Iragarkia
134. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 10a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
115E/2026 FORU AGINDUA, ekainaren 19koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, Nafarroako kirol federazioei dirulaguntzak emateko deialdi bat onesten duena, 2026ko irailaren 1etik 2027ko abuztuaren 31ra bitartean kirol errendimenduko programak aurrera eramateko. DDBN kodea: 914874.
Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak, 3.b) artikuluan, Foru Komunitateko administrazio publikoak premiatzen ditu Nafarroako goi mailako kirola bultzatzera, eta, 22.1 artikuluan, berariaz ezartzen da ezen Foru Komunitateko Administrazioak bultzatu eta sustatuko duela Nafarroako goi mailako kirola, hala behar denean Estatuko administrazioarekin koordinatuta.
Otsailaren 22ko 9/2012 Foru Dekretuaren bidez, aipatutako foru legean goi mailako kirolari buruz ezarritako xedapenak garatu ziren, eta Nafarroako Foru Komunitateko errendimenduko kirola eta goi mailako kirolarien zerrenda arautu ziren. Aipatutako foru dekretuaren arabera, Nafarroako errendimenduko kiroltzat jotzen da nazioko nahiz nazioarteko lehiaketa ofizialetan ahalik eta emaitza hoberenak lortzera bideratutako kirol praktika, eta interesgarria da Nafarroako Foru Komunitatearentzat oinarriko kirola sustatzen duelako eta duen ordezkaritza funtzioagatik.
Aipatutako arau juridikoek Nafarroako errendimenduko kirola bultzatzen dute interes publikoko bi arrazoirengatik:
1. Errendimenduko kirola funtsezko faktorea da Foru Komunitatearen kirolaren arloko garapenerako, eredu delako oinarriko kirolarientzat, baita kirolaren praktikan jarraitzeko eta harekin lotzeko gonbidapena ere, eta kirola egiten dutenak Nafarroako errendimenduko kirolari izatera irits daitezen. Bestalde, errendimenduko kirolak hainbat balio positibo proiektatzen ditu oinarriko kirolarientzat: nork bere burua gainditzea, dedikazioa, helburuak lortzeko sakrifizioa eta talde-lana sustatzea, besteak beste.
2. Errendimenduko kirola Nafarroako Foru Komunitatearen ordezkaria eta sustatzailea da nazioko eta nazioarteko eremuetan, komunitatearen sentimen kolektiboa irudikatzen duelako eta haren nortasun ikurrak agerian jartzeko aukera ematen duelako. Ordezkaritza hori gauzatzen da bai Nafarroako selekzioek bai gure komunitateko kirolariek zeinahi lehiaketa eta kategoriatan parte hartzen dutenean.
Esparru horretan, Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak, 33. artikuluan, ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak kirol jarduerak sustatuko dituela laguntzen eta dirulaguntzen araubide baten bitartez.
Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 257/2023 Foru Dekretuak, bestalde, Entitateei Arreta Egiteko eta Kirol Errendimendurako Zuzendariordetzari esleitzen dio kirol jarduera laguntzak eta dirulaguntzak emanez sustatzeko eginkizuna, eta Entitateei Arreta Egiteko eta Kirol Errendimendurako Zuzendariordetzaren mendeko Entitateen eta Kirol Errendimenduaren Atalari, berriz, Nafarroako kirol federazioekin eta kirolarekin zerikusia duten intereseko beste entitate batzuekin kirola bultzatu, lagundu eta kudeatzekoa, eta, bereziki, errendimenduko programak.
Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legeak kasuko kirol modalitatea sustatzeko eginkizuna esleitzen die federazioei, hala lehiaketako kirolaren esparruan nola pertsona ororentzako kirola sustatzeko arloan, eta, orobat, kasuko kirol modalitateen araudi teknikoa ezartzeko eginkizuna ere bai. Kirol modalitate horretako selekzioen gaineko berariazko eginkizunak ere esleitzen dizkie, eta, horrenbestez, ahalmena dute selekzioak osatuko dituzten kirolariak hautatzeko eta selekzioek zein kirol jarduera edo lehiaketatan parte hartuko duten erabakitzeko.
Kirol federazioek kirol errendimenduko programak aurrera eramaten dituzte, xede dutenak kirolean goi maila lortzea eta, Nafarroako selekzioen bidez, Nafarroa Estatuan ordezkatzea. Kontuan hartu beharra dago programa horiek garatzeak berekin dakarrela lehiaketetan parte hartzea, prestakuntzakoetan zein ofizialetan, teknifikazio programetarako eta selekzioetakoetarako, eta kategoria guztietan: azpikoetan (kimuak, haurrak, kadeteak eta gazteak) eta absolutuetan. Horregatik, kirol programa horiek finantzatzeko eta kirol federazioen programazio lana errazteko asmoz, dirulaguntzen deialdi bat sustatu da Nafarroako kirol federazioen kirol errendimenduko programei laguntzeko.
Ikusirik espedienteko txosten tekniko eta juridikoak, zeinek adierazten baitute, hurrenez hurren, dirulaguntza hauek ematea egokia eta interes publikokoa dela, eta deialdia eta oinarri arautzaileak legezkoak direla.
Horrenbestez, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 257/2023 Foru Dekretuak aitortzen dizkidan ahalmenekin bat,
AGINTZEN DUT:
1. Nafarroako kirol federazioei dirulaguntzak emateko deialdi bat onestea 2026ko irailaren 1etik 2027ko abuztuaren 31ra bitartean kirol errendimenduko programak aurrera eramateko.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, foru agindu honen eranskinean jasotzen direnak, baita beste eranskin hauek ere, eta erabili beharreko agirien ereduak: II. eranskina (Eskaera), III.a (Aurrekontua), IV.a (Justifikazio-kontua), V.a (Konturako ordainketak), VI.a (Kirolarien zerrenda), VII.a (Teknikarien zerrenda), VIII.a (Kluben eta federazioaren arteko akordioa), X.a (Azpikontratazioari buruzko inprimakia) eta XI.a (Hornitzaileen hautaketa justifikatzeko inprimakia).
3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, aurrekontuko kreditu hauek erreserbatu dira:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
A50003-A5200-4819-336103: Nafarroako errendimenduko kirola: kirol teknifikazioa eta nafar selekzioak | 2027 | 760.000,00 |
4. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu-kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
A50003-A5200-4819-336103: Nafarroako errendimenduko kirola: kirol teknifikazioa eta nafar selekzioak | 2027 | 760.000,00 |
5. Foru agindu hau eta I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2026ko ekainaren 19an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1.–Xedea.
1.1. Oinarri arautzaile hauen xedea da Nafarroako kirol federazioei dirulaguntzak emateko prozedura ezartzea, haien bidez 2026ko irailaren 1etik 2027ko abuztuaren 31ra bitartean kirol errendimenduko programak aurrera eramateko. Dirulaguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz banatuko dira.
Kirol errendimenduko programa hauek izanen dira dirulaguntzen xede:
a) Teknifikazio programak: teknifikazio programatzat joko dira planteamendu tekniko eta zientifiko modernoak sistematikoki ezartzen dituztenak eta, gainera, kirol errendimendua hobetzera eta kirolari, teknikari eta epaileen emaitza kualitatibo eta kuantitatiboak lortzera bideratutako jarduketak sartzen dituztenak, baldin eta kirol prestakuntza orokorraren barrenean aurreikusten badute entrenamendu eta kontzentrazioak egitea eta Estatuko eta/edo nazioarteko lehiaketa jakin batzuetan parte hartzea, alde batera utzita txapelketa nazionala edo kasuan kasuko kopa irabazteko aukera ematen duten lehiaketa ofizialak, autonomia erkidegoetakoak, sektoreko faseak eta antzekoak.
b) Selekzioetako programak: selekzioetako programatzat joko dira kirolarien eta teknikarien prestakuntza teknikorako eta kirol prestakuntzarako egiten diren aldi baterako programak, helburu dutenak kasuan kasuko kirol modalitateko Nafarroako selekzioak ahal den kirol emaitzarik hoberena lortzea Espainiako txapelketetan parte hartzen duenean Nafarroako Foru Komunitatea ordezkatuz. Programa horien helburu nagusia kideen lan taktiko eta kolaboratiboa da eta, beraz, taldeko kirolei edo kirol kolektiboei bakarrik zuzenduta daude, hots, kide batek baino gehiagok batera eta koordinatuta esku hartzen dutenei.
c) Kirol hobekuntzako programak: hobekuntzako programatzat joko dira banakako kirol errendimendua hobetzera bideratutako jarduketak barne hartzen dituztenak, kirol maila eta aurrerapen egiaztatua duten kirolariei zuzenduak, kirolari horiek ez dituztenean betetzen teknifikazioko irizpideak edo, horiek beteta ere, haien federazioak ez badu teknifikazio programarik, horrelakorik aurreikusten ez dutelako edo gutxieneko kirolari kopuruaren edo adinaren baldintza ez betetzeagatik. Programa horiek banakako kiroletara bideratuko dira. Ahal dela, bai programa horietatik bai teknifikazio programetatik aterako dira modalitate horietako lurralde selekzioetan Nafarroa ordezkatzen duten kirolariak.
Federazio batek taldeko espezialitate bat eta banakako beste bat baditu, argi eta garbi bereiziak (hala nola igeriketa-waterpoloa, irristaketa-hockeya, etab.), Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak batera onartzen ahalko ditu teknifikazio programa edo hobekuntzakoa eta selekzioetakoa.
1.2. Deialdi honetan diruz lagun daitezkeen jarduerak:
a) Jarduerak diruz lagungarriak izanen dira, bakar-bakarrik, Kirol Kontseilu Gorenaren 2026ko martxoaren 23ko Ebazpenean (edo hura ordezten duen geroagoko araudian) diruz lagungarritzat jotzen diren modalitateekin loturik badaude (ebazpen horren bidez Kirol Kontseilu Gorenaren dirulaguntzen deialdietan finantzatzen ahal diren kirol modalitate, espezialitate eta proben katalogoa onetsi zen).
b) Aurrekoez gain, diruz lagungarriak izanen dira kirol autoktonoko (herri kirolak eta euskal pilota) modalitateetako proba guztiak eta, halaber, desgaitasuna duten pertsonen modalitateetako probak, betiere, kasuan kasuko federazioaren jarduera arruntean txertatuta badaude proba horiek.
c) Hobekuntzako eta selekzioetako programetan, diruz lagungarriak izanen dira Espainiako penintsulako lurraldean egiten diren jarduerak eta Iruñetik 800 km-tik beherako erradioan egiten diren mugaz gaindiko jarduerak.
d) Aurrekoaz gain, teknifikazio programan eta hobekuntza programa bateko goi mailako eta errendimendu handiko kirolarientzat, diruz lagungarriak izanen dira Espainiako lurralde osoan egiten diren jarduerak, bai eta Europar Batasuneko herrialdeetan, Andorran, Marokon, Erresuma Batuan eta Suitzan egiten direnak ere.
e) Ez dira diruz lagungarriak izanen NKJFIren (Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren) deialdi berariazkoago baten bidez dirulaguntzak jasotzen ahal dituzten jarduerak.
