14. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

719/2025 EBAZPENA, abenduaren 11koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez epea irekitzen baita enpresetan eta erakunde publikoetan gizarte erantzukizuna (GE) "InnovaRSE" metodologiaren arabera ezartzeko aholkularien akreditazioa eskatzeko, bai eta Inpaktua Neurtzeko modulua ezartzeko aholkularien akreditazioa ere.

Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiak (S4) bost lehiakortasun faktore aurreikusten ditu: ingurune lehiakorra, pertsonak eta talentua, I+G+B, enpresa garapena eta nazioartekotzea. Era berean, trantsizio ekologikoaren zeharkako lehentasunak enpresetan gizarte erantzukizuna integratzearen garrantzia nabarmentzen du.

Nafarroako Gobernua 2008. urtetik garatzen ari den kudeaketa sisteman, Nafarroako enpresen kudeaketan gizarte erantzukizuna ezartzeko metodologia bat aplikatzen da (InnovaRSE), beste ekintza batzuen artean. Ondotik beste metodologia batzuk garatu dira: TAMIRSE (mikroenpresa eta langile autonomoentzat) eta GobernaRSE (sektore publikorako).

Ekonomia Sozialeko eta Laneko Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen artean dago enpresen gizarte erantzukizuna bultzatzea eta sustatzea, halaxe xedatua baitago Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuaren 21. artikuluan.

Nafarroako Gobernua gizarte erantzukizuna sustatzen eta bultzatzen ari da, eta, horretarako, enpresentzako laguntzen deialdiak onesten ditu beren enpresa estrategietan gizarte erantzukizuna sar dezaten errazteko.

Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariaren abenduaren 5eko 1191E/2025 Foru Aginduaren bidez onetsi zen gizarte erantzukizuna sustatzeko dirulaguntzak 2026an emateko deialdia. Deialdi horretan aurreikusten da InnovaRSE eta TAMIRSE metodologien bidezko halako ekintzak diruz laguntzea. Deialdi honetatik aterako diren zerrendetako aholkulari akreditatuen bitartez ezarriko dira metodologia horiek.

Dirulaguntza eskatzen duten enpresek aukera izan dezaten harremanetan jartzeko InnovaRSE eta TAMIRSE metodologietan jarduketa diruz lagungarri guztiak egiteko akreditazioa duten aholkulariekin, akreditazio epe bat irekitzen da.

Hauek dira aholkulari akreditatua izateko bete behar diren baldintzak:

A) InnovaRSEko aholkulari akreditatua izateko:

–Hiru urteko esperientzia profesionala akreditatzea enpresentzako eta/edo entitate publikoentzako kontsulta zerbitzuetan eta/edo aholkularitza lanetan.

–Jarduera profesionalaren zati handiena Nafarroan egitea.

–Lan Zerbitzuak emanen duen prestakuntza saiora joatea.

Akreditazioa lortu nahi duten pertsonek eskaera eredua aurkeztu beharko dute, eta bertan erantzukizunpeko adierazpen bat agertu beharko da aitortzeko hiru urteko esperientzia profesionala dutela enpresentzako eta/edo entitate publikoentzako kontsulta zerbitzuetan eta/edo aholkularitza lanetan eta beren jarduera profesionala gehienbat Nafarroan egiten dutela. Eskaerarekin batera curriculum eguneratua aurkeztuko da.

Eskaera aurkeztetik eta InnovaRSErako prestakuntza egitetik salbuetsita egonen dira GEaren webguneko InnovaRSEko aholkulari akreditatuen zerrendan agertzen direnak.

InnovaRSEko aholkulari akreditatua izateko aipatutako lehenengo bi baldintzak betetzen dituzten eskatzaileen zerrenda prestatu ondoren, bertan agertzen direnei dei eginen zaie prestakuntzaldi bat egin dezaten.

B) Inpaktuaren neurketa egiteko aholkulari akreditatua izateko:

–InnovaRSEn akreditatuta egotea.

Eskaera aurkeztetik eta Inpaktua Neurtzeko modulua ezartzeko prestakuntza egitetik salbuetsita egonen dira GEaren webguneko inpaktuaren neurketa egiteko aholkulari akreditatuen zerrendan agertzen direnak.

Inpaktua neurtzeko modulua egiteko aholkulari akreditatua izan nahi duten eskatzaileen zerrenda prestatu ondoren, bertan agertzen direnei dei eginen zaie prestakuntzaldi bat egin dezaten. Prestakuntza hori aurreko akreditazioaren prestakuntza ondotik emanen da, InnovaRSEn akreditatzen direnek inpaktua neurtzeko modulua ezartzeko aholkulari akreditatuak ere izateko aukera izan dezaten.

Prestakuntza osoa egin ondoren, InnovaRSE, TAMIRSE eta GobernaRSE metodologia ezartzeko akreditazioa eta inpaktuaren neurketa egiteko akreditazioa duten pertsonen zerrenda emanen da argitara www.nafarroa.eus helbidean, "Gizarte erantzukizuna sustatzeko dirulaguntza, 2026" izeneko izapidean.

Eskaeran akreditazio baterako edo bietarako datuak bete beharko dira. Eskaera bera eta dagokion dokumentazioa 10 egun naturaleko epean aurkeztuko dira, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, zerbitzuen fitxaren bidez: "Kanpo aholkularitzako zerbitzuen akreditazioa InnovaRSE, TamiRSE eta GobernaRSErako". Fitxa hori Interneten dago eskuragai, Nafarroako Gobernuaren Atariko izapideen katalogoan (www.nafarroa.eus). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. 10 egun naturaleko epea irekitzea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, enpresetan eta erakunde publikoetan gizarte erantzukizuna InnovaRSE, TAMIRSE eta GobernaRSE metodologien arabera ezartzeko aholkularien akreditazioa eskatzeko, bai eta inpaktua neurtzeko modulua ezartzeko aholkularien akreditazioa eskatzeko ere.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko abenduaren 11n.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Ignacio Mendioroz Casallo.

Iragarkiaren kodea: F2516499