Iragarkia
139. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 17a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
3323E/2026 EBAZPENA, ekainaren 17koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez deialdia eta oinarri arautzaileak onesten baitira dirulaguntzak emateko Gazteen Enplegurako Estatuko EGIF+ Programaren esparruaren barnean (EGIF 2023-2029) Nafarroako Foru Komunitatean jarduketak egiteko hautatutako entitateei, eta gastua baimentzen baita. DDBN kodea: 911253.
Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua enplegu politika aktiboen kudeaketaren erakunde autonomo arduraduna da. Politika horietan jasotzen diren neurrien helburua da, alde batetik, kalitateko enpleguaren sorrera sustatzea eta, beste aldetik, langabeen enplegagarritasuna handitzea, lan merkatuaren baldintzak hobetuz eta laneratzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboei arreta berezia eskainiz, Europako Enplegu Estrategiaren eta Enpleguari Laguntza Aktiboa emateko Espainiako 2025-2028 aldirako Estrategiaren esparruan.
Gazteen Enplegurako Estatuko EGIF+ Programa onetsi zen Enpleguko eta Gizarte Ekonomiako Estatu Idazkaritzaren 2023ko ekainaren 1eko ebazpen baten bidez, zeinak deialdi bat onetsi baitzuen Estatuko programen esparruan eta Eskualde Ultraperiferikoaren lehentasunaren estatu tartean eragiketak hautatzeko, finantzatuko direnak Europako Gizarte Funtsa Plus (EGIF+) izeneko funtsarekin batera.
Programari begiratuta, h) Helburu Espezifikoa nabarmentzen da:
"Inklusio aktiboa bultzatzea, aukera berdintasuna, diskriminaziorik eza eta parte hartze aktiboa sustatzeko, eta enplegagarritasuna hobetzeko, bereziki egoera ahuleko taldeena".
Helburu espezifiko horren esparruan, eragiketak zuzendu beharko zaizkie Gazte Bermearen Sistema Nazionaleko gazteei, eta, besteak beste, izaten ahalko dira lan merkatutik urrunen dauden gazteei zuzendutako inklusio aktiboko ibilbide edo planak, edo beste gazte zaurgarri batzuei edo arriskuan edo gizarte-bazterketako egoeran dauden gazteei zuzendutakoak, barne harturik, orobat, migratzaileak, erromaniak eta osasun mentaleko arazoak dituztenak.
Haren helburua da, beraz, populazio talde gazteenei laguntzea, haiek baitira langabezia-tasa handieneko kolektiboetako bat. 2026ko maiatzeko azken datuen arabera, 30 urtetik beherakoak erregistratutako langabeen %25 dira.
Gazteen Enplegurako Estatuko EGIF+ Programaren esparruaren barnean dauden proiektuak finantzatu nahi dira, kolektibo horren laneratzeko gaitasuna hobetzen laguntzeko, eta horretarako bide hauek erabiliko dira: kolektibo zaurgarrientzako ibilbide integratuak garatzea, kolektibo horiei arreta emateko politiken koordinazioa hobetzea eta haien beharretara egokitzea, eta oinarrizko zerbitzuetara iristeko bideak hobetzea.
Frogaturik dago luzaroko enplegagarritasun zaila duten pertsonekin egindako ekintzetan banakako arretak, intentsitate handikoa denak eta hurbileko jarraipena duenak, nabarmen murrizten duela pertsona horiek langabezian ematen duten denbora. Beharrezkoa den arreta mota horrek eskatzen du denboran irautea, lehenagoko deialdietan gauzatutako programei jarraipena emanez, eta urtebetez luzatuko den deialdi bat planteatzea.
Dirulaguntzen deialdi honek moduluen araberako esleipena eta justifikazioa aplikatzen du, bete beharrez irailaren 28ko 818/2021 Errege Dekretua, Enplegu Sistema Nazionalaren enplegua aktibatzeko programa arruntak arautzen dituena. Zehazki, 3. azpiatala aplikatzen da, "Enplegu proiektu integralen programa".
Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren 14. artikuluan emandako ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Deialdia eta oinarri arautzaileak onestea dirulaguntzak emateko, Nafarroako Foru Komunitatean, finantzaketa partekatuko enplegu ekimenak egiteko hautatutako entitateei, Gazteen Enplegurako Estatuko EGIF+ Programaren esparruaren barnean (EGIF 2023-2029). DDBN: 911253.
2. Baimentzea 150.000 euroko gastua, betiere kreditu erabilgarria egonez gero, 2026ko gastu-aurrekontuko 950003-96400-4819-241300 [PEP: E-24-000737-01] partidaren kargura: Konferentzia sektoriala. EBren funtsekin batera finantzatutako enplegu ekimenetarako laguntzak.
3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen honek ez du administrazio-bidea bukatzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluarekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 57.1 artikuluarekin.
Iruñean, 2026ko ekainaren 17an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, María Esther Fernández Razquin.
ERANSKINA.–GAZTEEN ENPLEGURAKO DEIALDIA
1.–Dirulaguntzaren xedea, esparrua eta gauzatzeko epea.
Deialdi honen xedea da, Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, araubidea ezartzea dirulaguntzak emateko Gazteen Enplegurako Estatuko EGIF+ Programaren esparruaren barnean (EGIF 2023-2029) Nafarroako Foru Komunitatean jarduketak egiteko hautatutako entitateei, bai eta dirulaguntza horien jarraipena eta kudeaketa egiteko ere, helburua izanik gazteentzat lan-aktibaziorako ibilbide pertsonalizatuak egitea, lan merkatuan sartzen eta/edo geratzen laguntzeko.
Proiektua gauzatu beharko da 2026ko irailaren 1etik 2027ko abuztuaren 31ra bitartean.
2.–Hartzaileak.
2.1. Enplegu Zerbitzu Publikoetan izena emanda eta langabezian dauden 16 eta 29 urte bitarteko gazteak, sartzen direnak enplegu-politikarako lehentasunezko arreta behar duten kolektibo zaurgarrietako batean, Enpleguari buruzko otsailaren 28ko 3/2023 Legearen 50. artikuluaren arabera, eta, ahal dela, Gazte Bermearen Sistema Nazionalean izena emanda daudenak.
2.2. Parte hartzaileen %20, gutxienez, neurri hauetakoren baten hartzaileak izanen dira:
1) Langabezia prestazioak edo subsidioak.
2) Errenta bermatua.
3) Bizitzeko gutxieneko diru-sarrera.
4) Laneratzeko errenta aktiboa.
5) Antzeko beste laguntza batzuk.
2.3. Entitate onuradunek berek biltzen ahalko dituzte hartzaileak. Honako hauek ere bideratzen ahalko dituzte:
–Nafarroako Orientazio Sarea osatzen duten entitateak: Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko teknikariak eta lanbide orientazioko zerbitzuak ematen dituzten entitateak.