2.–Helburua.
Dirulaguntza hauen bidez helburu sozial hauek lortu nahi dira:
a) Nafarroako kirol federazioek Nafarroan aurrera eramaten duten errendimenduko kirola sustatzea.
b) Entrenamendu prozesua etengabe planifikatzeko, kontrolatzeko, analizatzeko, ebaluatzeko eta aplikatzeko modua hobetzea, entrenamendu prozesuari kalitate hobea emanen dioten ezagutza eta baliabide tekniko eta zientifikoak sartuz.
c) Nafarroako kirol federazioek arlo horretan aurrera eramaten dituzten programetan gutxieneko kalitate estandar bat lortzea.
d) Prozesu horietan parte hartzen duten kirolarien kirol errendimendua igotzea eta haiek estatu mailan edo nazioartean dituzten emaitzak hobetzea, prestakuntza eta formakuntza tekniko eta espezializaturako programen bitartez.
e) Programez arduratzen diren entrenatzaileen prestakuntza eta maila teknikoa hobetzea.
f) Beren espezialitateen artean kirol egokitua sartzen duten Nafarroako federazioei laguntzea, kirol jarduera inklusiboa sustatzeko.
3.–Federazioek onuradun izateko bete behar dituzten baldintzak, bai eta programek eta kirolariek bete behar dituztenak ere.
3.1. Deialdi honetan parte hartzen ahalko dute Nafarroako Kirolaren Erregistroan inskribaturik dauden Nafarroako kirol federazioek, apirilaren 14ko 80/2003 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, horren bidez arautu baitziren Nafarroako kirol entitateak eta Nafarroako Kirol Entitateen Erregistroa (gaur egun, Nafarroako Kirolaren Erregistroa).
3.2. Federazio onuradunen baldintzak.
a) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
b) Dirulaguntzen onuraduna izateko ezarritako debeku-egoeretan ez egotea, zeinak jasotzen baitira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan.
c) Halaber, kirol federazioak ez dira izaten ahalko deialdi honen xedeko dirulaguntzen onuradun baldin eta, laguntza eskatzen dutenean, administrazio-zehapen irmo bat edo kondena-epai irmo bat betetzen ari badira sexu- edo genero-diskriminaziotzat hartutako lan-praktikak egiteagatik edo onartzeagatik. Era berean, ez dira deialdi honen xedeko dirulaguntzen onuradun izaten ahalko baldin eta, laguntza eskatzen dutenean, arrazoi horiengatik ezarritako zehapen bat edo kondena epai irmo bat bete zain badaude.
d) Federazioak ezin izanen dira deialdi honen xedeko dirulaguntzen onuradun izan baldin eta apustu enpresek (apustu makinen operadore diren enpresak barne), guztiz edo zati batean, finantzatzen eta/edo babesten badituzte. Halaber, deialdi honetatik bazter gelditzen dira halako enpresen edozein publizitate mota duten federazioak, dela jarduera egin behar den instalazioetan, dela ekipamenduetan eta materialean (Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legearen 2. xedapen gehigarria).
Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak, eta, orobat, diruz laguntzen den jarduerak irauten duen bitartean.
3.3. Kirolarien baldintzak.
Kirol errendimenduko programetan parte hartzeko (Teknifikazioa, Selekzioak eta Hobekuntza), honako baldintza hauek bete behar dira:
a) Nafarroan jaioa izatea, edo Foru Komunitatean erroldatuta egotea 2026ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik.
b) Teknifikazio programetan, erroldaturik ez dauden kirolariek parte hartzea onartuko da, baldin eta NKJFIk (Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutua) edo Miguel Indurain Fundazioak gainbegiratutako eta onetsitako egituratze-proiektu bateko erreferentziako talde bateko kide badira, Nafarroako klub batekoak badira eta baimendutako taldearen barnean egiten badute teknifikazio jarduera. Hala ere, inola ere ez dute eskuratuko Nafarroak emandako goi errendimenduko kirolarien katalogazioa.
c) Selekzioetako eta hobekuntzako programetan, Nafarroan erroldatuak ez dauden kirolariek parte hartzea onartuko da, baldin eta indarrean dagoen federazio-lizentzia badute, dagokion Nafarroako federazioak emana, eta Nafarroa ordezkatzen badute Espainiako Txapelketetan. Hala ere, inola ere ez dute eskuratuko Nafarroak emandako errendimenduko kirolarien katalogazioa.
Salbuespenezko egoeretan, kasua aztertuta, NKJFIk onar dezake baldintza horiek ez betetzea.
3.4. Teknifikazioko, selekzioetako eta hobekuntzako programen baldintzak.
Programen baldintza guztiak, beherago zehazten direnak, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, eta, orobat, diruz laguntzen den jarduerak irauten duen bitartean. Bestela, kirol errendimenduko edozein programari baja ematen ahalko zaio, Entitateei Arreta Egiteko eta Kirol Errendimendurako Zuzendariordetzak hala erabakiz gero.
Nahiz eta NKJFIren ustez federazio batek aurkeztutako programak teknifikazio programatzat eta/edo selekzioetako programatzat jotzeko behar diren baldintzak ez bete, hobekuntza programatzat jotzen ahalko da, horretarako behar diren baldintzak betetzen baditu eta kasuko federazioak bere adostasuna agertzen badu.
3.4.1. Teknifikazioko programaren baldintzak.
Deialdi honen ondorioetarako, kirol teknifikazioko programatzat hartzen dira baldintza hauek betetzen dituztenak: irizpide tekniko objektiboen arabera (emaitza ofizialak, sailkapeneko posizioak, selekzioan parte hartzeko deien kopurua) modalitatean onenak diren kirolariek horretan parte hartzea; programa gauzatzen den bitartean ordutegi zehatzetan eginen diren berariazko entrenamenduen atalean finkatutako gutxieneko entrenamendu saio kopurua egitea; gutxienez instalazio nagusi bat izatea; eta programan aurreikusitako helburuak lortzeko behar diren entrenamendu, kontzentrazio eta jardueren programazioaz arduratzen den teknikari edo entrenatzaile batek zuzentzea programa.
A) Teknifikazioa. Kirolariak hautatzeko modua.
Programan parte hartuko duten kirolariak hautatzea kasuan kasuko Nafarroako kirol federazioaren erantzukizuna izanen da, irizpide hauei jarraikiz:
1. Nafarroan jaioak izatea, edo Foru Komunitatean erroldatuta egotea 2026ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik, salbu eta oinarri arautzaile hauetako 3.3.b) puntuan jasotako kasuetan.
2. Nafarroako kirol lizentzia indarduna eduki beharko dute kasuan kasuko modalitatean.
3. 1996. eta 2011. urteen artean (biak barne) jaiotako kirolariak izan beharko dute, salbu eta, ezaugarri bereziak izateagatik eta dagokion kirol federazioak eskaera arrazoitua eginda, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak, Entitateei Arreta Egiteko eta Kirol Errendimendurako Zuzendariordetzaren bidez, egokitzat jotzen dituen kirol modalitateetan. Teknifikazio programan parte hartzen duten 16 urtetik beherako kirolariak ezin izanen dira katalogatu goi errendimenduko kirolari gisa.
4. Kirolariek azken bi urteetan lortutako kirol emaitzak izanen dira teknifikazio programan sartzeko bidea emanen dietenak, hau da, 2024ko irailaren 1etik eskaera aurkeztu bitartean lortutakoak.
5. Kirol Kontseilu Gorenak goi errendimenduko kirolaritzat jotzen dituen kirolariak onartuko dira, nahiz eta foru aginduan ezarritako baldintza teknikoak ez bete.
B) Teknifikazioa. Kirol maila.
Programa honetan, bertan sartzeko kirol irizpideak betetzen dituzten kirolarien %50ek parte hartu beharko dute gutxienez. Horrekin bermatu nahi da maila handiena dutenek parte hartzea programan, kluben arteko akordioa gorabehera. Hori betetzen ez bada, zuzendariordetzak erabaki dezake programa ez onartzea, arrazoiak emanez betiere.
B.1. Banakako kirolak:
B.1.1) Modalitate eta proba olinpikoetan:
Espainiako txapelketetan edo ranking nazionalean kategoria absolutuko lehen hamabi postuen artean dauden kirolariak, eta, azpiko kategorietan, lehen lau postuen artean daudenak, gutxieneko markak eskatzen dituzten proba edo espezialitateetan. Txapelketetan parte hartzeko gutxieneko markarik eskatzen ez bada, sailkatzeko gutxieneko baldintza da kategoria absolutuko lehenbiziko zortzien artean egotea, eta azpiko kategorietan, lehenbiziko hiruren artean, hala Espainiako txapelketan nola ranking nazionalean. Emaitza horiek baliozkoak izateko, proban gutxienez hamar kirolarik parte hartu beharko dute, gutxienez ere zortzi autonomia erkidego ordezkatuta.
Parte-hartzaileei eta ordezkaritzari buruzko gutxieneko kopuruetara iritsi ezean, kategoria absolutuan, lehenbiziko bosten artean sailkatu beharko da kirolaria, eta azpiko kategorian, lehenbiziko hiruren artean. Ranking nazionalean duen postuari aplikatzen ahal zaio.
Ranking nazionalaren irizpidea urtearen amaieran hartuko da kontuan, oro har, edo kirol denboraldiaren amaieran, kasuan kasuko federazioaren irizpidearen arabera; azken kasu horretan, NKJFIri jakinarazi beharko zaio.
Kirol federazio eta/edo modalitate olinpikotzat hartuko dira sartuta daudenak 2028ko Los Angelesko Udako Olinpiar Jokoetako eta 2030eko Frantziako Alpeetako Neguko Olinpiar Jokoetako programetan.
Proba olinpikotzat hartuko dira, orobat, parte-hartzaileen adina dela-eta, distantziari dagokionez edo behar diren elementu teknikoei dagokienez egokitzen direnak. Adibidez: triatloia, bela...
Desgaitasuna dutenek bakarrik parte hartzeko diren modalitate, espezialitate eta probetan (kirol egokitua), aipatutako irizpideen antzekoak direnei jarraituko zaie, paralinpikoak eta ez-paralinpikoak bereizita.
B.1.2) Olinpikoak ez diren modalitate eta probetan:
Gutxienez hamar kidek eta gutxienez zortzi autonomia erkidegotako ordezkariek parte hartzen badute, frogatu beharko dute kategoria absolutuan lehenbiziko bosten artean daudela, eta, azpiko kategorietan, hiru lehenbizikoen artean Espainiako txapelketan edo ranking nazionalean.
