138. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2048/2026 EBAZPENA, ekainaren 18koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, deialdi bat onesten duena prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran gelako buru izateko lanpostuan aritzeko izangaien zerrenda bat hautaproben bidez osatzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak dituen langile beharrak ikusirik, bidezkoa da deialdi bat onestea prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran gelako buru izateko lanpostuan aritzeko izangaien zerrenda bat hautaproben bidez osatzeko. Zerrenda hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei erantzuteko erabiliko da, salbu Osasun Departamentuaren mendeko erakundeetan.

Deialdi hau onesten da honako hauetan ezarritakoari jarraituz: apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua, zeinaren bidez, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 24.2 artikulua partzialki garatuz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen prestakuntza eta lanbide hobekuntza eskaintzen baitira; Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Agindua, prestakuntzarako zerbitzu berezietako lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezartzen duena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, aldi baterako kontrataziora jo aurretik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek bertako langile finkoei eskainiko dizkiete bete nahi dituzten plazak, horretarako, behar diren hautaprobetarako deia eginen dute, plaza horietan prestakuntza jaso nahi duten izangaien zerrendak egiteko.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Deialdi bat onestea, prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran gelako buru izateko lanpostuan aritzeko izangaien zerrenda bat hautaproben bidez osatzeko. Zerrenda hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko erabiliko da, Osasun Departamentuaren mendeko erakundeetan izan ezik.

2. Ebazpena eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak jakinaraztea Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Egiturako, Plantillako eta Langileen Aldi Baterako Kontratazioetako Zerbitzuari, Langileriaren Prozedurak Kudeatzeko Zerbitzuari, Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuari eta epaimahaiko kideei, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2026ko ekainaren 18an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Gloria Arancón Largo.

I. ERANSKINA.–DEIALDIA, PRESTAKUNTZARAKO ZERBITZU BEREZIETAKO EGOERAN GELAKO BURU IZATEKO LANPOSTUAN ARITZEKO IZANGAIEN ZERRENDA BAT HAUTAPROBEN BIDEZ OSATZEKO

Honako hauek arautuko dute deialdia:

OINARRIAK

Lehena.–Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran gelako buru izateko lanpostuan aritzeko izangaien zerrenda bat hautaproben bidez osatzea. Zerrenda hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei erantzuteko erabiliko da, Osasun Departamentuaren mendeko erakundeetan izan ezik.

Bigarrena.–Parte-hartzaileen betebeharrak.

2.1. Deialdi honetan onartuak izateko, parte hartu nahi duten izangaiek betebehar hauek bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, deialdi honen xede diren lanpostuena baino maila edo talde beheragokoa, eta eskubidez dagokion gehieneko prestakuntzaldia agorturik ez izatea.

b) Bere lanpostuan gutxienez hiru urteko zerbitzualdia benetan egina izatea.

c) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

d) Gelako buru gisa zerbitzu berezietan prestakuntza jasotzeko zerrenda batean ez egotea.

e) Unibertsitateko titulua izatea, gradu, diploma, ingeniaritza tekniko edo arkitektura teknikokoa, edo lizentzia, ingeniaritza edo arkitekturako lehen hiru maila osoak gaindituta izatea, edo aurrekoen baliokidetzat hartutako beste titulu bat, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina izatea, edo, hala badagokio, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotearen egiaztagiria.

Titulu horiek ezin dira izan langile finkoak jarduneko zerbitzuan aritzeko baliatu dituenak.

Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten ziurtagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena Europar Batasuneko xedapenen babesean eta lanbide arautuen esparruan eskuratu duten izangaiei.

f) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

2.2. Aurreko atalean jasotako betebehar guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, baita hautapen prozesu osoan, izendapenaren unean eta prestakuntzaldiak iraun bitartean ere.

2.3. Deialdi honetan ezin dute parte hartu Hezkuntza Departamentuko irakasleek, Osasun Departamentuko erakunde autonomoei atxikitako langileek, Nafarroan Justizia Administrazioan ari diren langileek, ez eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren aplikazio eremutik kanpo dauden langileek ere.

Hirugarrena.–Eskaerak eta agiriak.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Deialdi honetan parte hartzeko eskaerak hamar egun balioduneko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute eskaera, Internet bitartez, https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa helbidean, "Administrazioetako langileentzako deialdiak" atalean, deialdi honen fitxan sartuz.

