Iragarkia
135. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 13a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
ALESBES
Oposizio-lehiaketa, administrari-ofizialaren plaza bat errelebo-kontratuaren modalitatean betetzeko
Tokiko Gobernu Batzarrak, 2026ko maiatzaren 29an, onetsi egin zituen deialdi honen oinarriak: oposizio-lehiaketa, C mailako administrari-ofizialaren plaza bat errelebo-kontratuaren modalitatean betetzeko Alesbesko Udalean.
Hona hemen deialdia arautuko duten:
OINARRIAK
1.–Xedea.
1.1. Deialdi bat iragartzen da, oposizio-lehiaketa bidez eta lan-kontratu finkoarekin, errelebo-kontratuaren modalitatean betetzeko administrari-ofizialaren plaza bat, C mailakoa, Alesbesko Udalaren zerbitzura jarduteko. Plaza udal honetako Zerbitzu Orokorrei atxikita dago, eta 25 zenbakia du plantilla organikoan.
1.2. Izendapenak Alesbesko Udaleko lan-kontratudun finko bilakatuko du izendatua, ondorio guztietarako, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean kidetuko da eta, kasua bada, hartan izena emanen, plazaren jabetza hartzen duenetik aurrera.
1.3. Plazak izanen ditu Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen C mailari dagozkion lansariak. Plantilla organikoan ezarrita dauden osagarriak ere izanen ditu:
–%12, mailakoa.
–%16, lanpostukoa.
1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, aplikatzekoa den araudian ezarritakoarekin bat. Halaber, lanaldiaren urteko lanordu kopurua izanen da Udaleko langileendako ezarritakoa.
1.5. Egin beharreko lanak bere mailari eta kategoriari dagozkienak izanen dira, barnean dela jendeari harrera egitea eta Udalaren administrazio zerbitzuei sostengu ematea. Era berean, kasua bada, Udalaren bulegoetatik kanpora eginen ditu behar diren jarduketak eta gestioak.
1.6. Halaber, deialdi honen xedea da aldi baterako kontrataziorako zerrenda bat eratzea sartzeko hautapen-prozesuan plazarik eskuratzen ez duten izangaiekin, deialdiaren 8.2. oinarriari jarraikiz.
2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera.
Parte hartzen ahal dute, era berean, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hemezortzi urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.
c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulu hauetako bat edukitzea, edo eskuratzeko moduan egotea (eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina): Batxilergoa, II. mailako Lanbide Heziketa edo horien baliokidea.
Atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioaren frogagiria.
d) Behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea bete beharreko eginkizunetan aritzeko.
e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua ez izatea, ez eta diziplinaz kaleratua ere.
Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko deklarazio edo hitzemate bat aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, beren estatuko funtzio publikoan sartzea galarazten dienik.
Baldintza horiek guztiak agiri bidez frogatu beharko ditu plaza eskuratzen duen izangaiak, deialdi honen 9. oinarriak xedatzen duen moduan eta epean. Hori guztia bete beharko da, gainera, eskabideak aurkezteko epea burutzen den egunean eta hautapen-prozesu osoan, izendapen eguna arte bete ere.
Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta haien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira; horrez gain, dagokien erantzukizuna egozten ahalko zaie, parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.
3.–Eskabideak.
3.1. Deialdi honetan parte hartu ahal izateko eskabideak Alesbesko Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Espainiako plaza 1) 11:30etik 14:30era, Alesbesko Udalaren egoitza elektronikoan (https://villafranca.sedipualba.es/carpetaciudadana/tramite.aspx?idtramite=8240), edo, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz, 4. oinarrian adierazitako epean (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea).
Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, hura ziurtatu aurretik. Horrez gain, frogagiria bidali beharko da helbide elektroniko honetara: ayuntamiento@villafranca.es. Baldintza horiek betetzen ez badira, ez da eskabidea onartuko.
Eskabideak izan behar dira I. eranskineko ereduaren araberakoak.
Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
Eskabidearekin batera, izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.
b) Eskatzen den titulazioaren fotokopia, edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako hura erdiesteko moduan egotea ziurtatzen duen agiriarena.
c) Alegatutako merezimenduen frogagiriak, epaimahaiak balora ditzan, deialdi honen 7. oinarrian ezarritakoarekin bat.
