Iragarkia
133. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 9a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
556E/2026 EBAZPENA, ekainaren 9koa, Herri-lanen eta Azpiegituren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita dirulaguntzen deialdi bat, Nafarroako toki entitateek harkaitz-ezpondetan egonkortzeko obrak egin eta neurri zuzentzaileak ezar ditzaten. 2026. urtea. DDBN kodea: 911964.
Azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuaren bidez –gerora azaroaren 5eko 127/2025 Foru Dekretuaren bidez aldatu zen–, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen, eta haren 39. artikuluan ezartzen du Proiektu eta Obren Zerbitzuko Obren eta Eraikuntzako Segurtasunaren eta Kalitate Kontrolaren Atalaren funtzioetako bat dela "Arrisku geologikoa duten eremuak analizatzea, bereziki ezponda harkaiztsuak aipatuz; jarduketa planak eta haien kudeaketa eta garapena".
Atal horri atxikitako geologoen eskudantzien artean, honako hau dago: ezagutzea ezegonkortasun, lur-jausiek, lur-irristaketek eta fenomeno abarrek sortutako arazoak Nafarroako hainbat toki entitateren udal-mugartean. Atal horri atxikitako geologoek, beren eskudantzien barnean, badakite ezegonkortasunek, lur-jausiek, lur-irristaketek eta abarrek arazoak sortzen dituztela Nafarroako hainbat toki entitateren udal-mugartean. Azken urteotan jarraipena egin dute eta laguntza teknikoa eskaini diete udalerriei, eta jarraipenerako aldizkako kontaktuak dituzte. Inguruabar horien ondorioz, beharrezkoa da, eta kasu batzuetan ezinbestekoa, ezponda horiek konpontzeko jarduketei heltzea eta horiek sustatzea. Maiz, beharrezkoa izaten da egonkortze proiektu bat idaztea, kasu bakoitza berariaz aztertzeko. Horrez gain, halako gaietan espezializazio tekniko handia izan behar da, eta toki entitateek ez dute nahikoa gaitasun tekniko eta ekonomikorik horiek ikertzeko. Ondorioz, gaian adituak diren aholkulariak behar dira. Halaber, entitate horiek ez dute behar adinako gaitasun ekonomikorik behar diren konponketa lanak egiteko Egoera honetan, egokia eta beharrezkoa da Lurralde Kohesiorako Departamentuak parte har dezan, behar diren proiektuak eta obrak toki entitateekin batera kofinantzatzeko, dirulaguntzen deialdi honen bidez.
Jarduketa diruz lagungarriak izanen dira proiektu teknikoak idaztea, egonkortze obrak gauzatzea eta neurri zuzentzaileak ezartzea, baldin eta Nafarroako Foru komunitateko toki entitateei kalteak eragiten dizkieten arrisku geologikoak murrizten edo ezabatzen badituzte. Unitate kudeatzailearen iritziz, dirulaguntzen deialdi honetan onuradun gertatzen diren proiektuak eta obrak oso lotuta daude bata bestearekin, eta nahiz eta ez duten erabilgarritasun berdina, ulertzen da proiektuak jarduketak ezartzen dituela, eta obrek jarduketa horiek gauzatzen dituela. Hala, helburu bera dute, bai eta onura publikoko xede bera ere. Horrez gain, kasu gehienetan, proiektua nahitaezko lehen tramitea da obrari ekin ahal izateko, eta korrelazioa zalantzarik gabekoa da.
Era berean, arrisku mailaren hierarkia ezartzen duten irizpideak eta dirulaguntza eskuratzeko lehentasun ordena definitzen duten irizpideak baterakoak dira aurkezten diren proiektuetarako eta obretarako. Hala, aurreikusten da proposamen onuradunek premiazko beharrei erantzunen dietela, eta nahiz eta hasiera batean proiektu bat idaztea eskatu, ondoren behar hori gauzatu dadin sustatuko dute.
Proiektu eta Obren Zerbitzuak txosten batean aditzera eman du beharrezkoa dela arautzea Nafarroako toki entitateei ematen zaizkien dirulaguntzak, hiri eremuetan erortzeko arriskuan diren harkaitz-ezpondetan egonkortzeko obrak egin eta neurri zuzentzaileak ezar ditzaten. Arautze hori bat dator Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak dirulaguntzen arloan ezartzen duen lege esparruarekin.
2016ko urtarrilaren 1ean, abian jarri zen Dirulaguntzen Datu Base Nazionala (DDBN), bat etorriz Sektore Publikoa arrazionalizatzeari eta administrazioa eraberritzeko beste zenbait neurriri buruzko irailaren 16ko 15/2014 Legean xedatutakoarekin. Lege horretan xedatuta dago, hain zuzen, autonomia erkidegoek beren dirulaguntza deialdien berri eman behar diotela DDBNri.
Dirulaguntza jasota dago, 44 erregistro zenbakiarekin, Nafarroako Gobernuaren 2026ko apirilaren 29ko Erabakiko III. eranskinean. Erabaki haren bidez onesten da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren 2026-2028 Dirulaguntzen Plan Estrategikoa.
Horrenbestez, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuak –gerora azaroaren 5eko 127/2025 Foru Dekretuaren bidez aldatu zen– ematen dizkidan eskumenak baliatuta,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdi bat, 2026. urtean harkaitz-ezpondetan egonkortzeko obrak egin eta neurri zuzentzaileak ezar ditzaten.
