Iragarkia
14. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 20a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
379E/2025 EBAZPENA, abenduaren 17koa, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusiak emana, dirulaguntza honen deialdia onesten duena: "Eskualdez gaindiko bikaintasun deialdietan lehia-posizioa hobetzeko laguntzak". Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren kodea: 876105.
Zientziari eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legeak hitzaurrean ezartzen duenez, I+G+b izenekoak oparotasuna areagotzen du, bizi-kalitatea hobetzen du eta sormenezko konponbideak ekartzen ditu gure gizartearen erronka handietarako. Era berean, 21. artikuluak foru lege horren xedea eta helburuak betetzeko aurreikusitako neurriak zehazten ditu, besteak beste bikaintasuna sustatzen dutenak, laguntza berariazkoak emanez Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) eragileei, bikaintasunaren adierazleen hobekuntza baloratuz, esaterako, argitalpenak, patenteak, transferentzia, nazioartekotzea eta industriarekin egindako kontratuak (21.1.g) artikulua).
Ikerketa Zientifiko eta Teknikoaren eta Berrikuntzaren Estatuko 2024-2027 Planean dago, Ikerketarako eta Garapen Esperimentalerako Estatu Programaren barrenean, Erakundeak Indartzeko Estatuko Azpiprograma, eta haren helburua da Espainian dauden ikerketa zientifikoko zentro eta unitateak sendotu eta bultzatzea, hala indartzeko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Espainiako Sistemaren barruan trakziozko eragile estrategiko gisa duten zeregina.
Esparru horren baitan sartzen da "Severo Ochoa Bikaintasun Zentroa" eta "María de Maeztu Bikaintasun Unitatea" akreditazioen eta akreditazio horiei lotutako laguntza publikoen deialdia, sektore publikoko eta irabazi asmorik gabeko ikerketa erakunde pribatuetako bikaintasun zentro eta unitateei zuzendua, hain zuzen ere, lidergo zientifikoa nazioartean egiaztatuta dutenei; izan ere, ahalmen erabakigarria dute, ezagutzan aurrera egiten, inpaktu handiko emaitzak sortzen eta talentua erakartzen laguntzen baitute.
Deialdiak bi helburu ditu. Lehenik eta behin, aitortzea zein diren bikaintasun zentro eta unitaterik onenak, hots, nazioartean duten eraginagatik eta garrantziagatik erreferentzia aldi horretan gailentzen direnak. Bigarrenik, zentro eta unitateek lau urterako prestatutako plan estrategikoak finantzatzea, haien gaitasunak indartzeko eta Espainiako ikerketa lehen postuetan egon dadin laguntzeko.
Gaur egun, Nafarroan, bertan egiten den ikerketa zientifikoa kalitate eta garrantzi handikoa bada ere, ez dago "Severo Ochoa Bikaintasun Zentroa" edo "María de Maeztu Bikaintasun Unitatea" akreditazioa duen entitaterik.
Horretarako, hau da, dagoeneko eskualdez gaindiko bikaintasun deialdietan (bereziki "Severo Ochoa Bikaintasun Zentro" edo "María de Maeztu Bikaintasun Unitate" izateko horietan) parte hartu duten zentro eta unitateen gaitasunak sendotzeko xedez, "Eskualdez gaindiko bikaintasun deialdietan lehia-posizioa hobetzeko laguntzak" deialdia prestatu da. Deialdiaren bitartez lagundu nahi da aurreko ebaluazioetan identifikatutako alderdiak hobetzen, hala eskatzaileen bikaintasun zientifiko eta instituzionala bultzatzeko eta etorkizuneko deialdietan akreditazioa lortzeko aukerak handitzeko; horrek, funtsean, Nafarroako I+D+i delakoaren sistema nazioartera zabaltzen eta nagusi izaten lagunduko du.
"Eskualdez gaindiko bikaintasun deialdietan lehia-posizioa hobetzeko laguntzak" izeneko deialdi hau ez dago sartuta 2025-2027 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, laguntza berria baita, kreditua izanen duena Nafarroako 2026ko Aurrekontu Orokorretan, horiek onesten direnean. Administrazio espedientean daude zehazturik Nafarroako Gobernuaren 2025eko otsailaren 5eko Erabakiaren 3. puntuko lehenbiziko jarraibidean ezarritakoa betetzeko beharrezkoak diren datuak. Erabaki horren bidez jarraibideak eman ziren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoa egiteko eta ebaluatzeko.
Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak,
EBAZTEN DUT:
1. "Eskualdez gaindiko bikaintasun deialdietan lehia-posizioa hobetzeko laguntzak" izeneko 2026ko deialdia onestea.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.
3. 1.300.000,00 euroko gastua baimentzea deialdi honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko, ondotik zehazten den aurrekontu kredituarekin bat, kreditu egokia eta nahikoa badago, hori baldintza etengarria izanen baita:
AURREKONTUKO PARTIDA HONEN BALIOKIDEA DEN PARTIDA: | EKITALDIA | ZENBATEKOA (eurotan) |
G20001-G2100-4819-467306: SINAIko eragileek bikaintasuna lortzeko deialdia | 2026 | 1.300.000,00 |
4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahal dute eskumena duen jurisdikzio-ordenari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.
Iruñean, 2025eko abenduaren 17an.–Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusia, Rosario Martínez Ortigosa.
ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Xedea.
Dirulaguntza honen xedea eta helburua da eskualdez gaindiko bikaintasun deialdietan (bereziki "Severo Ochoa Bikaintasun Zentro" edo "María de Maeztu Bikaintasun Unitate" izateko horietan) parte hartu duten Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) zentro eta unitate nafarren ahalmenak indartzea.
Izan ere, laguntza hauen bitartez lagundu nahi da jasotako ebaluazioetan identifikatutako alderdiak hobetzen, hala eskatzaileen bikaintasun zientifiko eta instituzionala bultzatzeko eta etorkizuneko deialdietan akreditazioa lortu eta hari eusteko aukerak handitzeko. Horrela bultzada emanen zaie SINAIko eragileek garatzen duten ikerketaren bikaintasunari, kalitateari, garrantziari eta nazioarteko inpaktuari, lidergo zientifikoa eta ezagutzan aurrera egiteko ahalmena sustatuz, eta ekarpena eginez, batetik, Nafarroako I+G+b sistemaren posizionamendurako, eta, bestetik, sistema nazioartean ezagutzera emateko.
2. oinarria.–Onuradunak.
1. Laguntza hauen onuradun izaten ahal dira SINAIren Erregistroan akreditatuta dauden eragileak.
2. SINAIko eragileek haiei dagozkion edo haiei atxikitako zentro edo unitateetarako eskatzen ahalko dute laguntza, baldin eta bat badatoz honako ebazpen honen I. eranskineko definizioarekin: Estatuko Ikerketa Agentziaren lehendakariaren Ebazpena, "Severo Ochoa Bikaintasun Zentroa" eta "María de Maeztu Bikaintasun Unitatea" akreditazioak eta akreditazio horiei lotutako laguntzak emateko 2025eko deialdia onesten duena, Ikerketa Zientifiko eta Teknikoaren eta Berrikuntzaren Estatuko 2024-2027 Planaren esparruan (ebazpen horren laburpena 2025eko 100. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 25ekoan).
3. Zentro edo unitate horiek aipatu deialdi horren 6. artikuluan eskatutako baldintzak bete beharko dituzte edo betetzeko moduan egon beharko dute, deialdi horretara eskaerak aurkezteko unean.
4. Halaber, baldintza izanen da zentro edo unitate horiek parte hartu izana "Severo Ochoa" eta "María de Maeztu" akreditazioen aurreko deialdietan, eta Estatuko Ikerketa Agentziak horietan emandako ebaluazio txostena edukitzea.
5. Ezin dira onuradun izan:
a) Administrazio zehapen irmoa edo kondena epai irmoa betetzen ari direnak sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, ez eta arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain daudenak ere.
b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan aipatzen diren debekuetako bat urratzen dutenak.
6. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskabidean, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.
7. Laguntzen eskaeran sartutako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatuko da baldintza guztiak betetzen direla.
3. oinarria.–Jarduera diruz lagungarriak.
