134. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

263E/2026 EBAZPENA, ekainaren 16koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez aldaketa nabarmen bat baimentzen baita etxeko hondakinen tratamendurako plantaren eta hondakin ez-arriskutsuen hondakindegiaren instalazio batean, helburua izanik honako hauek egiteko proiektu bat gauzatzea: materia organikoa deskargatzeko eta hondakin handiak tratatzeko eremu berriak, gaikako bilketatik ez datozen ontzien biltegi bat eta zabortegietarako fardoak egiteko plataforma bat. Hala, instalazioak eta jarduerak bete beharko dituzte ebazpen honen eranskinetan jasotako baldintzak. Instalazioaren titularra Servicios de Montejurra SA da, eta Cárcarko udal-mugartean dago kokatuta.

Espediente mota

Ingurumen baimen integratuaren aldaketa nabarmena

Espedientearen kodea

0001-0040-2024-000019

Hasiera eguna

2024-12-11

Kudeaketa unitatea

Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua

Telefonoa

848426254-848427587

Helbide elektronikoa

autprema@navarra.es

Sailkapena

Legeria

Jarduera

17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa

Sartu gabeko zentroa

1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa

I. eranskina / 5.5

2010/75/EB Zuzentaraua, azaroaren 24koa

I. eranskina / 5.4

21/2013 Legea, abenduaren 9koa

I. eranskina / 8.c) taldea

Instalazioa

Etxeko hondakinak tratatzeko zentroa eta hondakin ez-arriskutsuen zabortegia

Titularra

Servicios de Montejurra SA

Ingurumen identifikaziorako zenbakia

3106600832

Tokia

10. poligonoa, 370. lurzatia, Valles de Aquí alderdia

Koordenatuak

UTM-ETRS89, 30N eremua, X: 581.105 eta Y: 4.697.568

Udalerria

Cárcar

Proiektua

Materia organikoa deskargatzeko eta hondakin handiak tratatzeko eremu berriak, gaikako bilketatik ez datozen ontzien biltegi bat eta zabortegietarako fardoak egiteko plataforma bat.

Instalazio horrek ingurumen baimen integratua du, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren 2004ko urriaren 29ko 2125 Ebazpenaren bidez emana, eta, geroago, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ekainaren 21eko 521/2013 Ebazpenaren bidez eguneratua, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren urriaren 13ko 1005E/2021 Ebazpenaren bidez aldatua eta Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren zerbitzuko zuzendariaren apirilaren 10eko 130E/2025 Ebazpenaren bidez berrikusia.

2024ko apirilaren 16an, titularrak bere instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen. Hain zuzen, proiektuaren xedea da ezartzea materia organikoa deskargatzeko eta hondakin handiak tratatzeko eremu berriak, gaikako bilketatik ez datozen ontzien biltegi bat eta zabortegietarako fardoak egiteko plataforma bat.

Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak 2024ko azaroaren 28an emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori ez-funtsezkoa da, kontuan harturik 16/2002 Legea garatzeko eta Industriako isuriei buruzko Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarritako irizpideak (erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen). Baina aldaketa nabarmena ere badela dio irizpenak, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 31. artikuluan ezarritako irizpideekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2002 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Era berean, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, 2024ko azaroaren 28an emandako irizpenaren arabera, adierazi zuen ezen, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, handitzeko proiektuak ez zuela ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta edo sinplifikatua behar, lege horren eranskinetako batean ere agertzen ez zelako, eta ulertzen zelako proiektuak ez zuela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ez zekarrelako aipatu 7. artikulu horretan zehaztutako handitzerik edo ukipenik.

2024ko abenduaren 11n, titularrak ingurumen baimen bateratua aldatzeko eskatu zuen, dagokion proiektua gauzatu ahal izateko. Hain zuzen, proiektuaren xedea da bi nabe eraikitzea (400 m² eta 800 m²-koak, hurrenez hurren) materia organikoa deskargatzeko eta hondakin handiak tratatzeko, bai eta zabortegietarako fardoak egiteko plataforma bat eraikitzea ere.

Espedientea tramitatu da bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2002 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko izapidean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.–Aldaketa nabarmen bat baimentzea etxeko hondakinen tratamendurako plantaren eta hondakin ez-arriskutsuen hondakindegiaren instalazio batean, helburua izanik honako hauek egiteko proiektu bat gauzatzea: materia organikoa deskargatzeko eta hondakin handiak tratatzeko eremu berriak, gaikako bilketatik ez datozen ontzien biltegi bat eta zabortegietarako fardoak egiteko plataforma bat. Hala, instalazioak eta jarduerak bete beharko dituzte ebazpen honen eranskinetan jasotako baldintzak. Instalazioaren titularra Servicios de Montejurra SA da, eta Cárcarko udal-mugartean dago kokatuta.

Bigarrena.–Instalazio horri lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena aldatzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz eta kontuan hartuta ebazpen honen IV. eranskinean jasotako determinazioak bete beharra. Ebazpen honek babesten dituen jarduera edo jarduketak jakinarazpena egiten denetik gehienez ere bi urteko epean gauzatu edo abian jarri beharko dira; epe hori bukatuta, besterik gabe agortuko dira baimenaren ondorioak, eta baimena eraginkortasunik gabe geratuko da.

Hirugarrena.–Aldaketa abian jarri aurretik, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 25. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Laugarrena.–Abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

–Ebazpen honen IV. eranskinean ezarritako hirigintza-baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa.

–Titularraren adierazpena, non hitzemanen baitu ezen, baimendutako jarduera bertan behera utziz gero, lurzorua jatorrizko egoerara leheneratuko duela gehienez ere bost urteko epean.

–Ebazpen honen II. eranskinean ezarritako baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa, suteen aurka babesteko neurriei dagokienez.

Bosgarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Seigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), deusetan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zortzigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren aurka, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Bederatzigarrena.–Ebazpen hau igortzea Servicios de Montejurra SAra, Cárcarko Udalera, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzura, Lurralde eta Pasaia Zerbitzura, Herri-lurren Atalera, Biodibertsitatearen Zerbitzura eta Ingurumena Zaintzeko Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2026ko ekainaren 16an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Francisco Javier Larrañeta Nido.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2608778