Iragarkia
14. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 20a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
380E/2025 EBAZPENA, abenduaren 17koa, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusiak emana, dirulaguntzen deialdi hau onesten duena: ZTBP zentro teknologiko, ikerketa-zentro eta unibertsitateetatik ezagutza transferitzeko laguntza, 2026. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren kodea: 876093.
Zientziari eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legeak hitzaurrean ezartzen duenez, I+G+B izenekoak oparotasuna areagotzen du, bizi-kalitatea hobetzen du eta sormenezko konponbideak ekartzen ditu gure gizartearen erronka handietarako. Era berean, foru lege horren hirugarren kapituluan, neurriak jasotzen dira, besteak beste, ikerketa zientifikoa eta teknikoa, berrikuntza eta ezagutzaren transferentzia sustatzeko, helburua izanik ikerketaren ezagutza errazago transferitzea Nafarroako I+G+Bko sistematik (SINAI) ekoizpen-sarera, gizarte-sarera eta, oro har, gizartera. Bereziki, bikaintasuna sustatzen duten neurriak jarriko dira abian, SINAIko eragileentzako laguntza espezifikoen bidez. Horretarako, baloratuko da zenbat hobetzen diren bikaintasunaren adierazleak, hala nola argitalpenak, patenteak, transferentzia, nazioartekotzea eta industriarekiko kontratazioa. Bestalde, beste neurri batzuen bidez, errendimenduaren araberako laguntza oinarrizkoetarako deialdiak eginen dira, zeinetan finantzaketa egonen baita zentroaren bikaintasunaren mende eta ikerketa- eta transferentzia-gaitasunaren mende.
Aipatutako foru legeak Nafarroako I+G+B Sistemako (SINAI) exekuzioko eragileen erregistroa sortzen du 13. artikuluan, eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariaren otsailaren 28ko 2E/2020 Foru Aginduak exekuzioko eragileen akreditaziorako eta erregistro publikoan inskribatzeko prozedura ezartzen du. Foru agindu horrek eranskinean biltzen du zer transferentzia adierazle bete behar dituzten SINAIn akreditatutako entitate batzuek 2025. urterako, bat etorriz Zientziari eta Teknologiari buruzko Foru Legearen 9.3 artikuluan ezarritakoarekin.
2022ko ekainaren 29an, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana (2021-2025) onetsi zuen. Planaren 3. erronkak zenbait neurri jasotzen ditu SINAIko eragileen I+Gren bikaintasun zientifiko-teknikoari begira, eta ulertzen da jakintza sortu ondoren transferitu egin behar dela, ikerketaren emaitzak gizartera irits daitezen. Ildo horretan, deialdi honek ezagutzaren transferentzia hobetzen lagunduko du, eta interes handiko tresna izanen da, distantziak laburtzen baititu ezagutza sortzen eta aplikatzen duten entitateen artean.
Deialdi hau (ZTBP zentro teknologiko, ikerketa-zentro eta unibertsitateetatik ezagutza transferitzeko laguntza, 2026. Espedientea: 0011-5446-2026-000000) ez dago sartuta 2025-2027 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, laguntza berria baita, kreditua izanen duena Nafarroako 2026ko Aurrekontu Orokorrak onesten direnean. Administrazio espedientean daude zehazturik Nafarroako Gobernuaren 2025eko otsailaren 5eko Erabakiaren 3. puntuko lehenbiziko arauan ezarritakoa betetzeko beharrezkoak diren datuak. Erabaki horren bidez arauak eman ziren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoa egiteko eta ebaluatzeko.
Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 252/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Deialdi hau onestea: ZTBP zentro teknologiko, ikerketa-zentro eta unibertsitateetatik ezagutza transferitzeko laguntza, 2026.
2. Laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.
3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten den aurrekontu-kreditua baimentzea, betiere horretarako kreditu egokia eta nahikoa izatearen baldintzapean:
AURREKONTUKO PARTIDA HONEN BALIOKIDEA DEN PARTIDA: | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
G20001-G2100-4819-467315: ZTBP 26-30 abian jartzeko neurriak | 2026 | 500.000 |
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahal dute eskumena duen jurisdikzio-ordenari zuzendua, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.
Sarrigurenen, 2025eko abenduaren 17an.–Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusia, Rosario Martínez Ortigosa.
ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Xedea.
Laguntza hauen xedea da Nafarroako I+G+B Sistemako (SINAI) exekuzioko eragile akreditatuek jarduerak egitea ezagutza hori errazago transferitzeko ekoizpen-sarera, gizarte-sarera eta, oro har, gizartera, eragile horiek ezagutzaren sortzaileak baitira.
2. oinarria.–Entitate onuradunak.
1. Baldintza hauek betetzen dituzten entitateak izaten ahal dira onuradunak:
a) Nafarroako I+G+B Sistemako (SINAI) exekuzioko eragileak, tipologia hauetako batean akreditatuta eta sartuta daudenak, bat etorriz Zientziari eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legearen 7. artikuluarekin (https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2018/134/0): zentro teknologikoa, ikerketa-zentroa edo unibertsitatea.
b) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.
c) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeraren batean. (https://www.lexnavarra.navarra.es/detalle.asp?r=5904460).
Betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko, 5.4.a) oinarrian adierazitako laguntza eskaeran bertan jasotako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da.
2. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak, zuzenean edota bitarteko telematikoen bidez, datuak egiaztatzeko zerbitzuaren bitartez ziurtagiriak eskura ditzan, frogatzen dutenak entitate eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Entitateak eskaeran horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.
3. Eskaera aurkezten denetik eutsi beharko zaio entitate onuradun izateari, dirulaguntzaren iraunaldi osoan.
3. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak eta gauzatzeko epea.
1. Diruz lagunduko diren jardueren helburua izan behar da sortutako ezagutzaren transferentzia hobetzea eta eremu horretako adierazleak indartzea.
2. Ezagutza transferitzeko jarduketen memoria batean zehaztuko dira egiten diren jarduketak. Memoria horretan, jasoko da zer definizio, kuantifikazio eta lehentasun duten entitate onuradunak garatu eta martxan ezartzen dituzten hobekuntza neurriek. Era berean, jasoko da zer ildo estrategiko landu nahi dituen entitateak eta lan-ikuspegi berezi bat duen 2026an. Helburu hauek izan ditzakete egin beharreko jarduketek:
a) Hasierako diagnostikoa: entitatearen egoeraren azterketa, zehazteko zer aprobetxamendu, eraginkortasun eta efizientziarekin erabiltzen dituen bere baliabideak, sortzen duen ezagutzaren transferentziari dagokionez, bai eta hautemandako ahulezien azterketa ere.
b) Ibilbide-orria zehaztea, barne daudelarik helburuak, lortu beharreko adierazleak, kronograma, aurrekontu zenbatetsia eta jarduketen proposamena, helburua izanik entitatearen ezagutzaren transferentzia hobetzea.
c) Ezagutza teknikoa duten langileak kontratatzea, entitate onuradunaren transferentzia-bulego/unitateetan sartzeko eta eremu horretako jarduerak egiteko.
d) Ikertzaileak transferentziarekin lotutako arloetan sustatzea eta gaitzea.
e) Teknologiak ontzea edo baliozkotzea.
f) Test esperimentalak egitea emaitzen merkatuko baliozkotasuna zehazteko, merkatuko balioa handitze aldera.
g) Prototipoak eta kontzeptu-probak garatzea.
h) Emaitzak babestea: patenteak egiteko azterketak, ezagutzaren babesa, patenteen nazioarteko hedapena PCT prozeduraren bidez eta fase nazionaletan sartzea.
i) Patenteen lizentzia eta/edo teknologia ustiatzeko plana.
j) Merkatu-azterketak eta jarduerak egitea, teknologiaren merkaturatze potentziala ezagutzeko.
k) Arauen azterketa.
l) Balorizatu daitezkeen produktu eta zerbitzuen zorroa egiteko proiektuak.
m) Jarduketen memorian behar bezala zehaztutako beste jarduketa batzuk, eragilearen ezagutzaren transferentzia bultzatzeko helburu argia dutenak.