2. Onestea dirulaguntzaren oinarri arautzaileak eta eranskinak.
3. Onestea 500.000,00 euroko gehieneko gastua, 2026. urtean Nafarroako toki entitateek harkaitz-ezpondetan egonkortzeko obrak egin eta neurri zuzentzaileak ezar ditzaten, 2026ko aurrekontuko 220001 22300 7609 456300 (Harkaitz-ezpondak) partidaren kargura.
4. Deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basera igortzea.
5. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.
6. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Obren eta Eraikuntzako Segurtasunaren eta Kalitate Kontrolaren Atalera, Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketarako eta Gastuaren Kontrolerako Zerbitzura (Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora) eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Lurralde Kohesiorako Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura.
7. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2026ko ekainaren 9an.–Herri-lanen eta Azpiegituren zuzendari nagusia, María Torres Pérez.
DIRULAGUNTZAK, 2026. URTEAN NAFARROAKO TOKI ENTITATEEK HARKAITZ-EZPONDETAN EGONKORTZEKO OBRAK EGIN ETA NEURRI ZUZENTZAILEAK EZAR DITZATEN. OINARRI ARAUTZAILEAK
1.–Deialdiaren xedea eta erabilera publikoko helburua.
Deialdi honen xedea da oinarri arautzaileak ezartzea Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak eman eta ordaintzeko, harkaitz-ezpondetan egonkortzeko obrak egin eta neurri zuzentzaileak ezar ditzaten, baldin eta ezponda horiek herritarrendako arrisku geologikoa eragiten ahal duten hiri eremuetan badaude. Arrisku geologikotzat hartuko da suntsitzaileak izan daitezkeen fenomeno geologikoek giza jarduerarekin duten interakzioa; hala, hirigintzan hobekuntzak egitera bideratutako jarduketak ez dira diruz lagunduko.
Dirulaguntzaren xede den onura publikoaren helburua da arrisku geologikoa murriztea, sortzen dena herritarrentzat arriskutsuak izaten ahal diren lurraren mugimenduen ondorioz, dela lur-jausiengatik dela lur-irristaketengatik, baldin eta horiek pertsonei, etxebizitzei edo azpiegiturei kalte egiten badie.
2.–Aplikatzekoa den araubide juridikoa.
Deialdi hau oinarri arautzaile hauetan ezarritakoaren arabera arautuko da, eta bertan berariaz ezartzen ez diren aspektuetarako aplikatzekoa izanen da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako legeetan ezarritakoa.
Ebazpen honetan araututako laguntzak norgehiagokako araubidean emanen dira, eta betiere printzipio hauei jarraikiz: publikotasuna, gardentasuna, objektibotasuna, berdintasuna eta diskriminaziorik eza, helburuak betetzeko eraginkortasuna eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko efizientzia.
3.–Entitate onuradunak. Baldintzak.
Toki entitateak aurkezten ahalko dira deialdira, baldin izaera hori aitortua badute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen arabera, eta oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
Halaber, taldean elkartutako toki entitateak ere aurkezten ahalko dira deialdira, eskaeran berariaz adierazten bada entitate bakoitzak zer gauzatze-konpromiso hartzen duen bere gain, eta ordezkari bakar bat izendatzen bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluak adierazten duenarekin bat. Kasu horretan, 1.5 eranskina atxiki beharko zaio eskaerari.
Deialdi honetan jasotako dirulaguntzak lortzeko toki entitateek bete beharreko baldintzetako bat da kalteak pairatu izana 2021eko urtarrilaren 1etik deialdi hau argitaratzen den unera bitarte, fenomeno geologikoren batek arriskuan jarri dituelako herritarrak, etxebizitzak edo udal-mugarteko hirigunearen barneko azpiegiturak. Kaltea ziurtatzeko, espresuki horretarako idatzitako memoria edo ohar tekniko bat aurkeztu beharko da, eta berariaz aztertu beharko dira arriskua ebaluatzeko parametroak, 2. eranskinean jasotakoak.
4.–Jarduketa diruz lagungarriak.
Honako jarduketa hauek dira diruz lagungarriak:
a) Obra idazteko proiektu teknikoak. Baldin eta proiektuak idazten amaitu bada 2026ko urtarrilaren 1etik 2026ko azaroaren 13ra bitarte, biak barne.
b) Ezpondak egonkortzeko eta eusteko obrak egitea. Baldin eta obrak amaitu badira 2026ko urtarrilaren 1etik 2026ko azaroaren 13ra bitarte, biak barne.
5.–Gastu diruz lagungarriak.
Gastu diruz lagungarriak izanen dira diruz lagundutako jardueraren izaerari zalantzarik gabe erantzuten dietenak, behar-beharrezkoak badira eta 2026ko urtarrilaren 1etik 2026ko azaroaren 13a bitarte finantzatutako obrei badagozkie edo epe horretan bertan idazten amaitutako proiektuei badagozkie.
Gastu diruz lagungarri horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.
Hala, Lurralde Kohesiorako Departamentuak, dauden aurrekontu-baliabideak aintzat hartuta, kontzeptu hauek laguntzen ahalko dira diruz:
–Proiektua idazteko kostuak.
–Jarduketari dagokion obra gauzatzearen kostuak.
–Gauzatutako obraren zuzendaritza fakultatiboaren kostuak.
