14. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

381E/2025 EBAZPENA, abenduaren 18koa, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusiak emana, 2026ko dirulaguntzen deialdia onesten duena silver economy ekimenerako gizarte berrikuntzako proiektuak egiteko. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren kodea: 876248.

Zientziari eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legeak hitzaurrean ezartzen duenez, I+G+B izenekoak oparotasuna areagotzen du, bizi-kalitatea hobetzen du eta sormenezko konponbideak ekartzen ditu gure gizartearen erronka handietarako. Foru legearen 3.1 artikuluaren arabera, hau da bere helburuetako bat: herritar guztien ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzea, gizartearen erronkak eta arazoak bideratzen lagunduta.

Gure gizarteak aurre egin behar dien erronken artean dago adin guztietako pertsonen ongizatea sustatzea (3. GJH). Munduko biztanleria zahartzen ari da pixkanaka, eta fenomeno horrek hainbat aukera eta erronka dakarzkio gizarteari. 50 urtetik gorakoak etorkizuneko ekonomiaren eragileak izanen dira, biztanleria horren beharrak asetzera bideratutako jarduera ekonomikoekin, produktuekin eta zerbitzuekin (silver economy).

Teknologia eta irisgarritasuna funtsezko arloak dira talde demografiko horren erabateko parte-hartzea ziurtatzeko, helburua izanik haien osasuna eta ongizatea bermatzea produktu eta zerbitzu eskuragarrien bidez.

Erronka horiek konponbide berritzaileak eta lankidetzakoak eskatzen dituzte. Gizarte berrikuntza funtsezko tresna da arazo horiei heltzeko, eta gizarteratzea eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzea bultzatzen du.

Hori guztia dela eta, deialdiaren xedea da gizarte berrikuntzako proiektuak sustatzea, osagai teknologiko bat dutenak silver economy delakoaren barruan beharrei erantzuteko. Beraz, diruz laguntzen diren gizarte berrikuntzako proiektuen helburua izan behar da Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean 50 urtetik gorako biztanleen osasunaren, ongizatearen, gizarteratzearen eta bizi-kalitatearen arloko beharrak hobetu edo konpontzea, eragin positiboa izateko Nafarroako ekonomian.

"Silver economy ekimenerako gizarte berrikuntzako proiektuak egiteko laguntzak" (espedientea: 0011-5445-2026-000000) izeneko deialdi hau ez dago sartuta 2025-2027 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, laguntza berria baita, kreditua izanen duena Nafarroako 2026ko Aurrekontu Orokorrak onesten direnean. Horregatik, administrazio espedientean daude zehazturik Nafarroako Gobernuaren 2025eko otsailaren 5eko Erabakiaren 3. puntuko lehenbiziko arauan ezarritakoa betetzeko beharrezkoak diren datuak. Erabaki horren bidez arauak eman ziren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoa egiteko eta ebaluatzeko.

Horrenbestez, indarra duen legerian ezarritakoarekin bat, eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 72/2023 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriaren bidez eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2026ko dirulaguntzen deialdia onestea silver economy ekimenerako gizarte berrikuntzako proiektuak egiteko.

2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 100.000,00 euroko gastua baimentzea, honako xehetasun hauen arabera, kreditu egokia eta nahikoa badago, hori baldintza etengarria izanen baita:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA
(euroak)

G20001-G2100-7819-467303: Silver economy ekimenerako gizarte berrikuntzako proiektuak

2026

100.000,00

Kreditu horri 50.000 euro gehitzen ahalko zaizkio gehienez. Zenbateko hori dirulaguntzei aplikatzeko, ez da beste deialdi bat egin beharko. Gehigarri hori eraginkorra izateko, kreditu gehigarria baimendu behar da.

Kreditu gehigarria laguntzak emateko deialdia ebatzi aurretik onetsi eta argitaratu beharko da. Gastu gehigarriaren igoera baimendu eta argitaratzeak ez du berekin ekarriko eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honen, deialdi honen eta deialdiaren oinarri arautzaileen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal da, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean (lege horrek arautzen du Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa).

