Iragarkia
138. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 16a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
52/2026 EBAZPENA, ekainaren 19koa, Nafarroako Foru Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baitira Zergen Kontrolerako 2026ko Plana gidatzen duten jarraibide orokorrak.
Nafarroako Foru Ogasunari dagokio zerga-sistema eraginkortasunez, ekitatez eta efizientziaz aplikatzea Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan. Misio hori helburu estrategiko batean oinarritzen da: pertsona eta entitate zergadunek zerga-betebeharrak borondatez bete ditzaten sustatzea.
Helburu hori lortzeko, jarduketa-ildoak bi ardatz nagusitan oinarritzen dira: alde batetik, kalitatezko informazio, arreta eta laguntza teknikoko zerbitzuak ematea, zerga-betebeharrak borondatez bete daitezen laguntzeko, eta, bestetik, estrategia integral eta proaktibo bat garatzea, iruzur fiskala prebenitzeko, detektatzeko, erregularizatzeko eta haren aurka borrokatzeko. Hori guztia, bermatzeko karga publikoen ordainketak bat egiten duela zergadun bakoitzaren gaitasun ekonomiko errealarekin; izan ere, hori da modua zerga-sistemaren ekitatea eta justizia babesteko eta operadore ekonomikoen arteko lehian iruzurrezko jardunbideek eragiten dituzten distortsioak saihesteko.
Helburu horiek garatzeko, ebazpen honen bidez onesten dira Zergen Kontrolerako 2026ko Plana gidatzen duten jarraibide orokorrak, Iruzur Fiskalaren aurka Borrokatzeko 2025-2027 Planaren esparruan, zeina ezinbesteko tresna baita Nafarroako Foru Ogasunaren urte anitzeko plangintza zehazteko. Jarraibide orokor horien bidez koordinatzen dira zergen kudeaketa-, ikuskapen- eta bilketa-arloetan egiten diren jarduketak, bat etorriz Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluan ezarritakoarekin eta ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Tributu Ikuspenari buruzko Erregelamenduaren 10.4 artikuluan xedatutakoarekin.
Jarraibide hauetan zehatz azaltzen dira, 2026ko ekitaldirako, informazioa eta laguntza emateko eta iruzurra prebenitu eta kontrolatzeko jarduketa-ildo garrantzitsuenak. Horien helburua da aurreko ekitaldietan eraginkorrak izan ziren jarduera-ildoak finkatzea; beste batzuk sartzea, une honetako testuinguru ekonomiko eta sozialera eta indarreko araudira egokituta; bai eta mekanismoak indartzea laguntza emateko eta iruzurra prebenitu, egiaztatu eta ikertzeko.
Azaldutakoaren arabera, eta aipatutako xedapenetan ezarritako betebeharrak betez, Zergen Kontrolerako 2026ko Plana gidatzen duten jarraibide orokorrak onesten eta argitaratzen dira.
Horiek horrela, bada,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.–Zergen Kontrolerako 2026ko Plana gidatzen duten jarraibide orokorrak onestea, ondotik zehazten diren jarduketa-ildoekin.
1.–Zergadunentzako laguntza eta argibideak.
Funtsezko helburua da nork bere zerga-betebeharrak borondatez bete ditzan sustatzea. Horretarako, kalitatezko laguntza eta informazioa eman behar zaie pertsona eta entitate zergadunei. 2026an egin beharreko jarduketen helburua da omnikanalitatean oinarritutako arreta eredua hobetzea, aurrez aurreko arretarako bitarteko tradizionalak erabiliz eta eskura dauden teknologia berrien bidez aurrez aurrekoa ez den laguntza ahalbidetuz, efikazia handiagoa lortzeko eta eskura dauden baliabideak eraginkortasun handiagoz esleitzeko. Horrela, herritarrak berak aukeratuko du bere beharretara hobekien egokitzen den arreta modalitatea.
Bestetik, komunikazio-egintzak eginen dira askotariko formatuetan (hitzaldiak, dibulgaziorako mezu elektronikoak, informazio-oharrak, etab.); hala, modu efizientean zabalduko da laguntza zerbitzuei, eskura dauden tresnei eta zerga-betebeharrei buruzko informazioa, betebehar horiek betetzen laguntzeko.
Lan eginen da zerbitzu-karta bat prestatzeko, tresna egokia baita pertsonek eta entitateek jakin dezaten zer egin dezaketen modu erraz eta gardenean beren zerga-betebeharrak betetzeko.
1.1. Zergadunei arreta emateko kanalak optimizatzea.
2026an aurrera eginen da arreta eredu omnikanala definitzeko bidean, egungo askotariko kanalak oinarri hartuta. Sortu nahi den arreta-sisteman, helburua da harremanetarako puntuak (aurrez aurreko arreta-bulegoak, telefono eta bideodei bidezko arreta, web-orria, laguntzaile birtuala, karpeta fiskala) elkarrekin konektatuta egotea eta haien artean informazioa partekatzea, zergadunari emandako arretaren historikoa eskura izateko.
–Aurrez aurreko arreta. 2026an Iruñeko arretarako bulegoa berritzeko proiektua bukatu da, eta, horri esker, egungo egoitza modernizatu da, arreta modu pertsonalizatuan eta azkarrago emateko. Orain espazio irekiak ditu, eta informazio-puntu interaktiboak. Bulegoa irisgarritasun unibertsaleko irizpideetan oinarrituta diseinatu da, herritarrak modu eroso, seguru eta autonomoan mugitu daitezen. Gainera, langile-taldeak berariazko prestakuntza jaso du, herritar guztiei arreta inklusiboa emateko.
Bestalde, Nafarroako Foru Ogasunaren zerbitzuak landa-ingurunera hurbiltzeko xedez, bulegorik ez dagoen udalerrietan eta Errenta Kanpainan zehar, laguntza zerbitzu berri bat ezarri da autolikidazioa aurrez aurre egin ahal izateko. Zerbitzu horrek Errenta Bus du izena, eta Nafarroako Gobernuak zenbait udalerritara eramaten duen bulego mugikorrean egonen da, herritarren eskura.
–Arreta ez-presentziala. Kanal ez-presentzialak bultzatuko dira, hala nola telefono deiak, bideodeiak eta web-formularioen eta laguntzaile birtualen bidezko kontsultak. Horrez gain, aplikazio bat jarriko da zergadunen eskura, herritarrek beren izenean edo beste batzuen ordez Nafarroako Foru Ogasuneko informazioa eta agiriak eskuratu ahal izateko. Horretan sartzeko, egiaztagiri seguruak erabiliko dira.
–Eten digitala murriztea. Gainera, egun dauden ordezkaritza motak aplikazio eta izapide telematiko guztietara zabalduko dira, zerga administraziora hirugarrenen bidez sartu ahal izateko. Horri lotuta, beste ordezkaritza modalitate berri batzuk ezarri dira, eta, besteak beste, nabarmentzekoa da, hemendik aurrera, kausatzaileen alargunek telematikoki aurkezten ahalko dituztela hildakoen PFEZaren eta ondarearen gaineko zergaren aitorpenak.