Puntu honetan adierazitako agiriak aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuko. Aski izanen da agirien kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
3.2. Desgaitasuna duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, egoera hori frogatzeko agiria aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte eskabidean bertan, horien beharra duten ariketetarako. Aparteko orri batean, adierazi beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.
4.–Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Baldin epearen azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun baliodunera arte luzatuko da.
Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
5.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Alesbesko Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan. Izangai bazterturik ez bada, alkateak zuzenean onesten ahalko du izangai onartuen behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
5.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean, izangai baztertuek –halakorik bada– erreklamazioak egin ditzakete eta beren eskabideetan egindako akatsak zuzendu, horrelakorik egin badute, idazkia aurkeztuz Alesbesko Udalaren erregistro orokorrean.
5.3. Erreklamazioetarako epea amaitutakoan, eta halakorik egon bada haiei erantzun ondoren, Alesbesko Udaleko alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.
5.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko agiriak aztertzen direnean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, epeari edo moduari dagokionez, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izaten ahal dituen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
6.–Kalifikazio-epaimahaia.
6.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:
Epaimahaiburua: M. Carmen Segura Moreno, Alesbesko alkatea; edo legez haren ordezkoa dena.
Epaimahaikidea: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatutakoa.
Epaimahaikidea: Anabel Sánchez Hernández, Udaleko administrari-ofiziala; edo legez haren ordezkoa dena.
Epaimahaikidea: Josué Soret Sánchez, Alesbesko Udaleko langileen ordezkaria.
Idazkaria: Udaleko idazkaria; edo legez haren ordezkoa dena.
6.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta Alesbesko Udalari hala jakinarazi, baldin 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako jasota dauden arrazoiak suertatzen badira (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.
Epaimahaia aldatzen bada abstenitzeko eta errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla-eta, horren berri emanen da izangai onartuen eta baztertuen zerrendekin batera.
6.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, baldin gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.
Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek.
6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
6.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eskatzen ahalko du probarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta epaimahaiari horietan bakarrik emanen diote laguntza.
7.–Hautapen-prozesuaren nondik norakoak eta balorazioa.
7.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Araudian xedatutakoaren arabera, oposizio-lehiaketa hasiko da deialdia argitaratu eta gutxienez ere 2 hilabete iragandakoan. Lehiaketaldia eginen da lehenik, eta ondotik, berriz, oposizioaldia, oinarri hauetan zehaztu bezala.
7.2. Lehiaketaldia.
Lehiaketaldia ez da baztertzailea izanen, eta gehienez ere 20 puntu izanen ditu, baremo honen arabera:
7.2.1. Esperientzia (10 puntu gehienez).
1. Udaletan emandako zerbitzuak, administrari-ofizialaren edo administrari laguntzailearen lanpostuan: 2 puntu urteko.
2. Enpresa pribatuetan edo beste administrazio publiko batzuetan emandako zerbitzuak, administrari-ofizialaren edo administrari laguntzailearen lanpostuan: 1 puntu urte bakoitzeko.
Zerbitzuak dagokion entitateak emandako ziurtagiriaren bidez frogatuko dira. Ziurtagiri horretan agertu behar dira zerbitzuaren iraupena, eginiko lanaren kategoria profesionala, izendapenaren edo lan-harremanaren hasiera-eguna eta bukaera-eguna (edo, kasua bada, indarrean jarraitzen duela), izendapenaren eta kontratuaren xedea eta lanaldi mota. Baldin deialdia egiten duen toki-erakundeari berari badagokio ziurtagiri hori ematea, eskatzaileak ez du aurkeztu beharko.
Urte kopuruak ez badu egiten zenbaki oso bat, dagokion proportzioan kalkulatuko da puntuazioa.
Lanaldia osoa ez bada, dagokion proportzioan kalkulatuko da, orobat. Zerbitzuak bete izana frogatzen duten agirietan espresuki adieraziko da zerbitzuak lanaldi osokoak izan diren ala murriztukoak, eta lanaldia murriztua bazen, zenbatekoa.
Aurreko ataletako merezimenduak baturik, gehienez 10 puntu eskura daitezke.