Iruñean, 2025eko abenduaren 18an.–Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusia, Rosario Martínez Ortigosa.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da gizarte berrikuntzako proiektuak sustatzea, osagai teknologiko bat dutenak silver economy delakoaren barruan beharrei erantzuteko. Beraz, diruz laguntzen diren gizarte berrikuntzako proiektuen helburua izan behar da Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean 50 urtetik gorako biztanleen osasunaren, ongizatearen, gizarteratzearen eta bizi-kalitatearen arloko beharrak hobetu edo konpontzea.

2. oinarria.–Entitate onuradunak.

1. Laguntza hauen onuradun izaten ahalko dira izaera sozial edo sanitarioa duten irabazi-asmorik gabeko entitateak, baldin eta haien jardueren artean 50 urtetik gorako pertsonen beharretara bideratuta badaude. Entitate onuradunek inskribatuta egon beharko dute Nafarroako Gobernuaren ekonomia sozialeko kategoriaren bateko erregistro espezifikoetan.

2. Ezin dira onuradun izan:

a) Administrazio zehapen irmoa edo kondena epai irmoa betetzen ari direnak sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, ez eta arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain daudenak ere.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan aipatzen diren debekuetako bat hausten dutenak.

3. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Entitate eskatzaileak eskaeran horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

4. Aurreko ataletako baldintzak erantzukizunpeko adierazpen baten bidez frogatuko dira (laguntzen eskaeran dago eskuragarri).

3. oinarria.–Proiektu diruz lagungarriak.

1. Osagai teknologikoa duten gizarte berrikuntzako proiektuak lagunduko dira diruz. Proiektu horiek 2. oinarrian deskribatutako entitateek garatuko dituzte, SINAIko eragileen laguntzarekin (akreditutaturik egonen dira unibertsitatearen, zentro teknologikoaren, ikerketa-zentroaren edo enpresetako I+G+B unitateen kategorian), eta sustatuko dute 50 urtetik gorako biztanleen osasuna, ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzea edo arlo horietako premiei erantzutea.

2. Proiektuan lankidetzan aritu beharko dute entitate onuradunak eta SINAIko eragile batek (akreditutaturik egonen da unibertsitatearen, zentro teknologikoaren, ikerketa-zentroaren edo enpresetako I+G+B unitateen kategorian). Kanpoko lankidetzaren bidez gauzatuko da.

3. Lankidetza horiek bultzatzeko, gutxienez jardunaldi bat eginen da urtarrilean, interakzioa izan dezaten entitateek, SINAIko eragileek (3.2 oinarriaren arabera) eta silver economy mailako pertsonek. Jardunaldia diseinatzean, pertsona erdigunean jarriko da, eta parte hartzeko dinamikak izanen dira, honako hauek azaltzeko:

a) 50 urtetik gorako biztanleen premiak, problemak eta konpondu beharreko erronkak.

b) 3.2 oinarrian zehaztutako SINAIko eragileen potentzial zientifiko, teknologiko eta berritzailea.

c) Nafarroako I+G+B Sistemaren (SINAI) Erregistroan akreditatutako eragileek (3.2 oinarrikoak) entitate onuradunaren kanpoko laguntzaile gisa jardun beharko dute. Azpikontratutako gastu hori ez da izanen jardueraren %30 baino txikiagoa, ez eta aurkeztutako proiektuaren aurrekontuaren %70 baino handiagoa ere.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Honako gastu kategoria hauek hartuko dira diruz laguntzeko modukotzat:

a) Proiektuari lotuta arituko diren langileen gastuak, proiektuan aritzen diren neurrian eta denboran. Gehienez ere 40 euroko dirulaguntza emanen da ordu bakoitzeko.

b) Proiektuan erabilitako materialen gastuak: material suntsikorra eta beste hornigai batzuk. Material horiek beste jarduera batzuetan ere erabiltzeko eskuratuz gero, banaketa irizpide bat beharko da, behar bezala justifikatua, proiektuaren jardueretan erabilitako kopuruaren araberakoa.

c) Kanpoko lankidetzaren gastuak, proiektuan I+G+Bko lanak eta ezagutza teknikoaren gaineko ekarpenak egiten dituzten entitateenak. I+G+Bko zereginak egiten ez dituzten entitateen kanpoko lankidetzako gastuak ere aurkezten ahalko dira, baldin eta 4.2 oinarrian gastu horietarako ezarritako gehienekora iristen ez bada.