1.2. Agiriak aurkezteko aplikazioen eta laguntza- eta informazio-zerbitzuen garapen teknologikoa.
–ATHANA plataforma eta aurkezpen telematikoa. Autolikidazioak eta aitorpen informatiboak bitarteko elektronikoen bidez aurkezteko aplikazioen garapen teknologikoa osatzen segituko da.
–Aurreaitorpena egiteko sistema. Sistema hori osatzen jarraituko da, aurkezpen telematikoaren osagarri gisa, eredu hauei dagokionez: ondare-eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren ereduak eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren eta oinordetzen gaineko zergaren eredu jakin batzuk. Horrela, nahi duten zergadunek, aurkezpena erraz egiteko aukera hori erabiltzen ahalko dute.
–Laguntza eta informaziorako tresna berriak. Karpeta fiskala hobetuko da, eta, esate baterako, informazio pertsonalizatu berria sartuko da. Gainera, aplikazio mugikorra banaketa plataforma ofizial nagusien bidez eskuratzeko aukera izanen da. Dibulgazio-material gehiago eginen da, eduki digital interaktiboak sortzen laguntzen duten tresnak erabiliz, zerga-betebeharrak hobeki ulertzen laguntzeko. Material berria web-orrian argitaratuko da, berariaz sortutako atal batean.
1.3. Ordainbideak eta beste zerbitzu osagarri batzuk.
Aukera emanen da zerga-zorrak txartel eta bizum bidez ordaintzeko.
2.–Informazioa eskuratzeko eta iruzurra prebenitzeko jarduketak.
Zerga administrazio ororen helburu nagusia da zergadunei erraztasunak eta laguntza ematea beren zerga-betebeharrak borondatez bete ahal izan ditzaten, ondoren berrikusi eta zuzendu behar diren akatsak edo disfuntzioak minimizatuta. Horretarako, funtsezkoa da Foru Ogasuna elika dadin eskura dituen eta tributuen arloan garrantzia duten informazio guztiez, eta ahalik eta hobekien administratu eta kudea ditzan, ahal den guztietan zergapekoaren eskura jartzeko. Era berean, disuasio eragina sortzen du jarduera ez aitortzeko edo ezkutatzeko jarreren aurrean. Horrek, beste prebentzio jarduketa batzuekin koordinatuta, iruzur fiskala minimizatzen du, eta horri esker, erregularizazioaren eta kobrantzaren jarduketa intentsiboak metatzen ahal dira, hautaketa egoki baten ondoren, zerga-betebeharrak nahita eta insolidarioki ez betetzea erabakitzen duten pertsonen eta entitateen kolektibo txikian.
Zergekin lotura duen zergapekoei buruzko informazioa lortzeko, normalizatzeko eta analizatzeko jarduketak funtsezkoak dira Nafarroako Foru Ogasunaren efizientzia eta eraginkortasuna hobetu eta oinarrizko helburuak betetze aldera, hau da, iruzurraren kontra borrokatzeko eta zergak borondatez ordaindu daitezela sustatzeko.
2.1. Informazioa lortzeko jarduketak.
Informazioa lortzeko jarduketen helburua da datuak biltzea zergadunen ondasun, errenta, jarduera ekonomiko eta harremanei buruz, eta askotariko informazio-iturritatik lortzea datuok:
–Zergadunek berek aurkeztutako zerga-aitorpenak, aitorpen horietan beraiei eta haiekin harreman ekonomikoak dituzten hirugarrenei buruzko informazioa ematen baitute.
–Araudian exijitutako askotariko aitorpen informatiboak, non aditzera ematen baitira izandako harreman enpresarial, profesional edota finantzarioengatik beste zergapeko batzuei buruz ezagutzen diren eta garrantzi tributarioa duten datuak.
–Zergapeko jakin batzuei egindako informazio-eskaeren bitartez informazioa biltzeko gauzatzen diren jarduera selektiboak.
–Beste zerga administrazio batzuekin edo erakunde eta entitateekin izandako trukeei esker lortutako informazioa, hala akordioen nola lankidetza-hitzarmenen bidez.
–Eta beste jurisdikzio batzuetatik lortutako informazioa, nazioarteko informazio-truke automatikoen bidez.
Jarduketa horiek, lehenik eta behin, prebentzio eta disuasio eragina dute; izan ere, herritarrek ezagutzen badute Foru Ogasunak bere esku dituela edo izaten ahal dituela haien jardueren, ondasunen eta eskubideen gaineko informazioa, zerga arlorako garrantzia duena, beharbada, bestela iruzurra eginen luketen zenbait pertsonak beren kabuz erabakiko dute beren zerga-betebeharrak betetzea. Bestalde, tributuen arloan garrantzia duen informazioa lortu, normalizatu eta aztertzen bada, Foru Ogasunak kontrolak ezartzen ahal ditu arrisku fiskalak eta inkongruentziak detektatzeko aitortutako datuetan.
2026an, Nafarroako Foru Ogasunak, informazioa lortze aldera, lan-ildo hauek lantzen jarraituko du:
–Zerga-informazioa trukatzea Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin (ZAEA) eta Euskal Autonomia Erkidegoko foru ogasunekin.
ZAEAri dagokionez, lankidetzan jarraituko da informazioa trukatzeko arloan nazioarteko hitzarmenak eta tratatuak betetzeko, xede tributarioko informazioa trukatzeko hitzarmenaren esparruan. Hura aldatzeko eta luzatzeko gehigarri bat sinatu zen 2025eko ekainaren 25ean, eta informazioa trukatzeko bidea hobetu zuen, batez ere, nazioarteko informazioa trukatzekoa. Horrez gain, mekanismoak egokitzen ditu Nafarroako Foru Ogasunak ordainarazten dituen zerga-figura berrietara, zehazki: zigarreta elektronikoetarako likidoen eta tabakoarekin lotutako beste produktu batzuen gaineko zerga berezia; finantza-entitate jakin batzuen interes- eta komisio-marjinaren gaineko zerga; eta talde multinazionalei eta talde nazional handiei zuzendutako gutxieneko zergapetze-maila global bat bermatzeko zerga osagarria.
