139. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

34/2026 EBAZPENA, ekainaren 10ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez toki entitateei laguntzak emateko 2026ko deialdi bat eta haren oinarri arautzaileak onesten baitira naturaguneen erabilera publiko jasangarria susta dadin. DDBN kodea: 913071.

Nafarroako Naturaguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legeak 2.2 artikuluan zerrendatzen ditu naturaguneen kudeaketaz arduratzen diren administrazioek kudeaketa hori egitean bete behar dituzten printzipio orokorrak: "funtsezko prozesu ekologikoak mantentzea eta bizi-sistemak kontserbatzea"; "aniztasun genetikoa zaintzea"; "natur baliabideak taxuz erabiltzea espezie eta ekosistemen etengabeko aprobetxamendua eta haien berritzea eta hobekuntza bermatuz eta ukitutako biztanleriaren garapen sozioekonomikoa sustatuz", eta "ekosistema naturalen eta paisaiaren aniztasuna, berezitasuna eta edertasuna zaintzea".

Aipatu printzipioak aintzat hartuta, eta betiere eremu horiek ukitutako populazioen garapen sozioekonomikoa indartzearen esparru zehatzean, 90eko hamarkadatik Nafarroako Gobernuaren eta naturaguneen jabe diren hainbat toki entitateren artean lankidetza hitzarmenak egin izan dira erabilera publikoaren kudeaketa zuzena bermatzeko (barne direla antolamendu egokia eta bisitariei begirako ingurumen arloko hezkuntza eta sentsibilizazioa).

Halere, eta aipatu hitzarmenek beren helburuak bete dituzten arren, 2018an bidezkotzat jo zen dirulaguntzak emateko norgehiagokako araubide bat ezartzea, oinarri arautzaileetan ezarritako baldintzak betetzen zituzten Nafarroako toki entitate guztiek aukera izan zezaten naturaguneetan erabilera publikoaren kudeaketa, zaintza eta antolamendua errazten zituzten funtsak eskuratzeko.

Gune horietako asko natur eta aisiarako jarduerak egiteko ingurune paregabeak dira, eta herritarren etengabeko erakargune bilakatu dira, udako oporraldietan bereziki. Nafarroako naturaguneetara joaten diren bisitarien etengabeko fluxuak eremuen erabilera publikoa arautzeko neurriak hartzera behartzen du, gaur egun eta etorkizunean ongi zaindutako naturaz gozatzeko aukera izateko, erabilera publikoaren aprobetxamendua eta lekuen balio naturalen kontserbazioa bateratuz.

Ukitutako toki entitateak horren jakitun dira, eta jabetzen dira turismo espontaneo horren kudeaketa arautzeko dituzten mugez eta toki mailako beste erakunde batzuekin elkarlanean aritzeko beharraz, aipatu eremuen erabilera publikoa ordenatzeko proiektuak urratsez urrats sendotzeko.

Halaber, UNESCOk aitortutako biosfera-erreserbak natura babesteko tresna garrantzitsua dira, eta ez dute gizakia naturatik bereizten. Aitzitik, frogatu nahi dute posible dela modu orekatuan bizitzea, ekoiztea eta kontserbatzea, dena aldi berean. Laguntza hauen bidez, sustatu nahi da tokiko ekimenak egin daitezen, Nafarroan biosfera-erreserbak aitortzeko, eta, hala, esparru bat sortzeko erreserba horiek abian jartze aldera aitortu eta lehenengo urteetan.

Azaldutako guztiagatik, beharrezkotzat jotzen da laguntza-lerro bat ezartzea 2026ko urtarrilaren 1etik azaroaren 3ra bitartean naturaguneetan erabilera publiko jasangarria sustatzeko, 2026ko gastu-aurrekontuko 740003 74300 4609 456309 aurrekontu-partidaren kargura ("Toki entitateentzako laguntzak, erabilera publikoa zaindu eta kudeatzeko"), I. eta II. eranskinetan jasotzen den moduan.

