136. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

EGUESIBAR

Oposizio-lehiaketa, bete dadin gizarte-langilearen plaza bat

Eguesibarko Udaleko Gobernu Batzarrak, 2026ko ekainaren 19ko ebazpen baten bidez, deialdi bat onetsi zuen. Hona hemen oinarriak:

OINARRIAK

1. Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da betetzea gizarte-langilearen plaza bat (plantilla organikoan 6.21 zenbakia duena) oposizio-lehiaketaren prozeduraren bidez, txanda irekian, jardun dezan Eguesibarko Udalaren zerbitzura. Plaza lan-araubidekoa da, eta B maila du. Aipatutako plaza lan publikoaren eskaintzan sartuta dago, prozedura horren bidez bete dadin (Tokiko Gobernu Batzarraren 2023ko apirilaren 25eko erabakia, argitaratu baitzen 2023ko 104. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 18an).

1.2. Ordainsariak izanen dira B mailari dagozkion oinarrizkoak, lanaldiaren araberakoak, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta indarreko araudian zehaztutako mailen artetik, eta jasoko ditu Udalaren plantilla organikoan une bakoitzean ezartzen diren osagarriak.

1.3. Bi hilabeteko probaldia izanen da, eta bitarte horretan Udalak kontratua suntsiarazten edo hutsaltzen ahalko du, baldin lortutako emaitzak ez badira lanpostuan jarduteko behar direnak.

1.4. Hautaprobak gainditurik, deialdi honetan hautatzen den izangaia afiliatuko da Gizarte Segurantzaren Sistema Orokorrean, eta bertan alta emanen zaio.

1.5. Zerbitzuaren beharretara egokituko dira lanaldiaren araubidea eta ordutegia, eta noiznahi aldatzen ahalko dute organo eskudunek, zerbitzuaren beharren arabera.

1.6. Hautaproben emaitzak zerrenda bat eratzeko ere erabiliko dira, aldi baterako kontratazioak egiteko, gizarte-langilearen lanposturako, Eguesibarko Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren. Hori dena, jarraikiz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42.a) artikuluari.

Aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda hori subsidiarioa izanen da, oraingo langile finkoen zerrenden aldean, edo apirilaren 26ko 96/1997 Foru Dekretuaren arabera etorkizunean prestatzen diren langile finkoen zerrenden aldean, baina lehentasuna izanen du, aldi baterako kontrataziorako eratuta dagoen beste edozein zerrendaren aurretik.

Bi hilabeteko probaldia ezartzen da, deialdiaren apartatu honen bidez egiten diren aldi baterako kontratazioetarako, eta epe horretan edozein alderdik hutsaltzen ahalko du kontratua.

2. Baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa, jarraikiz Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuei.

Parte har dezakete, orobat, Espainiako nazionalitatea dutenen eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek –baldin zuzenbidez bananduta ez badaude–, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) Gizarte Laneko diplomadunaren titulua izatea, edo baliokidetzat aitortutako beste bat, edo Gizarte Laneko gradudunaren titulua, edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) B gidabaimena edo horren baliokidea edukitzea.

e) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

f) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ez izatea.

2.2. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte betebehar horiek. Bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean, eta indarrean egon beharko dute plazaren jabetza hartu arte.

3. Eskabideak, tasak, eta eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskabideak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Epearen azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun balioduna izanen da muga-eguna. Betiere, eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematikoki aurkeztu beharko dute eskabidea, Udalaren egoitza elektronikoaren bidez, honako helbide honetan: https://sedeelectronica.valledeegues.es/catalogoservicios.aspx?area=577&ambito=1.

3.3. Tasak.

Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik 20 euroko tasa ordaindu beharko da. Ordainketa egin beharko da Udalaren egoitza elektronikoan izena emateko izapideak egitean.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia behin betiko baztertuko da.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskabidea behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

3.5. %33ko edo gehiagoko desgaitasun aitortua duten izangaiek aurkeztu beharko dute hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera.