–Oinarrizko gizarte zerbitzuak / auzo unitateak.
–Gizarteratze eta laneratze taldeak.
Nolanahi ere, erabateko lehentasuna izanen dute Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak bideratutako pertsonek.
2.4. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak baliozkotu beharko ditu aldez aurretik arreta emanen zaien pertsonak, 2.1, 2.2 eta 2.3 oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen direla bermatzeko. Justifikazioan eta ordainketan ez dira kontuan hartuko Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak aldez aurretik baliozkotu ez dituen pertsonei emaniko zerbitzuak.
3.–Entitate onuradunak.
Dirulaguntza hauen onuradun izan daitezke Gazteen Enplegurako Estatuko EGIF+ Programaren esparruaren barnean (2023-2029) Nafarroako Foru Komunitatean jarduketak egiteko hautatutako entitateak.
4.–Jarduera diruz lagungarriak.
4.1. Enplegurako orientazio pertsonalizatu, integral eta inklusiboko zerbitzuak.
Aurkeztekoak diren proiektuen esku-hartze nagusia izanen da lan-aktibaziorako ibilbide pertsonalizatuetan laguntzea, eta programak irauten duen bitartean eginen dira. Programak jarduketa hauek izanen ditu:
4.1.1. Eman beharreko orientazio-zerbitzuak.
Enplegurako orientazio pertsonalizatu, integral eta inklusiboko zerbitzuak (aurrerantzean, orientazio-zerbitzuak) honako zerbitzu hauek izanen dituzte:
a) Banakako profila egitea.
b) Banakako tutoretza, aholkularitza jarraitua eta arreta pertsonalizatua.
c) Ibilbide edo plan pertsonalizatua.
4.1.2. Arau-erreferentea orientazio-zerbitzuetarako.
Aipatutako zerbitzuak gauzatuko dira oinarri hartuta apirilaren 30eko 438/2024 Errege Dekretuaren III. kapitulua (errege dekretu horren bidez garatu ziren Enplegu Sistema Nazionalaren Zerbitzu Erkideen Zorroa eta Enpleguari buruzko otsailaren 28ko 3/2023 Legean ezarritako zerbitzu bermatuak).
4.1.3. Orientazio-zerbitzuek bete beharreko gutxienekoak.
Orientazio-zerbitzuek honako zerbitzu hauek izanen dituzte:
a) Banakako diagnostikoa eta profila egitea.
b) Enplegurako ibilbide pertsonalizatuaren diseinua.
c) Laguntza pertsonalizatua ibilbidea garatzeko eta jarduera-konpromisoa betetzeko.
d) Aholkularitza eta laguntza tekniko gehigarria.
e) Informazio eta aholkularitza gehigarria.
f) Lan mugikortasuna kudeatzeko laguntza.
a) eta b) zerbitzuak banaka, modu presentzialean eta nahitaez eman beharko dira.
c) jarduketa parte-hartzaile bakoitzaren prestasunera eta beharretara egokituko da, eta parte-hartzaile bakoitzari gutxienez 7 zerbitzu eman beharko zaizkio Enplegu Akordio Pertsonala (EAP) sinatzen denetik aurrera.
d), e) eta f) zerbitzuetatik, 3 zerbitzu emanen dira nahitaez. Zehaztapen hauek guztiak betez eman beharko dira:
i.–Parte-hartzaile bakoitzari gutxienez hiru zerbitzu desberdin ematea.
ii.–Laneratzeko Alderdi Pertsonalen Garapena (LAPG) zerbitzuko 6 ordu ematea, gutxienez, parte-hartzaile bakoitzari, banakako orduak eta taldekoak barne hartuta. Zerbitzua banaka ematen bada, ordu bakoitza taldekakoa halako bi izanen da (banakako ordu bat taldeko 2 ordu adina da). Zerbitzu batean edo gehiagotan ematen ahalko dira, banaka edo taldeka.
4.1.4. Jarduera-akordioa sinatzea.
Programan parte hartzen duen orok jarduera-akordioa sinatu beharko du, eredu normalizatuaren arabera, sinatuta ez badauka.
4.2. Gaitasun digitalen arloko ekintzak.
Enplegua modu aktiboan bilatzeko oinarrizko gaitasun digitalez jabetzea eta oinarrizko administrazio izapideak egitea izanen dira.
Jarduketa horiek NL-NEZek zehazten dituen aplikazioetan erregistratuko dira.
Aurreko erregistroen justifikazioa izanen da zerbitzua jaso duen erabiltzailearen sinaduraren araberakoa, eta eredu normalizatuan jasoko da.
Zerbitzu hau 15 ordukoa izanen da, gutxienez, pertsona bakoitzeko. Banaka, taldeka edo bi modalitateak konbinatuz ematen ahalko dira.
Taldekako jardueren kasuan, 20 pertsonako taldeentzat izanen da ekintza bakoitza, gehienez ere.
Jarduketa hau nahitaezkoa izanen da parte-hartzaile guztientzat. Borondatezkoa izanen da, baldin eta parte-hartzaileak gaitasun digital horiek badauzka. Kasu horretan, beharko da dirulaguntzaren entitate onuradunak emaniko egiaztagiri bat edo erantzukizunpeko adierazpen bat.
4.3. Prestakuntza ekintza osagarriak.
Ekintza hauek Nafarroako Foru Komunitateko lurralde merkatuak eskatzen dituen esparru eta jarduera profesionalekin lotutako edukiei buruzkoak izanen dira, batez ere, eta aukera emanen dute lan esparru horietan (lehentasunez) lan bat egiteko ezagutza teknikoak eta trebetasun egokiak eta nahikoak eskuratzeko, edo adierazitako esparruetan (lehentasunez) ezagutzak, prozedurak, teknologiak edo joera berriak birziklatzea eta eguneratzeko.
Prestakuntza hori ez da, inolaz ere, profesionaltasun ziurtagiriak eskuratzearekin lotuta egonen, ez eta Prestakuntza Espezialitateen Katalogoarekin ere.
Jarduketa horiek NL-NEZek zehazten dituen aplikazioetan erregistratuko dira.
Aurreko erregistroen justifikazioa izanen da zerbitzua jaso duen erabiltzailearen sinaduraren araberakoa, eta eredu normalizatuan jasoko da.
4.3.1. Prestakuntza osagarriaren eskakizunak.
Talde jarduketetan gauzatuko dira, gehienez 20 lagun egonik ekintza bakoitzeko.
Jarduketa hau borondatezkoa izanen da parte-hartzaile guztientzat.