2. Azpikontratatutako jardueraren zenbateko osoa izan daiteke, gehienez ere, finantzatutako jardueraren zenbatekoaren %70.

3. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen, proiektuko jarduerekin loturaren bat badute ere:

a) Lizentzia informatikoak edo ekipamendua erostea.

b) Langileen prestakuntzarako gastuak.

c) Proiektuaren dokumentazioari dagozkion gastuak.

d) Aholkularitza eta ziurtapen gastuak, proiektuaren kudeaketa administratiboari eta dirulaguntzen eskaerak tramitatzeari lotutakoak.

e) Administrazio gastuak eta bulegoko materialarenak.

f) Bidaia gastuak, dietak eta kilometrajea, ostatuarenak eta joan-etorrienak, non ez den frogatzen lotura zuzena dutela proiektuarekin.

g) Proiektua zabaltzeko eta komunikatzeko gastuak.

5. oinarria.–Gauzatzeko aldia.

Diruz lagundutako jarduketak egiteko aldia 2026ko urtarrilaren 1etik 2026ko abenduaren 31 bitartekoa izanen da.

6. oinarria.–Eskaerak aurkeztea eta beharrezkoa den dokumentazioa.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2026ko martxoaren 13an bukatuko, egun hori barne.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak baliabide telematikoen bidez jaso nahi direla, eta, horretarako, gaitutako helbide elektroniko bakar bat (GHEB) eduki beharko da nahitaez.

3. Hauxe da aurkeztu beharreko dokumentazioa, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen araberakoa izan beharko duena:

a) Eskabide telematikoa, 2.4 oinarrian eta 15. oinarrian aipatutako erantzukizunpeko adierazpena erantsita.

b) Jarduketa deskribatzen duen memoria teknikoa.

c) SINAI eragilearen eskaintza tekniko-ekonomikoa.

d) Jarduketaren aurrekontua.

e) Ogasunak emandako agiria, eskatzailea BEZaren kengarritasunaren mende dagoen adierazten duena, eta, hainbanaketa erabiliz gero, zer ehunekotan adierazi beharko da.

4. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu betetzen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak, organo eskudunak entitate interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio hala egin ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

5. Entitate bakoitzak bi eskaera aurkezten ahalko ditu gehienez.

7. oinarria.–Laguntzaren zenbatekoa.

Proiektu bakoitzerako laguntzaren gehieneko intentsitatea onartutako aurrekontuaren %100 izanen da, eta gehieneko zenbatekoa 25.000 eurokoa izanen da eskaera bakoitzeko.

8. oinarria.–Laguntza emateko prozedura.

1. Laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko, 9. oinarrian ezarritako balorazio irizpideekin bat.

2. Eskaerei laguntza esleituko zaie puntuazioaren araberako lehentasun-hurrenkerari jarraituz, aurrekontu kreditu erabilgarria agortu arte. Entitate bakoitzak gehienez ere proposamen baterako dirulaguntza jasoko du. Hala ere, lehenengo txandan eskaera guztiei erantzun ondoren kreditu erabilgarririk balego, handitzen ahalko litzateke entitate bakoitzari diruz laguntzen zaizkion proposamenen kopurua (bi, gehienez) bigarren txanda batean, kreditua agortu arte, betiere aurreko 1. puntuan aipatutako lehentasun-hurrenkeran agertzen badira.

9. oinarria.–Balorazio irizpideak.

1. Balorazioa irizpide hauen arabera eginen da:

BALORAZIO IRIZPIDEAK

GEHIENEKO
PUNTUAZIOA

1) Kalitate zientifikoa eta teknikoa

40

1.1. Helburuak

15

1.2. Eragin zientifiko-teknikoa

15

1.3. Aurrekontuaren egokitasuna

10

2) Gizarte berrikuntzaren maila

40

2.1. Berritasuna

10

2.2. Gizarte premiak

10

2.3. Erlazioen eraldaketa

10

2.4. Inplikazioa

10

3) Zeharkako irizpideak

20

3.1. Genero ikuspegia

5

3.2. Lurralde kohesioa

5

3.3. Euskara

5

3.4. Irisgarritasuna

5

GUZTIRA

100

1) Proiektuaren kalitate zientifikoa eta teknikoa (40 puntu):

1.1. Helburuak: argitasuna eta egokitasuna baloratuko dira; ondo zehaztuta egon behar dute, eta proiektuaren xedera behar bezala bideratuta; baloratuko da, orobat, nola deskribatzen diren ekintzen tipologia, egutegia eta helburuen jarraipena egiteko adierazleen proposamena (15 puntu).