1. Laguntzen xede izanen dira entitate eskatzaileek aurkezten duten memoria zientifiko-teknikoan sartuta dauden jarduerak, helburu dutenak zentro eta unitateek nazioartean duten garrantzia, lidergo zientifikoa eta eragina handitzea. Jarduketa horien jomuga izanen da lehiarako ahalmena indartzea eta proposamenak prestatzea etorkizunean "Severo Ochoa Bikaintasun Zentroa" eta "María de Maeztu Bikaintasun Unitatea" akreditazioak lortzeko izanen diren deialdietan aurkezteko, edo dagoeneko duten akreditazioari eusteko.
2. Memoria zientifiko-teknikoak azterketa xehea egin beharko du "Severo Ochoa" eta "María de Maeztu" akreditazioen aurreko deialdietan jasotako ebaluazio txostenetan identifikatu ziren gabezien gainean, eta gabezia horiek zuzentzera eta kontrako ebaluazioa jaso duten alderdiak indartzera bideratutako jardueren sorta zehatza proposatu beharko du.
Memoriak gauzatu nahi diren jardueren plangintza izanen du, barne hartuta kronograma, aurrekontua eta gauzatzeko aldia amaitzean lortu nahi diren helburuak.
3. Aipatutako jarduera horiek entitate eskatzaileak gauzatzen duen jarduera ez-ekonomikoarekin daude lotuta. Jarduera ez-ekonomikoa honetan definitutakoa da: "Ikerketa eta garapenerako eta berrikuntzarako estatu-laguntzen esparrua" (Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean argitaratua, 2022ko urriaren 28an).
Europar Batasunaren esparru horrek ezartzen duenez, entitate horien jarduera ez-ekonomikoen finantzaketa publikoari ez zaio aplikatuko Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluko 1. apartatuan xedatutakoa, hau da, ez da estatu-laguntzatzat hartuko, baldin eta argi bereiz badaitezke bi jarduera motak (ekonomikoak eta ez-ekonomikoak), baita bakoitzaren kostu eta finantzaketa ere, jarduera ekonomikoari zeharka diruz laguntzea benetan saihesteko.
4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.
1. Diruz lagungarriak dira honako gastu hauek, baldin eta memoria zientifiko-teknikoan deskribatutako jardueretan badaude:
a) Ikertzaileak, teknikariak eta laguntzaileak, langile berriak kontratatzea barne, bai eta "Severo Ochoa Bikaintasun Zentroa" eta "María de Maeztu Bikaintasun Unitatea" akreditazioen deialdian aurkeztu beharreko proposamena kudeatu eta prestatzeko lan tekniko-administratiboak eginen dituztenak ere.
b) Software lizentzien urteroko berritzeak eta harpidetzeak, salbu eta generikoak (esaterako, Microsoft Office, etab.).
c) Aholkularitza, "Severo Ochoa Bikaintasun Zentroa" eta "María de Maeztu Bikaintasun Unitatea" akreditazioen deialdian aurkeztu beharreko proposamenak prestatu eta ontzeko.
d) Espainiako edo Europako azpiegitura zientifiko-teknologiko bereziak erabiltzea, bai eta SIESS sistemakoak ere (Scientific Infrastructure and Equipment Sharing System of Navarra).
e) Nafarroako Polo Digitalaren ekipamenduak eta zerbitzuak erabiltzea.
f) Ikerketarako ekipamenduaren mantentze, konpontze eta egokitze lanak.
g) Kanpoko lankidetzak, barne hartuta proiektuen gaineko aholkularitza, aholkularitza estrategikoa eta zaintza teknologikoa, bai eta laguntza tekniko eta legala ere.
h) Entitateak jarduerak gauzatu ahal izateko egin behar dituen beste gastu batzuk:
–"Severo Ochoa Bikaintasun Zentroa" eta "María de Maeztu Bikaintasun Unitatea" akreditazioen deialdira aurkeztuko den proposamenaren itzulpena.
–Ikertzaileen prestakuntza.
–Bidaiak, dietak eta egonaldiak.
–Material bibliografikoa lortu eta kontsultatzea.