Parte-hartzeari eta ordezkaritzari buruzko gutxieneko kopuruetara iritsi ezean, kirolaria lehenbiziko hamarren artean sailkatu beharko da Europako edo munduko txapelketan, edo dagokion nazioarteko rankingean.
Ranking nazionalaren edo nazioartekoaren irizpidea urtearen amaieran hartuko da kontuan, oro har, edo kirol denboraldiaren amaieran, kasuan kasuko federazioaren irizpidearen arabera; azken kasu horretan, NKJFIri jakinarazi beharko zaio.
16 urtetik beherako kirolariek, halakorik bada, 16 urtetik gorako kategorietako emaitzak frogatu beharko dituzte.
Federazioek emaitza horiek frogatu beharko dituzte.
Programa bat ezartzeko, gutxienez lau kirolari beharko dira, eta gehienez hamabost, eratzen den espezialitate edo modalitate bakoitzeko. Salbuespen gisa, NKJFIk, Entitateei Arreta Egiteko eta Kirol Errendimendurako Zuzendariordetzaren bitartez, baimena ematen ahalko du ezarritako parte-hartzaile kopuru horretara iristen ez den teknifikazio programa bat egiteko, kirolarien mailaren arabera.
Bai modalitate eta proba olinpikoetan bai olinpikoak ez direnetan, kasuan kasuko federazioak modu arrazoituan eskatuz gero, programa gaitasun handiko kirolari laguntzaileekin osatzen ahalko da, programaren beharren arabera, gainerako kirolarientzat entrenamendu baldintza hobeak bermatzeko asmoz.
Kirolari laguntzaile horiek ez dira inola ere errendimenduko kirolaritzat hartuko arrazoi horrengatik, eta ez dituzte 3.3.A puntuan jasotako baldintzak bete beharko, baina Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko Entitateei Arreta Egiteko eta Kirol Errendimendurako Zuzendariordetzaren oniritzia beharko da kirolari horiek onesteko. 3.4.1.A.3 puntuan adinari dagokionez jasotako baldintzak bete beharko dituzte.
Programa hobetzeko, lankidetza-hitzarmenak sinatzen ahalko dira diruz lagundutako Nafarroako federazioen eta beste federazio autonomiko batzuen artean, betiere NKJFIren oniritziarekin.
B.2. Taldeko kirolak:
Modalitate olinpikoetako talde kiroletako teknifikazio programa bat aurkezten ahalko dute teknifikazio programaren xede den adin kategorian selekzio programarik ez duten federazioek, edo goi mailako kirola egituratzeko proiektuetan daudenek, baldin eta, NKJFIren iritziz, datu objektiboekin egiazta daitekeen kirol potentzial handia badute, konparazio batera: Espainiako selekzio autonomikoen txapelketetan emaitza oso nabarmenak lortu izana edo beren adinari dagokion Espainiako selekzioan hainbat jokalari eduki izana.
Kirolari horiek hautatzea kasuan kasuko federazioari dagokio, irizpide tekniko oinarrituak erabiliz, zeinak berariaz jaso beharko baitira aurkeztutako programaren dokumentazioan.
Teknifikazioan eskatzen diren baldintzen laburpen taula:
TEKNIFIKAZIOKO BALDINTZAK | MODALITATE ETA PROBA OLINPIKOAK | OLINPIKOAK EZ DIREN MODALITATE ETA PROBAK | |||
Kategoria | Absolutua | Azpikoa | Absolutua | Azpikoa | |
Banakako kirola | Gutxienez 10 parte-hartzaile badira eta 8 autonomia erkidego ordezkaturik badaude Espainiako txapelketan edo ranking nazionalean. | Gutxieneko marka eskatuz gero, lehenbiziko 12en artean. Gutxieneko marka eskatu ezean, lehenbiziko 8en artean. | Gutxieneko marka eskatuz gero, lehenbiziko 4ren artean. Gutxieneko marka eskatu ezean, lehenbiziko 3ren artean. | Lehenbiziko 5en artean. | Lehenbiziko 3ren artean. |
10 parte-hartzaile baino gutxiago badira eta 8 autonomia erkidego baino gutxiago ordezkaturik badaude Espainiako txapelketan edo ranking nazionalean. | Lehenbiziko 5en artean. | Lehenbiziko 3ren artean. | Lehenbiziko 10en artean Europako edo munduko txapelketetan, edo nazioarteko rankingean. | ||
Taldeko kirola | Selekziorik ez izatea. Goi mailako kirola eta potentzial handiko kirola egituratzeko proiektuak, datu objektiboekin egiazta daitezkeenak (NKJFIren irizpidearen arabera). | ||||
Eskatutako baldintzak gutxienekoak dira. Hala ere, federazio bakoitzak hautaketa-irizpide murriztaileagoak aplikatzen ahalko ditu, funtzionamendu eta jarraipena hobea izateko beharrezkotzat joz gero.
C) Teknifikazioa. Iraupena eta maiztasuna.
Programak gutxienez 32 aste iraunen du, eta saio tekniko-taktikoak eta prestaketa fisikokoak kontuan hartuta, astean 2 saio eginen dira gutxienez, egun ezberdinetan banatuak. Kontzentrazio aldi intentsiboak ere izan daitezke, eta komeni da horiek lehiaketarik ez dagoenean edo opor garaian egitea.
D) Teknifikazioa. Bertaratzea.
Parte-hartzaile bakoitzak antolatzen diren saioen %75era joan beharko du gutxienez. Baldintza hori bete ezean, programatik kanporatuko da.
E) Teknifikazioa. Zuzendari teknikoa eta/edo entrenatzaile arduraduna.
Jarduera Fisikoaren Zientzietako gradudun titulua edo antzekoa daukana, gutxienez, baita modalitateko espezialitatea ere, edo goi mailako teknikari titulua edo III. mailakoa federazio iragankorretan.
Teknifikazio programa bakoitzak programaz arduratzen den entrenatzaile bat izan beharko du. Modalitate edo espezialitate bat baino gehiago biltzen dituzten federazioetan, arloko edo espezialitateko arduraduna ere egoten ahalko da, dagokion justifikazio teknikoarekin, betiere NKJFIk baliozkotua.
F) Teknifikazioa. Modalitate eta espezialitateak.
Nafarroako Kirol Jokoetako berberak hartuko dira kontuan.
G) Teknifikazioa. Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren laguntza.
Beharrezkoa izanen da kirolariek azterketa mediko bat egitea Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroan. Nork bere borondatez test fisikoak eta entrenamendu koadernoaren jarraipena egiten ahalko ditu. Testak egiteak eta koadernoaren bidez entrenamenduaren jarraipena egiteak lehentasuna ematen du errehabilitazio, fisioterapia, dietetika eta nutrizio zerrendetan, bai eta neke kronikoa tratatzeko, entrenamenduko aholkularitza jasotzeko eta abarretarako ere, halakorik egiten ez dutenen aldean.
3.4.2. Selekzioetako programen baldintzak.
Modalitate kolektiboetan eta taldekako modalitateetan, programak selekzioetako programatzat joko dira, bakar-bakarrik, programak justifikatzen duenean taktika kolektiboko lana egiten dela parte-hartzaileak bateratzeko asmoz.
A) Selekzioak. Kirolariak hautatzeko modua.
1. Nafarroan jaioak izatea, edo Foru Komunitatean erroldatuta egotea 2026ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik, salbu eta oinarri arautzaile hauetako 3.3.c) puntuan jasotako kasuetan.
2. Nafarroako kirol lizentzia indarduna eduki beharko dute kasuan kasuko modalitatean.
3. 1996. eta 2014. urteen artean (biak barne) jaiotako kirolariak izan beharko dira, kirol modalitate autoktonoetako (herri kirolak eta pilota) Espainiako txapelketetara edo autonomia erkidegoen arteko edo nazioarteko txapelketetara Nafarroako selekzio gisa joaten direnak. Modalitate batzuetan, ezaugarri bereziak dituen kirol modalitatea izateagatik eta dagokion kirol federazioak eskaera arrazoitua eginda, NKJFIk, Entitateei Arreta Egiteko eta Kirol Errendimendurako Zuzendariordetzaren bitartez, onartzen ahal du beste adin batzuetako kirolariak sartzea.
B) Selekzioak. Jardueren programazioa.
Aurrera eraman beharreko jardueren programazioa parte hartuko den Espainiako txapelketen datak kontuan hartuta egin beharko da, horixe baita lehentasunezko helburua. Programazioa helburu horretatik haratago zabaltzen ahalko da, eta, halaber, aldi intentsiboak egin daitezke lehiaketarik gabeko garaietan edo oporraldietan.
C) Selekzioak. Bertaratzea.
Parte-hartzaile bakoitzak deitutako saioen %75era joan beharko du gutxienez. Baldintza hori bete ezean, programatik kanporatuko da.
D) Selekzioak. Zuzendari teknikoa edota entrenatzaile arduraduna.
Jarduera Fisikoaren Zientzietako gradudun titulua edo antzekoa daukana, gutxienez, baita modalitateko espezialitatea ere, edo goi mailako teknikari titulua edo III. mailakoa federazio iragankorretan. Talde tekniko bat izanen da, selekzio bakoitzeko entrenatzaile arduradun batek eta teknikari laguntzaile batek osatua, zuzendari teknikoaz gainera.
E) Selekzioak. Modalitate eta espezialitateak.
Nafarroako Kirol Jokoetako berberak hartuko dira kontuan.
F) Selekzioak. Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren laguntza.
16 eta 18 urte bitarteko kirolariek (bi adin horiek barne) osasun azterketa bat egin beharko dute Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroan, azken hiru urteetan horrelakorik egin ez badute. Federazioa arduratuko da erakunde horri osasun azterketa horiek egiteko hitzordua eskatzeaz eta kudeatzeaz. Baliabide nahikoa badago, eta betiere Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren agendaren arabera, beste zerbitzu batzuk jasotzen ahalko dituzte, adibidez, test fisikoak egitea, lesioei buruzko kontsultak, dieta, entrenamendurako aholkularitza eta zentro horrek eman ditzakeen beste batzuk.
3.4.3. Hobekuntza programaren baldintzak.
Programaren baldintzak:
A) Hobekuntza. Kirolariak hautatzeko modua.
1. Nafarroan jaioak izatea, edo Foru Komunitatean erroldatuta egotea 2026ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik, salbu eta oinarri arautzaile hauetako 3.3.c) puntuan jasotako kasuetan.
2. Programan parte hartzeko aukeratzen diren pertsonek indarrean dagoen Nafarroako kirol lizentzia ofiziala izan beharko dute, kasuan kasuko modalitatekoa.