Desgaitasuna duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute probak egiteko, denboran edo baliabideetan, hala eskatu beharko dute eskabidean, eta zehaztu beharko dute, horretarako ezarritako tokian, zer egokitzapen eskatzen duten eta/edo zer moldaketa behar duten denboretan eta baliabideetan. Horretarako, izangaiak egokitzat jotzen duen dokumentazioa aurkez dezake, eskabidea aurkeztean.

3.5.1. Dokumentazio hori bide telematikoz aurkeztu beharko da, eskabidearekin batera.

3.5.2. Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea, baina baldin aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

3.5.3. Euskararen jakite-maila frogatu ezin dutenek eskatzen ahalko dute hizkuntzari buruzko mailakatze-proba bat egiteko, parte hartzeko eskabidea aurkezten dutenean.

4. Izangaien onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Eguesibarko Alkatetzak ebazpen bat emanen du, onesteko izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Eguesibarko Udalaren webgunean, deialdiaren fitxan.

4.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondoren, Eguesibarko Alkatetzak ebazpen bat emanen du, onesteko izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila deialdiaren web-fitxan, oposizioko proba egiteko eguna ere adierazirik.

Izangai bazterturik ez badago, zuzenean onetsiko da izangai onartuen behin betiko zerrenda, eta deialdiaren web-fitxan argitaratuko da, eta oposizioko proba egiteko eguna ere adieraziko da.

4.4. Tasa ez da itzuliko, baldin izangaiak bazterturik gelditzen badira haiei egotz dakizkiekeen arrazoiengatik.

4.5. Izangai onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5. Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio-epaimahaia izendatuko da izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi baino lehen. Kide kopurua bakoitia izanen da, bost gutxienez, eta horien ordezkoen kopuru bera izendatu beharko da. Izendapen hori argitara emanen da izangai onartuen behin betiko zerrendarekin batera.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bertan ez badago kideen gehiengo osoa gutxienez.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, bertan egon behar dute epaimahaiburuak eta idazkariak –edo haien ordezkoek–. Bigarren ordezkapen bat behar izanez gero, ordezko epaimahaikide izendatu direnak ere izan daitezke haien ordezkoak.

5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jaso dezake, bere eskumeneko jarduketa guztietarako edo batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6. Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketak aldi hauek izanen ditu:

Oposizioaldian, bi proba eginen dira, lanpostuaren eginkizunak zuzen eta egoki betetzeko beharrezkoak diren ezagutzez eta gaitasunez.

Merezimenduen balorazioko fasean, hots, lehiaketaldian, izangaiek alegatu dituzten merezimenduak baloratuko dira, deialdiaren II. eranskineko baremoaren arabera.

Deialdi honen faseak hurrenkera honetan eginen dira: oposizioaldia lehenik eta, hura bukatutakoan, lehiaketaldia.

6.2. Oposizioaldia.

6.2.1. Prozeduran onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onestearekin batera adieraziko dira proba egiteko eguna, tokia eta ordua.

6.2.2. Deialdi bakarra eginen da oposizioaldiko probarako, eta izangaiek agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egunean, orduan eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo beren burua aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez dutenak.

6.2.3. Oposizioaldiko probak izanen dira oinarri honetan zehaztutakoak, eta deialdiaren I. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaien ingurukoak.

Gai guztiak eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean den araudiaren arabera.

Hautaproba egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitortu bat duten izangaientzat, denboraren eta baliabideen aldetik, eskabidean hala eskatu badute.

6.2.4. Oposizioaldian proba hauek egin beharko dira:

–Proba teorikoa: test moduko 100 galderari, gehienez, erantzun beharko zaie idatziz, 120 minutuko gehieneko denboran. Galderok izanen dira deialdi honen I. eranskineko gai-zerrendako gaiei buruzkoak. Galdera bakoitzak hiru edo lau erantzun izanen ditu aukeran, baina bakarra izanen da zuzena. Honela zigortuko da erantzun oker bakoitza: galderaren balioa zati erantzun-aukeren kopurua ken bat.