BEZa gastu diruz lagungarria da, baldin eta ezin bada berreskuratu edo konpentsatu.
6.–Dirulaguntzaren zenbatekoa eta diruz lagundutako jardueren finantzaketa.
Deialdi honen kreditua 500.000 euro da, 2026. urteko gastu aurrekontuen 220001 22300 7609 456300 (Harkaitz-ezpondak) partidaren kargura.
Entitate bakar bati gehienez ere berrehun mila euro (200.000 euro) esleitzen ahalko zaizkio
Jarduketa bakoitzerako emandako dirulaguntzaren zenbatekoa gehienez ere onetsitako aurrekontu osoaren %80 izanen da, eta oinarri hauen 2. eranskinean definitutako irizpideen araberako puntuazio-ordenaren arabera emanen da, handienetik txikienera, eskuragarri dagoen aurrekontua agortu arte. Baldin eta ez badago azken onuradunari bere aurrekontuaren %80 emateko behar beste kreditu, aurrekontuan erabilgarri gelditzen den zenbatekoa emanen zaio.
Entitate onuradunetako batek dirulaguntzari uko eginez gero justifikazioa aurkezteko epea amaitu baino lehen, hari emandako diruaren soberakina beste entitate batzuei ematen ahalko zaie, ez badute diruz laguntzen ahal den gehieneko kopurua lortu lortutako puntuazio ordenan kreditu falta dela-eta.
Dirulaguntzen zenbatekoa ez da inola ere izanen, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin baturik, diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa.
7.–Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa noiz eta nola aurkeztu.
Eskaerak aurkezteko, toki entitate interesdunek gehienez ere hilabeteko epea izanen dute, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Eskaerak tokiko alkatetza edo udalburutza duenak sinatu beharko ditu, eta telematikoki aurkeztu beharko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko administrazio publikoen zerbitzuen katalogoko estekaren bidez (https://tramitespersonal.navarra.es/eu/tramites/on/-/line/subvenciones-a-las-entidades-locales-de-navarra-para-la-realizacion-de-obras-de-estabilizacion-y-establecimiento-de-medidas-correctoras-en-taludes-rocosos-ano-2026) eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari zuzenduta. Dokumentazioa pdf formatuan aurkeztuko da, dokumentu bereizietan, bakoitzak bere izena behar bezala daramala. Ziurtagiriak eta erantzukizunpeko adierazpenak ziurtagiri digitalarekin sinatu beharko dira.
Laguntza hauei loturik egiten diren jakinarazpen eta komunikazio guztiak telematika bidez eginen dira, eta, horretarako, beharrezkoa da ziurtagiri digital bat eta gaitutako helbide elektroniko (GHE) bat izatea.
Aurkeztutako eskaerek zioen azalpen bat izan beharko dute, bai eta aurrekariak ere. Gainera, kasu bakoitzerako proposatutako konponbidea justifikatu beharko dute, aintzat hartuta obren xedea izanen dela herritarrak, etxebizitzak edo udal-mugarteko hirigunearen barneko azpiegiturak arriskuan jartzen dituzten lur-jausiak edo lur-mugimenduak izateko arriskua ezabatzea edo murriztea, ez besterik. Hala, arrisku mota zehaztuko da, zer ondorio izan ditzakeen eta hartu beharreko neurriak –behar bezala baloratutakoak eta justifikatutakoak– arrisku hori ekiditeko. Proposamen bakoitzaren arrisku maila kuantifikatzeko eta hierarkia bat ezartzeko, 2. eranskinean jasotako arriskua ebaluatzeko parametroak berariaz aztertuko dira, baloratuko da proposamena adierazitako irizpideen arabera aurkeztu den, eta aintzat hartuko da esleitutako puntuak egiaztatzea ahalbidetzen duen edozein dokumentu, txosten, etab.
Bazterturik geratuko dira hartutako konponbideak behar bezala justifikatzen ez dituzten proiektuen eskaerak, aurkezten ez dutenak 2. eranskineko irizpideak barne hartzen dituen proposamenaren balorazioa aurkezten edo proiektuak neurrigabeak dituztenak egin behar diren egonkortze obrekin alderatuta.
Dirulaguntzaren eskaera aurkezteko eredu ofiziala erabili beharko da, eta 1. eranskinean jasotako nahitaezko dokumentuak erantsi beharko dira.
Eskabideak aurreko atalean finkatutako betekizunak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio hamar egun naturaleko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskabideari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.
8.–Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak eta balorazio irizpideak.
Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.
Eskaerak baloratzeko, aintzat hartuko da arrisku geologikoa, zeina kalkulatuko baita eskatutako jarduketaren arriskugarritasunaren, zaurgarritasunaren eta esposizioaren arabera, eta aintzat hartuko dira 2. eranskinean ezarritako irizpideak. Halaber, eskaerak ebatziko dira Batzorde Teknikoak eginiko zerrendako lehentasun-ordenaren arabera, handienetik hasita, haren irizpena loteslea izanen baita. Gainerako eskaerak deialditik kanpo geratuko dira, aurrekontuaren muga dela-eta.
