14. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IBARGOITI

Ibargoitiko Udalaren ludotekaren funtzionamendu erregelamendua

Ibargoitiko Udalak, 2025eko abenduaren 9an egin osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen Ibargoitiko Udalaren ludotekaren funtzionamendua arautzen duen erregelamendua. 2025eko 184. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 16an, eta, ezarririko jendaurreko aldian ez da alegaziorik edo erreklamaziorik aurkeztu.

Argitara ematen da erregelamenduaren testu osoa, orok jakin dezan, jarraikiz 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedaturikoari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Erabaki honen kontra errekurtso hauetariko bat aurkezten ahal da, hautara:

1. Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik.

2. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazioarekiko Auzien arloan dagokion epaitegiari zuzendua, salbu Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.1 artikuluan ezartzen diren kasuetan; halakoetan Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan aurkeztuko baita.

Idotzinen, 2025eko abenduaren 22an.–Alkatea, Juan María Lecumberri Vera.

UDAL LUDOTEKA ZERBITZUAREN FUNTZIONAMENDU ERREGELAMENDUA

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

Erregelamendu honen xedea da Ibargoitiko Udalaren ludotekaren funtzionamendua arautzea. Hura erabiltzeko tasa ere arautzen da.

2. artikulua. Kokalekua.

Jarduera egiten den lokala Getze Ibargoitiko Kontzejuan dago.

3. artikulua. Kontzeptua.

Ludoteka zerbitzu publiko bat da, eta xede ludiko, zibiko, kultural eta inklusiboa du, bai eta gizarte eta kultura arlokoa ere. Proiektu sozioedukatibo bat lantzen eta gauzatzen du, eta helburu nagusitzat du haurrei eta gazte adingabeei bermatzea jolasteko eta aisialdirako duten eskubidea, eta, horrela, pertsonei laguntzen die beren garapen integralean. Horretarako, jolasak, jostailuak eta beste elementu ludiko batzuk ditu ludotekak.

4. artikulua. Helburuak.

Hona hemen ludotekan egiten diren jardueren helburuak:

a) Haurren harreman sozialak hobetzea ikasgelatik kanpo, eta haurrei laguntzea gizarte- eta komunikazio-trebetasunak eskuratzen eta garatzen, oso erabilgarriak izanen baitzaizkie bizitzan zehar.

b) Jarduera ludikoetarako sarbidea ahalbidetzea, eta beharrezko bizimodu eta ohitura osasungarrien aldeko jarrera hartzea, ongizate pertsonalerako eta bizi-kalitatea hobetzeko.

c) Jarduera ludikoekiko atxikipena sustatzea, gizarteratzeko eta belaunaldien arteko komunikaziorako tresna diren aldetik, eta haurrei material ludikoa eskaintzea, beren gustu, trebetasun eta aukeren arabera.

d) Baliabide ludiko egokiak ematea urritasun fisikoak, psikikoak eta sentsorialak dituzten erabiltzaileei, ahal den neurrian.

e) Bizi-ohitura osasungarriak izatea.

f) Aisialdirako prestakuntza bultzatzea eta talde-jokoa sustatzea, adinaren arabera, hartara sustatzeko elkartasunezko eta partaidetzazko lankidetza.

g) Eguneroko bizitzarako baliagarriak diren gizarte-trebetasunak garatzen laguntzea.

h) Familiek zentroko jardueretan parte har dezaten sustatzea, eta gertuko komunikazioa izatea sustatzen direnean prozesu afektiboak eta familiarekiko harremanak.

i) Gizarteari baliabide gehiago ematea, familia eta lana uztartzen laguntzeko.

5. artikulua. Zerbitzuaren zuzendaritza.

Zerbitzuaren zuzendaria alkatea edo hark eskuordeturiko zinegotzia izanen da. Zerbitzua emateko kontratatzen diren langileek gainbegiratuko dute zerbitzua.

6. artikulua. Erabiltzaileak.

Ludotekaren erabiltzaileak 3 eta 12 urte arteko haurrak dira.

3 eta 12 urte arteko erabiltzaileentzat, dokumentu bat sinatu beharko da, baimentzeko ludotekan egotea eta onartzeko esparruaren barne-funtzionamenduko baldintzak eta erantzukizun-araubidea. Aipatu dokumentua sinatu beharko du adingabearen aitak, amak, tutoreak edo legezko ardura duen beste edozeinek, edo haiek baimenduriko norbaitek. Baimena ludotekan erregistratu behar da. Aldian-aldian eguneratu behar da, baita adingabearen arduradunen inguruabarrak aldatzen direnean ere.