Ariketa honetan gehienez 40 puntu lor daitezke. Bazterturik geldituko dira ariketaren balioaren %50 lortzen ez duten izangaiak.

Probaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du, Udalaren web-orrian, aurkeztu diren izangaien zerrenda, behin-behineko puntuazioak adierazirik, eta 5 egun balioduneko epea emanen da, argitaratu eta biharamunetik hasita, izangaiek erreklamazioak aurkez ditzaten eta beren eskubideen alde komeni zaiena alega dezaten.

–Proba praktikoa: I. eranskineko gaiei buruzko proba teoriko-praktiko bat edo zenbait egin beharko d(ir)a. Proba(k) izanen d(ir)a lanpostuan benetan aritzean gerta litezkeen egoerei buruzkoa(k). Proba hasi aurretik zehaztuko da proba baloratzeko irizpidea.

Ariketa honetan 40 puntu lor daitezke gehienez. Bazterturik geldituko dira ariketaren balioaren %50 lortzen ez duten izangaiak.

Probaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du, Udalaren web-orrian, aurkeztu diren izangaien zerrenda, behin-behineko puntuazioak adierazirik, eta 5 egun balioduneko epea emanen da, argitaratu eta biharamunetik hasita, izangaiek erreklamazioak aurkez ditzaten eta beren eskubideen alde komeni zaiena alega dezaten.

Alegazioak aurkezteko epea bukaturik, oposizioaldiko behin betiko emaitzak argitaratuko dira.

6.3. Lehiaketaldia.

6.3.1. Oposizioaldiko behin betiko emaitzak argitaratzean, 10 egun balioduneko epea emanen zaie fase hori gainditu duten izangaiei, II. eranskinean ezarritako merezimenduen frogagiriak aurkez ditzaten.

6.3.2. Dokumentazio hori –jarraian zehazten dena, hain zuzen– aurkeztu beharko da Eguesibarko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez.

Horri dagokionez, honako hauek aurkeztu beharko dira:

–Egindako zerbitzuen ziurtagiria, kasuan kasuko administrazio publikoko organo eskudunak emana, non zehatz-mehatz jasoko baitira Eguesibarko Udala ez diren beste administrazio publiko batzuetan eginiko zerbitzuak, II. eranskineko baremoan ezarritakoaren arabera. Bertan, honako hauek jaso beharko dira berariaz: lanpostuaren izena plantilla organikoaren arabera, sailkapen maila, zerbitzu bakoitzaren hasiera eta bukaera datak, eta bidezko den beste edozein datu gehigarri.

–Deialdiaren II. eranskinean ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimendu guztiak frogatzeko agiriak.

6.3.3. Merezimenduak baloratzean, kontuan hartuko dira soilik deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak.

6.3.4. Alegatutako merezimenduak deialdi honen II. eranskinean ageri den baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko dira.

6.3.5. Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, baremoan apartatu bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino.

Azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko dira izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.

6.3.6. Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea, baina baldin aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

6.3.7. Merezimendu-lehiaketaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaien behin-behineko puntuazioak deialdiaren web-orrian, eta bost egun balioduneko epea emanen da, puntuazioak argitaratu eta biharamunetik hasita, izangaiek alegazioak aurkez ditzaten, beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera.

6.3.8. Epaimahaiak behin-behineko emaitzen aurka aurkeztutako alegazioak ebatzi ondoren, halakorik aurkeztu bada, argitara emanen dira merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak, Udalaren web-orrian.

7. Proba gainditu dutenen zerrenda.

7.1. Oposizioaldia eta lehiaketaldia bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu probak gainditu dituzten izangaien zerrenda deialdiaren web-fitxan, guztira erdietsitako puntuazioaren hurrenkeran jarrita, horretarako batuta izangai bakoitzak oposizioaldian eta lehiaketaldian lortutako kalifikazioak.

7.2. Baldin berdinketarik gertatzen bada prozeduran parte hartzen dutenen puntuazioan, oposizioaldian puntuaziorik handiena dutenen alde ebatziko da.