4.3.2. Lan praktikak.
Prestakuntza ekintza bukatutakoan, entitateak ekintzaren edukiekin lotutako lan praktikak egiteko aukera eskaintzen ahalko die parte-hartzaileei, kasuan kasuko araudiarekin bat.
Jarduketa hau borondatezkoa izanen da parte-hartzaile guztientzat.
4.4. Prospekzio eta bitartekaritza ekintzak.
Ekintza honetan, bisitak edo kontaktuak egiten dira besteren kontura kontratatzeko gaitasuna duten enpresa edo bestelako entitateekin, haien langileria premiak hautemateko. Ekintza horien helburua izanen da programan parte hartzen duten pertsonek betetzen ahal dituzten lan eskaintzak lortzea.
Ondorio horietarako, lan eskaintzen bilketatzat honako hau joko da: entitateak identifikatzea enplegatzaile batek lanpostu bat edo gehiago betetzeko duen premia, eta zehaztea hautagai gisa proposatuko diren pertsonek izan beharreko lanbide profila.
Jarduketa horiek NL-NEZek zehazten dituen aplikazioetan erregistratuko dira.
Erregistro horiek justifikatzeko, beharrezkoa izanen da kontratatutako pertsonaren sinadura edo ekintza berresten duen ebidentzia aurkeztea.
4.4.1. Prospekzio ekintzen zehaztapenak.
Entitate onuradunak, gutxienez, prospekzio ekintza bat eginen du, urtean emandako dirulaguntzaren 2.000 euroko.
5.–Dirulaguntzaren azken zenbatekoa.
5.1. Eskatu beharreko zenbatekoa.
Aintzat hartuz Gazteen Enplegurako Estatuko EGIF+ 2023-2029 Programak (aurrerantzean EGIF+ deialdia) onartutako proiektua, entitate bakoitzak zehaztu beharko du deialdi honen barnean NL-NEZi eskatu beharreko zenbatekoa.
Entitateak eskatu beharreko zenbatekoa kalkulatzeko, finantzaketa beharrean oinarrituko da, kontuan hartuta honako hau gainditu ezin izanen duten bi erreferentzia:
a) 5.2.1) oinarrian EGIF+ deialdian (E balioa) entitateari onartutako eta Nafarroari esleitutako proiektuaren zenbateko osotik EGIFek estaltzen ez duen zenbatekoa.
b) NL-NEZen dirulaguntzen deialdi honetarako dagoen partida.
5.2. Dirulaguntzaren zenbatekoa.
Entitate bakoitzari eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatuko da bi esleipen osagai erabiliz: 1. Gutxieneko puntuazioaren araberako esleipena; eta 2. Deialdian lortutako puntuazioaren araberako esleipena.
5.2.1. 1. osagaia. Gutxieneko puntuazioaren araberako esleipena.
Honako formula hau aplikatuko da:
A | % + | C | % + | E | % | * 100.000,00 euro |
B | D | F | ||||
3 | ||||||
A eta F bitarteko datuak aterako dira EGIF+ deialdiaren barnean Nafarroarako onartutako proiektuetatik. Hona hemen formularen azalpena:
A = EGIF+ deialdian entitateari onartutako eta Nafarroari esleitutako proiektuaren onuradun kopurua.
B = EGIF+ deialdian onartutako eta Nafarroari esleitutako proiektu guztien onuradunen batura.
Deialdi honen balorazio teknikoan gutxienez 25 puntu lortu dituzten proiektuen datuak baizik ez dira kontuan hartuko (11. oinarriaren arabera).
C = EGIF+ deialdian entitateari onartutako eta Nafarroari esleitutako proiektuaren zenbateko osoa.
D = EGIF+ deialdian onartutako eta Nafarroari esleitutako proiektu guztien guztizko zenbatekoen batura.
Deialdi honen balorazio teknikoan gutxienez 25 puntu lortu dituzten proiektuen datuak baizik ez dira kontuan hartuko (11. oinarriaren arabera).
E = EGIF+ deialdian entitateari onartutako eta Nafarroari esleitutako proiektuaren zenbateko osotik EGIFek estaltzen ez duen zenbatekoa.
F = EGIF+ deialdian onartutako eta Nafarroari esleitutako proiektu guztietatik EGIFek estaltzen ez dituen zenbatekoen batura, guztira.
Deialdi honen balorazio teknikoan gutxienez 25 puntu lortu dituzten proiektuen datuak baizik ez dira kontuan hartuko (11. oinarriaren arabera).
5.2.2. 2. osagaia. Deialdian lortutako puntuazio osoaren araberako esleipena.
Formula hau aplikatuko da, ehunekoetan:
(G / H) * 50.000 euro
G eta H datuak aterako dira deialdi honen balorazioan lortutako puntuaziotik, 11. oinarriari jarraikiz. Hona hemen formularen azalpena:
G = Entitateak deialdi honetan aurkeztutako proiektuak guztira lortutako puntuazioa.
F = Deialdi honetara aurkeztutako proiektuek lortutako puntuazio guztien batura.
Deialdi honen balorazio teknikoan gutxienez 25 puntu lortu dituzten proiektuen datuak baizik ez dira kontuan hartuko (11. oinarriaren arabera).
5.2.3. Eskatutako zenbatekoen eta dirulaguntzaren zenbatekoaren arteko soberakina berresleitzea.
Entitateak eskatutako zenbatekoa txikiagoa bada 1. eta 2. osagaiak 5.2.1 eta 5.2.2 apartatuetan ezarritakoaren arabera aplikatzearen ondoriozko zenbatekoa baino, soberakina berresleitu eginen da.
Soberakina banatzeko, berariazko metodo bat erabiliko da: bigarren txandan oinarri honetako 5.2.2 apartatuan ezarritako 2. osagaia aplikatuko da.
Kasu horretan, oinarri honetako 5.2.1 eta 5.2.2 apartatuetan adierazitakoaren arabera 1. eta 2. osagaiak aplikatu ondoren lortutakoa baino zenbateko handiagoa eskatu duten entitateen datuak baizik ez dira kontuan hartuko.
Soberakinak berresleitzeko metodo hau hirugarren txandan eta hurrengoetan aplikatuko da, NL-NEZen dirulaguntzen deialdi honetarako dagoen partida agortu arte.
6.–Programan "artatutzat" edota "laneratutzat" hartzen diren hartzaileak.
6.1. Programaren hartzaileak "artatutzat" hartzea.
6.1.1. "Artatutzat" hartzen dira 4. oinarrian aipatzen diren nahitaezko jarduera guztiak egin dituztenak.
6.1.2. Pertsona bera ez da izanen, inola ere, finantzaturiko bi programak artatua.
6.2. Programaren hartzaileak "laneratutzat" hartzea.
6.2.1. Hala "lan merkatuan sartzeagatik" nola "hezkuntza sistemara itzultzeagatik" hartzen ahalko dira laneratutzat programaren hartzaileak.