7.2.2. Ikastaroak eta prestakuntza.
Xede den lanpostuari dagozkion gaiei buruzko prestakuntza, hobekuntza eta espezializaziorako ikastaroak (erakunde eta zentro ofizialek emanak edo homologatuak izan behar dute).
Administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako hitzarmenen esparruan egindako etengabeko prestakuntzarako ekintzak.
Ikastaro eta prestakuntza hauek kontuan hartuko dira baldin eta deialdia argitaratu aurreko 10 urteetan egin badira; prestakuntza- edo ikastaro-ordu bakoitzeko: 0,05 puntu; gehienez 10 puntu.
Prestakuntzako merezimenduak frogatzeko, aurkeztu beharko da dagokion erakundeak emandako ziurtagiria. Ziurtagiriak jaso beharko ditu ikastaroaren iraupena eta izena eta emandako ikasgaiak. Ez dira baloratuko programa edo eskola-ordutan adierazitako iraupena jasotzen ez duten ziurtagiriak.
Atal honetan ez dira baloratuko 5 ordutik beherako iraupena duten ikastaroak, ez eta titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ere (unibertsitatekoak nahiz unibertsitatetik kanpokoak).
7.2.3. Ez dira baloratuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren egindako zerbitzuak eta ikastaroak.
Epaimahaiak bere iritzia arrazoituz baloratuko ditu izangai bakoitzaren kasuan egokitzat jotzen dituen merezimenduak, baremoaren atal bakoitzerako. Epaimahaiak ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak alegatu gabeko edo agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, ez eta baremoan ezarritakoez bestelako merezimendurik ere, eta ezin izanen du eman atal bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik.
Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahalko ditu azalpenak eta datu osagarriak, lehiakideek alegatutako merezimenduen gainean.
7.2.4. Lehiaketaldia bukatuta, epaimahaiak egoitza elektronikoko iragarki-taulan jarriko du izangaien zerrenda (https://villafranca.sedipualba.es/tablondeanuncios/), haien puntuazioa adierazita.
Behin-behineko kalifikazio horien aurka alegazioak aurkezten ahalko dira bost egun balioduneko epean.
7.3. Oposizioaren nondik norakoa.
Oposizioaldiak bi proba izanen ditu. Egun desberdinetan eginen dira, eta behar bezala iragarriko dira.
7.3.1. Lehen proba: teoriko-praktikoa; test motako galde-sorta bati erantzun beharko zaio idatziz, deialdi honen II. eranskineko gaiei buruz. Lau aukera eskainiko dira galdera bakoitzari erantzuteko, baina bakarra izanen da zuzena. Hasi baino lehen adieraziko du epaimahaiak zenbat denbora izanen duten izangaiek, gehienez, ariketa egiteko.
Oker erantzuten den galdera bakoitzeko, kenduko da zuzen erantzundakoari ematen zaion balioaren %25.
Ariketa honetan, gehienez, 60 puntu eskuratzen ahalko dira. Bazterturik geldituko dira gutxienez 30 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.
7.3.2. Bigarren proba: proba informatikoa. Ariketa praktiko bat edo gehiago egin beharko dira, toki administrazioan erabili ohi diren aplikazio informatikoei buruz. Proba honetan, gehienez, 20 puntu eskuratzen ahalko dira. Bazterturik geldituko dira gutxienez 10 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.
7.3.3. Probak egiteko ez da inolako testurik kontsultatzen ahalko, ez eta hiztegirik edo antzeko beste materialik ere. Bolaluma urdina edo beltza soilik erabiltzen ahalko da. Izangaiek oharrak kopiatzen badituzte edo bestelako iruzurrik egiten badute, berehalakoan baztertuko dira probetatik.
7.3.4. Gutun-azal itxien sistema erabiliko da. Ariketa bakoitza zuzendutakoan, kalifikazio-epaimahaiak ikusgai jarriko ditu kalifikazioen zerrenda, bai eta gutun-azal itxiak jendaurrean irekitzeko eguna eta ordua ere, Alesbesko Udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan https://villafranca.sedipualba.es/tablondeanuncios/.
Behin-behineko kalifikazio horien aurka, izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte 5 egun balioduneko epean.
7.3.5. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat. Oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak edo aipatu agirietako baten bidez nor diren frogatzen ez dutenak.
8.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta epaimahaiaren proposamena.