Berdinketak segitzen badu, ebatziko da merezimendu profesionalen apartatuan puntuazio handiena lortu duenaren alde. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak segitzen badu, ebatziko da kalifikazio-epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez.

8. Baldintzak frogatzea.

8.1. Aurreko izapidea bete ondoren, 10 egun balioduneko epea irekiko da, eta gainditu duten izangaiek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, horretarako ezartzen den bidearen bidez:

–Deialdiaren 2.1.c) oinarrian eskatutako tituluaren jatorrizko agiria, edo notario edo administrazio bidez konpultsatutako kopia, edo hura lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

9. Izendapen edo kontratazio proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Behin baldintzak frogatzeko izapidea bukaturik, epaimahaiak izangaia kontratatzeko proposamena igorriko du: puntuazio handiena lortu duen izangaia proposatuko da.

Kontratazio proposamen hori Eguesibarko Udalaren webgunean argitaratuko da.

Era berean, epaimahaiak probak gainditu dituzten izangaien zerrenda igorriko dio Alkatetzari, puntuazio-ordenan.

9.2. Proposaturiko izangaiak honako agiri hauek aurkeztuko ditu, Eguesibarko Udalaren Erregistro Orokorraren bidez eta 10 egun balioduneko epean, kontratazio proposamena webgunean argitaratzen denetik zenbatzen hasita:

a) Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Txosten mediko ofiziala, frogatzen duena ez duela eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik, eragozten dionik administrari-ofizial karguaren eginkizunak betetzea.

c) Zinpeko adierazpena edo adierazpen solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

d) Zina edo hitzematea, adierazten duena errespetatuko duela Nafarroako Foru Eraentza, men eginen diela Konstituzioari eta legeei, eta zuzen beteko dituela karguari dagozkion eginkizunak.

9.3. Epe horren barrenean, eta salbu aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan, agiri horiek aurkezten ez dituen izangaia ezin izanen da izendatu edo kontratatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko jarduketa guztiak, galarazi gabe bere eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiokeen erantzukizuna.

9.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, hutsunea beteko da probak gainditu dituzten izangaien zerrendan (deialdiaren 7. oinarria) hurrengo postuan den izangaiarekin, baldin betetzen baditu hutsik gelditutako plazarako baldintzak.

10. Kontratazioa, plaza hutsen esleipena eta jabetza hartzea.

10.1. Lan-kontratudun langile finko gisa kontratatuko da, lanpostua bete dezan, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaia. Horretarako, behar den lan-kontratua sinatuko da.

10.2. Kontratazioa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa).

10.3. Kontrataturiko izangaiak lan-kontratuan ezarritako egunean hasi beharko du zerbitzuak ematen.

10.4. Emaniko epearen barnean, eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, lan-kontratua sinatzen ez badu edo ez bada hasten ezarritako egunean zerbitzuak ematen, galduko ditu Eguesibarko Udaleko lan-kontratudun finko izateko eskubide guztiak. Kasu horretan, deialdiaren 9.4 deialdian ezarritakoari jarraikiko zaio.

11. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak.

11.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari jarraikiz, Alkatetzaren ebazpen baten bidez honako zerrenda hauek onetsiko dira, aldi baterako kontrataziorako, hautapen-prozesuan parte hartu ondotik plaza lortu ez duten izangaiekin:

a) Probak gainditu baina plazarik eskuratu ez dutenen zerrenda.

b) Hautapen-prozesuko oposizioaldirako ezarri den gehieneko puntuazioaren %30 edo gehiago lortu duten izangaien zerrenda.

Kontrataziorako deitzen diren izangaiek frogatu beharko dute, kontratua sinatzeko unean, betetzen dituztela deialdian eskatzen diren baldintzak.

11.2. Deialdian eskatutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, prozedura horrek eta kontratazioaldiak iraun bitartean.

11.3. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak Udalaren webgunean argitaratuko dira.

11.4. Probak gainditu baina plazarik eskuratu ez dutenen zerrendan, izangaien ordena ezarriko da hautapen-prozesuan lortutako puntuazioaren arabera, handienetik txikienera.

