Iragarkia
138. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 16a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
IRURTZUN
Udal Musika Eskolako Bateria irakasle lanpostu bat betetzeko oposizio-lehiaketa
2026ko ekainaren 22ko Alkatetzaren Ebazpenaren bidez, Irurtzungo Musika Eskolan bateria irakasle izateko lan-legepeko lanpostu finko bat (euskarazko C1 hizkuntza eskakizuna) oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdiaren oinarriak onartu dira.
Erabaki horren aurka errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoaren aurrean, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
c) Gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegian, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo hilaren barruan.
Dagozkion ondorioak izan ditzan argitaratzen da hau.
Irurtzunen, 2026ko ekainaren 23a.–Alkatea, Unai Razkin Iriarte.
DEIALDIA, OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO BATERIA IRAKASLEAREN LANPOSTU BAT IRURTZUNGO MUSIKA ESKOLAN, LAN-KONTRATU FINKOAREKIN (LANPOSTUAK EUSKARAZKO C1 HIZKUNTZA ESKAKIDZUNA DU)
1. oinarria.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea Irurtzungo Udal Musika Eskolako Bateria irakaslearen lanpostua (B maila) oposizio-lehiaketa bidez hornitzea da, lan-araubide finkoan aritzeko, eta plantilla organikoan jasotako plaza hutsa (23 zenbakia du) bete beharrez. Lanpostuak euskarazko C1 hizkuntza eskakizuna du.
1.2. Hautaketa-prozesu honetatik eratorritako kontratazioa lan-araubide finkokoa izango da.
1.3. Hilabeteko probaldia ezarri da, zeinetan bi aldeetako edozeinek deuseztatu ahal izango baituen kontratua.
1.4. Lanpostua betetzeak lanpostuari dagozkion eginkizunak betetzea dakar berekin.
1.5. Deialdi honen bidez egindako izendapenak Irurtzungo Udaleko lan-kontratudun langile izaera emango dio ondorio guztietarako izendatutako pertsonari, eta honako hauek arautuko dute lan harremana: kontratuan ezarritakoak, unean-unean indarrean dagoen Irurtzungo Musika Eskolako langileen enplegu-baldintzei buruzko hitzarmenak, eta, subsidiarioki, Langileen Estatutuak.
Izendatutako pertsonari Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean alta emango zaio, araubide honetan aurreikusitako babes-jardunaren pean.
Gainditu duten izangaiei sortzen diren premien arabera eta oinarri hauetan ezarritakoaren arabera dei egin ahal izango zaie.
1.6. Deialdia egin duen administrazioko organo eskudunak ezarriko ditu lanaldia eta lan-ordutegia, betiere lanaldi partzialean eta arratsaldez. Lanaldiaren araubidea urte bakoitzerako onartutako egutegian jasoko da, administrazio-organo eskudunek zerbitzuaren funtzionamenduan gerora sortutako beharrei erantzuteko aldatu ahal izango dutelarik.
Ikasturte bakoitzaren hasieran (iraila) lan-kontratua berrituko da, lanaldiari egokitzeko, hasi behar duen ikasturtearen matrikulazioaren arabera.
Oporren, lizentzien eta baimenen erregimena kontratua sinatzen den unean indarrean dagoen Irurtzungo Musika Eskolako langileen lan-baldintzei buruzko hitzarmenean ezarritakoa izango da.
1.7. Ordeztu nahi den lanpostuak Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren B mailari dagozkion oinarrizko ordainsariak gehi plantilla organikoan jasotako osagarriak ditu.
2. oinarria.–Izangaien betekizunak.
Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta kontratu-harremana hasten den egunera arte eta kontratazio-aldian mantendu beharko dituzte:
2.1. Espainiako nazionalitatea, edo Europar Batasuneko estatu kideren bateko nazionalitatea edo Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatu bateko nazionalitatea izatea, baldin eta abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoaren arabera langileen eta haien senideen zirkulazio askea jasotzen badute.
