2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
BETELU
Ordenantza, "Goikolako bainu-eremua" aisialdigunearen erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena
Udalak, 2026ko apirilaren 28an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea aldaketa bat honako ordenantza honetan: Udal ordenantza, Araxes ibaiko Goikola aisialdigunearen eta bainu-eremuaren erabilera arautzen duena.
Jendaurreko epea amaiturik, 2026ko 91. Nafarroako Aldizkari Ofizialean,maiatzaren 12an, eta Udalaren iragarki-taulan argitaratu ondoan, ez da erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu.
Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, hasierako onespena behin betiko bilakatu, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematen dira artikuluak.
Betelun, 2026ko ekainaren 24an.–Alkatea, Lorenzo Zubillaga Goicoechea.
ORDENANTZA, BETELUKO "GOIKOLAKO BAINU-EREMUA" AISIALDIGUNEAREN ERABILERA ARAUTZEN DUENA
Beteluko 2. poligonoko 897. eta 881. lurzatietan kokatua dagoen aisialdigunea eta bainu-eremua (Goikola), urte osoan zehar erabiltzen da, eta udan bereziki, uztailaren 1etik irailaren 15era bitarte, non edonork goza dezakeen naturaz Araxes ibaiaren ertzean. Gunean badira aparkalekua, piknikgunea eta bainu-eremua.
Eremu horretako erabilera arautzearren onetsi da ordenantza hau.
ORDENANTZA, BETELUKO "GOIKOLAKO BAINU-EREMUA" AISIALDIGUNEAREN ERABILERA ARAUTZEN DUENA
1. artikulua. Xedea eta aplikazio epea.
Ordenantza honek "Goikolako bainu-eremua" aisialdigunearen erabilera arautzen du –zeina baitago 2. poligonoko 897. eta 881. lurzatietan–. Haren aplikazio epea urte osokoa da.
Erabiltzaileek kontuan hartu beharko dute guneak aipatu lurzatiak baino ez dituela barne hartzen, eta debeku dela eremu mugakideetara edo inguruetako eremu hesitu eta itxietara sartzea, titulartasun pribatukoak baitira.
2. artikulua. Beteluko Udalaren eskumena.
Ordenantza hau ematen da Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 84.1 artikuluan eta 139. artikulutik 141.era bitartean ezarritakoaren arabera, Udalak dituen eskumenak erabiliz.
3. artikulua. Instalazioa erabiltzeko ordutegia.
Aisialdigunea 11:00etatik 21:00etara erabili ahal izanen da, eta erabat debekatuta dago eremuan kanpatzea edo gaua igarotzea.
4. artikulua. Bainatzea.
Bainatzea baimenduta dago seinaleztapenaren arabera ezarritako eremuetan.
Bainu-denboraldia urtero baimenduko da, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren urteko ebazpenean xedatutakoaren arabera.
Bainua ez dute ezein langilek zainduko; beraz, erabiltzaileak beren borondatez eginen dute beti, beren erantzukizunpean.
5. artikulua. Animaliak.
Debeku da lagun egiteko animaliak sartzea aisialdigunean.
6. artikulua. Ibilgailuak.
Ibilgailuak aparkatu beharko dira Udalak egokitutako eremuan.
7. artikulua. Eremurako sarbidea.
Eremuan sartzen ahalko dira honako hauek:
a) Beteluko eta Araizko udalerrietan eta Errazkingo eta Lezaetako kontzejuetan erroldatutakoak. Erroldatutako bakoitzak, orobat, bi lagun eramaten ahalko ditu.
b) Ibilgailua utzi dutenak Udalak egokitutako eremuan. Ibilgailua egokitutako eremuan aparkatu duenak lau lagun eramaten ahalko ditu.
c) Bizikletan edo garraio publikoan joaten direnak. Bizikleta utzi beharko da Udalak egokitutako eremuan, eta garraio publikoa erabili dela frogatzeko, dagokion tiketa erakutsi beharko da.
d) Ostatu hartu dutenak Beteluko, Araizko, Errazkingo eta Lezaetako establezimenduetan. Ostatua frogatzeko, dagokion establezimenduak emandako ziurtagiria erabiliko da.
8. artikulua. Egokitutako eremuan aparkatzea.
Beteluko Udalaren aplikazioaren bidez erreserbatu beharko da aparkalekua.
9. artikulua. Aparkalekuaren prezio publikoa.
Honako hau izanen da prezioa Udalak egokitutako aparkalekua erabiltzeagatik: 5 euro eguneko auto, furgoneta edo autokarabanendako eta 2 euro eguneko motozikletendako.
10. artikulua. Kutsadura akustikoa.
Ez dago baimenduta erabiltzea megafonoak, bozgorailuak edo soinuak, ultrasoinuak edo zaratak sortzen dituzten tresnak, baldin eta bizilagunei eta erabiltzaileei enbarazu egiten badiete eta natura-ingurunea kaltetzen badute.
11. artikulua. Hondakinen autokudeaketa.
Gune hau kudeatzen da zero hondakineko eremu gisa.
Erabat debekatuta dago lurrera edo uretara botatzea edo uztea paperak, plastikoak, botilak, zigarrokinak, janari-hondarrak edo beste edozein hondakin organiko edo ez-organiko.
Erabiltzaileek dute beren hondakinen ardura.
12. artikulua. Sua.
Debeku da sua erabiltzea modu orotan, gasezko su txikiak, barbakoak edo gisakoak barne.
13. artikulua. Piknik motako otorduak.
Erabat debeku da piknik motako otorduak egitea.
14. artikulua. Aulkiak, mahaiak edo bestelako altzariak paratzea.
Aulkiak, etzaulkiak, hamakak eta antzekoak erabiltzen ahal dira, baina debeku da mahaiak, eguzkitakoak, karpak eta abar paratzea.
15. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.
Arau-hauste arinak honako hauek dira:
a) Baimendutako aparkalekuetatik kanpo aparkatzea.
b) Aparkalekuan aulkiak, mahaiak eta halakoak jartzea.
c) Mahaiak, eguzkitakoak, karpak eta antzekoak paratzea.
d) Piknik motako otorduak egitea.
e) Erabiltzea megafonoak, bozgorailuak edo soinuak, ultrasoinuak edo zaratak sortzen dituzten tresnak, baldin eta bizilagunei eta erabiltzaileei enbarazu egiten badiete eta natura-ingurunea kaltetzen badute.
f) Sua erabiltzea.
g) Gaua igarotzea.
h) Lagun egiteko animaliak eramatea aisialdigunera.
i) Lurrera edo uretara botatzea edo uztea paperak, plastikoak, botilak, zigarrokinak, janari-hondarrak edo beste edozein hondakin organiko edo ez-organiko.
Arau-hauste astunak honako hauek dira:
a) Arau-hauste arinetan berrerortzea.
b) Eremura sartzea horretarako baimena eduki gabe.
Arau-hauste oso astunak honako hauek dira:
a) Arau-hauste astunetan berrerortzea.
16. artikulua. Zehapenak.
Arau-hauste arinak 60tik 150 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira; astunak 151tik 600 eurora bitartekoekin, eta oso astunak 601etik 3.000 eurora bitartekoekin.
17. artikulua. Xedapen orokorrak.
Ordenantza honen aurkako egiteak eta ez-egiteak arau-hauste administratibotzat joko dira, eta bertan jasotakoaren arabera zehatuko dira.
Beteluko Udalaren eskumenekoak ez diren arau-hausteak dagokion administrazio eskudunari igorriko zaizkio.
Iragarkiaren kodea: L2609196