Era berean, hautapen-prozesua gainditu ez duten izangaien zerrendan, ordena finkatuko da oposizioaldian lortutako puntuazioaren arabera, handienetik txikienera.

Berdinketarik gertatzen bada, hura ebazteko, aplikatuko dira deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak.

11.5. Aurreko apartatuan ezarritako ordenari dagokionez, jarraikiko zaio 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarriari. Horren arabera, aldi baterako kontrataziorako izangai zerrendetan, hiru plazatik bat, lehenbizikoa, erreserbatuko da zerrenda horretan dauden eta %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaientzat, aintzat hartuz eskuratutako puntuazioa. Horretarako hautaprobak gainditu behar dituzte, eta frogatu behar dute desgaitasun hori bateragarria dela bete beharreko lanarekin eta eginkizunekin.

12. Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, deialdiaren fitxan argitaratuko da, Eguesibarko Udalaren webgunearen barnean, epaimahaiaren ebazpen eta jarduketei buruzko informazioa, bai eta interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere.

13. Errekurtsoak.

Kalifikazio-epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdi honen, oinarrien edo deialdia bera aplikatzeko egintzen aurka, baldin egintza horiek ez badira kalifikazio-epaimahaiarenak, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzenduko baitzaio Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bai aurkezten diren errekurtso guztiak, bai haien ebazpena, udalaren webgunean argitaratuko dira, hautapen-prozesu honen barneko interesdunei jakinarazpenak eta epatzeak egiteko ondorioetarako.

Sarrigurenen, 2026ko ekainaren 5ean.–Alkatea, Xuriñe Peñas López.

I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1.–Espainiako Konstituzioa. Atariko titulua eta I. titulua: oinarrizko eskubideak eta betebeharrak.

2.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. II. titulua. Administrazio Publikoen jarduna. III. titulua. Administrazio egintzak.

3.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. IV. titulua. Administrazio prozedura erkideari buruzko xedapenak. V. titulua. Egintzak bide administratiboan berrikustea. VI. titulua. Legegintzako ekimena, eta erregelamenduak eta bestelako xedapenak emateko ahala.

4.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. I. titulua. II. titulua. III. titulua.

5. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: Atariko titulua: xedapen orokorrak. I. titulua: toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa, I. kapitulua: udalerriak.

6.–Eguesibarko Udaleko Gizarte zerbitzuen alorreko barne araubidearen erregelamendua. (2021eko 193. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 18koa).

7.–Eguesibarko Herritarrei Arreta Emateko Proiektu Soziokomunitarioa. Osoko bilkuran onetsia (argitaratze-egunean indarrean dagoena).

8.–Ordenantza, arautzen duena Eguesibarko Udalaren Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua.

9.–Deialdia, eman daitezen eskola jantokietan jateko dirulaguntza bereziak (argitaratze-egunean indarrean daudenak).

10.–Oinarri arautzaileak, dirulaguntza zuzenak eta gauzazko laguntzak eman dakizkien, abian den urtean, Eguesibarren larrialdi sozialean dauden pertsonei eta/edo familiei.

11.–Oinarriak, dirulaguntzak eman dakizkien Eguesibarren 2026an jarduerak egiten dituzten erakunde eta elkarteei: Gizarte Ekintza Proiektuak.

12.–Oinarriak, dirulaguntzak eman dakizkien, 2025. urtean, Eguesibarko Udaleko Gizarte Ongizate Alorraren barnean interesekoak diren gizarte entitateei.

13.–Dirulaguntzei buruzko ordenantza orokorra. 2021eko 191. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 16koa.

14.–Oinarri arautzaileak, taxi-bonu deritzen laguntzak eman dakizkien, 2026. urtean, Eguesibarren garraio kolektiboa erabiltzeko zailtasunak dituztenenei.

15.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, hizpide dituena Gardentasuna, Informazio Publikoa Eskuratzea eta Gobernu Ona. I. eta II. tituluak.