3. Jarduketak 2026ko urtarrilaren 1etik 2026ko abenduaren 31ra bitarte eginen dira.
4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta laguntzen zenbatekoa.
1. Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira zuzenean eta zalantzarik gabe lotuta daudenak transferentzia planean sartutako jarduerekin:
a) Teknikariak eta laguntzaileak, langile berrien kontratazioa barne, diruz lagundutako jarduketan aritzeko, jarduketak irauten duen bitartean. Gehienez ere 40 ordu izanen dira diruz lagungarriak.
b) Kanpoko zerbitzuak eta lanak kontratatzea, aholkularitza juridikoa barne, baina ez kudeaketa eta izapidetze administratiboko jarduerak.
c) Material suntsigarria.
d) Beste gastu zuzen batzuk: transferentziaren eremuko prestakuntza, jabetza industriala edo intelektuala babesteagatik ordaindutako zenbatekoak.
e) Mugikortasuna: bidaia, lokomozio, ostatu eta mantenu gastuak, jarduketetan aritzen direnen joan-etorriei dagozkienak. Honela mugatuko dira gastuak:
i. Ostatua eta dietak: Nafarroako Gobernuaren 2025eko otsailaren 12ko Erabakian jasotako baldintzetara mugatuta (erabaki horren bidez, jarraibideak onesten dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde publikoen zerbitzuko langileek egiten dituzten joan-etorrietako gastuen arloan): jankide bakoitzeko gehieneko dirulaguntza 24,70 eurokoa izanen da bazkarirako eta 12 eurokoa gosarirako.
ii. Garraioa: norberaren ibilgailua erabiliz gero, 0,36 euro ordainduko dira kilometroko, gehi autobideko gastua (bidesariak) eta aparkalekukoak. Hegazkina, trena edo beste garraio publikoren bat erabiliz gero, gehienez ere turista klaseko txartel arruntaren zenbatekoa ordainduko da.
2. Zeharkako kostuak ez dira diruz lagungarriak izanen.
3. Nafarroako aurrekontu orokorretan edo Estatuko Administrazio Orokorrarenetan jasotako finantzaketa duten entitateen kasuan, gastu diruz lagungarriek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, aurrekoez gainera:
a) Laguntzek kostu marjinalen modalitateari jarraituko diote. Ulertzen da halakoak direla eskatutako jarduketak egiteari dagozkion jarduerak gauzatze hutsak zuzenean sortzen dituen gastuak.
b) Langileria gastuaren barnean, beste finantzaketa publikorik ez duten langileria kostuak bakarrik dira hautagarriak; alegia, ez dira hautagarriak ez administrazio publikoen aurrekontu orokorretan sartuta daudenak, ez laguntza publikoekin finantzatzen direnak.
4. Diruz lagungarria den gastua 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZa kanpo), aholkularitza eta laguntza enpresek zerbitzuak emateko, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza erantsiko ditu, eta hautatutako eskaintza aukeratzeko arrazoiak emanen.
Ez dira hiru eskaintzak erantsi beharko, baldin eta gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu emaile ez badaude edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada.
Lotutako entitate batekin egindako gastuen kasuan, 8.4 oinarrian ezarritako moduan eginen da justifikazioa. Lotutako entitatetzat hartuko dira Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 68.2 artikuluan ezarritako loturaren bat dutenak (erregelamendua uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onetsi zuen).