Eskaeran, interesdunek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.3. Parte hartzeko eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Ehuneko 33ko edo hortik gorako desgaitasuna ofizialki aitortuta duten parte-hartzaileek eskaeran bertan adierazi beharko dute, eta eskaneatuta erantsi beharko dute IMSERSOk edo autonomia erkidegoko organo eskudunak horren gainean emandako ziurtagiria.

Desgaitasuna duten izangaiek probak egiteko behar diren denboren eta bitartekoen egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Horretarako, eskaeran berariaz adierazi beharko dute eta, horretarako prestatutako tokian, zehaztu beharko dituzte egokitzapenak edo denbora- eta/edo baliabide-doikuntzak. Era berean, egokitzat jotzen duten dokumentazioa aurkezten ahalko dute eskaera aurkezteko unean. Eskaera horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara bideratuko dira, proba egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak zehazteko.

Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan izan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua; hortaz, dokumentu horien kopia soilak aurkezten ahalko dira, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira. Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

Desadostasunik sortzen bada ofizioz egiaztatutako datuen eta interesdunak deklaratzen dituenen artean, edo haien gaineko alderdiren bat argitu behar bada, behar den errekerimendua eginen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Laugarrena.–Izangaiak onartzea.

4.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak onesteko, eta aginduko du argitara daitezela Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan.

Baztertutako izangaiek, behin-behineko zerrendak argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean, alegazioak aurkezten ahalko dituzte baztertzearen arrazoiari buruz, eta, hala badagokio, baztertzearen arrazoi izan diren akatsak zuzendu. Alegazioak telematika bidez aurkeztu beharko dira, Internet bitartez, Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan.

Izangai bazterturik ez bada, onartuen behin betiko zerrendak zuzenean onetsiko dira.

4.2. Behin betiko zerrendak.

Alegazioak egiteko epea igaro ondoren, eta horiek ebatzita, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen bidez, onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendak onetsiko dira.

Zerrenda horiek Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko dira (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan, deialdian ezarritako hautapen probak egiteko data, ordu eta tokiarekin batera.

Izangaiek eskaeran atzera egin dutela ulertuko da, baldin eta, emandako epean, aurkeztutako eskaera zuzendu ez badute edo ongi zuzendu ez badute.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak daukana aztertuta, eskatutako baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

4.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Bosgarrena.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: José Joaquín Pascual Garralda, Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezko epaimahaiburua: Iñaki Elías López, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko zuzendaria.

Epaimahaikidea: Pablo Cabañas Martínez, Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuko segurtasun arloko goi-mailako teknikaria.

Ordezko epaimahaikidea: Juan Manuel Lobo Palanco, Larrialdien eta Komunikazio Sistemen Plangintza eta Koordinazio Ataleko burua.

Epaimahaikidea: María Cristina Lorente Gracia, SOS Nafarroa Ataleko burua.

Ordezko epaimahaikidea: Pedro Recarte Gaztambide, Larrialdietako Prebentzio, Informazio eta Prestakuntza Ataleko burua.

Epaimahaikidea: Isabel Anaut Peña, Langileen Batzordeak izendatutako ordezkaria.

Ordezko epaimahaikidea: Yolanda Jiménez Marín, Langileen Batzordeak izendatutako ordezkaria.

Idazkaria: Ana Isabel Munguira Elizondo, Boluntarioen Bulegoko burua.

Ordezko idazkaria: Juan Manuel Morales Goldáraz, Prestakuntza eta Gainbegiratzeko Bulegoko burua.

5.2. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote.

Halaber, zilegi da epaimahaia osatzen duten kideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

5.3. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bertan ez badago gutxienez kideen gehiengo osoa. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburu eta idazkari lanak egiten dituzten pertsonek edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probetarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

Seigarrena.–Probak.

6.1. Hautapen prozesuan proba bakar bat eginen da, teoriko-praktikoa eta bi ariketa dituena. Ariketa horiek egun berean eginen dira, bata bestearen atzetik:

–Lehen ariketa, teorikoa: test motako 50 galdera, gehienez, erantzun beharko dira idatziz, ebazpen honen II. eranskinean ageri diren gaiei buruz. Galdera bakoitza erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere, erantzun zuzenaren balioaren herena.

Ariketa honek ordubete iraunen du gehienez, eta 30 puntukoa izanen da gehieneko kalifikazioa. Gehieneko puntuazio horren %50 (15 puntu) lortzen ez dutenak baztertuta geldituko dira. Puntuazio hori lortzen ez dutenen bigarren ariketa ez da zuzenduko.