16.–2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, arauak ezartzen dituena, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez, pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruz, eta indargabetzen duena 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra). 1. artikulutik 23.era.

17.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa. Atariko titulua: I. eta II. kapituluak.

18.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa. I., II. eta III. tituluak.

19.–15/2016 Foru Legea, azaroaren 11koa, arautzen dituena Gizarteratzeko eta Errenta Bermaturako Eskubideak.

20.–26/2018 Foru Dekretua, apirilaren 25ekoa, hizpide duena gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideak garatzea. II. kapitulua: Gizarte inklusiorako eskubidea. III. kapitulua: Errenta bermaturako eskubidea.

21.–442/2020 Foru Agindua, abenduaren 28koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, prozedura garatzen duena gizarteratzeko aparteko laguntzak balioetsi eta emateko.

22.–69/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, onesten duena Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa. Martxoaren 20ko 30/2019 Foru Dekretuaren bidez eguneratua (2019ko apirilaren 1eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala). Prestazio bermatuak.

23.–48/2020 Foru Dekretua, uztailaren 15ekoa, arautzen dituena oinarrizko gizarte-zerbitzuen oinarrizko programak eta finantzaketa sistema. I. eta II. kapituluak, eta III. kapituluko (Finantzaketa sistema) 1. eta 2. atalak.

24.–130/1999 Foru Dekretua, apirilaren 26koa, laguntza ekonomikoak arautzen dituena gizartetik baztertuta daudenak gizartean eta lanean txertatzeko programetarako: I. kapitulua. Enplegu sozial babestua: kontzeptua, xede diren entitateak eta pertsonak, laguntzak, proiektuetarako baldintzak, entitate sustatzaileen baldintzak. 94/2016 Foru Dekretua, urriaren 26koa, araubidea ezartzen duena Nafarroako Gizarteratze eta Laneratze Enpresen kalifikaziorako, erregistrorako eta laguntzetarako. I. kapitulua. Xedapen orokorrak. II. kapitulua. Kalifikazioa eta erregistroa.

25.–405E/2025 Foru Agindua, martxoaren 17koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, onesten duena enplegu sozial babestuko dirulaguntzen 2026ko deialdia.

26.–50/2004 Foru Agindua, apirilaren 5ekoa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak emana, sailkatzen duena Gizarteratu eta Lan Munduan Sartzeko Zerbitzua.

27.–94/2016 Foru Dekretua, urriaren 26koa, araubidea ezartzen duena Nafarroako Gizarteratze eta Laneratze Enpresen kalifikaziorako, erregistrorako eta laguntzetarako.

28.–19/2021 Legea, abenduaren 20koa, ezartzen duena Bizitzeko Gutxieneko Errenta. I., II., III. eta IV. kapituluak. 789/2022 Errege Dekretua, irailaren 27koa, bateragarritasuna arautzen duena.

29.–39/2006 Legea, abenduaren 14koa, hizpide dituena autonomia pertsonala sustatzea eta mendekotasuna duten pertsonei arreta ematea (1): Atariko titulua eta I. titulua.

30.–1/2011 Foru Legea, otsailaren 15ekoa, prozedura ezartzen duena mendetasun-egoera aitortzeko, eta ezartzen dituena Nafarroan mendetasun-egoera baloratzeko ekipoak eta organoa osatuko dituzten langileen antolamendua, eginkizunak eta araubidea.

31.–675/675 Errege Dekretua, aldatzen duena abenduaren 27ko 1051/2013 Errege Dekretua, zeinaren bidez arautzen baitira mendekotasuna dutenen autonomiarako eta arretarako sistemaren prestazioak, abenduaren 14ko 39/2006 Legean ezarritakoak.

32.–62/2013 Foru Agindua, urtarrilaren 18koa, ezartzen duena hainbat prestazio eta zerbitzuren arteko bateragarritasun araubidea, mendekotasuna dutenentzako laguntzaren arloan, eta laguntza ekonomikoak arautzen dituena mendekotasuna duten pertsonak etxean gelditzeko eta haien zaintzaileei sostengua emateko.

