14. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1033/2025 EBAZPENA, abenduaren 31koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita graduatu ondoko bi beka emateko deialdia. Bekak Nekazaritzako Elikagaien Laborategiaren Atalean aritzeko dira, lanbide arlo hauetako goi mailako teknikari titulua dutenentzat: Analisien eta Kalitate Kontrolaren Laborategia, Laborategi Kliniko eta Biomedikoa, Kimika eta Ingurumen Osasuna, Anatomia Patologikoa eta Zitodiagnostikoa, Elikagai-industriako Prozesuak eta Kalitatea, Mahastizaintza eta Ardogintza, edo horietako baten baliokidetzat hartutako beste titulu bat. DDBN kodea: 879674.

Abeltzaintza Zerbitzuak proposatu du graduatu ondoko bi beka emateko deialdia egitea, Nekazaritzako Elikagaien Laborategiaren Atalean aritzeko. Arlo hauetako goi mailako teknikari titulua eskatzen da: Analisien eta Kalitate Kontrolaren Laborategia, Laborategi Kliniko eta Biomedikoa, Kimika eta Ingurumen Osasuna, Anatomia Patologikoa eta Zitodiagnostikoa, Elikagai-industriako Prozesuak eta Kalitatea, Mahastizaintza eta Ardogintza, edo horietako baten baliokidetzat hartutako beste titulu bat.

Bekadunen esku utziko diren azterketek eta lanek lanbide-esperientzia baliotsua ekarriko diete, eta, aldi berean, oso baliagarriak izanen dira departamentu honentzat.

Ebazpen honi honako arau hauek aplikatuko zaizkio: azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, Dirulaguntzei buruzkoa, eta apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duena.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nekazaritzako Elikagaien Laborategiaren Atalean aritzeko graduatu ondoko bi beka emateko deialdia onestea, arlo hauetako goi mailako teknikari titulua dutenentzat: Analisien eta Kalitate Kontrolaren Laborategia, Laborategi Kliniko eta Biomedikoa, Kimika eta Ingurumen Osasuna, Anatomia Patologikoa eta Zitodiagnosia, Elikagai-industriako Prozesuak eta Kalitatea, Mahastizaintza eta Ardogintza, edo horietako baten baliokidetzat hartutako beste titulu bat. Deialdiaren oinarri arautzaileak ebazpen honen eranskinean ageri dira.

2. 23.128,32 euroko gastua baimentzea, "Bekak" izeneko 700000-70100-4809-411103 partidaren kargura, honela banatuta diru kopuruaren eta denboraren arabera:

  • 1.927,36 euro, 2025eko gastu aurrekontuko "Bekak" izeneko 700000-70100-4809-411103 partidaren kargura; diru hori 900 euroko hileko bati dagokio, gehi 63,68 euro hilabetean, Gizarte Segurantzaren kontzeptuan, beka bakoitzarentzat.
  • 21.200,96 euro, 2026an horretarako gaitzen den partidaren kargura; hots, 2025eko gastu aurrekontuko "Bekak" izeneko 700000-70100-4809-411103 partidaren baliokide izateko sortzen denaren kargura (horretarako baldintza izanen da kreditu egokia eta nahikoa izatea 2026. urtean). Diru hori 900 euroko 11 hilekori dagokie, gehi 63,68 euro hilabetean, Gizarte Segurantzaren kontzeptuan, beka bakoitzarentzat.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen hau igortzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritzako Elikagaien Laborategiaren Atalera, Ekonomia Aferetarako Bulegora eta Langileria Bulegora.

5. Deialdi hau eta oinarri arautzaileak erregistratzea Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean (NGDDB).

6. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2025eko abenduaren 31n.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

ERANSKINA.–LANDA GARAPENEKO ETA INGURUMENEKO DEPARTAMENTUKO NEKAZARITZAKO ELIKAGAIEN LABORATEGIAREN ATALEAN ARITZEKO BI BEKA EMATEKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

Lehena.–Xedea.