6.2.2. Lan merkatuan sartzeagatik laneratuak.
Laneratzearen zenbaketa-aldian (6.2.4 eta 6.2.5 oinarriak) bere egoera honako modu hauetakoren batean hobetu duen parte-hartzaile oro hartuko da "lan merkatuan sartzeagatik laneratutzat":
a) Lan merkatuan besteren kontura sartzea.
Lan kontratu bat edo batzuk sinatzea.
Aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboan aurreikusitako lanaldi arruntaren gutxienez %50 duten kontratuak soilik zenbatuko dira. Lanaldi arruntaren %50eko muga hori ez da aplikatuko desgaitasuna duten pertsonen kasuan.
Gizarte Segurantzan alta emandako gutxieneko aldia ez da 90 egunetik beherakoa izanen.
Onartuko da lan merkatuan modu konbinatuan sartzea, besteren kontura eta norberaren kontura.
b) Lan merkatuan norberaren kontura sartzea.
Laneratzeak berekin ekarriko du langile autonomoen araubide berezian alta ematea, behar diren kuotak ordainduta.
Onartuko dira zenbait alditan egotea alta emanda, eta, orobat, lan merkatuan modu konbinatuan sartzea, besteren kontura eta norberaren kontura.
Gizarte Segurantzan alta emandako gutxieneko aldia ez da 90 egunetik beherakoa izanen.
6.2.3. Hezkuntza sistemara itzultzeagatik laneratuak.
Laneratzearen zenbaketa-aldian (6.2.4 eta 6.2.5 oinarriak) baldintza hauetakoren bat betetzen duen parte-hartzaile oro hartuko da "hezkuntza sistemara itzultzeagatik laneratutzat":
a) Derrigorrezko hezkuntza-etapa eta derrigorrezkoaren ondokoa.
Zenbaketa-aldiaren barruan, eskatuko da honako hezkuntza-etapa hauetako edozeinetan matrikulatu eta parte hartzen hasi izana: DBH; Batxilergoa; Lanbide Heziketa; Unibertsitatea.
b) Profesionaltasun-ziurtagiria (1. mailatik 3.era) honako kasu hauetan:
i.–Zenbaketa-aldiaren barruan, beharrezkoa izanen da onartuta egotea profesionaltasun ziurtagiri (aurrerantzean PZ) oso baten prestakuntza-ikastaroan eta hura hasita edukitzea.
ii.–Era berean, posible izanen da baldin eta, zenbaketa-aldiaren barnean, kasuko pertsonak PZ bat osorik hasi eta bukatzen badu, prestakuntza modulu independenteen bidez, lanbide praktiken modulua barne.
iii.–Halaber, PZ bat osatzen ahalko da zenbaketa-aldiaren barruan baldin eta, programan parte hartu aurretik, kasuko pertsonak konpetentzia unitate bat edo batzuk partzialki egiaztatuta baditu, dela prestakuntzaren bidez, dela esperientzia egiaztatuta.
Edozein kasutan, ii. eta iii. kasuak laneratzetzat hartuko dira, baldin eta, laneratzearen zenbaketa-aldiaren azken egunean, kasuko pertsonak egiaztatutako konpetentzia unitate guztiak baditu eta PZa osatzeko aukera emanen dion praktika modulua egiten ari bada.
c) Matematika eta Gaztelaniako funtsezko konpetentziak (aurrerantzean FK) (2. edo 3. maila).
Zenbaketa-aldiaren barruan, eskatuko da Nafarroako Gobernuko Helduen Oinarrizko Hezkuntzako Ikastetxe batean bi FKetako batean matrikula egin, eta hura ikasi eta gainditu izana eta beste FKa egiten hasi izana.
d) Lanbide Heziketako Heziketa Zikloetara sartzeko ikastaroa (erdi edo goi mailakoa).
Zenbaketa-aldiaren barruan, eskatuko da erdi mailako edo goi mailako zikloetara sartzeko ikastaro bat matrikula egin eta hura egin eta gainditu izana.
6.2.4. Laneratzearen zenbaketa-aldiaren hasiera.
Norbait "laneratutzat" hartzeko, lan merkatuan sartu aurretik (6.2.2 oinarria) edo hezkuntza sistemara itzuli aurretik (6.2.3 oinarria), honako baldintza hauek bete behar dira: a) Banakako diagnostikoa eta profila egin zaio eta b) Enplegurako ibilbide pertsonalizatua diseinatu zaio, ondorioz, enplegurako akordio pertsonala sinatu eta onartu du, eta Orientasaren dagokion erregistroa egin zaio. Kasu horretan, enplegurako akordio pertsonala sinatzea eta onartzea eta Orientasaren erregistratzea hartuko dira laneratzearen zenbaketa-aldiaren hasieratzat.
6.2.5. Laneratzearen zenbaketa-aldiaren bukaera.
Laneratzearen zenbaketa-aldia bukatutzat joko da Orientasaren erregistratutako orientazio ibilbidearen azken datatik kontatzen hasita 12 hilabetera.
7.–Modulu ekonomikoak.
Dirulaguntza ordainduko da oinarri honetan ezarritako modulu ekonomikoen arabera.
7.1. Artatutako pertsona bakoitzeko jaso beharreko zenbatekoa.
Zenbateko hori 1.248,00 euro izanen da 6.1 oinarriaren arabera artatutzat hartzen den pertsona bakoitzeko.
4.3 oinarrian aipatzen den prestakuntza jarduerak, eginez gero, ez du gainditzen ahalko 960 euroko kopurua pertsonako. 960 euro horiek sartuko dira artatutako pertsona bakoitzari dagokion 1.248,00 euroko zenbatekoan.
7.2. Pertsona laneratu bakoitzeko jaso beharreko zenbatekoak.
7.2.1. Zenbatekoa 2.601,00 eurokoa izanen da 6.2. oinarriari jarraikiz laneratutzat hartzen den pertsona bakoitzeko.
7.2.2. Laneratutzat hartutako pertsonen kasuan, 6.2 oinarriari jarraikiz, laneratzeagatiko zenbatekoa 5.500 euro izanen da, baldin eta laneratzeak berekin badakar lan merkatuan sartzea besteren konturako kontratu mugagabe bakar baten bidez. Zenbateko hori 6.000 eurora igoko da, gainera, emakumeak badira.
7.2.3. 2.000 euro gehituko zaizkie 7.2.2 oinarrian adierazitako zenbatekoei, baldin eta kontratazioa egiten badu langile autonomo batek edo lehen enplegatua kontratatzen duen kooperatiba edo lan sozietate batek.