Europar Batasuneko edozein estatuko edo aipatu nazioarteko itunak sinatutako beste estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete, zuzenbidez bereizita ez badaude, eta orobat beren ondorengoek eta ezkontideenek -zuzenbidez bereizita ez badaude- hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo adin horretatik gorakoak izanda haien kargura bizi badira.
2.2. Hamasei urte beteta izatea eta, hala badagokio, nahitaezko erretiroa hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.
2.3. Eskabideak aurkezteko epea amaitzerakoan 66ko planaren erdi-mailako titulua, HSAOLOren goi titulua, HLOren edo HLOALOren goi titulua edukitzea, bateria espezialitatean, edo lortzeko moduan egotea.
Atzerrian lortutako titulazioen kasuan, homologazioa frogatzen duen egiaztagiria eduki beharko da. Gainera, tituluari zinpeko itzulpena erantsiko zaio.
2.4. Dagozkion eginkizunak betetzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.
2.5. Funtzio publikoak betetzeko desgaikuntza- edo etete-egoeran ez egotea eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ez egotea.
Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek ezin dute beren estatuan administrazio publikoan sartzea eragozten duen diziplina-zehapenik edo zigor-kondenarik eduki.
2.6. Europako Esparru Bateratuko C1 mailako (idatzia eta ahozkoa) euskara-titulua izatea edo euskararen ezagutza-proba egiteko eskatzea.
Euskararen ezagutza agiri bidez egiaztatzeko, EGA titulua, Hizkuntza Eskola Ofizialaren Gaitasun Agiria edo ofizialki baliokidetzat onartutako titulazioa aurkeztu beharko dira.
Oposizioaren aurretik euskara azterketarik baldin badago, proba hasi arte ere frogatu ahal izango da maila.
Maila proba gainditzen ez bada eta, beraz, eskatutako euskara-maila frogatu ezin bada, hautagaia prozeduratik kanpo geratuko da eta, ondorioz, ezingo ditu oposizio-faseko ariketak egin, eta ez zaizkio lehiaketa-faseko merezimenduak baloratuko.
3. oinarria.–Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak hamabost egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, honako bide hauetakoren batez:
a) Telematikoki, Irurtzungo Udalaren Egoitza Elektronikoan (deialdia NAOn argitaratu eta biharamunetik hasita, hamabosgarren egun naturalaren 23:59-ak arte).
b) Presentzialki, Irurtzungo Udaleko Erregistro Orokorrean (Foru Plaza z.g., Irurtzun; ordutegia: 09:00-14:00).
b) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen maiatzaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako edozeinetan. Kasu honetan, eskatzaileak eskabidea igorri dela jakinaraziko du idazkaritza@irurtzun.eus helbide elektronikora mezua bidaliz, eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen (deialdia NAOn argitaratu eta biharamunetik hasita, zazpigarren egun naturalaren 23:59-ak).
Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezaioten eskabideari hori ziurtatu aurretik.
Bi baldintza horiek bete ezean, ez da dokumentazioa onartuko, baldin eta jasotzen bada kontratazio-organoak oinarri hauetan adierazitako epea bukatu ondoren.
Eskabide-orriek deialdiaren I. eranskin gisa argitaratutako eredua bete beharko dute, eta, haietan, hautagaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela, aurkezteko ezarritako epea amaitzen den egunari dagokionez.
3.2. Desgaitasun aitortua duten izangaiek, beharrezko dutenean, hautaketa prozesuko ariketak egiteko, denbora- eta baliabide-egokitzapenak eskatu ahal izango dituzte, I. eranskinean dagokion laukitxoa markatuz. Bertan, gainera, zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten adierazi beharko dute.
Modu berean, egokitzapenak eskatu ahal izango dituzte ikasteko zailtasun espezifikoak dituzten pertsonek, hala nola dislexia, disgrafia, diskalkulia, AGHA eta antzekoak dituztenek, beti ere egoera hori bitarteko ofizialen bidez frogatzen badute.
Egokitzapenen bat eskatuz gero, gaixotasuna edo dibergentzia fisiko edo psikikoa frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da, organo eskudunak emana, eta, gainera, frogatu beharko da horrek ez duela eragozten lanpostuan normaltasunez jardutea.