5. Jarduera ez-ekonomikoak direnez, laguntza gastu diruz lagungarrien %100 izanen da, 6. oinarrian adierazten den mugak kontuan izanda.
6. Deialdi honetako laguntzaren zenbatekoa osagarria izanen da, baldin eta jarduketek dirulaguntza badute Transferentzia Plan Osagarriari lotuta berrikuntza ekosistemetarako ematen diren laguntzen deialdiaren arabera, garapen teknologikorako eta berrikuntzarako zentroaren Ikerketa Zientifiko eta Teknikoaren eta Berrikuntzaren Estatuko 2024-2027 Planaren esparruan.
5. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta bukatuko da, epea mugara iristen den hilaren barnean, argitaratze-egunaren zenbaki bera duen egunean.
2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoko webgunearen bitartez (aurrerantzean, laguntzen webgunea): https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/ayudas-para-la-transferencia-del-conocimiento-desde-centros-tecnologicos-centros-de-investigacion-y-universidades-2026.
Eskaera horretan adierazi beharko da jakinarazpenak telematikoki jaso nahi direla, eta, horretarako, nahitaezkoa da gaitutako helbide elektroniko bakarra izatea (aurrerantzean, GHEb), bai eta Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikorako gaitutako prozeduretan izena emanda egotea ere.
Nolanahi ere, dirulaguntza eskatzeak berekin dakar Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari baimena ematea jakinarazpenak eta entitate eskatzaileekin egiten diren komunikazio guztiak bitarteko telematiko hutsak erabiliz egiteko.
3. Entitate bakoitzak eskaera bakarra aurkezten ahalko du.
4. Hauxe da aurkeztu beharreko dokumentazioa, laguntzen webgunean eskura dauden ereduen arabera:
a) Eskaera telematikoa, 2.1 oinarrian aipatutako erantzukizunpeko adierazpena erantsita.
b) Jarduketen memoria, non zehaztuko baita zer jarduketa eginen den, 3. oinarrian adierazitako irismenaren arabera, Ezagutza Transferitzeko Atalak (aurrerantzean, organo kudeatzailea) zein diren egiaztatu ahal izan dezan.
5. Eskaerak ez baditu betetzen oinarri honetan aipatu baldintzak, organo eskudunak entitate eskatzaileari eskatuko dio gehienez 10 egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
6. oinarria.–Laguntzak ematea.
1. Dirulaguntza norgehiagokako araubidean emanen da, eta, beraz, laguntza emanen zaie jarduketei baldin eta, ebaluatu ondoren, egiaztatzen bada oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituztela.
2. Deialdiaren aurrekontua zati berdinetan banatuko da oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eta garaiz eta behar bezala aurkeztu diren eskaeren artean. Onartutako aurrekontua dagokion laguntza baino txikiagoa bada, laguntza onartutako aurrekontuari egokituko zaio. Azken kasu horretan, aurrekontu erabilgarria zati berdinetan banatuko da berriro gainerako eskaeren artean.
3. Laguntzen organo kudeatzaileak ebazpen proposamena aurkeztuko dio Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusiari (aurrerantzean, organo eskuduna). Proposamen horretan, adieraziko du onuradunak dirulaguntza jasotzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituela.
Ebazpen proposamenean honako hauek jasoko dira gutxienez:
a) Entitate onuradunen zerrenda eta laguntzaren zenbatekoa.
b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanda.
4. Dirulaguntzak emateko eskumena duen organoa. Ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, telematika bidez, onuradunen gaitutako helbide elektroniko bakarrean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.
Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onetsi edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz. Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa paratzea, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legediari jarraikiz.
7. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketen aldaketak.
1. Diruz lagundutako jarduketak gauzatzen ari diren bitartean entitate onuradun batek funtsezko aldaketak egin nahi baditu hasieran onartu eta aurreikusitako jardueretan, beharrezkoa izanen da eskaera egitea aldez aurretik organo kudeatzaileari eta hark berariaz baimentzea.