Diruz lagungarriak diren jarduketak dira erabilera publikoaren antolamenduan, zaintzan eta ingurumen arloko informazio eta hezkuntza lanetan aritzen diren langileen gastuekin lotura dutenak.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluaren bidez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 74/2023 Foru Dekretuaren bidez eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Toki entitateentzako laguntzen deialdi bat onestea, naturaguneen erabilera publiko jasangarria susta dezaten 2026ko urtarrilaren 1etik azaroaren 3ra bitarte.

2. Laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea (ebazpen honen eranskinetan jaso dira).

3. 180.000 euroko gastua baimentzea, 740003 74300 4609 456309 (Toki entitateentzako laguntzak, erabilera publikoa zaindu eta kudeatzeko) aurrekontu partidaren kargura.

4. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun natural izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Deialdi hau erregistratzea Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean.

7. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2026ko ekainaren 10ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

ERANSKINAREN KODEA

IZENA

I. ERANSKINA

Naturaguneen erabilera publiko jasangarria sustatzeko 2026ko laguntzak, toki entitateentzat. Oinarri arautzaileak

II. ERANSKINA

Laguntza eskatzeko fitxa eta erantzukizunpeko adierazpena.

I. ERANSKINA.–NATURAGUNEEN ERABILERA PUBLIKO JASANGARRIA SUSTATZEKO 2026KO LAGUNTZAK, TOKI ENTITATEENTZAT. OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Dirulaguntzaren xedea.

1. Oinarri hauetan araututako laguntzen xede dira zaintza jarduerak eta bisitariei informazioa eta arreta emateko jarduerak; zehazki, Nafarroako toki entitateek beren udal mugarteetan dauden naturaguneetan egiten dituztenak, gune horiek kudeatzeko asmoz, erabilera publikoa modu jasangarrian sustatuta eta naturaguneen arloan indarrean dagoen araudia beteta.

2. oinarria.–Laguntzen helburua.

Laguntzen helburua da naturaguneen erabilera publiko jasangarria eta haien ingurumen balioen zabalkundea sustatzea, laguntza emanez zaintza lanetarako, bisitariei arreta emateko eta ingurumen arloko hezkuntza eta informazio lanetarako, betiere bermatuz naturagune horien erabilera publikoa eta haien kontserbazioa bateragarriak direla.

3. oinarria.–Toki entitate onuradunak.

Beren mugartean titulartasun publikoko naturagune bat duten toki entitateak izan daitezke deialdi honetako laguntzen onuradunak, baldin eremu horrek ingurumeneko babesen bat badauka, edo balio natural handia, eta toki entitate horiek jarduketak edo programak gauzatzen badituzte jendearentzako arreta eta aisialdiko erabilerak hobetzeko, hurrengo oinarriko irizpideak beteta, eta oinarri arautzaile hauetako konpromisoei eusteko hitzematen badute.

4. oinarria.–Eskaerak onartzeko irizpideak.

Eskaerak tramitera onartuak izateko, onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

1. 3. oinarrian ezarritakoa bete beharko dute eta laguntza eskaera aurkeztu beharko dute 7. oinarrian ezarritakoarekin bat.

2. Ez dira onartuko gunearen ingurumen balioak arriskuan jartzen ahal dituzten jarduketak.

3. Espedienteek dirulaguntza jasotzeko, gainera, onartze irizpide hauek bete behar dituzte laguntza eskaera aurkezten den egunean:

a) Naturaguneak erabilera publiko finkatua izan behar du.

b) Eskatzaileak tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan beharko ditu.

c) Ez du sarturik egon behar laguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoera bakar batean ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Toki entitateak lankidetza ekonomikorako hitzarmen bat edo finantzaketarako beste baliabide bat sinatua badu Nafarroako Gobernuarekin, eta horren helburua (bakarra edo beste batzuen artean) baldin bada naturagunearen eremu publikoa zaintzea eta kudeatzea, laguntza eskaera ez da onartuko.

5. Toki entitate bat eskaera batean baino gehiagotan agertzen ahalko da, baldin eta horiek jarduera desberdinei edo lurralde-eremu desberdinei badagozkie; hau da, toki entitate bat, banaka edo beste toki entitate batzuekin batera, ezin izanen da espediente batean baino gehiagotan agertu laguntzaren eskatzaile gisa, baldin eta espediente horietan guztietan jarduera bererako dirulaguntza eskatzen bada.