2026an, informazio-truke horiei esker, aukera egonen da ezagutzeko banku-kontuen titulartasuna, eta enpresariek eta profesionalek lortutako diru-sarrerak ere bai, bai txartelen kobrantza sistemen bidezkoak (salmenta-puntuko terminalekoak) bai telefono mugikorrei lotutako ordainketen bidezkoak. Era berean, DAC8 Zuzentarauaren etorkizuneko transposizioaren esparruan, finantza-produktu berriei buruzko informazioa eskuratuko da: banku zentraletako diru elektronikoa eta moneta digitalak, eragina dutenak 172, 173 eta 721 ereduetan. Horrez gain, 196 eta 170 ereduetako aitorpen informatiboen esparru subjektiboa zabaldu da, eta hemendik aurrera barne hartuko ditu ordainketa-entitateak, diru elektronikoko entitateak eta zerbitzuak aske ematen dituzten entitateak; hala, laguntza emateko eta diru-bilketarako zerbitzuak eta iruzurraren aurkako neurriak hobetuko dira.
Gainera, 2026an informazioa trukatzeko eta koordinatzeko mekanismoak antolatuko dira, neurriak ezarri ahal izateko hidrokarburoen arloko iruzurrari aurre egiteko eta balio erantsiaren gaineko zergaren arloko arauak garatzeko. Bereziki zainduko da berriki onetsitako araudian zehaztutako berme-sistema eraginkorra izatea. Administrazioen arteko koordinazioa funtsezkoa izanen da zehaztutako berme-sistema eraginkorra izan dadin.
Era berean, jarraituko da akta bakarrak urtero trukatzen Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko foru ogasunekin.
Orobat, Foru Ogasuna harremanetan egonen da ZAEArekin, sinatutako akordioen esparruaren baitan, administrazioen arteko desadostasunak konpontzeko eta, ahal den neurrian, Hitzarmenaren Arbitraje Batzordean gatazkak aurkeztea ekiditeko, betiere zergadunen berme juridikoa bermatzeko.
–Nazioarteko informazio-trukea. Azken urteotan errazagoa da atzerrian dauden ondare-elementuak eta errentak lokalizatzea; izan ere, informazioaren eta komunikazioaren teknologiek, oro har, horretarako erraztasunak ematen dituzte. Tributazio aukera hori zilegi den arren, esperientziak erakutsi du administrazioak informazio-tresna egokirik izan ezean, arriskutsua izan daitekeela, batez ere atzerrian dauden ondasun eta eskubide horien kontrola bitarteko pertsona edo entitateek egiten dituztenean. Ondorioz, zerga arloko informazioa trukatzeko nazioartean sinatutako akordioak finkatu behar dira, Nafarroako zergadunen ondasunak, errentak eta eskubideak atzerrian detektatzeko.
Hori horrela, eta aintzat hartuta areagotzen ari direla zergadunen mugikortasuna eta mugaz gaindiko transakzioak, zerga administrazioen lankidetza indartu da, zerga-betebeharrak betetzen direla bermatzeko, eta iruzurra saihesteko. Horregatik, informazio-trukeak egonkortu dira, eta, ondorioz, jarraituko da zerga-informazioa automatikoki trukatzeko tresnen bidez jasotako informazioa erabiltzen Nafarroako zergapekoen ondasunak, errentak eta eskubideak atzerrian detektatzeko, hala nola finantza-kontuei buruzko informazioa (FATCA AEBrekin, CRS/DAC2 jurisdikzio anitzekin); Europar Batasuneko ondasun higiezinen titulartasunari eta errentei, lan-errentei, administratzaileen eta kontseilarien errentei eta pentsioei buruzko informazioa (DAC 1); aurretiazko balorazio akordioak (APA) eta mugaz haraindiko eragina duten kontsulta lotesleak (DAC3/BEPS 5. ekintza); talde multinazional handien herrialdekako txostenak (CbCR) (DAC4/BEPS 13. Ekintza); potentzialki oldarkorra den planifikazio fiskaleko mugaz haraindiko mekanismoak (DAC6-234, 235, 236 ereduak); plataforma digitaletako operadoreak (DAC7-238 eredua) eta mugaz gaindiko ordainketak (379 eredua). 2026an, DAC8 Zuzentarauaren etorkizuneko transposizioaren esparruan, finantza-produktu berriei buruzko informazioa eskuratuko da, finantza-kontuei buruzko informazio-truke automatikoak egiteko: banku zentraletako diru elektronikoa eta moneta digitalak, eragina dutenak 172, 173 eta 721 ereduetan.
–Kriptoaktiboak, neobankuak eta ordainketa-sistema berriak. Nafarroako Foru Ogasuna gero eta arduratuago dago kriptoaktiboen kontrolarekin eta neobankuen eta ordainketa-sistema berrien jardunbidearekin; izan ere, tresna horiek opakuak izateko arriskua dute.
Kriptoaktiboei dagokionez, hauek aitortzeko beharra indartuko da: kriptoaktiboen edukitzea, horiekin egindako eragiketak eta haietatik lortutako etekinak. Garrantzitsua izanen da moneta birtualaren saldoei buruz lortutako informazioa egiaztatzen duen metodologia bat garatzea. Horrez gain, jarduketak bultzatuko dira aktibo horiek edukitzetik eta eskualdatzetik lortutako errentak edo ondare-irabaziak aitortzen ez dituzten zergadunak kontrolatzeko.
Neobankuei edo batik bat ingurune digitalean funtzionatzen duten finantza-entitateei dagokionez, lehentasuna izanen da detektatzea finantza-entitate digitaletako kontuak erabiltzen diren errentak edo ondareak atzerrian ezkutatzeko. Horregatik, zergapekoen gaineko kontrolak areagotuko dira, baldin eta erabiltzen badituzte egun informazioa emateko betebeharretatik kanpo dauden bitartekoak (txartela). Hala, bermatu nahi da bitarteko alternatiba horien bidez ez dela zergarik saihesten.
2023/2226 Zuzentarauaren (DAC8) transposizioaren esparruan, Foru Ogasunak lan eginen du kriptoaktiboen eta diru elektronikoaren arloko informazio-betebehar berrietara egokitzeko, gainerako zerga administrazioekin koordinatuta.
–Arrisku adierazleak trukatzea eta iruzur-sareak goiz detektatzea. Administrazioen artean arrisku adierazleak trukatzea eta horien jarraipena egitea oso baliagarria da Nafarroan BEZaren inguruan antolatutako iruzur-sarerik ezarri ez dadin, eta horiek goiz detektatzea da, hain zuzen, Foru Ogasunaren lehentasunetako bat.
–Beste erakunde eta entitate batzuekin lankidetzan aritzea. Foru Ogasunak informazioa trukatzen eta lankidetzan aritzen jarraituko du Nafarroako Gobernuko departamentuekin, Nafarroako toki entitateekin eta beste entitate ofizial batzekin, hala nola Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiarekin, notarioekin eta erregistratzaileekin.
–Segurtasun indar eta kidegoekin lankidetzan aritzea. Laguntza eskatuko zaie arrisku fiskal handiko informazioa eskuratzeko jarduketetarako.
2.2. Prebentzio jarduketak.
Zerga administrazioaren helburu nagusietako bat da iruzurra prebenitzea.