–Ikastaro, biltzar eta jardunaldietan izena emateko kuotak.
–Artikulu zientifikoen itzulpena eta argitalpena.
–Espainiako eta nazioarteko ikerketa sareetan parte hartzea.
–Ikerketen emaitzak babestea, jabetza industrialaren erregistroaren bitartez.
–Patenteak erostea edo horien lizentzia lortzea.
–Aurreikusitako jarduerekin edo proiektuekin lotutako transferentzia, hedapen eta dibulgazio zientifikoko jardueren antolaketa gastuak, hala nola kongresuen, sinposioen, ikastaroen, mintegien, jardunaldien, foroen eta erakusketen antolaketakoak, webguneenak eta jarduketatik zuzenean eratorritako beste edozein, jarduketarako beharrezko direnak.
–Antzeko beste gastu batzuk, baldin eta benetan beharrezkoak badira memoria zientifiko-teknikoan jasotako jarduerak behar bezala gauzatzeko.
i) Auditoretza txostenaren kostua ere diruz lagungarria da; 1.500 euro emanen dira, gehienez.
2. Zeharkako kostuak ez dira diruz lagungarriak izanen.
3. Unibertsitate publikoen kasuan eta aurrekontuak Nafarroako Aurrekontu Orokorretan edo Estatuko Administrazio Orokorraren aurrekontuetan sartuta dituzten eragileen kasuan, gastu diruz lagungarriek, gainera, baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Laguntzek kostu marjinalen modalitateari jarraituko diote. Ulertzen da halakoak direla eskatutako jarduketak egiteari dagozkion jarduerak gauzatze hutsak zuzenean sortzen dituen gastuak.
b) Langileria gastuaren barnean, beste finantzaketa publikorik ez duten langileria kostuak bakarrik dira hautagarriak; alegia, ez dira hautagarriak ez administrazio publikoen aurrekontu orokorretan sartuta daudenak, ez laguntza publikoekin finantzatzen direnak.
4. Diruz lagungarria den gastua 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZa kanpo), ondasunen hornidurarako edo aholkularitza eta laguntza enpresek zerbitzuak emateko, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza erantsiko ditu, eta hautatutako eskaintza aukeratzeko arrazoiak emanen.
Ez dira hiru eskaintzak erantsi beharko, baldin eta dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu emaile ez badaude edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada.
Lotutako entitate batekin egindako gastuen kasuan, 10.5 oinarrian adierazitako moduan eginen da justifikazioa, eta ez oinarri honetan ezarritako moduan. Lotutako entitatetzat hartuko dira Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 68.2 artikuluan ezarritako loturaren bat dutenak (erregelamendua uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onetsi zuen).
5. oinarria.–Gauzatzeko aldia.
Diruz lagundutako jarduerak egiteko aldia 2026ko urtarrilaren 1etik 2026ko abenduaren 31 bitartekoa izanen da.
6. oinarria.–Eskaerak eta beharrezkoa den dokumentazioa aurkeztea.
1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta zer egunetan argitaratzen den, hurrengo hilabetean bukatuko da, zenbaki bereko egunean.
2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).
Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak baliabide telematikoen bidez jaso nahi direla, eta, horretarako, gaitutako helbide elektroniko bat (GHE) eduki beharko da nahitaez.
3. Eskaera bat aurkeztu beharko da "Severo Ochoa Bikaintasun Zentroa" edo "María de Maeztu Bikaintasun Unitatea" akreditazioa lortzeko hautagai den zentro edo unitate bakoitzeko.
4. Hauxe da aurkeztu beharreko dokumentazioa, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen araberakoa izan beharko duena:
a) Eskabide telematikoa, 2.7 oinarrian aipatutako erantzukizunpeko adierazpena erantsita.
b) Memoria zientifiko-teknikoa, eduki hau izanen duena:
a. Laburpen exekutiboa.
b. "Severo Ochoa" eta "María de Maeztu" akreditazioen aurreko deialdietan jasotako ebaluazio txostenetan identifikatu ziren gabezien azterketa.
c. Helburu zientifikoak eta jarduketaren beharraren justifikazioa, identifikatutako gabeziekin loturik.
