1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
91E/2026 EBAZPENA, ekainaren 5ekoa, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroan laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko ikerketa sarietarako deialdia egiten duena.
Zientziari eta Teknologiari buruzko Foru Legeak hitzaurrean jasotzen duenez, Nafarroak aurrera egin dezan funtsezkoa da ikerketa, garapena eta berrikuntza (I+G+B) sortzea, zabaltzea eta aplikatzea hainbat arlotan. I+G+Bk oparotasuna areagotzen du, bizi-kalitatea hobetzen du eta konponbide sortzaileak ekartzen ditu gure gizarteak dituen desafio nagusietarako. Nafarroako gizarteak egun aurrez aurre duen desafio horietako bat da lan esparruko segurtasuna eta osasuna.
2025eko urtarriletik abendura arteko istripu-tasari buruzko datu estatistikoek, Laneko eta Ekonomia Sozialeko Ministerioak argitaratu duen aurrerapenaren arabera, erakusten dute Nafarroa Estatuko batezbestekoaren gainetik dagoela intzidentzia-indizeari dagokionez (baja eragin duten istripuen kopurua, arriskuaren eraginpean dauden ehun mila langileko). Izan ere, Nafarroak 3655,3ko tasa du, eta Estatuko batezbestekoa 2647,5ekoa da. Hala, Nafarroa da baja eragin duten lan-istripuen intzidentzia handiena duen bigarren autonomia erkidegoa.
Halaber, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak argitaratu dituen Nafarroako laneko istripu-tasaren 2025eko datuen arabera, mila langileko lan-istripuen intzidentzia-tasa (2025eko urtarrila/abendua aldian metatua) zertxobait jaitsi da (2024an 40,7koa zen, eta 2025ean 40,5ekoa), eta eraikuntza da intzidentzia handiena duen sektore ekonomikoa (67,2), eta horren ondoren industria (55,2) eta nekazaritza (45,1).
2025. urtean, 14 pertsona hil ziren lan-istripu baten ondorioz Nafarroako Foru Komunitatean; aurreko urtean, hots, zoritxarreko 2024. urtean, 22 hil ziren (azken 20 urteetako txarrena izan zen).
Laneko arriskuen prebentzioaren arloan eta laneko osasunaren eta segurtasunaren arloan ikerketa zientifikoa eta berrikuntza teknologikoaren garapena (I+G+B) sustatzeko asmoz, deialdi bat egiten da laneko segurtasunaren eta osasunaren arloa ikertzen duten lanak saritzeko: batetik, Nafarroako unibertsitateetako batean –edo Nafarroako pertsona batek beste unibertsitate batean– gradu eta master amaierako lanik onenak, eta, bestetik, Nafarroako I+G+B Sistemako (SINAI) eragileek egindako proiektu edo artikulu berritzaileena.
Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak,
EBAZTEN DUT:
1. Nafarroan laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko ikerketa sariak emateko deialdia onestea, bi modalitate hauetarako:
a) Unibertsitate ikasketen amaierako lanik onenetarako saria.
b) Nafarroako I+G+B Sistemako (SINAI) eragileek landutako proiektu edo artikulu berritzaileenerako saria.
2. Dirulaguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.
3. 8.000 euroko kreditua baimentzea 2026ko gastuen aurrekontuko "Laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko 2026ko ikerketa sariak" izeneko G20001-G2100-2268-467303: (E) partidaren kargura.
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Iruñean, 2026ko ekainaren 5ean.–Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusia, Rosario Martínez Ortigosa.
ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Xedea eta helburua.
Sari hauen helburua da sustatzea ikerketa zientifikoa eta berrikuntza teknologikoaren garapena (I+G+B) laneko arriskuen prebentzioaren arloan eta laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan. Horretarako, lanik onenak sarituko dira, bi modalitate hauetan:
a) Laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan egin diren unibertsitate ikasketen amaierako lanik onenetarako saria, bi kategoria hauetan: gradu amaierako lana (GrAL) eta master amaierako lana (MAL).
b) Laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan, Nafarroako I+G+B Sistemako (SINAI) eragileek landu duten proiektu edo artikulu berritzaileenerako saria.
2. oinarria.–Xedeko pertsonak eta entitateak.
1. Unibertsitate amaierako lanik onenen sariketan parte hartu nahi dutenek laneko segurtasunaren arloa ikertzen duen unibertsitate ikasketen amaierako lan bat egina izan beharko dute –gradu amaierakoa (GrAL) edo master amaierakoa (MAL)–, Nafarroako unibertsitateetako batean 2025-2026 ikasturtean defendatua. Parte hartzen ahalko dute, orobat, gutxienez 2025eko urtarrilaren 1etik Nafarroan erroldaturik egon eta bertan bizi direnek, baldin eta bertan erroldaturik eta bizitzen segitzen badute eskaera aurkezten duten unean eta beren lana aurkeztu eta defendatu badute Nafarroatik kanpoko unibertsitate batean.
