Iragarkia
14. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 20a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
824E/2025 EBAZPENA, azaroaren 28koa, Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusiak emana, NAEX Talentua Beken 2026ko deialdia onesten duena. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren kodea: 872035.
Nafarroako Nazioarteko Planaren (NNP) helburuetako batzuk dira nafar gizartea trebatzea eta sentsibilizatzea herritar guztiak pertsonalki eta profesionalki garatzeko aukera aprobetxatzeko gai izan daitezen, ingurune global batean. Plan horretan jasotako ekimenetako bat da nazioartekotzearen arloko profesionalak prestatzea, azken hamarkadan garatu diren eta pandemiaren ondorioz finkatu diren nazioartekotze-modu berrietara egokituta egon daitezen.
NAEX Talentua Beken deialdiaren helburua da, lehenik eta behin, beka lortzen dutenei nazioartekotze arloko profesionalen profil berrietarako beharrezkoa den prestakuntza teoriko espezializatua eskaintzea, arestian adierazitakoaren bidetik: nazioartekotze-prozesuen digitalizazioa eta destinoan lan egiteko edo destinoa bera lantzeko behar diren ezagutzak eta gaitasunak. Horretarako, NUPekin batera prestatutako International Business unibertsitate masterra (1. fasea) doan eginen dute beka hauen onuradunek.
Bigarren helburua da destinoan nazioartekotzeari laguntza emateko eginkizunen ezagutza praktikoa eskaintzea bekadunei. Arestiko hori lortzeko, bekadunek egonaldiak eginen dituzte Espainiak ekonomia eta merkataritza bulegoen sarearen baitan atzerrian dituenbulegoetan eta Nafarroako Gobernuari nazioarteko sustapenaren inguruko gaietan laguntzen dioten aholkularitza enpresetan, Nafarroako Nazioarteko Planean helburu diren herrialdeetan (2. fasea).
Eta, azkenik, lortutako ezagutza teorikoak eta praktikoak praktikan jartzeko aukera eskaini nahi zaie bekadunei, Acoge Naex Talento programan parte hartzen duten enpresa edo entitateetan praktikak eginez (3. fasea).
Nafarroako enpresek etorkizunean nazioartekotze-prozesuei behar bezala ekiteko pertsona prestatuak izan ditzaten, beken deialdi hau onesten da.
Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea NAEX Talentua Beken 2026ko deialdia.
2. Onestea bekak emateko oinarri arautzaileak, destino bakoitzari dagozkion zuzkidurak eta onartutako hizkuntza-ziurtagiriak, ebazpen honen I., II. eta III. eranskinetan daude jasota, hurrenez hurren.
3. 576.000 euroko gastua baimentzea gastu-aurrekontu indarduneko "Nazioarteko praktikak" izeneko 810003-81400-4809-146100 partidaren baliokidea izateko asmoz hurrengo ekitaldietan gaitzen diren partiden kargura. Hori guztia, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago ekitaldi horietan, eta honela banatuta:
EKITALDIA | AURREKONTUA |
2027 | 138.000 euro |
2028 | 288.000 euro |
2029 | 150.000 euro |
4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2025eko azaroaren 28an.–Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusia, Iñigo Arruti Torre.
I. ERANSKINA.–2026ko NAEX TALENTUA BEKAK. OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Xedea.
NAEX Talentua Beken programaren xedea da unibertsitate-titulua duten gazteei nazioartekotzearen arloko prestakuntza teorikoa eta praktikoa ematea, Nafarroako enpresek etorkizunean pertsona prestatuak izan ditzaten nazioartekotze-prozesuei behar bezala ekiteko.
2. oinarria.–Onuradunak.
1. Baldintza hauek betetzen dituzten pertsonak izaten ahal dira onuradunak:
a) Nafarroarekin lotura izatea, bai hemen jaio direlako, bai Nafarroako Foru Komunitatean erroldatuta daudelako, gutxienez 2025eko urtarrilaren 1etik edo 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera bost urtez jarraian. Baldintza hori betetzen dela egiaztatzeko, NANa (edo baliokidea) aurkeztu beharko dute, edo errolda-ziurtagiria, Nafarroan jaio ez direnak.
b) 1997ko urtarrilaren 1etik aurrera jaioak izatea. NANa (edo baliokidea) aurkeztuz egiaztatuko da.
c) Graduko unibertsitate-titulu ofiziala izatea.
Hori egiaztatzeko, titulua aurkeztu beharko dute, edo tituluaren eskaeraren ziurtagiria, horretarako ordaindu beharreko eskubideak ordaindu izanaren justifikazio agiriarekin, edo erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu, esanez arestiko dokumentu horietakoren bat 2026ko irailaren 1a baino lehen aurkezteko moduan daudela, arrazoi justifikaturik dagoenean salbu. Azken kasu horretan, ahal bezain laster aurkeztu beharko dute dokumentazioa.
Atzerrian edo publikoak ez diren Estatuko zentroetan lortutako tituluekin batera, agintaritza eskudunak emandako homologazioa aurkeztu beharko dute.
d) Ingeleseko B2 maila izatea, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera. III. eranskinean aipatutako edozein ziurtagiriren bidez egiaztatuko da, 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera eman bada, edo, bestela, ondorio horietarako prestatutako ahozko eta idatzizko probak gainditu beharko dira. Kasu horretan, eskatzaileak aukera hori adierazi beharko du eskaera orrian.
e) Nafarroako Unibertsitate Publikoko (aurrerantzean, NUP) International Business unibertsitate masterrean 2026ko ediziorako onartuta egotea edo master hori aurreko edizio batean gaindituta izatea.
f) Bekari dagozkion zereginak eta jarduerak egiteko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.
g) Aurreko edizio batean beka hauen onuradun ez izatea, masterra hasi aurretik bekari uko egin bazaio izan ezik.
h) Helburu berarekin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Espainiako zein atzerriko beste administrazio publiko batzuek edo beste edozein entitate publiko edo pribatuk edota partikularrek ematen dituzten beste laguntza edo beken onuradun ez izatea.
i) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez urratzea.
Beka eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.
2. Oinarri honetako f), g), h) eta i) letretako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eskaera egiteko inprimakian datorren erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da.
3. oinarria.–Deialdiko bekak.