Dirulaguntza emateko ebazpenean adieraziko da zer entitate eskatzaileri ematen zaien dirulaguntza. Gainerako eskaerak baztertuko dira arrazoia bada aurrekontu baliabideen esleipenaren muga. Toki entitateren batek berariaz egiten badio uko dirulaguntzari 6. klausulan adierazitako baldintzetan, baliabide horiek beste entitate batzuei esleitzen ahalko zaizkie, baldin eta diruz laguntzen ahal den gehieneko kopurua lortu ez badute lortutako puntuazio ordena dela-eta krediturik ez izateagatik.
9.–Ebaluazio organoa.
Eskaerak baloratzeko balorazio batzorde tekniko bat egonen da, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari atxikitako gaiaren arloko langile tekniko hauek osatutakoa:
Batzordeburua: Proiektu eta Obren Zerbitzuko zuzendaria.
Batzordekidea: Obren eta Eraikuntzako Segurtasunaren eta Kalitate Kontrolaren Ataleko burua.
Batzordekidea: 1. geologoa.
Batzordekidea: 2. geologoa.
10.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.
Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiko Proiektu eta Obren Zerbitzua izanen da dirulaguntzaren prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko ahalmena duen organoa.
Balorazio Batzorde Teknikoak eskatutako dirulaguntza guztien zerrenda bat eginen du, eta bertan eskaeren lehentasun ordena ezarriko du. Horretarako, aintzat hartuko du zer arrisku dagoen, bai eta 2. eranskinean adierazitako irizpideak eta puntuazioak ere. Hala, arrisku handiena duten eskaerek lehentasun ordena ezarriko dute, eta lortutako puntuazioaren beheranzko ordenan agertuko dira hurrengoak.
Herri-lanen eta Azpiegituren zuzendari nagusiaren arrazoitutako ebazpen bidez eman edo ukatuko da dirulaguntza, eskaerak aurkezteko epea amaitu eta bi hilabeteko epean, gehienez ere. Epe horretan berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da.
Dirulaguntzetarako eskaeren ebazpenean zehaztuko da haien zenbatekoa, onuradunak eskatutakoaren arabera eta deialdi honen 6. oinarrian finkatutako mugen barrenean.
11.–Dirulaguntzaren ordainketa.
Dirulaguntzak ordaintzeko ezarritako epea hilabetekoa da, toki entitateek aurkezten dituzten justifikazio agiriak jasotzen direnetik.
Posible da toki entitateek, haien gaitasun finantzarioa dela-eta, modurik ez izatea obrak aurretiaz finantzatzeko. Hori dela eta, aukera dago dirulaguntzaren ordainketa aurretiaz jasotzeko. Edonola ere, toki entitateak frogatu beharko du dirulaguntzaren xedeak betetzeko funtsak behar dituela.
12.–Dirulaguntza justifikatzeko agiriak eta epea.
Entitate onuradunek, 2026ko azaroaren 30ean beranduenez, eginiko gastuaren justifikazioko kontua aurkeztu beharko dute, eta, adierazpen-egilearen erantzukizunpean, honako agiri hauek txertatu beharko dituzte:
a) Memoria teknikoa, non deskribatu beharko den, hala badagokio, obrak gauzatzeko prozesua eta dagozkion obrako hileroko ziurtagiriak. Memoria obraren zuzendari fakultatiboak sinatu beharko du.
b) Dirulaguntzan aplikatutako gastuen zerrenda, honako hauek adierazita: agiri zenbakia, kontzeptua, igorlea, agiriaren eta ordainketaren data eta zenbatekoa (BEZa barne eta gabe). Zerrenda osatzeko deialdiaren iragarkian bertan txantiloi bat deskargatzen ahalko da. Deialdiaren iragarkia Nafarroako Gobernuaren webgunean aurki daiteke, administrazio publikoen zerbitzuko langileen tramiteen bilatzailean. Hona hemen bilatzailearen esteka: https://tramitespersonal.navarra.es/eu/tramites/on/-/line/subvenciones-a-las-entidades-locales-de-navarra-para-la-realizacion-de-obras-de-estabilizacion-y-establecimiento-de-medidas-correctoras-en-taludes-rocosos-ano-2026.
Gastuen zerrenda horrekin batera, dagozkion egiaztagiriak, fakturak eta ordainagiriak aurkeztu beharko dira, gastuen zerrendako hurrenkerari jarraituz. Gastuen zerrenda hori entitateek telematika bidez igorriko dute, entitatearen legezko ordezkariaren sinadura digitala duela, eta adierazirik gastuok dirulaguntza honetarako baizik ez direla aurkeztu. Egiaztagiri gisa, kontu-laburpenak, ordainagiriak eta fakturak onartuko dira bakarrik, eta horietan jaulkitzailearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua, prezioa eta ordaintzeko modua adierazi beharko dira, apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, horren bidez fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onetsi baitzen.
c) Obra harrera oso edo partzialaren akta, kasuaren arabera dagokiona, jabeak, obraren zuzendari fakultatiboak eta obren entitate kontratistak izenpeturik.
d) Diruz lagungarria den jarduketa obraren proiektu teknikoaren idazketa bada, dagokion fakturaren bidez justifikatuko da.
e) Egokia denean obren zuzendaritza fakultatiboa gastu diruz lagungarritzat ordaintzea, dagozkion fakturen bidez justifikatu beharko da.
f) Eginikoaren argazkien eta planoen bidez osatutako dokumentazio grafikoa.
g) Deialdi honen 16. oinarrian jasotako publizitate betebeharrak bete izanaren egiaztagiria.
h) Toki entitatean idazkari lanetan diharduenaren ziurtagiria, honako gai hauek biltzen dituena:
–Eraikuntza proiektuaren, obraren zuzendaritzaren eta obren gauzatzearen kontratazio prozesua, adjudikazioduna, lizitazioaren eta adjudikazioaren zenbatekoak eta bajaren ehunekoa adierazita.