Hori gertatzen den kasuetan, toki entitate eskatzaileari eskatuko zaio akatsa zuzen dezan, argi eta garbi adierazita zein espedientetan egon nahi duen eskatzaile gisa. Horretarako, 10 egun naturaleko epea emanen zaio, eta, hala egiten ez badu, eskaera guztietan atzera egin duela ulertuko da, eta espediente guztiak –baita beste jarduera gehigarri batzuei dagozkienak ere– ezesteko ebazpena emanen da.

6. Eskaera banaka edo beste batzuekin batera aurkez daiteke:

–Banakakoa: jarduera toki entitate eskatzailearen lurraldearen barruan egin beharko da.

–Baterakoa: laguntzaren xede den jarduera egiteko espazio fisikoa toki entitate baten baino gehiagoren jabetzakoa denean, deialdi honen 8. oinarrian adierazitako lankidetza-puntuak eskuratu ahal izateko, toki entitate bakar batek agertu behar du ordezkari gisa eskaeran.

5. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

Diruz lagungarriak dira 2026ko urtarrilaren 1etik azaroaren 3ra arte naturaguneen erabilera publikoaren kudeaketa eta zaintza lanak (ingurumen arloko hezkuntza eta informazioa barne) kontratatzearen ondoriozko gastuak.

Zehazki, honako ekintza eta baldintza tekniko hauen ondoriozko gastuak (BEZik gabe) baizik ez dira diruz lagungarriak:

I.–Langileak eta zerbitzuak kontratatzea, zaintza edo kudeaketa lanek edo zerbitzuek sortutako gastua bada.

II.–Lan arloko aholkularitzaren eta administrazio kudeaketaren kontratazioa, langileak kontratatzeagatik sortutako gastuak direnean.

III.–Langileek naturaguneekin lotura duten eremuak eta azpiegiturak zaintzeko egindako joan-etorriak (kilometrajea). Gehieneko zenbatekoa: 0,36 euro/km.

IV.–Teknikari eskudun batek memoria teknikoa idazteko gastuak. Haren kostua izanen da, gehienez ere, erabilera publikoaren kudeaketa eta zaintzarako lanen ondoriozko zenbateko lagungarriaren %4.

Ez dira diruz lagungarritzat jotzen langileen dieta nahiz telefono gastuak, ez eta naturagunearen barnean egindako bisita gidatuak ere. Instalazioen mantentze-lanetarako, bulegorako eta antzekoetarako materialen erosketa ere ez da diruz lagungarria izanen.

6. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Deialdian ezarritako epeari dagozkion zerbitzuak emateko kontratuan edo fakturan agertzen den zenbatekoaren %90eko (BEZa kanpo) dirulaguntza emanen da.

2. Nolanahi ere, dirulaguntzak emateko, behar adinako kreditua izan beharko da aurrekontuetan, eta Administrazioak baliabide ekonomikoak izan beharko ditu eskaeraren gaineko ebazpen administratiboa emateko unean.

3. Espediente bakoitzeko 40.000,00 euro emanen dira gehienez, eta 5.000,00 euro gutxienez. Azkeneko kopuru horretara iristen ez diren espedienteak baztertuko dira.

7. oinarria.–Eskaerak aurkeztea eta behar den dokumentazioa.

1. Eskaerak aurkeztea:

Eskaerak aurkezteko epea 30 egun natural izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak telematikoki aurkeztuko da nahitaez. Sarbidea errazte aldera, deialdiaren fitxa sortu da Nafarroako Gobernuaren Administrazio Publikoen Zerbitzuen Katalogoan (hemendik aurrera, "laguntzen fitxa"): https://tramitespersonal.navarra.es/eu/tramites/on/-/line/Toki-erakundeentzako-laguntzak-natura-guneetan-erabilera-publiko-iraunkorra-sustatzeko-2026.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoaren arabera, eskaerak ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez badira eta ez badira telematikoki aurkezten. Eskaera elektronikoki aurkeztu beharrean aurrez aurre aurkezten duenari, bai eta eskaera Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 19. artikuluan eskatzen diren baldintzak bete gabe aurkezten dutenei ere, eskatuko zaie beren eskaera zuzen dezatela gehienez ere 10 egun naturaleko epean, eta ohartaraziko zaie hori egin ezean eskaeran atzera egin dutela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, zeina jakinaraziko baitzaie.