1. NAEX Talentua Beken deialdi honetan hamabi beka emanen dira, 8. oinarrian ezarritako prozedurari jarraikiz. Hamabi onuradunek International Business unibertsitate masterra (NAEX Talentua Bekak programaren 1. fasea) eginen dute. Horietatik, gehienez ere zazpi pertsona sartuko dira programaren 2. eta 3. faseetan, hurrenez hurren, 9. oinarrian deskribatutako prozeduraren arabera hautatuta.
2. Prestakuntzarako bekak direnez, horiek emateak eta baliatzeak ez dute inolako lan harremanik ekarriko bekadunaren eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren artean, ez eta bekadunaren eta 2. eta 3. faseetan harekin lotuko diren destinoko entitateen artean ere.
3. Bekadunei ematen zaien dirua ez da inola ere soldata edo lansaritzat hartuko, prestakuntzarako laguntza ekonomikotzat baizik.
4. 1493/2011 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat, NAEX Talentua Bekak deialdiaren onuradunek Gizarte Segurantzaren araubidearen babesa izanen dute, eta kontingentzia komunei eta kontingentzia profesionalei dagokiena kotizatuko dute. Ez da egonen langabeziagatik kotizatzeko betebeharrik, ezta Soldatak Bermatzeko Funtsari edo lanbide heziketagatik ere.
4. oinarria.–NAEX Talentua Bekak programaren faseak.
NAEX Talentua Bekak programak elkarren segidako fase hauek ditu:
1. 1. fasea: International Business unibertsitate masterra.
Masterra NUPek emandako unibertsitate-titulu ofizial bat da, eta haren helburua da kanpo-merkataritzan eta nazioartekotzean prestakuntza espezializatua ematea, bekadunek programaren ondorengo faseak behar bezala gauzatzeko behar diren ezagutzak eta trebetasunak eskura ditzaten.
2026ko irailean hasi eta 2027ko ekainean amaituko da.
Onuradunek masterreko kreditu guztiak gainditu beharko dituzte masterreko titulua lortzeko eta programaren 2. fasera igarotzeko.
2. 2. fasea: Praktikak nazioartekotzeari laguntzeko entitateetan.
2. fasearen xedea izanen da bekadunei ezagutaraztea zer tresna publiko dauden enpresei laguntzeko, eta zer programa eta zerbitzu dauden eskuragarri nazioartekotzea sustatzen duten entitate publiko eta pribatuetan. Prestakuntza hori Espainiak atzerrian dituen ekonomia eta merkataritza bulegoen sarean emanen da, 2023ko otsailaren 2an Industria, Merkataritza eta Turismoko Ministerioak eta Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak sinatutako hitzarmenari jarraikiz, edo Nafarroako Gobernuari nazioarteko sustapenean laguntzeko aholkularitza enpresetan. Bekadunek entitate horietan ematen diren zerbitzuetan lagunduko dute eta Nafarroako Nazioarteko Plana destinoko herrialdean zabaltzen, ezarritako prestakuntza planaren arabera.
Fase hau 2027ko uztailean hasiko da, eta hamabi hilabeteko iraupena izanen du. Hasierako eta bukaerako benetako egunak destinoko entitatearekin adostu beharko dira, eta ahal bada, bat etorriko dira entitate horretan ari diren gainerako bekadunen datekin. Praktikaldia hasteko eguna 2027ko maiatzaren 31 baino lehen jakinarazi beharko zaio Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuari (egun hori barne). Hala egiten ez bada, fase honetarako ezarritako zuzkidura %2 murriztuko da. Praktikaldiak iraun bitartean, bekadunaren ordutegia, egutegia eta norberaren aukerako egunak destinoko entitateak ezarritakoaren arabera zehaztuko dira.
2. faseko praktiketan, bekadunek txosten bat bidali beharko dute, hilabete bakoitzeko azken astean, ezarritako ereduaren araberakoa, becasnaextalento@navarra.es helbide elektronikora. Horretan, zer lan eta jarduera egin dituzten eta zein azokatan, misiotan edo ekitalditan parte hartu duten azaldu beharko dute.
Horrez gain, praktikak bukatzen direnetik 10 egun balioduneko epean, praktikei buruzko amaierako memoria bat aurkeztu beharko dute Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko dagokion fitxaren bidez (aurrerantzean, beken fitxa), fitxan bertan eskuratu daitekeen eredua erabiliz: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/becas-naex-talento-2026
Gainera, 2. faseko praktikak bukatzean, destinoko entitateko arduradunak balorazio txostena eginen du, eta han zehaztuko ditu bekadunaren prestakuntza gauzatu den arloak, agindutako eginkizunak betetzeko bekadunak erakutsi dituen jarrera eta prestasuna, eta jardunean iritsitako maila.
Aipatutako txostenak ikusita, organo kudeatzaileak, alegia, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak, epaituko du programaren helburuak bete ote dituzten bekadunek, eta horren arabera jarraitzen ahalko dute bekadunek programaren 3. fasean.
3. 3. fasea: Praktikak enpresa edo entitateetan.
Programaren 3. fasean, bekadunek Acoge NAEX Talento programan parte hartzen duten enpresetan edo entitateetan eginen dituzte praktikak (https://www.planinternacionaldenavarra.es/es/acoge-naex-talento/).
Programaren 3. fasea hasiko da 2. fasea bukatutakoan, eta, betiere, 2028ko irailaren 1a baino lehen, destinoko entitatearekin adostutako egunean, eta hamabi hilabeteko iraupena izanen du. Praktikaldia hasteko eguna Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, gutxienez ere praktikak hasi baino hilabete lehenago. Hala egiten ez bada, fase honetarako ezarritako zuzkidura %2 murriztuko da. Praktikaldiak iraun bitartean, bekadunaren ordutegia, egutegia eta norberaren aukerako egunak destinoko entitateak ezarritakoaren arabera zehaztuko dira.
3. faseko praktikak hastean, destinoko enpresak edo entitateak Espainian prestakuntza egitea eskaintzen ahalko du, gehienez ere hilabetekoa.
Praktikaldia bukatu eta 10 egun balioduneko epean, bekadunek praktikari buruzko bukaerako memoria eta eraginkortasunaren adierazleei buruzko 1. galdetegia aurkeztu beharko dituzte beken fitxaren bidez, fitxan eskuragarri dauden ereduak erabiliz.