d. Metodologia eta lan-plana, kronograma barne.
e. Espero diren emaitzak.
f. Aurrekontu zehatza eta horren justifikazio teknikoa.
c) Zentro edo unitate eskatzaileak "Severo Ochoa" edo "María de Maeztu" akreditazioen aurreko deialdiren batean parte hartu zuenean jasotako ebaluazioaren txosten zientifiko-teknikoa, ebaluazio irizpide eta azpi-irizpide bakoitzean lortutako puntuazioa adierazten duena.
d) Eskaera formularioa; bertan jasoko da aurreikusitako aurrekontua, jarduerak eta gastu kategoriak banakaturik, eta Estatuko Ikerketa Agentziak "Severo Ochoa" eta "María de Maeztu" akreditazioen deialdien esparruan emandako azken ebaluazioan lortutako puntuazioak.
5. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu betetzen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak, organo eskudunak entitate interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio hala egin ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
7. oinarria.–Laguntzaren zenbatekoa.
1. Laguntzaren gehieneko zenbatekoa, hasiera batean, 450.000 euro izanen da zentro edo unitate bakoitzeko.
2. Lehenbiziko esleipenaren ondotik oraindik ere kreditua baldin badago erabilgarri, soberakin hori onartutako eskaera guztien artean banatuko da, zentro edo unitate bakoitzerako onetsitako aurrekontua inola ere gainditu gabe, 8. oinarrian ezarritakoarekin bat.
3. Emanen den laguntza aurrekontu diruz lagungarriaren %100ekoa izanen da. Laguntza kudeatzen duen organoak onartuko du, aurkeztutako memoria zientifiko-teknikoak berrikusi ondoren.
8. oinarria.–Laguntza emateko prozedura.
1. Dirulaguntzak norgehiagokako prozedura erabiliz emanen dira, hots, eskatzaileen lehentasun-hurrenkera bat ezarriko da, "Severo Ochoa" edo "María de Maeztu" akreditazioen aurreko deialdiren batean parte hartzean jaso zuten ebaluazioko puntuazioaren arabera.
2. Estatuko Ikerketa Agentziaren ebaluazio sistema desberdina izan daitekeenez deialditik deialdira (gehieneko puntuazioa, fase kopurua), honako arau hauek aplikatuko dira, alderaketa bidezkoa dela bermatzeko:
a) Ebaluazioa bi fasetan egin den deialdietan, ebaluazioko bigarren fasean jasotako puntuazioa hartuko da kontuan.
b) Fase bakarreko ebaluazioa egin den deialdietan, fase horretan jasotako azken puntuazioa hartuko da kontuan.
c) Puntuazioa 0 eta 100 bitarteko eskala batera normalizatuko da, honako formula hau erabiliz:
Puntuazio normalizatua = (Jasotako puntuazioa / Gehieneko puntuazioa) x 100
3. Puntuazio normalizatua erabiliko da eskaeren hurrenkera ezartzeko. Laguntzak honela emanen dira:
a) A tartea: 80 puntuko edo gehiagoko puntuazio normalizatua duten entitateak. Lehenbizi, 80 puntuko edo gehiagoko puntuazio normalizatua jasotzeaz gain, ebaluazioa bi fasetan egin den deialdietan lehenengo ebaluazio fasea gainditu duten zentro edo unitateen eskaerei erantzunen zaie.
i. Tarte honetarako erabilgarri dagoen kreditua hartan sartzen diren zentro edo unitate guztien artean hainbanatuko da, zentro edo unitate bakoitzeko 450.000 euroko gehieneneko zenbatekora arte, entitate bakoitzerako onetsitako kreditua inola ere gainditu gabe.
ii. Hasiera bateko esleipen horren ondotik oraindik kreditua baldin badago erabilgarri, soberakin hori ere hainbanatuko da, onetsitako aurrekontura iristea lortu ez duten tarte horretako entitateen artean; 450.000 euroko gehieneko muga eta onetsiko aurrekontua errespetatuko dira, betiere.
iii. Hainbanaketa prozesu hori behar beste alditan errepikatuko da, harik eta tarte horretarako kreditua agortu arte edo entitate guztiek onetsitako aurrekontua edo 450.000 euroko gehieneko muga lortu arte.