7.2.4. Aurreko puntuetan aipatutako zenbatekoak proportzionalki murriztuko dira kontratua edo kontratuak lanaldi partzialekoak direnean; horretarako, enpresak langileari Gizarte Segurantzan alta ematean adierazitako partzialtasun koefizientea aplikatuko da.
7.3. Pertsona artatuak eta laneratuak.
Parte-hartzaileak "artatutzat" (6.1 oinarria) eta "laneratutzat" (6.2 oinarria) hartzeko baldintzak betetzen baditu, 7.1 eta 7.2 apartatuetan ezarritako zenbatekoak jasoko ditu entitate onuradunak.
7.4. Pertsona laneratuak eta ez-artatuak.
Parte-hartzaileak "laneratutzat" (6.2 oinarria) hartzeko baldintzak soilik betetzen baditu, 7.2 apartatuan ezarritako zenbatekoak baizik ez ditu jasoko entitate onuradunak.
7.5. Modulu ekonomikoen aplikazioaren mugak.
Entitateak ez du inola ere emandako zenbatekoa baino handiagoa kobratzeko eskubiderik izanen, moduluen bidez justifikatu arren hasieran onartu zaion kobrantza baino handiagoa dakarten pertsona artatuak eta/edo laneratuak.
Hala ere, laneratze moduluei dagozkien zenbatekoak ordaintzen ahalko zaizkio entitate onuradunari, baldin proiektuan aurkeztutako ehunekoa gainditzen badu, betiere emandako dirulaguntzaren zenbatekoa gainditzen ez badu.
8.–Aurkezteko epea.
8.1. Eskaerak elektronikoki aurkeztu eta izapidetuko dira Nafarroako Atarian, "Tramiteak" atalean dagoen deialdiaren fitxan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/gazteentzako-enplegu-programak-egiteko-erakundeentzako-dirulaguntzak), "Tramitatu" tresna erabiliz, 20 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta beiharamunetik hasita.
8.2. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar oinarriak onartzea.
8.3. Eskaera aurkezteak berekin dakar entitate bakoitzak onartzea NL-NEZek entitate eskudunei informazioa eskatzen ahal diela, entitateak Ogasun Publikoarekiko zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituen egiaztatzeko.
9.–Eskaerarako aurkeztu beharreko agiriak.
9.1. Eskaerarekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
I) Dirulaguntza eskaera.
II) Entitate eskatzailearen nortasun juridikoa frogatzeko dokumentazioa, eraketa eskrituraren, estatutuen eta dagokion erregistroko inskripzioaren kopia aurkeztuz. Halaber, aurkeztu beharko dute entitatearen ordezkariaren ahalordetzea. PDFn aurkeztu behar da, formatu librean. Honela izendatuko da: "II. eranskina. Eskritura eta ahalordetzea".
III) Adierazpena, xede bererako beste laguntza batzuei buruzkoa, edo, betiere, jakinarazteko laguntza horien zenbatekoak ez duela gainditzen onuradunak gauzatu beharreko jardueraren kostua (III. eranskina).
IV) Adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. eta 15. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzeari buruzkoa (IV. eranskina).
V) Proiektuaren memoria (V. eranskina).
VI) Adierazpena, teknikarien esperientziari buruzkoa, baloratzeko 11. oinarriko 4. irizpidea (VI. eranskina).
VII) Adierazpena, entitatearen esperientziari buruzkoa, baloratzeko 11. oinarriko 5. irizpidea (VII. eranskina).
VIII) Prospekzio eta bitartekaritza plana: denbora, sektore eta geografia esparrua. PDFn aurkeztu behar da, formatu librean. Honela izendatuko da: "VIII. eranskina. Prospekzio plana".
IX) Kalitatea ebaluatzeko sistema. Deskripzioa eta aplikazioa. PDFn aurkeztu behar da, formatu librean. Honela izendatuko da: "IX. eranskina. Ebaluazio sistema".
X) Proiektua Gazteen Enplegurako Estatuko EGIF+ Programaren esparruaren barnean (2023-2029) onartu izana egiaztatzen duen dokumentazioa. PDFn aurkeztu behar da, formatu librean. Honela izendatuko da: "X. eranskina. EGIF proiektuaren dokumentazioa".
Eskaera honekin aurkeztu beharreko ereduak eskuragarri egonen dira Nafarroako Atarian, deialdiaren fitxan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/gazteentzako-enplegu-programak-egiteko-erakundeentzako-dirulaguntzak).
Administrazioak entitate eskatzailearen legezko ordezkarien nortasuna egiaztatuko du.
Aurkeztutako agiriak kopia soilak izan daitezke. Nolanahi ere, administrazio publiko deitzaileak notariotzan edo administrazioan egiaztatutako kopiak eskatzeko eskubidea izanen du, kopia horiei dagokienez zalantzarik badago.
9.2. Ez dira berriz aurkeztu beharko interesdunak edozein administraziori lehendik aurkeztu dizkion agiriak, ez eta administrazioak berak eginak direnak ere. Ondorio horietarako, interesdunak azaldu beharko du administrazioaren zein organoren aurrean eta noiz aurkeztu zituen aipatutako agiriak, eta NL-NEZek bide elektronikotik eskatuko ditu, salbu eta interesdunak berariaz egin badu horren aurka. Hala bada, berak aurkeztu beharko ditu agiriak, bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoarekin (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea). Salbuespen gisa, aipatu erakundeak ezin baditu agiri horiek eskuratu, berriz aurkez ditzala eskatzen ahalko dio interesdunari.
10.–Dirulaguntzak emateko prozedura.
Oinarri hauetan ezarritako dirulaguntzak norgehiagokako prozedura erabiliz emanen dira.
Baremazioaren ondorioetarako, entitate eskatzaileak proiektuaren memorian zuzen zehaztu eta, hala bada, frogatu dituen alderdiak soilik hartuko dira kontuan, eta, beraz, puntuatuko.
Eskaeren lehentasun ordena ezarriko da hurrengo oinarrian aurreikusitako balorazio irizpideak aplikatuz lortzen duten puntuazioaren arabera.
11.–Balorazio irizpideak.
11.1. Irizpide hauek erabiliz baloratuko dira eskaerak:
1. irizpidea.–Aldi guztirako aurreikusitako laneratze ehunekoa: 10 puntu gehienez.
–Entitateak aurreikusten badu %5etik %10era bitartean laneratzea, azken hau barne: 5 puntu.
–Entitateak aurreikusten badu %10etik %20ra bitartean laneratzea, azken hau barne: 7,5 puntu.
–Entitateak aurreikusten badu %20 baino gehiago laneratzea: 10 puntu.
Gutxienezko baldintza izanen da pertsona laneratuak (6.1 oinarriaren arabera) %5era iristea, pertsona artatu guztien (6.2 oinarriaren arabera) gainean.