Era berean, 3. faseko praktikaldia bukatutakoan, destinoko enpresa edo entitateko tutoreak balorazio txostena aurkeztu beharko du, bertan zehaztuta bekadunaren prestakuntza gauzatu den arloak, agindutako eginkizunak betetzeko bekadunak erakutsi dituen jarrera eta prestasuna, eta jardunean iritsitako maila.
5. oinarria.–Beken zenbatekoa.
1. International Business unibertsitate masterra egitea (NAEX Talentua Bekak programaren 1. fasea) doakoa izanen da onuradunentzat. Masterraren kostu osoa Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako Zuzendaritza Nagusiak finantzatuko du, NUPekin duen hitzarmenaz baliatuz. Bekadunek ez dute inongo zenbatekorik ordaindu behar, eta zuzkidurarik ere ez dute jasoko, fase honetan.
2. Programaren 2. eta 3. faseetara bideratutako zenbatekoa, 576.000 euro, honela banatuko da:
a) 2027ko ekitaldia: 138.000 euro.
b) 2028ko ekitaldia: 288.000 euro.
c) 2029ko ekitaldia: 150.000 euro.
3. Programaren 2. eta 3. faseetan, bekadunek II. eranskinean adierazitako urteko zuzkidura gordinak jasoko dituzte, praktiken destinoko herrialdearen arabera, 10. oinarrian ezarritako moduan.
Zuzkidura horietatik dagokion zerga-atxikipena eta indarrean dagoen legeriari jarraikiz aplikatzekoak diren Gizarte Segurantzako kotizazioen kuota kenduko dira.
Onuradunek 2. eta 3. faseetako praktikekin lotutako gastu guztiak ordaindu beharko dituzte esleitutako zuzkidurarekin, hauek barne: destinoko herrialdera joan eta handik itzultzeko bidaia gastuak; destinoko hiriko ostatuaren, mantenuaren eta joan-etorrien gastuak; bisa lortu eta berritzeko gastuak, eta nahitaezko aseguru bat (istripuak, bidaiak, osasun laguntza eta erantzukizun zibila).
3. fasean, destinoko herrialdera joan eta handik itzultzeko bidaia gastuak, bisa lortu eta berritzeko gastuak eta ezarritako prestakuntza planaren arabera bekadunak egin beharreko jardueren ondoriozko gastuak destinoko entitatearen kontura izanen dira.
6. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2026ko apirilaren 13an bukatuko, egun hori barne.
2. Eskaerak telematikaz aurkeztuko dira nahitaez, beken fitxaren bidez.
3. Bekak eskatzeko, eskatzaileek eskabide telematikoa bete beharko dute, beren datuak adierazita, eta 2.1 oinarriko f), g), h) eta i) letretan onuradun izateko ezarritako betebeharrak betetzen dituztela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena gehitu.
4. Eskabide telematikoa honako agiri hauekin batera aurkeztuko da (dokumentuak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira, zein bere izenarekin):
a) NANeko neurriko argazki bat, berriki aterea.
b) NANa edo baliokidea.
c) Erroldatze-ziurtagiria, Nafarroan jaio ez bada.
d) Curriculum vitaea.
e) Unibertsitateko gradu-titulu ofiziala edo tituluaren eskaeraren ziurtagiria, horretarako ordaindu beharreko eskubideak ordaindu izanaren justifikazio agiriarekin, edo erantzukizunpeko adierazpena, esanez arestiko dokumentu horietakoren bat 2026ko irailaren 1a baino lehen aurkezteko moduan dagoela, arrazoi justifikaturik dagoenean salbu. Azken kasu horretan, ahal bezain laster aurkeztu beharko dute dokumentazioa.
f) Ingeleseko ziurtagiria.
g) NUPeko International Business unibertsitate masterreko inskripzioaren ziurtagiria.
h) Baldin eta Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren kontsultarako baimena ematen ez badu, eskatzaileak tributu-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiriak.
7. oinarrian jasotzen diren balorazio irizpideak frogatzen dituen dokumentazioa.
5. Ingelesa edo frantsesa ez diren atzerriko hizkuntzetan idatzitako dokumentuak entregatu behar badira, Nafarroako Foru Komunitateko edozein hizkuntza ofizialetara itzulita aurkeztuko dira.
6. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
7. 7.2 oinarriko b), c) eta d) letretan adierazitako merezimenduak justifikatzeko dokumentazioa ez aurkeztea ez da zuzentzen ahalko.
8. Beken eskaera aurkezteak adierazten du eskatzaileak oinarri hauetan ezarritakoa onartzen duela.
7. oinarria.–Bekak emateko irizpideak.
1. Beka hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun hurrenkera ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.
Balorazio altuena lortu duten hamabi eskatzaileei emanen zaizkie bekak.
2. Hauek izanen dira eskaerak baloratzeko irizpideak. Eskaerak aurkezteko epea amaitu aurretik aurkeztutako merezimenduak egiaztatzen dituen dokumentazioa bakarrik baloratuko da, graduko titulazioa izan ezik.
a) Ekonomia, Enpresen Zuzendaritza, Finantzak, Ekintzailetza, Marketina, Zuzenbidea, Nazioarteko Harremanak edo Ingeniaritzako unibertsitate-gradua: 15 puntu.
b) Unibertsitate master ofiziala (gutxienez 60 kreditu): 10 puntu, gehienez.
I. Kanpo merkataritza, enpresa kudeaketa, marketina, nazioarteko harremanak edo nazioartekotzea: 10 puntu.
II. Gainerako masterrak: 5 puntu.
c) Ingelesa: 20 puntu, gehienez.
I. C2 maila: 20 puntu.
II. C1 maila: 15 puntu.
d) Atzerriko bigarren hizkuntza (alemana, frantsesa, txinera, errusiera, arabiera, koreera edo japoniera): 15 puntu, gehienez.
I. C2 maila: 15 puntu.
II. C1 maila: 10 puntu.
III. B2 maila: 5 puntu.
e) Proba psikoteknikoa: 15 puntu, gehienez.
f) Elkarrizketa pertsonala, zehazteko ea eskatzailearen profila bekaren helburuetara egokitzen den eta fase bakoitzean bete beharko dituen zeregin eta jardueretara: 25 puntu, gehienez.
3. Eskatzaileek lortutako puntuazioan berdinketa gertatuz gero, hartuko da kontuan c) irizpidean lortutako puntuazioa, eta, berdinketak jarraitzen badu, e) irizpidean lortutakoa, eta, azken buruan, eskaera aurkezten den eguna.