Hortaz, garrantzitsua da gizarteak bidezkotzat jotzen duen zerga-sistema bat diseinatzea eta borondatez bete dadin erraztea, laguntza eta informazio egokiaren bidez. Hala, zergadunei segurtasuna eta konfiantza emanen zaie zerga administrazioarekiko harremanetan. Horretarako, prebentzio jarduketak egin behar dira, batetik, kalitatezko zerbitzu publikoak mantentze aldera, erakusteko zer garrantzitsua den nork bere zerga-betebeharrak bere gaitasun ekonomikoaren arabera betetzea, eta, bestetik zergadunen iruzurrezko jarduketak detektatzeko eta egin baino lehen saihesteko.
Azken urteetan prebentzio jarduketak bultzatzen ari dira Nafarroako Foru Ogasunean iruzurra jatorrian galarazteko, alegia, gertatu aurretik. Neurri horien ondorio ekonomikoa kalkulatzea zaila den arren, ezinbestekoa da iruzur fiskala saihestea, ahal den gutxien izan daitezen iruzurra gertatu ondorengo jarduketak, hots, erregularizatu eta kobratzekoak; izan ere, jarduketa horiek gerora egiteak kostu handiagoa du bai administrazioarentzat bai egiaztapenaren xede izan diren pertsonentzat.
Helburu hori lortzeko, ordea, beharrezkoa da informazioa, araudia, protokoloak eta tresna informatiko egokiak izatea, arriskuak garaiz eta eraginkortasunez atzeman ahal izateko.
–IFZaren esleipena kontrolatzea eta errebokatzea: orain arte bezala, zorrotz kontrolatuko da IFZaren esleipena, honako hauek egiaztatuko baitira: jakinarazitako datuak egiazkoak diren, aitortutako egoitza fiskala erreala den eta baliabide material eta giza baliabide nahikoak dauden jarduera ekonomikoa garatzeko. Era berean, jarraituko da aktiboki sozietateen IFZa errebokatzen baldin eta luzaro jarduerarik ez badute, zerga-betebeharrak behin eta berriz betetzen ez badituzte edo identifikatzen bada iruzurra egiteko tresnak izan daitezkeela.
–Europar Batasunaren barruko operadoreen erregistroa eta zerga gordailuetatik produktuak ateratzen dituztenen erregistroa kontrolatzea. Orain arte bezala, erregistro horietan inskribatutako operadoreak erregistroan sartu aurretik kontrolatuko dira eta ondoren ere haien jarraipena eginen da, BEZaren edo zerga berezien iruzur-sareetan erabiltzea prebenitzeko. Zehazki, hidrokarburoen sektorearen arloan, zerga gordailuetatik produktuak ateratzen dituztenen erregistroa sortu ondoren, eta erregistro horretan jasota ez dauden erauzleei produktuak ateratzeko aukera ematen dieten zerga gordailuen titularren gain zerga-zorra ordaintzeko erantzukizun subsidiarioa ezarri eta gero, aipatu sektorean BEZari lotutako iruzurra murriztea lortu duen araudi berria onetsi eta garatu da, aukera ematen duena BEZaren ordainketa bermatzeko hidrokarburoak zerga gordailutik atera aurretik. Berme hori oro har eskatzen da, salbu eta operadore fidagarri gisa aitortuta daudenei, betiere baldintza zorrotz jakin batzuk beteta.
–Ibilgailuen matrikulazioen eta transakzioen kontrola. Orain arte bezala, aldez aurreko kontrolak eginen dira, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiarekin eta ZAEArekin batera, zenbait garraiobideren gaineko zerga berezian, detektatze aldera zerga horren eta BEZaren iruzur-sareei lotutako arrisku-eragiketak.
–2026an, Foru Ogasunaren proiektu estrategiko gisa, NaTicket sistema garatzen jarraituko da, enpresariek eta profesionalek jaulkitako fakturazio-erregistroetan jasotako informazioa telematikoki eta berehala helarazteko. Sistema honek helburu bikoitza du: alde batetik, enpresa txiki eta ertainei eta autonomoei BEZaren eta zuzeneko zergen arloan ematen zaien laguntza hobetzea, eta, bestetik, zerga-kontrola hobetzea, salmentak ezkutatzeko softwarearen erabilera eta fakturazio irregularra saihesteko.
Informazio hori denbora errealean eskuratuz gero, datu-gurutzaketa automatizatuak egiten ahalko dira balizko ez-betetzeak hautemateko, eta diru-bilketaren arloan enbargatzeko jarduketak aurreratu. Hori ezartzeko, formatu elektronikoak definitu beharko dira, eta komunikazio-kanal seguruak gaitu.
Kontuan izanda zer tamaina duen proiektuak eta zenbateko eragina izanen duen zergadunen kolektibo zabal batean, laguntza, prestakuntza eta komunikazioko plan integral bat hedatuko da, informazio-aldi iragankor bat gaituko da, eta pixkanaka jarriko da martxan.
Foru Ogasunak 2026an barne sistemak diseinatu eta garatuko ditu NaTicketen bidez telematikoki bidaliko diren fakturazio-erregistroak masiboki jasotzeko, baliozkotzeko eta modu seguruan biltegiratzeko. Horretarako, aintzat hartuko da nola aplikatu beharko den araudia etorkizunean, bai faktura elektronikoari dagokionez bai Europar Batasuneko ViDA proiektuari dagokionez.
–Hezkuntza zibiko-tributarioa sustatzea. Zerga heziketa da epe luzean eraginkorrena den prebentzio-neurrietako bat. 2026an, Foru Ogasunak prestakuntza-ekintzak sustatuko ditu eskola eremuan, Hezkuntza Departamentuarekin koordinatuta, bai eta unibertsitate eremuan ere. Hala, herritarrek zerga arloan kontzientzia izatea sustatu nahi da, bai eta zerga-sistema hobeki ezagutzea ere. Horrez gain, PFEZari buruzko dibulgazio ekintza espezifikoak sustatuko dira, lanean hasiko diren gazteei zuzenduta.
3.–Iruzur fiskala ikertzeko, egiaztatzeko eta erregularizatzeko jarduketak.
Iruzur fiskala ikertzeko eta egiaztatzeko jarduketei dagokienez, aurreko ekitaldietan bezala, 2026an Nafarroako Foru Ogasunaren jarduketa-ildoek honako hauek izanen dituzte ardatz: ezkutuko ekonomiaren aurkako borroka, ondare eta enpresa handien kontrola, nazioarteko fiskalitatea eta eragiketa edo sektore espezifiko jakin batzuen gaineko kontrolak. Horretarako, Nafarroako Foru Ogasuneko kudeaketa eta ikuskapen organoek egiaztapen eta ikerketa lanak eginen dituzte, egiaztatzeko zergadunek zerga-betebeharrak behar bezala betetzen dituztela.