–Kontratistaren hautaketa efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz egin dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan aurreikusitako moduan.
–Kontratistak hautatzean, bete egin dela Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezarritakoa.
–Beste dirulaguntza edo laguntza batzuen zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa, laguntza horiek publikoak zein pribatuak izan, baldin eta deialdi honen xede diren jarduketa berak finantzatzeko erabili badira.
–Deialdi honen xede diren jarduketei dagozkien zeharkako zergak berreskuragarriak edo konpentsagarriak izaten diren edo ez.
Instrukzio-organoak aurkeztutako dokumentazioa zuzentzeko beharra jakinaraziko die hala dagokien entitate eskatzaileei. Haiek, zuzentzeko beharra jakinarazi eta biharamunetik aurrera, 7 egun naturaleko epea izanen dute eskatutako dokumentazioa aurkezteko.
Gastuaren justifikazio agiriak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, hain zuzen ere Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiko Proiektu eta Obren Zerbitzuari zuzenduak.
13.–Entitate onuradunen betebeharrak.
Dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Dirulaguntza ematea eragin duten proiektua eta jarduketak gauzatzea deialdi honetako oinarri arautzaileen eta baldintza eta betebehar formal eta materialen arabera, eta dirua zer helburutarako eman zen, hartarako baino ez erabiltzea.
b) Organo kudeatzaileak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelako organoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.
c) Jarduketa diruz lagungarriak 2026ko azaroaren 13an bukatu beharko dira, beranduenez.
d) Dirulaguntzaren xede diren jarduketak deialdi honetan ezarritako epean eta baldintzetan gauzatu beharko dira, aurkeztutako proiektu edo memoria teknikoaren arabera.
Onuradunak instrukzio-organoari jakinarazi beharko dio obrak gauzatu bitartean egon den edozein gertakizun, baldin eta horrek obraren edukia edo kostua aldatzea eragiten badu. Hala ere, instrukzio-organoari, aldaketa gauzatu aurretik onuradunak eskatuta, eta betiere arrazoi objektibo eta justifikatuak badaude, aldaketak baimentzen ahalko ditu, ekintza osagarriak edo gehigarriak jasotzen badituzte, baina diruz lagundutako jarduketen xedea edo irismena funtsean aldatu gabe.
Baloratutako proiektu edo memoria teknikoetan aurreikusitako partiden amaierako gauzatzearen kostua %10 baino gutxiago handitzea dakarren aldaketarako ez da aurretiazko baimenik beharko.
Moldaketa horrek ez du handituko, inolaz ere, hasiera batean onuradunari emandako dirulaguntzaren zenbatekoa.
e) Dirulaguntza ordaintzeko behar den dokumentazioa aurkeztea, deialdi honetako 9. oinarrian ezartzen den moduan.
f) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Proiektu eta Obren Zerbitzuari.
g) Diruz lagunduko diren jardueren finantzaketaren izaera publikoa behar bezala zabaltzea, bat etorriz oinarri arautzaileen 16. oinarrian ezarritakoarekin.
14.–Ez-betetzea.
14.1. Oinarri hauetan ezarritako betebeharrak betetzen ez badira, edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitako gainerako kausak gertatzen badira, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, dagokion zenbatekoa osorik edo zati batean itzuli beharko da, 35. artikulu horretan ezarritakoaren arabera.
14.2. Ez-betetzeak mailakatzeko irizpide hauek hartuko dira kontuan bereziki, eman beharreko dirulaguntza edo, hala badagokio, itzuli beharreko zenbatekoa zehazteko:
–Esku-hartzea noraino bete den, arlo teknikoari eta aurrekontuari dagokienez.
–Zenbat aldaketa egin diren, eta nolakoak, aurretik baimen administratiboa izan gabe.
–Agiriak epez kanpo aurkezteari dagozkion ez-betetzeak direnean.
14.3. Aurreko ataletan xedatutakoa gorabehera, arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan araututakoari jarraikiko zaio, edo, bestela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritakoari.
15.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
Oinarri arautzaile hauen arabera arautzen den dirulaguntza bateragarria da onuradunak jasotzen duen xede bereko beste edozein dirulaguntzarekin –beste administrazio publiko batzuek, entitate publiko edo pribatuek eta estatuko zein nazioarteko partikularrek emandakoak izan–, baldin eta ez badu diruz lagundutako jarduketa osoaren kostua gainditzen.
16.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Ematen diren dirulaguntzak www.nafarroa.eus web-orrian argitaratuko dira, ondoko datu hauek adierazita: deialdia, programa eta dirulaguntzak finantzatzeko aurrekontuko kreditua, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren helburua.
Era berean, diruz lagundutako entitateak dirulaguntzaren jatorria jakitera emateko betebeharra izanen du, diruz lagundutako proiektuen zabalkunde eta publizitate orotan, baita zerbitzua ematen den lokalean ere. Zabalkunde idatzian edo grafikoan Nafarroako Gobernuaren logotipoak agertu beharko du, dirulaguntza jasotzen duen entitatearenak duen tamaina berean eta ikusteko moduko baldintza beretan, Nafarroako Sinboloen otsailaren 27ko 4/2020 Foru Legeari jarraikiz.