Era berean, gutxieneko eta/edo konprometitutako laneratze ehuneko hori lortzeko, laneratutakoa emakumea edo desgaitasuna duen pertsona bat bada, 1,5eko koefiziente bat hartuko da kontuan. Gainerako kasuetan, koefizientea 1 izanen da.
Laneratze ehuneko hori aplikatu ondotik dezimalak gelditzen badira, hurbilen dagoen zenbaki osora borobilduko da, gorantz zein beherantz, eta, digitua 5 baldin bada, goragoko hurrengo zenbaki osora borobilduko da.
Gutxieneko ehuneko hori eta entitateak bere eskaeran aurreikusitako ehuneko lortzen ez baditu, zati bat itzuli beharko da 16.5 oinarriari jarraikiz.
2. irizpidea.–Entitate eskatzailearen jarduketa eremu geografikoa Nafarroako Foru Komunitatean, 20 puntu gehienez.
Proiektuaren memorian, entitate onuradunak adierazi beharko du Nafarroako zein enplegu agentziaren lurralde eremuan edo eremuetan gauzatu behar duen programa.
Gehienez 20 puntu emanen dira, eskala honen arabera:
a) Entitateak Iruñerriko enplegu agentzia baten lurralde-eremuan jarduten badu: 2 puntu.
b) Entitateak Tuterako enplegu agentziaren lurralde-eremuan jarduten badu: 4 puntu.
c) Entitateak Nafarroako gainerako enplegu agentzien lurralde eremuan jarduten badu: 9 puntu horietako bakoitzeko.
Entitateak batzen ahal ditu a), b), eta c) apartatuei dagozkien puntuak.
Proiektuaren memorian, lurralde esparru bakoitzerako arreta leku zehatzak adierazi beharko dira.
3. irizpidea.–Prospekzio eta bitartekaritza plana, 5 puntu.
Entitateak prospekzio eta bitartekaritza sistema bat badu, eta proiektua gauzatu bitartean garatu asmoa badu, 5 puntuz baloratuko da.
Kasu horretan, entitateak aurkeztu behar du, azken justifikazioarekin batera, gauzatutako planaren garapenari buruzko txosten bat.
4. irizpidea.–Proiektuari atxikitako teknikarien profila, gehienez 10 puntu.
Lanbide orientazioan, prospekzioan eta bitartekaritzan frogatutako esperientzia urteak.
Arreta pertsona batek baino gehiagok ematen badu, puntuazioa proiektuari atxikitako teknikari guztien esperientzia urteen batezbestekoa izanen da.
Puntu bat emanen da urte bakoitzeko, eta gehienez 10 puntu. Esperientzia ez bada urte osokoa, dagokion puntuazio proportzionala emanen da.
Irizpide hau aplikatzeko, honako hauek aurkeztu beharko dira: titulazioa, lan bizitzaren txostena (lan kontratu eta guzti), hirugarrenek emandako ziurtagiriak, edo organo kudeatzaileak aski deritzon beste edozein frogabide.
5. irizpidea.–Entitatearen esperientzia: 15 puntu, gehienez.
a) Izandako parte hartze egiaztatua orientazio, prospekzio eta bitartekaritzako programa integralen kudeaketan, azken 10 urte naturaletako dirulaguntzen deialdietan. Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, orobat baloratuko dira errenta bermatuaren edo gizarteratze-errentaren hartzaileentzat aldi horretan egindako programak. Programa bakoitzeko puntu bat emanen da. Programaren iraupena urtebetetik gorakoa bada, 2 puntu emanen dira. Dagokion puntuazioa emateko, VI. eranskina behar bezala bete beharko da, baloratu beharreko esperientzia proiektuaren memoriaren zer orritan dagoen adierazita.
Dagokion araua edo deialdia eta adjudikazioen ebazpena aurkeztuz frogatu beharko da esperientzia.
Programa adjudikatzea eta/edo sinatzea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari badagokio, entitate horrek ofizioz egiazta dezala eskatzen ahalko du entitateak idatziz, adjudikatutako programa eta deialdiaren urtea adierazita.
b) Orientazio, prospekzio eta bitartekaritza programa integralen kasuan, baldin eta azken 10 urte naturaletako dirulaguntzen deialdietan egin badira eta horiek ez badituzte antolatu administrazio publikoek, programa bakoitzeko 0,5 puntu emanen dira. Programaren iraupena urtebetetik gorakoa bada, puntu bat emanen da. Dagokion puntuazioa emateko, VI. eranskina behar bezala bete beharko da, baloratu beharreko esperientzia proiektuaren memoriaren zer orritan dagoen adierazita.
Kasu horretan agiri baten bidez frogatu beharko du esperientzia, honako hauek adierazita: entitate emailearen izena, entitate eskatzailearen aldeko hautaketaren data, programaren iraupena eta aurreikusitako jarduketak. Entitate emailearen ordezkari eskudun batek egin beharko du agiri hori.
Datu horiek ageri ez badira, aurkeztutako agiriak ez dira baloratuko.
6. irizpidea.–Ebaluazio sistema, 5 puntu.
Ekintzen kalitatea kontrolatzeko ebaluazio-sistema daukaten entitateen kasuan, sistema horretan eraginkortasun ekonomikoaren adierazleak txertatu badira, bai eta erabiltzaileen gogobetetze-mailaren, enplegagarritasuna hobetzearen eta erabiltzaileen laneratze tasaren adierazleak ere, 5 punturekin baloratuko da.
Kasu horretan, entitateak egindako ebaluazioa aurkeztu beharko du, azken justifikazioarekin batera.
11.2. 25 puntu baino gehiago lortzen dituzten proiektuak baizik ez dira onartuko.
12.–Organo eskudunak eta ebazteko gehieneko epea.
Prozeduraren instrukzioa eta tramitazioa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Lana Aktibatzeko eta Lurralde Koordinaziorako Zerbitzuari dagozkio.
Instrukzio organoak, behar diren egiaztapenak egin ondoren eta aurrekontuan dagoen diru erabilgarriaren arabera, txostena prestatu eta dagokion ebazpen proposamena eginen du, NL-NEZeko zuzendari kudeatzaileari igortzeko.
Aurkeztutako agiriak baloratzeko, balorazio batzorde bat eratuko da. Batzorde hori honako hauek osatuko dute:
Batzordeburua: Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Lana Aktibatzeko eta Lurraldea Koordinatzeko Zerbitzuko zuzendaria.
Ordezko batzordeburua: Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuko zuzendaria.
Batzordekidea: Lanbide Orientazioa Planifikatzeko, Koordinatzeko eta Aztertzeko Ataleko burua.
Ordezko batzordekidea: Lurralde Antolaketarako eta Agentzien Koordinaziorako Ataleko burua.
