizun hauek beteko ditu:
a) Ehizaren plangintza integrala Nafarroan.
b) Ehiza faunaren populazioak kontrolatzea eta haien jarraipena egitea.
c) Ehiza jarduera kudeatzeko aholkularitza teknikoa.
d) Proposamenak prestatzea ehiza-debekualdiei buruzko eta harrapatu eta merkaturatu daitezkeen animalia espezieei buruzko xedapenetarako.
e) Ehiza-lizentziak kudeatzea.
f) Administrazio-baimenak kudeatzea ehizaren esparruan, ehiza barrutiak barne.
g) Ehizaren arloko laguntzak diseinatu eta kudeatzea.
h) Txostenak egitea Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak edo beste erakunde batzuek ehizari buruz edo ehiza-espeziei buruz eginiko eskaeren gainean.
i) Lankidetzan aritzea unibertsitateekin, ikerketa zentroekin eta bestelako entitateekin, ehizaren arloko proiektu edo azterlan pilotuetan.
j) Ehizazainen akreditazioa ematea Nafarroan.
k) Ehiza-hegaztien erregistroa kudeatzea.
l) Ehiza-trofeoak homologatzea.
m) Epizootia eta zoonosi kasuetan, horietaz arduratzen diren beste erakunde batzuekin koordinaturik parte hartzea.
n) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak".
Hogeita bost.–66. artikuluari beste zenbaki bat jartzen zaio eta 65. artikulu berria izatera igarotzen da. Hona hemen testu berria:
"65. artikulua. Ingurumen Hezkuntzaren, Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuaren esparru material eta funtzionala.
Ingurumen Hezkuntzaren, Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuak honako eginkizun hauek beteko ditu:
a) Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeko langileen araubide berariazkoa arautzen duen urtarrilaren 30eko 7/2019 Foru Dekretuan ezarritako eginkizunak.
b) Barne prozesuak aztertzea eta oinarrizko prozeduraren mapa prestatzen laguntzea, Europar Batasunak eskatzen duen elkarreragingarritasuna lortzearren.
c) Departamentuko unitateei laguntza ematea eta unitate horiek koordinatzea izapideak modernizatzeko, arintzeko eta sinplifikatzeko, betiere herritarrentzako arretan eragimena handitzeko asmoz.
d) Prozesu bakoitzeko kalitate adierazleen ezarpena garatzea, bai eta gogobetetasun inkestak, barne kalitatea hobetzeko planak, kalitatea kudeatzeko sistema estandarizatuak eta politika eta eredu korporatiboekin lerrokatutako sinplifikazio administratiborako sistemak ere.
e) Barne autoebaluaziorako metodoak ezartzea prozesuen mapan, Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeari buruzko abenduaren 29ko 21/2005 Foru Legeari dagokionez.
f) Barne koordinazioa eta dinamizazioa, kalitate prozesuak bultzatzen direla bermatzeko.
g) Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren prestakuntza ekintzak prestatu eta haien jarraipena egitea.
h) Departamentuaren ordezkari izatea eta SOS zentroarekin eta segurtasun indar eta kidegoekin koordinatzea.
i) Sustatzea ingurumenaren arloko heziketarako, prestakuntzarako, boluntariotzarako eta herritarren zientziarako ekintzak.
j) Jasangarritasunerako Ingurumen Hezkuntzaren Nafarroako Estrategia-ENEAS 2030 inplementatzea.
k) ENEAS 2030 estrategiaren jarraipena eta behar lukeen berrikuspena egitea.
l) Europako proiektuak eta kofinantzatutako beste jarduketa batzuk proposatzea, definitzea eta prestatzea, betiere zerbitzuaren eskumenen arloan, eta horien jarraipena, garapena eta kontrol ekonomiko-finantzarioa egitea.
m) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak".
Hogeita sei.–67. eta 68. artikuluei beste zenbaki bat jartzen zaie eta 66. eta 67. artikulu berriak izatera igarotzen dira, hurrenez hurren.
Hogeita zazpi.–68. artikulua honela gelditu da idatzirik:
"68. artikulua. Partaidetza eta Dibulgazio Atalaren eremu material eta funtzionala.