Ikuskatuko diren zergadunak hautatzeko, eskura dagoen informazio guztia aztertu ostean, arrisku fiskaleko irizpide objektiboak erabiliko dira, bai eta Plan honetako jarraibide espezifikoak ere.
3.1. Enpresa handien, talde fiskalen eta nazioarteko fiskalitatearen kontrola.
Enpresa handien ekarpen ekonomikoaren garrantzi kuantitatiboa eta kualitatiboa kontuan hartuta, 2026an horien gaineko egiaztapenak eta ikerketak egiten jarraituko da, irismen orokorrekoak zein partzialekoak.
Horretarako, aztertuko dira zerga-oinarriak eta kontabilitate-emaitzari egindako doikuntzak, aitortutako eta aplikatutako onura eta pizgarri fiskalak, bai eta bereziki garrantzitsuak diren eragiketak ere.
Enpresa batek zergak ordaindu behar baditu lurralde bakoitzean egindako eragiketa proportzioaren arabera, kontrolak eginen dira bai sozietateen gaineko zergan bai balio erantsiaren gaineko zergan aitortutako tributazio-ehunekoetan; hori guztia, Arbitraje Batzordearen eta Auzitegi Gorenaren irizpideekin eta lotura-puntuekin bat.
Halaber, enpresak berregituratzeko eragiketei eta talde fiskalen tributazioari dagokienez, zaintzen jarraituko da betebehar materialak eta formalak betetzen direla. Arreta berezia jarriko da zerga-oinarri negatiboak dituzten sozietate ez-aktiboak xurgatzearen ondoriozko bat-egiteetan. Era berean, egiaztatuko da behar bezala zehaztu direla zerga-baterakuntzarako perimetroa, ezabaketak eta eransketak, eta oinarri negatiboen konpentsazioa.
Egiaztatuko da behar bezala betetzen direla sozietateen gaineko zergan gastu horiek dituzten kengarritasun-mugak, barne daudelarik talde bereko entitateekiko zorretatik eratorritakoak, planifikazio fiskal oldarkorrak saihesteko. Transakzio garrantzitsuetako gainbalioak eta minusbalioak eta kontabilitate-emaitzari egindako doikuntzak aztertuko dira, bai eta onura fiskalak eraginkortasunez aplikatzeko baldintzak betetzen diren ere. Balio erantsiaren gaineko zergan, talde barneko eragiketei erreparatuko zaie, behin eta berriz itzultzeko eskaerak sortzen dituztenean.
Transferentzia-prezioen arloan, Nafarroan presentzia duten talde multinazionalei dagokienez, eremu hauek nabarmenduko dira 2026an ere, duten garrantzi erlatiboa edo arrisku fiskala dela eta: enpresa-berregituraketak, aktiboak (bereziki ukiezinak) talde barnean eskualdatzearen edo lagatzearen balorazioa, zerga-oinarria nabarmen higa dezaketen partiden kenkaria (esaterako, talde barnean ukiezinak lagatzearen edo zerbitzuak ematearen ondoriozko kanonengatik egiten diren ordainketak), behin eta berriz izandako galerak edo zergei lotuta dauden eragiketa finantzarioak. Egiaztapen jarduketak eginen dira ZAEArekin koordinatuta, baldin eta talde multinazionalek eragiketak egiten badituzte ikuskapen eskumen desberdinak dituzten entitateekin, taldearen barnean egindako eragiketen erregularizazio osoa bermatzeko.
Eragiketa lotuei eta transferentzia-prezioen azterketari dagokienez, ZAEArekin koordinatuta lan eginen da zerga administrazioen arteko gatazkak ebazteko ezartzen ahal diren adiskidetasun prozeduretan eta eskatzen diren aurretiazko balorazio akordioak prestatzeko.
Jarraituko da kontrolatzen Nafarroako zergapekoek bidegabeki aplikatzen dituzten zergapetze bikoitza saihesteko hitzarmenak eta Europar Batasuneko araudia.
Egiaztapenak eginen dira detektatzeko egoitza atzerrian duten entitateek Nafarroan zenbateko ondare-irabaziak eskuratzen dituzten, baldin eta zerga-betebeharra badute ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren aitorpenean, Zergapetze Bikoitzeko Hitzarmen aplikagarriarekin bat.
Informazioa eskuratzeko jarduketak eginen dira, halaber, detektatzeko Nafarroan ezarrita egoten ahal diren eta atzerriko sozietateek aitortu gabe dituzten establezimendu iraunkorrak, eta establezimendu iraunkor aitortuak ere bai, baldin eta ez badituzte betetzen halakotzat onartuak izateko behar diren baldintzak. Kasu horretan, haien tributu egoera erregularizatuko da, bai BEZaren bai sozietateen gaineko zergaren ondorioetarako.
Bestetik, 2026an zerga osagarriari buruzko lehen aitorpenak aurkeztuko dira, talde multinazionalentzako eta talde nazional handientzako gutxieneko zergapetze-maila globala bermatzeko. Zerga osagarri hori Kontseiluaren abenduaren 15eko 2022/2523 (EB) Zuzentarauan zehazten da; Nafarroan, abenduaren 22ko 18/2025 Foru Legearen bidez onetsi zen, eta haren erregelamendua otsailaren 25eko 13/2026 Foru Dekretuaren bidez.
3.2. Ondare nabarmenen kontrola.
Begiratuko da zergadun batzuek egoitza fiskalarekin itxurak egiten dituzten tributazio txikiagoaz bidegabekeriaz baliatzeko, desberdina baita tributazioa beste lurralde batzuetan Nafarroako Foru Komunitatekoarekin alderatuta. Nafarroatik beste autonomia erkidego nahiz jurisdikzio batzuetara egindako helbide aldaketak aztertzen jarraituko da, egiazko ohiko bizilekua Nafarroan izaten jarraitzen duten pertsonen lekualdatze formalak detektatu ahal izateko, haien helburu bakarra izaten baita karga fiskal txikiagoa lortzea, zuzeneko zergei dagokienez.
Ondare handiek, gainera, beren bolumen eta ezaugarriengatik, joera izaten dute inbertsioak produktu desberdinetan dibertsifikatzeko eta beren kapitala sozietate egituren bitartez kudeatzeko; eta, kasu askotan, lurralde desberdinetan kokatzen dituzte ondasunak, eskubideak eta errentak. Horregatik, Foru Ogasunak eskura dituen informazio-iturri guztiak erabiliko ditu, estatukoak nahiz nazioartekoak izan, era egokian egotziko bazaie gaitasun ekonomiko handiko pertsona fisiko horiei beren mundu mailako errenta eta ondare osoa.