2. Eskaera harturik, oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituen egiaztatuko da. Eskatzen diren betebeharrak bete ezean, toki entitate interesdunari eskatuko zaio gehienez 10 egun naturaleko epean zuzendu dezala, eta ohartaraziko zaio, bestela, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela eta jakinaraziko zaiola.

3. Honako hau da laguntza eskatzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen araberakoa:

I.–II. eranskineko eskaera inprimakia.

II.–Entitate eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz hartu behar dituenean edo laguntzak kobratzeko kontua aldatu nahi duenean, dirulaguntza eskaerarekin batera transferentzia bidez kobratzeko eskaera aurkeztu beharko du, behar bezala betea eta sinatua.

III.–Egin beharreko lanen deskripzio memoria teknikoa aurkeztu beharko da, teknikari eskudun batek erredaktatua, eta, naturagunea ez ezik, erabilera publikoaren kudeaketak eta zaintzak ukitzen duten eremua ere deskribatuko da. Memoriak honako hauek bildu behar ditu:

a. Erabilera publikoaren kudeaketa-lana eginen den naturagunea azaltzeko atal bat, non, gainera, 8. oinarrian zehaztutako balorazio irizpideen arabera espedientea puntuatu ahal izateko behar den informazio guztia sartuko den.

b. Erabilera publikoaren kudeaketarako jarriko diren giza baliabideen zehaztapena eta justifikazioa, pertsona bakoitzak egin beharreko lanak zehaztuz (informazioa, ingurumen heziketa, zaintza), eta aldiak, ordutegiak eta lantokiak azalduz.

c. Erabilera publikoaren kudeaketari eskainiko zaizkion giza baliabideei erantsitako gastuen zehaztapena eta justifikazioa; konparaziorako, lan aholkularitzaren gastuak eta kudeaketa administratiboaren eta kilometrajearen gastuak.

d. Bisitarien alde-aldeko kopurua, eta kopuru hori zein informazio iturri erabilita lortu den, kontrastatzeko aukera izateko.

e. Naturagune horretan erabilera publikoari loturik azken 5 urteetan egin diren lanen zerrenda.

f. Finantzatu nahi den ekintza bakoitzaren kostuen aurrekontu xehatua eta aurrekontu osoa, kontzeptuak argi eta garbi adierazita eta zenbatekoak BEZarekin eta BEZik gabe zehaztuta, beharrezkoa denean.

IV.–Oinarri honetan diruz lagundutako jarduerak osorik edo partez finantzatzeko bestelako dirulaguntza edo laguntzak jaso baldin badira, eskaeran berariaz adierazi beharko da. Jakin bezain laster eman beharko da horren berri, eta, betiere, gastuen justifikazioa aurkeztu baino lehen. Memorian eta gastuen justifikazioan adierazi beharko da egoera hori, eta argi eta garbi adierazi beharko da deialdi honetan eskatutako zenbatekotik deialdi honekin gainjartzen den beste laguntzaren zenbatekoa deskontatzen dela. Hori ez da aplikatuko baldin eta toki entitateak lankidetza ekonomikorako hitzarmen bat edo finantzaketarako beste baliabide bat sinatua badu Nafarroako Gobernuarekin, eta horren helburua (bakarra edo beste batzuen artean) baldin bada naturagunearen eremu publikoa zaintzea eta kudeatzea.

V.–Beste batzuekin batera aurkeztutako eskaerek, toki entitate bat baino gehiago ukitzen badituzte, jarduera hori garatzen den lurraldeko toki entitate guztien berariazko adostasuna izan beharko dute. Adostasun hori argi geratu beharko da erabaki baten bidez, zeina eskaerari erantsi beharko baitzaio.

8. oinarria.–Dirulaguntzak emateko lehentasun irizpideak.

1. Laguntza norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko denez, eskaeren hurrenkera bat ezarriko da, oinarri honetan zehaztutako balorazio irizpideak aplikatuz, eta irizpide horiek aplikatuta laguntza emanen zaie balorazio handiena lortzen duten eskaerei, betiere deialdian finkatutako kreditua gainditu gabe.