Deialdi honen xedea da, norgehiagokako araubideari jarraikiz, bi prestakuntza beka ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritzako Elikagaien Laborategiaren Atalean aritzeko, arlo hauetako goi mailako teknikari titulua dutenentzat: Analisien eta Kalitate Kontrolaren Laborategia, Laborategi Kliniko eta Biomedikoa, Kimika eta Ingurumen Osasuna, Anatomia Patologiko eta Zitodiagnostikoa, Elikagai-industriako Prozesuak eta Kalitatea, Mahastizaintza eta Ardogintza, edo horietako baten baliokidetzat hartutako beste titulu bat. Bekadunak animalien osasunarekin eta landareen biologiarekin lotutako lanak eginen ditu.

Bigarrena.–Iraupena.

Bekek 12 hilabete arte iraunen dute, 2025eko abenduaren 1etik 2026ko azaroaren 30era bitarte. Nekazaritzako Elikagaien Laborategiaren Atalak eskatuz gero, beka luza daiteke, epe berdinetarako, hiru urte egin arte gehienez, hasierako epea eta luzapenak kontuan izanda. Luzapenerako baldintza izanen da aurrekontuetan horretarako kreditu erabilgarri nahikoa egotea.

Hirugarrena.–Zenbatekoa.

Beka bakoitzak 11.564,16 euroko zuzkidura izanen du urtean. Hilero 900 euro ordainduko dira, edo dagokion zati proportzionala, gehi 63,68 euro hilabetero, Gizarte Segurantzaren kontzeptuan. Urteko kotizazioa egiteko, Enpleguaren eta Gizarte Segurantzaren indarreko aginduari jarraikiko zaio, non garatzen baitira Gizarte Segurantzaren kotizazioaren gaineko legezko arauak. Gastu hori "Bekak" izeneko 700000-70110-4809-411103 partidaren kontura eginen da.

Diru kopuru horri pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokion konturako atxikipena eginen zaio, indarra duten arauei jarraikiz hala egin behar baldin bada.

Onuradunari ematen zaion dirua ez da inolaz ere soldata edo lansaritzat hartuko, laguntza ekonomiko publikotzat baizik.

Laugarrena.–Betebeharrak.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean betebehar hauek guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoak izaten ahal dira prestakuntza beken onuradun:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez dutenek gaztelaniaz behar adina badakitela frogatu beharko dute.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko desgaituak ez egotea.

d) Nafarroan bizitzea, deialdiaren eguna baino urtebete lehenagotik gutxienez.

e) Espainiako agintariek eman edo homologatutako titulu hauetako bat izatea: Goi mailako teknikari titulua honakoetan: Analisien eta Kalitate Kontrolaren Laborategia, Laborategi Kliniko eta Biomedikoa, Kimika eta Ingurumen Osasuna, Anatomia Patologikoa eta Zitodiagnostikoa, Elikagai-industriako Prozesuak eta Kalitatea edo Mahastizaintza eta Ardogintza, edo horietako baten baliokidetzat hartutako beste titulu bat.

f) Eskatutako titulua deialdi hau argitaratu aurreko hiru urteen barrenean eskuratua izatea.

g) Beharrezkoa bada, beka emateko ebazpenaren aurretik frogatzea zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela. Horrekin batera, adierazpen edo hitzemate idazki bat aurkeztu beharko du, aditzera emateko ez duela kobratzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste departamentu baten edo beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu baten beste edozein laguntza publiko, helburu bera duena eta bekarekin bateraezina dena.

h) Ez izatea ezintasun fisikorik edo gaixotasunik, bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz diezaiokeenik.

Betebehar horiek guztiak bekak irauten duen denbora osoan bete beharko dira.

Bosgarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hamabost egun baliodunean aurkeztuko dira eskaerak.

2. Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (González Tablas kalea 9), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietatik edozeinetan.