3.3. Eskabidea I. eranskinari egokituko zaio, eta behar bezala beteta aurkeztu beharko da. Harekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) NANaren edo hautagaiaren nortasuna eta nazionalitatea frogatzen duen agiriaren fotokopia eta, hala badagokio, 2.1. oinarrian eskatutako gainerako baldintzena.
b) Deialdian eskatutako titulazioaren fotokopia.
1. Titulazio akademikoa.
2. Eskatutako euskara-mailaren titulazioa.
c) Euskara mailako proba egiteko eskaera, agiri bidez egiaztatzen ez bada.
d) Hala badagokio, desgaitasuna edo dibergentzia frogatuko duen agiria, organo eskudunak emana.
e) Espedientea formalizatzeagatiko eta hautaketa-prozesuetan parte hartzeko eskubideak ematen dituen tasa ordaindu izanaren egiaztagiria.
f) Gidabaimenaren fotokopia (B1 mota) edo norberaren bitartekoekin mugitzeko konpromisoa.
g) Lehiaketa-fasean baloratu beharreko merezimenduak justifikatzeko agiriak.
3.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izango da luzatu.
4. oinarria.–Tasa ordaintzea.
Espedientea formalizatzeagatiko tasak eta hautaketa-prozesuetan parte hartzeko eskubideak arautzen dituen zerga-ordenantzaren arabera, ordaindu beharreko tasa 20 eurokoa da.
Tasa ordaintzeko, transferentzia egingo da kontu-zenbaki honetara: ES76 3035 0120 95 1200900000. Kontzeptu gisa «BATERIA -» eta izangaiaren izen-abizenak agertu beharko dira (adibidez: BATERIA-Ainhoa Etxeberria Etxeberria).
Tasa ez ordaintzeak izangaia baztertzea ekarriko du. Baldintza hori betetzen ez bada, zuzendu ahal izango da.
Tasa ordaintzeak ez du inola ere ekarriko eskabidea garaiz eta behar bezala aurkezteko izapidea ordeztea.
5. oinarria.–Izangaiak onartzea eta erreklamazioak.
Deialdi honekin zerikusia duten iragarki eta argitalpen guztiak udalaren web orrian (www.irurtzun.eus) deialdiak duen fitxan eta udaletxeko iragarki-taulan argitaratuko dira.
5.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Irurtzungo Udaleko alkate-udalburuak ebazpena emango du onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda onartzeko, eta zerrenda iragarki-taulan eta udalaren webgunean argitaratzeko aginduko du.
5.2. Baztertutako izangaiek erreklamazioak egin eta, hala badagokio, akatsak zuzendu ahal izango dituzte, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo hiru egun baliodunen barruan.
5.3. Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta erreklamazioak ebatzi ondoren, Irurtzungo Udaleko alkate-udalburuak onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onartzeko ebazpena emango du, eta zerrenda iragarki-taulan eta udal webgunean argitaratzeko aginduko du.
Ebazpen horretan, oposizio-ariketak hasteko eguna, tokia eta ordua adieraziko dira.
Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak argitaratzearekin, maiatzaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 40. artikuluan aurreikusitako jakinarazpena egindakotzat joko da.
5.4. Onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda behin betiko bihurtu ahal izango da berehala, izangaien bazterketarik gertatzen ez bada.
5.5. Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendetan agertzeak ez du esan nahi interesdunei deialdian eskatutako betekizun guztiak betetzen dituztenik aitortzen zaienik. Izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa edo Administrazioaren esku dauden agiriak aztertu ondoren eskatutako baldintzaren bat betetzen ez dutela ondorioztatzen bada, interesdunek deialdian parte hartzetik erator daitezkeen eskubide guztiak galdu egingo dituzte.
6. oinarria.–Epaimahaia.
6.1. Epaimahai kalifikatzaileak kide hauek izango ditu:
–Lehendakaria: Unai Razkin Iriarte, Irurtzungo Udaleko alkatea.
–Batzordekidea: Asier Capón Muñoz, Irurtzungo Musika Eskolako zuzendaria.