–Proiektuaren helburuak egokiak eta argiak dira (5 puntu).

–Helburu bakoitza lortzeko ekintzak eta haien egutegia deskribatzen dira (5 puntu).

–Helburuen jarraipena egiteko adierazleak deskribatzen dira (5 puntu).

1.2. Eragin zientifikoa eta teknikoa (15 puntu). Alderdi hauek baloratuko dira:

1.2.1. Planteamenduaren sendotasuna (5 puntu).

1.2.2. Berrikuntza teknologikoaren maila: zer neurritaraino den asmo handiko proposamena; berrikuntza-potentziala; zer zentzutan doan arte-egoeratik harago (bide berriak urratu ditzaketen helburuak eta kontzeptu eta planteamendu berriak) (5 puntu).

1.2.3. Proposatutako planteamenduaren sinesgarritasuna: aurretiazko zer emaitzak babesten duten proposamena, irismena eta erronka teknologikoa, arriskuak eta arriskuei nola helduko zaien (5 puntu).

1.3. Aurrekontuaren egokitasuna (10 puntu): proiektua ezartzeko baliabideak argi eta garbi definituta daude:

1.3.1. Proposamena gauzatzeko aurrekontuaren justifikazioa giza baliabideei eta baliabide materialei dagokienez, dedikazioaren eta kostuaren ikuspegitik (5 puntu).

1.3.3. Proiektuari egotzitako gastu-partida bakoitza xehe-mehe deskribatuta eta kuantifikatuta dagoen, eta partidak beharrezkoak diren eta lotura duten proiektuaren jarduerekin (5 puntu).

2) Gizarte berrikuntzaren maila (40 puntu):

2.1. Berritasuna: proiektua berritzailea da edo hobekuntza nabarmena dakar 50 urtetik gorakoentzat (10 puntu).

2.2. Erronka edo premia soziala: proiektuak silver economy delakoaren premia sozialei heltzen die (10 puntu).

2.3. Entitateen arteko gizarte harremanak eraldatzea: proiektuak aukera ematen du entitate parte-hartzaileen artean etorkizunean lankidetza-konpromisoak hartzeko (10 puntu).

2.4. Inplikazioa: proiektuak balioa ematen dio erabiltzaileen inplikazioari, ekintza zehatzen bidez (10 puntu).

3) Zeharkako irizpideak (20 puntu):

3.1. Genero-ikuspegia: proiektuak kontuan hartzen du abiapuntu egoera desberdina duten emakumeek eta gizonek (5 puntu).

3.2. Lurralde-kohesioa (5 puntu): proiektua aurkezten duen entitatearen kokalekua:

–Iruñetik eta Iruñerritik kanpo, 1.500 biztanletik gorako udalerri batean (3 puntu).

–Iruñetik eta Iruñerritik kanpo, 1.500 biztanletik beherako udalerri batean (5 puntu).

3.3. Euskara: proiektuak euskara hutsean edo bi hizkuntzetan egiten du deskribatutako ekintzaren bat (5 puntu).

3.4. Irisgarritasuna: proiektuak kontuan hartzen du desgaitasunen bat duten pertsonen irisgarritasuna, eta neurri espezifikoak proposatzen ditu horretarako (5 puntu).

2. Aurreko atalean biltzen diren irizpideen arabera proposamenak ebaluatu ondoren, laguntzak kudeatzen dituen organoak zerrenda bat prestatuko du aurkeztutako proposamen guztiekin, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta.

3. Berdinketarik bada, 2. atalean lortutako puntuazioa hartuko da kontuan hura hausteko. Berdinketak jarraituz gero, 3. eta 1. ataletan lortutakoa hartuko da kontuan, hurrenez hurren, berdinketa desegin arte.

4. Proposamenak finantzatzeko, zerrendako lehentasun-hurrenkerari jarraituko zaio, betiere gutxienez 50 puntu lortu badituzte.

10. oinarria.–Laguntzak ematea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio. Proposamen horretan adieraziko da entitate onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak.