Nolanahi ere, beka emateko baldintza izanen da NUPek eskatzailea behin betiko onartzea International Business unibertsitate masterra egiteko.
4. Baloraziorako a) irizpidea 2.1.c) oinarrian adierazitako dokumentazioaren bidez egiaztatuko da.
5. Baloraziorako b) irizpidea titulua aurkeztuta egiaztatuko da, edo tituluaren eskaeraren ziurtagiria, horretarako ordaindu beharreko eskubideak ordaindu izanaren justifikazio agiriarekin.
Atzerrian edo publikoak ez diren Estatuko zentroetan lortutako tituluekin batera, agintaritza eskudunak emandako homologazioa aurkeztu beharko dute.
International Business unibertsitate masterra aurreko edizioetan gainditu duten eskatzaileen kasuan, titulu hori ez da baloratuko merezimendu gisa.
6. c) eta d) irizpideak III. eranskinean adierazitako ziurtagirietako baten bidez egiaztatuko dira, alemanaren, frantsesaren, txineraren eta errusieraren kasuan, eta agintaritza eskudunak emandako ziurtagiriaren bidez, arabieraren, koreeraren eta japonieraren kasuan; ziurtagiri guztiek 2021eko urtarrilaren 1aren ondoren emanak beharko dute. Ingelesa, frantsesa edo alemanaren maila egiaztatzen ahalko da, orobat, horretarako eginen diren idatzizko eta ahozko proben bidez. Kasu horretan, eskatzaileak aukera hori adierazi beharko du eskaera orrian.
7. Elkarrizketa pertsonala egiteko, deitutako beken kopurua halako bi, gehienez, egiten duen hautagai kopuruari deituko zaio, gainerako irizpideetan lortutako puntuazioaren arabera. Berdinketa gertatuz gero, oinarri honen 3. atalean adierazitakoaren arabera ebatziko da. Proba psikoteknikora edo elkarrizketara agertzen ez diren eskatzaileek, horretarako dei egin bazaie, eskaera bertan behera utzi dutela ulertuko da eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da.
8. oinarria.–Bekak ematea.
1. Bekak kudeatzen dituen organoak, hots, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak, aurreko oinarrian ezarritako balorazio-irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek bekak lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.
2. Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusia da bekak emateari buruz ebazteko organo eskuduna.
Ebazpena arrazoitua izanen da, eta, gutxienez, beka jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta, hala badagokio, ezetsi diren eskaerak jaso beharko ditu.
Halaber, ordezkoen zerrenda bat eginen da, bekak eskuratzeko eskatzen diren baldintza guztiak bete arren onuradunek baino puntuazio txikiagoa lortu duten eskatzaileekin.
3. Ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean emanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, eta eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren (GHEB) bidez jakinaraziko da.
Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago bekak eman edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.
4. Beka eman ondotik onuradunen batek uko egiten badio, irizpide hauek hartuko dira kontuan:
a) Masterra hasi aurretik egiten bazaio uko bekari, oinarri honen bigarren atalean adierazitako ordezkoei ematen ahalko zaie, ezarritako lehentasun ordenari jarraikiz.
b) Masterra hasi ondotik egiten bazaio uko bekari, masterra egiten ari diren ordezkoak soilik hartuko dira kontuan. Kasu horretan, programaren 2. eta 3. faseei dagokien zuzkidura soilik sartuko da bekan.
c) Programaren 2. faseko praktikak hasi ondotik egiten bazaio uko bekari, ordezkoei ematen ahalko zaie, ezarritako lehentasun-ordenari jarraikiz, 9.3 oinarrian xedatutakoa kontuan hartuta, baldin eta masterra gainditu badute eta dagokion destinoko entitatearen prestakuntza- eta hizkuntza-betekizunak betetzen badituzte. Halakoetan, bekak barne hartuko du uko egin duen bekadunarentzat ezarritako bukaera-egunera arte 2. faseri dagokion zuzkiduraren zati proportzionala eta 3. faseko zuzkidura.
9. oinarria.–2. eta 3. faseetako praktiken destinoa esleitzea.
1. Bigarren faseko praktikak egiteko destinoa esleitzeko, 1. fasean organo kudeatzaileak bekadunen zerrenda bat eginen du, hurrenkera ezartzeko irizpide hartuta masterraren lehenengo seihilekoan lortutako batez besteko nota. Puntuazio berdinketak 7.3. oinarrian ezarritakoaren arabera ebatziko dira. Nolanahi ere, 2. fasera igarotzeko ezinbesteko baldintza izanen da masterraren kreditu guztiak gainditzea.
2. Organo kudeatzaileak nafarroa.eus webguneko beken fitxan argitaratuko du zerrenda hori, bai eta 2. faseko praktikak egiteko aukeratzen ahal diren destinoko entitateen zerrenda eta kasu bakoitzeko hizkuntza- edo prestakuntza-betekizunak ere.
3. Zerrenda argitaratu ondoren, batez besteko nota handiena duten zazpi bekadunek hamar egun izanen dituzte 2. faseko praktiken destinoa aukeratzeko formularioa aurkezteko, beken fitxaren bidez, fitxan eskuragarri dagoen ereduaren arabera. Batez besteko nota lehenengo zazpien artean ez duten bekadunak ordezkoen zerrendan sartuko dira gainerakoen aurretik.
4. Organo kudeatzaileak 2. faseko praktiken destinoa esleituko du, aintzat hartuta bekadunen batez besteko nota eta adierazitako lehentasunak, eta ebazpenaren proposamena helaraziko dio organo eskudunari.
Destinoko entitateak hala eskatuta, lanpostu hutsak betetzen ahal dituzten bakarrak hizkuntza- edo prestakuntza-baldintza jakin batzuk betetzen dituzten bekadunak bakarrik badira, lanpostu huts horiek esleitzen ahalko zaizkie aipatu baldintzak bete arren destino horiek aukeratu ez dituzten pertsonei. Esleipen hori loteslea izanen da bekadunarentzat.
5. Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusiak 2. faseko praktiken destinoa esleitzeko ebazpena emanen du, eta adieraziko du destino herrialdearen arabera bekadun bakoitzari dagokion urteko zuzkidura gordinaren zenbatekoa.
Bigarren faserako beken zenbatekoa kalkulatzeko, batez besteko nota altuena lortu duten zazpi onuradunei II. eranskinean adierazitako zenbatekoak esleituko zaizkie, destinoko herrialdearen arabera, deialdi honetan aurreikusitako aurrekontu ekitaldi bakoitzerako baliagarri dagoen aurrekontu kredituaren mugarekin.