–Batzordekidea: Eunate Dorai Sala andrea, Irurtzungo Musika Eskolako irakaslea.
–Batzordekidea: Juan Manuel Urriza Razquin, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko irakaslea.
–Batzordekide idazkaria: Begoña Olascoaga Echarri, Irurtzungo Udaleko idazkari ordezkoa.
6.2. Epaimahaia hautaketa-proben aurretik eratu beharko da.
6.3. Epaimahaia ezingo da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertaratu gabe. Kide anitzeko organoa balio osoz eratzeko eta jarduteko, lehendakaria eta epaimahaikide idazkaria bertan egotea, edo, bestela, haien ordezkoak bertan egotea beharrezkoa izango da.
6.4. Epaimahai kalifikatzaileko kideek ezin izango dute parte hartu, eta deialdia egin duen organoari jakinarazi beharko diote, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren maiatzaren 1eko 40/2015 Legean aurreikusitako abstentzio-arrazoiak daudenean. Halaber, izangaiek epaimahaikideak ezetsi ahal izango dituzte aipatutako egoerak gertatzen direnean.
Legez ezarritako abstentzio- eta ezespen-arrazoiak aplikatzeagatik epaimahaiaren osaeran aldaketaren bat gertatzen bada, epaimahai berriaren osaketa argitara emango da onartutako eta baztertutako izangaien zerrendekin batera.
6.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatzeari eta aplikatzeari buruz sor daitezkeen auzi guztiak.
6.6. Epaimahaiak aholkulari espezialistak sartu ahal izango ditu proba guztietarako edo batzuetarako. Pertsona horiek epaimahaiari lagunduko diote, beren espezialitate teknikoen eremura mugatuz.
7. oinarria.–Euskararen ezagutza.
Derrigorrezkoa den euskararen C1 maila agiri bidez frogatzen ez duten izangaiek euskara-proba egiteko eskatu beharko dute, eskabidea den I. eranskinean horretarako ezarri den laukitxoa markatuz.
Proba egiteko, epaimahaiak Euskarabidea-Nafarroako Euskararen Institutua erakunde autonomoaren laguntza eskatzen ahalko du. Honek ezin badu, subsidiarioki, Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuaren laguntza eskatuko da. Erakunde horrek hizkuntza-mailako ariketa espezifikoa egingo die hala eskatzen dutenei, eta emaitzak akta bidez jakinaraziko dizkio unitate eskatzaileari.
Epaimahaiak proba egiteko tokia, eguna eta ordua iragarriko ditu, onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda onartzeko ebazpenaren bidez.
Proba hori gainditu behar izanda gainditzen ez duten izangaiak, eta, beraz, euskarako C1 maila dutela frogatzen ez dutenak, hautaketa-prozesutik kanpo geratuko dira, eta haien jarduera guztiak baliogabetuko dira.
8. oinarria.–Oposizio-lehiaketa gauzatzea.
Oposizio-lehiaketa bi fasetan egingo da: lehenik, lehiaketa, eta, ondoren, oposizioa.
Hautaketa prozeduraren gehieneko balorazioa, bere osotasunean, 100 puntukoa izango da, honela banatuta:
1. Lehiaketa-fasea: 20 puntu, gehienez.
2. Oposizio-fasea: 80 puntu, gehienez.
2.1. Lehen ariketa: 70 puntu, gehienez.
2.2. Bigarren ariketa: 10 puntu, gehienez.
Oposizioko probak non, noiz eta zer ordutan egingo diren onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onartzen duen ebazpenean zehaztuko da beranduenez.
Oposizio-probaren deialdia, bai eta proba horiek osatzen dituzten ariketa bakoitzarena ere, deialdi bakarraren bidez egingo da, eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea, gidabaimena edo Nafarroan baliozkotasuna duten baliokidea eraman beharko dute. Oposiziotik kanpo geratuko dira iragarritako data, ordu eta lekuetan agertzen ez diren edo aipatutako dokumenturen baten bidez identifikatzen ez diren izangaiak.