Partaidetza eta Dibulgazio Atala zuzenean atxikita dago Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari, eta honako eginkizun hauek beteko ditu:
a) Zuzendaritza Nagusiari laguntza eta aholkularitza ematea ingurumenaren arloko informazio tekniko eta zorrotza zabaltzeko estrategia definitzeko.
b) Epe labur eta ertainerako ekintzak garatzea eta proposatzea, Ingurumen Zuzendaritza Nagusian integratutako jarduketa eta programak abian jartzen errazteko eta laguntzeko.
c) Gizarteari informazio tekniko eta konplexua modu ulergarrian eskuratzen laguntzea.
d) Zerbitzuei laguntza ematea Europako proiektuetan eta bestelako ikerketa-ekintzetan lortutako emaitzak zabaltzeko.
e) Araudian finkatutako estandarrak betetzeaz gain, partaidetza eta dibulgazio lanak indartzea.
f) Laguntzen deialdiak zabaltzen laguntzea, horien gauzatze-maila ahalik eta handiena izan dadin.
g) Estatuko, Europako eta nazioarteko erakundeekin koordinatzea.
h) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak".
Lehen xedapen gehigarria.–Unitateak kentzea.
Foru dekretu honen bidez Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko unitate hauek ezabatzen dira:
–Airearen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Atala.
–Berrikuntzaren eta Europako Proiektuen Atala.
–Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atala.
–Arrantza Kudeaketarako Atala.
–Baso Plangintzarako Atala.
Bigarren xedapen gehigarria.–Unitateak sortzea.
Foru dekretu honen bidez Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko unitate hauek sortzen dira, jarraian zehazten diren baldintzekin:
–Partaidetza eta Dibulgazio Atala. A edo B maila.
–Naturaguneen Atala. A edo B maila.
–Espezie Basatien eta Arrantza Kudeaketarako Atala. A edo B maila.
–Baso-suteen Prebentziorako eta Plan Estrategikoetako Atala. A edo B maila.
–Basogintza Sektorea Sustatzeko Atala. A edo B maila.
Hirugarren xedapen gehigarria.–Ingurumena Zaintzeko Ataleko, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Ataleko eta Merkatuen Erregulaziorako Ataleko burutzek bete beharreko baldintzak:
–Ingurumena Zaintzeko Ataleko burua: basozain, basozain nagusi edo basozain nagusiaren alboko lanpostu baterako izendatua izatea.
–Kutsaduraren aurkako Prebentzio Ataleko burua:
- A, B edo C mailakoa izateko baldintza.
–Merkatuen Erregulaziorako Ataleko burua:
- A, B edo C mailakoa izateko baldintza eta B motako gidabaimena edukitzea.
Xedapen gehigarri laugarrena.–Egun dauden izendapenak.
Uraren Kalitatearen eta Obra Hidraulikoen Atala hemendik aurrera Uraren Kalitatearen eta Ibai-ingurunearen Atala izanen da. Atal horren buruaren izendapena mantentzen da, izendapena egin zen uneko baldintza berberetan.
Xedapen iragankor bakarra.–Kredituen egozpena.
Foru dekretu honen bidez sortu diren atalen aurrekontu xedapenak egotziko zaizkie antzeko eginkizunak orain arte bete dituzten organoei dagozkien partidetako kredituei, 2026ko aurrekontu ekitaldia amaitu arte.
Azken xedapenetako lehena.–Aurrekontu aldaketak.
Ahalmena ematen zaio Ekonomia eta Ogasun Departamentuko titularrari foru dekretu honetan ezarritakoa betetzeko beharrezkoak diren aurrekontu aldaketak egin ditzan.
Azken xedapenetako bigarrena.–Indarrean jartzea.
Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Iruñean, 2026ko ekainaren 24an.–Bigarren lehendakariordea, Ana Ollo Hualde, Nafarroako Gobernuko lehendakariaren ordez.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, José María Ayerdi Fernández de Barrena.
Iragarkiaren kodea: F2609180
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