2. Parte hartu nahi izanez gero Nafarroako I+G+B Sistemako (SINAI) eragileek landutako proiektu edo artikulu berritzaileenerako sariketan, beharrezkoa izanen da eragilea, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean, honako kategoria hauetako batean akreditaturik egotea: unibertsitatea, ikerketa zentroa, zentro teknologikoa, enpresen I+G+B unitatea, osasun ikerketako institutua edo entitate berezia.
3. Deialdian parte hartzeak berekin dakar oinarriok onartzea eta men egitea epaimahaiaren erabakiei eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren erabakiei.
3. oinarria.–Aurkezten diren lanek bete beharreko baldintzak.
1. Unibertsitate ikasketen amaierako lanen sariketara aurkezten diren lanek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Laneko osasunaren eta segurtasunaren gainekoak izatea.
b) Gradu amaierako lan bati (GrAL) edo master amaierako lan bati (MAL) eskatzen zaizkion baldintza guztiak betetzea, eta dagokion ebaluazioa gainditu izana kasuan kasuko fakultate edo ikastegian.
c) Gutxienez 8 puntu jaso izana, 10etik.
d) 2025-2026 ikasturtean aurkeztua eta defendatua izatea.
e) Saririk eskuratu ez izana beste GrAL eta MAL sariketa batean.
2. Lan edo artikulu bat aurkeztu nahi izanez gero Nafarroako I+G+B Sistemako (SINAI) eragileek landutako proiektu edo artikulu berritzaileenerako sariketan, honako baldintza hauek bete beharko dira:
a) Laneko osasunaren eta segurtasunaren gainekoa izatea.
b) Ikerketa proiektuen kasuan, 2025. edo 2026. urtean amaituak izatea, eta aurkeztu ez izana Nafarroan laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko sarien aurreko deialdi batean.
c) Artikulu zientifikoen kasuan, 2025. edo 2026. urtean argitaratuak izatea, eta aurkeztu ez izana Nafarroan laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko sarien aurreko deialdi batean.
4. oinarria.–Eskaerak aurkeztea eta beharrezkoa den dokumentazioa.
1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2026ko urriaren 5ean bukatuko da, egun hori barne.
2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa baliatuta (hemendik aurrera, laguntzaren fitxa).
Eskaera aurkeztean, markatu beharko da erantzuna bitarte elektronikoen bitartez jasotzeko laukitxoa.
3. Agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Eskabide telematikoa.
b) GrALaren, MALaren, ikerketa proiektuaren edo artikuluaren kopia.
Horrez gain, parte hartu nahi izanez gero unibertsitate ikasketen amaierako lanen sariketan, honako hauek aurkeztu beharko dira:
a) Lortutako kalifikazioaren frogagiria.
b) Erantzukizunpeko adierazpena, laguntzaren fitxako ereduaren araberakoa, aditzera emateko aurkeztutako lana bere horretan ebaluatu zuela dagokion unibertsitateak, eta ez duela saririk jaso beste inongo sariketatan.
c) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera (TOE).
d) Lana aurkeztu eta defendatu bada Nafarroatik kanpo dagoen unibertsitate batean, 2025eko erroldatze- eta bizikidetza-ziurtagiria aurkeztu beharko da, udalak emana.
4. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu betetzen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak, organo eskudunak zuzendu ditzala eskatuko dio entitate edo pertsona interesdunari, 10 egun balioduneko epean, eta ohartaraziko dio hala egin ezean ulertuko dela eskaera bertan behera utzi duela.
5. oinarria.–Balorazio irizpideak.
Balorazioa irizpide hauen arabera eginen da:
BALORAZIO IRIZPIDEAK | GEHIENEKO PUNTUAZIOA |
1) Kalitate zientifikoa eta teknikoa | 40 |
1.1. Helburuak eta metodologia | 15 |
1.2. Zorroztasuna informazio-iturrien erabileran | 15 |
1.3. Estiloaren zuzentasuna | 10 |
2) Aztergaiaren garrantzia | 60 |
2.1. Jorratutako gaiaren originaltasuna | 20 |
2.2. Aplikazio eremua | 20 |
2.3. Inplikazio praktikoak | 20 |
GUZTIRA | 100 |
1) Kalitate zientifikoa eta teknikoa. 40 puntu gehienez. Alderdi hauek baloratuko dira:
1.1. Helburuak eta metodologia: baloratuko da helburuak argi eta zehatz definitzea eta proposatutako metodologia egokia izatea helburu horiek lortzeko. 15 puntu gehienez.
1.2. Zorroztasuna informazio-iturrien erabileran. Baloratuko da bibliografia- eta dokumentazio-iturri zabalak eta egokiak baliatzea eta datuak egoki tratatzea. 15 puntu gehienez
1.3. Estiloaren zuzentasuna. Baloratuko da lanaren adierazpidea, idazkera eta aurkezpena argiak izatea. 10 puntu gehienez.