–Bigarren ariketa, praktikoa: idatziz ebatzi beharko da epaimahaiak proposatutako kasu praktiko bat, ebazpen honen II. eranskinean ageri diren gaiei buruzkoa. Epaimahaiak emanen ditu ariketa egiteko behar diren bitartekoak.

Ariketa honek lau ordu iraunen du gehienez, eta 70 puntukoa izanen da gehieneko puntuazioa. Gehieneko puntuazio horren %50 (35 puntu) lortzen ez dutenak baztertuta geldituko dira. Ariketa hau plika sistemaren bidez eginen da.

6.2. Proba egiteko ez da inolako testurik ez dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, salbu eta mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza eta epaimahaiak uzten dituen baliabideak.

6.3. Probarako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat eraman beharko dute bertara. Nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertuta geldituko dira.

6.4. Desgaitasuna aitortua dutenei proba egiteko behar dituzten denbora eta baliabideak egokituko zaizkie, posible den neurrian, hala eskatu badute.

Zazpigarrena.–Emaitzak.

7.1. Proben kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan, argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea irekiko du emaitzei buruzko alegazioak telematika bidez aurkezteko.

7.2. Alegazioak aurkezteko epea amaitu eta alegazioak ebatzi ondoren, epaimahaiak probaren behin betiko emaitzak argitaratuko ditu Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan, eta horrekin batera, hautapen-prozesua gainditu dutenen zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeran.

7.3. Izangaien puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, epaimahaiak ebatziko ditu, deialdian eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean izangaiek aitorturik daukaten antzinatasunaren arabera. Berdinketak jarraituz gero, epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdindutako izangai guztien artean, bat hautatuko da ausaz. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, abiapuntu harturik zozketa horretan hautatzen den izangaiaren deiturak eta izena. Zozketaren emaitzak Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko dira (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan.

7.4. Oinarri honetan ezarritako jarduketak bukaturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dizkio probak gainditu dituzten izangaien zerrendak, onets ditzan. Zerrendekin batera, hautapen prozesuaren espediente osoa ere bidaliko dio.

Zortzigarrena.–Gelako buruen lanpostuan aritzeko izangaien zerrendak eta plazen eskaintza.

8.1. Hautapen prozesuaren espediente osoa jaso ondoren, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak izangaien zerrendak onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus) argitaratuko dira, deialdiaren fitxan.

8.2. Izangaiei eskaintza egiten zaienean eta, hala badagokie, prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoera deklaratzean, honako hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua, zeinaren bidez, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 24.2 artikulua partzialki garatuz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen prestakuntza eta lanbide hobekuntza eskaintzen baitira; deialdi honetako oinarriak; Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Agindua, prestakuntzarako zerbitzu berezietako lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezartzen duena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

8.3. Prestakuntza edo kontratazio eskaintza jasotzen dutenek, prestakuntza edo kontratazioa egin aurretik, eskatutako betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte. Horretarako, unibertsitate tituluaren kopia –gradu, lizentzia, ingeniaritza tekniko edo arkitektura teknikokoa– aurkeztu beharko dute, edo lizentzia, ingeniaritza edo arkitekturako lehenbiziko hiru mailak osorik gaindituta izatea, edo aurreko tituluen baliokidetzat aitortutako beste titulu batena, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, edo, hala badagokio, eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen titulu hori eskuratzeko moduan egotearen egiaztagiria.

Era berean, behar denean, izangaiek egiaztatu beharko dute betetzen dituztela eskaintza honen bidez bete nahi den plazaren betebehar espezifikoak.

Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan izan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua; hortaz, dokumentu horien kopia soilak aurkezten ahalko dira, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira. Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

8.4. Eskatutako betebeharrak betetzen ez dituzten izangaiak hautapen prozesutik baztertu eginen dira, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

Bederatzigarrena.–Trebakuntza ikastaroa.

9.1. Gelako buruen lanpostuan aritzeko beharrezkoa da lanpostu horretarako trebakuntza ikastaroa osorik egitea eta hartan "gai" kalifikazioa lortzea. Ezin izanen zaie inola ere lanpostuan aritzeko eskaintza egin trebakuntza ikastaroa gainditu ez duten izangaiei.

9.2. Trebakuntza ikastaro hori egitetik salbuetsita daude Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolan ikastaroa egina eta gainditua duten izangaiak. Ondorio horietarako, epaimahaiak proba gainditu duten izangaien zerrenda bidaliko dio Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari, hark salbuetsitako izangaien berri eman dezan.