8.1. Lehiaketa-fasea: 20 puntu, gehienez ere.
Lehiaketa-faseak, oposizio-fasearen aurretik egingo denak, 20 puntu izango ditu gehienez, eta ez da baztertzailea izango.
Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.
Era berean, ez da baloratuko aipatutako dataren ondoren egindako prestakuntza, honakotzat hartuz titulua edo behin-behineko frogagiri baliokidea eman den eguna.
Epaimahaiak ez du inolaz ere onartuko edota baloratuko alegatu ez den edo agiri bidez egiaztatu ez den merezimendurik. Era berean, ezingo du atal bakoitzean oinarri hauen arabera dagokiona baino puntuazio handiagoa eman.
3.3.g) atalean adierazitakoaren arabera, alegatutako merezimenduak honela puntuatu eta egiaztatuko dira:
8.1.1. Esperientzia: 10 puntu, gehienez ere.
a) Musika eskoletan emandako bateria klasikoko irakasle zerbitzuengatik: puntu 1 lan egindako urte bakoitzeko, gehienez ere 10 puntu.
b) Musika eskoletan beste espezialitateetan emandako irakasle zerbitzuengatik: 0,5 puntu lan egindako urte bakoitzeko, gehienez ere 8 puntu.
Oharrak:
1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.
2. Zerbitzu-emate bakoitza hasten denetik amaitzen den arte egindako zerbitzuak baloratuko dira, egindako lanaldiaren ehunekoa edozein dela ere.
3. Izangaia zerbitzu bereziko egoeran egon den aldiak benetan bete duen lanpostuan egindako zerbitzuak balira bezala zenbatuko dira, zaintzagatiko eszedentzia berezia izan ezik, egoera horretan sartzeko unean zeukan lanpostuan emandako zerbitzu gisa zenbatuko baita.
4. Aurreko azpiataletan emandako puntuazioak bateraezinak izanen dira epe berari dagozkionean. Halakoetan, kasu bakoitzean handiena den puntuazioa emanen da.
5. Emandako zerbitzuak erakunde kontratatzailearen ziurtagirien bidez frogatuko dira, lan-bizitzaren agiriaz lagunduta aurkeztuko direnak.
8.1.2. Prestakuntza akademikoa: 10 puntu, gehienez ere.
Bete beharreko lanpostuaren eginkizunekin lotura estua duten gaiei buruzko ikasketak baloratuko dira. Ikasketa horien tituluak prestakuntza-zentro ofizialek emandakoak izan beharko dute.
Denak aipatzeko asmorik gabe, honako ikasgai hauek baloratuko dira:
–Musika ezagutzak.
–Pedagogia ezagutzak.
a) Gutxienez 60 ECTS kredituko unibertsitate-titulua edo bi ikasturteko edo gehiagoko ikasketa-plana duen Lanbide Heziketako titulua edukitzeagatik, honako gai hauetan edo antzekoetan: 3 puntu titulu bakoitzeko.
b) 20 eta 59 ECTS kreditu bitarteko unibertsitate-tituluak edo Lanbide Heziketako tituluak izateagatik, horien ikasketa-planak bi ikasturte baino gutxiago baditu: 1,5 puntu titulu bakoitzeko.
c) Bete beharreko lanpostuarekin hertsiki lotutako ikastaroak egin izana (atal honetan sartuko dira aurreko ataletan adierazitako titulazioak, a eta b ataletan finkatutako eskola-tarteak betetzen ez dituztenak), c atal honetan gehienez ere 5 puntu eskuratzen ahalko direlarik:
- 300 ordu edo gehiagoko ikastaroak: puntu 1.
- 200 eta 299 ordu bitarteko ikastaroak: 0,8 puntu.
- 100 eta 199 ordu bitarteko ikastaroak: 0,6 puntu.
- 56 eta 99 ordu bitarteko ikastaroak: 0,4 puntu.
- 15 eta 55 ordu bitarteko ikastaroak: 0,2 puntu.
Ez dira baloratuko 15 ordutik beherako ikastaroak.
Epaimahaiak edozein unetan eskatu ahal izango ditu izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.