Telematika bidez ere aurkezten ahal dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (https://www.navarra.es/eu/tramiteak). Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

3. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskabidea, eredu normalizatuaren araberakoa, zeina https://www.nafarroa.eus web-orrian eskuragarri baitago.

b) Curriculum vitaea, non adieraziko baitira egindako ikasketak, burututako jarduerak, argitalpenak, lortutako sariak eta aipatu nahi diren merezimendu guztiak.

c) Ikasketa-espedientearen ziurtagiria, maila bakoitzeko irakasgai guztien kalifikazioekin, espresuki aipatuta zein deialditan gainditu ziren.

d) Seigarren oinarriko 2.II puntuan adierazten diren merezimenduen egiaztagiriak.

e) Dituen titulu eta diplomen fotokopiak.

f) Nortasun agiri nazionalaren edo baliokidea den beste identifikazio agiri baten kopia.

g) Nafarroan duela urtebete bizi dela frogatzen duen erroldatze-ziurtagiria.

h) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena ez dagoela onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluaren arabera.

4. Epe barrenean aurkeztutako eskaeran behar diren datu guztiak jasotzen ez badira edo eskatutako agiriak eransten ez bazaizkio, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar egun balioduneko epean akatsak zuzendu ditzala edo agindutako agiriak aurkez ditzala. Halaber, jakinaraziko zaio ezen, hori egiten ez badu, ulertuko dela eskaerari uko egiten diola. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da, eta interesdunari jakinaraziko zaio.

Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzenketarik egin.

Eskatzaileek helbide elektroniko bat emanen dute, behar diren komunikazioak edo jakinarazpenak egiteko.

5. Prestakuntza beka jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

Seigarrena.–Eskaeren ebaluazioa.

1. Ebaluazio batzorde batek baloratu eta hautatuko ditu deialdiko baldintzak betetzen dituzten eskaerak. Honako pertsona hauek osatuko dute batzordea:

–Batzordeburua: Elena San Miguel Ibáñez. Nekazaritzako Elikagaien Laborategiaren Ataleko burua.

–Batzordekidea: Virginia Álvarez de Eulate Álvarez de Eulate. Nekazaritzako Elikagaien Laborategiaren Ataleko Landare Biologiaren Bulegoko burua.

–Batzordekidea: Manuel Barrón Perea. Nekazaritzako Elikagaien Laborategiaren Ataleko Animalien Osasunaren Bulegoko burua.

–Idazkaria: Irene Barado Pardo. Nekazaritzako Elikagaien Laborategiaren Ataleko kimikaria.

Batzordeko kideren bat kanpoan edo gaixorik badago, haien ordezkoak Abeltzaintza Zerbitzuko langileak izanen dira, Nekazaritzako Elikagaien Laborategiaren Atala zerbitzu horri atxikita baitago, betiere deialdi honetan eskatzen den maila bereko edo altuagoko titulazioa badute.

2. Beka hau norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan xedatzen den moduan. Hortaz, aurkezten diren eskaerak alderatuta emanen da beka, baremoko ordenaren arabera, dokumentazio osoa dagoela egiaztatu ondoren.

Ebaluazio batzordeak izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduak kalifikatuko ditu, balorazio hauen arabera:

2-I.–Ikasketa-espedientea:

Ikasketa-espedientearen batez besteko nota hartuko da kontuan. Batez besteko nota 10 bada, 5 puntu emanen dira; gainerako notekin, horren araberako hainbanaketa eginen da.

2-II.–Bekaren jardueraren eremuarekin lotutako arloetako prestakuntza:

Ikastaroak: bekaren xedearekin lotura duten ikastaroak baloratuko dira, honela:

–40 ordu baino gutxiagoko ikastaroak: 0,05 puntu ikastaroko.

–40tik 199 ordura bitarteko ikastaroak: 0,1 puntu ikastaroko.

–200 orduko edo hortik gorako ikastaroak: 0,2 puntu ikastaroko.