3. Kirolariek 1996. eta 2014. urteen artean (biak barne) jaioak izan beharko dute, salbu eta, ezaugarri bereziak izateagatik eta dagokion kirol federazioak eskaera arrazoitua eginda, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak, Entitateei Arreta Egiteko eta Kirol Errendimendurako Zuzendariordetzaren bidez, beste adin batzuetako kirolariak sartzea ontzat hartzen duenean.
4. Kirolariek azken bi urteetan lortutako kirol emaitzak izanen dira hobekuntza programan sartzeko bidea emanen dietenak, hau da, 2024ko irailaren 1etik eskaera aurkeztu bitartean lortutakoak.
B) Hobekuntza. Modalitateak eta probak. Parte-hartzea.
B.1) Modalitate eta proba olinpikoak.
Programan parte hartzen ahalko dute Nafarroako txapelketetan lehenbiziko lauren artean sailkatzen diren kirolariek eta/edo Estatuko txapelketetan edo ranking nazionalean lehenbiziko hogeien artean sailkatzen direnek. Dena den, federazio bakoitzak hautaketa-irizpide murriztaileagoak ezar ditzake.
Ranking nazionalaren irizpidea urtearen amaieran hartuko da kontuan, oro har, edo kirol denboraldiaren amaieran, kasuan kasuko federazioaren irizpidearen arabera; azken kasu horretan, NKJFIri jakinarazi beharko zaio.
Kirol federazio eta/edo modalitate olinpikotzat hartuko dira sartuta daudenak 2028ko Los Angelesko Udako Olinpiar Jokoetako eta 2030eko Frantziako Alpeetako Neguko Olinpiar Jokoetako programetan, edo udako zein neguko azkeneko hiru olinpiar jokoetan gutxienez behin sartuta egon direnak.
Proba olinpikotzat hartuko dira, orobat, parte-hartzaileen adina dela-eta, distantziari dagokionez edo behar diren elementu teknikoei dagokienez egokitzen direnak. Adibidez: triatloia, bela...
Kirol Egokituaren Federazioari, kirol horren berezitasuna dela-eta, ez zaizkio eskatuko ez parte-hartzearen irizpidea, ez kirolarien adinaren irizpidea.
B.2) Olinpikoak ez diren modalitate eta probak.
Kirolariak frogatu beharko du lehenbiziko zortzien artean gelditu dela kategoria absolutuko Espainiako txapelketan edo ranking nazionalean, non gutxienez hamar kirolarik parte hartu beharko baitute, gutxienez ere zortzi autonomia erkidego ordezkatuta. Parte-hartzaileei eta ordezkaritzari buruz eskatutako gutxieneko kopuruetara iritsi ezean, eskatuko da kirolaria lehenbiziko bosten artean sailkatzea. Azpiko kategorietan, lehenbiziko bosten artean dagoela frogatu beharko du kirolariak.
Ranking nazionalaren irizpidea urtearen amaieran hartuko da kontuan, oro har, edo kirol denboraldiaren amaieran, kasuan kasuko federazioaren irizpidearen arabera; azken kasu horretan, NKJFIri jakinarazi beharko zaio.
B.3) Kirola sustatzeko eskola kanpainak dituzten federazioek aurkezten ahalko dituzte hobekuntzako programak.
B.4) Oro har, hobekuntzako programak federazio bakoitzeko gutxienez 4 eta gehienez 30 kirolari izanen ditu. Salbuespen gisa, eta dagokion federazioak arrazoituta, espezialitate bat baino gehiago dituzten federazioek zilegi izanen dute ezarritako gehieneko kirolari kopurua gainditzen duten programak aurkeztea, baina Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko Entitateei Arreta Egiteko eta Kirol Errendimendurako Zuzendariordetzaren oniritzia beharko dute horretarako.
B.5) Programa kirolari laguntzaileekin osatzen ahalko da, beharren arabera, gainerako kirolarientzat entrenamendu baldintza hobeak bermatzeko asmoz. Kirolari laguntzaile horiek ez dira inola ere errendimenduko kirolaritzat hartuko arrazoi horrengatik, eta, onartuak izateko, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko Entitateei Arreta Egiteko eta Kirol Errendimendurako Zuzendariordetzaren oniritzia beharko da. 3.4.3.3 puntuan programa honetarako ezarritako adin baldintzak bete beharko dituzte.
B.6) Programa hobetzeko, lankidetza-hitzarmenak sinatzen ahalko dira diruz lagundutako Nafarroako federazioen eta beste federazio autonomiko batzuen artean, betiere NKJFIren oniritziarekin.
Hobekuntzan eskatzen diren baldintzen laburpen taula:
HOBEKUNTZAKO BALDINTZAK | MODALITATE ETA PROBA OLINPIKOAK | OLINPIKOAK EZ DIREN MODALITATE ETA PROBAK | ||
Kategoria | Absolutua | Azpikoa | Absolutua | Azpikoa |
Banakako kirola | Espainiako txapelketan edo ranking nazionalean lehenbiziko 20en artean. Nafarroako txapelketan lehenbiziko 4ren artean. | Espainiako txapelketan edo ranking nazionalean lehenbiziko 8en artean, baldin eta gutxienez 10 parte-hartzaile badira eta 8 autonomia erkidego ordezkatuta badaude. Bestela, lehenbiziko 5en artean. | Espainiako txapelketetan edo ranking nazionalean lehenbiziko 5en artean. | |
C) Hobekuntza. Iraupena eta maiztasuna.
Gutxienez 20 saio edo jardunaldi planteatzen dira, entrenamenduak eta jarduera osagarriak kontuan hartuta; saio horiek estentsiboak eta/edo trinkoak izan daitezke. Egun berean bi saio eginez gero, bat goizean eta bestea arratsaldean, bi saio kontatuko dira.
D) Hobekuntza. Bertaratzea.
Parte-hartzaile bakoitzak deitutako saioen %75era joan beharko du gutxienez. Baldintza hori bete ezean, programatik kanporatuko da.
E) Hobekuntza. Zuzendari teknikoa eta/edo entrenatzailea(k).
Jarduera Fisikoaren Zientzietako gradudun titulua edo antzekoa izatea, gutxienez, eta kasuan kasuko modalitateko espezialitatea, edo II. mailako titulazioa edo horren baliokidea gutxienez, entrenatzaileen kasuan.
F) Hobekuntza. Modalitate eta espezialitateak.
Nafarroako Kirol Jokoetako berberak hartuko dira kontuan, salbu eta, ezaugarri bereziak izateagatik, federazio batek eskaera arrazoitua egiten badu eta NKJFIk oniritzia ematen badio.
G) Hobekuntza. Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren laguntza.
Baliabide nahikoa badago, eta betiere Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren agendaren arabera, beste zerbitzu batzuk jasotzen ahalko dituzte, adibidez, osasun azterketa bat eta test fisikoak egitea, lesioei buruzko kontsultak, dieta, entrenamendurako aholkularitza eta zentro horrek eman ditzakeen beste batzuk.
4.–Kirolarien eskubideak eta betebeharrak.
a) Errendimendu programetan parte hartzen duten kirolariek ez dute inolako diru kopururik ordainduko programan parte hartzeagatik, ez eta programan sartutako jardueretara joateagatik ere.
b) Errendimendu programa batean parte hartzeak aukera ematen du errendimenduko kirolari izaera hartzeko, maiatzaren 29ko 329/2015 Foru Aginduan araututa dagoen bezala (2015eko 141. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 22koa).
c) Errendimendu programa batean parte hartzen dutenek, gutxienez, entrenamendu saioen %75era joan beharko dute.
d) Errendimendu programetako kideek osasun azterketa bat egin beharko dute, edo azken hiru urtean egin dutela frogatu.
e) Kasua bada, Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroak agindutako jarraibideak, probak, kontrolak eta tratamenduak bete beharko dituzte.
f) Talde teknikoaren gomendioak bete beharko dituzte.
g) Programa aprobetxatu beharko dute.
5.–Aurrekontuko kreditua.
Deialdi honetarako baimendutako gastua, guztira, 760.000,00 euro da, aurrekontuko partida honen kargura: 2027ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako A50003-A5200-4819-336103 partida, "Nafarroako errendimenduko kirola: kirol teknifikazioa eta Nafarroako selekzioak" izenekoa; edo horretarako gaitzen den antzeko partidaren kargura.
6.–Gastu diruz lagungarrien kontzeptua.
Ondoren azaltzen diren ataletako gastuak baizik ez dira izanen diruz lagungarriak, betiere diruz lagundutako jardueraren izaerarekin zuzeneko lotura baldin badute zalantzarik gabe eta diruz lagunduko diren jarduerak egiten diren aldiari baldin badagozkio. Gastu horiek %100eko dirulaguntza izaten ahalko dute.
6.1. Teknikariak.
a) Programetako teknikariei dagozkien gastuak dira.
–Zuzendari teknikoa.
Zuzendari teknikoa aldi berean aritzen bada federazioaren eginkizun teknikoetan eta federazioaren berariazko programei loturiko bestelako eginkizunetan, eskabidean ongi zehaztuko da eginkizun horietako bakoitzari aplikatzen zaion portzentajea, atal honetan dagokion gastu diruz lagungarria banatzeko. Hori egiaztatzeko, federazio eskatzaileak NKJFIren beste deialdi batzuetan aurkeztutako dokumentazioa aztertuko da.
Federazio bakoitzeko zuzendari tekniko bakar bat diruz lagunduko da.
–Teknikaria.
b) Atal honetan aurrekontu-muga bat ezarri da federazio bakoitzaren errendimendu programetan parte hartzen duen pertsona bakoitzeko. Hala, aurkezten den aurrekontu bakoitzari ezin izanen zaio kopuru honetatik gorako gasturik egotzi:
- 18.000 euro zuzendari teknikoarentzat, kirol modalitate autoktonoetan izan ezik.
- 13.000 euro pertsona bakoitzeko gainerako teknikarientzat (programa batean edo gehiagotan egon).
Pertsona berak aldi berean zuzendari teknikoaren eta teknikariaren eginkizunak betetzen dituenean, aurrekontuan jasotako gehieneko gastua ezin izanen da 18.000 eurotik gorakoa izan.
c) Nafarroan Kirol-lanbidean Hasteari eta Jarduteari buruzko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legearen aplikazio eremuan jasotako titulazioen betebeharrak bete beharko dira, edo, bestela, dagokion gaikuntza eduki beharko da, horretarako ezarritako arauaren arabera.
Prozedura horren arabera kontratatzen diren langileek ez dute inolako kontratuzko lan harremanik izanen Nafarroako Gobernuarekin; izan ere, deialdi honen arabera diruz lagungarriak diren langileak baizik ez dira izanen.