Titulu bat atal batean baino gehiagotan balora badaiteke, izangaiari puntuazio handiena ematen dion atalean bakarrik baloratuko da.
Ez da baloratuko izangaiari deialdian parte hartzeko aukera ematen dion titulazioa.
Lehiaketa-fasea amaitzean, eta oposizio-faseko lehen proba hasi aurretik, Irurtzungo Udaleko iragarki-taulan eta webgunean argitaratuko da izangai bakoitzak lehiaketa-fasean lortutako puntuazioa.
8.2. Oposizio-fasea: Gehienez ere, 80 puntu.
Oposizio-faseak lau ariketa izango ditu, eta horietako bat ere ez da baztertzailea izango.
Langileak hautatzeko probetan izangaiek jarduteko hurrenkeran ekitatea bermatzeko, proba bakoitzean jarduteko hurrenkera txandakatzea proposatzen da. Lehenengo probaren jardun-ordena zozketa bidez erabakiko da, proba hasi baino lehentxeago. Bigarren probaren eta hurrengoen jardun-ordena zehazteko, aurreko proban lehenengo jardun duen pertsona azkena jardungo du, bigarren jardun duena lehenengo jardungo du, hirugarren jardun duena bigarren jardungo du, eta horrela ondoz ondo.
Oposizioan honako proba eta ariketa hauek egingo dira:
8.2.1. Bi obraren interpretazioa. 20 puntu gehienez.
–Seven days (Sting). «Ten Summoners tales» diskoaren bertsioa.
–Four (Miles Davis). «Workin’ with the Miles Davis Quintet» diskoan grabatutako bertsioan oinarritutako moldaketa interpretatu behar da, gutxienez 32 konpaseko bateria soloa eta «trading fours»ekin.
Proba hau hautagaiak musikariekin edo audio-oinarriarekin egin dezake. Musikariak ekartzen baditu, interprete bakoitzaren izen-abizenak, instrumentua eta NAN zenbakia bidali beharko ditu irurtzungomusikaeskola@gmail.com helbidera, proba egin baino 15 egun lehenago. Eskolak teklatua eta anplifikazio-ekipoa jarriko ditu, eta gainerako materiala hautagaiak ekarri beharko du. Audio-base batekin lagunduz gero,. wav edo. mp3 formatuetan bidali beharko ditu fitxategiak irurtzungomusikaeskola@gmail.com helbidera, proba egin baino 15 egun lehenago. Audio-oinarri horietan ezingo da bateria egon.
Proba honetan honako hauek baloratuko dira: zehaztasuna, sentimendu erritmikoa, agologikoak, soinu-planoak, soinuaren kalitatea, pasarte eta testura bakoitzerako soinu oreka egokia, koloreak, fraseatze-dinamikak, adierazkortasuna, instrumentuaren kontrola, interpretazio estilistikoa, memoria, konpenetrazio artistikoa, etab.
8.2.2. Bateriarekin musika bat-batean irakurtzea. 10 puntu gehienez.
Probako materiala argitaratu gabea izango da eta proba egin baino 5 minutu lehenago emango zaie irakurtzeko, jo gabe. Hautagaiaren teknika eta irakurketa baloratuko dira.
8.2.3. Musika-eskolako ikasle bati eskola praktiko bat euskaraz ematea. 40 puntu gehienez.
Epaimahaiak irakatsiko den edukia proposatuko du eta izangaiak 10 minutu izango ditu prestatzeko eta beste 20 minutu emateko. Proba honetan hainbat alderdi baloratuko dira, hala nola komunikazioa, ikasleekiko harremana, aurkikuntza bidezko ikaskuntza, adibide musikalen erabilera, beti helburu musikala lortzeko baliabide eta estrategien erabilera, erabilitako materiala (egokitasuna, koherentzia, sekuentziazioa, barietatea...), etab. Halaber, honako alderdi hauek baloratuko dira: edukia ikasleen mailara egokitzea, koherentzia musikala, sekuentziazioa, jardueren aniztasuna, estrategiak eta baliabideak, etab.