Tituluak:

–Beste titulu batzuk: 0,6 puntu titulu osoko. Tituluan baldin badaude bekarekin lotura duten edukiak eta loturarik ez dutenak, hainbanatzen ahalko dira, orduen eta kredituen arabera.

2-III.–Lanak.

Bekaren xedearekin lotura duten jardueretan lan egindako urte bakoitzeko 0,6 puntu emanen dira, edo hainbanatuta.

2-IV.–Hizkuntzak.

Ingelesa baloratuko da interes zientifikoko hizkuntza den aldetik; horretarako, hizkuntza eskola ofizialetako tituluak hartuko dira kontuan, edo Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenaren arabera aitorpena duten erakundeetakoak, honela:

–A1 maila: Oinarrizkoa, 0,1 puntu.

–A2 maila: Oinarrizkoa, 0,2 puntu.

–B1 maila: Oinarrizkoa, 0,3 puntu.

–B2 goi maila: 0,5 puntu.

–C1 maila: 0,75 puntu.

–C2 maila: 1 puntu.

Puntuazio orokorrean berdinketa gertatuz gero, lehenik, ikasketa-espedientearen 2.I atalean lortutako puntuazioa hartuko da kontuan. Berdinketak jarraituz gero, prestakuntzaren eta beste titulu batzuen atalean lortutako puntuazioa hartuko da kontuan, eta horrela hurrenez hurren, balorazio irizpideen zerrendaren ordena berean.

3. Merezimenduak kalifikatzeko prozesua bukatuta, ebaluazio batzordeak aukeraturiko izangaien zerrenda argitaratuko du, lortutako puntuazioaren arabera, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren iragarki-taulan (González Tablas kalea 9, Iruña), baita Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoaren berariazko fitxan ere (https://www.navarra.es/eu/tramiteak).

4. Ebaluazio batzordeak organo eskudunari igorriko dio bekak emateko proposamena, loteslea izanen dena.

5. Hautatutako gainerako eskatzaileekin ordezkapenetarako zerrenda bat osatuko da, guztira lortzen duten puntuazioaren araberako hurrenkerari jarraikiz; hurrenkera horri zorrotz jarraituko zaio sortzen ahal diren bajak betetzeko, onuradunak uko egiten duenean, ezinbesteko kasuetan, baldintzak betetzen ez dituenean edo behar bezala arrazoitutako beste edozein kasutan.

Zazpigarrena.–Beka emateko ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak beka emateari buruzko ebazpena emanen du.

2. Prozedura ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori bukatzen denerako berariazko ebazpena argitaratu edo jakinarazi ez bada, uler daiteke eskaerak ezetsi egin direla administrazioaren isiltasunez.

3. Administrazio prozedura erkideari buruzko legedian ezarritako bideak erabiliko dira interesdunei jakinarazteko nori esleitu zaion beka eta, halakorik bada, gainerako eskaerak ukatu direla. Hori guztia Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren iragarki-taulan argitaratuko da (González Tablas kalea 9, Iruña), baita Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoko fitxan ere (https://www.navarra.es/eu/tramiteak). Bekaren esleipenari buruzko jakinarazpenean, onuradunei ezarritako baldintzak zehaztuko dira.

Zortzigarrena.–Jabetza intelektuala.

Egiten diren dokumentu eta lanen jabetza intelektuala Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuarena izanen da, eta berak baizik ez du izanen haiek zabaldu eta argitaratzeko eskubidea.

Bederatzigarrena.–Jardueren hasiera eta ukoak.

1. Prestakuntza beka jasotzen dutenak organo eskudunak agintzen dien egunean hasi beharko dute jardunean, edo, bestela, bekaren esleipena jakinarazi eta hamar eguneko epearen barruan. Hori egin ezean, ulertuko da onuradunak bekari uko egin diola behin betiko, non ez den ezinbesteko arrazoirik edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera.

2. Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, organo eskudunak zilegi izanen du beka hori ebaluazio batzordeak ezarritako zerrendan hurrengo postuan ageri denari ematea, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte dituen betebeharrak betetzea.