b) B tartea: 80 puntu baino gutxiagoko puntuazio normalizatua duten entitateak. Bigarrenik, A tartean sartu ez diren gainerako eskaerei emanen zaizkie laguntzak.
i. Banatu beharreko kreditua, halakorik bada, A tarteko kreditu soberakina izanen da, eta banatzeko prozedura tarte horretarako ezarritakoaren berdintsua izanen da.
c) A eta B tarteetako eskaerei erantzun ostean oraindik ere kreditua baldin badago erabilgarri, soberakin hori aurreko tarteetan onetsitako eskaera guztien artean banatuko da:
i. Soberakina zati berdinetan banatuko da onetsitako aurrekontura iristea lortu ez duten entitate guztien artean; banaketa honetan zilegi izanen da 450.000 euroko gehieneko muga gainditzea, baina ez, inola ere, entitate bakoitzerako onetsitako aurrekontua.
ii. Hainbanaketa prozesu hori behar beste alditan errepikatuko da, harik eta erabilgarri dagoen kreditua agortu arte edo entitate guztiek onartu zaienko aurrekontua lortu arte.
4. Entitate onuradunen batek uko egiten badio esleitutako laguntzari, zilegi izanen da horren ondoriozko kreditua erabiltzea eskatutako aurrekontua baino laguntza txikiagoa lortu dutenen eskaerak osatzeko. Horretarako, 8. oinarri honetan laguntza emateko prozeduran zehaztutako ordenari eta irizpideei jarraituko zaie.
9. oinarria.–Laguntzak ematea.
1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, SINAIren Bikaintasuna Sustatzeko Atalak, ebazpen proposamena eginen dio organo eskudunari, eta bertan adieraziko du entitate onuradunek dirulaguntza jasotzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela.
Ebazpen proposamenean honako hauek jasoko dira gutxienez:
a) Entitate onuradunen zerrenda eta laguntzaren zenbatekoa.
b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanda.
2. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusia izanen da dirulaguntzak nori eman ebazteko organo eskuduna. Ebazpena gehienez bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, telematika bidez, eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoan, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.
Epe horretan berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa paratzea, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legediari jarraikiz.
10. oinarria.–Diruz lagundutako jarduerak justifikatzeko epea eta modua.
1. Onuradunek ondoren azaltzen diren epeetan justifikatu beharko dituzte diruz lagundutako jarduerak:
a) Gastuen aitorpena: 2026ko azaroaren 30era arte.
b) Dokumentu bidezko justifikazioa: 2027ko uztailaren 31ra arte. "Severo Ochoa" edo "María de Maeztu" akreditazioen 2027ko deialdian parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea beranduago amaitzen bada, justifikazio epea amaiera-egun horretaraino luzatuko da, baina ezin izanen da inola ere 2027ko irailaren 30az harago luzatu.
2. Gastuen aitorpenean aurkeztu beharreko agiriak hauek dira:
a) Memoria zientifiko-teknikoan sartutako jardueren gauzatzearen laburpena.
b) Aldi bakoitzean egindako gastuen aitorpena, jardueren eta kontzeptuen arabera banakatuta. Gastuen aitorpen honetan eskaera aurkeztu bitarte egindako gastuak sartu beharko dira, eta 2026ko abenduaren 31ra bitarte eginen den gastuaren estimazioa.
3. Dokumentu bidezko justifikazioan, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Gastuen justifikazioa, justifikazio kontu baten bidez, auditore baten txostena aurkeztuta, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 17ko 136/2013 Foru Aginduan xedatuarekin bat (2013ko 89. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 13koa).