17.–Errekurtsoak.
Oinarri arautzaile hauen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari jarraikiz.
Oinarri arautzaile hauek aplikatuz Herri-lanen eta Azpiegituren zuzendari nagusiak ematen dituen ebazpenen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lurralde Kohesiorako kontseilariri zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari jarraikiz. Errekurritutako egintza berariazkoa ez bada, noiznahi jartzen ahalko da gora jotzeko errekurtsoa, isiltasun administratiboaren ondorioak hasi eta biharamunetik aurrera.
18.–Obren titulartasuna.
Gauzatutako obren titulartasuna toki entitate bakoitzarena izanen da, eta haren ardura izanen da etorkizunean eginiko lanak behar bezala kontserbatzea eta mantentze-lanak egitea, bai eta hirugarrenei eragindako kalte-galerak ere, halakorik balego.
19.–Datuen tratamendua.
Deialdi honetan parte hartzeak berekin dakar Lurralde Kohesiorako Departamentuak entitate parte-hartzaileen datuak tratatzea; tratamenduaren ardura Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak izanen du.
Datuen tratamendua justifikatuta dago deialdiaren parte-hartzea kudeatu behar delako, eta dirulaguntza ematen denean, alderdien artean sortzen den harreman juridikoa kontrolatu eta gauzatu behar delako. Helburu hori interes publikoko edo ahal publikoko legitimazioa da, Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluan zehazten den moduan, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea da oinarri juridikoa.
Dirulaguntzen onuradun diren entitateen datu hauek tratatuko dira: identifikaziokoak, harremanetarakoak, bankukoak, profesionalak eta ekonomiko-finantzarioak, edo aipatu helbururako behar den beste edozein.
Entitate parte-hartzaileei buruzko datuak zein helburutarako bildu diren, halako helburua lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta helburu horren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko behar den denboran ere. Zehazki, gordetzeko aurreikusitako epea izanen da Nafarroako Gobernuaren agiriak gordetzeko indarreko egutegiak adierazten duena.
Interesdunek Lurralde Kohesiorako Departamentura joaz erabil dezakete datu pertsonaletan sartzeko eskubidea, bai eta haiek zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramatekoak ere. Konforme egon ezean, badago Nafarroako Gobernuaren Datuen Babeserako Ordezkaritzara jotzea, dpd@navarra.es helbidera idaztea edo Datuak Babesteko Espainiako Bulegora jotzea.
1.–AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA ETA ESKAERA INPRIMAKIA
1.1 ERANSKINA.–ESKAERAREKIN BATERA AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA
A) Agiri administratiboak.
a) Entitate eskatzailearen adostasuna, Proiektu eta Obren Zerbitzuak behar diren egiaztapenak egin ditzan organo eskudunetan, ziurtatzeko ezen eskatzaileak zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela, baita deialdia ebazteko beharrezkoa den beste edozein ere.
b) Toki entitatearen idazkaritzaren ziurtagiria, adierazten duena beste laguntza publiko edo pribaturik eskatu edo jaso den deialdi honen xedeko lanetarako, horren bitartez ziurta dadin aurreikusitako dirulaguntza guztien zenbatekoak ez duela gainditzen aurkeztutako proiektuaren kostu osoa, bat etorriz 1.3 eranskinarekin.
c) Esku-hartzea egin gogo den lursailaren titularrak baimena emana duela.
d) Jarduerarako behar diren gainerako baimen eta lizentzia guztiak lortu izanaren frogagiriak.
e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen erantzukizunpeko adierazpena, 1.4 eranskinaren araberakoa.
f) Toki entitateen idazkaritzaren ziurtagiria, baldin eta deialdian talde moduan sartu badira, 1.5 eranskinaren araberakoa.
g) Dirulaguntzaren xede diren kontzeptuen kostu zehatzak, kontzeptu horiek proiektuan, obra zuzendaritzan eta obra gauzatzean xehatuta, eta zenbateko horrek, guztira eta kontzeptuka, egin beharreko aurrekontuarekiko duen ehunekoa adierazita.
h) Toki entitate eskatzailearen legezko ordezkariak izenpetutako konpromisoa, adierazten duena esku-hartzean erabiliko duela diruz laguntzen ez den baina proiektua gauzatzeko beharrezkoa den aurrekontu zatia.
i) Funtsak behar izatearen ziurtagiria, aurreratutako ordainketa justifikatzeko.
B) Dokumentazio teknikoa
a) Esku hartzeko beharra justifikatzeko memoria edo ohar teknikoa, non jasoko baitira 2021eko urtarrilaren batetik aurrera izandako gertakari geologikoak, herritarrentzako arrisku geologikoa eragin dutenak eta esku-hartzearen xede direnak.
b) Proiektu bat izanez gero, aurkeztu beharko da, eta honako atal hauek izan beharko ditu:
–Memoria.
–Memoriaren eranskinak.
–Planoak.
–Plegua.
–Aurrekontua.
Teknikari eskudun bat ezarriko da obraren zuzendari fakultatibo gisa, hori gauzatu bitartean.
c) Aurkeztutako proposamenaren balorazioa, 2. eranskinean jasotako irizpideen arabera eginikoa, bai eta dokumentazioa, txostenak eta abar ere, ahalbidetzen dutenak esleitutako puntuazioa egiaztatzea.