Batzordekide idazkaria: Lanbide Orientazioa Planifikatzeko, Koordinatzeko eta Aztertzeko Ataleko teknikari bat.
Ordezko batzordekide idazkaria: Lanbide Orientazioa Planifikatzeko, Koordinatzeko eta Aztertzeko Ataleko teknikari bat.
NL-NEZeko zuzendari kudeatzaileak eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo 2 hilabetean emanen du ebazpena. Epe horretan ebazpen espresurik ematen eta jakinarazten ez bada, eskaera ezetsitzat jo beharko da.
13.–Egindako jarduketak ordaintzeko eta justifikatzeko modua eta epeak.
13.1. Konturako ordainketa.
Justifikazioa eta azken ordainketa egin aurretik, entitateak gehienez konturako ordainketa bat eskatzen ahalko du, proiektua gauzatzen den bitartean. Horretarako, aurkeztu beharko du gauzaturiko jardueraren memoria teknikoa (eredu normalizatuaren arabera), zeinak konturako ordainketan eskatutako ehunekoa justifikatuko baitu.
Konturako ordainketaren zenbatekoa guztira ez da izanen esleitutako urteko zenbatekoaren %80tik gorakoa, eta gutxienez %20 utziko da justifikaziorako eta azken ordainketarako.
Konturako ordainketan, kontuan hartzen ahalko dira artatutzat hartutako pertsonei dagozkien zenbatekoak, bai eta 6. oinarriari jarraikiz laneratutzat hartutako pertsonei dagozkienak ere. Konturako ordainketen eskaerak egin beharko dira 2027ko otsailaren 28tik aurrera.
13.2. Justifikazioa eta azken ordainketa.
Azken ordainketa eskatzeko, entitateak 13.4 oinarrian adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko du, programa bukatu eta hurrengo urteko urriaren 1a baino lehen.
Azken likidazioan, pertsona artatuez gain, entitateak lortutako laneratzeari dagokiona ere ordainduko da, konturako ordainketetan sartu ez dena. Pertsonak laneratzeko aurreikuspena ere jasotzen ahalko du, baldin eta, 6.2.5 oinarriaren arabera, laneratzearen zenbaketa-aldia ez bada bukatu justifikazioa eta azken ordainketa aurkezteko datan.
Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuak eta ordainketak kobratzeko eskubidea.
13.3. Aurreikusitako laneratzea justifikatzea eta ordainketa doitzea.
Baldin eta entitateak laneratze aurreikuspenagatiko likidazio eskaera aurkeztu bazuen justifikazioan eta azken ordainketan, programa bukatzen den urteko urriaren 1a baino lehen aurkeztu beharko ditu laneratze horren egiaztagiriak.
Dokumentazioa jaso ondotik, organo kudeatzaileak egiaztatuko du ea hura bete den, eta, hala ez bada, itzulketa bat izapidetuko du.
Era berean, aurrekoak 11.1 oinarriko 1. irizpidean adierazitakoari eragiten badio, zati bat itzultzeko eskatuko da, 16.5 oinarriarekin bat etorriz.
Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuak eta ordainketak kobratzeko eskubidea.
13.4. Dirulaguntzaren azken likidazioa egiteko, entitate onuradunak aurkeztu beharko du justifikaziorako dokumentazio hau, eredu normalizatuen arabera:
–0. entregagaia. Justifikazio memoria, proiektuaren alderdi teknikoa eta ekonomikoa laburbilduta aurkeztuko dituena.
–1. entregagaia. 4.1, 4.2, 4.3 eta 4.4 oinarrietan zehaztutako jarduketen ziurtagiria; horretan jaso behar dira jarduketak jaso dituzten pertsonen sinadurak, emandako zerbitzuak jaso direla egiaztatu ahal izateko.
Sinadurak aldian-aldian aurkeztuko dira, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak finkatu beharreko kronologiaren arabera, bai eta justifikazioaren azken unean ere.
–2. entregagaia. Laneratzea egiaztatzen duen ziurtagiria. Entitateak zehaztuko du zenbat parte-hartzaile laneratuko diren "artatutzat" hartutako (6. oinarriari jarraikiz) parte-hartzaile guztien artean, bai eta zer zenbateko eskatuko duen ere, aurreikusitako laneratzearen arabera.
–3. entregagaia. Proiektuari esleitutako baliabide materialen eta giza baliabideen zerrenda.
–4. entregagaia. Justifikatutako dirulaguntzaren guztirako zenbatekoa, kalkulatua oinarri harturik jarduketa-memorian adierazitako jardueren datuak eta 7. oinarriko moduluak.
Likidazioaren zenbatekoak ez du inoiz gaindituko hasieran onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa, ez eta 7. oinarrian ezarritako mugak ere.
–5. entregagaia. Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako dirulaguntzen edo diru-sarreren azalpena, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita.
–6. entregagaia. Prospekzio eta bitartekaritza planaren garapenari buruzko txostena, entitateari esleipenean puntuazioa eman bazaio (11.1 oinarria - 3. irizpidea).
–7. entregagaia. Ebaluazio-sistemaren garapenari buruzko txostena, entitateari esleipenean puntuazioa eman bazaio (11.1 oinarria - 6. irizpidea).
14.–Entitate onuradunen betebeharrak.
Oro har, entitate onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. eta 15. artikuluetan ezarritako betebeharrak izanen dituzte, eta, bereziki, honako hauek:
a) Dirulaguntza emateko oinarri izan den jarduketa egitea.
b) Eskatutako agiriak eta webgunean eskuragarri daudenak aurkeztea, deialdian zehaztutako epeetan.
c) Dirulaguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea, eta egiten diren kontroletan laguntzea.
d) Inola ere ezin izanen zaie zenbatekorik kobratu diruz lagundutako ekintzen hartzaileei, bermatuko baita doakoak direla egiten diren jarduerak.
e) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazi behar zaio edozein aldaketa, gertatu eta hilabeteko epean, ukitzen badira dirulaguntza emateko unean kontuan hartutako inguruabarrak eta baldintzak, eta entitate onuradunak bere gain hartutako konpromisoak eta betebeharrak.
f) Nafarroako Foru Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean izatea.
g) Egindako zerbitzuak erregistratzea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak dituen aplikazioetan (SilcoiWeb, Orientasare edo adierazten den beste edozein aplikaziotan), gehienez 5 laneguneko epean, ezinbesteko kasu justifikatuetan izan ezik.
h) Dirulaguntzaren xede diren jarduerak finantzatzen dituzten beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk hartuz gero, administrazio organo eskudunari horren berri ematea, jasoriko funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen.
15.–Gardentasun betebeharrak.
