1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
297E/2026 FORU AGINDUA, ekainaren 17koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Farmazia Batzorde Zentrala sortzen duen Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 11ko 42/2016 Foru Agindua.
Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 11ko 42/2016 Foru Aginduaren bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Farmazia Batzorde Zentrala sortu eta haren osaera ezarri zen. Foru agindu hori Osasuneko kontseilariaren azaroaren 13ko 656E/2017 Foru Aginduaren bidez eta Osasuneko kontseilariaren abuztuaren 7ko 311E/2018 Foru Aginduaren bidez aldatua izan da.
Azken aldaketa egin zenetik, zenbait antolamendu-aldaketa izan dira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan, eta, hori dela eta, gomendagarria da 42/2016 Foru Aginduaren 3. artikulua aldatzea, egungo egoerarekin bat etor dadin. Urriaren 30eko 270/2019 Foru Dekretuaren bidez, Medikamentuaren gaineko Aholkularitza eta Informaziorako Zerbitzuak bere gain hartu ditu Ebaluazioaren, Botiketarako Aholkuen eta Ikerketaren Atalaren eginkizunak, atal hori iraungi baita. Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 27ko 160E/2024 Foru Aginduaren bidez, Berrikuntza eta Antolaketa Atala Osasun Laguntzaren Eraginkortasun eta Segurtasunerako Zerbitzuari atxiki zaio, Osasun Laguntza Integraturako Zuzendariordetzaren mende. Horri dagokionez, Eriari Osasun Laguntza emateko zuzendariak eta Farmazia eta Prestazioen zuzendariordeak proposatu dute 42/2016 Foru Agindua egungo egoerara egokitzea. Testuko zenbait punturen idazketa ere zuzendu da, hizkuntza barne-hartzailea erabiltzeko.
Horrenbestez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuak onesten dituen irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuan eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legean emandako ahalmenez baliatuz,
AGINTZEN DUT:
Lehen artikulua.–Osasuneko kontseilariak maiatzaren 11n emandako 42/2016 Foru Aginduaren aldaketa. Foru agindu horren bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Farmazia Batzorde Zentrala sortu zen.
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Farmazia Batzorde Zentrala sortzen duen Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 11ko 42/2016 Foru Aginduaren 3. artikulua aldatzen da. Aurrerantzean, testu hau izanen du:
"3. artikulua. Osaera.
1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Farmazia eta Prestazioen Zuzendariordetzaren titularra izanen da batzordeburua.
2. Honako hauek izanen dira batzordekideak:
a) Farmaziako Prestazioaren Kudeaketarako Zerbitzuaren titularra.
b) Medikamentuaren gaineko Aholkularitza eta Informaziorako Zerbitzuaren titularra, zeinak batzordeko idazkari lanak bere gain hartuko baititu.
c) Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Farmazia Zerbitzuaren titularra.
d) Tuterako Reina Sofia ospitaleko Farmazia Zerbitzuaren titularra.
e) Lizarrako García Orcoyen ospitaleko Farmazia Zerbitzuaren titularra.
f) Osasun Mentaleko Kudeatzailetzako Farmazia eta Dietetika Atalaren titularra.
g) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzaren titularra.
h) Arloko sei fakultatibo espezialista, ospitaleko zerbitzu klinikoak ordezkatuz: lau Nafarroako Ospitale Unibertsitariokoak, bat Lizarrako Barrutikoa eta bat Tuterako Barrutikoa.
i) Oinarrizko osasun laguntzako talde bateko fakultatibo bat.
j) Osasun Mentalaren Sareko fakultatibo bat.
k) Osasun Laguntza Integraturako Zuzendariordetzako fakultatibo bat.
3. h), i), j) eta k) letretan adierazitako pertsonak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak izendatuko ditu, eremu bakoitzeko kudeatzaileek proposatuta, edo, k) letraren kasuan, Eriari Osasun Laguntza emateko zuzendariak proposatuta".
Xedapen indargabetzaile bakarra.–Indargabetutako arauak.
Indargabetzen dira foru agindu honen aurkakoak diren maila bereko edo beheragoko arau guztiak.
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2026ko ekainaren 17an.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.
Iragarkiaren kodea: F2608784