8.1. Izangaien kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak Udalaren webguneko iragarki-taulan (https://villafranca.sedipualba.es/tablondeanuncios/) jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, eta igorriko du puntuaziorik handiena eskuratu duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena.
Berdinketarik gertatuz gero, ebatziko da oposizioaldiko lehen ariketan puntuazio handiagoa lortu dutenen alde. Berdinduta segituz gero, bigarren ariketan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan eta, azkenik, berdinketak badirau, jendaurreko zozketa eginen da.
8.2. Kalifikazio-epaimahaiak, aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoren, parte-hartzaileen behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Alesbesko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian (https://villafranca.sedipualba.es/tablondeanuncios/) eta alkateari izangaien zerrenda igorriko dio, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik eta espediente osoarekin batera, hark ebazpena eman dezan izendapen proposamenari buruz, eta, gero, udal webgunean argitara dadin.
Probak gainditu dituzten gainerako izangaiak sartuko dira Alesbesko Udalaren kontratazioetarako zerrenda batean, lortutako puntuazioaren arabera. Zerrenda hori erabiliko da kontratazioak egiteko, Udalak ematen dituen zerbitzuetan sortzen diren beharrei erantzuteko, deialdi honen 1.6 oinarriari jarraikiz.
9.–Agiriak aurkeztea.
9.1. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta hogeita hamar egun naturaleko epearen barnean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Alesbesko Udalaren erregistro orokorrean:
a) Nortasun agiri nazionalaren (NANa) fotokopia konpultsatua, edo beste agiri bat, frogatzen dituena izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna.
b) Deialdiko lanpostua betetzeko eskatzen diren tituluen fotokopia konpultsatua.
c) Osasun ziurtagiri ofiziala, erakusten duena interesdunak ez duela akats fisikorik nahiz psikikorik edo eritasunik, eragozten dionik karguaren eginkizunak betetzea.
Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, frogagiri bat aurkeztu beharko dute, desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioena, balorazio- eta orientazio talde-eskudunek emana.
d) Zinpeko adierazpena edo adierazpen solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.
e) Zina edo hitzematea, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.
9.2. Epe horretan interesdunak agiri horiek aurkezten ez baditu, salbu eta behar bezala justifikaturiko ezinbesteko kasuetan, ezin izanen da izendatu, eta haren jarduketa guztiak indarrik gabe geldituko dira, horrek deusetan galarazi gabe eskabidean egindako faltsukeriagatik izaten ahal duen erantzukizuna.
9.3. Aurreko apartatuan ezarritako kasuan, alkateak hutsunea beteko du prozesua gainditu duten izangaien zerrendan hurrengoa den izangaiarekin, eta aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da harekin.
10.–Izendapena eta plazaz jabetzea.
10.1. Alkatetzak, ebazpen baten bidez, Alesbesko Udaleko administrari-ofizial izendatuko du aurreko oinarrian ezarritakoa betetzen duen izangaia.
10.2. Izendapena Udalaren webguneko iragarki-taulan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
10.3. Izangai izendatuak hilabeteko epea izanen du plazaz jabetzeko, izendapena jakinarazten denetik hasita. Ezinbertzeko kasuetan salbu, aipatu epean plazaren jabetza hartzen ez badu, Alesbesko Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Halakorik gertatzen bada, jarraikiko zaio 9. oinarrian xedaturikoari.
11.–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko arauak.
11.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan xedatuarekin bat, eta deialdi honen 1.6 oinarrian ezarritakoarekin bat, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat prestatuko da probak gainditu baina plazarik lortu ez duten izangaiekin.
Lortutako azken puntuazioaren arabera ezarriko da zein den ordena aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan.
Esan beharra dago, administrari-ofizialaren lanpostua aldi baterako betetzeko izangaiei deitzeko, kontuan hartuko dela Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa. Xedapen horren arabera, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan, hiru plazatik lehena gordeko da %33ko desgaitasuna edo handiagoa dutenek betetzeko, baldin eta zerrenda horretan badaude eta dagozkien hautaprobak gainditu badituzte eta dagozkien zeregin eta eginkizunak betetzearekin bateragarria dela frogatzen badute.