33.–476/2018 Foru Agindua, abenduaren 19koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, arautzen dituena mendekotasuna duten pertsonak etxean gelditzeko dirulaguntzak, zerbitzu bat kontratatzeko: zaintzaile profesional bat eta/edo zerbitzu enpresa bat.

34.–1/2013 Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 29koa, onesten duena Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei eta haiek Gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina: Atariko titulua. II. titulua. Aukera berdintasunerako eskubidea. Sustapen- eta defentsa-neurriak. 888/2022 Errege Dekretua, abenduaren 4koa, prozedura arautzen duena desgaitasuna aitortzeko, deklaratzeko eta haren maila kalifikatzeko (1. artikulutik 15.era).

35.–31/2022 Foru Legea, azaroaren 28koa, Desgaitasunari buruzkoa. I., II. eta III. tituluak: II. kapitulua. Gizarte Zerbitzuak.

36.–12/2022 Foru Legea, maiatzaren 11koa, haur eta nerabeei arreta eta babesa ematekoa eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzekoa (1). Atariko titulua. Xedapen orokorrak. I. titulua. Haur eta nerabeen eskubideak. II. titulua. Antolaketa administratiboa.

37.–12/2022 Foru Legea, maiatzaren 11koa, haur eta nerabeei arreta eta babesa ematekoa eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzekoa (2). III. titulua. Prebentzio neurriak. IV. titulua. Babesa. 1., 2., 3. eta 4. atalak.

38.–8/2021 Lege Organikoa, ekainaren 4koa, Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralarena. Atariko titulua. I., II. eta III. tituluak.

39.–Nafarroako Foru Komunitatean haurren babesaren esparruko prozeduraren II. eskuliburua. 1. liburukia. 5. Babes faltako kasu posibleak detektatzea eta jakinaraztea. 6. Ikerketa eta ebaluazio prozesua. 7. Erabakiak hartzea eta kasurako plana (garatzea eta ixtea).

40.–Nafarroako Foru Komunitatean haurren babesaren esparruko prozeduraren II. eskuliburua. 2. liburukia. 2. Oinarrizko laguntzako gizarte-zerbitzuen funtzionamendua, Nafarroako Foru Komunitateko Haurrak Babesteko Sisteman. 3. Sustapena eta prebentzioa oinarrizko gizarte-laguntzatik. 4. Babesgabetasun-gradienteak.

41.–Nafarroako Foru Komunitatean haurren babesaren esparruko prozeduraren II. eskuliburua. 3. liburukia.

42.–2019-2023 aldiko Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoaren balantzea. Ildo estrategikoak eta erronka eta desafio nagusiak.

43.–2018-2021 aldiko Nafarroako Gizarteratze Plan Estrategikoaren azken txostena. 3. Ekintzak betetzea.

44.–3/2018 Foru Legea, apirilaren 19koa, aldatzen duena apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legea (Emakumeen Kontrako Indarkeriari Aurre Egitekoa).

45.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen Kontrako Indarkeriari Aurre Egitekoa: I. titulua. Xedapen orokorrak. IV. titulua. Emakumeen kontrako indarkeriaren detekzioa eta arreta. V. titulua. Arretarako eta oneratzeko baliabideak eta zerbitzuak.

46.–Eguesibarko Emakumeen aurkako Indarkeriaren aurrean Jarduteko I. Tokiko Protokoloa. Jardun Koordinatuko Protokoloa: Esku Hartzeko Dekalogoa. Prozedura: Gizarte Zerbitzuen Alorra.

47.–220/2022 Errege Dekretua, martxoaren 29koa, onesten duena nazioarteko babesaren arloko harrera sistema arautzeko erregelamendua. I., II., III. eta IV. tituluak.

48.–Pertsona Migratzaileei Harrera Egiteko Nafarroako Plana (2021-2026). II. blokea.

49.–Nafarroako Kultura arteko Bizikidetzaren Estrategia (2021-2026). II. blokea. Ekintzaren egitura.

