131. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

130E/2026 FORU AGINDUA, ekainaren 23koa, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita Uharte Arakilgo esku-hartze orokorreko proiektu baten indarraldia luzatzea (PIG 48).

Irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuak, Nafarroan etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituenak, VI. kapituluko 4. atalean, esku-hartze orokorreko proiektuak arautzen ditu, bizitegi multzoak berroneratzeko xedea dutenak.

Proiektu horien helburua da hiri finkatuko atari, etxe-sail edo eremu batzuk birgaitzea, modu koordinatuan eta aurretik programatuta, eta horrela atari bakar baten esparrua gainditzea. Horrekin bilatzen da eskalako ekonomiak lortzea, bai ikuspuntu ekonomikotik (lizitazio bateratuak egiteko aukera, kudeaketa gastu txikiagoak), bai administratibotik (espediente bateratuak aurkezteko aukera, tramitazio azkarragoa), eta, aldi berean, eraikuntzako eta arkitekturako konponbide homogeneoagoak eskaini ahal izatea (tratamenduari, kalitateari eta akaberei dagokienez) hiri-bilbean harreman estua duten etxe-sail edo eremuetan.

Aurrekoarekin bat etorriz, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariaren uztailaren 4ko 35/2022 Foru Aginduaren bidez, esku-hartze orokorreko proiektu bat onetsi zen (PIG 48) Uharte Arakilgo Itxesi kaleko 1, 3, 5, 7, 9, 11, 13, 15, 17, 19, 21, 23, 25 eta 27 zenbakietako jabeen erkidegoetarako.

Foru agindu hori 2022ko 150. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 28koan. Foru aginduaren lehenengo atalak ezartzen zuen jabeen erkidegoek jarduketa babesgarriaren behin-behineko kalifikazioa eskatu behar zutela lau urteko epean, foru aginduaren datatik hasita, eta epe hori beste lau urtez luzatzeko aukera aurreikusten zen.

Uharte Arakilgo Udalak luzapen hori eskatu du, beste 4 urtez, eta eremu horretako etxebizitzak udalaren birgaitze politikaren lehentasunezko xede direla adierazi du.

Etxebizitzak birgaitzea Nafarroako Gobernuaren helburu nagusia ere bada, 2018-2028 aldirako Etxebizitza Planak jasotzen duen bezala, eta are gehiago esku-hartze orokorreko proiektu baten barruan sartutako etxebizitzei buruz ari garela. Beraz, aurkeztu den eskaera baiesten ahal da, eta beste 4 urtez luzatuko da esku-hartze orokorreko proiektuaren indarraldia.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Esku-hartze orokorreko 49. proiektua beste lau urtez luza dadila onestea. Proiektu horretan Uharte Arakilgo 14 jabeen erkidego daude sartuak, honako hauek: –Itxesi kaleko 1, 3, 5, 7, 9, 11, 13, 15, 17, 19, 21, 23, 25 eta 27 zenbakiak.

Ondorioak erabatekoak izan daitezen, beharrezkoa izanen da proiektuak aurkeztea dagokion birgaitze bulegoan, eta jabeen erkidegoek eskatzea (eta lortzea) proiektu horiek behin-behinean kalifika daitezela birgaitze jarduketa babestu gisa. Behin-behineko kalifikazioaren eskaera foru agindu honen datatik hasi eta lau urteko epean egin beharko da.

2. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen. Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

3. Foru agindu hau igortzea Uharte Arakilgo Udalari, ukitutako jabeen erkidegoei, Etxebizitzako zuzendari nagusiari, Etxebizitza Zerbitzuari eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita etxebizitzaren arloko argibideak ematen dituen webgunean ere (www.etxebizitza.nafarroa.eus), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2026ko ekainaren 23an.–Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilaria, Begoña Alfaro García.

Iragarkiaren kodea: F2609131