9.3. Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuak aurreikusten dituen langile beharren arabera, izangaiei dei eginen zaie, pixkanaka, dagokien trebakuntza ikastaroa egiteko. Antolaketako behar operatibo horien arabera zehaztuko da zenbat dei eginen diren, horietako bakoitzera zenbat izangairi deituko zaion eta noiz eginen diren.

Izangaiei hautapen prozesuaren azken emaitzetan lortutako puntuazioaren arabera eginen zaie trebakuntza ikastarorako deia, ezertan galarazi gabe kontratazio arloan lehentasun ordenari buruz aplikatzekoak diren indarreko arauetako xedapenak.

9.4. Deitutakoek beren borondatez parte hartzen ahalko dute trebakuntza ikastaroan, zeina Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak eman eta garatuko baitu, eskolak berak ezartzen duen moduan.

"Ez gai" kalifikazioa lortzen dutenek eta, hortaz, ikastaroa gainditzen ez dutenek gelako buruen lanpostuan aritzeko izangaien zerrendetatik baztertuak izanen dira.

9.5. Trebakuntza ikastaroa amaitutakoan, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak ofizioz bidaliko dio Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari "gai" eta "ez gai" aitortutako izangaien zerrenda, gelako buruen lanpostuan aritzeko eskaintzak bideratu ditzan edo izangaiak zerrendetatik baztertzeko, kasua zein den.

Hamargarrena.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdiaren, haren oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak emandakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

II. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA

1. gaia.–Babes zibila.

Babes zibilaren antolaketa Espainian. Babes zibilaren sistema nazionala. Babes zibilaren antolaketa Nafarroan.

8/2005 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzkoa, eta ekainaren 6ko 8/2024 Foru Legeak hari egindako aldaketa.

2. gaia.–Larrialdien plangintza.

Babes zibilaren planak Nafarroan: PLATENA, TRANSNA, baso suteak, uholdeak, tunelak, industria kimikoak, erradiologikoa. Udalen jarduketa planak.

3. gaia.–Koordinazioa.

Ekintzak koordinatzeko zentroak. Kontzeptua. Helburuak. Eginkizunak. Zerbitzu koordinatuak. Ekintzak koordinatzeko zentro integratuak. Hiru zifrako telefonoak. 112 telefonoa. Europako zuzentarauak.

18/2019 Foru Dekretua, martxoaren 6koa, 112 SOS Nafarroa Larrialdiak Kudeatzeko Zentroa arautzen duena.

4. gaia.–Ekintzetarako prozedurak.

Esku hartzen duten zerbitzuen mobilizazioa, tipologiaren arabera.

Beste prozedura eta tresna batzuen erabilera: informazio hidrologikoa. Informazio meteorologikoa Nafarroan. CERET zentroa. Salgai arriskutsuak tarteko diren istripuetan esku hartzeko fitxak. Informazio sismikoa.

5. gaia.–Kudeaketa tresnak.

Larrialdiak kudeatzeko sistema: deia jaso eta erantzutea. Gertakariak lokalizatu eta balidatzea. Gertakariak tipifikatzea. Zerbitzuak esleitzea. Baliabideak esleitzea. Gertakarien segimendu egitea eta bukaera ematea. Web-ataria. SIGANE.

6. gaia.–Poliziaren esku-hartze zerbitzuak.

Foruzaingoa. Polizia Nazionalaren Kidegoa. Guardia Zibila. Udaltzaingoak. Eskumenak. Banaketa.

7. gaia.–Nafarroako suhiltzaileak.

Eskumenak. Mendekotasuna. Lurralde antolaketa. Talde espezialistak. Kanpainak. Antolaketa funtzionala eta hierarkikoa. Banaketa.

8. gaia.–Osasun zerbitzuak.

Osasun laguntzako sarea: ospitaleak, larrialdi zerbitzuak. Oinarrizko osasun laguntza. Larrialdietako osasun garraioaren sarea. Banaketa.

9. gaia.–Salbamenduetan diharduten bestelako entitateak.

Boluntarioen entitateak: Gurutze Gorria, DYA, kirol federazioak, salbamendu txakurrak, suhiltzaile boluntarioak, boluntarioen beste elkarte batzuk. Psikologoak. Larrialdietarako Unitate Militarra. Eginkizunak, antolaketa eta banaketa.

10. gaia.–Komunikazioak.

Nafarroako Gobernuaren irrati-sarea. TETRA sistema. Irrati-lengoaia.

11. gaia.–Nafarroako geografia.

Nafarroako biztanleguneak: udalerriak eta kontzejuak. Bide sarea. Geografia fisikoa

Oharra: gai guztiak eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean den araudiaren arabera.

Iragarkiaren kodea: F2608911