7. artikulua. Erabiltzaile izatea.

Baliabide ireki bat denez, instalazioen edukierak soilik mugatuko du erabiltzaileak onartzea. Plaza baino eskaera gehiago egonez gero, lehentasuna emanen zaie, lehenik eta behin, kide guztiak udalerri honetan erroldatuta dauden familia-unitateetako haurrei, eta, bigarrenik, kontuan hartuko da bi gurasoak lanean ari diren (inguruabar horiek frogatzeko, ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, beharrezkoa izanez gero). Hala eta guztiz ere eskaera gehiegi badaude, jarraituko zaio eskaerak aurkezteko ordenari.

Ludotekak ematen duen zerbitzua hilekoa izaten ahal da, edo noizbehinkakoa, egun jakin batzuetarako. Hileko ludoteka zerbitzua erabiltzeko, dagokion eskaera aurkeztu beharko da, normalean matrikula egiten den unean, Ibargoitiko Udalean edo zentroan bertan. Haurrak urte osoan zehar sartzen ahalko dira, baldin eta plazarik badago. Matrikula irailean egiten duten erabiltzaileek eskaeran adierazten ahalko dute urtean zehar zerbitzua zein hilabetetan erabili nahi duten; gainerakoak plaza libreen menpe egonen dira. Libre geratzen diren plazak betetzeko, itxaron-zerrendara joko da, eta zorrotz jarraituko zaio eskaera-ordenari.

Hezkuntza-premia berezi posibleetarako kupo bat ezartzen ahalko da, gehienez ere %5ekoa. Gainera, aurreinskripziorik gabeko plazen kupo bat ezartzen ahalko da, gehienez ere %5ekoa, larrialdi edo behar sozialeko kasu posibleetarako. Udalaren Gizarte Zerbitzuek baloratuko dituzte kasu horiek. Mota horietako plazetan onartzeko eta horietan zenbat denbora eman zehazteko, aintzat hartuko da zerbitzuko baliabideak egokituta dauden (langileak, espazioak eta abar) eta erabiltzaileak zer behar zehatz dituen.

Inskripzioetako datu pertsonalak isilpekoak eta besterenezinak izanen dira, eta gai hauetarako erabiltzen ahalko dira soil-soilik: ludoteka zerbitzuaren erabilerarekin edo haren gaineko edozein gorabeherarekin zerikusia dutenetarako.

Erabiltzen ahalko dira, halaber, Udalak antolaturiko jardueren berri emateko, baldin eta berariaz horretarako baimena ematen bada, datu pertsonalak babesteko araudia betez.

8. artikulua. Erabiltzaile izateari uztea.

Alkateak dekretatuko du erabiltzaile batek noiz utziko dion erabiltzaile izateari, espedientea ireki eta interesdunari entzunaldia eman ondoren. Hona hemen erabiltzaile izateari uzteko arrazoiak:

a) Erabiltzaile izateko baldintzak betetzeari uztea.

b) Erabiltzaile izateari borondatez uko egitea.

c) Arau-hauste oso astun batengatik zehatzea.

d) Dagokion prezioa behin eta berriz ez ordaintzea.

e) Datu edo dokumentu faltsuak aurkeztea.

9. artikulua. Zerbitzuaren ordutegia.

Udalak funtzionamendu-egutegia eta -ordutegia ezarriko ditu bere autonomiaren esparruan, haurrei arreta egokia emateko eta bizitza pertsonala, familia eta lana bateragarri egiteko, eta arreta berezia jarriko da eskolarik gabeko ordutegian. Hori guztia, bat etorriz bere jarduerekin, eta kontuan hartuta bere proiektuak jolaserako direla.

Zerbitzua, oro har, eskolaz kanpoko ordutegian emanen da larunbat goizetan, irailetik ekainera bitartean (biak barne). Itxita egonen da Espainiako, eskualdeko eta tokiko jaiegunetan eta abenduaren 24an eta 31n.

10. artikulua. Jarduerak.

Hona hemen ludotekako programazioko jarduerak:

1.–Talde-jolas antolatuko saioak.