C) Eskaera 7. oinarrian xedatutakoaren arabera baloratzeko behar den beste edozein dokumentazio.
1.2, 1.3, 1.4 ETA 1.5 ERANSKINAK.–INPRIMAKIAK ETA EREDUAK
1.2. ERANSKINA.–Eskaera inprimakia.
1.3. ERANSKINA.–Toki entitateko idazkaritzaren ziurtagiria, adierazten duena deialdi honen xedeko jarduketetarako beste laguntza publiko edo pribaturik eskatu edo jaso ote den ala ez.
1.4. ERANSKINA.–Dirulaguntzei buruzko foru legearen 13.2 artikuluko baldintzak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpenaren eredua.
1.5. ERANSKINA.–Harkaitz-ezpondak egonkortzeko jarduketak partekatzen dituzten toki entitateen idazkaritzaren ziurtagirirako eredua.
Eranskinak fitxan daude eskuragarri:
https://tramitespersonal.navarra.es/eu/tramites/on/-/line/subvenciones-a-las-entidades-locales-de-navarra-para-la-realizacion-de-obras-de-estabilizacion-y-establecimiento-de-medidas-correctoras-en-taludes-rocosos-ano-2026
2. ERANSKINA.–DIRULAGUNTZA EMATEKO ORDUAN ARRISKUA BALORATZEKO IRIZPIDEAK
Arriskua baloratzeko, aintzat hartuko dira kalteak eta zuzeneko kostuak, horiek baitira espazioan eta denboran egondako gertakariarekin zuzenean lotutakoak. Beraz, ez dira aintzat hartuko gertakariaren ondoriozko zeharkako kostuak.
Arriskua formula honen arabera ebaluatuko da:
Arriskua: A (Arriskugarritasuna) x B (Zaurgarritasuna) x C (Esposizioa)
A.–Arriskugarritasuna: Gertakari geologikoaren magnitudearen eta maiztasunaren araberakoa.
B.–Zaurgarritasuna: Egituretan edo herritarrengan esperotako kaltearen maila.
C.–Esposizioa: Mehatxu-eremuetan kokatutako elementuak.
A) Arriskugarritasunari lotutako koefizientea kalkulatzeko, magnitude hori bi terminotan oinarrituta kalkulatuko da: Suntsipenaren tamaina eta maiztasuna.
Suntsipenaren tamaina zehazteko, taula hau erabiliko da:
SUNTSIPENAREN TAMAINA | SUNTSITZEKO AHALMENA | ||
PERTSONAK | ERAIKINAK | AZPIEGITURAK | |
M1 | Pertsona bat zauritua gerta daiteke espazio irekian. | Egiturazkoak ez diren kalte txikiak baino ezin ditu eragin. | Kentzeko erraza den oztopoa da, eta bidean eraginiko kaltea minimoa da. Kalte puntuala eragin dezake zirkulatzen ari diren ibilgailu arinei. |
M2 | Pertsona bat zauritu eta hil daiteke espazio irekian. Pertsonak salbu daude eraikinen barnean. | Egiturazko kalte arinen bat eragin dezake, bai eta distortsio funtzionalen bat ere. | Bide batetik igarotzea oztopatzen ahal du aldi baterako, eta bidean kalte arinak eragin. Gogor jotzen ahal ditu zirkulatzen ari diren ibilgailu arinak. |
M3 | Eraikinaren barnean dauden pertsonak arriskuan daude. | Egiturazko kalte ertainak eragin ditzake, edo eraikin arin bat suntsitu. | Konpontzen ahal diren kalteak eragin ditzake azpiegituran, nahiz eta funtzionalitatea aldi baterako mugatu. Zirkulatzen ari diren ibilgailu arinak suntsitzen ahal ditu, eta kalteak eragin astunetan. |
M4 | Eraikinek ez diete babes eraginkorrik ematen okupatzaileei. | Egiturazko kalte larriak eragin ditzake hainbat eraikinetan, eta partzialki suntsitu ditzake. | Azpiegitura erabilezin utz dezaketen kalteak eragin ditzake, eta konponketa garestiak egitera behartu. Edozein motatako ibilgailuak suntsi ditzake. |
M5 | Bizirautea ausazko inguruabarren araberakoa da. | Intentsitate handiko kalteak eragin ditzake eraikitako eremuan, eta eraikuntza batzuk suntsitu. | Azpiegituraren tarte bat suntsi dezake, edo konpondu ezin diren kalteak eragin, eta horien ondorioz berreraikitzea edo trazadura berria egitea eskatu. |
Suntsipenaren tamainaren eskala: M1 = oso baxua; M2 = baxua; M3 = ertaina; M4 = altua; M5 = oso altua. | |||
Aurkeztutako proposamenaren arriskuaren balorazioa suntsipenaren tamainaren kategoria batean baino gehiagotan sartzea posible balitz, balio handienekoa hartuko da kontuan.
Suntsipenaren tamaina (M) zehaztu ondoren, maiztasuna zehaztuko da, honako taula honen bidez
MAIZTASUNA | FENOMENOAREN ERREPIKATZE-DENBORA (urteak) | BEHAKETA BIDEZKO HURBILKETA |
Altua | < 30 | Berria |
Ertaina | 30-100 | Zaharra |
Baxua | > 100 | Historia |
Arriskugarritasunaren balioa esleitzeko, aintzat hartuko da erantsitako taularen zenbakizko puntuazioa, aurretiaz adierazitako terminoen arabera.