6.2. Jarduera osagarriak.
Kontzeptu diruz lagungarriak:
a) Ohikoez bestelako teknikari espezifikoen gastuak, jarduera zehatzetan parte hartzeagatik, dela laguntzaile gisa, dela hizlari, entrenatzaile edo programarako interesgarria den jardueraren baten arduradun gisa.
b) Joan-etorrietako gastuak txapelketetara, kontzentrazioetara, clinic-etara, prestakuntza ikastaroetara eta programan zehaztutako antzeko beste jarduera batzuetara joateko. Kontzeptu honen barrenean, honako hauek dira gastu diruz lagungarriak:
I.–Auto partikularrak erabiliz gero, 4 parte-hartzaileko (edo zatikiko), kilometro bakoitzeko 0,25 euroko gastua kalkulatzetik ateratzen den zenbatekoa.
II.–Garraio publikoa erabiliz gero, fakturaren bidez justifikatzen den zenbatekoa.
III.–Autobus zerbitzua kontratatuz gero, fakturaren bidez justifikatzen den zenbatekoa.
Kirolariak beren bizilekutik ohiko entrenamendu zentrora joateko bidaiak ez dira inola ere diruz lagunduko.
c) Ostatu eta mantenu gastuak txapelketetara, kontzentrazioetara, clinic-etara, prestakuntza ikastaroetara eta programan zehaztutako antzeko beste jarduera batzuetara joateko. Erabilitako establezimenduek fakturatutako gastuak izanen dira diruz lagungarriak.
d) Lehiaketetan, clinic-etan, prestakuntza ikastaroetan eta programan zehaztutako antzeko beste jarduera batzuetan izena emateko gastuak.
e) Lehiaketak egiteko ezinbestekoak diren antolaketa-gastuak, betiere NKJFIren oniritziarekin.
f) Banku gastuak: banketxeen komisioak (transferentzietakoak, mantentze-lanetakoak, erreziboak kobratzekoak, etab.) eta finantzaketa-interesekoak (maileguak, kreditu kontuak, etab.). Gastu horiek diruz lagungarriak izanen dira baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira. Ez dira sartzen banku kontuetako interes zordunak (kontu korronteetako zorpekoak).
6.3. Antolamenduaren eta materialen gastuak.
a) Errendimendu programan jasotakoaren arabera, errendimendu programak gauzatzeko berariazkoa den kirol material suntsikorra edo inbentariaezina erosteko gastuak. Suntsikortzat jotzen da erabiliaren erabiliaz hondatzen den, urtebeteko gehieneko iraupena duen eta, ondorioz, inbentariaezina den materiala. Zalantzazko kasuetan, NKJFIk aholkularitza eman eta erabakia hartuko du. Material inbentariagarri gisa har daitekeena erostea ez da inola ere diruz lagunduko.
b) Instalazioak erabiltzeagatiko gastuak. NKJFIk errendimendu programen eskura jartzen ditu bere instalazioak, dohainik, NKGIren Gobernu Kontseiluaren 2017ko abenduaren 10eko Erabakian jaso bezala (2017ko 237. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 13koa).
NKJFIren instalazioetan selekzioren batentzako tokirik ez badago, kluben eta bestelako entitateen doako lankidetza bilatu beharko da. Instalazioak alokatzeko gastuak ezinbesteko eta ohiz kanpoko kasuetan baizik ez dira onartuko. Alokairu gastu horiek onartzeko, organo kudeatzaileak kasuz kasu aztertuko du instalazioen beharra eta eskuragarritasun falta.
c) NKJFIk baimentzen dituen programak aurrera eramateko behar diren bestelako gastuak.
d) Inola ere ez dira diruz lagunduko arropa garbitzeko gastuak, arbitrajeak, jantzien gastuak, protokolokoak edo garaikurren gastuak.
7.–Eskaerak eta agiriak aurkeztea.
7.1. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.
7.2. Eskaera Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari zuzenduko zaio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ez eta telematikoki eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.
7.3. Deialdian parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea 45 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
7.4. Eskaera telematikoarekin batera, jarraian adierazten diren agiriak aurkeztu behar dira; dokumentuak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira, zein bere izenarekin:
1. Deialdian parte hartzeko eskaera-inprimakia, zeina web-orri honetan eskura dagoen dokumentua (II. eranskina) erabiliz bete beharko baita behar da: (https://www.navarra.es/eu/kirola).
2. Errendimendu programaren proiektua 2026ko irailaren 1etik 2027ko abuztuaren 31ra bitarte osorako. Atal hauek jaso beharko dira:
a) Programaren helburu orokorrak.
b) Programaren helburu espezifikoak.
c) Programako kirol teknikarien taldea. Teknikarien taldea osatzen duten kideen izenak eta bi abizenak eta bakoitzaren kirol titulazioa adierazi beharko dira (VII. eranskina). Deialdian ezarritako kualifikazio baldintzak bete beharko dituzte, bai eta Nafarroan Kirol-lanbidean Hasteari eta Jarduteari buruzko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legean horretarako ezarritako betebeharrak ere.
Programako teknikari arduradunak kirol errendimendu taldeko kirolari bakoitzaren klubeko entrenatzaileekin koordinatu beharko dira entrenamenduen, proba fisikoen eta abarren gaineko informazioa elkarrekin trukatzeko.
Teknifikazio programako arduradun tekniko bakoitzak programatzen diren jardueretan (entrenamenduak, kontzentrazioak, lehiaketak eta, hala badagokio, Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko arduradunekin egindako proba fisiko eta medikoak) izandako bertaratzearen datuak jaso beharko ditu, baita taldeko kideen egoera fisikoaren bilakaerari eta kirol emaitzei buruzkoak ere.
Programako kirol talde teknikoan edozein aldaketa eginez gero, betiere eskatutako baldintzak betetzen badira (titulazioa eta/edo gaikuntza), modu arrazoituan jakinarazi beharko zaio NKJFIri, tramiteen katalogoaren bidez (VII. eranskin eguneratua). Aldaketa guztiek institutuaren idatzizko baimena beharko dute.
d) Programan parte hartzen duten pertsonak hautatzeko irizpideak, federazioaren kasuan kasuko organoak onetsiak.
e) Programan parte hartuko duten kirolarien zerrenda (VI. eranskina). Kirolari bakoitzaren izena, abizenak, sexua, NANa, jaiotze data, kluba eta kirol merezimenduak adieraziko dira, zehaztuta ea goi mailakoa den edo beste errendimendu maila batekoa.
–Nafarroatik kanpo jaiotakoen kasuan, erroldatze ziurtagiria erantsi beharko da, oinarri arautzaileen 3.3.b) eta 3.3.c) puntuetan xedatutakorako izan ezik.
–Teknifikazioaren, selekzioen eta hobekuntzaren kasuan, kirolarien zerrendaren osaera malgua izanen da, eta kide berriak sartzen ahalko dira zerrendetan, baldin eta eskatutako baldintzak betetzen badituzte eta NKJFIri martxoaren 1a baino lehen jakinarazten bazaio tramiteen katalogoaren bidez, salbu eta beren programetako jarduerak, batez ere, egun horren ondotik gauzatzen dituzten federazioak. Aldaketa guztiek institutuaren idatzizko baimena beharko dute.
–Selekzioen kasuan, hasierako eskaera egiteko unean federazioak ez badu programan parte hartuko duten kirolarien zerrenda, dokumentazioa (VI. eranskina) geroago aurkezten ahalko du, martxoaren 1ean beranduenez, Espainiako Txapelketa data horren ondoren egiten den modalitateetan izan ezik; kasu horretan, federazioak txapelketa hori bukatutakoan entregatu beharko du.
f) Irizpide objektiboak erabiliz programetan sartzeko moduko kirolariak dauzkaten kluben eta kirol errendimenduko programa abian jarri eta aurrera eramateaz eta kirolariek bertan parte hartzeaz arduratzen den kirol federazioaren arteko akordioa.
Errendimendu programaren batean parte hartzeko baldintzak betetzen dituzten kirolariak dauzkaten klub guztiek jaso beharko dute programan parte hartzeko gonbidapena, kasuan kasuko federazioak luzatua (VIII. eranskina).
g) Programazioa eta metodologia. Aurreikusita dauden entrenamendu saioen egutegia erantsiko da, eta egiten diren aldaketak jakinarazi beharko dira.
g.1) Azken urteetako errendimenduaren luzetarako adierazleak sartzea, programen bilakaera baloratzeko.
g.2) Jardueren programa, egutegia zehaztuta. Jarduera guztiak adierazi beharko dira (entrenamenduak, kontzentrazioak, prestaketarako lehiaketak, kontrol fisikoak, proba medikoak, ahal dela datak eta ordutegiak zehaztuta, clinic-ak, prestakuntza ikastaroak, etab.). Jardueraren xedea, tokia, egunak eta parte-hartzaileak zehaztuko dira. Teknifikazio taldeko kirolari bakoitzak gutxienez bi proba fisiko multzo egin beharko ditu denboraldi bakoitzean.
h) Instalazioak. Erabiliko diren instalazioak zehaztuko dira.
i) Kirol material suntsigarria edo inbentariaezina, kirol errendimenduko programarako berariazkoa dena. Zehaztu beharko da zer material den eta zein den aurreikusi den erosketa kostua. Gomendatzen da organo kudeatzailearekin aurretik hitz egitea.
j) Segimendurako eta ebaluaziorako prozedura. Une oro, entrenamenduaren kontrola eta erregistroa bermatuko da, eta horrek berekin ekarriko du kirolari bakoitzaren banakako bilakaeraren erregistro objektibo bat egitea, teknifikazioko kirolarien kasuan.
3. Teknifikazioko, selekzioetako eta/edo hobekuntzako programari dagozkion gastu diruz lagungarrien aurrekontua, behar bezala antolatua eta aurreko oinarriko atal bakoitzerako ezarri diren 3 taldeetan xehakatua: teknikariak, jarduera osagarriak eta antolamenduaren eta materialen gastuak. Hala badagokio, programaren diru-sarrerak aipatuko dira (III. eranskina). "Teknikariak" atalean aurkezten diren gastuek ezin izanen dituzte gainditu deialdiaren 6.1.b atalean ezarritako aurrekontu-mugak.
4. Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuak emandako ziurtagiria, frogatzen duena egunean dituela Foru Ogasunarekiko zerga betebeharrak. Ziurtagiri horrek hilabeteko antzinatasuna izanen du gehienez. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada NKJFIk egiaztapen hori zuzenean egin dezan Ekonomia eta Ogasun Departamentuan.
5. Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak egindako ziurtagiria, gehienez hiru hilabeteko antzinatasuna izanen duena, frogatzen duena eskatzaileak Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak egunean dituela. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada NKJFIk egiaztapen hori zuzenean egin dezan Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrean.
6. Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, esaten duena ezen:
–Ez dagoela azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezartzen diren debekuetako batean ere; II. eranskineko ereduaren arabera.
–Ez dela betetzen ari eta ez duela betetzeko administrazio-zehapen irmorik edo kondena-epai irmorik sexu- edo genero-diskriminaziotzat hartutako lan-praktikak egiteagatik edo onartzeagatik; II. eranskineko ereduaren arabera.
–Ez dituztela, guztiz edo zati batean, finantzatzen eta/edo babesten apustu enpresek (apustu makinen operadore diren enpresak barne) eta, orobat, ez dutela halako enpresen inolako publizitaterik, ez jarduera egin behar den instalazioetan, ez ekipamenduetan eta materialean.
–Entitatearen ordezkariak emandako erantzukizunpeko adierazpen bat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea betetzearekin loturiko zenbait baldintza aipatzen dituena.
–Hala badagokio, Nafarroako kirol federazioko lehendakariak eta idazkariak sinatutako eta zigilatutako adierazpena, zehazten duena federazioak zer dirulaguntza aurreikusten duen jasotzea beste entitate batzuetatik dirulaguntza hauen xedeko programetarako.
–Aurkezten den aurrekontuari ez egoztea 18.000 eurotik gorako gasturik zuzendari teknikoarentzat (teknikari lanak ere egiten dituen kasuak barne), ez eta 13.000 eurotik gorako gasturik ere, pertsona bakoitzeko, gainerako teknikarientzat (deialdiaren 6.1.b atalean ezarritako aurrekontu-mugak).
8.–Antolaketa eta instrukzioa.
1. Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko Entitateei Arreta Egiteko eta Kirol Errendimendurako Zuzendariordetza izanen da dirulaguntza hauek emateko prozeduraren antolamendu eta instrukziorako organo arduraduna, Entitateen eta Kirol Errendimenduaren Atalaren bitartez.
Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osa dezan edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, bere eskaera ezetsi eginen dela, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin.
2. Organo horrek aurkezten den dokumentazio teknikoan dagoen informazioa argitu edo handitu dezatela eskatzen ahalko die federazio eskatzaileei.
3. Federazio eskatzailearen gaitutako helbide elektroniko bakarraren (GHEb) bidez eginen da dokumentazioa osatu edo zuzentzeko errekerimendua, aurreko paragrafoetan ezarri dena.
4. Instrukzio organoak dirulaguntzak emateko proposamena igorriko dio NKJFIko zuzendari kudeatzaileari.
9.–Dirulaguntza emateko prozedura eta dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzea.
9.1. Dirulaguntzak emateko, norgehiagokako araubidea erabiliko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
9.2. Kalkulatzeko era:
a) Teknifikazioko eta/edo selekzioetako programengatik federazioek jasotzen duten dirulaguntza honako taula honen arabera finkatuko da, kontuan hartuta bi programak izanez gero bien batura zenbatuko dela:
0 eurotik 10.000 euro bitarte | %98 |
10.001 eurotik 15.000 euro bitarte | %95 |
15.001 eurotik 20.000 euro bitarte | %93 |
20.001 eurotik 25.000 euro bitarte | %91 |
25.001 eurotik 30.000 euro bitarte | %89 |
30.001 eurotik 35.000 euro bitarte | %87 |
35.001 eurotik 40.000 euro bitarte | %85 |
40.001 eurotik 45.000 euro bitarte | %83 |
45.001 eurotik 50.000 euro bitarte | %81 |
50.001 eurotik 55.000 euro bitarte | %78 |
55.000 euro baino gehiago | %75 |
b) Hobekuntza programen kasuan, dirulaguntza taula honen arabera finkatuko da, eta bateraezina izanen da selekzioetako programekin, salbu eta argi eta garbi bereiz daitezkeen banakako edo taldeko modalitateak dituzten federazioen kasuan:
0 eurotik 10.000 euro bitarte | %88 |
10.001 eurotik 15.000 euro bitarte | %81 |
15.001 eurotik 20.000 euro bitarte | %76 |
20.001 euro baino gehiago | %74 |
c) Hobekuntza programa bakoitzeko diruz laguntzen ahal den gehieneko diru kopurua, programa bakarra edo beste programa batzuekin aurkeztuta ere, bi hauetatik txikiena izanen da:
–Dirulaguntzaren gehieneko muga: 25.000,00 euro.
–Federazioentzako deialdi arruntean (2025eko irailaren 1etik 2026ko abuztuaren 31ra bitarteko aldirako) federazio horri eman zaion zenbatekoaren %70eko muga.
d) Gehieneko muga bat ezarri da federazio batek errendimendu programetarako guztira (teknifikazioa, selekzioak eta hobekuntza batuta) jaso dezakeen dirulaguntzarako. Bi hauetatik txikiena izanen da:
–Dirulaguntzaren gehieneko muga: 60.000,00 euro.
–Federazioentzako deialdi arruntean (2025eko irailaren 1etik 2026ko abuztuaren 31ra bitarteko aldirako) federazio horri eman zaion zenbatekoaren %70eko muga.
Puntu honetako diru-mugetako bat aplikatu behar bazaio errendimendu programa bat baino gehiago aurkeztu duen federazioren bati, hobekuntza programari aplikatuko zaio muga; eta horrelako programarik ez baldin badu, modu proportzionalean aplikatuko zaie aurkeztutako programei.
e) Aurreko kalkuluaren emaitza handiagoa bada deialdirako dagoen partida baino, aurkeztutako eskaera guztien artean hainbanaketa eginen da.
f) Beren egituraren barruan kirol egokituko espezialitateak dituzten federazioen kasuan, lehen aipatutako 9.2.d) eta 9.2.e) puntuetan adierazitako diru mugak 2.500,00 euroan gainditzen ahalko dira gehienez.
10.–Eskaera berregitea.
10.1. Aurkeztutako eskaerak aztertuta, Entitateei Arreta Egiteko eta Kirol Errendimendurako Zuzendariordetzak federazio guztiei jakinaraziko die laguntzak emateko prestatu duen proposamena, eta hamar egun balioduneko epea emanen die alegazioak aurkezteko edo eskaera berregiteko, hurrengo atalean xedatutakoari jarraikiz.
10.2. Dirulaguntzaren proposamenean adierazitako zenbatekoan %5etik gorako hainbanaketa egin bada, 9. oinarriko 9.2.f) atalean ezarritakoaren arabera, federazioek beren eskaera berregiten ahalko dute. Helburua da gastu-konpromisoak eta baldintzak doitzea eskaeran agertzen diren jarduera berberetarako eman daitekeen dirulaguntzaren arabera, kontzeptu diruz lagungarri bakoitzaren barruan. Nolanahi ere, eskaera berregitean dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeraren atal bakoitzerako ezarritako balorazio irizpideak ere. Irizpide hauei jarraikiz eginen da doikuntza hori:
a) Bere horretan mantenduko dira hasierako eskaeran adierazi ziren kopuru hauek: kirol federazioaren beraren baliabide propioekin finantzatuko dena, eta jardueraren berariazko baliabideekin (babesletzekin eta abarrekin) finantzatuko dena.
b) Eskaera berreginda, horren ondorioz azkenean ateratzen diren dirulaguntzek errespetatu egin beharko dituzte eranskin honen 6. oinarrian ezarritako kontzeptu diruz lagungarriak.
c) Ez da onartuko hasierako aurrekontuaren %80tik beherako zenbatekoa ezartzen duen eskaera berreginik.
10.3. Instrukzio organoak eskaera berregina onetsi ondoren, dokumentazio guztia organo eskudunari igorriko zaio, laguntzen gaineko behin betiko ebazpena eman dezan.
11.–Jarduera berrietarako eskaera.
1. Laguntzak banatzeko ebazpena eman ondoren, federazioek, eskabide baten bidez, jarduera berri baterako dirulaguntza eska dezakete (aurreikusitako jarduera baten funtsa aldatzea jarduera berritzat hartuko da), betiere jarduera 6. oinarriko ataletako batean sartuta badago. Hasiera batean aurreikusitako jarduera bat ordezteko eskaerak ere onartuko dira. Horri dagokionez, federazioak dirulaguntzen eskaera aurkeztu ondoren egiten direnak baizik ez dira hartuko jarduera berritzat.
Jarduera berri bakoitzerako txosten bat aurkeztu beharko da, adieraziz xedea, non eginen den, eguna, parte-hartzaile kopurua, aurrekontua eta programaren gainerako zatiekin duen lotura.
Jarduera berritzat hartuko dira lehiaketetara, kontzentrazioetara, clinic-etara, prestakuntza ikastaroetara eta programan zehazten diren antzeko beste jarduera batzuetara joatearekin zerikusia dutenak.
2. Eskaera horiek eskatutako jarduera berria egin baino lehenago aurkeztu beharko dira. Eskaera kasuan kasuko jarduera egin baino lehen aurkeztu behar horren salbuespen gisa, zilegi izanen da eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik laguntzak ematearen gaineko ebazpena jakinarazi bitarte egiten diren jarduera berrietarako eskaerak ere aurkeztea, baina, betiere, eskaera aurkezten baldin bada jarduera egin aurretik.
3. Instrukzio organoak (Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko Entitateei Arreta Egiteko eta Kirol Errendimendurako Zuzendariordetza), behar den ofizioaren bitartez, eskaera onartu edo ez onartu erabakiko du, eta onartzeko edo atzera botatzeko arrazoiak emanen ditu.
12.–Laguntza emateko ebazpena.
1. NKJFIko zuzendari kudeatzaileari dagokio aurkezten diren dirulaguntza-eskaerak ebaztea, batzorde teknikoak instrukzio organoaren bidez bidaliko dion proposamena ikusirik.
2. Dirulaguntza emateko ebazpena eman eta interesdunei jakinarazteko epea hiru hilabetekoa da gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita. Epe horretan ebazpen espresurik eman eta jakinarazi ezean, eskaerak ezetsitzat joko dira.
3. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak eta zenbatekoa agertuko dira. Era berean, dirulaguntza ematen zaien eskatzaileen zerrenda eta onetsitako kirol errendimenduko programak agertuko dira, eta espresuki adieraziko da, arrazoiak emanda, gainerako eskaerei uko egin zaiela, halakorik bada.
4. Errendimendu programa baterako dirulaguntza emateak berekin ekarriko du Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak dagokion kirol errendimenduko programa ere onestea.
5. Dirulaguntzak emanen dira baldin eta kreditu egokia eta aski badago Nafarroako 2027ko Aurrekontu Orokorretan deialdi honetarako.
6. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntza bat emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo ekitaldi ekonomikoen kargura ere dirulaguntzarik eskuratzeko.
13.–Dirulaguntzaren ordainketa.