2.–Jolas libreko saioak: mahai-jokoak, eraikuntzak, jolas sinbolikoa, antzezpen-jolasa, ipuinak kontatzea, trebetasun-jolasak eta abar. Jarduera honek jolas librean aritzen lagunduko du, norberaren nortasuna adierazteko esparru gisa.

3.–Joko eta jolasen trukea: ludotekan dagoen jolasteko materialaren barne mailegua egitea. Erabiltzaileak eskatuko du, eta erabili ondoren itzuliko.

4.–Tailerrak.

5.–Bestelako jarduerak.

11. artikulua. Zerbitzuari atxikiriko teknikariak.

Ludotekako langileek titulazio tekniko egokia edo esperientzia profesionala izan beharko dute haur eta gazteen hezkuntzaren edo sozioanimazioaren arloetan. Eginkizun profesionalei dagokienez, arau honetan eta bat datozen gainerakoetan ezarririkoetara egokituko dira.

Hona hemen ludotekako langileen eginkizunak:

a) Erabiltzaile berriei harrera egitea: harrera, inskripzioak, informazioa eta orientazioa.

b) Taldeak eta orduak antolatzea.

c) Materialaren inbentarioa, sailkapena eta katalogazioa.

d) Pertsona arteko komunikazioa bulkatzea.

e) Parte-hartzea sustatzea.

f) Sormena estimulatzea, taldearen barruan.

g) Hezkuntza-premia bereziak atzematea.

h) Josteta suspertzea eta giro bare eta atsegina eragitea.

i) Animazio soziokulturaleko jarduerak diseinatu eta gauzatzea.

j) Taldekako programa eta jarduera ludikoak sortzea, antolatzea eta gauzatzea.

k) Proiektuak gauzatzea, horretarako lanaren programazioa egitea eta emaitzak ebaluatzea, bai eta esku-sartzeak berritzea ere.

l) Akuilu izatea, taldearen dinamika taldeak berak sor dezan.

m) Ludotekako haur taldearen arduraduna izatea.

n) Ludoteka kudeatu, antolatu eta mantentzeko jardueretan laguntzea.

o) Gurasoekiko solaskidea izatea, ludotekari buruzko informazioarekin erlazionaturiko guztian.

p) Udala informatzea eta harekin koordinatzea.

q) Herriko biztanle guztiei baliabidearen berri ematea.

r) Bertaratzeak, matrikulazioak, altak eta bajak kontrolatzea.

s) Erabiltzaileei ludotekaren funtzionamendu arauak betetzea exijitzea.

12. artikulua. Funtzionamendu jarraibideak.

Alkateak behar beste jarraibide osagarri ematen ahalko ditu ludotekaren funtzionamenduari eta antolamenduari buruz, eta erregelamendu hau aplikatzean sortzen ahal diren zalantzak argitu.

13. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.

Honako hauek egin beharko dituzte erabiltzaileek:

a) Behar bezala erabili ludotekako instalazioak eta materiala, eta saiatu erabilera egoera onean mantentzen.

b) Errespetuzko tratu duina izan jardueren arduradunarekin eta zerbitzuaren gainerako erabiltzaileekin.

c) Ludoteka erabiltzeko erregelamendua bete.

d) Zerbitzuaren arduradunek emandako aginduak eta oharrak bete, instalazioei eta materialari dagokienez eta jarduera programatuak gauzatzean.

e) Sartu eta ateratzeko ordutegiak bete.

f) Erabiltzaileen arduradunek ludotekari atxikiriko langileen jarraibideak bete beharko dituzte.

g) Ekarpena egin, udal ludotekaren prezio publikoak arautzen dituen ordenantza fiskalari jarraituz. Betebeharrak exijitzen ahalko dira, behar bezala egokituta adingabeen adinera.

14. artikulua. Erabiltzaileen eskubideak.

Hona hemen erabiltzaileen eskubideak:

a) Ludotekako jardueretan parte hartzea, beterik ez baldin badago, eta instalazioak eta materiala berdintasunez erabiltzea, adin, espazio eta funtzionamendu arauen arabera.

b) Errespetuzko tratu duina jasotzea ludotekako langileen aldetik.

c) Ludotekan egiten diren jardueren eta programen berri izatea.

d) Zerbitzuari buruzko erreklamazioak eta iradokizunak egitea. Funtzionamendu arauen ale bat eskura izatea une oro.

e) Beren datuak konfidentzialak izatea.