6. Hirugarren faseko praktikak esleitzeko, 2. fasean eta, betiere, 2028ko maiatzaren 12a baino lehen, bekadunek praktika-akordio bat lortu beharko dute 4.3 oinarrian adierazitako enpresa edo entitateetako batekin. Akordioa epearen barruan lortzen ez duten bekadunek izaera hori galduko dute, eta ez dute programako 3. fasea egiterik izanen.
Programako 3. faserako praktikak esleitzeko sistema bekadunek eta enpresa edo entitate parte-hartzaileen lehia askean oinarritzen da, Acoge NAEX Talento plataformaren bidez.
Bekadunak, praktikak eginen dituen enpresak edo entitateak eta Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak sinatuko duten lankidetza-akordioaren dokumentuan jasoko dira praktiketarako akordioaren baldintzak.
Praktika egiteko enpresa edo entitatearen destinoko herrialdea, ahal dela, 2. fasea egin den herrialde bera izanen da. Hirugarren faserako praktikaren destinoko herrialdea aldatzeko eskaerak, 2. faserako baino zuzkidura handiagoa badakarte, praktiken akordioa lortu den dataren ordenaren arabera onetsiko dira, deialdian aurrekontu-ekitaldi bakoitzerako aurreikusitako aurrekontu-kreditu erabilgarria agortu arte. Destinoko herrialdea aldatzea onesteko aurrekontu nahikorik ez badago, praktikaren iraupena proportzioan murrizten ahalko da, zenbateko erabilgarriaren arabera, horren ondorioz iraupena 10 hilabetetik beherakoa ez bada. Kasu horretan, ez da onartuko praktika destino horretan egitea, eta praktikarako akordioa egin beharko da praktikak aurrekontu erabilgarria duen beste destino batean eskaintzen dituen enpresa edo entitate batekin.
7. Bekadunek 3. faserako praktiketarako akordioa lortu ondoren, Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusiak 3. faseko praktiken destinoa esleitzeko ebazpena emanen du. Ebazpen horretan, bekadun bakoitzari destinoko herrialdearen arabera dagokion urteko zuzkidura gordinaren zenbatekoa adieraziko da.
Beken zenbatekoa kalkulatzeko, aipatu aldi horretarako, bekadunei esleitu zaien destinoko herrialdearen arabera II. eranskinean adierazitako zenbatekoak esleituko zaizkie, deialdi honetan aurrekontu ekitaldi bakoitzerako aurreikusitako aurrekontu kreditu baliagarriaren mugarekin.
8. Praktiken destinoa esleitzeko ebazpenak Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez aldatzen ahalko dira, arrazoi hauek daudenean:
a) Destinoko herrialde baterako behar diren bisa edo baimenak lortzea ezinezkoa dela egiaztatzen denean, eta horren arrazoia bekadunari egotz ezin zaionean; kasu horretan, beste destino bat esleituko zaio eta hasieran emandako zuzkidura egokituko da, aurrekontu baliagarria izanez gero.
b) Bekaren eginkizunetan aritzeko baldintzak mehatxu egoeran badaude, destinoko entitateari egozten ahal zaizkion edo entitatean eragina duten arrazoiengatik, edo destinoko lekuan nahasmen handia edo segurtasuna mehatxatua badago; kasu horretan destino berria esleituko da, aldi baterako edo behin betiko, eta hasieran esleitutako zuzkidura egokituko da, aurrekontu baliagarria izanez gero.
c) Destinoko entitateak praktikak aldez aurretik amaitutzat ematen baditu bekadunari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik, ahal denean destinoko beste entitate bat esleituko zaio eta, hala badagokio, hasieran emandako zuzkidura doituko da, aurrekontu baliagarria izanez gero. Praktika berria hilabeteko epean erabaki beharko da, 3. fasearen kasuan.
d) Gerora sortutako beste inguruabar batzuk gertatzen direnean, eta, horien ondorioz, praktiken iraupena edo destinoa aldatu behar denean, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren irizpidearen arabera.
10. oinarria.–Beken ordainketa.
1. Zuzkiduren ordainketa, 2. eta 3. faseetan, era honetan eginen da:
a) 2. fasea:
I. Programaren 2. faserako emandako zenbatekoaren %30 2027an ordainduko da, fase horretarako destinoa esleitu ondotik, bekadunak aukera izan dezan praktiken hasierako gastuak ordaintzeko, esaterako, bidaia gastuak eta destinoko ostatu gastuak.
II. Programaren 2. faserako emandako zenbatekoaren %20 2027. urtean zehar ordainduko da, bekadunek praktikaldia hasi ondoren, behar diren hileko ordainketetan banatuta.
III. Programaren 2. faserako emandako zenbatekoaren gainerako zatia (%50) 2028. urtean zehar ordainduko da, behar diren hileko ordainketetan banatuta.
b) 3. fasea:
I. 3. faserako onartutako zenbatekoaren %30 2028an ordainduko da, fase horretarako destinoa esleitu ondoren.
II. 3. faserako onartutako zenbatekoaren %20 2028. urtean zehar ordainduko da, bekadunek praktikaldia hasi ondoren, behar diren hileko ordainketetan banatuta.
III. 3. faserako onartutako zenbatekoaren gainerako zatia (%50) 2029. urtean zehar ordainduko da, behar diren hileko ordainketetan banatuta.
11. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. NAEX Talentua Beken onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Emandako beka onartzea. Alde horretatik, beka emateko ebazpena jakinarazi eta bost eguneko epean onuradunek berariaz eta idatziz bekari uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.
b) International Business unibertsitate masterreko eskolen eta jardueren %90era gutxienez joatea.
c) Hirugarren faseko praktiketarako akordioa epe barruan lortzea eta dagokion lankidetza-hitzarmena sinatzea.
d) Programaren 2. eta 3. faseetarako, destinoko herrialdeak eskatzen dituen bisak, txertoak eta baimenak izatea, eta ezbeharrak, bidaiak, osasun laguntza eta erantzukizun zibila estaltzen dituen aseguru bat lotzea, herrialde hartara joan aurretik.
e) Epe barruan jakinaraztea 2. eta 3. faseetako praktikak hasteko data.
f) 2. eta 3. faseetan, adostutako datan hastea lanean destinoko entitatean, horien funtzionamendu-arauak, ordutegia eta egutegia betetzea, eta ezarritako prestakuntza planean adierazitako zereginak betetzea dedikazio esklusiboarekin, errendimenduarekin eta behar adinako aprobetxamenduarekin.
g) Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren eta destinoan izendatutako tutorearen gainbegiradapean egotea, eta programaren garapen egokian eragina duen edozein gorabeheraren berri ematea Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuari.
h) Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuari igortzea 4. oinarrian adierazitako dokumentazioa.
i) Beken fitxan eskura dauden eraginkortasun adierazleen bi galdetegiak aurkeztea: 1. galdetegia, praktikak bukatutakoan (frogagiriekin batera), eta 2. galdetegia, berriz, praktikak bukatu eta sei hilabete igarota.
j) Xede bererako beste beka batzuk lortuz gero, horren berri ematea organo kudeatzaileari, 12. oinarrian ezarritakoaren ondorioetarako. Jakin bezain laster egin behar da komunikazio hori.
k) Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak beken zabalkunderako egiten dituen jardueretan parte hartzea.
l) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.
2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako beka kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Orobat, aurreko betebehar horietakoren bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko bekaren zenbatekoa berriro ere doitzen ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.
3. Ez bada betetzen oinarri honetako lehen ataleko b) letrako betebeharra, ezinbesteko arrazoiak izan ezean, bekadunak onuradun izateari utziko dio, eta ez du programaren hurrengo faseetan parte hartzen ahalko. Era berean, International Business unibertsitate masterreko matrikularen zenbatekoa ordaindu beharko dio NUPi.
4. Bekari uko eginez gero, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren iritziz justifikaziorik ez duten arrazoiengatik, programaren 1. fasean zehar edo 2. fasea hasi aurretik, onuradunak International Business unibertsitate masterreko matrikularen zenbatekoa ordaindu beharko dio NUPi.
5. Destinoko entitateak praktikak bukatutzat ematen baditu behar baino lehen, bekadunari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik, eta Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren iritziz erabaki hori justifikatuta badago, onuradunak fase horri egotzirik ordura arte jaso dituen zenbatekoak itzuli beharko ditu.
12. oinarria.–Beken bateragarritasuna.
NAEX Talentua Bekak bateraezinak dira helburu bera duten bestelako bekekin, 2.h) oinarrian ezarritakoaren arabera.
13. oinarria.–Araubide juridikoa.
Deialdi hau oinarri arautzaile hauetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera arautuko da.
14. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.
1. Beken eskaera eta interesdunek erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, beken fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.
2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta beka hauek emateko prozeduran beharrezkoak diren gainerako komunikazioak interesdunen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GHEB) eginen dira. Jakinarazpen edo komunikazio horren bidalketaren berri emanen da eskatzaileak jarritako helbide elektronikoaren bitartez.
15. oinarria.–Emandako beken publizitatea.
Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako bekak, Ogasun Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, beka zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.
Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren beken fitxan ere argitaratuko dira.
16. oinarria.–Datu pertsonalen babesa.
Datuak babesteko indarrean dagoen araudiaren arabera, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak tratatuko ditu datu pertsonalak, deialdi honetako bekak emateko eta haien kudeaketa, jarraipena eta kontrola egiteko.
Datu pertsonalak babesteko eskubideak departamentu horretan baliatzen ahal dira, beken fitxan adierazitako moduan.
17. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.
II. ERANSKINA.–NAEX TALENTUA BEKEN URTEKO ZUZKIDURA GORDINAK
2. ETA 3. FASEETARAKO, DESTINOKO HERRIALDEAREN ARABERA
DESTINOA | ZENBATEKOA |
ALEMANIA | 28.050 euro |
ANGOLA | 41.600 euro |
SAUDI ARABIA | 41.100 euro |
ALJERIA | 29.000 euro |
ARGENTINA | 33.300 euro |
AUSTRALIA | 42.000 euro |
AUSTRIA | 28.200 euro |
BELGIKA | 28.500 euro |
BOLIVIA | 25.400 euro |
BRASIL | 28.050 euro |
BULGARIA | 23.900 euro |
KANADA | 31.150 euro |
KOLONBIA | 25.100 euro |
TXILE | 28.700 euro |
TXINA | 34.600 euro |
TXINA (Hong Kong) | 43.700 euro |
HEGO KOREA | 32.500 euro |
BOLI KOSTA | 32.500 euro |
KROAZIA | 24.300 euro |
KUBA | 35.300 euro |
DANIMARKA | 35.700 euro |
EKUADOR | 27.400 euro |
ESTATU BATUAK (erdialdea) | 45.900 euro |
ESTATU BATUAK (ekialdeko kosta) | 44.950 euro |
ESTATU BATUAK (New York) | 51.500 euro |
ESTATU BATUAK (mendebaldeko kosta) | 48.800 euro |
EGIPTO | 28.000 euro |
EL SALVADOR | 33.500 euro |
ARABIAR EMIRERRI BATUAK | 41.700 euro |
ESLOVAKIA | 24.900 euro |
FILIPINAK | 25.900 euro |
FINLANDIA | 32.000 euro |
FRANTZIA | 37.000 euro |
GHANA | 36.800 euro |
GREZIA | 23.800 euro |
GUATEMALA | 30.500 euro |
HUNGARIA | 22.700 euro |
INDIA | 27.750 euro |
INDONESIA | 26.500 euro |
IRLANDA | 33.000 euro |
ITALIA | 28.550 euro |
JAPONIA | 39.800 euro |
JORDANIA | 30.700 euro |
KAZAKHSTAN | 27.900 euro |
KENYA | 29.500 euro |
KUWAIT | 40.300 euro |
LITUANIA | 24.000 euro |
MALAYSIA | 25.100 euro |
MAROKO | 39.050 euro |
MEXIKO | 30.400 euro |
NIGERIA | 29.500 euro |
NORVEGIA | 38.500 euro |
ZEELANDA BERRIA | 34.900 euro |
OMAN | 39.600 euro |
HERBEHEREAK | 31.400 euro |
PANAMA | 31.300 euro |
PARAGUAI | 26.000 euro |
PERU | 26.000 euro |
POLONIA | 25.000 euro |
PORTUGAL | 23.500 euro |
PUERTO RICO | 37.000 euro |
QATAR | 44.200 euro |
ERRESUMA BATUA | 43.000 euro |
TXEKIAKO ERREPUBLIKA | 26.300 euro |
TXINAKO ERREPUBLIKA | 34.200 euro |
DOMINIKAR ERREPUBLIKA | 29.700 euro |
ERRUMANIA | 24.000 euro |
SENEGAL | 27.300 euro |
SERBIA | 23.000 euro |
SINGAPUR | 43.100 euro |
HEGOAFRIKA | 26.700 euro |
SUEDIA | 35.000 euro |
SUITZA | 46.000 euro |
THAILANDIA | 25.200 euro |
TUNISIA | 26.000 euro |
TURKIA | 24.450 euro |
URUGUAI | 32.000 euro |
VIETNAM | 27.000 euro |
Zerrendan agertzen ez diren destinoko herrialdeen kasuan, banakako kalkulua eginen da.