Eskaeren hurrenkera emandako puntuen baturaren arabera eginen da, honako balorazio irizpide hauen arabera.

ZENBAKIA

IRIZPIDEA

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

1

Dirulaguntzaren xedeko erabilera publikoaren kudeaketa eta zaintza lanaren helburu nagusia natura-erreserba bat edo lekune natural bat da

30

2

Erabilera publikoko jarduera paisaia babestu izendatutako eremuren batean egiten da.

25

3

Erabilera publikoko jarduera kontserbazio bereziko eremu izendatutako tokiren batean egiten da

25

4

Bisitarien kopurua urteko (1)

25

5

Laguntza eskatzen duen jarduera egiteko erabiltzen den espazio fisikoa toki entitate batena baino gehiagorena da, eta eskaera eta dokumentazioa batera aurkeztu dituzte (lankidetzarako pizgarria)

5

6

Erabilera publikoa zaintzeko eta kudeatzeko lanak egin dituzte azken 5 urteetan. (2)

10

7

Erabilera publikoarekin loturiko azpiegiturak (3)

10

(1) Irizpide hau baremo honen arabera baloratuko da:

1.500 bisitaritik behera = 0 puntu.

1.500 eta 5.000 bisitari artean = 5 puntu.

5.001 eta 20.000 bisitari artean = 10 puntu.

20.001 bisitari baino gehiago: 25 puntu.

(1) Aintzat hartuko den bisitari kopurua laguntza-eskaeran adierazten dena da. Egindako kontrolak, antolatutako jarduerak, sarreren salmenta edo aurkeztutako zenbatespena egiaztatzeko aukera ematen duen beste edozein formula erabiliz eginen da bisitari kopuruaren kalkulua. Zenbatespen hori erantzukizunpeko adierazpenaren formatuan aurkeztu beharko da, toki entitate eskatzaile(ar)en idazkariak sinatua.

(2) Eskatzaileek azken bost urteetan egindako lan guztiak sartuko dituzte laguntza eskaeran, edozein dela ere horien finantzaketa-iturria.

(3) Erabilera publikoari lotutako azpiegituratzat honako hauek hartuko dira: gunean bertan edo haren inguruetan egonik, gunearen kudeaketarekin lotura zuzena dutenak. Hauek dira, besteak beste: aparkatzeko tokiak, harrera egiteko etxolak edo antzekoak, bisitarientzako kontrol edo informazio guneak, eremuaren erabilera publikoaren eskaintzan dauden bidezidor seinaleztatuak, erabilera publikorako ongi zaindutako atsedenguneak eta eremuaren eskaintza publikoan sartutako beste azpiegitura batzuk.

Ez dira erabilera publikoko azpiegituratzat hartuko erabilera publikoaren eskaintzan ez dauden seinaleztatu gabeko bideak eta bidezidorrak, ez eta beste azpiegitura batzuk ere, baldin beren eraikuntza edo xede nagusia erabilera publikoaren kudeaketa ez bada.

2. Puntuazioan berdinketarik bada, irizpide hauek aplikatuko dira berdinketa hausteko, lehentasun hurrenkera honi jarraikiz:

a) 1. irizpidea: lehentasuna emanen zaie eskaeraren xedeko zaintza eta kudeaketa eremuaren barruan Nafarroako Naturaguneei buruzko ekainaren 17koa 9/1996 Foru Legearen arabera izendatutako naturagune babesturen bat sartuta duten eskaerei.

b) 2. irizpidea: aurreko irizpideari dagokionez, lehentasuna emanen zaie natura-erreserba integralei eta lekune naturalei, gainerako naturaguneen aurretik.

c) 3. irizpidea: hala eta guztiz ere azken eskaeren artean berdinketarik badago, zozketa bidez zehaztuko da horien arteko ordena.

3. Lehentasun hurrenkera horren arabera esleituko da dagoen aurrekontua, aurrekontuko partida agortu arte.

4. Dirulaguntzaren eskaeraren xede diren ekintzak gauzatzen ez badira, eta onuradunak hurrengo oinarri arautzailean aurreikusitako moduan horren berri emanik, askatzen diren zenbatekoak erabiltzen ahalko dira aurrekontuan kontsignazio aski ez izateagatik laguntza ukatu zaien eskatzaileei emateko. Horretarako, balorazio irizpideak aplikatzearen ondorioz ateratzen den lehentasun hurrenkerari jarraituko zaio.