50.–Gizarte lanaren kode deontologikoa. Gizarte Laneko Diplomadunen Kontseilu Ofiziala.

II. ERANSKINA.–MEREZIMENDUEN BAREMOA

a) Merezimendu profesionalak.

Administrazio publikoetan kasuan kasuko deialdia argitaratzen den egunera arte egindako zerbitzuak baloratuko dira, gehienez 10 punturekin, puntuazio honen arabera:

1. Udaletan edo beste toki-erakunde batzuetan egindako zerbitzuak, deialdiaren xedeko lanpostu berean: puntu bat lan egindako urte bakoitzeko.

2. Aurreko apartatukoak ez diren beste administrazio publiko batzuetan egindako zerbitzuak, deialdiaren xedeko lanpostuan: 0,75 puntu lanean egindako urte bakoitzeko.

3. Edozein administrazio publikotan aldi baterako egindako zerbitzuak, deialdiaren xedekoa ez diren beste lanpostu batzuetan: 0,25 puntu lanean egindako urte bakoitzeko.

4. Entitate pribatuetan egindako zerbitzuak, deialdiaren xedeko lanpostu berean: 0,50 puntu lanean egindako urte bakoitzeko.

a.1, a.2, a.3 eta a.4 apartatuetarako oharrak: Gehienez 10 puntu emanen dira a) apartatu honetan.

Urteen kopurua osoa ez bada, egindako zerbitzualdiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

Egindako zerbitzuak baloratuko dira zerbitzu bakoitzaren hasiera egunetik bukaerara arte, edozein dela ere egindako lanaldiaren ehunekoa.

Deialdia argitaratu ondoren emandako zerbitzuak ez dira baloratuko.

Izangaia prestakuntzarako zerbitzu berezietan edo jarduneko zerbitzu bereziko egoeran egon den aldiak kontatuko dira benetan bete duen lanpostuan egindako zerbitzuak balira bezala.

Izangaia zerbitzu berezietan egon bada beste arrazoi batzuengatik, edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan, halako aldiak kontatuko dira egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin izan balitu bezala.

Aurreko apartatuetan ematen diren puntuazioak bateraezinak izanen dira epe berari dagozkionean; halakoetan, emanen da haien artean puntuazio handiena dakarrena.

b) Beste merezimendu batzuk: gehienez 10 puntu.

b.1) Beste titulu akademiko batzuk:

Unibertsitateko master edo aditu tituluak: 1,5 puntu master bakoitzeko, eta 1 puntu aditu titulu bakoitzeko. 5 puntu gehienez.

Lanpostuarekin zerikusia duten prestakuntza ekintzak: 0,05 puntu prestakuntza ekintzetan eginiko ordu bakoitzeko. 3,6 puntu gehienez.

Ulertuko da zeharkako izaera duten prestakuntza ekintzek lanpostuarekin zerikusia dutela, baldin badira informatikaren, berdintasunaren edo prebentzioaren ingurukoak. Kontuan hartuko dira, halaber, lanpostuarekin zerikusia duten izaera espezifikoko prestakuntza ekintzak.

b.2) Frantsesa, ingelesa, alemana eta euskara: baloratuko da frantsesa, ingelesa edo alemana jakitea –Europar Batasuneko laneko hizkuntzak diren aldetik– eta, orobat, euskara jakitea, betiere, plantilla organikoaren arabera hizkuntza horiek jakitea beharrezkoa ez den lanpostuetan. 1,4 puntu gehienez.

Oharrak b.2 apartaturako:

Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren pareko jakite-maila frogatzen duen titulua edo ziurtagiria duenari emanen zaio aurreko apartatuetan hizkuntza bakoitzarentzat ezarritako baloraziorik handiena.

Balorazio hori baremo honen arabera eginen da: 1,4 puntu EGA edo C1 izateagatik; 1,12 puntu B2 izateagatik; 1,05 puntu B1 izateagatik; 0,93 puntu A2 izateagatik, eta 0,70 puntu A1 izateagatik.

Iragarkiaren kodea: L2608922