Ebazpen proposamenean honako hauek jasoko dira gutxienez:

a) Entitate onuradunen zerrenda, honako hauek adierazita: entitate onuradunak aurkeztutako aurrekontua, oinarri arautzaileak aplikatu ondoren organo kudeatzaileak onartutako aurrekontu diruz lagungarria, eman beharreko laguntzaren zenbatekoa eta justifikatu beharreko aurrekontua.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanda.

2. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusia izanen da dirulaguntzak nori eman ebazteko organo eskuduna. Ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, telematika bidez, eskatzaileen GHEBan, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita.

Epe horretan berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa paratzea, zeina zuzendu behar baitzaio Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari, jarraikiz administrazio prozedura erkideari buruzko legediari.

11. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketak justifikatzeko epea eta modua.

1. Beranduenez ere 2026ko azaroaren 30ean, entitate onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Gastuaren deklarazioa, eta, beharrezkoa bada, abenduan eginen den gastuaren aurreikuspena.

b) Egindako jarduketaren aurretiko memoria.

Aipatutako gastuaren deklarazioa aurkezteko unean jarduketa amaituta badago, hurrengo epigrafean aipatutako dokumentazioa aurkeztea onartuko da.

2. Beranduenez ere 2027ko martxoaren 31n, entitate onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Jarduketari buruzko behin betiko memoria.

b) Egindako jardueren kostua frogatzen duen memoria ekonomikoa.

c) Justifikatutako gastuen dokumentazio lagungarria (ordainketa egiaztatzen duten fakturak eta banku ziurtagiriak).

3. Justifikazio agiriak modu telematikoan aurkeztu behar dira beti, laguntzen fitxaren bidez, fitxa horretan eskura dauden ereduei jarraituz.

4. Onuraduna behartuta dago laguntza kudeatzen duen organoak eskatzen dion edozein agiri aurkeztera, beharrezkotzat jotzen bada jarduketen finantzaketa justifikatzeko.

12. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. 11.1 oinarriaren arabera aurkeztutako dokumentazioa aztertuta, laguntzak kudeatzen dituen organoak organo eskudunari igorriko dio konturako ordainketa egiteko proposamena. Proposamen horretan, onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak betetzen dituztela adieraziko da.

2. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusiak ordaintzeko ebazpena emanen du sei hilabeteko gehieneko epean, dokumentazio hori aurkezten denetik zenbatzen hasita. Epe hori etenda geldituko da aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko eskatuz gero.

3. 11.2 oinarrian aipatutako dokumentazioa aztertu ondoren, ebazpen bat emanen da, baliozkotutako zenbatekoa zehaztuko duena. Ebazpen horrek espedientea itxiko du, eta bertan adieraziko da justifikatu ez diren baina ordainduta dauden zenbatekoak itzuli beharko direla, hala den kasuan.

4. Justifikazio agiriak aztertu ondoren egiaztatzen bada eskaeran adierazitako zeharkako balorazio irizpideei buruzko alderdiak aldatu egin direla eta, ondorioz, dirulaguntza jasotzeko lortutako puntuazioa baino puntuazio txikiagoa lortzen bada, laguntzaren zenbatekoa murriztuko da.

5. Laguntzaren ordainketa aurreratua egiten ahalko da, baldin eta entitate onuradunek frogatzen badute diru-funtsak behar dituztela dirulaguntzaren helburuak betetzeko, betiere Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 33. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

13. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Entitate pribatuen kasuan, dirulaguntza emanen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute telematikoki, laguntzen fitxaren bitartez, bertan eskuragarri dagoen eredua erabiliz.

Irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluak eskatutako informazioa emateko betebeharra betetzen ez bada, ez da emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bada, itzuli egin beharko da.

b) Oinarri arautzaile hauetan eta, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean, ezarritako moduan eta epeetan egin eta justifikatu beharko dituzte dirulaguntzaren xede diren jarduketak.

c) Emandako laguntzari esker antolatzen diren ekitaldi, hitzaldi, aurkezpen eta abarren berri ematea organo kudeatzaileari. Egin aurretik eman beharko da haien berri, begira@navarra.es eta sinai@navarra.es helbide elektronikoetara idatzita.