5. Oinarri honen 8.4 puntuaren aplikazioaren ondorioz deialdirako dagoen aurrekontu-kreditua nahikoa ez bada laguntzarako eskubidea duten eskaera guztiei dirulaguntza emateko, ezetsi eginen dira aurrekontuan zuzkidura nahikoa ez izateagatik aintzat hartu ezin direnak.

9. oinarria.–Ebaluazio organoa.

Neurri honetan ezarritako laguntzak emateko prozeduretan, instrukzioa Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari dagokio.

10. oinarria.–Dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa.

1. Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak, egindako ebaluazioa ikusita, laguntzak nori eman proposatzen duen txostena eginen du, eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari igorriko.

2. Proposamen txostena egitean, instrukzio organoak egiaztatuko du onuradunak egunean dituela bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, halaber, ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku egoeratan.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitateko Administrazioan edota beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

4. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta bat etorriz arau hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunekin.

5. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta laguntza esleitzeko espedientean jaso beharko da onuradunak betetzen dituela laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak.

11. oinarria.–Ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntzak emateari buruzko ebazpena emanen du.

2. Ebazpena arrazoitua izanen da, zuzenbideko oinarriak eta egitateak labur-labur azalduta, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

3. Dirulaguntza hartuko duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da ebazpenean, eta espresuki adieraziko da zein eskaera ezetsi diren, halakorik baldin bada.

4. Laguntza emateak diruz lagundutako jarduketen ingurumen baimena ekarriko du berekin.

5. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hiru hilabeteko epean jakinaraziko da ebazpena, eta honako hauek bilduko ditu: emandako dirulaguntzaren zenbatekoa justifikatzeko nahikoa den informazioa eta onuradunak bete behar dituen baldintzak eta konpromisoak.

6. Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

12. oinarria.–Eskaerak aldatzea.

Deialdi honetako 7. oinarrian aipatzen den aurkezpen epea bukatu baino lehen bakarrik eskatzen ahalko dute interesdunek aurkeztutako eskaeretan aldaketak egitea. Epe hori igarota, hala ere, eskaeran atzera egiten ahalko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako baldintzetan.

13. oinarria.–Ordainketa eskaera: Egindako gastuen eta ordainketen justifikazioa.

Frogagiriak aurkezteko azken eguna 2026ko azaroaren 6a izanen da. Egun horretatik aurrera ez da frogagiririk onartuko.

1. Egindako lanen ziurtagiria aurkeztu beharko da, eskaeran aurkeztutako memoria teknikoaren formatu berean, gauzatutakoaren benetako datuak jasoz. Egindako lanen memorian jasoko dira, besteak beste: kontratatutako langile bakoitzak benetan egindako egutegia, kontratatutako langile bakoitzaren zaintza-orduen kopurua eta ingurumenaren inguruko heziketa eta informazio ekintzak, bisitarien alde-aldeko kopurua hilabetez hilabete eta urteko kopuru osoa, edo laguntzari dagokion aldi osokoa.

Egindako kilometrajea xehakaturik aurkeztuko da, taula batean. Adieraziko da zenbat kilometro egin dituen zaintzaile bakoitzak eguneko; hilabetekako laburpen bat eginen da, baita guztizko datuen batura ere.

Jasoko dira, halaber, dirulaguntzari dagokion aldian izandako gorabehera aipagarriak, hala nola eremu horretan atzematen diren mantentze beharrak.

Era berean, erabilera publikoaren kudeaketaren balantze ekonomiko bat aurkeztuko da, bertan zehaztuta naturagunearen kudeaketan lortutako diru-sarrerak, halakorik izan bada: aparkalekuen kobrantza, dokumentazioaren salmenta eta abar, kontzeptu bakoitza argi eta garbi adierazita.