III. ERANSKINA.–NAEX TALENTUA BEKEN DEIALDIAN ONARTZEN DIREN HIZKUNTZA ZIURTAGIRIAK, INGELESERAKO, FRANTSESERAKO, ALEMANERAKO, TXINERARAKO ETA ERRUSIERARAKO
–Ingelesa.
ZIURTAGIRI MOTA | B2 | C1 | C2 | |
ASOCIACIÓN DE CENTROS DE LENGUAS EN LA ENSEÑANZA SUPERIOR - ACLES | CertAcles B2 | CertAcles C1 | CertAcles C2 | |
UNICERT ZIURTAGIRI HOMOLOGATUAK | Level 2 | Level 3/4 | ||
CLES ZIURTAGIRI HOMOLOGATUAK | CLES 2 | CLES 3 | ||
Hizkuntza Eskola Ofiziala (1041/2017 Errege Dekretua, abenduaren 22koa) | B2 tarteko maila | C1 maila aurreratua | C2 maila aurreratua | |
Hizkuntza Eskola Ofiziala (8/2013 Lege Organikoa) | B2 MAILA | C1 MAILA | C2 MAILA | |
Hizkuntza Eskola Ofiziala (967/1988 Errege Dekretua, irailaren 2koa) | GOI MAILAKO ZIKLOKO 2. MAILA | |||
CAMBRIDGE: GENERAL ENGLISH EXAMS | FIRST CERTIFICATE IN ENGLISH (FCE) | CERTIFICATE IN ADVANCED ENGLISH (CAE) | CERTIFICATE OF PROFICIENCY IN ENGLISH (CPE) | |
CAMBRIDGE: BUSINESS ENGLISH CERTIFICATES (BEC) | BEC 2: Vantage | BEC 3: Higher | ||
CAMBRIDGE: INTERNATIONAL CERTIFICATE IN FINANCIAL ENGLISH (ICFE) | ICFE Vantage | ICFE: Effective Operational Proficiency | ||
CAMBRIDGE: INTERNATIONAL ENGLISH LANGUAGE TESTING SERVICE (IELTS) | 5,5 – 6,5 | 7,0 – 8,0 | 8,5 + | |
CAMBRIDGE: LINGUASKILL | B2 | C1 | C2 | |
CAMBRIDGE: LINGUASKILL Business | B2 | C1 | C2 | |
Cambridge Boxhill Language Assessment OET (Ocupational English Test) | B2 | C1 | C2 | |
TEST OF ENGLISH AS A FOREIGN LANGUAGE – INTERNET BASED (TOEFL iBT) *azken berrikuspena, 2024ko uztaila | * 72 – 94 | * 95 – 113 | * 114 – 120 | |
TEST OF ENGLISH FOR INTERNATIONAL COMMUNICATIONS (TOEIC) (lau makrotrebetasunak gainditzea eskatzen da) | Listening Reading Speaking Writing | 400-485 385-450 160-170 150-170 | 490-495 455-495 180-200 180-200 | |
THE EUROPEAN LANGUAGE CERTIFICATES (TELC) | TELC B2 | TELC C1 | ||
TRINITY COLLEGE: INTEGRATED SKILLS IN ENGLISH (ISE) | ISE II (B2) | ISE III (C1) | ISE IV (C2) | |
MICHIGANEKO UNIBERTSITATEA | CERTIFICATE OF | CERTIFICATE OF | ||
Pearson English International Certificate, anteriormente PTE General y London Test of English (LTE) | B2 | C1 | C2 | |
PEARSON TEST OF ENGLISH – PTE (ACADEMIC) – Lehengo LONDON TEST OF ENGLISH (LTE) | 59 – 75 | 76 – 84 | 85+ | |
PEARSON - LCCI | LCCI English for Business 3 | LCCI English for Business 4 | ||
OXFORD TEST OF ENGLISH (OTE) (LAU MAKROTREBETASUNAK GAINDITZEA ESKATZEN DA) | 111 – 140 | |||
OXFORD TEST OF ENGLISH (OTE Advanced) | B2 | C1 | ||
ANGLIA EXAMINATIONS (lau makrotrebetasunak gainditzea eskatzen da) | Advanced Advanced | Accept Proficiency | Masters Proficiency | |
LanguageCert International ESOL: Listening, Reading, Writing, Speaking | Communicator B2 | Expert C1 | Mastery C2 | |
LanguageCert General: Listening, Reading, Writing, Speaking | B2 60-74 | C1 75+ | ||
LanguageCert Academic: Listening, Reading, Writing, Speaking | B2 60-74 | C1 75-89 | C2 90+ | |
BARTZELONAKO UNIBERTSITATE AUTONOMOA | BUAren Ingeleseko Maila anitzeko Azterketa | |||
THE ASSOCIATION OF ACADEMIC FOREIGN LANGUAGE CENTRES-SERMO | Acert B2 | Acert C1 | ||
STANDARDIZED LANGUAGE PROFILE (SLP) (STANAG 6001, Ed. 5, de OTAN) | SLP 2222 Maila Funtzionala *adierazleak ditu (+) | SLP 3333 Maila Profesionala *adierazleak ditu (+) | ||
CERTIFICATE IN ESOL INTERNATIONAL FOUR SKILLS | LRN Level 1 | LRN Level 2 | LRN Level 3 | |
–Alemana.