Funtsezko aldaketatzat hartuko da transferentzia planean hasieran aurreikusitako eta onartutako jarduketak ezabatzea edo hasieran aurreikusi gabeko jarduketa berriak sartzea.
2. Gainerako aldaketetarako ez da aldez aurreko eskaerarik egin beharko, baina jarduketak gauzatzen ari diren bitartean jakinarazi eta modu egokian justifikatu beharko dira 8.2.a) oinarrian adierazitako gauzatze txostenean.
Organo kudeatzaileak ezezkoa ematen ahalko die aldaketei, irizten badie horien justifikazioa ez dela nahikoa.
3. Hasiera batean aurkeztutako jarduketen aldaketek ez dute inola ere ekarriko entitate onuradunari emandako laguntza handitzea.
8. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzeko epea eta modua.
1. Beranduenez ere 2026ko azaroaren 20an, entitate onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
a) Egindako jarduketen aldez aurreko memoria.
b) Gastuaren deklarazioa, eta, beharrezkoa bada, 2026ko azaroan eta abenduan eginen den gastuaren aurreikuspena.
Aipatutako gastuaren deklarazioa aurkezteko unean jarduketa amaituta badago, hurrengo epigrafean aipatutako dokumentazioa aurkeztea onartuko da.
2. Beranduenez ere 2027ko martxoaren 31n, entitate onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
a) Jarduketen behin betiko memoria.
b) Egindako jardueren kostua frogatzen duen memoria ekonomikoa.
c) Justifikatutako gastuaren dokumentazio lagungarria: ordainketa egiaztatzen duten fakturak eta banku ziurtagiriak.
d) Joan-etorrien kasuan, bidaia-gastuak ekarri dituen jarduera egin izana justifikatzen duen dokumentazioa.
e) Langileen gastua justifikatuz gero, nominak, nomina horiek ordaindu izanaren egiaztagiriak eta langileen ordu-dedikazioa.
f) Kasua bada, hornitzailea 4.4 oinarrian adierazitakoaren arabera hautatu izanaren justifikazioa.
g) Hala badagokio, deialdi honetan diruz lagundutako jarduketen beste laguntza batzuen jakinarazpena.
3. Justifikazio agiriak modu telematikoan aurkeztu behar dira beti, laguntzen webgunearen bidez, hartan eskura dauden ereduei jarraituz.
4. Lotutako entitateek eragindako gastuak justifikatzeko, entitate onuradunaren eta hari lotutakoaren arteko faktura eta ordainagiria aurkeztuko dira, eta, gainera, fakturaren kontzeptuak frogatzen dituzten agiriak aurkeztuko dira, entitate onuradunak zuzenean justifikatuko lituzkeen moduan (esaterako, nominak, hirugarren baten faktura materialetarako, etab.).
5. Onuraduna behartuta dago laguntza kudeatzen duen organoak eskatzen dion edozein agiri aurkeztera, beharrezkotzat jotzen bada jarduketen finantzaketa justifikatzeko.
9. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.
1. 8.1 oinarrian ezarritakoarekin bat aurkeztutako gastu aitorpenari dagokion dokumentazioa aztertu ondoren, laguntzaren kudeaketa organoak konturako ordainketa egiteko proposamena igorriko dio organo eskudunari. Bertan, adierazi beharko da onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebeharrak.
2. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusiak ordaintzeko ebazpena emanen du sei hilabeteko gehieneko epean, dokumentazio hori aurkezten denetik zenbatzen hasita. Epe hori etenda geldituko da aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko eskatuz gero.
3. Laguntzaren ordainketa aurreratua egiten ahalko da, baldin eta entitate onuradunek frogatzen badute diru-funtsak behar dituztela dirulaguntzaren helburuak betetzeko, betiere Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 33. artikuluan aurreikusitako bermeekin.