2. Gastuak justifikatzeko, jatorrizko fakturak edota nominak aurkeztu beharko dira, 2026ko urtarrilaren 1etik azaroaren 3ra bitartekoak, edo horien fotokopiak. Egindako gastua ordaindu dela frogatzeko, bankuetako frogagiriak erantsi beharko dira. Fakturen kontzeptuek bat etorri behar dute deialdiaren xedearekin. Baldin nominak aurkezten badira, argi eta garbi zehaztu beharko da denboraren zer portzentaje eskaintzen zaien diruz lagundutako jarduerei.

3. Toki korporazioaren idazkaritzaren ziurtagiria, non adieraziko baita, batetik, egin beharreko zerbitzu hori toki entitatearen organo eskudunak onetsi duela, eta bestetik, legearen araberakoa dela. Langileak kontratatuz gero, gainera, adieraziko da toki entitatearen eta langilearen artean sinaturiko kontratua kasuan-kasuan aplikagarria den araubide juridikoaren araberakoa dela, eta kontratuaren kopia bat erantsiko da.

4. Lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza edo laguntza batzuen berri eman beharko zaio organo emaileari. Beste laguntzarik ez badago, toki entitateko idazkariaren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da.

5. Dirulaguntza honen bidezko finantzabidearen publizitatea egin izanaren frogak aurkeztu beharko dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15.2 artikuluan ezarri bezala.

14. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

Egiaztagiriak azterturik, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari, eta, horrekin batera, txosten bat, onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten betebeharrak bete dituztela frogatzen duena.

Ordainketa bakarrean pagatuko da dirulaguntza.

15. oinarria.–Onuradunen betebeharrak, murrizketak eta ordainketa ez gauzatzeko arrazoiak.

1. Dirulaguntzaren onuradun gertatzen diren toki entitateek Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.

2. Lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza edo laguntza batzuen berri eman beharko zaio organo emaileari. Beste laguntzarik ez badago, toki entitateko idazkariaren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da.

3. Dirulaguntza emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

4. Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

16. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta eman beharreko agiri guztiak telematika bidez aurkeztuko dira. Sarbidea errazte aldera, deialdiaren fitxa sortu da Nafarroako Gobernuaren Administrazio Publikoen Zerbitzuen Katalogoan:

https://tramitespersonal.navarra.es/eu/tramites/on/-/line/Toki-erakundeentzako-laguntzak-natura-guneetan-erabilera-publiko-iraunkorra-sustatzeko-2026.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira, entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GHEB).

17. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna/bateraezintasuna.

1. Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste dirulaguntza batzuekin, izan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak emanak, beste administrazio publiko batzuek emanak, beste erakunde publiko edo pribatuek batzuek emanak nahiz partikularrek emanak, Espainiakoek nahiz nazioartekoek. Nolanahi ere, toki entitateak lankidetza ekonomikorako hitzarmen bat edo finantzaketarako beste baliabide bat sinatua badu Nafarroako Gobernuarekin, eta horren helburua (bakarra edo beste batzuen artean) baldin bada naturagunearen eremu publikoa zaintzea eta kudeatzea, laguntza eskaera ez da onartuko.

2. Kasu horretan, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

3. Aurreko paragrafoan ezarritakoaren ondorioetarako, onuradunak helburu horrexetarako beste dirulaguntzaren bat jasotzen baldin badu, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari jakinarazi beharko dio, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluko d) apartatuan xedaturikoarekin bat.

18. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.nafarroa.eus), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru-kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Dirulaguntzei buruzko 15.2 artikuluari jarraikiz, onuradun ateratzen diren toki entitateek, publizitate egokiaren bidez, aditzera eman behar dute dirulaguntzaren xede diren programek, jarduerek, inbertsioek eta edozein motatako ekintzek finantzaketa publikoa dutela.

II. ERANSKINA.–LAGUNTZA ESKAERA ETA ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA, TOKI ENTITATEEK NATURAGUNEEN ERABILERA PUBLIKO JASANGARRIA SUSTATZEKO

II. eranskina fitxan dago eskuragarri:

https://tramitespersonal.navarra.es/eu/tramites/on/-/line/Toki-erakundeentzako-laguntzak-natura-guneetan-erabilera-publiko-iraunkorra-sustatzeko-2026

Iragarkiaren kodea: F2608708