Hamargarrena.–Betebeharrak eta bateraezintasunak.

1. Bekadunek apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 16. eta 19. artikuluetan ezarritako bateraezintasun araubidea eta betebehar orokorrak bete beharko dituzte (foru dekretu horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezarri zen).

2. Prestakuntza beka bateraezina izanen da administrazio beraren eta beste administrazio publiko batzuen bekekin.

3. Jarduerak hasten diren unean, bekadunak ez dira jasotzen ariko bekarekin bateraezina den beste edozein laguntza publiko edo pribatu.

4. Onuradunak, gainera, betebehar hauek izanen ditu:

a) Beka emateak dakarren prestakuntza teoriko-praktikoko jarduera betetzea, eta bekaren xedearekin eta haren jarduketa-eremuekin lotutako jardueretan eta lanetan laguntzea. Beka jasotzen dutenek beren kabuz joan beharko dute Departamentuaren instalazioetara (Serapio Huici etorbidea 22, Atarrabia, Nafarroa).

b) Bekadun gisa aritu dela adieraztea bekaren zuzeneko ondorio diren jarduera eta argitalpen guztietan.

c) Sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea prestakuntza jarduera gauzatu bitartean jakiten duen isilpeko informazio tekniko edo administratiboaren gainean.

d) Onuradunek egindako prestakuntza jardueraren azken memoria aurkeztu beharko dute. Memoriak tutorearen adostasuna izan beharko du, eta hark balorazio bat gehituko du beka emateko baldintzen eta aurreikusitako helburuen betetze-mailari buruz.

Hamaikagarrena.–Tutoretza eta jarduerak.

1. Onuradunei tutore bat jarriko zaie. Tutoreak eginkizun jakin batzuk ezarriko dizkie, ordutegiak finkatuko ditu eta bekadunen betebeharrak eta jarduerak betetzen diren begiratuko du, haren ardura izanen baita bekadunak gainbegiratzea.

2. Beka emateak ez du inolaz ere sortuko lan, kontratu edo estatutu bidezko harremanik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin.

3. Onuradunek 2,5 egun naturaleko atsedenaldia izanen dute bekaldiaren hilabete bakoitzeko.

4. Zein unitate administratibotan egiten diren jarduerak, haren barne edo funtzionamendu araubideari jarraituko zaio eskubide horiek erabiltzeko.

5. Onuradunek prestakuntzarako beharrezkoak diren joan-etorriak egin beharko dituzte.

Hamabigarrena.–Kalte-ordainak.

1. Bekadunek eskubidea dute Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 21. artikuluan ezarritako kalte-ordainak jasotzeko.

Hamahirugarrena.–Kalteengatiko erantzukizuna.

Administrazio Publikoa izanen da bekadunek beren prestakuntza jardueran beste batzuei eragiten dizkieten kalte-galeren erantzulea, baina administrazio horrek zilegi izanen du bekadunek dolo, erru edo zabarkeria larriagatik izan dezaketen erantzukizuna eskatzea.

Hamalaugarrena.–Bekaren bukaera.

Honako hauek dira beka bukatzeko arrazoiak:

a) Bekaren epea bukatzea, luzapenik izan gabe.

b) Luzapenaren gehieneko epea bukatzea.

c) Bekari probetxurik ez ateratzea.

d) Bekadunak ez betetzea haren gain utzitako betebehar eta eginkizunak, jarduerak egitean ardurarik ez jartzea, prestakuntzari errendimendu edo probetxu eskasa ateratzea edo prestakuntza batere ez aprobetxatzea, edo lanak kalitate gabekoak izatea.

Hamabosgarrena.–Araubide juridikoa.

Oinarri hauetan ezarrita ez dagoen orotan, arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: 172/2004 Foru Dekretua, apirilaren 19koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duena, eta 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

Hamaseigarrena.–Errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2600006