3.3. Sozietateen gehiegizko erabilera.
2026an, arreta bereziz begiratzen jarraituko da merkataritza-sozietateak ez direla tartean jartzen gehiegikeriaz eta fikzioz ondare pertsonalen karga fiskala murrizteko. Kontrol jarduketak eginen dira pertsona edo familia talde batek osorik kontrolatutako sozietateen gainean, xedetzat badute garatzen duten jardueraren tributazioan murrizketa bidegabea lortzea edota zerga-oinarriak eramatea zerga-tasa txikiagoa duten beste entitate juridiko batzuetara.
Entitateak aztertuko dira baldin eta aktibo gehienak itxuraz jarduera ekonomiko baten garapenari atxikita ez dauden elementuez osatuak badituzte, helburua izanen baita detektatzea bitarteko sozietateak ondasun eta eskubideen titulartasun formala izateko soilik erabiltzen diren, bazkidearen erabilera partikularrerako eta haren gastu pertsonalak ordaintzeko. Halakoetan, kontingentziak guztiz erregularizatuko dira, sozietatearenak nahiz bazkide den pertsona fisikoarenak, eta, kasua bada, lotutako eragiketen araudia aplikatuko da. Horregatik, arreta bereziz begiratzen jarraituko da merkataritza-sozietateak ez direla tartean jartzen gehiegikeriaz eta fikzioz ondareen karga fiskala murrizteko.
Sozietatearen eta bazkidearen artean erregistratutako maileguak aztertuko dira, baldin eta etekinak banatzeko bide bat izateko arriskua badago, mailegu edo aurrerakinen itxurapean. Horretarako, aztertuko dira mailegu hartzailearen profila, sinatutako kontratua, haren kontabilizazioa, itzulketen egutegia, interesak, bermeak eta eragiketaren gainerako elementuak.
Berariaz egiaztatuko da entitateetako partaidetzengatik ondareen gaineko zergan aurreikusten den salbuespena, ziurtatzeko horiek ez direla erabiltzen salbuespena modu bidegabean lortzeko, ondare pertsonala kudeatzeko tresna huts gisa.
Lan eginen da identifikatzeko zer entitate erabiltzen den iruzur fiskalerako tresna gisa, dela eratu zenetik enpresa-egitura errealik ez duelako, dela benetako jarduera eten duelako. Zehazki, begiratuko da ez dela fakturarik jaulkitzen, babesten ez duenik egiazko ondasunik edo zerbitzurik, eragiketa hori itxurazko jarduera ekonomiko bat simulatzeko asmo bakarrarekin diseinatuta dagoenean, dela bidezkoak ez diren zergen itzulketak lortzeko, dela hartzaileek BEZaren kuoten bidegabeko kenkaria errazteko, dela existitzen ez diren gastuak kontabilizatzeko.
3.4. Ezkutuko ekonomiaren aurkako borroka.
Ezkutuko ekonomiaren kontzeptua zabalagoa da iruzur fiskalarena baino, eta honetan datza: zerga-agintaritzaren ezkutuan egitea legearen arabera beren osoan administrazioari jakinarazi beharreko legezko edo legez kanpoko jarduera ekonomikoak, xedea izanik zergak edo gizarte kotizazioak ez ordaintzea edo erregulazio edo administrazio izapide jakin batzuk saihestea. Horrek esan nahi du zergapekoek nahita saihesten dutela zergak ordaintzea. Beraz, zerga administrazioek iruzur fiskalari aurre egiteaz gain, ezkutuko ekonomiari ere egin behar diote aurre zentzurik zabalenean.
Ezkutuko ekonomiari aurre egiteko modurik eraginkorrenetako bat da lekuan bertan jardutea, gertaerak egiaztatzeko eta datuak hartzeko, eta, hala badagokio, auditoretza informatikoen bidez informazioa biltzeko. Auditoretza informatikoak, ahal den guztietan, interesdunaren laguntzarekin eginen dira, eta dagokion baimen administratibo edo judizialarekin, beharrezkoa bada.
Enpresa-sorlekuak eta sozietate bat baino gehiago helbideratuta dauden espazioak ere begiratuko dira, detektatzeko legez kanpoko helburuekin sortu ote den egoitza faltsurik eta pantaila sozietaterik.
2026an jarraituko da kontrol jarduketak egiten ezkutuko ekonomia egoteko arriskua sumatzen den sektoreetan nahiz negozio ereduetan (tarteka edo epe laburrean garatzen direnean ere bai, hala nola jai ekitaldietan), arreta berezia jarrita eskudiruaren erabilera intentsiboan edo atzerrian kokatuta dauden eta informazioa emateko betebeharrak saihesten dituzten ordaintzeko metodo elektronikoen erabileran. Kontuan hartuko da arrisku fiskala izan dezaketela zergadunek, kasu hauetan: bankuko bitartekoen bidez ordainketak onartzen ez badituzte; ordainketak telefono mugikorren bidez eskatzen badituzte; errentak lortzen badituzte ondasunak entregatzeagatik nahiz zerbitzuak emateagatik azken kontsumitzaileei; aberastasunaren kanpoko zantzuak, errentagarritasuna eta informazio finantzarioa ez badatoz bat errenta aitortuekin; sektoreko ratioekin alderatuta ohi baino errentagarritasun txikiagoak badituzte; galerak behin eta berriz aitortzen badituzte; edo salmentak ezkutatzen laguntzen duten aplikazio informatikoak erabiltzeko aukera badute.
3.5. Kontrolak eragiketa eta jarduera ekonomikoen gainean.
Nafarroako Foru Ogasunak 2026. urtean jarraituko du kontrola egiten zerga hauen aitorpenak egiten ez dituztenei: pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga, sozietateen gaineko zerga, balio erantsiaren gaineko zerga eta gainerako zergak; eta, orobat, nahitaez egin beharreko atxikipenak eta konturako sarrerak kontrolatuko dira.
Horretarako, zergapekoei kontrolak eginen zaizkie, baldin eta zergen aitorpenetan inkoherentzia esanguratsuak badituzte kontrasterako eskura dagoen informazioarekin; aitortutako errentekin bat ez datozen aberastasunaren kanpoko zantzuak badaude; jardueraren izaerarekin bateraezinak diren errentagarritasunak badituzte; edo galerak etengabe edo behin eta berriz aitortzen badituzte, eta horrek zerikusirik ez badu negozioaren benetako bilakaerarekin, beste adierazle batzuen arabera.
Halaber, zergapekoek aitortutako jardueren ratioa konparatuko da sektorearen indizeekin, ezkutuko diru-sarreren ondoriozko inkongruentziak atzemateko, batez ere eskudiruaren erabilera handia eginik azken kontsumitzaileei salmentak egiten edo zerbitzuak ematen dizkieten txikizkako sektoreetan eta profesionalen artean.
Kontrol zorrotzagoak eginen zaizkie fakturazio irregularra erabiltzen duten operadoreei, hau da, sozietateen gaineko eta BEZaren gaineko karga fiskala artifizialki murriztu nahi dutenei.