11.2. Deitzea.
11.2.1. Zerbitzuaren beharren arabera kontratatuko dira probak gainditu dituzten izangaiak, oro har, aurretiaz banakako deiak eginik.
11.2.2. Izangaiek, azkar lokalizatuak izateko, ematen ahalko dituzte harremanetarako zenbait telefono, posta helbide edo fax-zenbaki, eta eguneraturik eduki beharko dituzte beti.
Izangaiei dei eginen zaie zerrenda bakoitzean dagoen lehentasun ordenari jarraikiz. Dei bakoitzaren idatzizko oharra jasoko da, adierazita gorabeherak, eguna eta ordua.
Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengo denari deituko zaio, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte. Izangaiekin harremanetan jartzerik izan ez bada, izangai horiek eutsi eginen diote zerrendan zuten postuari.
11.3. Uko egitea.
11.3.1. Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendaren bukaerara pasako da, honako egoera hauetakoren batean dagoela frogatu ezean:
a) Horretara behartua egotea, indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik.
b) Baja egoeran egotea, gaixotasun baten ondorioz.
c) Izendatua edo hautatua izatea kargu politiko baterako edo ordezkaritza kargu baterako, eta, horren ondorioz, bateraezintasuna izatea bere eginkizunetan aritzeko; aukeratua izatea administrazio publiko batean aritzeko, izendapen libreko plaza batean; edo Gorte Nagusiek edo parlamentu autonomiko batek aukeratu izana, konstituzio organoetan parte hartzeko, edo bertze postu batean aritzeko, ganbera batek hautatu behar duenean.
d) Ezkontzearen edo bikote egonkorra eratzearen ondorioz dagokion lizentzia gozatzen egotea, otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen Erregelamendua).
e) Bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaideren bat hiltzea edo gaixotasun larriren bat izatea, otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuan ezarritako epean.
f) Amatasun, aitatasun edo adopzio nahiz harrera kasuetan, otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuan ezarritako epean.
g) Hiru urtetik beherako haur bat zaintzea, edo seme-alabak zaintzeko eszedentzian egotea.
h) Legezko zaintza dela eta, zuzenean zaintzea desgaitasun fisikoa, psikikoa edo sentsoriala duen pertsona bat, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duena, eta lan ordaindurik ez duena. Hori frogatzeko, egoki diren frogagiriak aurkeztu beharko ditu.
i) Bere kargura izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaideren bat, bere kasa bizitzeko gauza ez dena, adinagatik (65 urtetik gorakoa), istripuagatik edo gaixotasunagatik, eta lan ordaindurik egiten ez duena. Hori frogatzeko, egoki diren frogagiriak aurkeztu beharko ditu.
j) Izangaiak hala erabakitzen duenean, urtebeteko epearen barnean genero-indarkeriaren biktima izatearen ondorioz.
k) Erakunde ofizial baten beka bat jaso izana.
11.3.2. Aurreko apartatuan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek edo pareko egoeretan daudenek (kontratazio arloan eskumena duen organoak baloratuko du egoera hori) hamar egun balioduneko epea izanen dute, onartu gabeko lanpostua eskaintzen zaien egunetik hasita, hori egiaztatzeko agiriekin eta modu frogagarrian. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.
11.3.3. Lehen aipatutako kasuetan, izangaiek komunikatu beharko dute noiz dauden berriz zerbitzurako prest. Horretarako, aurkeztu beharko dituzte uko egitea ekarri zuen egoera noiz bukatu den adierazten duten agiriak. Komunikazio hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.
Alegatutako egoera frogatzen ez badu horretarako ematen zaion epean, ulertuko da eskainitako kontratuari uko egiten diola, bidezko arrazoirik gabe, deiaren egunetik hasita.
Era berean, izangaiak edozein unetan jakinarazten ahalko dio Alesbesko Udalari prestasunik ez izateko edozein egoeratan dagoela, eta hala jakinarazten duen unean frogatu beharko du.
11.4. Zerrendatik kanporatzea.
11.4.1. Deia egiteko baliatu den zerrendatik kanpo geldituko dira honako egoera hauetako batean daudenak:
a) Ez betetzea baldintza orokorrak eta titulazioari lotutakoak, ez eta lanpostuan jarduteko beharrezkotzat jotzen diren gainerakoak ere.
b) Desgaitua egotea lanbidean jarduteko edo eginkizun publikoetan aritzeko, edo edozein administrazio publikotatik kendua izatea diziplinako espediente baten bidez, egoera horrek irauten duen bitartean.