ZIURTAGIRI MOTA | B2 | C1 | C2 |
ASOCIACIÓN DE CENTROS DE LENGUAS EN LA ENSEÑANZA SUPERIOR - ACLES | CertAcles B2 | CertAcles C1 | CertAcles C2 |
CLES: Ziurtagiri homologatuak | CLES 2 | CLES 3 | |
Deutsche Sprachprüfung für den Hochschulzugang (DSH) | DSH-1 | DSH-2 | DSH-3 |
Deutsches Sprachdiplom der Kulturministerkonferenz (KMK) | Deutsches Sprachdiplom Stufe 2 (DSD II) B2 / C1 | ||
Hizkuntza Eskola Ofiziala (1041/2017 Errege Dekretua, abenduaren 22koa) | B2 tarteko maila | C1 maila aurreratua | C2 maila aurreratua |
Hizkuntza Eskola Ofiziala (967/1988 Errege Dekretua, irailaren 2koa) | Goi mailako zikloko 2. maila | -- | -- |
Goethe-Institut | Goethe-Zertifikat B2 | Goethe-Zertifikat C1 | Goethe-Zertifikat C2 |
Zertifikat Deutsch für Jugendliche (ZDfB) | Prüfung Wirtschafts-deutsch International (PWD) | GroBes Deutsches Sprachdiplom (GDS) | |
Kleines Deutsches Sprachdiplom (KDS) | |||
Österreichisches Sprachdiplom Deutsch (ÖSD) | B2 Mittelstufe Deutsch (MD) | C1 Oberstufe Deutsch (OD) | C2 Wirtschafts-sprache Deutsch (WD) |
TestDaF | TDN 3 *TDN 4 (B2+) | *TDN 4 (C1) TDN 5 | -- |
The European Language Certificates (TELC) | telc Deutsch B2 telc B2 + Beruf telc B2 Beruf | telc Deutsch C1 | -- |
UNICERT: Ziurtagiri homologatuak | Level 2 | Level 3/4 | |
STANDARDIZED LANGUAGE PROFILE (SLP) (STANAG 6001, Ed. 5, de OTAN) | SLP 2222 Maila Funtzionala *adierazleak ditu (+) | SLP 3333 Maila Profesionala *adierazleak ditu (+) | |
–Frantsesa.
ZIURTAGIRI MOTA | B2 | C1 | C2 |
ASOCIACIÓN DE CENTROS DE LENGUAS EN LA ENSEÑANZA SUPERIOR - ACLES | CertAcles B2 | CertAcles C1 | CertAcles C2 |
UNICERT ZIURTAGIRI HOMOLOGATUAK | Level 2 | Level 3/4 | |
CLES ZIURTAGIRI HOMOLOGATUAK | CLES 2 | CLES 3 | |
Hizkuntza Eskola Ofiziala (1041/2017 Errege Dekretua, abenduaren 22koa) | B2 tarteko maila | C1 maila aurreratua | C2 maila aurreratua |
Hizkuntza Eskola Ofiziala (967/1988 Errege Dekretua, irailaren 2koa) | GOI MAILAKO ZIKLOKO 2. MAILA | ||
CENTRE INTERNATIONAL D’ÉTUDES PEDAGOGIQUES: DIPLÔME D’ÉTUDES EN LANGUE FRANÇAISE (DELF) | DIPLÔME D’ÉTUDES EN LANGUE FRANÇAISE B2 (DELF B2 | DIPLÔME APPROFONDIE DE LANGUE FRANÇAISE C1 (DALF C1) | DIPLÔME APPROFONDIE DE LANGUE FRANÇAISE C2 (DALF C2) |
CENTRE INTERNATIONAL D’ÉTUDES PEDAGOGIQUES: TEST DE CONNAISSANCE DE FRANÇAIS (TCF) (lau makrotrebetasunak gainditzea eskatzen da) | TCF NIVEAU 4 (B2): | TCF NIVEAU 5 (C1): | TCF NIVEAU 6 (C2): |
ALLIANCE FRANÇAISE | DIPLÔME DE LANGUE FRANÇAISE (DLF) | DIPLÔME SUPÉRIEURE D’ÉTUDES FRANÇAISES MODERNES (DS) | DIPLÔME DE HAUTES |
CH. DE COMMERCE ET D’INDUSTRIE: TEST D’EVALUATION DE FRANÇAIS (TEF) | TEF 4: 541-698 pts | TEF 5: 699-833 pts | TEF 6: 834-900 pts |
THE EUROPEAN LANGUAGE CERTIFICATES (TELC) | TELC B2 | ||
CENTRE DE LANGUE FRANÇAISE: DIPLÔMES DE FRANÇAIS PROFESSIONEL (DFP) SPÉCIALITÉS | DFP SECRÉTARIAT B2 / | ||
CENTRE DE LANGUE FRANÇAISE: DIPLÔMES DE FRANÇAIS PROFESSIONEL (DFP) AFFAIRES | DFP AFFAIRES B2 | DFP AFFAIRES C1 | DFP AFFAIRES C2 |
STANDARDIZED LANGUAGE PROFILE (SLP) (STANAG 6001, Ed. 5, de OTAN) | SLP 2222 Maila Funtzionala *adierazleak ditu (+) | SLP 3333 Maila Funtzionala *adierazleak ditu (+) |
–Txinera eta errusiera.
ZIURTAGIRI MOTA | B2 | C1 | C2 |
ASOCIACIÓN DE CENTROS DE LENGUAS EN LA ENSEÑANZA SUPERIOR - ACLES | CertAcles B2 | CertAcles C1 | CertAcles C2 |
UNICERT ziurtagiri homologatuak | Level 2 | Level 3/4 | |
CLES ziurtagiri homologatuak | CLES 2 | CLES 3 | |
TXINERA: HANYU SHUIPING KAOSHI (HSK) (LAU MAKROTREBETASUNAK GAINDITZEA ESKATZEN DA) | HSK 4 | HSK 5 | HSK 6 |
ERRUSIERA: STATE TESTING SYSTEM IN THE RUSSIAN LANGUAGE FOR FOREIGNERS | VTOROI | TRETIJ | CHETVERTYJ |
ERRUSIERA: THE EUROPEAN LANGUAGE CERTIFICATES (TELC) | TELC B2 | ||
ERRUSIERA: STANDARDIZED LANGUAGE PROFILE (SLP) (STANAG 6001, Ed. 5, de OTAN) | SLP 2222 Maila Funtzionala *adierazleak ditu (+) | SLP 3333 Maila Profesionala *adierazleak ditu (+) |
Iragarkiaren kodea: F2516004
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