8.2.4. Elkarrizketa epaimahaiarekin. 10 puntu gehienez.
Epaimahaiarekiko elkarrizketaren helburua da lortu nahi den lanpostuari dagozkion gaiei buruzko esperientzia, prestasuna eta ezagutzak baloratzea.
8.3. Oposizioa egiten den bitartean, denbora eta baliabide egokitzapen posibleak ezarriko dira desgaitasuna edo dibergentzia duten pertsonentzat, baldin eta eskabidean hala eskatu badute.
9. oinarria.–Gaindituen zerrenda, izendapen-proposamena eta dokumentuak aurkeztea. aldi baterako kontrataziorako hautagaien zerrenda.
Azken ariketaren kalifikazioa amaitutakoan, epaimahaiak Irurtzungo Udaleko iragarki-taulan eta udalaren webgunean argitaratuko ditu lortutako kalifikazioekin gainditutako pertsonen zerrenda eta ordezpen-poltsa osatuko duen puntuazio-hurrenkera korrelatiboa.
Azken kalifikazioa lehiaketa-faseko eta oposizio-faseko ariketen puntuazioen batuketaren emaitza izango da.
Epaimahaiak ariketa guztietan puntuazio handiena lortu duen pertsona izendatzeko proposamena egingo du. Proposamen hori udalaren iragarki-taulan eta deialdiaren web-fitxan argitaratuko da.
Hautatutako pertsonak gehienez ere bost laneguneko epean onartu edo ukatu beharko du deialdia egin duen administrazioaren kontratazio-proposamena, eta hamabost eguneko epean hasi beharko du lanpostuan, kontratazio-proposamena onartzen duen egunetik zenbatzen hasita.
Lanean hasten ez bada, eta behar bezala justifikatutako kasuetan izan ezik, edo hura gertatu ondoren berriz ere hutsik geratzen bada, organo eskudunak izangaiak hautaketa-prozesuan lortutako puntuaziorik onenaren arabera kontratatu ahal izango ditu, eta izangaiek eskainitako kontratazioarekin ados daudela adierazi beharko dute.
9.1. - Aldi baterako kontrataziorako hautagaien zerrenda.
Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoaren arabera, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda hauek eratuko dira hautaketa-prozesuan parte hartu eta bertan plazarik lortu ez duten izangaiekin:
a) Plazarik gabe gainditu duten izangaien zerrenda.
9.1.1. Plazarik gabe gainditutakoen zerrenda.
Sartzeko hautaketa-epaimahaiak espedientea bidali ondoren, Irurtzungo Udaleko alkate-udalburuaren ebazpenez, plazarik gabe gainditutakoen zerrenda onartuko da.
Aldi baterako kontratazio-zerrendetan izangaien hurrenkera, plazarik gabe gainditutakoentzat, sartzeko hautaketa-prozesuan lortutako puntuazio altuenak zehaztuko du.
Aldi baterako kontrataziorako eta, hala badagokio, kontrataziorako izangaien deialdia Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzupeko Langileen Estatutuaren testu bategina onartzen duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88.b) artikuluan eta hurrengoetan eta aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onartzen dituen abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera egingo da.
Kontratatzeko eskatzen diren agiriak aurkezten ez dituztenek, behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, eta eskatzen diren baldintzak betetzen ez dituztenek, bertan behera utziko dituzte sartzeko deialdian parte hartzetik erator daitezkeen eskubide guztiak, eskabidean faltsutasuna egoteagatik izan dezaketen erantzukizunari kalterik egin gabe.
10. oinarria.–Errekurtsoak.
10.1. Deialdi honen, deialdiaren oinarrien eta egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkeztu ahal izango da, hautaz:
a) Berraztertzeko errekurtsoa Irurtzungo Udaleko alkate-udalburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena edo argitalpena egin eta hurrengo egunetik aurrera.
b) Gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegian, argitaratu edo jakinarazi eta hilabeteko epean.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, Nafarroako Auzitegi Nagusiko ordena bereko salan, bi hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
10.2. Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio organo eskudunari, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo hilabetearen barruan.
ERANSKINA .–ESKAERA
Iragarkiaren kodea: L2609117
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