1. Dirulaguntzaren ordainketa, oro har, diruz lagundutako jarduera egin dela egiaztatu ondoren eginen da, behin hari dagozkion frogagiriak (ordainagiriak barne) 15. oinarrian xedatutakoari jarraikiz aurkeztu ondoren.
Konturako lehen ordainketa egin baino lehen, dagokion federazioak frogatu beharko du 19. oinarrian arautzen diren gardentasun betebeharrak betetzen dituela; bestela, ordainketa ezin izanen da egin.
2. Konturako hiru ordainketa egiten ahalko dira programak epe hauetan gauzatu ahala:
–Lehen ordainketa: 2026ko irailaren 1etik abenduaren 31ra.
–Bigarren ordainketa: 2027ko urtarrilaren 1etik martxoaren 31ra.
–Hirugarren ordainketa: 2027ko apirilaren 1etik ekainaren 30era.
Egiten diren konturako ordainketak ezin dira inola ere izan programa bakoitzeko esleitutako dirulaguntzaren %80 baino gehiago.
Konturako ordainketa horiek egin ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dira ordainketa bakoitzerako:
a) Federazio onuradunak berariaz eskatu beharko du.
Federazioak errendimendu programa bakoitzaren kirol memoria bat aurkeztu beharko du, kasuan kasuko aldian egindako jarduerari buruzkoa (diruz lagundutako jardueratik gauzatu den zatia), non eduki hauek jaso beharko baitira gutxienez:
–Kasuan kasuko aldiaren helburuak.
–Aldi horretan egindako jardueren deskribapena (entrenamenduak, jarduera osagarriak, lehiaketak...).
–Kirolari bakoitzak aldi horretan egindako entrenamendu, saio eta jardueretara izandako bertaratzeen kuantifikazioa.
–Kasuan kasuko aldiari lotutako kirolarien jarraipena (lehiaketetan lortutako emaitza garrantzitsuak, hala badagokio, eta haien ikaskuntzaren bilakaera, batez ere teknifikazio programetan).
–Egindako aldiaren ebaluazioa.
b) Konturako ordainketek justifikatzeko dauden langile gastuen eta gastu arrunten zerrenda bati erantzun beharko diote, eta gastu horiek diruz lagundutako jardueran jada gauzatutako zatiari buruzkoak izanen dira. Dirulaguntza emateko ebazpenean zehaztuko da federazio interesdunek zer dokumentazio aurkeztu beharko duten konturako ordainketa horiek eskatzeko.
c) Ordaindu beharreko zenbatekoa dirulaguntzaren xede den jarduera bakoitzerako kalkulatuko da. Horretarako, jarduera bakoitzerako esleitutako dirulaguntzari ehuneko bat aplikatuko zaio, hain zuzen ere, jarduera bakoitzean justifikatutako gastuek egiten duten ehunekoa, eskaerarekin batera aurkeztutako eta NKJFIk onartutako aurrekontu justifikagarriarekin alderatuta.
3. Nolanahi ere, konturako ordainketen aukera baliatu ala ez, entitate onuradunak 15. oinarrian ezarritako frogagiriak aurkeztu beharko ditu, bertan ezarritako moduan eta epeetan. Aurkeztutako frogagiriak ikusita –behin organo kudeatzaileak aztertu ondoren eta dirulaguntza emateko oinarri hartu ziren xedeak betetzen direla egiaztatu ondoren–, espedientea ixteko ebazpen bakarra emanen da, non dagozkion diru kopuruak likidatuko baitira, eta aurkeztutako justifikazioaren arabera ordaindu edo itzuli behar den diru kopurua ezarriko baita.
Dirulaguntza ordaindu ahal izateko (edo aurreikusitako konturako ordainketa egiteko), aldez aurretik, 19. oinarrian aipatzen den informazioa (Gardentasun betebeharrak) aurkeztu beharko da, telematikoki, Nafarroako Gobernuaren Atariko tramiteen katalogoko fitxaren bidez. Informazio hori igorri ezean, ezin izanen da ordainketa hori onetsi.
14.–Jardueren arteko doikuntzak.
1. Dirulaguntzaren helburuak oso-osorik betetzen baldin badira, zilegi izanen da aurrekontuan aldaketak egitea deialdi honetan jasotzen diren gastu diruz lagungarrien artean (teknikariak, jarduera osagarriak eta antolamenduaren eta materialen gastuak), programa berekoak badira betiere. Horrenbestez, jardueraren batean justifikatutako gastuak aurreikusitakoak baino txikiagoak izan badira, ataletako batzuetan erabili gabe geratzen den kreditu hori erabiltzen ahalko da aurrekontuan sartutako beste atalen baterako, betiere justifikatutako gastuak aurreikusitakoak baino handiagoak badira, bai eta diruz lagundutako jardueren izaera bereko edo antzeko izaerako beste jarduera berri batzuetan ere (11. oinarrian ezarritako prozeduraren arabera eskatu eta baimendu baldin badira). Erabili gabeko kreditu hori "Teknikariak" atalerako erabiltzen ahalko da, bakar-bakarrik, baldin eta organo kudeatzaileak justifikatu eta aurretiaz baimentzen badu programarako beharrizan berriak sortu direla.
2. Aurreko puntuan azaldutako aurrekontu-aldaketak organo kudeatzaileak eginen ditu, ofizioz.
3. Dirulaguntzak ematen dituen organoak, espedientea ixten denean, behar dena ebatziko du, aurkezten den azken justifikazioaren arabera.
15.–Justifikaziorako epea eta agiriak.
15.1. Justifikaziorako agiriak aurkezteko epea 2027ko irailaren 30ean bukatuko da.
Justifikazio-kontu baten bidez eginen da justifikazioa, eta dagokion federazioko lehendakariak sinatu beharko du kontu hori.
15.2. Dirulaguntza hauen onuradun diren kirol federazio guztiek justifikaziorako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte telematikoki, laguntzen eskaera aurkeztutako modu berean:
a) Egindako kirol programaren memoria, honako hauek adierazita: programaren ebaluazioa, helburuak zenbateraino bete diren eta aurkeztutako luzetarako adierazleekiko alderaketa, bertaratzeen kopurua eta egindako saio eta jarduerak. Era berean, programan sartutako kirolariek eta selekzioek lortutako emaitzak baloratuko dira, kirolari bakoitzaren segimendua eta hobetu beharreko alderdiak azalduta.
b) Dirulaguntzaren xede izan eta gauzatu diren jardueren justifikazio-kontua, IV. eranskinean agertzen den ereduaren arabera prestatua, jarduera bakoitzaren gastu eta diru-sarreren zerrenda sailkatu batekin, honako hauek adierazita: agiri zenbakia, jarduera, jaulkipen data, kontzeptua, zenbatekoa eta ordainketaren data. Inprimaki-eredu hori aldatu eta beste aurkezpen formal bat egin daiteke, goian adierazitako informazio guztia baldin badu. Azkeneko justifikazio-kontu hori bakarra izanen da dirulaguntzaren xedeko jarduera guztietarako, eta kirol federazioek urtean zehar aurkeztutako tarteko justifikazio-kontu guztiak hartuko ditu bere baitan. Justifikazio-kontu horretan sartuko da federazioko lehendakariak izenpetutako erantzukizunpeko adierazpen bat, zeinean adieraziko baita justifikazio-kontuan sartu direla diruz lagundutako jarduerak finantzatu dituzten diru-sarrera edo/eta dirulaguntza guztiak, zenbatekoak zein diren eta nondik etorri diren ere esanez.
c) Jatorrizko fakturak edo froga balio bereko agiriak –jatorrizko fakturen pareko balioa dutenak merkataritzako trafiko juridikoan edo eraginkortasun administratiboa dutenak– eta, haiekin batera, bankuko frogagiriak, "ordainduta" zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatuak, edo faktura ordaindu dela edo gastua egin dela frogatzen duen beste edozein dokumentu, goian adierazitako zerrendako ordena berean aurkeztuak, dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko.
Gastu diruz lagungarriak justifikatzeko, hornitzaile baten baino gehiagoren fakturak biltzen edo laburbiltzen dituzten fakturak aurkeztuz gero hirugarren batek luzatuak, bildutako faktura horiek ere aurkeztu beharko dira.
Kasu horretan, bai fakturak bai ordainagiriak federazioen bulegoetan gorde beharko dira NKJFIk haiek berrikusteko bidaliko dituen kontu-auditoreen eskura. Beraz, ez da beharrezkoa izanen horiek NKJFIn aurkeztea.
d) Hornitzaileen hautaketari buruzko inprimakia (XI. eranskina), baldin eta ekipamendu ondasunen hornidura egiteko edo zerbitzuak emateko lanen zenbatekoa 12.000,00 eurotik gorakoa bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluari jarraikiz.
e) Diruz lagundutako jardueren azpikontratazioari buruzko inprimakia: inprimaki hori aurkeztu beharko da egiaztatzeko zein egoeratan dagoen diruz lagundutako federazioa, jardueren azpikontratazioari dagokionez. Horretarako, X. eranskineko inprimaki-eredua erabili beharko da.
Diruz lagundutako jardueren exekuzioa, osorik edo partez, hirugarrenekin azpikontratatu den adierazi beharko da; azpikontratazio hori egin bada, azpikontratatutako jarduerak zeintzuk diren adierazi beharko da inprimaki honetan, azpikontratistak eta fakturatutako zenbatekoak adierazita, baita egindako gastuak ere, xehakatuak. Inprimaki horretan, halaber, federazioko lehendakariaren erantzukizunpeko adierazpen bat sartuko da, adieraziko duena bete dela azaroaren 9ko 11/2005 Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 26. artikuluaren 4. eta 7. apartatuek ezartzen dutena.
15.3. NKJFIk justifikazio-kontu horien gaineko berrikuspen txostenak eginen ditu, Kontu-auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuak dauden jarduneko kontu-auditoreen bidez. Txosten horiek honako baldintza hauek betez eginen dira:
a) Txosten horien kontratazioa NKJFIk eginen du.
b) Txosten hori eginen da NKJFIk behar denean eginen duen lizitazioari jarraikiz, eta bat etorrita maiatzaren 17ko EHA/1413/2007 Aginduan ezarritakoarekin, agindu horren bidez onetsi baitzen kontu-auditoreek dirulaguntzen justifikazio-kontuak berrikusteko jarraitu beharreko jarduketa araua.
15.4. Alternatiba moduan, Nafarroako Gobernuko langileek egiten ahalko dute justifikazio-kontu horien berrikuspena.
16.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.
16.1. Laguntzen eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko tramiteen katalogoaren barnean (www.nafarroa.eus).
16.2. Deialdi honen prozeduran egiten diren komunikazioak, errekerimenduak eta jakinarazpenak telematikoki eginen dira, entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GHEb: https://dehu.redsara.es/).