11.4.2. Honako hau izanen da zerrendatik kanporatzeko prozedura:
Kanporatzeko arrazoiren bat dagoela jakinez gero, kasuan-kasuan eskumena duen organoak aginduzko txosten bat eginen du, eta, 10 egun balioduneko entzunaldia eman ondoren, bidezkoa denean, izangaia kanporatzeko proposamena eginen dio Alesbesko alkateari.
Alkateak izangaiak kanporatzeko ebazpen bat emanen du, aurreko apartatuetan ezarritako arrazoiekin bat. Kanporatzeko ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio 10 eguneko epean gehienez, eta espresuki adieraziko zaio kanporatzearen arrazoia.
Kanporatzeko prozedura izapidetu bitartean, ulertuko da pertsona ez dagoela kontratatzeko moduan.
11.4.3. Izangaiek zerrendan zeukaten tokia galduko dute, eta zerrendako azken tokira iraganen dira, baldin honako hauetako bat egiten badute:
a) Uko egitea, justifikatu gabe, eskainitako lanpostuari edo bi lan-eskaintzari.
b) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea.
c) Sinatutako kontratuari uko egitea.
d) Kontratatzeko deitzea eta ezinezkoa izatea izangaiarekin harremanetan jartzea, hark emandako bitartekoen bidez, gutxienez 6 aldiz saiatuta 2 hilabeteko epean.
12.–Datuen babesa.
Datuen tratamenduaren arduraduna: Alesbesko Udala.
Datuak babesteko ordezkaria: dpd@villafranca.es.
Helburua: langileak hautatzea eta deialdi honetako plaza betetzea.
Oinarri juridikoa: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e artikulua, tratamendua beharrezkoa da betetzeko eginkizun bat interes publikoaren aldekoa edo botere publikoak erabiliz. 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena.
Datuak kontserbatuko diren denbora: aipatu helburua betetzeko behar den denboran kontserbatuko dira datuak, eta gordeko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean. Era berean, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).
Datuen hartzaileak: datuak epaileei nahiz auzitegiei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legeria betez, eta argitara emanen dira Udalaren webgunean eta iragarki-tauletan, deialdian adierazi bezala.
Eskubideak: interesdunek eskubidea dute beren datuetan sartzeko, akatsik baldin badago haiek zuzentzeko, bai eta, lehenbiziko apartatuan adierazitako helbidera joz, haiek ezerezteko ere.
Halaber, interesdunek erreklamazioa aurkezten ahalko dute Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, haren egoitza elektronikoaren bidez (www.aepd.es).
13.–Errekurtsoak.
Deialdi honen, deialdiaren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
I. ERANSKINA.–DEIALDI HONETAN PARTE HARTZEKO ESKABIDEA: DEIALDIA, ADMINISTRARI-OFIZIALAREN PLAZA BAT ERRELEBO-KONTRATUAREN MODALITATEAN ETA OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO FUNTZIONARIOEN ARAUBIDEAN, ALESBESKO UDALAREN ZERBITZURA ARITZEKO
https://villafranca.sedipualba.es/tablondeanuncios/anuncio.aspx?id=24670
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. Interesdunak. Administrazio publikoen jarduera: arau orokorrak, epemugak eta epeak. Administrazio-egintzen betekizunak, efikazia, deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. Prozeduraren bermeak, hasiera, antolaketa, instrukzioa, bukaera, izapidetze erraztua eta betearazpena. Administrazio errekurtsoak: printzipio orokorrak, gora jotzeko errekurtsoa eta berraztertzeko errekurtsoa.
2.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa. Funtzionamendu elektronikoa sektore publikoan. Egoitza elektronikoa. Interneteko ataria.
3.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena: II. titulua: udalerria. I. kapitulua: lurraldea eta biztanleria. II. kapitulua: antolamendua. V. titulua: toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. I. kapitulua: funtzionamenduaren araubidea. IV. kapitulua: herritarrentzako informazioa eta haien parte-hartzea.