ARRISKUGARRITASUNA | SUNTSIPENAREN TAMAINA | |||||
M1 | M2 | M3 | M4 | M5 | ||
Maiztasuna | Alta | Baxua (20) | Ertaina (40) | Ertaina (60) | Altua (80) | Altua (100) |
Ertaina | Baxua (15) | Baxua (35) | Ertaina (55) | Altua (75) | Altua (95) | |
Baxua | Baxua (5) | Baxua (25) | Ertaina (45) | Ertaina (65) | Altua (85) | |
B) Zaurgarritasuntzat hartuko da fenomeno batek eragindako egitura batean espero zitekeen kalte bat. Zaurgarritasun azterketarako, aintzat hartuko dira: eraikinen kokapen erlatiboa, eraikinen tipologia nagusia eta eraikinen kontserbazio egoera.
ZAURGARRITASUN MAILAK | |
Altua (31) | Elementuak mugimenduan ari den gorputzaren beheko partean edo barnean daude kokatuta, eraikinen tipologia eta kontserbazio egoera edozein dela ere. Mugimenduaren goiko alderako ere aplikatzekoa da, mugimendua erretrogresiboa bada. |
Mugimenduaren alboetan kokatutako elementuak, hondakin materialak dituen eraikuntza informalaren tipologia denean nagusi (%30 edo gehiago). | |
Mugimenduaren alboetan kokatutako eraikinen %30 edo gehiago egoera txarrean badaude, horien tipologia edozein dela ere. | |
Ertaina (21) | Elementuak eremu egonkorrean daude mugimenduaren alboetan, edo goiko aldean, mugimendua ez bada erretrogresiboa. Ez dago tipologia informalik. Eraikinak kontserbazio egoera arruntean daude. |
Baxua (11) | Elementuak eremu egonkorrean daude masako mugimenduaren alboetan, edo goiko aldean, mugimendua ez bada erretrogresiboa. Ez dago tipologia informalik. Eraikinak kontserbazio egoera onean daude. |
C) Esposizioa: arrisku baten ondorioz kalterik pairatzeko aukerak dituzten pertsona, etxebizitza, industria nabe, ibilgailu eta zerbitzu multzoa. Baloratzeko, ondorengo taula aplikatzen da, non puntuak kategoria bakoitzeko pisu bereiziaren arabera ematen baitira, honela:
- 11 puntu esposizioan dagoen pertsona bakoitzeko.
- 7 puntu esposizioan dagoen etxebizitza bakoitzeko.
- 5 puntu esposizioan dagoen nabe edo higiezin (etxebizitza ez dena) bakoitzeko.
- 3 puntu esposizioan dagoen zerbitzu, azpiegitura edo zuzkidura ekipamendu bakoitzeko.
- 1 puntu esposizioan dagoen ibilgailu bakoitzeko.
Esposizioan egon direla joko da, ondoren behar bezala zenbatzeko, diruz lagundutako obran edo proiektuan barne hartutako ezponden kolapsoa (lur-jausiak, lur-irristatzeak, materialak erortzea, etab.) egonez gero kalteak pairatu dituzten elementuak bakarrik, aurretik aipatutako guztien artean.
Kategoria bakoitzean kalteak jasan dituzten elementuak zenbatu ondoren, arriskua kalkulatzeko esposizioari lotutako koefizientea hartuko da kontuan, erantsitako taulak ezarritako balio handiena, hain zuzen ere.
KOPURUA | PERTSONAK | ETXEBIZITZAK | NABEAK | ZERBITZUAK | IBILGAILUAK |
1 | 11 | 7 | 5 | 3 | 1 |
2 | 22 | 14 | 10 | 6 | 2 |
3 | 33 | 21 | 15 | 9 | 3 |
4 | 44 | 28 | 20 | 12 | 4 |
5 | 55 | 35 | 25 | 15 | 5 |
6 | 66 | 42 | 30 | 18 | 6 |
7 | 77 | 49 | 35 | 21 | 7 |
8 | 88 | 56 | 40 | 24 | 8 |
9 | 99 | 63 | 45 | 27 | 9 |
10 | 110 | 70 | 50 | 30 | 10 |
11 | 121 | 77 | 55 | 33 | 11 |
12 | 132 | 84 | 60 | 36 | 12 |
13 | 143 | 91 | 65 | 39 | 13 |
14 | 154 | 98 | 70 | 42 | 14 |
15 | 165 | 105 | 75 | 45 | 15 |
16 | 176 | 112 | 80 | 48 | 16 |
17 | 187 | 119 | 85 | 51 | 17 |
18 | 198 | 126 | 90 | 54 | 18 |
19 | 209 | 133 | 95 | 57 | 19 |
20 | 220 | 140 | 100 | 60 | 20 |
21 | 231 | 147 | 105 | 63 | 21 |
22 | 242 | 154 | 110 | 66 | 22 |
23 | 253 | 161 | 115 | 69 | 23 |
24 | 264 | 168 | 120 | 72 | 24 |
25 | 275 | 175 | 125 | 75 | 25 |
Iragarkiaren kodea: F2608682
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