Justifikatutako gastuen gaineko dokumentazioa erantsi beharko da.
b) Memoria zientifiko-teknikoan sartutako jardueren gauzatze txostena.
c) 8.3 oinarrian deskribatutako A tartean sartzen diren entitateek, gainera, egiaztagiri bat aurkeztu beharko dute, frogatzen duena eskaera aurkeztu dutela "Severo Ochoa Bikaintasun Zentroa" edo "María de Maeztu Bikaintasun Unitatea" akreditazioen kasuan kasuko deialdian, 12.1.c oinarrian zehaztutakoari jarraikiz. "Severo Ochoa" edo "María de Maeztu" akreditazioen 2027ko deialdian parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea 2027ko irailaren 30aren ostekoa bada, eta entitateak ez badira aurkeztu 2026ko deialdian, egiaztagiri hori eskuratu eta berehala aurkeztu beharko dute.
4. Justifikazio agiriak modu telematikoan aurkeztu behar dira beti, laguntzen fitxaren bidez, fitxa horretan eskura dauden ereduei jarraituz.
5. Lotutako entitateek eragindako gastuak justifikatzeko, entitate onuradunaren eta hari lotutakoaren arteko faktura eta ordainagiria aurkeztuko dira, eta, gainera, fakturaren kontzeptuak frogatzen dituzten agiriak aurkeztuko dira, entitate onuradunak zuzenean justifikatuko lituzkeen moduan (esaterako, nominak, hirugarren baten faktura materialetarako, etab.).
6. Onuraduna behartuta dago laguntzen kudeaketa organoak eskatzen dion edozein agiri aurkeztera, beharrezkotzat jotzen bada jardueren finantzaketa justifikatzeko.
11. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.
1. Gastuen aitorpena aurkeztu ondoren, konturako ordainketa bat eginen da, aurreko oinarrian adierazitakoaren arabera.
2. Aurkeztutako gastuen aitorpenari dagokion dokumentazioa aztertu ondoren, laguntzaren kudeaketa organoak konturako ordainketa egiteko proposamena igorriko dio organo eskudunari. Bertan, adierazi beharko da onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebeharrak.
3. Konturako ordainketak gehienez sei hilabeteko epean eginen dira, 10. oinarrian eskatutako dokumentazioa aurkezten denetik hasita. Epe hori etenda geldituko da aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko eskatuz gero.
4. Dokumentu bidezko justifikazioa aztertu ondoren, ebazpen bat emanen da, baliozkotutako zenbatekoa zehaztuko duena. Ebazpen horrek espedientea itxiko du, eta bertan adieraziko da jarduerak ez gauzatzeagatik edo behar baino gutxiago gauzatzeagatik proportzionalki dagozkien zenbatekoak itzuli beharko direla, hala gertatzen den kasuan.
5. Laguntzaren ordainketa aurreratua egiten ahalko da, baldin eta onuradunek justifikatzen badute funtsak behar dituztela dirulaguntzaren xedeak betetzeko.
Aurreratutako dirulaguntzaren justifikazioa 10. oinarrian dokumentu bidezko justifikazioetarako adierazitako moduan eginen da.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritakoaren arabera, entitate onuradunek ez dute bermerik eman beharko emandako funtsen aurrerakinak jasotzeko; izan ere, ikerketa erakundeen definizioa betetzen dute, Ikerketa, garapenerako eta berrikuntzarako estatu-laguntzen esparruari buruzko Europako Batzordearen Komunikazioan (2014C 198/01) definitzen diren moduan.
12. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Entitate pribatuen kasuan, dirulaguntza emanen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute telematikoki, laguntzen fitxaren bitartez, bertan eskuragarri dagoen eredua erabiliz.
Irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluak eskatutako informazioa emateko betebeharra betetzen ez bada, ez da emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bada, itzuli egin beharko da.
b) Oinarri arautzaile hauetan ezarritako moduan eta epeetan egin eta justifikatu beharko dituzte dirulaguntzaren xedeko jarduerak.
c) 8.3.a oinarrian deskribatutako A tartean sartzen diren zentro edo unitateen kasuan, "Severo Ochoa Bikaintasun Zentroa" eta "María de Maeztu Bikaintasun Unitatea" akreditazioak eta laguntzak emateko Estatuko Ikerketa Agentziaren 2026ko edo 2027ko deialdira aurkeztea. 2027. urteko deialdia ez bada argitaratzen, entitateak ez dira beharturik egonen hurrengo deialdian aurkeztera.