17.–Federazio onuradunen betebeharrak.
Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten federazioek betebehar hauek izanen dituzte:
a) NKJFIk denboraldiaren hasieran (urteko azken hiruhilekoan) antolatuko duen programen hasierako jardunaldi teknikora bertaratzea, non kirol errendimenduarekin loturiko gaiak jorratuko baitira. Federazioetako kirol zuzendariak eta/edo programen ardura duen talde teknikoko kideak bertaratu beharko dira.
b) Dirulaguntza eman den xedeetarako erabiltzea, justifikazio agiriak ezarritako epean aurkeztea eta NKJFIk egiten dituen egiaztapenak onartu eta erraztea.
c) Diruz laguntzen diren programak onetsi diren bezala gauzatzea, ezertan galarazi gabe 11. eta 14. oinarri arautzaileetan ezarritakoa.
d) Hala badagokio, hornitzaileak efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera eta merkatuko prezioetan kontratatu direla frogatzea, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluarekin.
e) Nafarroako Gobernuaren laguntza jaso dela adieraztea jardueren gaineko edonolako publizitatean, NKJFIk adierazten duen irudi korporatiboa jarriz.
f) Gaztelaniaren eta euskararen presentzia bermatzea komunikazio guztietan: paperak, izena emateko orriak, kartelak, hedabideak, megafonia eta publizitateko logotipoak.
g) Erraztasunak ematea NKJFIri diruz lagundutako programen gainean dagozkion kontrol lanak egin ditzan, oinarri hauetan ezarritakoa betetzen den egiaztatzeko.
h) Erraztasunak ematea NKJFIk kontratatutako kontu-auditoreek berrikuspen-txostenak egin ditzaten.
i) Egiaztatze eta kontrol ahalmenak egoki erabiltzen direla bermatzeko asmoz, kontabilitate-liburuak, erregistro eginbidetuak eta bestelako agiriak behar bezala auditatuak eduki eta gorde beharko dira, merkataritzari eta sektoreari buruzko lege aplikagarrietan xedatu bezala.
j) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.
k) Jarduera osagarriak antolatzen direnean, federazioek Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Plana bete beharko dute, baita Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legea ere. Era berean, hondakinak prebenitzeko, bereizteko eta kudeatzeko neurriak bete beharko dira, bai eta Ekitaldi Publikoei eta Jasangarritasunari buruzko apirilaren 17ko 36/2024 Foru Dekretuan ezarritako komunikazio eta sentsibilizazio neurriak ere. Adibide gisa, ingurumen jasangarritasunerako neurri horietako batzuk adieraziko dira.
–Ez da baimenduko edariak (ura barne) doan banatzeko erabilera bakarreko ontzirik. Edariak salduz gero, erabilera bakarreko ontzietarako alternatibak ezarriko dira.
–Beti eskainiko da txorrotako ura duen ontzi bat, bai eta edalontzi berrerabilgarriak ere, edo botila berrerabilgarriak ura kontsumitzeko, doan.
–Ezin izanen da erabilera bakarreko edalontzirik saldu eta banatu. Ontzi berrerabilgarriek UNE-EN 13429:2005 arauaren baldintzak bete beharko dituzte, eta, gainera, behar diren bitartekoak jarri beharko dira berreskuratu eta ondoren garbitu eginen direla bermatzeko.
–Ezin izanen dira erabilera bakarreko plastikozko ontziak erabili elikagaietarako, salbu eta UNE-EN 13432:2001 arauaren baldintzak betetzen dituen material biodegradagarriz edo konpostagarriz eginak daudenak.
–Erabiltzen den baxera berrerabilgarria izan beharko da, edo, hori ezinezkoa bada, UNE-EN 13432:2001 arauaren baldintzak betetzen dituen material biodegradagarriz edo konpostagarriz egina, edalontziak izan ezik, horiek berrerabilgarriak izan beharko baitira.
–Hondakinak uzteko eremuak jarri beharko dira edukiontzi egokiekin, kasuan kasuko toki entitateekin bat etorriz. Gutxienez honako hondakin-frakzio hauek bereizteko aukera eman beharko da: materia organikoa, ontzi arinak (edo ontzi eta materialak, erreferentzia-sistema hori duten entitateetan), papera eta kartoia, beira, eta gainerako hondakinen frakzioa.
Ekitaldia egin aurretik, erakunde antolatzaileak edo sustatzaileak ezarri diren jasangarritasun neurriak jakinaraziko ditu eskuragarri dauden bitarteko guztien bidez (web-orriak, sare sozialak, prentsa, inskripzio-orriak eta abar). Komunikazio guztietan hizkera inklusiboa eta ez-sexista erabiliko da, eta genero-rolekin lotuta ez dagoen berdintasunezko irudia transmititzen dela zainduko da, bai eta emakumeen zein gizonen askotariko irudia eskaintzen dela ere. Era berean, ekitaldia egiten den bitartean, argi eta garbi jakinaraziko dira hondakinak prebenitzeko eta kudeatzeko ezarritako neurriak.
l) Datu pertsonalen babesari buruzko araudia betetzea, hala horrelako datuak jasotzen direnean nola Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari jakinarazten zaizkionean. Federazioek NKJFIri datu pertsonalak jakinarazten dizkiotenean, deialdi hau kudeatu eta izapidetzeko helburuarekin eginen da, bakar-bakarrik, baita, NKJFIk errendimenduko programak onesteari begira, deialdian ezarrita dauden betebeharren jarraipena egiteko, gainbegiratzeko eta kontrolatzeko ere. Hori guztia Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari jarraikiz.
m) Adingabeekin kirol jarduerak egin ohi dituzten kirol federazioek ezinbestean bete beharko dituzte ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoak, Haur eta nerabeei indarkeriaren aurrean babes integrala emateari buruzkoak, 48. artikuluan ezartzen dituen obligazioak.
18.–Bateragarritasuna.
1. Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak ematea ez da bateragarria NKJFIk berak helburu berarekin ematen dituen beste dirulaguntza batzuekin.
2. Deialdi honetako dirulaguntzak batzen ahalko dira Espainiako edo atzerriko beste administrazio publiko edo erakunde publiko zein pribatu edo partikular batzuek xede berean erabiltzeko ematen dituztenekin.
3. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, federazio onuradunek horren berri eman beharko dute. Nolanahi ere, dirulaguntza hauen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera batzuekin edo baliabide propioekin baturik, aurrera eraman beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.
4. Aurreko atalean ezarritako komunikazio betebeharra betetzen ez bada, edo federazio onuradunek informazioa faltsutzen badute, jasotako zenbateko guztiak itzuli beharko dira, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik itzultzea bidezkoa dela erabakitzen den arte sortutako berandutze-interesak ere. Dirulaguntza itzuli beharraz gain, zehapenak ezar daitezke aipatu arrazoi horregatik, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan ezarritako zehapen araubidearekin.
19.–Gardentasun betebeharrak.
Entitate onuradunak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera, hain zuzen ere, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarrita dagoena, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetean Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, betiere 5.000 eurora iristen badira.
Horretarako, inguruabar horiek betetzen dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek aipatutako foru legearen 12.4 artikuluan aipatzen den informazioa, entitatearen legezko ordezkariak sinatua, aurkeztu beharko dute telematikoki, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko dagokion fitxaren bidez, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean.
20.–Azpikontratazioa.
Federazio onuradunek zilegi dute diruz lagundutako jarduerak %100ean azpikontratatzea. Nolanahi ere, onuradunak berak egiten badu diruz lagundutako jarduera, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu honetatik kanpo geldituko da.
Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritako gainerako aurreikuspenak ere bete beharko dira. Zehazki, hirugarrenekin hitzarturiko jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen duenean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean, azpikontratazioa egiteko kontratua idatziz sinatu beharko da.
21.–Hornitzaileak kontratatzea.
Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 28.3 artikuluan xedaturikoarekin bat, ekipamendu ondasunak eskuratzen direnean edo aholkularitza edo laguntza enpresek zerbitzuak ematen dituztenean, gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurokoa baino handiagoa bada, kirol federazio onuradunak frogatu beharko du, organo emailearen aurrean, hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela.
Kasu horietan, kirol federazio onuradunak helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin edo gehiagorekin kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak, eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin sinatuko du. Entitate onuradunak gorde egin beharko ditu kontsulta-tramitearen gaineko dokumentazioa eta eskaintzak. Kontu horiek agiri bidez frogatu beharko ditu dirulaguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratua sinatu bezain laster. Eskaintza egiten duten enpresek digitalki sinatu beharko dituzte agiri horiek, 3 eskaintzak noiz aurkeztu diren eta lana egin aurretik aurkeztu direla egiaztatzeko. Agiri horiekin batera, egindako hautapena arrazoitzeko txosten labur bat aurkeztuko da.
Ez da beharrezkoa izanen enpresa bati baino gehiagori kontsulta egitea baldin eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik, behar adina ez badira merkatuan beharrezko hornidura edo zerbitzu hori egiten duten enpresak.
Inguruabar horiek guztiak hornitzaileen hautaketa justifikatzeko inprimakia (XI. eranskina) aurkeztuz frogatu beharko dira.
22.–Ez-betetzeak.
Deialdi honetako oinarri arautzaileetan ezarritakoa betetzen ez bada –bereziki, onuradunen betebeharrei buruzko atalean eta hirugarren oinarrian ezarrita dagoena eta onesten den programaren nondik norakoak betetzeari dagokiona–, datu faltsuak ematen badira edo dirulaguntzaren xedea aldatzen bada NKJFIren baimenik gabe, laguntza galduko da, osorik edo partez, eta jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira, dagozkion berandutze-interesekin batera. Gainera, horrek ekartzen ahalko du aurrerantzean helburu horretarako edo antzekoetarako dirulaguntza-eskaerarik ez onartzea, deusetan galarazi gabe ordenamendu juridikoan xedatutako gainerako erantzukizunak.
Dirulaguntzen ordainketa partzialak egin badira eta onuradunek epez kanpo aurkezten badituzte egiaztagiriak, bidezkoa izanen da ordaintzeko falta den dirulaguntza osorik edo partez galtzea, deusetan galarazi gabe jasotako zenbatekoak itzuli beharra, dagozkion berandutze-interesekin batera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat.
Nolanahi ere, onuradunek betebeharrak ia osorik betetzen badituzte eta konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten badute, aurreko atalean aipatzen den proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da zenbateko dirulaguntza eman behar zaien edo, hala badagokio, zenbat diru itzuli behar duten.
23.–Errekurtsoak.
1. Deialdi honen eta oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasita.
2. Orobat, NKJFIko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez foru agindu hau aplikatzeko ematen diren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.
24.–Legeria.
Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.
Iragarkiaren kodea: F2609139
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