Beharrezkoa denean, xedea, beharra eta proportzionaltasuna behar bezala justifikatuta eta arrazoituta, zergapekoaren egoitzan jasoko da informazioa, auditoretza informatikoko jarduketak eginez, nahitaezko baimen administratiboa edo judiziala edukita, lokal horiek egoitza sozialtzat hartu behar direnean.
Sozietateen gaineko zergari dagokionez, 2026an kontrol jarduketak eginen dira munta handiko likidazio oinarri negatiboak behin eta berriz aitortzen dituzten entitateen gainean eta aspaldiko aldietan aplikatzeko dauden oinarri handiak metatzen dituztenen gainean, begiratzeko behar bezala egiaztatuta daudela.
Kreditu eta onura fiskalei dagokionez, lanean jarraituko da kontrolatzeko behar diren baldintzak betetzen direla horiek egiaztatu eta benetan aplikatzeko.
Neurriak hartuko dira ez dadin sortu gehiegizko oinarri likidagarri negatiborik eta ikerketa eta garapenagatiko kenkaririk interes ekonomikoko elkarteen bitartez, ondoren beren partaide diren bazkideei egozten baitzaizkie onura fiskalak.
Kotizatzen ez duten entitateen baloreen eskualdaketetan, aitortutako salmenta-prezioa kontrastatuko da entitatearen ondare garbiaren arabera dagokionarekin, edo emaitzen kapitalizaziotik sortzen denarekin, gainbalio ezkutuak eta minusbalio justifikatu gabeak detektatzeko. Eragiketa mota horretan, orobat, deklaratutako eskuratze kostua egiaztatuko da, bereziki, partaidetzak bat-egite, banantze, aktibo ekarpen eta balore trukeen araubide bereziaren baitan egindako eragiketen xede izan direnean.
Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokionez, profesionalen gaineko kontrola egiten jarraituko da. Era berean, lan eginen da antzemateko ea bitarteko sozietaterik erabili den baliabide materialik, giza baliabiderik eta benetako oinarririk ez duten lanbide jarduera guztiz pertsonalak gauzatzeko, sozietate horiek zerbitzuen prestazioan parte hartu gabe. Kasu horietan, pertsona fisikoari egotziko zaizkio bezeroarengandik jasotako errentak, merkatuko balio normalaren arabera, arauan finkatutako baldintzak betetzen badira. Horren guztiaren xedea da pertsona juridikorik ez sortzea pertsona fisikoek emandako zerbitzuen tributazioa bideratzeko tresna gisa erabiltzeko helburu nagusiarekin, haien tributazioa modu irregularrean murrizten baita.
Balio erantsiaren gaineko zergari dagokionez, jarraituko da, lehentasunez, iruzur-sare antolatuen kontrolaren koordinazioa eta kudeaketa bultzatzen, bai horien prebentzioari dagokionez, bai jatorritik beretik mugatzeari dagokionez. Izan ere, horrelako jarduketek gaitasuna dute epe laburrean zerga administrazioari kalte larria sortzeko.
Hidrokarburoen sektorean, 2026ko urte hasieran onetsitako araudi berriari esker, banaketa-katean BEZa ordaintzeko bermea indartu da, eta ikuskatze jarduketen bidez zainduko da iruzurra ez dela zerga gordailuetako titularretara hedatzen. Hidrokarburoen sektorearen arloan, zerga gordailuetatik produktuak ateratzen dituztenen erregistroa sortu ondoren, eta erregistro horretan jasota ez dauden erauzleei produktuak ateratzeko aukera ematen dieten zerga gordailuen titularren gain zerga-zorra ordaintzeko erantzukizun subsidiarioa ezarri eta gero, aipatu sektorean BEZari lotutako iruzurra murriztea lortu duen araudi berria onetsi eta garatu da, aukera ematen duena BEZaren ordainketa bermatzeko hidrokarburoak zerga gordailutik atera aurretik. Berme hori oro har eskatzen da, salbu eta operadore fidagarri gisa aitortuta daudenei, betiere baldintza zorrotz jakin batzuk beteta. Araudi berri horren ondorioz, zerga gordailuen titularren gaineko zaintza indartu beharko da, iruzurra zabaldu ez dadin gordailuetara; izan ere, zerga gordailuak hautatzen badu aukera ematea hidrokarburoa ateratzeko zergaren ordainketa bermatu aurretik, ateratze horri lotutako BEZaren ordainketaren erantzule solidarioa izanen da. Arauen aldaketa guztien azken xedea da bermatzea derrigorrezko zergak ordaintzen direla, bereziki, BEZarena, era horretan bidezko lehia sustatzen baita, eta hidrokarburoen merkatuaren gardentasuna bermatu.
Era berean, 2026an jarraituko da kontrolak egiten Europar Batasunaren barruko BEZaren iruzur-sareen gainean, ibilgailuen salerosketaren sektoreari dagokionez.
Kenkari eta itzulketa bidegabeak saihesteko, jarraituko da enpresariek eta profesionalek aitortzen dituzten jasandako BEZaren zenbatekoak egiaztatzen, baldin eta bat ez badatoz Nafarroako Zerga Ogasuneko datu-baseetan ageri diren erosketa eta eskuratze datuekin.
Bestalde, begiratuko da ea pertsona juridikoak erabiltzen diren jasandako BEZaren kuoten kenkarirako eskubidea lortzeko, baldin eta zuzenean edo zeharka lotuta badaude beste entitate batzuekin, zeinen jarduerek eskubide hori sortzen ez baitute, erabakitzen bada gehiegizkoak edo artifizialak direla eta tributazioa murrizteko xede bakarra dutela.
Halaber, Foru Ogasunean kezka gero eta handiagoa dago merkataritza elektronikoaren eta plataformetako ekonomiaren kontrolari dagokionez, eta, ondorioz, bereziki zainduko dira. Halaber, kezka dago sare sozialei lotutako negozio eredu berriekin (influencerren marketina); izan ere, zaila da hazten ari diren negozio eredu horien gaineko kontrola egitea.
Fabrikazioaren gaineko zerga bereziei dagokienez, 2026an jarraituko da fabrikak, zerga gordailuak eta zerga biltegiak kontrolatzen. Era berean, jarduketak eginen dira egiaztatzeko operadoreei ezarritako betebehar formalak betetzen direla. Kontrolatuko da, orobat, behar bezala aitortzen direla produktu horien fabrikazioko eta eraldaketako eragiketak, eta horiek benetan aplikatzen zaizkiela aitortutako prozesuei eta destinoei.
Bestalde, 2026an, nekazaritzako eta profesionalentzako gasolioari buruzko 7/2026 Errege Lege Dekretuan ezarritako laguntzak izapidetu, ordaindu eta kontrolatuko dira.