15. artikulua. Arau-hausteak.

Arau-haustea da erregelamendu honetan ezarririko betebeharrak erabat edo hein batean ez betetzea.

1.–Arau-hauste arinak dira:

a) Instalazioak eta materiala behar adinako arretaz ez erabiltzea.

b) Zerbitzuaren arduradunek emandako ohar eta aginduei kasu ez egitea.

c) Lankideak errespetuz ez tratatzea.

d) Gurasoak edo tutoreak hamabost minutu baino gehiago atzeratzea haurrak jasotzeko orduan, hilabete batean hirutan baino gehiagotan gertatzen bada.

2.–Arau-hauste astunak dira:

a) Ludotekako instalazioetan edo materialean, nahita, kalte egitea.

b) Ludotekako gainerako erabiltzaileekin iskanbilak sortzea.

c) Ordena haustea eta programaturiko jarduerak behar bezala egin daitezen galaraztea.

d) Gurasoak edo tutoreak ordubetera arte atzeratzea haurrak jasotzeko orduan, hilabete batean hirutan baino gehiagotan gertatzen bada.

e) Sei hilabetean hiru falta arin egitea.

3.–Arau-hauste oso astunak dira:

a) Ludotekako instalazio edo materialetan kalte handi eta nabarmenak egitea.

b) Eraso fisiko edo moralak.

c) Ludotekatik ondasunak lapurtzea.

d) Ezarririko zehapenak ez betetzea.

e) Gurasoak edo tutoreak ordubete baino gehiago atzeratzea haurrak jasotzeko orduan, hilabete batean hirutan baino gehiagotan gertatzen bada.

f) Sei hilabetean hiru falta astun egitea.

16. artikulua. Zehapenak.

Beti izanen dira adingabeen aita, ama edo tutoreak arau-hausteen erantzule zibil subsidiarioak.

Arau-hauste arinak honako hauekin zehatzen ahalko ditu alkateak: idatzizko kargu-hartzea, edo zerbitzua ezin erabili ahal izatea bost egunez gehienez ere.

Arau-hauste astunak honako hauekin zehatzen ahalko ditu alkateak: eragindako kaltea konpontzeko lanak egitea, edo zerbitzua ezin erabili ahal izatea hamabost egunez gehienez ere. Nolanahi ere, arau-hausleak bere gain hartuko du materialari edo instalazioei eragindako kalteen kostua.

Arau-hauste oso astunak honako hauekin zehatzen ahalko ditu alkateak: ludotekatik behin betiko kanporatzea, edo zerbitzua ezin erabili ahal izatea hogeita hamar egunez gehienez ere. Nolanahi ere, arau-hausleak bere gain hartuko du materialari edo instalazioei eragindako kalteen kostua.

Zehapenak ezartzeko, espediente sumario bat izapidetuko da. Bertan, bost eguneko epea emanen zaie erantzuleei, egokitzat jotzen dituzten alegazioak egin ditzaten. Ezarririko zehapena berehalakoan betearaziko da.

17. artikulua. Araubide ekonomikoa eta finantzarioa.

Ludoteka honako baliabide hauen mende egonen da ekonomikoki.

a) Erabiltzaileen legezko ordezkarien ekarpenak, Udalak zerbitzuaren prezio gisa ezarririko kuoten bidez.

b) Edozein pertsona edo erakunde publiko edo pribaturen dohaintzak, helburu horretarako ematen direnak.

c) Helburu horietarako ematen diren laguntzak eta dirulaguntzak.

d) Udal honen ekarpen ekonomikoak, urteko aurrekontu orokorrean esleituak.

Azken xedapena.–Honako erregelamendu honek indarra hartuko du testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean, eta berariaz aldatu edo ezeztatu arte egonen da indarrean.

ERANSKINA.–LUDOTEKA ZERBITZUKO TASAK 2026. URTEA

  • 120,00 euro urtean, erabiltzaile bakoitzeko.
  • 15,00 euro hilean, erabiltzaile bakoitzeko.
  • 5,00 euro larunbat bakoitzean, erabiltzaile bakoitzeko.

Iragarkiaren kodea: L2516910