d) Entitate onuradunen kontabilitateak bide eman behar du jarduera ekonomikoak eta ez-ekonomikoak argi bereizteko, baita haietako bakoitzaren kostuak eta finantzaketa ere.
e) Diruz lagundutako jardueren inguruan sortzen den dokumentazio guztian eta haiek zabaltzeko materialetan hizkera inklusibo eta ez-sexista erabiliko da, eta begiratuko da berdintasunezko irudi bat transmititzen dela, genero rolei lotu gabekoa eta aniztasun irudia emanez, bai emakumeei, bai gizonei dagokienez, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 21. artikuluan xedatutakoarekin.
f) Laguntzen deialdi honekin lotuta finantzatutako jardueren inguruan dokumentazio, publizitate, zabalkunde ekitaldi, kartel, kongresu edo bestelako difusio egintzarik egiten bada, espresuki aipatu beharko da horietan guztietan Nafarroako Gobernuak finantzatu dituela.
g) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri emanen zaio laguntzak kudeatzen dituen organoari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen. Bereziki jakinarazi beharko da 2025eko deialdian "Severo Ochoa Bikaintasun Zentroa" edo "María de Maeztu Bikaintasun Unitatea" akreditazioa lortu izana, hala badagokio.
h) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.
2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
a) Aurreko 1. puntuko c) betebeharra betetzeari dagokionez, arau hauek ezarri dira:
i. Onuradunak ez badu parte hartzeko eskaeraren frogagiria aurkezten dokumentu bidezko justifikazioaren izapidean, dagokion laguntza %25 murriztuko da.
ii. 2027ko deialdia dokumentu bidezko justifikazioa aurkezteko epea iraganda argitaratzen bada, betebehar horretarako epea atzeratuko da, eskaera aurkezten den arte atzeratu ere, eta onuradunak ez badu eskaera aurkezten, dagokion laguntza %25 murriztuko da.
iii. Onuradunak 2025eko deialdian aurkeztu badu eskaera, eta hartan egindako ebaluazioren ondorioz ezin badu parte hartu 2026 eta 2027ko deialdietan, entitateak ez dira beharturik egonen hurrengo deialdian parte hartzera.
13. oinarria.–Laguntzen bateragarritasuna.
1. Dirulaguntza hauek bateragarriak dira helburu berarekin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Espainiako zein atzerriko beste administrazio publiko batzuek edo beste edozein entitate publiko edo pribatuek edota partikularrek ematen dituzten laguntzekin.
2. Diruz lagundutako jardueretarako emandako laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu, inola ere, jarduera horien kostuaren %100.
14. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
I+G+b Zerbitzuak ikusgai paratuko ditu emandako dirulaguntzak, Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (http://www.infosubvenciones.es) argitaratuz, honako datu hauekin: deialdia, laguntzak zein aurrekontu kredituri egozten zaizkion, onuradunak eta emandako diru kopuruak.
15. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
16. oinarria.–Datuen tratamendua.
Deialdi honetan parte hartzeak berekin dakar Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak parte hartzen duten entitateen datuak tratatzea.
Datu pertsonalen babesari dagokionez, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren jarduketa bat etorriko da Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrean (2016/679 EB Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoarekin.
Bildutako datu pertsonalen tratamenduaren xedea izanen da ebazpen honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea eta helburu estatistikoetarako erabiltzea.
Datu horiek beharrezkoak dira interes publikoaren mesederako misio bat betetzeko, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari emandako ahal publikoak betez. Datuak lagatzen ahalko zaizkie Nafarroako Gobernuko beste organo batzuei, baita beste administrazio publiko batzuei edo agintariei, auzitegiei eta kontroleko erakunde publikoei ere, beren egitekoak bete ditzaten.
Datuen titularrek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, mugatzeko, ezabatzeko eta transferitzeko eskubideak baliatzen ahal dituzte; horretarako, idatzizko komunikazio bat bidali beharko dute Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari zuzendua (Cabárceno kalea 6, Sarriguren, edo sgt.uitd@navarra.es). Datuen babesari buruzko informazio osagarria eta zehatza laguntzen fitxan kontsultatzen ahalko da.
Iragarkiaren kodea: F2516681
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
