134. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

28E/2026 FORU AGINDUA, ekainaren 19koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez baimena ematen baitzaio Ondare Zerbitzuari kudeaketa esleipen bat egiteko, hark instruitu eta tramitatu ditzan Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoari dagozkion ondare erantzukizuneko prozedurak, eta horien gaineko ebazpen proposamena egin dezan.

Irailaren 13ko 352/1999 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoa sortu zen, Ekonomia eta Ogasun Departamentuari atxikia; eta, azaroaren 15eko 300/2023 Foru Dekretuaren bidez, haren estatutuak onetsi ziren (horietan jasotzen da erakundearen antolaketa eta funtzionamendurako egungo araubidea).

Kontuan harturik berariaz esleitzen diren xede eta helburuei buruz instrumentaltasun printzipioak agintzen duena (printzipio hori erakunde publikoen araubide juridikoan jasotzen da), gomendagarria izan daiteke eginkizun orokor batzuk, erakunde publikoek egin ordez, horri atxikita ez dauden administrazio organoek egin ditzatela. Hala nola, Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoari dagozkion ondare erantzukizuneko prozedurak, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ondare Zerbitzuarekin elkarlanean tramitatzen direnak, kudeaketa esleipenaren teknikaren bidez.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14.1 artikuluak dioenez, Nafarroako Foru Komunitateko organoek ahalmena izanen dute beren eskumeneko lan material edo teknikoak edo zerbitzuak beste organo batzuei esleitzeko, dela eraginkorragoak izateko, dela lan horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako. Antzeko moduan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluaren arabera, administrazio bereko edo beste bateko organo batzuei esleitzen ahalko zaizkie administrazio organoen edo zuzenbide publikoko entitateen eskumeneko lan material edo teknikoa, dela eraginkorragoak izateko, dela lan horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako.

Ekainaren 1eko 9E/2023 Foru Agindua (2023ko 126. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 15ekoa) laster indarrik gabe egonen denez (aurreko esleipena hari jarraikiz egin zen), bidezkoa da elkarlanerako eta laguntzarako tresna tekniko hori beste hiru urterako berritzea.

Proposatutako esleipenaren xedea da Ondare Zerbitzuak egitea behar diren jarduketa administratibo guztiak Nafarroako Foru Ogasunari dagozkion ondare erantzukizuneko prozedurak hasteko eta instruitzeko; erakunde autonomoari dagokio prozeduraren gaineko ebazpena ematea. Kalte-ordain ekonomikoa eman behar denetan, Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren gastuen aurrekontuan horretarako izendatutako partidaren kargura ordainduko da.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Baimena ematea kudeaketa esleipen bat egiteko Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ondare Zerbitzuari, hark instruitu eta tramitatu ditzan Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoari dagozkion ondare erantzukizuneko prozedurak, eta horien gaineko ebazpen proposamena egin dezan.

2. Esleipena hiru urterako izanen da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera.

3. Esleipenaren xede diren prozedurek eragindako gastuak Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren gastuen aurrekontuan horretarako izendatzen den partidaren kargura finantzatuko dira.

4. Foru agindu hau Nafarroako Foru Ogasuneko Ondare Zerbitzura eta Administrazio Atalera igortzea.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2026ko ekainaren 19an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, José Luis Arasti Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2608932