4.–Kontrol jarduketak diru-bilketaren fasean.
Diru-bilketa kontrolatzeko jarduketen helburu nagusia da bermatzea zerga-zorrak benetan kobratzen direla. Nolanahi ere, jarduketa horiek ez dira zorrak likidatu ondorengo ordainarazpen huts bat; aitzitik, sustatu behar dute fase horretan iruzur fiskala prebenitzen dela eta zerga-zorrak espontaneoki ordaintzen direla.
Zergen Kontrolerako 2026ko Planak, aurreko ekitaldietako jarduketa-ildoei jarraipena emateaz gain, hobekuntzak sartzen ditu diru-bilketa kudeatzeko tresnetan nahiz prozeduretan, bilketa-fasearen eraginkortasuna hobetzeko.
Hala, 2026an, jarduketa-ildo espezifiko hauek garatuko dira diru-bilketaren arloan:
4.1. Programa informatiko espezifikoak garatzea eta ordainbideak hobetzea.
Xede horretarako deitutako lizitazioa ebatzi ondoren, aukera emanen da tributuak eta eskubide publikoko beste diru-sarrera batzuk ordaintzeko kreditu txartelarekin, zordunketa txartelarekin eta bizumarekin; hala, zergapekoei lagunduko zaie ordaintzeko betebeharra betetzen.
4.2. Ordainketa zatikatzea eta geroratzea.
Jarraituko da zerga-zorrak zatikatzeko eta geroratzeko izapideak bizkortzen, eta zorrozki kontrolatuko da ea ordainketak egiten diren eskaera bakoitzerako ezarritako baldintzen eta epeen arabera. Arlo horretan, eta araudian onetsitako azken aldaketen ondorioz, ezinbestekoa da kudeaketa tresnak egokitzea eskaerei erantzuteko ahalik eta azkarren.
2026ko lehen hilabeteetan, Ekialde Ertaineko krisiaren ondorio ekonomikoei aurre egiteko, aparteko geroratze bat ezarri zen, zeina onetsi baitzen Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren apirilaren 7ko 34/2026 Foru Aginduaren bidez.
4.3. Konkurtso-prozedurak.
Konkurtso-prozeduren jarraipen zehatza egiten jarraituko da, horien bolumenak gora egiten jarraitzen baitu, batez ere pertsona fisikoei lotutakoei dagokienez. Hala, kreditu publikoa defendatzeko ordenamendu juridikoak aitortzen dituen ekintza guztiak jarriko dira martxan.
4.4. Administrazioen arteko lankidetza diru-bilketaren arloan.
Zordunen ondare-egoerari buruzko informazioa trukatzeko eta ordaindu gabeko zerga-krediturik dagoen ezagutzeko, Foru Ogasunak elkarlanean segituko du Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin, Euskal Autonomia Erkidegoko foru ogasunekin eta Nafarroako toki entitateekin.
Derrigorrezko diru-bilketaren arloan elkarri laguntzea bultzatuko da. Horretarako, modu eraginkorragoan eta bizkorragoan jardutea ahalbidetzen duten teknologiak erabiliko dira. Europar Batasunaren diru-bilketan elkarri laguntzeko eskaerak mantenduko dira.
4.5. Enbargoen kudeaketa.
Enbargoen eraginkortasuna hobetzeko, Informazioa Berehala Emateko Sistemak jasotako informazioa ustiatzen jarraitzeaz gain, eta Nafarroako Foru Ogasunaren gainerako arloekin koordinatuta, informazioa emateko betebehar berriei esker lortzen den informazioa ustiatuko da. Informazioa bide horietatik goiz jasoz gero, aurreratzen ahalko dira erantzukizuna hirugarrenei deribatzeko jarduketak. Zehazki, kriptoaktiboen arloan egun dagoen informazioa aztertuko da, kriptoaktiboak enbargo jarduketak saihesteko babesleku izan ez daitezen. Halaber, informazio-ereduetako informazioa ustiatzeko sistemak prestatuko dira. Informazio hori aurkezteko epea laburtu denez, zordunen aktiboen informazioaren kalitatea hobea izanen da, eta, hortaz, enbargoen eraginkortasuna handiagoa izanen da.
Jarraituko da diru-bilketa kontrolatzeko aurrez aurreko jarduketak egiten, informazioa lortzeko eta enbargoak egiteko; izan ere, zordun jakin batzuek, kasu batzuetan, jarduera ekonomiko bat egiten jarraitzen dute zorrak murriztu gabe edo are handituta ere.
4.6. Kontrol jarduketa kualifikatuak diru-bilketaren fasean.
Jarraituko da diru-bilketako, kudeaketako eta ikuskaritzako arloen arteko koordinazioa bultzatzen, egiaztapen jarduketak hasten direnetik; hala, diru-bilketaren arloko arrisku nabarmena goiz detektatuz gero, kautelazko neurriak hartzen ahalko dira. Zehazki, jarduketa bide hori erabiltzeko aukera aztertuko da zerga-delitu gisa judizializatzen diren espedienteetan.
Ondasun higiezinak erabiltzea debekatzeko erabakiak hartuko dira, partaidetzak edo akzioak enbargatzen direnean eta Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean horretarako aurreikusitako baldintzak betetzen direnean.
Erantzukizuna deribatzeko prozedurei dagokionez, 2025ean eta 2026an zehar lan hori egiteko langileen kopurua handituko denez, ikerketa jarduerak ugarituko dira, egiaztatzeko gertatzen diren erantzuleei zerga-zorrak ordain ditzaten eskatzeko legez aurreikusitako egitatezko kasuak. Halaber, orain arte bezala helburu garrantzitsua izanen da jarduketa horiek aplikatzea zergez besteko zuzenbide publikoko zorretarako.
Ondarea ikertzeko jarduketak eginen dira, bide ematen dutenak fikziozko kaudimengabeziak, ondasunen ostentzeak edo ordainketa saihesteko beste jokabide batzuk detektatzeko.
Halaber, akzio penalak bultzatuko dira kaudimengabeziagatik edo agiriak faltsutzeagatik, bai eta jurisdikzio zibilaren aurreko akzioak ere, Ogasun Publikoaren eskubideen defentsan.
2026an ere diru-bilketa kudeatzeko jarduketak indartuko dira zordunen oinordekoen aurrean, pertsona fisikoak zein juridikoak izan.
Gainera, enkante elektronikoak sustatzen jarraituko da, adjudikazio emaitzak hobetze aldera.
Bigarrena.–Agintzea ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila, behar diren ondorioak izan ditzan, eta orok ezagutzeko egokia den zeinahi bide erabiliz zabal dadila.
Iruñean, 2026ko ekainaren 19an.–Nafarroako Foru Ogasuneko zuzendari kudeatzailea, Óscar Martínez de Bujanda Esténoz.
Iragarkiaren kodea: F2608933
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