4.–Udal errolda: 1690/1986 Errege Dekretua, uztailaren 11koa, zeinaren bidez onesten baita Toki Erakundeetako Biztanleriaren eta Lurralde Mugaketaren Erregelamendua. Biztanleen udal errolda.
5.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: I. titulua: Nafarroako toki-erakundeen antolamendua eta administrazioa. III. titulua: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrentzako informazioa eta haien parte-hartzea. IV. titulua: Toki-erakundeen ondasunak. V. titulua: jarduerak, zerbitzuak eta obrak. IX. titulua: Nafarroako toki-erakundeen jarduketak: prozedura eta araubide juridikoa, aurkaratzea eta kontrola: Bereziki, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendutako gora jotzeko errekurtsoa (279/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa).
6.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa. Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak. Udal-zergak. Aurrekontua eta gastu publikoa.
7.–614/1996 Foru Dekretua, azaroaren 11koa, ekonomia-jardueren gaineko zerga edo lizentzia fiskala kudeatzeko arauak ematen dituena.
8.–12/2006 Foru Legea, azaroaren 21ekoa, Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta Katastroei buruzkoa. Izaera eta eginkizunak. Kontzeptua, helburua eta edukia. Kontserbazio lanerako eskumena.
9.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, zeinaren bidez onesten baita Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina. V. titulua: Administrazioaren esku-hartzea lurzoruaren eraikuntzan eta erabileretan, eta hirigintza arloko diziplina.
10.–17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituena. I. titulua, V. kapitulua: Jarduera sailkaturako lizentzia behar duten instalazioak eta jarduerak. III. titulua: Diziplina eta ingurumen arloko legezko egoera lehengoratzea, I., II. eta III. kapituluak. 3. eranskina.
11.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. I. titulua, II. eta III. kapituluak: II. titulua:
12.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena: langile motak; funtzionario publikoen hautaketa; funtzionario-izaera eskuratzea eta galtzea; plantilla organikoak, funtzionarioen zerrendak eta espediente pertsonalak; administrazio-egoerak; eskubideak eta betebeharrak; ordainsariak; administrazio-araubidean eta lan-araubidean kontratatutako langileak.
13.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa: I. titulua (xedapen orokorrak); II. titulua, I. kapitulua (gardentasuna jarduera publikoan) eta III. kapitulua (publizitate aktiboa).
14.–11/2005 Foru Legea, Dirulaguntzei buruzkoa: I. titulua (II., III., IV. eta V. kapituluak). II. titulua eta III. titulua.
15.–Oinarrizko kontzeptuak, ziurtagiriak lortzea eta kudeatzea, ziurtagiri motak, ziurtapen-agintaritzak, instalazioa.
16.–Administrazio-agiriak. Ofizioa, bandoa, eskabidea, ziurtagiria, akta, zirkularra, eginbidea, erabakiak igortzea, jakinarazpenak, ebazpenak.
17.–Windows 10 sistema eragilea: blokeo-pantaila; mahaigaina eta bere elementuak; "hasi" menua; tresna-barra; jakinarazpenen eremua; mahaigain anitzekin lan egitea; Start Screen; kontrol-panela; sistemaren informazioa aurkitzea; fitxategiak, karpetak eta liburutegiak; erabiltzaile kontuak kudeatzea; Windows 10 pertsonalizatzea.
18.–Word 2016 testu-prozesadorea: lan eremua; eragiketak agiriekin; testuarekin lan egitea; formatua; orrialdearen diseinua; taulak; irudiak; estiloak; estekak txertatzea; goiburuak eta orri-oinak lantzea; edukien aurkibidea; ilustrazioak lantzea; korrespondentzia konbinatzea; eremuekin lan egitea; inprimaketaren konfigurazioa.
19.–Excel 2016 kalkulu-orria: lan eremua; eragiketak liburu eta orriekin; formatuak; eragiketak gelatxoekin eta gelatxo multzoekin; formulak; oinarrizko funtzioak eta funtzio aurreratuak; grafikoak; datuekin lan egitea Excel-en; txantiloiak erabili eta sortzea; taula dinamikoak; inprimaketaren konfigurazioa.
Oharra: gai guztiak eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duen legediaren arabera.
Alesbesen, 2026ko ekainaren 22an.–Alkatea, M.ª Carmen Segura Moreno.
Iragarkiaren kodea: L2608948
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