d) Organo kudeatzaileari jakinaraztea dirulaguntzaren xede den proiektuaren garapenean eta kudeaketan izandako aldaketak. Aldaketa horiek ez dute onartuko laguntzak onartzean berariaz baztertutako gasturik, ezta 4.3 oinarrian baztertutakoak ere. Nolanahi ere, emandako laguntzaren zenbatekoa ez da handituko.

e) Diruz lagundutako jarduketen inguruan sortzen den dokumentazio guztian eta haiek zabaltzeko materialetan hizkera inklusibo eta ez-sexista erabiliko da, eta begiratuko da berdintasunezko irudi bat transmititzen dela, genero rolei lotu gabekoa eta aniztasun irudia emanez, bai emakumeei, bai gizonei dagokienez, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 21. artikuluan xedatutakoarekin.

f) Entitate onuradunek, diruz lagundutako jarduketaren argitalpen bat edo aipamen publiko bat eginez gero, adierazi behar dute Nafarroako Gobernuak finantzatua dela. Aipamen horretan testu hau edo antzekoa sartuko da:

"Nafarroako Gobernuak jarduketa hau finantzatu du, silver economy ekimenerako gizarte berrikuntzako proiektuak egiteko 2026ko deialdiaren barnean".

"Nafarroako Gobernua" terminoaren ordez, Nafarroako Gobernuaren logoa erabil daiteke, hemen eskuratu daitekeena: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala.

Era berean, "jarduketa hau" terminoaren ordez, gauzatzen den jarduketaren deskribapena erabil daiteke.

g) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Gertatzen ahal diren ez-betetzeak mailakatzeko, irizpide hauek erabiliko dira:

a) Justifikazio agiriak aztertuta ondorioztatzen bada dirulaguntzaren helburuak nabarmen eta erabat bete gabe gelditu direla, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

b) Helburuak hein batean bete gabe gelditzen badira, c) Zeharkako irizpideak multzoan puntuatzen duten alderdiak tartean, dirulaguntza kobratzeko eskubidea hein batean galduko da, proportzioan, ez-betetzea norainokoa den.

Goian aipatutako ez-betetzeen arrazoiak ezin bazaizkio onuradunari egotzi, edo ezinbesteko kausaren bat gertatzen bada, laguntzak kudeatzen dituen organoak proposatzen ahalko du ez dadila deklaratu laguntza kobratzeko eskubidearen galera.

c) Ez badira betetzen deialdi honetan ezarritako betebehar formalak, eta finkaturiko epeak 10 egunez edo gehiagoz ez badira gainditzen, ordaintzekoa den laguntza %5 gutxituko da. Deialdi honen ondorioetarako, betebehar formaltzat jotzen dira diruz lagundutako jarduera justifikatzeko agiriak (11. oinarrian adierazitakoak) aurkeztearen ingurukoak eta 13. oinarriaren betebeharrean ezarritakoa. 1.a.

14. oinarria.–Laguntzen bateragarritasuna.

1. Dirulaguntza hauek bateragarriak dira helburu berarekin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Espainiako zein atzerriko beste administrazio publiko batzuek edo beste edozein entitate publiko edo pribatuek edota partikularrek ematen dituzten laguntzekin.

2. Diruz lagundutako jarduketetarako emandako laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu, inola ere, jarduera horien aurrekontu diruz lagungarriaren %100.

3. Eskatzaileak dirulaguntzaren xede diren jarduketak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri eman beharko dio laguntzak kudeatzen dituen organoari. Hain zuzen ere, eskaera aurkezten den unean emanen da horren berri; gero, jakin bezain laster, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzean.

15. oinarria.–"De minimis" laguntzak.

Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 Erregelamenduan ezarritakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamendurako Itunaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da (2023ko L 352. EBAO, abenduaren 15ekoa).

Aipatu erregelamenduarekin bat, enpresa bakar bati hiru urteko zerga-ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 300.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, onuradunek aitortuko dute, laguntzen eskabidearekin batera erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuta, "de minimis" laguntzarik jaso duten aurreko hiru urteetan.

16. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

I+G+B Zerbitzuak ikusgai jarriko ditu emandako dirulaguntzak, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (http://www.infosubvenciones.es), honako hauek adierazita: deialdia, laguntzak zein aurrekontu kredituri egozten zaizkion, onuradunak eta emandako diru kopuruak.

17. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2516706