4. Aurreratutako dirulaguntzaren justifikazioa 8. oinarrian dokumentu bidezko justifikazioetarako adierazitako moduan eginen da.
5. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritakoaren arabera, laguntza hauen entitate onuradunek ez dute bermerik eman beharko emandako funtsen aurrerakinak jasotzeko; izan ere, ikerketa erakundeen definizioa betetzen dute, Ikerketa, garapenerako eta berrikuntzarako estatu-laguntzen esparruari buruzko Europako Batzordearen Komunikazioan (2014C 198/01) definitzen diren moduan.
10. oinarria.–Entitate onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Laguntzen onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Entitate pribatuen kasuan, dirulaguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztea telematikaz, laguntzen webgunean eskuragarri dauden ereduak erabiliz.
Betebehar hori ez betetzeak emandako dirulaguntza ordaintzea eragotziko du, hala xedatzen baitu 7. artikuluan irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuak, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasunerako betebeharrak arautzen dituenak (https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2013/187/0), eta, hala badagokio, aurreratutakoa itzuli beharko da.
b) Oinarri arautzaile hauetan ezarritako moduan eta epeetan egin eta justifikatu beharko dituzte dirulaguntzaren xedeko jarduketak.
c) Onuradunek kontabilitate sistema bereizi bat eduki behar dute, edo kontabilitate kode egoki bat, laguntzari lotutako transakzio guztiei dagokienez.
d) Onuradunen kontabilitateak bide eman behar du jarduera ekonomikoak eta ez-ekonomikoak argi bereizteko, baita haietako bakoitzaren kostuak eta finantzaketa ere.
e) Diruz lagundutako jarduketen inguruan sortzen den dokumentazio guztian eta haiek zabaltzeko materialetan hizkera inklusibo eta ez-sexista erabiliko da, eta begiratuko da berdintasunezko irudi bat transmititzen dela, genero rolei lotu gabekoa eta aniztasun irudia emanez, bai emakumeei, bai gizonei dagokienez, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 21. artikuluan xedatutakoarekin.
f) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.
2. Entitate onuradunek betetzen ez badute dirulaguntza emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharren bat, emaniko dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko dute, edo, hala badagokio, laguntzaren dirua itzuli beharko dute, foru lege horren 35. artikuluan xedatuarekin bat.
Gertatzen ahal diren ez-betetzeak mailakatzeko, irizpide hauek erabiliko dira:
a) Jarraipen eta kontrol zientifiko-teknikorako mekanismoen bidez eta frogagiriak azterturik ondorioztatzen bada laguntzaren helburuak nabarmen eta erabat bete gabe gelditu direla, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta, kasua bada, laguntza osorik itzuli beharko da.
b) Helburuak edo jarduketa jakin batzuk partez gelditu badira bete gabe, kobratzeko eskubidea galduko da, edo, kasua bada, dagokion dirulaguntza itzuli beharko da.
Lehenago aipatutako ez-betetzeen arrazoiak ezin bazaizkio onuradunari egotzi, edo ezinbesteko kausaren bat gertatzen bada, laguntzak kudeatzen dituen organoak proposatzen ahalko du ez dadila deklaratu laguntza kobratzeko eskubidearen galera.
3. Aurreko ataletan xedatutakoa gorabehera, arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan araututakoari jarraikiko zaio, edo, bestela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritakoari.
11. oinarria.–Emaitzen publizitatea eta zabalkundea.
Laguntzen deialdi honekin lotuta finantzatutako jardueren inguruan dokumentazio, publizitate, zabalkunde ekitaldi, kartel, kongresu edo bestelako difusio egintzarik egiten badute entitate onuradunek, espresuki aipatu beharko dute horietan guztietan Nafarroako Gobernuak finantzatu dituela.
12. oinarria.–Laguntzen araubidea.