Entitate pribatu onuradunek, dirulaguntzak jasotzen dituztenean Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, bete beharko dute maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko bederatzigarren xedapen gehigarrian ezartzen den gardentasun betebeharra (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko Foru Legea), bi egoera hauetako batean badaude:
1. 20.000 euroren edo gehiagoren laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetean Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura.
2. Jasotako laguntzen edo dirulaguntzen zenbatekoa urteko diru-sarreren %20 edo gehiago bada, gutxienez 5.000 euroko kopurura iritsiz gero.
Horretarako, bi inguruabar horiek betetzen dituzten entitate onuradunek, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, ondotik aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute telematikoki, NL-NEZi zuzendua eta entitatearen legezko ordezkariak sinatua, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean:
–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru-konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.
–Kargudun bakoitzak gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan duen dedikazio mota.
–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.
Aurreko apartatuan ezarritako muga kuantitatiboak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien zenbatekoak.
Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako zenbatekoa konputatuko da ondorio hauetarako, ez guztizko batura.
Gardentasun betebeharra bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kasua bada, kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Aurrekoa galarazi gabe, entitate onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, hark bete ahal ditzan Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan ezarritako gardentasun betebeharrak.
Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen-isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren %5 baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko dira ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa.
16.–Ez-betetzeak eta dirulaguntzen itzulketa.
16.1. Hartutako zenbatekoa itzuli egin beharko da, osorik edo partez, baldin programa gauzatzen ez bada, edo dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, eta, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira, edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira, bereziki 15. oinarrian jasotako gardentasun betebeharra. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da berandutze-interesak ordaindu daitezela eskatzea; hain zuzen, dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutakoak.
16.2. Dirulaguntza erabiltzen baldin bada eman zen helburuetarako ez beste batzuetarako, eta aldaketa hori NL-NEZi komunikatzen ez bazaio, zerbitzu horrek ebazpena emanen du dirulaguntza osoa itzuli behar dela erabakitzeko, berandutze-interesak barne.
16.3. Onuradunak dirulaguntzaren baldintzen aldaketa komunikatzen duenean, NL-NEZek, aldaketa onartuz gero, aldaketa baino lehen jasotako diru guztia edo parte bat itzultzeko eskatzen ahalko dio.
16.4. Entitate onuradunak ia "modu esanguratsuan" bete dituenean baldintza guztiak eta konpromisoak betetzeko jarrera garbia duela egiaztatzen duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak zenbateraino eta noraino bete ez diren ikusita. Deialdi honen ondorioetarako, "esanguratsutzat" joko da onetsitako proiektuaren %75 beteta edukitzea.
16.5. Laneratzeko konpromisoa ez betetzeak bi irizpide hauek aplikatzea ekarriko du:
–a) ez-betetzea: iristen ez bada 11.1 oinarriko 1. irizpidean finkatutako laneratzeko gutxieneko ehunekora, 500 euro itzuli beharko dira laneratzeko gutxieneko ehunekoa aplikatzetik ateratzen den pertsona bakoitzeko.
–b) ez-betetzea: Entitateak 11.1 oinarriko 1. irizpidean ezarritako gutxieneko laneratze ehunekoa baino ehuneko handiagoa konprometitu bazuen proiektu memorian, 250 euro itzuli beharko dira laneratzeko hitzemandako ehuneko aplikatzetik ateratzen den pertsona bakoitzeko.
Beraz, entitateari a) irizpidea bakarrik aplikatzen ahalko zaio, edo a) eta b) irizpideak, proiektu memorian hitzemandakoaren arabera.
16.6. Entitate onuradunak organo kudeatzaileari eskatzen ahalko dio dirulaguntzaren zati bat bere borondatez itzultzeko. Entitateak bere borondatez itzultzen badu dirua eta, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, bidezkoa bada berandutze-interesak aplikatzea, horiek kalkulatuko dira dirua itzultzen duen arte.
17.–Dirulaguntzen jarraipena eta kontrola.
Dirulaguntzak ematen dituen organoak ahalmena izanen du aldian-aldian nahi adina kontrol eta egiaztapen egiteko, diruz lagundutako jarduera gauzatzen den ziurtatzeko, bai eta ezarritako baldintzak betetzen diren egiaztatzeko ere.
Bi hilean behingo jarraipen batzorde presentzialak eginen dira Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bulegoetan, eta haietan izanen dira entitate onuradunaren eta NL-NEZen ordezkariak. NL-NEZek aldatzen ahalko ditu jarraipen batzordeen aldizkakotasuna, modalitatea eta kokapena, jarraipen eta kontrol ahalmenaren arabera.
Entitate onuradunek, jarraipen batzorde bakoitzean, proiektua gauzatzeari buruzko txosten bat aurkeztuko dute. Txosten horretan, jasoko da deialdiaren esparruan eman diren enplegurako orientazio-zerbitzuei buruzko informazioa, bai eta entitateek berek edo Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak zehazten duten beste informazio interesgarria ere.
18.–Dirulaguntzen bateragarritasuna.
Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira jarduera hori bera egiteko jasotzen diren beste batzuekin.
Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa, dela bakarrik, dela beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta. Emandako dirulaguntza justifikatu aurretik jakinarazi beharko zaio NL-NEZi beste laguntza edo dirulaguntza batzuk jaso izana, eta ordaindu beharreko zenbatekoa gutxitzen ahalko da horren ondorioz.
19.–Dirulaguntzaren publizitatea, onuradunaren aldetik.
Bai publizitatean, bai zabalkundeko materialetan eta paper-gauzetan, entitate onuradunek adierazi behar dute Nafarroako Gobernuaren finantzaketa izan dutela. Nafarroako Gobernuaren sinboloa erabili beharko da bat etorriz Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan xedatutakoarekin.
20.–Errekurtsoak.
Oinarri arautzaile hauen eta haien aplikazioko administrazio egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita. Errekurtsoaren xede den administrazio egintza espresua ez bada, noiznahi jar daiteke gora jotzeko errekurtsoa, administrazio-isiltasunak ondorioak izan eta biharamunetik hasita.
21.–Datuen babesa.
Deialdi honek ezartzen duena betetzeko beharrezkoak diren datu pertsonalen tratamendua honako arau hauen arabera eginen da: 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoak babesteari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; eta gainerako garapen arauak, hari aurka egiten ez dioten heinean.
Entitate onuradunen ardura izanen da programetan parte hartzen duten pertsonei aipatu Erregelamenduaren (EB) 13. artikuluan adierazitako informazioa ematea.
22.–Emandako dirulaguntzen argitalpena.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, NL-NEZek jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Enpleguaren Atarian (www.navarra.es/eu/enplegua), eta bertan adieraziko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.
Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak ere argitaratuko ditu datu horiek bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.
Iragarkiaren kodea: F2608870
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