2) Aztergai den gaiaren garrantzia (laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko ikerketarako). 60 puntu gehienez. Alderdi hauek baloratuko dira:
2.1. Landutako gaiaren originaltasuna: baloratuko da gaiaren edukiak eta ikuspegiak laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko ikerketan aurrera egiteko dakarten berritasuna. 20 puntu gehienez.
2.2. Aplikazio eremua: baloratuko da gaiak duen irismena laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko ikerketan. 20 puntu gehienez.
2.3. Inplikazio praktikoak: baloratuko da lanak ikerkuntzari egiten dion ekarpena, laneko segurtasun- eta osasun-baldintzak hobetzeari dagokionez, eta, orobat, baloratuko da proposamen zehatzak formulatzea, prebentzioan inplikatutako eragile eta enpresek kontuan hartzeko modukoak. 20 puntu gehienez.
6. oinarria.–Epaimahaia.
1. Sariketaren epaitza epaimahai batek emanen du. Epaimahai horretako burua I+G+B Zerbitzuko Berrikuntza Digitalaren Poloaren Ataleko burua izanen da, eta I+G+B Zerbitzuko bi teknikari, epaimahaikideak.
2. Epaimahaiak ebaluatuko ditu aurkeztutako lanak, eta organo eskudunari proposatuko dio sariak nori eman. Saria emateko epaimahaiaren proposamena loteslea da, eta saria ematearen justifikazioa haren akta izanen da.
3. Unibertsitate ikasketen amaierako lanak baloratzeko, epaimahaiak Nafarroan kokatuta dauden unibertsitateen aholkua eta laguntza jaso dezake (Nafarroako Unibertsitate Publikoarena, Nafarroako Unibertsitatearena eta Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalarena).
7. oinarria.–Sariak.
1. Honako sari hauek emanen dira unibertsitate ikasketen amaierako lanen modalitatean:
a) Gradu amaierako lana (GrAL):
–GrAL saria, 1.000 euro.
–GrAL accesita, 500 euro.
b) Master amaierako lana (MAL):
–MAL saria, 1.000 euro.
–MAL accesita, 500 euro.
2. Honako sari hauek emanen dira proiektu edo artikulu berritzaileenaren modalitatean:
a) Proiektu berritzaileena:
–Saria, 1.500 euro.
–Accesita, 1.000 euro.
b) Artikulu berritzaileena:
–Saria, 1.500 euro.
–Accesita, 1.000 euro.
3. Epaimahaiak eman gabe utz ditzake sariak, aurkeztutako lanek ez badute behar besteko kalitaterik.
8. oinarria.–Sariak emateko ebazpena eta ordainketa.
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusia izanen da sariak nori eman ebazteko organo eskuduna. Ebazpena emateko eta jakinarazteko epea bi hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita.
Ebazpena elektronikoki jakinaraziko da, gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez. Jakinarazpen horretara sartzeko, eskatzaileak identifikatzeko sistema elektronikoren bat eduki beharko du, hala nola Cl@ve, NAN elektronikoa edo ziurtagiri digitala.
Ebazpen horretan berean ordainduko zaie saridunei eskuratutako sariaren zenbatekoa.
Epe horretan berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa paratzea, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legediari jarraikiz.
9. oinarria.–Jabetza intelektuala.
Egileek aurkezten duten lan bakoitzaren eskubideak atxikiko dituzte. Nolanahi ere, erabiltzeko baimena emanen dute, argitaratu eta zabal daitezen, lehiaketa honen ideiak eta balioak sustatzearren.
10. oinarria.–Datuen babesa.
Bat etorriz Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin, aditzera ematen da ezen eskaera bidaltzearekin eskuratuko diren datu pertsonalak honako helburu honekin tratatuko direla: Nafarroan laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan egindako unibertsitate ikasketen amaierako lanik onenetarako dirulaguntzak emateko, kudeatzeko eta kontrolatzeko. Halaber, honako hau jakinarazten da:
–Tratamenduaren arduraduna: Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentua.
–Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren mesederako egindako misio bat betetzeko, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1e) artikuluaren bidez emandako ahal publikoak betez.
–Hartzaileak: ez zaizkie datuak hirugarrenei lagako, ez bada horretarako baimena eman dutela edo araudiak hartarako gaitasuna ematen duela.
Tratatzeko bildu diren datu pertsonalei dagokienez, parte-hartzaileek eskubidea dute datuetan sartzeko, haiek zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko. Horretarako, idatzizko eskaera egin behar zaio datuak tratatzeko arduradunari, helbide honetara:
https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/datu-pertsonalak-babesteko-eskubideak-baliatzea
Iragarkiaren kodea: F2608221