Diruz lagundutako jarduketak entitate onuradunak egiten duen jarduera ez-ekonomikoari dagozkio. Jarduera ez-ekonomikoa honetan definitutakoa da: "Ikerketa eta garapenerako eta berrikuntzarako estatu-laguntzen esparrua" (Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean argitaratua, 2022ko urriaren 28an).
Europar Batasunaren esparru horrek ezartzen duenez, entitate horien jarduera ez-ekonomikoen finantzaketa publikoari ez zaio aplikatuko Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluko 1. apartatuan xedatutakoa, hau da, ez da estatu-laguntzatzat hartuko, baldin eta argi bereiz badaitezke bi jarduera motak (ekonomikoak eta ez-ekonomikoak), baita bakoitzaren kostu eta finantzaketa ere, jarduera ekonomikoari zeharka diruz laguntzea benetan saihesteko.
13. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.
1. Laguntzen eskaera eta entitate eskatzaileek edo onuradunek aurkeztu beharreko dokumentazio guztia modu telematikoan aurkeztuko da, laguntzen webgunearen bitartez.
2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauen gaineko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez eginen dira (GEHb), bai eta herritarren karpetan ere:
https://sede.administracion.gob.es/carpeta/clave.htm
Gaitutako helbide elektroniko bakarra Transformazio Digitalerako eta Funtzio Publikorako Ministerioaren helbidean lortzen ahal da (https://dehu.redsara.es/), eta, horretarako, beharrezkoa da ziurtagiri digitala izatea. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, GHEBa lortzen den helbide berean.
14. oinarria.–Bateragarritasun araubidea.
Deialdi honetan ezarritako laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publikoek, beste entitate batek (publikoa nahiz pribatua izan) edo partikularrek (nazionalak nahiz nazioartekoak izan) gastu diruz lagungarri bererako ematen duten beste edozein dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrerarekin.
Diruz lagundutako jarduketetarako emandako laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu, inola ere, jarduketa horien kostuaren %100.
Edonola ere, entitate onuradunek aditzera eman beharko diote organo kudeatzaileari jarduketei lotutako beste laguntza batzuk lortu dituztela, laguntzen eskaeran berean, edo kanpoko laguntza jaso bezain laster, eta, betiere, 8. oinarrian ezarritako frogagiriak aurkezterakoan.
15. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Organo kudeatzaileak ikusgai paratuko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (www.infosubvenciones.es), honako datu hauek adierazita: deialdia, laguntzak zein aurrekontu kredituri egozten zaizkion, entitate onuraduna eta emandako diru kopuruak.
Era berean, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, laguntzen webgunean ere jakinaraziko ditu, honako hauek adierazita: laguntzak zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaizkien, entitate onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzen helburua.
16. oinarria.–Datuen tratamendua.
Deialdi honetan parte hartzeak berarekin dakar Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak parte hartzen duten entitateen datuak tratatzea.
Datu pertsonalen babesari dagokionez, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren jarduketa bat etorriko da Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrean (2016/679 EB Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoarekin.
Bildutako datu pertsonalen tratamenduaren xedea izanen da ebazpen honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea eta helburu estatistikoetarako erabiltzea. Datu horiek beharrezkoak dira interes publikoaren mesederako misio bat betetzeko, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari emandako ahal publikoak betez. Datuak lagatzen ahalko zaizkie Nafarroako Gobernuko beste organo batzuei, baita beste administrazio publiko batzuei edo kontroleko agintari, epaitegi eta erakunde publikoei ere, beren egitekoak bete ditzaten.
Datuen titularrek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, mugatzeko, ezabatzeko eta transferitzeko eskubideak baliatzen ahal dituzte; horretarako, idatzizko komunikazio bat bidali beharko dute Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari zuzendua (Cabárceno kalea 6, Sarriguren, edo sgt.uitd@navarra.es). Datuen babesari buruzko informazio osagarria eta zehatza laguntzen webgunean kontsultatzen ahalko da.
17. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iragarkiaren kodea: F2516682
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
